
153. zk., 2026ko abuztuaren 13a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (758 KB - 113 orri.)
- EPUB (2155 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
3603
AGINDUA, 2026ko uztailaren 7koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez osasun-arloko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzak emateko egiten den deialdiaren oinarriak ezartzen baitira 2026rako.
Osasun Sailaren eskumenetako bat osasun-zientzien alorrean ikerketa-jarduerak sustatzea eta planifikatzea da, Euskadiko sistema sanitarioa etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita. Horri dagokionez, Euskadiko sistema sanitariotzat joko da Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 5. artikuluan zehazten dena.
Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren ekainaren 1eko 14/2011 Legea aldatzen duen irailaren 5eko 17/2022 Legeak ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.
Arlo honetan, Osasun Sailak, 2030eko Euskadiko Osasun Planari eta 2022-2025eko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Estrategiari jarraiki, eta Euskadiko Osasun Itunean gizartearekin hartutako konpromisoarekin bat etorriz, ikerketa eta berrikuntza sustatzen ditu esparru estrategiko horien bidez, eta modu aktiboan laguntzen du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2030 Plana (2030 ZTBP) birformulatzen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plan Estrategiko berria 2030erako (RIS4 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategian oinarritua), non osasuna politika guztietan edo One Health baita ikerketa- eta berrikuntza-esparruetako edozein ekintzaren elementu aglutinatzailea. Azken helburua da euskal gizartearen itxaropena, bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea, Euskadi 2030 urterako Europako eskualde aurreratuenen artean kokatuko duen berrikuntza-politika baten bidez. Politika horren oinarri estrategikoak dira abangoardiako ezagutza, komunitatearen arazoak konponduko dituen teknologiaren translazioa, berrikuntza eta talentua erakartzea eta hari eustea.
Deialdi hau aipatutako ZTBP 2030-RIS3 Euskadi planaren barruan sartzen da, eta bertan osasun pertsonalizatuaren esparrua lehentasunezkoa da. Agindu honetan jasotzen diren jarduerek helburu hauek dituzte: batetik, herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen sozioekonomikoari laguntzea, arlo sanitarioan jakintza sortzen, zabaltzen edo aplikatzen lagunduz, translazio- eta lankidetza-ikuspegia duten ikerketa-proiektuen bidez, eta ikerketa sanitarioaren arloan txertatzen diren profesional-nodo berriak sustatuz.
Laguntza-deialdi honen xede diren lehentasunezko arloak prozesu patologikoei eta prozesu horien prebentzioari, detekzioari eta tratamenduari buruzko jakintzaren eta jakintza horren aplikazioaren esparruan daude; besteak beste, doitasuneko terapia aurreratuak eta medikuntza pertsonalizatua erabiliko dira, bai eta teknologia, produktu, zerbitzu eta prozesu berrien garapena eta aplikazioa ere, ikuspegi translazional batetik, ikerketako emaitzak pazienteengan aplikatu ahal izateko. Osasuna hobetzeko helburuak barne hartzen du, besteak beste, osasun digitalean, neurozientzietan, osasun-zerbitzuetan eta osasun publikoan –osasuna sustatzea barne– ikertzea; halaber, helburu horrek kontuan hartzen ditu gizarte- eta osasun-intereseko gaixotasun garrantzitsuak, bai eta osasuna eta generoa lotzen dituen ikerketa eta pazienteen ikuspegitik egindako zerbitzuei eta osasun-emaitzei buruzko ikerketa ere.
Ildo horiek kontuan hartuta, arau bakarrean lau laguntza-lerro desberdin biltzen dituen deialdia egin da:
– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzea I+G-proiektuen bidez, osasun-sistemaren ahalmena indartzeko xedez, eta proiektu horiek osasun-sistemaren eta gizartearen eskakizunak hobeto asetzeko behar den ezagutza sortzen eta osatzen ematen duten laguntza sendotzeko asmoz, arreta berezia jarriz pazienteetan eta paziente horien ikuspegitik lortutako emaitzetan.
– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzea jarduera kliniko-asistentziala duten langileek egindako I+G-proiektuen edo jardueren bidez, I+G-jardueretara ahalegin handiagoa bideratzeko eta Euskadiko sistema sanitarioan ikerketaren kultura indartzeko.
– Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzea, lidergo sanitariotik, lankidetzatik eta EAEko gaitasun zientifiko-teknologikoetatik sortutako I+G-proiektuen bidez; proiektu horiek produktu, prozesu eta zerbitzu berrien balorizazio eta garapenean aurreratzea ahalbidetuko dute, ZTBP 2030-RIS3 Euskadi estrategiarekin batera.
– Osasunari buruzko ikerketa komisionatuko lanak, osasun-sistema publikoaren lehentasunezko beharrak konpontzera bideratutako I+G+b proiektuen bidez. Lanak osasun-administrazioak aldez aurretik definituko ditu, kudeaketa, praktika klinikoa eta erabakiak hartzea ahalbidetuko duten ebidentzia zientifikoak sortzeko, esku-hartze sanitarioen segurtasuna, eraginkortasuna, ekitatea eta efizientzia indartuz, bai eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren asistentzia-sarearen barruan ezagutza propioa garatzea ere.
Deialdi hau 2026ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barne dago; plan hori Osasuneko sailburuaren 2026ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan dago argitaratuta, iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/
Alde horretatik, Osasun Sailak I+G+Bko jarduerak bere ildo estrategikoetako baten gisa sustatzen ditu, ikerketa bultzatuz hainbat helbururekin, besteak beste sistema sanitarioaren premiei erantzuteko orientazioa eta sistema sanitarioan bertan zein beste entitate batzuekin beharrezkoa den lankidetzan aritzea I+G+B-proiektuak sortzeko eta garatzeko; horrela pertsonen onurari laguntzen zaio, ikerketaren eta berrikuntzaren emaitzak aplikatuz.
Deialdian xedatzen da Osasun Sailak entitate kolaboratzaile baten laguntza izango duela deialdiaren kudeaketan (Bioef – Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa), zeinarekin hitzarmen bat izenpetu baitu, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 12. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera.
Kontuan hartu da hori guztia, bai eta arau hauek ere: EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea (aurrerantzean DAE), 2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua; 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena, eta oro har aplikatu beharreko gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Osasuneko ikerketa eta garapenerako laguntzen 2026ko deialdia egitea eta oinarriak ezartzea, agindu honen eranskinean argitaratzen diren oinarrien arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arautzea eta izapidetzea.
Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako lege-testuek xedatutakoaren mende daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dezakete, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 7a.
Osasuneko sailburua,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
ERANSKINA
OSASUN-ARLOKO IKERKETA ETA GARAPENERAKO LAGUNTZAK EMATEKO 2026. URTEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da osasun-arloko ikerketa eta garapenerako laguntzen 2026ko deialdiaren oinarriak ezartzea, publikotasunaren, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminazio-ezaren printzipioei jarraikiz, bai eta laguntzok ematen dituen Administrazioak finkatutako helburuak betetzeko efikaziari eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientziari erreparatuta ere.
Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak. Zuzendaritzak Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren babesa izango du laguntzen kudeaketan, entitate kolaboratzailea denez (aurrerantzean, Bioef, «entitate kolaboratzailea»).
Deialdi honen ondoreetarako, ikerketa eta garapena ez dira jarduera ekonomikotzat hartuko; beraz, bete egin beharko dira Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europar Batasuneko esparruan Europako Batzordeak ezarritako baldintzak (2022-10-19ko EBAO, C(2022) amaierako 7388), 20. puntukoak (ikerketa-organismoen eta -azpiegituren jarduera primarioak eta ezagutzen transferentzia-jarduerak). Beraz, deialdi honetatik kanpo geratzen da jarduera ekonomikoaren finantzaketa, hala nola:
1.– I+G-zerbitzuak eskaintzea, eta enpresen kontura egindako I+G-a.
2.– Ikerketa-azpiegituren alokairua.
3.– Bestelako jarduera ekonomiko guztiak, baldin eta ez badituzte betetzen Ikerketa eta Garapenerako eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruz Europako Erkidegoaren esparruan ezartzen diren baldintzak (2022-10-19ko EBAO, C[2022] amaierako 7388).
Munduko Medikuen Elkartearen (MME) Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak (Gizakiengan egindako ikerketa medikoetarako printzipio etikoak) eta ikerketa medikoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak errespetatuko dituzte ikerketa- eta garapen-proiektuek.
Bigarrena.– Helburua.
