Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2026ko azaroaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4970

1851/2026 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira desgaitasun intelektuala duten pertsonek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko 2023-2024-2025 urteetetako hautaketa-prozesua arautuko duten oinarriak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez, onartu ziren Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak. Ebazpen horretan xedatu zenez, berariazko lan-eskaintza publikoaren bidez, adimen-desgaitasunaren kupoan parte hartzen duten pertsonentzat gordetako plazen deialdia egingo da, eta 2023-2024-2025eko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren barruan gutxienez 25 plaza izango dira, desgaitasun intelektualaren tasari buruz indarrean dagoen araudia betetzeko.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Enplegu publikoaren eskaintza espezifikoaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko gisa 30 lanpostu betetzeko hautaketa-probetarako deia egitea, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat.

Bigarrena.– Oinarriak ezartzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa probak arautzeko (I. eranskina).

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 10a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN DESGAITASUN INTELEKTUALA DUTEN PERTSONEK LOTURA ESTATUTARIO FINKOA LORTZEKO HAUTATZE PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRIAK

1.– Xedea.

1.1.– Oinarri hauen xedea da adimen-desgaitasuna duten pertsonek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesu espezifikoa arautuko duten arau orokorrak ezartzea, oposizio-lehiaketa sistemaren bidez. 30 plaza izango dira guztira: erizaintzako zainketa osagarrietako teknikari laguntzaile (5), zeladore laguntzaile (12) eta zerbitzu osagarrietako langile (13) jarduteko. Plaza horiek, lehentasunez, Arabako ESIn (Santiago eta Txagorritxu Ospitalea), Gurutzetako eta Basurtuko Ospitalean eta Donostia Ospitalean egongo dira, edo, hala badagokio, benetako laneratzea eta dagozkion eginkizunak behar bezala betetzea bermatzeko antolaketa-baldintza egokiak dituzten beste erakunde batzuetan.

1.2.– Lanpostuen eginkizunak.

– Erizaintzako zaintza osagarrietako teknikari laguntzailea:

Hainbat lan egingo ditu: materiala, ekipoak, tresnak, altzariak eta gailu klinikoak garbitu eta desinfektatu, hondakin urbano eta sanitarioak desagerrarazi, arropa zuria prestatu, birjarri, biltegiratu eta banatu.

Pazientearen ohea egin, erabilitako/zikindutako arropa zuria jaso eta orgetan eraman jasotzeko puntura.

Sendaketa-orgak, erabili eta botatzeko materiala eta altzariak garbituko ditu. Medikazio-gela jaso, garbitu eta ordenatu (termometroak, bateak, etab.).

Pazientea/erabiltzailea bere eremuan zehar mobilizatuko du, ezarritako protokoloei eta jarraibideei jarraituz.

Janaria unitatearen jarraibideen arabera banatuko du.

– Zeladore laguntzailea:

Hainbat lan egingo ditu: askotariko materiala birjarri, biltegiratu eta banatu, aparatuak unitate batetik bestera eraman edo altzariak lekuz aldatu.

Dokumentazioa jasotzeko edo banatzeko eremuko zereginak, posta.

– Zerbitzuetako langile laguntzailea:

Sukalde zerbitzuko laguntzailea:

Askotariko lanak egingo ditu arlo hauetan: ekoizpena, banaketa, tresneriaren garbiketa eta zainketa eta lantaldeak.

Garbiketa zerbitzuko laguntzailea:

Garbiketa- eta desinfekzio-lanak egingo ditu, batez ere «arrisku txikikotzat» jotako eremuetan, hala nola, bulegoetan eta administrazio-eremuan, biltegietan, edo leku komunetan, hala nola eskaileretan, sarreran, itxarongeletan, etab.

Horrez gain, materiala garbitu, biltegiratu eta birjarriko du.

Hondakin ez-arriskutsuen bilketa egingo du.

Arropategiko zerbitzuetako laguntzailea:

Uniformeak kontrolatzeko arloko hainbat lan egingo ditu.

Garbitegiko zerbitzuetako laguntzailea:

Askotariko lanak egingo ditu arlo hauetan: arropa zikina jaso eta sailkatu, arropa garbia jaso eta sailkatu, garbigailuak, lehorgailuak eta kalandrak kargatu eta hustu, eta orgak eta kaiolak ikuztegiko eremu batetik bestera eraman.

1.3.– Oinarri horiekin, erraz irakurtzeko moduko dokumentu sinplifikatu bat egingo da.

2.– Eskakizunak.

Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, aurkezteko epearen azken egunean, oinarri orokorretan jasota dauden baldintzez gain eta horietan aurreikusten diren salbuespenak kenduta, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte.

a) Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak egindako eta Espainiako Estatuak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera langileen joan-etorri askea aplika dakiokeen Estaturen bateko nazionalitatea izatea.

Era berean, onartuak izan daitezke aurreko paragrafoan aipatzen diren nazionalen ezkontideak, betiere zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta izangaiaren eta bere ezkontidearen ondorengoak ere, baldin eta bi ezkontideak ez badaude zuzenbidez bananduta, ondorengoak hogeita bat (21) urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanda ere haien kargu bizi badira.

b) Adina: 16 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko adina ez gainditzea.

c) Desgaitasun diagnostikatua: adimen-desgaitasuna, eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortua izatea, foru-aldundietako organo eskudunak, Imsersok edo baliokideak ziurtatua, eta eskabideak aurkezteko epearen azken egunetik aurrerako ondorioekin.

Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea egiteko unean adimen-desgaitasuna baloratzeko prozesuan dauden izangaiek, oraindik aitorpen-ebazpenik ez badute, hautaketa-prozesu honetan izena eman ahal izango dute, eta desgaitasuna baloratzeko eskabidearen kopia aurkeztu beharko dute. Ondoren, destino-aukera izanez gero, eskatutako adimen-desgaitasuna egiaztatu beharko dute destinoak aukeratzeko epea amaitu baino lehen. Bestela, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

Era berean, adimen-desgaitasunaren legezko izaera aitortuta duten pertsonek eskabidean jaso beharko dituzte hautaketa-probak egiteko beharrezkotzat jotzen dituzten egokitzapen teknikoak, eta desgaitasuna duen pertsonak enplegu publikora sartzeko hautaketa-prozesuetan bitartekoak eta denborak egokitzeko eta arrazoizko beste doikuntza batzuk egiteko irizpide orokorrak ezartzen dituen uztailaren 23ko PJC/804/2025 Aginduaren eranskinetan jasotako aurreikuspenak aplikatu ahal izango dira, betiere desgaitasuna eta egin beharreko proba zuzenean lotuta badaude.

d) Agindutako zereginak betetzeko gaitasun funtzionala izatea eta dagozkion eginkizunak betetzearekin bateraezina den osasun-arazorik ez izatea.

Hori dela eta, lanpostuaz jabetu aurretik, osasun-azterketa/azterketa medikoa egin beharko dute esleitutako destinoko zerbitzu-erakundean, esleitutako lanpostuaren zereginak normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko, bai eta, hala badagokio, lanpostuan edo haren zereginetan egokitzapenak egin behar zaizkien ala ez zehazteko ere.

e) Deialdiaren aurreko sei urteetan edozein osasun-zerbitzutatik edo administrazio publikotik diziplina-espediente bidez bananduta ez egotea, eta funtzio publikoak betetzeko edo, hala badagokio, dagokion lanbiderako desgaituta ez egotea.

f) Epai irmo bidez kondenatuta ez egotea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik, Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketako edozein deliturengatik, edo Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan aipatutako delituren batengatik. Egoera hori egiaztatzeko, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da.

a) paragrafoan aipatutakoaz bestelako nazionalitatea duten pertsonei, edo Espainiakoaz gain beste nazionalitate bat dutenei, eskatuko zaie inhabilitatuta edo horren egoera baliokidean egon ez daitezen, eta ez dezatela izan Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren jatorrizko herrialdean edo euren nazionalitateko herrialdean. Era berean, beren jatorrizko herrialdean edo nazionalitatekoan epai irmo bidez kondenatua ez izatea eskatuko zaie, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluan aipatzen diren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenean xedatutakoaren arabera adingabeekin lanbidean aritzea eragozten duten delituengatik.

g) Ezintasun edo bateraezintasuneko lege-auzian sartuta ez egotea, esleitutako destinora benetan sartzeko unean indarrean dagoen araudiaren arabera, araudi horrek ematen dion aukeratzeko eskubidea salbu utzita. Esleitutako destinoaren esleipenaren aurretik agintaritza eskudunak izangaiak izena eman duen kategoria / lanpostu funtzionaleko ohiko lanbideari lotutako ezintasun iraunkor absolutua edo ezintasun iraunkorra aitortzen badio izangaiari, ez da beteko apartatu honetan ezarritako eskakizuna.

Egoera horretan dagoen pertsonak egoera horren berri eman beharko dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Pertsonen eta Talentuaren Zuzendaritzari, ezintasun iraunkorraren aitorpenaren jakinarazpena jasotzen duen unean. Ezintasuna berrikus daitekeen kasuetan, epea emango da destinoen hautaketa ireki arte, berrikuspen-prozedura baten ondorioz lanpostura itzultzea erabaki dela ziurtatzeko.

h) Titulazioa: zeladoreen eta zerbitzuetako langileen laguntzaileen hautaketa-prozesuan parte hartzeko deialdiak ez du eskatzen hezkuntza-sisteman aurreikusitako titulazio ofizialik izatea, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Erizaintzako zainketa osagarrietako teknikari laguntzailearen hautaketa-prozesuan parte hartzeko, beharrezkoa da Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako erizaintzako zaintza osagarrietako teknikari titulazioa edo baliokidea izatea, eskuratu nahi den lanpostu funtzionala betetzeko eskatzen dena, hauen arabera: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera, edo, hala badagokio, titulu hori jasotzeko eskubideak ordainduta baditu, eskabideak aurkezteko epearen barruan. Titulu hori edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria eskabideak aurkezteko epearen barruan aurkeztu beharko da.

Atzerriko titulazioen kasuan, homologazioa egiaztatzen duen egiaztagiria eduki beharko da, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera, edo titulua ondorio profesionaletarako aitortzea, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera (otsailaren 21eko 103/2014 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori), aplikatzekoak diren heinean.

Homologazio- edo aitorpen-prozesuaren ondoren lortutako titulazioak geroago aurkeztea onartuko da, betiere homologazio- edo aitorpen-eskabidea hautaketa-prozesu honetan izena emateko epea amaitu baino lehen egin bada.

3.– Eskabideak aurkeztea.

3.1.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua.

Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek bide hauetakoren bat erabiliz egin beharko dute eskabidea:

Internet bidez, Osakidetzaren web-orrian dagoen eredua beteta, helbide honetan: www.osakidetza.euskadi.eus

Eskabidea aurkezteko egokituko diren tokietan:

– Bilbao.

– Donostia / San Sebastián.

– Vitoria-Gasteiz,

kokapen espezifikoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean emango da.

Prozesuan onartua izateko, dagokion eskabidea bete behar da, garaiz eta behar bezala, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Izangaiek hilabeteko epea izango dute, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eskabidea garaiz eta behar bezala aurkezteko, oinarri hauetan adierazitakoaren arabera. Epe hori azken eguneko 14:00etan amaituko da.

Inskripzio-prozesuan gorabehera teknikoren bat gertatuz gero, horretarako adieraziko den telefonora edo helbide elektronikora jo ahal izango da. Bi horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko dira.

Izangaiek eskabidean adierazi beharko dute zein hizkuntza ofizialetan –euskaraz edo gaztelaniaz– egin nahi duten oposizio-faseko ariketa. Atal hori ez bada betetzen, probak gaztelaniaz egin nahi direla ulertuko da.

3.2.– Eskabidean adierazitako jakinarazpenetarako eta harremanetarako baliabideak.

Jakinarazpenetarako, eskabidean ageri diren etxeko helbidea eta helbide elektronikoa baino ez dira hartuko kontuan.

Eskabidean helbide elektronikoa edo telefono mugikorreko zenbakia adierazten duten izangaiek hura erabiltzeko baimena ematen diote Osakidetzari, hautaketa-prozesuan zehar egin ditzakeen jakinarazpenetarako.

Izangaiarena berarena bakarrik izango da erantzukizuna, baldin eta adierazitako helbidean, posta elektronikoan eta telefono-zenbakian akatsak badaude eta, horiek aldatu arren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinarazten ez badio.

4.– Eskakizunen eta merezimenduen egiaztapena.

Parte-hartzaileak berariaz aurka egin ezean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du honako informazio hau Euskadiko Administrazioen Segurtasunerako eta Elkarreragingarritasunerako Nodoan (NISAE) eta euskararen ezagutza egiaztatzen duten tituluen erregistro ofizialean:

– Desgaitasun baten diagnostikoa izateko betebeharra betetzea: adimen-desgaitasuna, eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila aitortua izatea, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak ziurtatua.

Hala ere, desgaitasun-ziurtagiria Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiek eman ez badiote, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute.

– Erizaintzako zainketa osagarrietako teknikari laguntzaileen hautaketa-prozesuan parte hartzeko, beharrezkoa da Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako erizaintzako zaintza osagarrietako teknikari titulazioa edo baliokidea, eskuratu nahi den lanpostu funtzionala betetzeko derrigorrezkoa baita, hauen arabera: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera, edo, hala badagokio, titulu hori jasotzeko eskubideak ordainduta baditu, eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Dagozkion egiaztapenak egin ondoren, eta ofizioz egiaztatzerik ez badago, titulu hori aurkezteko eskatu ahal izango zaio izangaiari.

– Hizkuntza-eskakizuna 1.

Dagozkion egiaztapenak egin ondoren, eta ofizioz egiaztatzerik ez badago, titulu hori aurkezteko eskatu ahal izango zaio izangaiari.

5.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

5.1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak ebazpen bat emango du, eta, bertan, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta, hala badagokio, baztertzeko arrazoia adieraziko du. Halaber, ebazpen horretan, hamar egun balioduneko epea emango du erreklamazioak aurkezteko eta eskabidea zuzentzeko. Ebazpen hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean argitaratuko da.

5.2.– Behin betiko ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen horiek argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Hautaketa-sistema.

Estatutupeko langile finkoak hautatzeko prozesua oposizio-lehiaketaren bidez egingo da.

6.1.– Oposizio-fasea: lor daitekeen gehieneko puntuazioa: 40 puntu.

Ariketa teoriko bat izango da, bi zatiz osatua: bata generikoa eta bestea espezifikoa, nahitaezkoa eta baztertzailea.

40 galderako galdera-sorta bati erantzun beharko zaio, hiru erantzun alternatiborekin. Erantzun horietako bat bakarrik izango da zuzena, eta erantzun okerrak ez dira zigortuko. 10 galdera gai-zerrenda komunari dagozkio eta 30 gai-zerrenda espezifikoari. Ariketa teorikoa gainditutzat joko da 20 galderari zuzen erantzunez gero.

Oposizio-proba prestatzeko, deitutako kategoria bakoitzari dagozkion galdera-sortak eskuragarri jarriko dira gutxienez 12 aste lehenago.

6.2.– Lehiaketa-fasea: euskararen ezagutza baloratzea.

2 puntu emango zaizkio B1 hizkuntza-eskakizunari, baldin eta honela egiaztatzen bada:

– Ariketa egiteko jarritako egunaren bezpera arte lortutako 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuz, Osakidetzak ofizioz egiaztatuta, 4. oinarrian ezarritakoaren arabera.

– Ariketa teorikoa euskaraz eginez, baina hautaketa-prozesu honetan zenbatzeko bakarrik.

– B1 hizkuntza-eskakizuna lortuz, hautaketa-prozesu honen esparruan horretarako deitutako egiaztapen-proben bidez.

Inola ere ezingo da baloratu euskara jakitea, baldin eta ez bada alegatu eta egiaztatu aurkezteko ezarritako epean.

