Kulturaren Behatokien Nazioarteko III. lan-jardunaldiak

2009ko azaroan egin ziren Bilbon Kulturaren Euskal Behatokiak deitutako III. lan-jardunaldiak, eta Frantziako, Quebeceko eta Piemonteko kultura-behatokietako ordezkariek eta Kataluniako Generalitateko Kultura Sailak eta Galiziako kulturaren behatokiak hartu zuten parte.

 

EZTABAIDA EREMUAK

Behatokien arteko sareko lehen lan-saioaren atariko emaitzak aurkeztea eta eztabaidatzea izan da III. Jardunaldi monografiko hauen helburu nagusia.

Hain zuzen ere, II. Jardunaldietan adierazi eta 2009rako lan-programan ezarri genuenez, behatoki bakoitzak, formatu eta intentsitate desberdinak erabiliz, azterlan kualitatiboren bat burutu du gazteen ohitura eta jardunbide kulturalak sakonagotik ezagutzeko helburuarekin.

Gaur egungo politika kulturalek, besteak beste, honako kezka honi egin behar diote aurre: gazteen kultura-kontsumoko ohiturei buruz gehiago jakin behar dugu. Horren ildotik, gazteek IKTak nola erabiltzen dituzten aztertu dugu, eta seguruenik horixe izango da alderdirik aztertuena, baina bereziki gazteek beren jardunbideei zer esanahi ematen dieten ikertu dugu, baita gazteek “kulturarekin” zer harreman duten ikertu ere. Horregatik, lehenik eta behin gazteek “kulturaltzat” zer jotzen duten identifikatu behar izan dugu, haientzat “kulturala” zer den alegia, etxe barruko eta etxe kanpoko kontsumoaren arteko loturen inguruan dakiguna aberasteko.

Adinaren (gazteenak, nerabeak eta gazte helduak), hezkuntza-mailaren, lanaren, bizitoki-eremuaren eta abarren inguruan nabari daitezkeen aldeak lagungarri izan daitezke profilak ezarri eta kontsumo kulturalaren motarekin lotzeko.