1.– Agindu honetan adierazitako jarduketen azken helburua da pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren jarduera hobetzea, EAEko osasun-sistemaren erabakiak hartzeko informazio-premia zehatz eta espezifikoei erantzutea, bai eta garapen sozioekonomikoari laguntzea ere, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko duten produktuak, zerbitzuak eta prozesuak garatzearen bidez. Helburu horiek lortzeko, deialdi honen bitartez hau lortu nahi da:
a) Orokorrean, EAEko osasun-sistemaren ikerketarako gaitasuna sustatzea, eta, bereziki, ikertzaile berrien parte-hartzea bultzatzea; horretarako, ikertzaile nagusi gisa egiten dituzten eta egiaztatutako kalitatea daukaten lehenengo ikerketa-proiektuak finantzatuko dira.
b) Asistentzia-jarduerak egiten dituzten langileek I+G-jardueretan parte hartu dezaten sustatzea, pazienteei ezagutza helarazteko eta asistentzia-praktikatik hipotesiak sortzeko gaitasuna indartzeko, bai eta EAEko osasun-sistemako langileen ibilbide profesionalean ikerketa-osagaia finkatzen laguntzea.
c) EAEko osasun-sistemaren arloan ikerketa-gaitasunen koordinazioa bultzatzea, eta ikerketa-taldeen arteko sinergiak sustatzea; hala, masa kritikoak izatea eragozten duen zatikatzea gutxituko da, eta ikertzaileen jarduera helburu komunetara bideratuko da, jardun klinikora eraman daitezkeen emaitzak lortzeko.
d) Askotariko arlo eta agenteetako ikerketa-taldeen arteko elkarlana (sektore, ardatz eta diziplina anitzekoa) bultzatzea, beste modu batera lortzen zaila den ezagutza eskuratzeko eta emaitzak hobeto transferitzeko.
e) Sustatzea, batetik, ikerketa translazionala, eta, bestetik, gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko behar den ezagutza zientifiko-teknikoa garatzeko, transferitzeko eta aplikatzeko jarduerak, bai eta osasun publikoaren eta osasun-zerbitzuen sustapen-jarduerak hobetzen dituztenak ere.
f) Osasun-sistemarako interes estrategikoa duten galdera espezifikoei erantzutea, Osasun Sailak aurrez definitutako gaien inguruko ebidentzia zientifikoa sortzera bideratutako ikerketa komisionatuko lanak finantzatuz. Lan horien helburua informazio erabilgarria eta aplikagarria ematea izango da, erabakiak hobeto hartzeko, osasun-teknologiak eta -zerbitzuak ebaluatzeko eta osasun-politikak planifikatu eta kudeatzeko.
Hirugarrena.– Entitate onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) integratutako agenteek soilik eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan zehaztutako laguntzak, baldin eta kategoria hauetan izendatuta badaude: Unibertsitateetako ikerketa-egiturak, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zabaltzeko Agenteak, Ikerketa Sanitarioko Zentroak (ISZ), I+G Sanitarioko Antolakundeak, Zentro Teknologiko Multifokalak, Zentro Teknologiko Sektorialak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZak), Enpresetako I+G-Unitateak, eta Eskaintza eta Eskari arteko Bitartekaritza Agenteak.
Laguntzen eskabidea aurkezteko egunean, agenteek horretarako izendatuta egon beharko dute, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuarekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoarekin) eta haren aldaketekin –aldaketarik berriena urtarrilaren 26ko 21/2021 Dekretuaren bidez egin zen, zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko dekretua– eta xedapen iragankorrekin bat etorriz.
2.– Publikotasunaren ondorioetarako, agente horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Agenteen Erregistro Publikoan identifikatuta daude, helbide hauetan:
– Euskaraz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=eu
– Gaztelaniaz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=es
3.– Agindu honen seigarren oinarrian dago zehaztua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zer agente-kategoria zehatzek hartu dezakeen dirulaguntza proiektu-modalitate bakoitzean.
4.– Agenteek elkarlaneko proiektuak aurkeztu ditzakete; hau da, entitate talde batek egindako proiektuak izan daitezke, entitate horiek onuradunak izan zein ez (hirugarren oinarrian aurreikusten den moduan), beti ere entitate horiek proiektua garatzeko beharrezkoak badira eta horretarako gaitasuna badute, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Laugarrena.– Entitate onuradunen betekizunak.
1.– Aurreko oinarrian aipatutako entitateak onuradun izan daitezke, baldin eta deialdi honetan eta EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan jasotako baldintzak betetzen badituzte.
2.– EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11. artikuluan eskatzen denarekin bat etorriz, agenteek agindu honetako laguntzak ematea dakarren jarduera egin beharko dute.
3.– Ezin izango dira agindu honetako laguntzen onuradun izan egoera hauetariko batean dauden agenteak:
a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin dutenak, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea; Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea (LBK, 1985, 14); edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan (LBK, 1985, 1463 eta LBK, 1986, 192) araututako kargu hautetsiak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarreko xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.
f) Egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean izatea.
g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera.
i) EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako elkarteak ezin izango dira onuradunak izan, baldin eta elkartekideren bat aipatu diren debeku horietako baten mende badago.
j) Dirulaguntzak lortzeko debekuek beste enpresa batzuei ere eragingo diete, baldin eta, haiek zuzentzen dituzten pertsonak edo beste inguruabar batzuk direla-eta, pentsa badaiteke enpresa horiek beste enpresa batzuen jarraipena edo ondorioa direla, eraldaketa, bat-egite edo ondorengotza bidez.
4.– Halaber, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13.1 artikuluarekin bat, ezin izango dira onuradunak izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalen bat daukatenak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, zigorrak ezarritako epean. Era berean, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, bai, halaber, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak ere.
5.– Aurreko puntuetan adierazitako debekuak antzeman, justifikatu, adierazi eta horien norainokoan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikulua aplikatuko da.
6.– Laguntza-eskabidea aurkeztuta, agente eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legean eta betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako baldintzetan.
Hala ere, agente eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, eginbehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, aplikatu beharreko araudian aurreikusitako baldintzetan.
Bosgarrena.– Talde eskatzailearen betekizunak.
1.– Talde eskatzailetzat hartuko da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) agenteek osatutako taldea (hirugarren oinarriaren arabera onuradun diren agenteak), eta, hala badagokio, baita onuradun ez diren beste entitate batzuek osatutako taldeak ere, baldin eta ikerketa-proiektua proposatzen badute eta hura gauzatzen parte hartzen badute, entitate bakoitzak proiektuko lan-plangintzaren arabera hartzen dituen atazak garatuz.
2.– Finantzaketa zenbait agentek eskatzen badute, proiektu edo jarduera bakoitzean parte hartzen duten agenteetako ikertzaile nagusietako (IN) batek hartuko du bere gain proiektuaren IN koordinatzailearen izaera. Proiektuaren IN koordinatzailea den agentea arduratuko da Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzarekin harremanetan jartzeaz, jarraipena eta justifikazioa egiteaz eta informazio orokorra emateaz.
3.– Eskabidea aurkeztu den unetik emakida-ebazpena eman arteko aldian behintzat, baita proiektua egikaritzen den aldi osoan zehar ere (dirulaguntza jasotzen badu), talde eskatzaileetako kideek funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura formalizatua izan beharko dute bai onuradun den ZTBESko agentearekin (agindu honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat), bai proiektua egiteko zentroarekin, bai beste entitate batzuekin, baldin eta agenteak indarreko hitzarmen bat badauka beste entitate horiekin ikertzailearen lotura babesteko.
4.– IN koordinatzaileek gehienez bi proiektutan parte hartu ahal izango dute rol horretan, hartara eragotzi gabe seigarren oinarrian ezarritakoa. Ikerketa-taldeetako gainerako kideek ez dute mugarik izango proiektu desberdinetan parte hartzeko.
5.– Agindu honen seigarren oinarriak diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoen ezaugarriak eta, hala badagokio, betekizun zehatzak zehazten ditu.
Seigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak eta jarduerak.
1.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzea: ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorietan akreditatutako ZTBESko agenteak soilik izango dira onuradun, eta horiexek aurkeztu ahal izango dituzte 2026an hasi eta gehienez 36 hilabetez garatuko diren proiektuak. Ikerketa sanitarioari laguntza emateko lerro honetan, ezin izango dute ikertzaile nagusi koordinatzaile gisa parte hartu Osasun Sailaren 2024ko eta 2025eko deialdietako aribideko beste proiektu batzuetarako eginkizun horretan daudenek. Gehienez 300.000 euroko zenbatekoa eskatu ahal izango da proiektu bakoitzeko.
Lau proiektu modalitate daude:
a) Ikertzaile hasiberriak sustatzea: ikertzaile nagusia (IN) bere ikerketa-karreraren hasierako etapan duten taldeek garatutako proiektuak, hau da, aurrez IN koordinatzaile gisa lehia-deialdi bidez finantzatutako proiektuetan parte hartu ez dutenak eta ikerketa-zentro batekin izandako lehen lotura egonkorra azken 10 urteetan gertatu bada. Aldi hori luzatzea justifikatzen duten egoera berezitzat hartuko dira honako hauek:
– Amatasunaren edo aitatasunaren ondorioz hartutako atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jasotako egoera babestuen arabera. Seme-alaba bakoitzeko urtebeteko luzapena aplikatuko da.
– Eskatzailearen gaixotasun edo istripu larria, medikuak hiru hileko edo gehiagoko baja emanda. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.
– Mendekotasuna duten pertsonei emandako arreta, hiru hilez gutxienez, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoarekin bat. Urtebeteko luzapena aplikatuko da.
