Gilen Orange-Nassaukoa

(Goibela)Holandako gobernaria (Dillenburg, Nassau, 1533 - Delft, 1584). Karlos V.aren zerbitzuan aritu zen. 1561ean, Filipe II.ari bizkar eman eta Herbeheretako oposizioko buru jarri zen. Absolutismo espainiarrari jazarri zitzaion, politikan erlijioan baino areago. Berez katolikoa zen, baina protestanteei hurbildu zitzaien. Bake bideak erabiltzen saiatu zen (Nobleen hitzarmena, 1566). Baina protestantismoaren hedadurak eta iraultza ikonoklastek espainiarren zapalkuntza areagotu zuten: Albako dukeak milaka hilketa agindu zituen. Printze protestanteen eta enperadorearen laguntza erakartzen saiatu zen Gilen. 1572an, Holanda eta Zeelanda matxinatu ziren Geux-en eraginez. Gerra luzea eta gorabehera askokoa izan zen, eta Gilenek Leiden bereizi ahal izan zuen. Requesens hiltzean, Austriako Don Joanek ezin erakarri izan zuen Gilen, kalbinista egin baitzen, eta Ganteko Bakea izenpetu behar izan zuen (1576). Alessandro Farnesek garaipen militarrak lortu bazituen ere, Arrasko Batasunak Iparraren eta Hegoaren arteko haustura ekarri zuen Utrechteko Batasunaren bidez (1579). Probintzia Bateratuak sortu ziren, eta Espainiarekiko haustura gertatu zen (1581). Hil egin zuten.