
221. zk., 2026ko azaroaren 18a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4932
EBAZPENA, 2026ko azaroaren 3koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez sailkatzen baita Bilboko Udalaren diru-bilketako, kontabilitateko eta diruzaintzako eginkizunak batzen dituen lanpostua. Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago lanpostu hori.
Bilboko Udalak, 2026ko apirilaren 27ko justifikazio-txostenaren bidez, erabaki zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea diru-bilketako, kontabilitateko eta diruzaintzako eginkizunak batzen dituen lanpostua sailkatzeko. Estaturako gaikuntza duten funtzionarioentzat gordeta dago lanpostu hori.
Justifikazio-txosten horretan, lanpostua betetzeko sistema izendapen askea izatea eskatzen zen. Hala ere, 2026ko urriaren 29an, Bilboko Udaleko Giza Baliabideen Antolaketa eta Kudeaketako zuzendariaren idazki berri bat sartu zen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza honetan. Idazki horren bidez, lanpostua betetzeko sistema izendapen askea izatetik lehiaketa izatera aldatzea eskatzen du Bilboko Udalak.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuan xedatutakoaren arabera, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL, aurrerantzean) emandako idazkeran, toki-korporazio guztietan beharrezko diren hainbat egiteko publiko daude eta horien erantzukizun administratiboa Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago; eta funtzio horien artean kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa daude.
Horrela, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duenak, laugarren xedapen gehigarrian dioenez, biztanle-kopuru handiko udalerrietan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen X. tituluan eta zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera beteko dira fede publikoaren eta nahitaezko lege-aholkularitzaren funtzioak, bai eta ekonomia- eta finantza-kudeaketaren eta aurrekontu-kudeaketaren kontrolaren eta barne-fiskalizazioaren eginkizunak ere, eta kontabilitatearen, diruzaintzaren eta diru-bilketaren eginkizunak.
Laugarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuak ezartzen duenez, TAOLen X. tituluaren aplikazio-eremuko udalerrietan dagokion autonomia-erkidegoak egingo du Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena; eta 2.b) atalak dioenez, Tokiko Gobernu Batzarrari laguntzeko organoaren titularraren lanpostua Idazkaritzaren azpieskalan egongo da, goragoko kategorian, eta 1. mailan sailkatu beharko da.
Hortaz, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Bilboko Udalaren eskaerari buruz. Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak jaso du txosten hori, eta Bilboko Udaleko diru-bilketako, kontabilitateko eta diruzaintzako eginkizunak batzen dituen Estaturako gaikuntzako lanpostua sailkatzeko eskaeraren alde agertu da Foru Aldundia.
Horregatik guztiagatik, Udalak aurkeztutako eskabideak ikusirik, bat etorriz TAOLen 92 bis artikuluarekin eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilboko Udaleko diru-bilketako, kontabilitateko eta diruzaintzako eginkizunak batzen dituen lanpostua sailkatzea Diruzaintza azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu gisa.
Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema lehiaketa izango da.
Hirugarrena.– Bilboko Udalak lanpostu hori bere lanpostu-zerrendan gehitu beharko du lanpostua bete baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe eskubidez onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko azaroaren 3a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
LORETO OSA OCÓN.
RSS