Modalitate honetan, I-A eranskineko gai-arloetako edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza.
b) Osasun-zerbitzuetako ikerketa-proiektuak: osasun-politiken ebaluazio-arloetako proiektuak; prozesu eta emaitzen ebaluazioa; erabakiak hartzeko laguntza; antolamendu-ereduen garapena eta ebaluazioa. Modalitate honetan, osasun-zerbitzuetako ikerketaren d) puntuan azaldutako azpiarloetako edozeinetan (I-A eranskina) garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza. Bereziki, honako hauek dira interesgarriak: osasun-emaitzen ebaluazioa; osasun-eredu komunitarioekin, lehen mailako arretarekin eta erizaintzarekin lotutako ikerketa; eta zainketa aringarriekin lotutako ikerketa. Hala ere, horrek ez du esan nahi entitate eskatzaileek laguntza jasotzeko lehentasuna dutenik. Modalitate honetan, EAEko osasun-sistemaren zenbait alderdi inplikatu nahi dira, emaitzen eskalabilitatea eta hedapena errazteko, hala badagokio, edo sistemako erabakiak hartzeko orduan erabiltzeko.
c) Proiektu biomedikoak: osasunari buruzko oinarrizko ikerketa-proiektuak, osasun-sistemaren barruan elkarlanean eginak. Proiektu hauek helburu nagusi hau izan behar dute: behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzea, lehendik dauden gaitasun sanitarioak gehituta; edo osasuneko garapen teknologikoa, translazio-gaitasuna duten proiektuetarako kontzeptu-probak egiteko helburuarekin.
Modalitate honetan, I-A eranskineko gai-arloetako edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, osasun-zerbitzuetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (d puntua).
d) Proiektu sanitario integratua: hiru ikerketa sanitarioko institutuek elkarlanean egindako gehienez 2 ikerketa-proiektu finantzatuko dira; proiektu hori interes komuneko arlo estrategikoetan egindakoa izango da, politika sanitarioekin bat etorri behar du eta institutu bakoitzaren ekarpena behar dela argi justifikatuta izan behar du. Horrez gain, masa kritiko baten edo indar diferentzialen sorreraren edo sendotzearen emaitza izan behar du, EAEko sistema sanitario publikoaren barruko gaitasunak hobeto kohesionatze aldera.
Modalitate honetan, I. eranskineko gai-arloetariko edozeinetan garatzen diren ikerketa-proiektuei eman dakieke dirulaguntza, zerbitzu sanitarioetako ikerketari dagokion horretan izan ezik (hala ere, modalitate horretan institutuarteko elkarlaneko proiektuak ere espero dira).
2.– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzea: laguntza-lerro horretan, Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian akreditatuta dauden ZTBESko agenteak bakarrik izan ahalko dira onuradunak. Fakultatibo espezialistak eta erizaintzako edo fisioterapiako unibertsitate-diplomadunak finantzatuko dira, aldi berean ikerketa-jarduerak eta jarduera kliniko-asistentzialak egiten dituzten profesionalen jardueren zati batez arduratzeko. Hauek dira laguntzaren ezaugarriak:
Ikerketa-jarduera hauetara ahalegin handiagoa bideratzea eskatu ahalko da: kanpo-finantzaketa duen I+G-proiektu bat amaitzeko jarduerak; antolakunde sanitarioan ikerketa sustatzeko sareak, proiektuak, plataformak eta beste jarduera batzuk sortzera bideratutako egintzak; ikerketa-jarduera izango duten etorkizuneko profesionalen prestakuntza, eta kultura-aldaketara eta sistema sanitarioan ikerketa ezartzera bideratutako aktibitateak.
Agenteek jarduera kliniko-asistentziala duten profesionalak proposatu ahal izango dituzte laguntza jasotzeko, baldin eta:
– Autonomia-erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko kanpo-finantzaketa duten proiektuetako ikertzaile nagusiak badira (proiektu horiek, 2026an edo 2027an, gutxienez, aribidean egon behar dute);
– 2026an edo 2027an aribidean dauden Europako proiektuetako lan-paketeen, plataformen, sareen edo programen arduradunak badira edo plataforma, sare, programa, proiektu edo talde horiek sortzearen arduradunak badira;
– atxikita dauden institutuari edo institutuaren zientzia-arloei laguntzeko lana sustatzeaz arduratzen badira.
Ezingo dira hautagai izan Osasun Sailak 2024ko eta 2025eko deialdietan finantzatutako proiektu baten ikertzaile nagusi izandakoak, langileak liberatu behar izan badira proiektu horretan. Era berean, ezingo dira hautagai izan zuzendariak nahiz zerbitzuburuak, horien jardueraren zatirik handiena ezin baitaiteke eskuordetu.
Gehienez 24 hilabeterako eskatu ahalko da ahaleginak areagotzea, eskaeraren oinarri den proiektu aktiboa edo jarduera egiteko behar diren urteen arabera. Laguntza horiek beharrezko diren langileen kostuak finantzatuko dituzte 2026an, 2027an eta, behar izanez gero, 2028an, hautagaiaren ordezko langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren % 50eko liberazio-aldiaren adinako eperako gehienez.
Ordaintzen den diru-zuzkidura jarduera kliniko-asistentziala bere gain hartuko duen langilearen hornidurari dagokiona izango da. Diruz lagundutako zenbatekoa ezin izango da inola ere 85.000 euro baino handiagoa izan 24 hilabeterako % 50eko liberazioaren kasuan, edo kopuru proportzionala, liberazioa txikiagoa bada.
3.– Izaera estrategikoko osasun-ikerketa sustatzea: laguntza-lerro hau irekita dago 3.1 oinarrian adierazitako kategorietan akreditatuta dauden ZTBESko agenteentzat, eta ezinbesteko baldintza izango da Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian akreditatuta dagoen ZTBESko agente batek, gutxienez, parte hartzea.
Laguntza urterokoa izango da, eta 2026an garatutako jarduerak finantzatzeko emango da; hala ere, proiektuak urtebete eta hiru urte arteko epean garatu ahal izango dira. Honako arlo hauetan aurkeztutako proiektuak finantzatu ahal izango dira: medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak, osasun digitala eta big data, gailu eta teknologia medikoak, neurozientziak eta osasun mentala, eta osasun-emaitzak pazienteen ikuspegitik.
Deialdi honetan, proiektu bakoitzeko gehienez 200.000 euro eskatu ahal izango dira. Era berean, proiektu berak jaso dezakeen guztizko finantzaketa metatua, aurkezten diren laguntza hauen deialdi guztiak batuta, ezin izango da 350.000 eurotik gorakoa izan.
Heldutasun teknologikoko hainbat fasetan dauden proiektuei laguntzea aurreikusten da; bai behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko sortutako proiektuak –ezagutza-oinarria handitzeko eragileen arteko lankidetza behar dutenak– baita aurretik egiaztatutako eta balio-katean aurrera egitera bideratutako aurretiazko esperientzietan oinarritzen diren garapen teknologikoko proiektuak ere, baldin eta transferentzia-ahalmena erakusten badute. Ildo horretan, eragile sanitarioen eta ez-sanitarioen arteko lankidetza sustatu nahi da, premia biomediko-sanitarioari erantzuteko, eta sistema sanitarioan sortutako ezagutzaren balioa indartu, ondoren hirugarrenekin edo hirugarrenen bitartez garatuta.
4.– Ikerketa komisionatuko lanak: laguntza-lerro hau irekita dago 3.1 oinarrian adierazitako kategorietan akreditatuta dauden ZTBESko agenteentzat, eta ezinbesteko baldintza izango da Ikerketa Sanitarioko Zentroen kategorian akreditatuta dagoen ZTBESko agente batek, gutxienez, parte hartzea.
Laguntza urterokoa izango da, eta 2026an garatutako jarduerak finantzatzeko emango da. I-B eranskinean adierazitako gai espezifikoekin lotuta aurkezten diren ikerketa-lan komisionatuen proiektuak finantzatu ahal izango dira. Deialdi honetan, gehienez 60.000 euro eskatuko dira proiektu bakoitzeko.
Zazpigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Finantzatu daitezkeen gastuek zuzenean egon behar dute lotuta proiektua gauzatzearekin, eta aldez aurretik sartuta egongo dira eskabidearen memorian.
2.– Honako hauek hartuko dira finantzatu daitezkeen gastutzat:
a) Langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak eta ikerketan laguntzen duten gainerako langileenak), betiere proiektuan aritzen diren neurrian. Proiektua gauzatzeko behar diren eta dedikazio espezifikoa duten langileen kostuak, baldin eta entitate onuradunarekin laneko kontratu-lotura badute.
Era berean, atal honetan sartzen dira ikertzaile-taldea osatzen duen osasun-arloko profesionalaren asistentzia-jarduera liberatzearen ondoriozko kostuak, gehienez ere lanaldiaren % 50era arte.
Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroan (seigarren oinarria, bi puntua), behar diren langileen kostuak finantzatu ahal izango dira, jarduera hori areagotzeko hautagaia ordeztuko duen langilearen urteko asistentzia-lanaldiaren liberazio-aldirako (% 50 gehienez).