7.– Hautaproben hasiera eta garapena.

Hautaproba egiteko deialdia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web orrian eta hedapen handieneko komunikabideetan argitaratuko da, eguna, ordua eta lekua adieraziz. Deialdi honen iragarkia EHAAn argitaratu eta hiru hilabete igaro arte ezin izango da egin.

Adierazten den egunean, orduan eta lekuan nahitaezko proba egiteko epaimahaiaren deialdira agertzen ez direnak automatikoki baztertuak izango dira hautaketa-prozeduratik. Arau bera aplikatuko zaie proba egiten hasi ondoren parte hartzen dutenei.

Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute probara, eta epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango die agiri hori aurkezteko.

Izangaiak, azterketa-gunean identifikatu ondoren, ezin izango dira atera azterketa-gunetik erantzun-orria entregatu gabe.

Proba egiteko, hala eskatzen duten izangaientzat arrazoizko egokitzapenak eta denbora- eta baliabide-doikuntzak ezarriko dira, betiere probaren edukia desitxuratzen ez bada eta zailtasun-maila edo eskakizun-maila jaisten ez bada.

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio, aurkeztutako agiriak ikusita, egokitzapenen bidezkotasuna eta zehaztapena ebaztea, hautaketa-proba bakoitzaren inguruabar espezifikoen arabera.

Egokitzapenak ez dira automatikoki emango; desgaitasuna egin beharreko probarekin zuzenean lotuta dagoen kasuetan bakarrik. Epaimahai kalifikatzaileak ziurtagiri edo informazio gehigarriak eskatu ahal izango dizkio izangaiari, aldez aurretik eskatutako egokitzapenak ematea baloratu ahal izateko. Era berean, Epaimahaiak txostena eskatu ahal izango die zerbitzu espezializatuei, eta, hala badagokio, laguntza ere bai.

Epaimahai kalifikatzaileak, hautaketa-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, deialdiaren baldintzak egokitu ahalko dizkie izangaiei, probara joan ezin badira haurdun daudelako, erditu dutelako, gaixo daudelako edo osasuneko bestelako eragozpen larririk dutelako. Aipatu egoera epaimahaiari jakinarazi beharko diote proba egin aurretik eta egiaztagiri medikoaren bidez frogatu beharko dute.

Onartuen eta baztertuen behin betiko ebazpenaren arabera, prozesuan onartutakoen artean agertzen diren izangaiak ere joan ahal izango dira probetara, bai eta, baztertutakoen artean egon arren, deitutako ekitaldian gora jotzeko errekurtsoa jarri dutela egiaztatzen dutenak ere, aurkaratzearen ebazpen irmoan zehaztutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtso horrekin batera, eskabidearen kopia aurkeztu beharko da.

Izangairen bat onartuen eta baztertuen zerrendan azaltzen ez bada, eskabidearen ale bikoiztuaren kopia eta inskripzio-eskubideengatik egindako diru-sarreraren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko ditu errekurtsoarekin batera.

8.– Hautaketa-prozesuaren kalifikazioa.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web orrian probaren erantzunen txantiloia argitaratuko da proba egiten den egun berean.

Proba egin eta Epaimahai Kalifikatzaileak zuzendutakoan, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak Osakidetzaren webgunean argitaratuko ditu izangaien emaitzak.

– Oposizioaldia gainditu dutenen zerrenda.

Hautaproba egin ondoren, epaimahaiak ikasleen zerrenda egin eta onartuko du, puntuazioaren arabera. Osakidetzako Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak Osakidetzaren webgunean argitaratzeko aginduko du.

Izangai interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, erreklamazioak idatziz aurkezteko Langileen eta Talentuaren zuzendariari. Epaimahai kalifikatzaileak nahitaezko txostena eman ondoren, Langileen eta Talentuaren zuzendariak ebatziko ditu erreklamazioak.

Erreklamazio horiek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariaren ebazpenaren bidez ebatziko dira. Ebazpen horrek izangaien behin-behineko zerrendaren ebazpena argitaratzeko agintzen du, azken puntuazioaren arabera, lehiaketa-oposizioko blokeko lehiaketa- eta oposizio-faseetan lortutako puntuazioak bereizita.

9.– Izangaien behin-behineko zerrenda, puntuazioaren arabera.

Epaimahaiak hautagaien azken puntuazioaren araberako behin-behineko zerrenda egin eta onartuko du, lehiaketa-fasean eta oposizio-fasean lortutako puntuazioak bereizita.

Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioen batura izango da.

Izangaien artean berdinketa gertatuz gero, honako honi emango zaio lehentasuna:

1. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, emakume direnei, baldin eta trebakuntzaren ikuspegitik emakumeen eta gizonen artean gaitasun bera badago, emakumeak % 40 baino gutxiago diren kidego, eskala eta kategorietan.

2. Oraindik berdinduta badaude, oposizio-fasean puntuazio handiena lortu duten izangaiak.

3. Oraindik berdinduta badaude, ariketa teorikoaren zati espezifikoan puntuazio handiena lortu duten izangaiak.

4. Oraindik berdinduta badaude, lehenagoko jaiotze-data duen izangaiaren aldeko ebazpena emango da.

Ebazpenak lau eranskin izango ditu:

– I. eranskinean, hautaketa-prozesua gainditu duten eta destinoa hautatzeko aukera duten izangaien zerrenda jasoko da.

