PIT 2006-2009 ITP: Egungo Egoeraren Diagnostikoa

Plan de Informática y Telecomunicaciones 2006-2009 Informatika eta Telekomunikazio Plana

Egungo Egoeraren Diagnostikoa

 

Korporazio-estrategia berriek, hala nola aurki egingo den Administrazio Elektronikorako Estrategiaren berrikusteak, gai askori eragingo die, besteak beste "Presentzia Interneten" kontzeptuaren eboluzioari (berau aztertzeko nahitaezkoa izango da Extranet eta Zerbitzuen Katalogoaren behar hazkorrari erreparatzea), edo Intranet sendo baten eskaera, aldaketaren eta jakintzaren kudeaketa-beharrei erantzun ahal izateko.

 

Bestalde, egunez egun funtzionalitateak gehitu egiten direnez, segurtasun-baldintza hobeak eta teknika konplexuagoak behar dira, marko korporatiboan mahaigaineratu ondoren irtenbideak aurkitzeko.

 

Abangoardian irauteko eta plataforma korporatiboak dakarren mozkin-marjina handitzeko inbertsioa eta etengabeko lana behar dira, baina betekizun hauei erantzute aldera ezinbestekoak dira berrikustea, eboluzioa eta Sailen zein herritarren premiei eta eskakizunei aurrea hartuko dien etengabeko euskarri korporatiboa. Horregatik, halabeharrezkoa da zehaztu den eredua aberastea, Sailek eta Erakunde Autonomoek zerbitzu berriak gehituz, eta herritar, enpresa eta Administrazioekiko operagarritasuna sustatzea.

 

Ezinbestekoa da 2003-2005 ITParen eginkizun guztiak burutzea, bertan hainbat ekimen garrantzitsu garapen-fasean baitzeuden. 2006-2009 aldian pisuzko ekimenak (GIP, IKUS, PLATEA...) aldi berean abiatu ziren. Gaur egun, ekimen horiek baliatu behar dira maila korporatiboko prozesuen aldaketei ekiteko. Lan-ildorik behinena estrategia korporatiboa eta Sailen dinamika hobeto bateratzea da, lankidetza lagunduko duen metodologia egokia zehaztuz eta egituratuz, komunikazioaren eta proiektuen kudeaketaren mesederako. Era berean, metodologia horrek ahaleginak alferrik egitea baztertu behar du eta Planaren berrikustea eta eguneratzea erraztu. Teknikaren aukerak baliatzeko, behar berriak asetzeko, prozesuen optimizazioa eta kostuetan aurrezkia lortzeko, teknologia-aurrerakuntzak gureganatu eta ustiatu behar dira, hala fakturazio elektronikoaren arloan, nola dokumentu-kudeaketan eta Informazio eta Komunikazio Teknologietako beste esparru batzuetan.

 

2006-2009 ITPk Eusko Jaurlaritzako Sailek eta Erakunde Autonomoek informatika eta telekomunikazioen arloan dituzten premiak, kezkak eta planteamenduak koordinatzen eta biltzen dituen gunea izan behar du, beti ere estrategia komun bati jarraituz. Horiek horrela, Sailen analisiak alde ahul eta sendo nagusiak sakonki ezagutzeko aukera eman du. Hain zuzen ere, ezagutza honek argitu behar du ahuleziak gainditzeko bidea.

 

Indarguneak

 

  • Informazio eta Komunikazio Teknologien azpiegiturek bete beharreko zeregina Sail eta Erakunde Autonomo bakoitzari agindutako funtzioetarako euskarria ematea da.
  • Euskal Administrazioak bereganatuak ditu, dagoeneko, izapidetze elektronikoari euskarria emateko behar diren tresnak. Horrez gainera, Administrazio elektronikorako oinarri egokiak ere badaude (PLATEA, Kontratazio Elektronikoa, etab.).
  • Informazio eta Komunikazio Teknologiak hobekuntza bultzatzen duten elementu bat dira, bai barne-prozesuetan bai herritarrei ematen zaizkien zerbitzuan eta arretan. Herritarrek horrelaxe hautematen dituzte.
  • Eusko Jaurlaritza zerbitzuetara bideratutako arkitektura (SOA) garatzeko bidean da eta egungo zerbitzua iraunaraziko eta eguneratuko duela ziurtatzen du, mailakako funtzionalitate berriak gehituz.
  • Herritarrekiko transakzioa eta elkarreragina emendatu egin dira eta Modulu Komun berriak gehitu dira orain arteko funtzionalitateen osagarri.
  • Zerbitzuen eta tramiten katalogoak lantzen hasi dira.

 

Hobetzeko arloak

 

  • Sailetako funtzio informatikoaren ezarketa heterogeneoak zailago bihurtzen ditu aldaketaren kudeaketa, jakintzaren kudeaketa eta planifikazioa aurrera eramateko prozesu horizontalak, eta ondorioz Sailen eta Erakunde Autonomoen eragimena eta ebazpen-gaitasuna.
  • Balio handiko zerbitzuak eraikitzeko tresna den aldetik, elkarreragingarritasunak aurre egin behar die politikaren eta eskumenen arloetako auziei.
  • Beharrezkoa da eredu berriaren euskarriaren antolaketa indartzea, baita bere kudeaketa ere, eskumena duten organoen arteko koordinazioa hobetuz eta beren orientabideak, planteamenduak eta ekimenak aiseago komunikatuz beste Sail eta Erakunde Autonomoei.

 

ITP berriak Sail eta Erakunde Autonomo guztien planen batuketa da; hori dela eta, jarduerak eta proiektu teknologikoak koordinatzeko aukera ere bada, estrategia-lerrokatze korporatibo bera partekatuz gero.

 

Ildo beretik jarraituz, esan beharra dago 2006-2009 ITParen emaitzarako funtsezkoa izan dela Sail eta Erakunde Autonomo bakoitzaren egungo egoera xehetasunez islatzea, Informazio eta Komunikazio Teknologiei dagokienez. Hori lortzeko, batetik 2003-2005 2005 ITParen itxiera formala egin da, eta bestetik Sail bakoitzaren indarguneak eta ahuleziak aztertu dira, halaber Sailek dituzten aukerak eta mehatxuak.

 

Ezinbestekoa izan da Sail eta Erakunde Autonomo bakoitzaren aurrekontuen azterketa egitea Informazio eta Komunikazio Teknologiei dagokienez, eta Eusko Jaurlaritzan duen posizio erlatiboa ezagutzea. Sailen eta Erakunde Autonomoen premia teknologikoak ere aztergai izan dira, gaur egungo proiektu aktiboak erregistratuz, ebaluatuz eta beraien jarraipena eginez.

 

Maila korporatiboan, Informazio eta Komunikazio Teknologien arloan zeharkako eskudantziak dituzten zenbait zuzendaritza sortu ditu Eusko Jaurlaritzak, hala nola Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza (ITZ), Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritza (AEBZ) eta Administrazio Elektronikorako eta Herritarrei Arreta emateko Zuzendaritza (AEHAZ). Zer esanik ez, hauek ere aztergaiak izan behar dira. Zehazki, zuzendaritza hauek bultzatzen dituzten proiektuak eta zerbitzuak, eta egun indarrean dauden estandar teknologikoak oinarrizko alderdiak dira plangintza estrategikoa eta etorkizunean egingo diren ekintzen plana ezartzeko orduan.