Ez dira finantzatzekoak izango ZTBESko agenteei lotutako funtzionarioen, estatutupeko langileen edo langile kontratudunen kostuak –hala EAEko sektore publikokoak nola partaidetza publikoa nagusi den eta sektore publikoan edo inongo administraziotan sartuta ez dauden entitateetakoak–, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sailen batek edo beste administrazio publiko batek finantzatzen baditu.
b) Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Hauek sartzen dira: proiektua egiteko erabilitako material inbentariagarria; material suntsigarria eta gastu osagarriak; material bibliografikoa; proiektuen emaitzak zabaldu eta transferitzeko gastuak, eta entitate onuradunaren ikerketa laguntzeko zerbitzu zentral eta orokor batzuk erabiltzeko kostuak, behar bezala justifikatuta badaude eta proiektua behar bezala burutzeko beharrezkoak badira.
Eta hauek kanpoan daude: altzariak eta instalazioak, kudeaketarako ekipamendu informatiko pertsonalak eskuratzea eta bulegoko material orokorra finantzatzea (fotokopiak, tonerra edo telefono-gastuak), baita prestakuntza-jarduerak, zientzia-elkarteetako kuotak eta argitalpenen harpidetzak ere.
Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuen kontratazioa eskaeraren memorian islatuta egon beharko da, zerbitzuaren izaera eta kontratuaren kostua zehaztuz. Zerbitzu horien gastuak diruz laguntzeko modukoak izan daitezen, behar bezala egiaztatu beharko da horien beharra.
Diruz lagundutako jarduketaren parte diren proiektuko jarduera batzuk, haien eragile onuradunak egin ezin dituenak, azpikontratatu ahal izango dira, eta alderdi hori proiektuaren memorian egiaztatu beharko da. Onuradun bakoitzeko azpikontratatzen den jardueraren kostu osoa ezingo da izan onuradun horri dagokion aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino handiagoa.
Hirugarren batzuekin itundutako jardueretarako, jardueraren kostua dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa bada, eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, agente onuradunak, kontratu hori egin aurretik, baimena eskatu beharko dio Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari. Zuzendaritza horrek 10 egun balioduneko gehieneko epean erantzungo du; bestela, eskaera ezetsitzat hartuko da, administrazio-isiltasunaren ondorioz.
Kontratazioetarako, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak, agente onuradunak, kontratatu aurretik, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu eta espresuki justifikatu beharko du hautaketa hori, memoria batean, ez bada proposamen ekonomikorik abantailatsuena hautatzen. Justifikazioa eta memoria batera aurkeztu beharko dira.
c) Bidaia eta joan-etorri gastuak. Landa-lanak eta proiektua gauzatzean beharrezkoak diren koordinazio-bilerek eragindakoak, bai eta finantzatutako proiektuaren emaitzen berri emateko kongresu eta hitzaldietara joateak eragindakoak ere. Ezin izango dira aukeratu kongresuak eta konferentziak antolatzeko gastuak, ezta protokolo-gastuak ere.
Finantzatu daitezkeen gastuek zuzeneko lotura izan beharko dute proiektuarekin, eta ikerketa-taldeko langileei eta oinarri honen 2.a) apartatuan aipatutako teknikariei soilik egotzi ahal izango zaizkie.
d) Zeharkako kostuak: deialdi honen kargura kontzeptu honetan proiektua gauzatzeko zuzeneko kostuen % 21 finantzatu ahal izango dira gehienez ere.
3.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdietsi litekeen beste edozein motako laguntza edo dirulaguntzarekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da; horrela, jasotako laguntzen guztizko zenbatekoak ez du inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueraren kostua. Muga hori betetzen dela bermatzeko, agente onuradunek erantzukizunpeko adierazpenean gehiegizko finantzaketarik ez izateko berariazko konpromisoa jaso beharko dute, eta berehala jakinarazi beharko diote organo emaileari helburu bererako lortu duten edozein laguntza edo dirulaguntza, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
4.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikatzekoak izango dira EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 30. eta 31. artikuluak.
Zortzigarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 5.806.200 eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horrexetarako ezarri diren aurrekontu-kredituetatik datoz. Honela banatzen dira:
– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroak (seigarren oinarria, lehenengo puntua): hasieran, 2.556.200 euroko zenbatekoa esleitzen da ikerketa-lerro horri lotutako proiektuetarako. Ikertzaile hasiberrien sustapenaren modalitaterako aurrekontua 520.000 eurokoa izango da gutxienez, eta ebazpenean handitu ahal izango da, emandako proiektuen arabera.
Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (seigarren oinarria, bi puntua): Bigarren ikerketa-lerro horri dagozkion proiektuetarako 600.000 euroko gehieneko zenbatekoa esleitzen da.
Funtsak berresleitzea. Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroak esleitutako funts guztiak agortzen ez baditu, gerakina ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerrorako erabilgarri dagoen zuzkidura handitzeko erabiliko da automatikoki, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio- eta esleipen-irizpideak errespetatuz.
– Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroa (seigarren oinarria, hirugarren puntua): Ikerketa-lerro horri dagozkion proiektuetarako 2.350.000 euroko hasierako zenbatekoa esleitzen da.
– Ikerketa-lan komisionatuen lerroa: 300.000 euroko gehieneko zenbatekoa esleitzen da ikerketa-lerro honetarako.
Funtsak berresleitzea. Ikerketa-lan komisionatuen lerroak esleitutako funts guztiak agortzen ez baditu, gerakina osasuneko ikerketa estrategikoa areagotzeko lerrorako erabilgarri dagoen zuzkidura handitzeko erabiliko da automatikoki, betiere deialdi honetan ezarritako balorazio- eta esleipen-irizpideak errespetatuz.
Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa hasieran aurreikusitako zenbatekoaren % 20 gehitu ahal izango da gehienez, Osasun Sailaren programak gauzatu ostean geratzen diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legeriak kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta ebazpena eman baino lehen. Gehikuntza hori gertatuz gero, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 23. artikuluan ezarritako baldintzetan artikulatuko da, eta horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Bederatzigarrena.– Laguntzak emateko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa-teknikaren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, laguntzak emateko seigarrren oinarrian ezarritako modalitate bakoitzerako aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, hamabigarren oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko xedez. Hurrenkera horren arabera emango dira laguntzak harik eta dirulaguntza-lerro bakoitzari esleitutako kredituak agortu arte.
Hamargarrena.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabide bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Proiektuan agente batek baino gehiagok parte hartzen badu, koordinatzaile gisa jarduten duen agenteak aurkeztuko du eskabidea.
2.– Agindu honetatik eratorritako eskabide, errekerimendu, jakinarazpen, zuzenketa, justifikazio eta gainerako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko dira, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluarekin (2023ko ekainaren 30eko EHAA, 124. zk.).
Helbide honetan eskura daitezke identifikazio eta sinadura elektronikorako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako bitartekoak:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/registro/regapo/web01-sede/es/
3.– Eskabidea lortzeko eta hura betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da, helbide hauetara:
Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzea:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104733
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/0104733
Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzea:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104734
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/0104734
Osasuneko ikerketa estrategikoa areagotzea:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104735
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/0104735
Ikerketa-lan komisionatuak.
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0104736
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/servicios/0104736
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.
Espedientera iristeko eta errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan adierazitako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da:
– Euskaraz:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
– Gaztelaniaz:
https://www.euskadi.eus/micarpeta/
4.– Eskabideak pertsona edo agente eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, 6. puntuan adierazitako dokumentuak jasoko ditu, bat etorriz Herritarrentzako arreta integral eta multikanalari eta zerbitzu publikoetarako irispidea bitarteko elektronikoen bidez izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoarekin.
5.– Laguntzaren eskabidea eta beharrezko agiriak aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkez daitezke. Era berean, laguntzen eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabili behar da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.
6.– Aurkeztu beharreko agiriak, laguntzarako eskabidea osatzen dutenak, honako hauek dira:
a) Osasun-ikerketa jarduera sustatzeko lerroa (seigarren oinarria, bat puntua):
– Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.1 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.1 eranskinak).
– Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitaea, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitaearen ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT)) curriculum vitaearen eredu normalizatuetan. Azken eredu hori erabiliz gero, Ezagutzaren Atarian profila duten ikertzaileek (https://euskadi.osasuna.ezagutzarenataria.eus /) atari horretan sartuta dituzten datuak FECYTeko CVNaren editorera esportatu ahal izango dituzte, beren curriculuma osatzeko.
– Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
– Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:
i) Aldeko txostena edo irizpena, hala badagokio, Ikerketako Etika Batzorde eskudunak eta ikerketa-arloan dauden hitzarmenak eta arauak betetzen direla zaintzeko ardura duten kide anitzeko beste organo batzuek emana, edo ikertzaile nagusiaren erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskina), txosten edo irizpen hori garaiz eta behar bezala eskatuko dela dioena, proiektua finantzatzen bada.
ii) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.
i eta ii) apartatuetan aipatzen den dokumentazioa urte anitzeko proiektuen jarraipenaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da, eta gainerakoetan, azken justifikazioarekin batera.
b) Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (seigarren oinarria, bi puntua):
– Ikerketa-jardueraren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.2 eranskina), informazio ekonomikoarekin batera (II-C.2 eranskina).
– Areagotzearen onuradun izan daitekeen hautagaiaren curriculum vitae-a, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), edo Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitae-aren ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren curriculum vitae-aren eredu normalizatuetan. Azken eredu hori erabiliz gero, Ezagutzaren Atarian profila duten ikertzaileek (https://euskadi.osasuna.ezagutzarenataria.eus /) atari horretan sartuta dituzten datuak FECYTeko CVNaren editorera esportatu ahal izango dituzte, beren curriculuma osatzeko.
