Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2013ko abenduaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
5525

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 4koa, Euskadiko Prezioen Batzordearena, Transportes Urbanos de Vitoria, S.A.k 2014. urterako aurkeztutako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifak onartzeko dena.

2013ko abenduaren 4ko bileran, Euskadiko Prezioen Batzordeak erabaki bat hartu zuen, eta, jende guztia jakinaren gainean egoteko, segidan argitaratzen da haren xedapen-zatia.

ERABAKIA

Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan sartu da Transportes Urbanos de Vitoria, S.A.k 2014. urterako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifak berrikusteko aurkeztutako eskaria.

Hiri barruko bidaiari-garraioari dagozkion tarifak prezioak kontrolatzeko arautegia bete behar dute, «autonomia-erkidegoaren eremuko prezio baimenduak» modalitatean, hala baitago ezarrita Zerga arloko presako neurriei buruzko eta jarduera ekonomikoa sustatu eta liberalizatzeko ekainaren 7ko 7/1996 Errege Lege Dekretuaren 16.4 artikuluan (ekainaren 8ko BOE, 139. zk.).

Eskumen hori Euskadiko Prezioen Batzordeak du, hala xedatuta baitago, batetik, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuan (otsailaren 16ko EHAA, 31. zenbakia), eta bestetik, Baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteko prozedurari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2010eko ekainaren 15eko Aginduan (uztailaren 6ko EHAA, 128. zenbakia).

2010eko ekainaren 15eko Aginduaren 9.1 artikuluan xedatzen denez, tarifen indarraldia, gutxienez, urtebetekoa izango da. Baina bigarren paragrafoak honela dio: «Hala ere, espedientean egiaztatutako gorabehera bereziak sortzen badira, Euskadiko Prezioen Batzordeak berrikusi ahal izango ditu, ofizioz edo alderdi interesdunak eskatuta, nahiz eta 1. idatzi-zatian ezartzen den epea agortu ez».

Aipatutako arauen helburua halako oreka ekonomiko bat lortzea da, baina prezioak bizi-kostuari dagokionez sortzen dituzten tresnak zaindu beharrarekin ere justifikatuta daude.

2014. urterako aurkeztu diren tarifak berrikusteko espedientea aztertu ondoren, tarifak nahikotzat jotzen dira eta zerbitzua emateagatiko kostuen egituraren barruan sartzen diren kontzeptuetara egokiturik daudela uste da.

Hori dela eta, Euskadiko Prezioen Batzordeak honako hau erabaki du:

Lehenengoa.– Transportes Urbanos de Vitoria, S.A.k 2014. urterako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifen aldeko baimena ematea, ondoren zehazten diren kontzeptu eta zenbatekoen arabera, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Bidarien Derrigorrezko Asegurua barne direla:

(Ikus .PDF)

1.– Titulu orokorraren barruan, lehenengo ibilaldia bukatu eta 50 minutuko epean autobus-aldaketa egiteko eskubidea sartuta dago. Zerbitzu hori doan izango da hiri barruko autobus-garraio kolektiboaren sareko lineen artean, bai eta tranbiaren lineetara aldaketa egiteko ere; horrela, bi moduetan, bi ibilaldiren prezio pilatua titulu orokorreko prezioen baturaren % 55 izango da. Beste tituluek –Bonobux izan ezik– ez dute autobus-aldaketa egiteko eskubidea jasotzen.

2.– Hilabeteko 30E bonuak balio du 30 egunetan jarraian garraio-publikoaren eguneko sarean egiten diren bidaietarako. Ez du balio gaueko Gautxori zerbitzurako, ezta Andra Mari Zuriaren festetan erakustazokara hurbiltzen den zerbitzurako ere, ez eta kultura edo kirol-ekitaldietara joateko erabiltzen diren ez ohiko zerbitzuetarako ere.

3.– Dirutan ordaintzeko diren billeteak 0,05 euroren multiploak izan daitezen biribildu dira, gutxiago itxaron beharra izan dadin; izan ere, biribiltzerik egiten ez bada, 0,01 eta 0,02 euroko txanponak beharko dira (puntako orduetan, ordaintzeko moduak eragina du maiztasunean, puntualtasunean eta merkataritza-abiaduran).

4.– Familia ugariko edo familia ugari bereziko karneta duten bidaiariek % 20tik % 50era bitarteko legezko beherapenak izango dituzte, titulu guztietako tarifetan. Dirutan ordaintzeko billeteen prezioak beherantz biribildu dira, 0,05 euroren multiploak izan daitezen. Gainerako erabiltzaileentzat billetearen prezioa gorantz biribildu bada, familia ugarientzako kalkulua biribildu baino lehenagoko prezioaren gainean egingo da (puntako orduetan, ordaintzeko moduak eragina du maiztasunean, puntualtasunean eta merkataritza-abiaduran).

5.– Udalaren Garraio Txartelaren onuradunek Vitoria-Gasteizko Udalaren Gizartegintza Zerbitzuaren arautegiaren baldintzak bete beharko dituzte.

6.– Erabiltzaileei Ondorio Askotariko Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) baino 2,5 aldiz diru-sarrera txikiagoak izatea eskatuko zaie, 65 urtetik gorakoen eta % 66ko desgaitasuna edo hortik gorakoen eta % 30etik gorako baina % 66tik beherako desgaitasuna dutenen tituluak erabiltzeko eskubidea ematen duten karnetak eskuratu edo berritzeko.

7.– Bonobux titulua egitasmo pilotu bati dagokio, udalerriko herri txikiagoak Vitoria-Gasteizko hiriarekin komunikatzen dituena. Bidaiako autobus-aldaketa bat ahalbideratzen du, eta 10 unitateko bono bat lortzea eskatzen du; Bonobux-en kasuan ez dago txartel arruntik

Bigarrena.– Agindu honek 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salari, hilabete biko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 4a.

Euskadiko Prezioen Batzordeko lehendakaria,

JOSÉ M.ª BARRUTIA LEGARRETA.


Azterketa dokumentala