– II. eranskinean, hautaketa-prozesua gainditu duten gainerako izangaien zerrenda jasoko da.

– III. eranskinean, prozesutik baztertutako pertsonen zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita.

– IV. eranskinean deialdiaren xede diren destinoen zerrenda jasoko da.

Izangaiek 15 egun izango dituzte, ebazpen hau Osakidetzaren web-orrian argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, egoki iritzitako erreklamazioak jartzeko. Horretarako, epaimahai kalifikatzaileko buruari zuzendutako idazkia baliatuko dute, eta erreklamazio horiek izangaien behin betiko ebazpena argitaratzearekin bat onartu edo baztertuko dira.

Epe berean, I. eranskinean agertzen diren izangaiek eskainitako destinoak aukeratu beharko dituzte, lehentasun-ordena adierazita. Horretarako, eskura izango duten inprimakia beteko dute.

Izangaiaek eskainitako destino guztiak edo batzuk aukeratu ahal izango dituzte, eta ez dira horregatik hautaketa-prozesutik kanpo geratuko. Destinorik aukeratzen ez duena, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.

10.– Izangaien behin betiko zerrenda eta destinoaren esleipena. Izendapena.

Erreklamazioak ebatzi ondoren, zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Osakidetzaren web-orrian argitaratuko dira hautatuak izan diren izangaien behin betiko zerrenda eta destinoen esleipena, beharrezko baldintzak egiaztatu dituztenen artean.

Ebazpen horrek hiru eranskin izango ditu:

– I. eranskina: destino-esleipendunen zerrenda.

– II. eranskina: hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda.

– III. eranskina: prozesutik baztertutako pertsonen zerrenda, baztertzeko arrazoiak adierazita.

Lanpostuak eskatutako baldintzak betetzen dituzten izangaien artean esleituko dira, hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkeraren eta haiek adierazitako lehentasunen arabera. Aukeratutako lehentasun-ordena erabakigarria izango da eskainitako lanpostuak esleitzeko.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenaren I. eranskinean jasotako esleipendunak estatutupeko langile finko izendatuko dira.

11.– Lanpostuan jarduteko gaitasuna baloratzea.

Esleipendunek lanpostuaren zereginak behar bezala betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa izan beharko dute.

Hori dela eta, lanpostuaz jabetu aurretik, osasun-azterketa/osasun-azterketa bat egin beharko dute sartzen diren zerbitzu-erakundeko Pertsonen Zuzendaritzan bertan, esleitutako lanpostuko zereginak normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko eta lanpostuan edo lanpostuko zereginetan egokitzapenak egin behar diren ala ez zehazteko.

12.– Lanpostuez jabetzea.

Esleipendunak esleitutako destinoaz jabetuko dira, bere garaian horretarako argitaratzen den ebazpenean ezartzen den moduan.

Ebazpen horretan, lanpostuaz jabetzeko epea eta modua adieraziko dira, bai eta horretarako aurkeztu behar den dokumentazioa ere.

Lanpostua jabetzan hartzeko ezarritako egunean aipatutako agiriekin bertaratzen ez direnak edo agiri horiek aztertuta antzematen bada betebeharren bat betetzen ez dutela, ezingo dira jabetu estatutupeko langile gisa esleitu zaien destinoaz. Ondorioz, deuseztatuta geratuko dira jarduerak, eta hori ez da eragozpena izango hasierako eskabidean faltsukeriaren bat jartzeagatik izan dezaketen erantzukizuna eskatzeko.

Lanpostua esleituta duten esleipendunen lanpostu-jabetze hori bertan behera geldituko da, haien eginkizunetan 18 urte baino gutxiago dituzten adingabekoekin ohiko harremana izan behar badute eta oinarri hauetako 2.f) atalean ezarritako eskakizunak betetzen ez badituzte, Osakidetzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenaren bigarren instrukzioan ezarritakoarekin bat etorriz."

Era berean, interesdunei jakinarazten zaie, lanpostuaz jabetzeko ekitaldira dagokion epearen barruan edo, hala badagokio, emandako luzapenean, aurkeztu ezean, galdu egingo dutela hautaprobei buruzko ebazpenetan aitortu zitzaizkien eskubideak.

Azaldutakoaren arabera lanpostuaz jabetzen diren izangaiak dagokion zerbitzu sanitarioetako erakundean hasi beharko dira lanean, eginbidea bete eta hurrengo egunean, edo esleitutako lanpostuaz jabetzeko era azalduko duen ebazpenean zehaztutako egunean.

Lanpostuaz jabetzeko unean agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– NANa, pasaportea edo gidabaimena edo dokumentu baliokidea Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu kideren bateko nazionalitatea dutenentzat, edo Europar Batasuneko Itunaren arabera nahiz Espainiak berretsitako beste hitzarmen batzuen babesean nahiz lege arau baten bidez langileak estatu batetik beste batera libre ibiltzeko aukera aplikatzen zaien estatuetako nazionalentzat.

Espainiako nazionalitatea ez duten eta parte hartzeko eskubidea duten izangaiek nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute, bai eta, beste estatu bateko nazional batekin lotura badute, harekin ahaidetasun-lotura dutela eta haren kontura bizi direla edo haren kargura daudela egiaztatzen duten dokumentuak ere. Era berean, ezkontidearen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko du, non azken horrek adierazten duen ez dagoela ezkontidearengandik legez bananduta eta, hala badagokio, izangaia haren kontura bizi dela edo haren kargura dagoela.