– Adostasun-adierazpena, eredu normalizatuaren arabera egina (II-E eranskina).
– Jarduera areagotzearen kostu ekonomikoaren ziurtagiria (II-F eranskina)
– Erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
c) Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroa (seigarren oinarria, hiru puntua):
– Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.3 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.3 eranskinak).
– Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitaea, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitaearen ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT)) curriculum vitaearen eredu normalizatuetan. Azken eredu hori erabiliz gero, Ezagutzaren Atarian profila duten ikertzaileek (https://euskadi.osasuna.ezagutzarenataria.eus /) atari horretan sartuta dituzten datuak FECYTeko CVNaren editorera esportatu ahal izango dituzte, beren curriculuma osatzeko.
– Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
– Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:
i) Aldeko txostena edo irizpena, hala badagokio, Ikerketako Etika Batzorde eskudunak eta ikerketa-arloan dauden hitzarmenak eta arauak betetzen direla zaintzeko ardura duten kide anitzeko beste organo batzuek emana, edo ikertzaile nagusiaren erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskina), txosten edo irizpen hori garaiz eta behar bezala eskatuko dela dioena, proiektua finantzatzen bada.
ii) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.
i eta ii) apartatuetan aipatzen den dokumentazioa justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da.
d) Ikerketa-lan komisionatuen lerrorako (seigarren oinarria, lau puntua):
– Ikerketa-proiektuaren memoria, eredu normalizatuan egina (II-A.4 eranskina), parte hartzen duen agente bakoitzaren informazioarekin batera (II-B eta II-C.4 eranskinak).
– Ikerketa-taldeko kideen curriculum vitaea, eredu normalizatuan egina (II-D eranskina), Carlos III.a Osasun Institutuko curriculum vitaearen ereduan, edo Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT)) curriculum vitaearen eredu normalizatuetan. Azken eredu hori erabiliz gero, Ezagutzaren Atarian profila duten ikertzaileek (https://euskadi.osasuna.ezagutzarenataria.eus/) atari horretan sartuta dituzten datuak FECYTeko CVNaren editorera esportatu ahal izango dituzte, beren curriculuma osatzeko.
– Agente eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, legezko ordezkariak sinatua (III. eranskina).
– Jarduerarako betekizun gisa, eta ezaugarriak kontuan hartuta, legez ezarritako baimen edo txosten hauek izan beharko dituzte proiektuek:
i) Aldeko txostena edo irizpena, hala badagokio, Ikerketako Etika Batzorde eskudunak eta ikerketa-arloan dauden hitzarmenak eta arauak betetzen direla zaintzeko ardura duten kide anitzeko beste organo batzuek emana, edo ikertzaile nagusiaren erantzukizunpeko adierazpena (V. eranskina), txosten edo irizpen hori garaiz eta behar bezala eskatuko dela dioena, proiektua finantzatzen bada.
ii) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.
i eta ii) apartatuetan aipatzen den dokumentazioa justifikazioarekin batera aurkeztu beharko da.
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamaikagarrena.– Eskabidearen hutsak zuzentzea.
1.– Eskabidean oinarri hauetako betekizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, eskatzaile interesdunari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, gabezia zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.
2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz iritsi den haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
4.– Elkarlanean garatzekoak diren proiektuen kasuan, proiektuaren koordinatzailea den agentearekin egingo da jarduketa hori.
Hamabigarrena.– Eskabideak ebaluatzea eta hautatzea.
1.– Balorazio Batzordeak ebaluatu eta hautatuko ditu behar bezala aurkeztutako edo epean zuzendutako eskabideak, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat. Hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:
a) Batzordeburua: Iñaki Gutiérrez Ibarluzea, Osasun Saileko Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
b) Batzordekideak:
– Inés Gallego Camiña, Osasun Saileko Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.
– Guillermo Ignacio Herrero Alaña, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
– Koldo Berganzo Corrales, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
– Lorea Mendoza Arteche, Bioef Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioko koordinazio zientifikoaren arduraduna, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
– Pedro Carrascal Rueda, Pazienteen Erakundeen Plataformaren zuzendari nagusia, edo hark eskuordetzen duen pertsona.
c) Idazkaria: Laura Erice Criado, Osasun Sailaren I+G-laguntzen teknikari arduraduna.
2.– Balorazio Batzordeak une oro izango du entitate kolaboratzailearen laguntza. Aipatu entitateak eskabideak aztertuko ditu eta behar diren txostenak egingo ditu, Balorazio Batzordeari lana errazteko.
Gainera, Balorazio Batzordeak kanpoko ebaluatzaileen laguntza eskatuko du ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroetara aurkeztutako proiektuen kalitate zientifiko-teknikoaren parekako ebaluazioa egiteko (seigarren oinarria, bat puntua), Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroan (seigarren oinarria, 3 puntua) aurkeztutako proiektuetan, eta ikerketa-lan komisionatuak (seigarren oinarria, 4 puntua), oinarri honen 4.1, 4.III eta 4.IV apartatuetan ezarritako irizpideekin bat. Kanpo-ebaluazio horrek memoria ekonomikoaren azterketa ere jasoko du, proiektuaren helburuekiko, metodologiarekiko eta irismenarekiko koherentzia, nahikotasuna eta egokitasuna baloratuz. Eskatutako aurrekontua behar baino handiagoa edo behar baino txikiagoa dela uste bada, Balorazio Batzordeak kontuan hartuko du inguruabar hori, eman beharreko dirulaguntzaren zenbateko doitua zehazteko.
Balorazio Batzordeak, bere eginkizunak gauzatzeko, aholkularitza eskatu ahal izango die adituei ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeari buruz (seigarren oinarria, 2 puntua).
3.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.
4.– Proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:
I.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroa (seigarren oinarria, bat puntua):
1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 60 puntu).
a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez, 30 puntu):
– Planteatutako helburuak egokiak dira proposatutako metodologiarako (gehienez 5 puntu).
– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu).
– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna, atazen egokitasuna eta zenbatetsitako aurrekontua (gehienez 10 puntu).
– Genero-ikuspegia (gehienez, 5 puntu): genero-ikuspegidun osasun-ikerketa bat egitea baloratuko da, bai eta genero-azterketa ikerketaren ziklo osoan txertatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ekitatea sustatzen dituena, bai batzuek zein besteek ikerketaren emaitzen onurak jaso ditzaten.
b) Proiektuan parte hartzen duen gizataldearen kalitatea, fidagarritasuna eta osagarritasuna: ikerketa-proiektuen, azterlan klinikoen, argitalpenen, patenteen eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuen balorazioa; horrez gain, ikerketa-jardueraren ekarpenak osasun-sistemaren garapen teknologikoan edo garapen kliniko eta asistentzialean, ikertzaile nagusiari eta ikerketa-taldeari dagokienez, proiektuaren gaiarekin lotuta (gehienez 15 puntu).
c) Proiektuaren emaitzen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta ekarpena osasun-arloan, eta, hala badagokio, osasun-sisteman ezartzeko estrategia (gehienez 15 puntu).
Txosten zientifiko-teknikoan 30 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.
Modalitate bakoitzerako, finantzagarritzat jotzen diren eskabideen lehentasun-hurrenkera bat ezarriko da, lortutako puntuazioaren arabera.
2) Interes sanitario eta estrategikoa (40 puntu gehienez):
a) Osasun-politiketara egokitzea eta osasun-arloko I+G+Ba sustatzea: (20 puntu, gehienez):
– Proposamena egokitzea lan-ildo, plan, estrategia, programa edo ekimen sanitarioetara, eta, hala badagokio, Osasun Pertsonalizatuko RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiara, zeina 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean jasota baitago (gehienez 5 puntu).
– Proposamenaren egokitasuna, heldu nahi dien osasun-premia zehatzen garrantziagatik (patologia, eremu asistentziala, antolaketa-alderdia, kalitatea, jasangarritasuna, segurtasuna, etab.) (5 puntu gehienez).
– Ikerketa sanitarioko zentroen eta Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) arteko lankidetza edo elkarlana, bai osagarritasunagatik eta eskalagatik (tamaina edota arlo zientifiko eta teknologikoetako gaitasunen batura) bai diziplinartekotasunagatik (gaitasun desberdinak), jardueraren inpaktua handitzeko (5 puntu gehienez).
– Ikertzaileen eta langile kliniko-asistentzialen parte-hartzea, asistentzia-lana eta I+G+Ba txertatzen laguntzeko (5 puntu gehienez).
b) Espero diren emaitzek egin dezaketen ekarpena eta eraginaren proiekzioa EAEko osasun-sisteman eta garapen sozioekonomikoan (20 puntu gehienez):
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina pazienteentzat –eta batez ere haien ikuspegitik– eta osasun-sistema osoarentzat (10 puntu gehienez).
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina EAEko egitura ekonomikoan, soziosanitarioan eta osasun publikokoan (10 puntu gehienez).
Guztizko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira; beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.
