Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2026ko azaroaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4742

167/2026 DEKRETUA, 2026ko urriaren 13koa, Sarea, Euskadiko Titulartasun Publikoko Espazio Eszenikoen Sarea arautzekoa.

Espainiako Konstituzioaren 148.1.17 artikuluan eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.17 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoarenak dira arte eszenikoen arloko eskumenak, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoa.

Arte eszenikoek interes estrategikoa dute kulturaren ikuspegitik eta ikuspuntu sozioekonomikotik. Horregatik, haien garrantziaz jabetuta, EAEko administrazioek berebiziko lana egin dute Euskal Autonomia Erkidego osoan azpiegitura eszenikoak sortzeko. Azpiegitura horiek koordinazio-esparru egonkorra behar dute beren zerbitzuak etengabe hobetzeko, beren jarduera sendotzeko eta sektoreak egindako sormen-ahalegin guztia balioesteko. Koordinazio-esparru horren ondorioz, Sarea deritzon ekimena sortu zen. Hain zuzen, koordinazio-esparru hori administrazioen artean izandako harremanen eta egindako baterako lanaren emaitza izan zen.

Sarea erakunde arteko sare bat da, 1993an sortua. Bertako partaide dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, foru-aldundietan kultura arloko eskumena duten sailak eta Sareari atxikitako espazio eszenikoen titularrak diren udalak nahiz udal-erakundeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-sistemaren esparruan, Sarearen helburu nagusia azpiegitura eszenikoak indartzea da, erakundeen eta espazio eszenikoen arteko lankidetzari eta koordinazioari dagokienez, Euskadin askotariko arte eszenikoen programazio profesional egonkorra, kalitatezkoa eta interesgarria bultzatzeko eta zabaltzeko. Programazio hori bitartekaritza-jarduerekin, egonaldiekin eta prestakuntzekin aberastu ahal izango da, besteak beste. Era berean, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak optimizatu nahi ditu, publiko berriak prestatzea eta sortzea ahalbidetu, eta Euskadiko arte eszenikoen eremuan daudenak hedatu eta fidelizatu, hain zuzen ere arte eszenikoetan, arte performatiboetan eta musikan.

Urteetan zehar, Sarea sendotuz joan da Euskadiko espazio eszeniko publikoetarako barneko eta kanpoko koordinazio-tresna gisa, gune horien programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileen erreferentziazko topagune gisa, informazio-iturri fidagarri eta eraginkor gisa, eta arte eszenikoen eremuan politika publikoak definitzen, diseinatzen eta ezartzen laguntzen duen azterketarako, hausnarketarako eta elkarrizketarako gune gisa.

Metatutako esperientziatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, foru-aldundiek eta Sarea osatzen duten espazio eszenikoen titular diren udalek eta udal-erakundeek beharrezkotzat eta egokitzat jo dute Sareari esparru arautzaile bat ematea, segurua, egonkorra eta alde guztiek partekatu eta adostua.

Oro har, dekretu honen helburua da, batetik, lurralde-eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzea arte eszenikoen eremuan eta, bestetik, sareko espazio eszenikoetan programazio egonkorra bultzatzea. Lehenengo kapituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu; era berean, Sarea entitatera biltzeko behar diren bideak eta betekizunak zehazten ditu, bai eta sareko kide izatearen ondorioz sortzen diren betebeharrak ere. Jarraian, bigarren kapituluak Sarearen funtzionamendu egokirako oinarriak ezartzen ditu, eta sare hori osatzen duten organoen zereginak eta osaera arautu. Aurrerago, III. kapituluan, ikuskizun gomendatuen katalogoa egiteko irizpideak eta mekanismoak definitzen dira. Bukatzeko, IV. kapituluan, Batzorde Artistikoko kideei ordaindu beharreko kalte-ordainak eta konpentsazioak ezartzen dira.

Ondorioz, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 13ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Sarea – Euskadiko Titulartasun Publikoko Espazio Eszenikoen Sarearen antolamendua eta funtzionamendua arautzea eta, halaber, haren organoak, osaera, eginkizunak eta izendapen-sistema zehaztea.

2. artikulua.– Sarearen izaera eta helburuak.

1.– Sarea erakunde arteko kudeaketa-sare bat da, Euskadiko titulartasun publikoko espazio eszenikoak elkartzen dituena. Partaidetza-, lankidetza-, prestakuntza- eta aholkularitza-sare bat da, berezko nortasun juridikorik gabekoa, eta Euskadin arte eszenikoak sustatzea eta lurraldean sozializatzea du helburu nagusi.