– Diziplina-espediente bidez izangaia administrazio publikoetako zerbitzuetatik kanporatuta ez dagoela eta eginkizun publikoetarako desgaituta ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena edo hitzematea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, Espainiako estatuari buruzko aitorpenaz gain, zinpeko adierazpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez daudela inhabilitatuta edo egoera baliokidean, eta ez dutela diziplinazko zehapenik edo baliokiderik beren estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragozten dienik.

– Destinoa normaltasunez betetzeko behar den gaitasun psikofisikoa egiaztatzen duen azterketa medikoaren agiria, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak emana.

– Erantzukizunpeko deklarazioa, Adingabekoaren Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzearen eta Sexu-delitugileen erregistro zentraletik egiaztagiria eskuratzeko baimena, Osakidetzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 1314/2016 Ebazpenarekin bat etorriz.

Atzerritarrek, edo espainolaz gain beste nazionalitate bat dutenek, Sexu-gaizkileen Erregistro Zentralaren ziurtagiritik aparte, jatorrizko herrialdeko zigor-aurrekarien egiaztagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, nazioarteko hitzarmenen arabera itzulita eta legeztatuta. Horretarako, 13.5 artikuluan jasotako delituak baino ez dira baloratuko.

Zigor-aurrekarien erregistrorik ez duten herrialdeetako atzerritarrek, egiazkotasuna egiaztatzeko Osakidetzari berariazko baimena ematen dion adierazpenaz gain, jokabide onaren kontsul-ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.

13.– Lan-poltsa.

Hautaketa-prozesu honen emaitzatik lan-poltsa bat osatuko da hautaketa-prozesuan parte hartu duten pertsonekin, lanpostu hori betetzeko sor litezkeen aldi baterako beharrak betetzeko. Lan-poltsa hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lan-poltsen irizpide orokorren arabera kudeatuko da.

14.– Epaimahai kalifikatzailea.

14.1.– Izendapena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak hautaketa-prozesua kalifikatuko duten epaimahaiak izendatuko ditu.

14.2.– Osaera.

Epaimahaia berdina izango da eskainitako 3 lanbide-kategorietarako, eta sei kide titularrek osatuko dute: lau bokalek, idazkari batek eta presidente batek. Ordezko kide kopuru bera izendatuko da.

Epaimahaikide guztiek herri administrazioetako edo osasun-zerbitzuetako karrerako funtzionarioak edo estatutupeko finkoak, edo Osasun Sistema Nazionalari lotutako zentroetako langile lan-kontratudunak izan beharko dute, baldin eta haien lanpostuan edo kategorian jarduteko hautaketa-prozesuko kategorian sartzeko eskatzen den maila akademiko bera edo goragokoa eskatzen bada.

Epaimahaiko kide guztiek banaka jardungo dute, eta ezin izango dute inolako erakunde edo instituzioren ordezkari izan.

Idazkaria Osakidetzako langile finkoen artean, lehentasunez, edo, beharrezkoa balitz, edozein Herri Administrazioko langileen artean izendatuko da eta eginkizun administratiboak izango ditu, eta goi-mailako titulazioa eta epaimahaikide izango da, eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du.

Epaimahaiaren osaerak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko du, indarrean dagoen araudiaren arabera, eta inpartzialtasun-, profesionaltasun-, espezializazio- eta independentzia-printzipioei egokituko zaie.

Epaimahaiaren osaera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onartuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

14.3.– Aholkulari espezialistak.

Epaimahaiak aholkulari espezialistak izendatzeko eskatu ahal izango dio Osakidetzari, hautaketa-prozesua garatzen laguntzeko.

Bereziki, honako gai hauetan adituak diren langileak eduki ahal izango ditu:

– Adimen-desgaitasunean.

– Irisgarritasun kognitiboan eta irakurketa errazean.

– Hautaprobak egokitzen.

– Laneko arriskuen prebentzioan eta lanpostuen egokitzapenean.

– Deitutako kategorien berezko eginkizunetan.

Aholkulariek hitza izango dute, baina botorik ez, eta beren jarduera izendatutako espezialitate teknikora mugatuko dute.

14.4.– Abstenitzea eta errekusatzea.

Epaimahaia osatzen duten pertsonek ezingo dute jardun Sektore Publikoko Erregimen Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako egoeraren batean badaude, eta hala jakinarazi beharko diote deitu dien agintaritzari.

Era berean, interesdunek beren kideetako edozeinen errekusazio sustatu ahal izango dute, legez aurreikusitako kasuetan.

14.5.– Jarduteko arauak.

Epaimahaiak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 24.era bitarteko artikuluetan ezarritako arauetara egokituko du bere jarduna.

Batzordea behar bezala eratzeko, presidenteak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, eta, gutxienez, kideen erdiek egon beharko dute bertan.

Bertaratutakoen botoen gehiengoarekin hartuko dira erabakiak.

Epaimahaiko kide guztiek, idazkariak barne, hitza eta botoa izango dute.

14.6.– Eginkizunak eta ahalmenak.

Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, eta hautaketa-prozesuaren objektibotasuna, aukera-berdintasuna, irisgarritasuna eta egokitasuna bermatzeaz arduratuko da.

