PIT 2006-2009 ITP: ITP berri Baten Beharra

Plan de Informática y Telecomunicaciones 2006-2009 Informatika eta Telekomunikazio Plana

ITP berri baten beharra

 

Informatikaren eta Telekomunikazioen arloan Eusko Jaurlaritzak eta bere Sail eta Erakunde Autonomoek erabiliko dituzten estrategia-ildoak eta gakoak zehaztea du helburu 2006-2009 ITPk. Horregatik, bere erakunde eta Sail guztietatik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko herritar eta enpresei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzearen eta zabaltzearen aldeko apustua berretsi behar du, garapena eta ongizatea lortzen ahaleginduz. Nahitaezkoa da aurreko ITPk hasitako lan-ildoetan sakontzea sistemen integrazioari eta Administrazio Elektronikoaren eredu berriaren hedapenari dagokienez, baina oraingo aldian diren premia eta kezka berriak identifikatuz.

 

Administrazio eta Gobernu Elektronikorako Plan Estrategikoan (AGEPE) eta Informazioaren Gizarterako 2002-2005 Euskadi Planean (estatuaren markoan Avanza eta Moderniza planetan txertatzen dena) zehaztutako jomugekin bat etorriz, Informazio eta Komunikazio Teknologiak ezartzetik datozen alderdi anitzek ITP hau Eusko Jaurlaritzaren gainerako plangintzekin batera egin dadila eskatzen dute. Horrez gain, ITP berriaren planteamenduak berekin dakartza Europar Batasunak horri dagokionez diseinatu dituen ildoak eta orientabideak. Hala bada, Lisboako Estrategia abian jartzeko Europako Erakundeek hartu dituzten neurriei eta hitzarmenei zuzen-zuzenki lotzen zaizkie Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dituen hazkundea eta ongizatea. Horretarako, Europako Batzordeak estrategia-marko berria proposatu du, "i2010 ekimena" deritzona, "hazkundea eta enplegua sustatzeko informazioaren gizarte europearra" aipatzen duena. Ekimen honek ekonomia digitala, irekia eta lehiakorra bultzatzen du eta Informazio eta Komunikazio Teknologiaren garrantzia nabarmentzen du. Batzordearen ekimen honen ondoren ministro-deklarazioa egin zen, Administrazio Elektronikoari buruz Manchesterren egindako Konferentzian hartutakoa, 2005eko azaroaren 24 eta 25ean, arlo honetan Europar Batasunaren lehentasunak zehaztu zituena.

 

Proposamenetan, besteak beste, zerbitzu publikoak hobetzearen alde egiten da, pertsonen bizi-kalitate maila jasoko duten administrazio publiko eraginkorrak eta berritzaileak lortze aldera. Horretarako, arestian aipatutako i2010 estrategia-markoaren barruan, Administrazio Elektronikoa ezartzeko eta teknologia berrietan oinarritutako zerbitzu publikoei buruzko jarraibide estrategikoak zehazteko Ekintza Plana egitea erabaki zen.

 

Ekintza Plan honek 2006ko apirilean hitzartu zen. Europako Administrazio Elektronikoaren ildo nagusiak azaltzen ditu eta foku-puntuak aurkezten ditu programak, ekimenak eta arlo honetan 2006tik 2010era politika bateratuak hartzeko prozesuak garatzeko. Ildo beretik jarraituz, ibilbide-orrien bitartez egindako bide praktiko baten arabera eta lehentasunezko esparruen jarraipen estrategikoa eginez, bost helburu nagusi xehatzen ditu 2010. urterako:

 

  • Gobernu elektroniko "inklusiboa", erabiltzen erraza eta herritar guztiei, inor baztertu gabe, mesede egingo diena.
  • Eraginkortasunak eta efizientziak benetakoak izan behar dute eta administrazio-zerbitzuen lan-karga eta opakutasuna arindu behar dituzte.
  • Oihartzun handiko zerbitzu gakoak ezartzea, kontratazio publiko elektronikorako helburu zehatzak definituz.
  • Tresna gakoak sortzea, autentifikazio bidezko sarbide erosoa eta ziurra zabaltzeko, Europa osoko zerbitzu publikoekin operagarria.
  • Parte-hartzea eta erabaki demokratikoak hartzeko aukera indartzea, eztabaida ahalbidetuko duten erreminten bitartez, bere bizkortasuna eta herritarren eskubideen ziurtasuna bermatzeko.

 

ITP berriak, bere zeregin teknologikoen esparruan, gai honi buruzko politika europear aurreratuenekin bat egin eta aitzinatu nahi du.

 

Aurrekari hauetan oinarrituta, egokitzat jotzen da ezarritako lau estrategia-lerroak indartzea (Azpiegitura Teknologikoak, Administrazio Elektronikoa, Kudeaketaren Hobekuntza eta Antolaketa). Horregatik, 2006-2009 Informatika eta Telekomunikazio Planak definitutako eredu hori hedatu egin behar du egungo sistemen integraziora eta zeharkako zerbitzu partekatuen sustapenera bildurik.

 

Behar eta aukera berriak etengabe agertzen ari direla-eta (esaterako eragileek behar duten mugikortasuna) ezinbestekoa da gaur egungo arkitekturaren bilakaera. Sailen beharrak eta planteamenduak oso kontuan hartzekoak baitira, 2006-2009 ITP Sailen planak multzokatuz eta egituratuz egin da.

 

Horretarako, Sailen eta Erakunde Autonomoen errealitatea eta premiak aztergai izan dira:

 

  • Lehendakaritza
  • Lehendakariordetza
  • Ogasuna eta Herri Administrazioa
  • Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila (Sare Judiziala barne)
  • Herrizaingo Saila (Segurtasun Sailburuordetza barne)
  • Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
  • Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Osasun Saila
  • Kultura Saila
  • Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Garraio eta Herri Lan Saila
  • Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE)
  • Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE)
  • Euskal Estatistika Erakundea (EUSTAT)
  • Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde)
  • Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (OSALAN)

Halaber:

  • Administrazioa Eraberritzeko eta Administrazio Elektronikorako Idazkaritza Nagusia.
  • Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza (ITZ)