Kulturaren Behatokien Nazioarteko III. lan-jardunaldiak
2009ko azaroan egin ziren Bilbon Kulturaren Euskal Behatokiak deitutako III. lan-jardunaldiak, eta Frantziako, Quebeceko eta Piemonteko kultura-behatokietako ordezkariek eta Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak eta Galiziako kulturaren behatokiak hartu zuten parte.
AZKEN EMAITZAK
Hirugarren urtez jarraian, Kultura Behatokien Nazioarteko III. Lan Jardunaldietarako deialdia egin zuen Kulturaren Euskal Behatokiak, ibilbide eta tamaina desberdineko sei erakunderen parte-hartzea duen topaketarako eta elkartrukerako gune hori sendotzeko. Jardunaldiak monografikoak izan dira: gazteen kultura-ohituren eta kultura-praktiken azterketa. Azterketa horrek behatokien artean ezarritako sarean lan egiteko lehen ariketaren aurretiazko emaitzak bateratzea zuen helburu.
2009ko azaroaren 23an eta 24an bildu ziren Bilbon Observatoire de la culture et des communications du Quebec-eko, Osservatorio culturale del Piemonteko, Kataluniako Generalitateko Kultura eta Komunikabide Departamentuaren Kabinete Teknikoko, Consello de Cultura galegoko eta Kulturaren Euskal Behatokiko ordezkariak.
III. Jardunaldien beste berritasun bat (izaera monografikoaz gain) eztabaida aberasteko ekarritako kanpoko adituen parte-hartzea izan zen.Gazteriaren Euskal Behatokiko, Deustuko Unibertsitatearen Aisiazko Ikaskuntzen Institutuko, Deustuko Unibertsitateko teknologia digitaletan adituek eta Germán Sánchez Ruipérez Fundazioko ordezkariek hartu zuten parte.
Eztabaida, lehenik eta behin, teknologia berrien eraginez gazteen kultura-praktiketan gertatzen ari den aldaketak aztertzean oinarritu zen. Aldaketarik azpimarragarrienetako bat kontsumoen aldiberekotasunean datza. Arlo anitzeko izaera gazteen kultura-kontsumoaren berezitasuna dela dirudi. Teknologia berriek eskaintzen duten sarbide bizkorrak kontsumo mota hori bultzatzen du.
Ondoren, gaur egungo gazteek kulturaz duten kontzeptua aztertzera bideratu zen eztabaida. Erreferentziazko belaunaldiak ezarritako desberdintasunak gorabehera (digital natives versus digital immigrants), indar handiarekin agertu da gazteek kultura-kontsumoaren jolas-alderdiarekin ezartzen duten erlazioa. Zuzeneko emozioarekiko eta esperientziarekiko lotura behin eta berriz agertzen da. Horrela, beraz, bideojokoak –batetik– eta kontzertuak –bestetik– ohiko eta maizko kontsumo gisa finkatzen dira. Garbi ikusi zen gazteak konplexutasunetik aztertu behar zirela. Belaunaldiaren (adina baino neurri handiagoan), familiaren baliabideen eta gazteentzat hain garrantzitsuak diren erreferentziazko taldeen araberako desberdintasunak finkatzen dituzten aldagaiak asko eta asko dira. Planteamendu analitiko konplexuak kontuan hartzeaz gain, kultura-kontsumoan muga berriak sortuko dituen aldaketa-une batean gauden ideia landu zen. Tresna zaharrekin, berehala aldatzen diren eta motela izan ohi den behaketaren aurrean urtzen diren errealitate berriak aztertu behar dira. Hori kontuan hartuta, apaltasun eta arrisku zientifikoko jarrerak (proportzio berean) hartzea proposatu zen. Halaber, gaur egungo egoera dela-eta, erantzun garbiak lortzeko garaia baino galderak egitekoa dela onartu zen.