Epaimahaiari dagokio:

a) Ariketak egitea, onartzea eta kalifikatzea.

b) Oinarri hauek aplikatzean sortzen diren zalantzak argitzea.

c) Izangaiek eskatutako arrazoizko egokitzapen eta doikuntzen bidezkotasuna eta irismena zehaztea.

d) Irisgarritasuna eta aukera-berdintasuna bermatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten txosten teknikoak biltzea.

e) Oinarri hauetan berariaz aurreikusten ez diren kasuetarako jardun-irizpideak ezartzea.

14.7.– Zerbitzuagatiko kalte-ordaina.

Epaimahaikideek, aholkulari espezialistek eta zaintza, laguntza edo asistentzia materialeko zereginetan kolaboratzen dutenek zerbitzuagatik dagozkion kalte-ordainak jasoko dituzte, indarrean dagoen araudiaren arabera.

II. ERANSKINA
OINARRI ESPEZIFIKOAK, ERIZAINTZAKO ZAINTZA OSAGARRIETAKO TEKNIKARI LAGUNTZAILEEN, ZELADORE LAGUNTZAILEEN ETA ZERBITZUETAKO LANGILE LAGUNTZAILEEN KATEGORIETARAKO
GAI-ZERRENDA KOMUNA

1.– 16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa.

2.– 55/2003 Legea, abenduaren 16koa, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena.

3.– 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena.

4.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuak.

6.– 147/2015 Dekretua, uztailaren 21ekoa, Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duena.

7.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena.

8.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko aurretiazko borondateena.

9.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

10.– Euskadiko Osasun Ituna.

11.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 2030.

12.– Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana 2025-2028.

13.– Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana: 2022-2028.

ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEEN GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA

1.– Bilakaera historikoa. Erizaintzako arretako metodo eta prozedurak. Erizaintzako arreta-prozesua (EAP). Erizaintzako laguntzaileen eginkizunak.

2.– Larruazalaren printzipio anatomofisiologikoak. Pazientearen higienea. Kontzeptua. Higiene osoa eta partziala.

3.– Eusteko eta mugitzeko printzipio anatomofisiologikoak. Mobilizazioa eta deanbulazioa. Jarrera-higienea. Pazientearen posizioak ohean. Lekualdaketak eta mobilizazioak. Ibiltzeko laguntza. Jarrera anatomikoak. Istripu-arriskua prebenitzeko neurriak pazientearentzat. Lekualdatzeak eta mobilizazioak patologia espezifikoetan (kirurgiak, prozesu traumatologikoak, hemiplegiak...).

4.– Aparatu kardiobaskularraren eta arnas aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. Bizi-konstanteen ezaugarri fisiologikoak eta balantze hidrikoa. Kontzeptu orokorrak eta balio normalak.

5.– Medikazioa ematea. Farmakologia orokorraren printzipioak. Farmakoak emateko bide ohikoenen ezaugarri anatomofisiologikoak.

6.– Aparatu kardiobaskularraren eta arnas aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak.

7.– Digestio-aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. Kontzeptu orokorrak, elikagaiak, nutrizio-ezaugarrien araberako sailkapena, dieta arruntak eta terapeutikoak. Ahotik eta bide enteraletik elikatzea.

8.– Gernu-aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. Gernu-kanporatzea Kontzeptu orokorrak. Diuresia Gernuaren ezaugarriak Laginak hartzea. Prozedurak. Zundaketak. Zaintzekin laguntzea.

9.– Lehen sorospenak. Lehen sorospenei aplikatutako printzipio anatomofisiologikoak. Urgentzia- eta lehentasun-irizpideak. Traumatismoak. Bihotz-biriketako bizkortzeketa teknikak, asfixiak, bihotz-biriketako geldialdia.

10.– Giza premien oinarrizko zaintza bizi-zikloaren etapa guztietan: Bularreko umea eta eskola-umea. Heldua Haurduntza eta edoskitzaroa. Zahartzea, bizitzaren amaiera, hiltzeko laguntza ematea.

11.– Erizaintzako laguntzaile sanitarioa, diziplina anitzeko talde bateko kide gisa. Diziplinartekotasuna: Erizaintzako laguntzaileen eginkizunak. Gaitasunak eta jarrera. Arreta partekatua.

12.– Material sanitarioaren garbiketa, desinfekzioa eta esterilizazioa. Kontzeptuak. Oinarrizko printzipioak. Desinfekzio-metodoak. Esterilizazio-metodoak. Esterilizatzeko materiala prestatzea.

13.– Infekzioa. Kontzeptu orokorrak. Infekzio-iturria Isolamendua: Kontzeptua. Motak. Infekzioak prebenitzea Eskuak garbitu. Arreta-neurri estandarrak. Transmisioan oinarritutako neurrien protokoloa (ukipen, tanta edo aire bidezkoa). Infekzio nosokomiala.

14.– Laginak manipulatzea. Hondakin sanitarioen ezabaketa Laginak biltzea eta garraiatzea, jatorri biologikoaren arabera.

15.– Osasun-sistemaren egitura, antolaketa, asistentzia-mailak eta prestazio motak, sailak. Dokumentu kliniko eta ez-klinikoak, eta dokumentu, arau eta protokolo horien izapidetzea. Historia klinikoa.

16.– Biltegi bateko izakinak biltegiratzea eta kontrolatzea, eta produktuak edo materialak kontserbatzeko eta mantentzeko araudia.

BIBLIOGRAFIA

1.– Técnicas básicas de enfermería Evangelina Pérez de la Plaza eta Ana M.ª Fernández Espinosa. Mc Graw Hill argitaletxea. Interamericana de España, S.M. (Erdi Mailako Heziketa Zikloa). 2017ko edizioa.

