esfenodoi
iz. Zool. Narrasti errinkozefaloa, muskerraren eitea duena, ordena horretakoetan bizirik geratzen den bakarra (Sphenodon punctatum). Tuatara izenaz ere ezagutzen da. 60 cm inguru da luze, isatsaren 30ak barne hartuta. Ezaugarririk nabarmenena burugainean duen hirugarren begi delakoa du. Ikusi, ez du ikusten begi horretatik, baina bai argia nabaritu. Bizkarrean zehar gandor itxurako arantzazko tontor bat du. Kolorez, berde ilunaren eta gaztainaren artekoa da. Intsektuak, zizareak, barakuiluak eta hegazti arrautzak ere jaten ditu. Zeelanda Berriko 20 uharte txikitan bakarrik ikusi izan dute orain arte.