II.– Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroa (seigarren oinarria, bi puntua):
1) Jarduera areagotzeko hautagaiaren merezimenduak baloratzea, 2021eko urtarrilaren 1etik eskabideak aurkezteko epearen amaierara bitartean (gehienez 50 puntu):
a) CVan jasota dauden argitalpenak. Gehienez hamar argitalpen puntuatuko dira, eta egile senior edo korrespondentzia-egile gisa ageri den argitalpenak adierazi beharko dira, balorazio berezia egiteko (gehienez 25 puntu).
b) Bestelako merezimendu batzuk, esaterako, kanpo-finantzaketa (lehiazkoa eta lehia gabekoa, publikoa nahiz pribatua), saiakuntza klinikoetan parte hartzea, estatuko eta nazioarteko kongresuetan eginiko aurkezpenak, patenteak eta jabetza intelektual nahiz industrialeko beste aktibo batzuk, gidak edo protokoloak, estatuko eta nazioarteko ikerketa-sareetan parte hartzea, nazioarteko lankidetzak, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko beste agente batzuekin eginikoak ere, eta ikerketa nahiz ikerketa-kultura euskal osasun-sisteman txertatzeari loturiko beste ekarpen batzuk (gehienez 25 puntu).
2) Proposamenaren balorazioa (gehienez 50 puntu):
a) Garatuko den ikerketa-jarduerarekiko egokitasuna, eta EAEko osasun-sistemako ikerketa-egiturak sendotzeko ikuspegia. Baloratuko da I+G-jardueretan aritzeak nola indartuko dituen hautagaia atxikita dagoen ikerketa sanitarioko zentroaren eta, oro har, Euskal Osasun Zerbitzuko institutu guztien plan, ildo eta helburu estrategikoak (gehienez 20 puntu).
b) Euskal osasun-sistemarentzako interes estrategikoa: espezialitateak, arloak, zerbitzuak, taldeak eta abar indartzea, espero baino arduraldi edo ordezkapen txikiagoa badute epe labur, ertain eta luzeko beharrei dagokienez; joeren aurrean sistema prestatzeari dagokionez eta belaunaldi-erreleboari dagokionez, besteak beste (gehienez 30 puntu).
Guztizko puntuazioa lortzeko, hautagaiaren merezimendu-balorazioaren eta proposameneko balorazioaren puntuazioak batuko dira; beraz, gehieneko puntuazioa 100 izango da.
III.– Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzeko lerroa (seigarren oinarria, hiru puntua):
1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 60 puntu).
a) Proposamenaren planteamendua eta bideragarritasuna (gehienez, 30 puntu):
– Planteatutako helburuak egokiak dira proposatutako metodologiarako (gehienez 5 puntu).
– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu).
– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna, atazen egokitasuna eta zenbatetsitako aurrekontua (gehienez 10 puntu).
– Genero-ikuspegia (gehienez, 5 puntu): genero-ikuspegidun osasun-ikerketa bat egitea baloratuko da, bai eta genero-azterketa ikerketaren ziklo osoan txertatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta ekitatea sustatzen dituena, bai batzuek zein besteek ikerketaren emaitzen onurak jaso ditzaten.
b) Proiektuan parte hartzen duen gizataldearen kalitatea, fidagarritasuna eta osagarritasuna: ikerketa-proiektuen, azterlan klinikoen, argitalpenen, patenteen eta jabetza industrialeko beste erregistro batzuen balorazioa; horrez gain, ikerketa-jardueraren ekarpenak osasun-sistemaren garapen teknologikoan edo garapen kliniko eta asistentzialean, ikertzaile nagusiari eta ikerketa-taldeari dagokienez, proiektuaren gaiarekin lotuta (gehienez 15 puntu).
c) Proiektuaren emaitzen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta ekarpena osasun-arloan, eta, hala badagokio, osasun-sisteman ezartzeko estrategia (gehienez 15 puntu).
Txosten zientifiko-teknikoan 30 puntutik gorako puntuaziora heltzen ez diren eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.
2) Interes estrategiko eta sanitarioa (gehienez 40 puntu):
a) Osasun-politiketara eta Osasun Pertsonalizatuko RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiara egokitzea (gehienez 15 puntu):
– Proposamena egokitzea lan-ildo, plan, estrategia, programa edo ekimen sanitarioetara, eta, bereziki, Osasun Pertsonalizatuko RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko estrategiara, zeina 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean jasota baitago (gehienez 5 puntu).
– Proposamenaren egokitasuna, osasun-premia zehatz bati erantzuteko (patologia, eremu asistentziala, antolaketa-alderdia, kalitatea, jasangarritasuna, segurtasuna, etab.) (5 puntu gehienez).
– Ikerketa Sanitarioko Zentroen, Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) eta ZTBESko beste agente batzuen arteko lankidetza, eta ondoriozko gaitasun-baturaren egokitasuna (gehienez 5 puntu).
b) Espero diren emaitzek egin dezaketen ekarpena eta eraginaren proiekzioa EAEko osasun-sisteman eta garapen sozioekonomikoan (25 puntu gehienez).
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina pazienteentzat eta osasun-sistema osoarentzat (10 puntu gehienez).
– Espero diren emaitzek izan dezaketen eragina EAEko egitura ekonomikoan, soziosanitarioan eta osasun publikokoan (15 puntu gehienez).
Guztizko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta interes sanitario eta estrategikoari dagozkien puntuazioak gehituko dira; beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.
IV.– Ikerketa-lan komisionatuen lerroa (seigarren oinarria, lau puntua):
1) Kalitate zientifiko-teknikoa (gehienez 60 puntu):
a) Deialdiko gaiarekiko planteamendua, bideragarritasuna eta proposamenaren egokitasuna (gehienez 30 puntu):
– Deialdiaren gaiaren helburuen estaldura (gehienez 5 puntu).
– Proiektuaren ekarpen zientifiko-teknikoa, egungo artearen egoerari, ikuspegiaren baliozkotasunari eta planteatutako metodologiari dagokienez (gehienez 10 puntu).
– Lan-planaren koherentzia eta eraginkortasuna, atazen egokitasuna eta zenbatetsitako aurrekontua (gehienez 10 puntu).
– Ikerketaren diseinuan eta garapenean genero-ikuspegia txertatzea (gehienez 5 puntu).
b) Giza taldearen kalitatea, kaudimena eta osagarritasuna: ikerketa-ibilbidearen balorazioa, argitalpenak, aurretiazko proiektuak, ikerketa ebaluatzaile edo aplikatuan izandako esperientzia eta taldea enkarguaren gaiarekin bat etortzea (gehienez 15 puntu).
c) Aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta ekarpena osasunari dagokionez: emaitzek ezagutza erabilgarria sortzeko, prozesuak hobetzeko, erabakiak hartzen laguntzeko edo osasun-sistemari balioa emateko duten potentziala baloratzea (gehienez 15 puntu).
Ebaluazio honetan 30 puntu baino gehiago lortzen ez dituzten eskabideak ez dira finantzagarritzat joko.
2) Enkarguari egokitzea eta gauzatzeko gaitasuna (gehienez 40 puntu).
a) Enkarguari egokitzea eta arazoa ulertzea (gehienez 20 puntu): Irizpide hau baztertzailea izango da, baldin eta uste bada ez datorrela bat espero diren helburu eta emaitzekin edo partzialki betetzen dituela.
– Proposamena Administrazioak definitutako azken zehaztapen teknikoetara eta entregagaietara egokitzea (gehienez 10 puntu).
– Aurreikusitako entregagaien argitasuna, egokitasuna eta kalitatea (gehienez 5 puntu).
– Proposamenaren balio erantsia, berrikuntzari, ikuspegi metodologikoari edo ekarpen diferentzialari dagokienez (gehienez 5 puntu).
b) Gaitasun operatiboa, instituzionala eta kudeaketakoa (gehienez 20 puntu):
– Erakunde eskatzaileak proiektua garatzen laguntzeko duen gaitasuna (azpiegitura, laguntza teknikoa, ingurune instituzionala) (gehienez 10 puntu).
– Arriskuak identifikatzea eta proposatutako arintze-neurriak egokitzea (gehienez 5 puntu).
– Enkarguaren epeak eta entregagaiak betetzen direla bermatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak egokitzea (gehienez 5 puntu).
Guztizko puntuazioa lortzeko, kalitate zientifiko-teknikoari eta eskaerarekiko egokitzapenari eta egikaritze-gaitasunari dagozkien puntuazioak gehituko dira; beraz, gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da.
5.– Balorazio Batzordeak txosten bat emango du egindako ebaluazioaren emaitzarekin, seigarren oinarrian adierazitako modalitate bakoitzeko, eta lortu diren azken puntuazioen araberako lehentasun-hurrenkera bat ezarriko du, hamabigarren oinarri honen 4 puntuan zehaztutako balorazio-irizpideei jarraikiz.
6.– Lerro eta modalitate bakoitzean, haietariko bakoitzerako banatuta, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak honako hauek ezarriko ditu: zenbateko dirulaguntza eman behar den, proposamen bakoitzak lortu duen orotariko puntuazioaren arabera ordenatutako proiektu-zerrenda kontuan hartuta; kanpoko ebaluatzaileek aurkeztutako aurrekontuaren egokitasunari, koherentziari eta nahikotasunari buruzko balorazioa, eta dauden baliabide ekonomikoak.
Laguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gaindituko kanpoko ebaluatzaileek proiektua behar bezala gauzatzeko egokitzat jotzen duten zenbatekoa, eta finantzaketa muga horretara egokituko da aurkeztutako aurrekontua neurriz gainekoa dela irizten denean.
Areagotze-lerroari dagokionez, ordeztearen kostu egiaztatuaren % 100 aplikatuko da, seigarren oinarrian adierazitako 85.000 euroko gehieneko mugarekin.
Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kontuan hartuko ditu deialdi honen 8. artikuluan adierazitako murrizketak.
7.– Emandako laguntzek eskatu den kopurua osorik edo partez estali ahal izango dute; hala ere, baterako finantzaketa kontuan hartuta, ezin izango da inola ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.
Hamahirugarrena.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.
1.– Aurkeztu diren eskabideak lerro bakoitzerako prozedura desberdin bat hartuta izapidetuko dira (seigarren oinarrian jasotzen den bezala), eta bakoitzari dagokion ebazpenarekin amaituko da. Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari dagokio agente eskatzaileek proposatutako gai guztiak erabakitzeko ebazpenak ematea, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak proposatuta.
2.– Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko dira; horretarako epea, gehienez ere, sei hilekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ez bada ebazpenik argitaratu, agente eskatzaileek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, halaxe ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikuluan.
3.– Ebazpenetan zehaztuko da eskatu diren dirulaguntzak emango diren ala ez; emanez gero, diruz lagundutako proiektua adierazi beharko da, baita agente onuradunak, dirulaguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak eta justifikazioa ere, agindu honen hamabosgarren oinarrian xedatzen denaren arabera. Ukatutakoen kasuan, ukatzeko arrazoiak jasoko dira.
4.– Agenteek espresuki uko egin ahal izango diote laguntzari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 eguneko epean. Aipatutako epean uko egiten zaiola adierazi ezean, deialdiaren ondoreetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.
5.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Aurka egin nahi izatera, agente onuradunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.
Hamalaugarrena.– Agente onuradunen betebeharrak.
1.– Indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatu beharreko beste betebehar batzuk eta, bereziki, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen entitate onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Dirulaguntza eman den xede zehatzerako eta kontzeptuetarako erabiltzea.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren egitekoak betetzeko deialdi honetako dirulaguntzen inguruan eskatzen dituzten argibideak ematea.
c) Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, ahal bezain laster jakinaraztea Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari.
d) Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, ahal bezain laster, xede bererako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk lortu dituztela, hala badagokio.
e) Proiektuen emaitzen zabalkundea egitea.
2.– Eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi bada, aurrez eta arrazoituta eskatu beharko zaio Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, hamaseigarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Deialdi honen ondoreetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat joko, baldin eta aurreikusitakoaren % 20 gainditzen ez badute.
Dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki ahal izango du, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluko 1 puntuan ezarritako baldintzak betetzen direnean.
3.– Halaber, agente onuradunek neurriak hartu beharko dituzte diruz lagundutako jardueren finantzaketaren izaera publikoaren zabalkundea egiteko, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, eginbidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak –behar bezala ikuskatuak– eramateari dagokionez, bat etorriz merkataritzako eta, hala badagokio, sektoreko legeek eskatutako zehaztapenekin, bai eta EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 14, 27 eta 36 artikuluetan ezarritako gainerako betekizunekin ere.
4.– Agente onuradunek enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu behar dute, EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hamabosgarrena.– Laguntzen ordainketa, jarraipena eta justifikazioa.
1.– Dirulaguntzak urtebetekoak edo urte anitzekoak izango dira, onartutako proiektuak duen iraupenaren arabera eta aurkeztutako laguntza-lerroak dituen ezaugarrien arabera, deialdi honen seigarren oinarrian ezarritakoarekin bat. Diruz lagunduko diren jarduketak 2026ko aurrekontu-ekitaldian hasiko dira.
2.– Urte anitzeko proiektuen kasuan, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuen betetze-mailaren urteko jarraipena egingo du, proiektuaren koordinatzaileak aurkeztu dion dokumentazioa oinarri hartuta.
Dokumentazio hori memoria zientifiko bat izango da, IV-S eranskinean azaltzen den eskemari jarraituz egindakoa. Memoria zientifiko horretan, proiektua nola dagoen deskribatuko da, egindako jardueren azalpena egingo da, baita betearazpen ekonomikoari buruzko laburpena ere, eragile onuradun bakoitzeko.
Lehenengo urteko ordainketaren jarraipenaren justifikazioan, bigarren ordainketa baino lehen, aldeko txostena edo, hala badagokio, Ikerketaren Etikako Batzorde eskudunaren eta ikerketaren arloan dauden hitzarmenak eta arauak betetzen direla zaintzeaz arduratzen diren kide anitzeko beste organo batzuen irizpena aurkeztuko da (hamargarren oinarria, sei puntua).
Memoria zientifikoak jarraipenaren urte naturalean (urtarriletik abendura) egindako jarduerak jasoko ditu, eta hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen aurkeztuko da. Azken ekitaldian ez da jarraipen-memoriarik egin beharko, horren ordez amaierako justifikazioa egingo baita. Proiektua koordinatzen duen ikertzaile nagusiak sinatuko ditu jarraipen-memoriak.
Luzatutako proiektuetan, hasieran azkenekotzat aurreikusitako urtea tarteko ekitaldi bihurtzen da, eta, beraz, dagokion jarraipen-memoria egin beharko da.
3.– Proiektua amaitzean, oinarri honen 4 puntuan xedatzen diren epeen arabera, agente onuradunek justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Justifikazio-memoria zientifiko global bakar bat proiektu bakoitzeko, IV-A eranskineko eskemaren arabera egina. Memoria zientifikoak hauek zehaztuko ditu: eginiko jarduerak, planteatutako helburuen lorpen-maila edo aurrerapena, eta lortutako emaitzak. Proiektuaren koordinatzaileak sinatuko du memoria.
b) Parte hartzen duen agente bakoitzaren justifikazio-memoria ekonomikoa (IV-B eranskina), agente onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatua (Excel formatuko fitxategia erantsi behar da). Memoria ekonomikoarekin batera, fakturen kopiak aurkeztuko dira, eta, hala badagokio, ikertzaileek proiektuan sartutako orduen kostuaren ziurtagiria, justifikazio-epealdiko gastuak agiri bidez egiaztatzeko. Langile-gastuak sartuz gero, soldata gordinari eta enpresaren kargurako gizarte-segurantzaren kostuei dagokien zenbatekoa banakatu beharko da. Dokumentazio hori justifikazio-memoria ekonomikoan aurkeztu den ordena berean bidaliko da. Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Jatorrizko fakturak agente onuradunean artxibatu beharko dira, gehienez ere bost urtez, justifikazio-epealditik kontatzen hasita, eta eskuragarri egongo dira Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egiten duen edozein egiaztapenetarako.
Elkarlaneko proiektuen agente onuradunek EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera egin beharko dute justifikazioa.
Proiektu bakoitzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dela-eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 75. artikulua –justifikazio-kontu sinplifikatua arautzen du– aplikatu behar bada, artikulu horretan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da. Justifikazio-modalitate horretarako, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak aukera izango du egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko ebidentzia lortzeko aukera ematen duten frogagiriak laginketa-tekniken bidez egiaztatzeko, eta, horretarako, hautatutako gastu jakin batzuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio onuradunari.
4.– Laguntza zuzenean ordainduko zaie agente onuradunei, honela:
1) Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzea:
a) Lehenengo urteari (2026) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, hamahirugarren oinarriko lau puntuari jarraikiz–.
b) 2027., 2028. eta 2029. urteetako ordainketa egingo da, hala badagokio, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero (hamabosgarren oinarri honen 2 puntuan aipatutakoa). Koordinatzaile diharduen agenteak urtero bidaliko dio memoria hori aipatutako Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen. 2027. urteari dagokionez, proiektuaren jarraipenari buruzko memoria zientifikoarekin batera, aldeko txostena edo, hala badagokio, Ikerketaren Etikako Batzorde eskudunaren eta ikerketaren arloan dauden hitzarmenak eta arauak betetzen direla zaintzeaz arduratzen diren kide anitzeko beste organo batzuen irizpena aurkeztu beharko dira, emandako laguntza libratzeko.
c) Azken urteko ordainketa ez da ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100 izango, % 80 baizik. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, hamabosgarren oinarri honen 3 puntuan ezarritakoaren arabera. Diruz lagundutako proiektua amaitu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da azken dokumentazio hori.
2) Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzea.
a) Lehenengo urteari (2026) dagokion laguntzaren zenbatekoa berehala emango zaio agente onuradunari, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, hamahirugarren oinarriko lau puntuari jarraikiz–.
b) 2027. eta 2028. urteetako ordainketa, hala badagokio, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak proiektuaren jarraipen-memoria zientifikoa onartu eta gero egingo da (hamabosgarren oinarriko 2 puntuaren arabera). Agente onuradunak urtero bidaliko dio memoria hori Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen.
c) Azken urteko ordainketa ez da ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren % 100 izango, % 80 baizik. Gainerako % 20a baldintzapean geratuko da, eta azken agiri-justifikazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da, hamabosgarren oinarriko 3 puntuan ezarritakoaren arabera. Diruz lagundutako proiektua amaitu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da azken dokumentazio hori.