2.– Higiene del medio hospitalario y limpieza del material. Ángeles López San Miguel, Dolores Fernández Villacañas Martín. Mac Millán Profesional argitaletxea (Erdi Mailako Heziketa Zikloa). Mc Graw-Hill. Interamericana de España, S.M. Evangelina Pérez de la Plaza eta Ana M.ª Fernández Espinosa. 2017ko edizioa.

3.– Administrazio-eragiketak eta dokumentazio sanitarioa María Luisa García Gómez, M.ª José Simón Saiz, Emilio Landete López. Mc Graw Hill argitaletxea (Erdi Mailako Heziketa Zikloa). 2017ko edizioa.

ZERBITZUETAKO LANGILE LAGUNTZAILEEN GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA

1.– Sukaldea. Lokalaren banaketa: Partekatutako sailak. Baldintzatutako sailak. Sutegi motak: gas propanokoa, hiri-gasa, ikatz minerala, diesel-olioa, elektrikoa. Beste bero-sorgailu batzuk: salamandra, frijigailuak, parrilla eta plantxa, prusiar parrilla, erretegia, marmitak eta presio-eltzeak, mahai beroa, zartagin eraisgarriak, maria bainua.

2.– Hotz-sorgailuak: elikagai galkorrak kontserbatzeko erabiltzen diren elementuak. Balantza eta lan-mahaiak. Marmita tapaduna. Zartagin xukaderaduna. Edukiera-neurriak. Pasapureak. Iragazki txinatarra. Morteroa. Eskuzko birringailua. Lapikoa. Paella-ontzia. Buztinezko kazola. Aizto motak: kolpekoa eta kolpe erdikoa, tipula-ganibeta, hezurrak kentzeko labana, zatitzailea, urdaiazpiko-ganibeta, puntilla, matxetea, zuritzekoa.

3.– Higienea osasun-zentroetan. Ospitale bateko garbitasunaren garrantzia. Garbiketa eta desinfekzioa. Ospitaleko garbiketan kontuan hartu beharreko arau orokorrak. Eremuen tipologia: eremu orokorrak (arrisku txikia), arrisku ertaineko eremuak, eremu kritikoak.

4.– Ospitaleko gune bakoitza garbitzeko oinarrizko tresnak, makinak eta produktuak. Ospitale-esparruko materialak eta produktuak hautatzea. Gelen garbiketa, egoeraren arabera: okupatua, hutsik, libre isolatua. Ebakuntza-gelak garbitzea. Esterilak ez diren eremuen garbiketa.

5.– Arroparen prozesamendua. Gune zikinean. Garbitzeko teknikak (tenperaturak, denborak) eta orbanak ezabatzeko oinarrizko ideiak. Gune garbian (zentrifugatzea, lehortzea, kalandratzea). Arropategian (biltegiratzea eta banatzea). Uraren kontrola. Ospitaleko arropak eta jantziak lehortzea.

6.– Lehorgailuak, lisagailuak, akabera eta tolestea.

BIBLIOGRAFIA

1.– Curso de cocina profesional. Manuel Garcés. Paraninfo/Thomson Learning argitaletxea.

2.– Manual de limpieza y mantenimiento de los hospitales. ITELek (Espainiako Garbiketa Institutu Teknikoa) argitaratua.

3.– Manual de lavandería hospitalaria. ITELek (Espainiako Garbiketa Institutu Teknikoa) argitaratua.

4.– El planchado. ITELek (Espainiako Garbiketa Institutu Teknikoa) argitaratua.

ZELADORE LAGUNTZAILEEN GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zeladoreen antolaketako eskuliburua: Pazienteen mobilizazioa. Pazienteen mugikortasuna errazteko baliabide mekanikoak. Ohea/Ohatila eta gurpil-aulkia nola erabili. Beste material, ekipo edo gailu batzuk. Terminoen hiztegia.

2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuaren suteen prebentziorako informazio-eskuliburua: suaren izaera, nola eragiten den, agente itzaltzaile ohikoenak, suteak prebenitzeko gomendioak, larrialdi-egoera. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuko informaziorako eskuliburua: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzako arrisku orokorrak: Prebentzio-zerbitzua, definizioak, osasun-inguruneko arrisku orokorrak, arrisku ergonomikoak, arrisku psikosozialak. Prebentzioko Karpeta Gorria: lan-istripuak/gorabeherak, egin beharreko jarduketak: langilearenak eta berehalako arduradunarenak, eraso baten aurrean egin beharreko jarduketak.

BIBLIOGRAFIA

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zeladoreentzako eskuliburua.

2.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuaren suteen prebentziorako informazio-eskuliburua: suaren izaera, nola eragiten den, agente itzaltzaile ohikoenak, suteak prebenitzeko gomendioak, larrialdi-egoera. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuko informaziorako eskuliburua: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileentzako arrisku orokorrak: Prebentzio-zerbitzua, definizioak, osasun-inguruneko arrisku orokorrak, arrisku ergonomikoak, arrisku psikosozialak. Prebentzioko Karpeta Gorria: lan-istripuak/gorabeherak, egin beharreko jarduketak: langilearenak eta berehalako arduradunarenak, eraso baten aurrean egin beharreko jarduketak. Hori guztia Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Prebentzio Zerbitzuak argitaratu du.


Azterketa dokumentala