3) Osasuneko ikerketa estrategikoa indartzea:
a) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, hamahirugarren oinarriko lau puntuari jarraikiz–.
b) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da. Dokumentazioak 2026ko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte egindako gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita, hamabosgarren oinarriaren 3 puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) aurkezteko azken eguna 2027ko urtarrilaren 8a izango da.
4) Ikerketa-lan komisionatuak:
a) Emandako laguntzaren zenbatekoaren % 80 berehala transferituko zaie agente onuradunei, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren –onarpen hori espresua edo isilbidezkoa izan daiteke, hamahirugarren oinarriko lau puntuari jarraikiz–.
b) Gainerako % 20a amaierako justifikazio-dokumentazioa entregatu eta onartu ondoren ordainduko da. Dokumentazioak 2026ko ekitaldian egin den jarduera guztia jasoko du (abenduaren 31ra arte egindako gastuekin), IV-A eranskina (memoria zientifikorako) eta IV-B eranskina (memoria ekonomikorako) erabilita, hamabosgarren oinarriko 3 puntuan ezarritakoaren arabera. Amaierako memoriak (zientifikoa eta ekonomikoa) aurkezteko azken eguna 2027ko urtarrilaren 8a izango da.
Onuradunei emandako funtsekin sortutako finantza-etekinek ez dute handiagotuko dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.– Amaierako memoriekin batera, hala badagokio, hauen kopia bana aurkeztuko da: proiektua burutzearen ondorioz sortu diren argitalpenak, tesiak, karrera-amaierako proiektuak, kongresuetan eginiko komunikazioak eta bestelako dokumentuak. Horietan guztietan, eta geroago sor litezkeenetan, berariaz aipatu behar da Osasun Sailak emandako laguntza. Ikerketaren emaitzak ahalik eta erabiltzaile gehienek ezagut ditzaten, Osasun Sailak finantzatutako proiektuei buruzko artikuluak argitara emango dira, eta, horretarako, sarbide libreko aldizkariak erabiliko dira, bai eta argitaratu eta urtebetera eskuratzeko moduan egongo direla bermatzen dutenak ere.
6.– Laguntzen ordainketa, jarraipena eta justifikazio-kontrola egiteko, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak entitate kolaboratzailearen laguntza izango du, zeina gutxienez hauetaz arduratuko baita:
– Proiektuak betetzearen egiaztagiriak ikuskatzea, eragile onuradunei laguntza ordaindu aurretik.
– Diruz lagundutako jarduketa egin dela egiaztatzea, eta emaitzak ebaluatzea, bai eta laguntza emateko erabakigarria izan den helburua bete den ere.
– Laguntzak emateko eskakizunak mantendu direla egiaztatzea.
– Ordainketa-proposamena egitea artikulu honetan xedatuari jarraikiz.
Lehenengo bi puntuetan jasotako zereginak egiteko, erakunde laguntzaileak kanpoko ebaluatzaile espezializatuen laguntza izan dezake, analisiaren objektibotasuna eta kalitatea bermatzeko. Berrikuspen horren emaitza txosten edo memorietan zehaztuko da, eta, besteak beste, justifikazio zientifiko-teknikoan eta/edo ekonomikoan jasotako gastuak laguntzan aurreikusitako helburuetara egokitzen direla eta aurreikusitako helburuen lorpen-maila jasoko dute.
Nolanahi ere, aurreko lanen emaitza Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.
7.– Halaber, amaierako memoriekin batera aurkeztuko da, hala badagokio, jarduerak egikaritu direla dokumentatzen duten bestelako entregagaien kopia bat.
8.– Agente onuradunak ikusten badu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik eta azkarren jakinarazi beharko dio Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.
9.– Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren likidazioa egiteko ebazpena eman dezala, eta zehaztu dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.
10.– Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, komenigarria dela uste badu, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkezteko eska dezake.
Hamaseigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada, eta beste edozein entitate publiko zein pribatutatik beste dirulaguntzaren bat aldi berean jasotzen bada, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak izango du zenbateko-murrizketaren espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.
2.– Proiektuaren garapen-prozesuan, gastu jakin batzuetara bideraturiko zenbateko partzial batzuetan aldaketak egitea beharrezko iritziz gero –betiere, laguntzaren guztizkoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, eta agente onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin. Deialdi honen ondorioetarako, hamalaugarren oinarriaren 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzea ez da aldaketatzat joko, baldin eta % 20 gainditzen ez badu. Era berean, idatziz eskatu beharko da, aldez aurretik eta behar bezala arrazoituta, metodologian, lan-plangintzan edo ikertzaile-taldearen osaeran aldaketak egitea.
Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea.
3.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko eta Ikerketa sanitarioko jarduera areagotzeko lerroen bidez finantzatutako proiektuen kasuan, proiektuaren amaiera atzeratzen bada agente onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta, Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du. Luzapen hori ez da izango proiektua egiteko hasieran aurreikusi zen epearen iraupenaren erdia baino handiagoa, eta galdutako denborarekiko proportzionala izango da. Argitalpenei buruzko gastuak egikaritzeko luzapen-eskabideak ez dira aintzat hartuko.
Hamazazpigarrena.– Entitate onuraduna aldatzea.
1.– Entitate onuraduna aldatzeko, organo laguntza-emailearen aurretiazko baimena beharko da, baldintza hauetan:
a) Entitate onuradun berriak laguntzaren onuradun izateko bete beharreko baldintzak eta eskakizunak bete beharko ditu, agindu honetan xedatuarekin bat.
b) Entitatea aldatzeko eskaerak hauek hartuko ditu barnean:
– Ikertzaile nagusiaren, entitate onuradunen zuzendaritzaren eta aldaketa eskatzen duen entitatearen eta entitate onuradun berriaren legezko arduradunen aldaketa-onarpena;
– eskaeraren justifikazio arrazoitua (aldaketaren arrazoiak); eta
– erabili ez diren funtsak Osasun Sailari eskualdatzeko konpromisoa.
c) Hurrengo urteei dagokien dirulaguntza entitate onuradun berriari ordainduko zaio.
d) Bai jatorrizko entitate onuradunak eta baita entitate onuradun berriak laguntzekin lotutako jarraipen- eta justifikazio-betekizunak bete beharko dituzte.
2.– Ikerketa sanitarioko jarduera sustatzeko lerroan soilik eman ahalko da entitate onuraduna aldatzeko baimena (seigarren oinarria, 1. puntua).
Hamazortzigarrena.– Ez-betetzeak eta itzulketa.
1.– Itzulketari, horren arrazoiei eta jarraitu beharreko prozedurari dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
Ez-betetzea eragingo duten kasuak izango dira honako hauek, eta jasotako dirulaguntzak itzuli beharra ekarriko dute:
a) Laguntza emateko ebazpenaren baliorik eza, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.
b) Eskatzen diren baldintzak faltsutuz lortzea laguntza.
c) Proiektuaren helburua, osorik edo zati batean, ez betetzea, jarraipen, kontrol eta egiaztapen mekanismoen bidez zehaztua, edo dirulaguntza emateko oinarri izan den portaera ez onartzea Nolanahi ere, dirulaguntza itzuli beharko da erakunde onuradunak ez badu lortu diruz lagundutako zenbateko osoaren % 50eko edo gehiagoko justifikazio-maila. Halaber, ex post ebaluazio negatiboa eginez gero, ikertzaile nagusiak ezin izango du eskabide berririk aurkeztu programa beraren hurrengo deialdian, eta urtebetez egongo da zigortuta. Ez-betetze partzialen kasuan, erakunde onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat egin duela, itzuli beharreko zenbatekoa honako mailakatze-irizpide hauek aplikatuz zehaztuko da: lortutako gauzatze-maila proiektuaren helburuaren % 75ekoa edo handiagoa bada, gauzatu gabeko ehunekoarekiko proportzionala den zenbatekoa itzuliko da; egikaritze-maila % 50ekoa edo handiagoa eta % 75etik beherakoa bada, jasotako dirulaguntzaren erdia gehi gainerako erdiaren gaineko gauzatze-defizitarekiko proportzionala den zenbatekoa itzuliko da. Konpromisoak betetzeko zalantzarik gabeko jokabidea egiaztatzeko, eskura dauden egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, ikertzaile nagusiak proiektuaren gauzatze-egoerari eta ez-betetze partzialaren arrazoiei buruz egindako txosten arrazoituarekin batera.
d) EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan ezarritako gainontzekoak.
2.– EAEko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena), ez-betetzea dagoen kasuetan, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ezarriko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako. Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du ez-betetzearen espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak hura ebaztekoa.
3.– Ez-betetzea dela-eta laguntza itzuli behar izanez gero, laguntza jaso duen agente onuraduna izango da erantzule Osasun Sailaren aurrean.
4.– Entitate onuraduna aldatzen bada eta uzten duen entitateak emandako laguntzaren urterokoren bat jaso badu, Osasun Sailari itzuli beharko dizkio erabili ez dituen funtsak.
RSS