2.– Sareak funtsezko helburu hauek ditu:

a) Euskadiko titulartasun publikoko espazio eszeniko guztien arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzea, dagozkien gaietan.

b) Euskadiko titulartasun publikoko espazio eszenikoen, haien kudeaketa-taldeen eta zerbitzu guztien etengabeko hobekuntza sustatuko duten topaketa- eta ikaskuntza-testuinguruak sortzea.

c) Espazio eszenikoei aholkularitza ematea eskaintza eszenikoaren inguruan, eta kalitatezko programazio egonkor eta koordinatua sustatzea.

d) Espazio eszenikoen errealitatea eta haien ekintza-esparrua aztertu eta analizatzea, arte eszenikoen egoera diagnostikatzeko eta hobekuntzarako bideak identifikatzeko balio izango duten txostenak eta estatistikak eginez.

e) Erakustaldi, sorkuntza- eta bitartekotza-prozesuak eta tokiko kultura-komunitateen garapena publikoarekin eta kultura-eragileekin integratuko duten estrategia globalen garapena bultzatzea.

f) Publiko berrien sorrera eta lehendik daudenen fidelizazioa sustatzea, komunikazioa indartuz eta gizarte-errealitate berriei egokituz.

g) Euskal sektore eszenikoaren lehiakortasuna eta Euskadiko espazio eszeniko publikoen nazioarteko dimentsioa sustatzea beren ekintza kulturalaren alderdi gisa, euskal sektore eszenikoak kanpoan duen ikusgarritasuna, mugikortasun artistikoa eta nazioz haraindiko lankidetza sustatuz; hori lortzeko, nazioarteko sareekin, eragile eta kultura-erakundeekin akordioak ezarriko dira.

h) Arte eszenikoak ekoiztearen eta erakustearen alorretan EAEko erakundeek ezarritako politikak garatzen laguntzea; era berean, Euskadiko sektore eszenikoarentzat garapena dakarren edozein lan-ildorekin elkarlanean aritzea.

3. artikulua.– Sarearen osaera.

1.– Erakunde hauek osatzen dute Sarea:

a) Eusko Jaurlaritza. Sarean garatu beharreko estrategiak, jarduerak eta proiektuak koordinatzeko eta gauzatzeko ardura izango du, kulturaren eta arte eszenikoen arloan eskumenak dituen zuzendaritzaren bitartez. Zuzendaritza horrentzat izango da Sarearen Lehendakaritza.

b) Foru-aldundiak. Beren eskumenak baliatuz eta beren araudiekin bat, foru-aldundiek, kasuan kasuko sailen bidez, Sarea entitateari atxikitako espazio eszenikoen urteko programazioak eta beste prozesu batzuk babestuko dituzte, egokitzat jotzen badituzte; horretarako, espazio eszeniko horiek kudeatzen dituzten udalei edo udal-erakundeei zuzendutako dirulaguntzak –dirulaguntza izendunak edo beste erregulazio-tresna batzuk– arautzeko foru dekretuak emango dituzte, besteak beste. Kontuan hartu beharko dituzte Zuzendaritza Batzordeak lurralde-batzordeei proposatutako eta Batzarrak berretsitako programazio-irizpideak, hartara, ahal den neurrian, dirulaguntza- eta erregulazio-tresna horietan txerta daitezen.

Foru-aldundiek izango dute dagokien lurralde-batzordearen buru izateko, hura zuzentzeko eta kudeatzeko ardura.

c) Sareari atxikitako espazio eszeniko publikoen titularrak diren Euskadiko udalak eta udal-erakundeak. Beren espazio eszenikoen programazioak egiteko behar dituzten baliabideak bideratuko dituzte, eta espazio horiek kudeatzeko behar beste langile eta bitarteko esleituko dizkiete.

2.– Era berean, Sareako partaide izango dira dekretu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta sare horri atxikita dauden espazio eszenikoak. Dekretu hau indarrean jartzen den egunean, II.1 eranskinean adierazitako espazio eszenikoak daude Sarean. Urteko lehenengo seihilekoan, kultura arloko eskumena duen sailak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den aginduaren bidez, eranskin horrek jasotzen duen titulartasun publikoko espazio eszenikoen zerrenda eguneratuko du, izen-emate berriak, aldaketak eta bajak jasotzeko.

3.– Sareako partaide diren titulartasun publikoko espazio eszenikoek bigarren mailako espazioak dituzte non programazio osagarria eskaintzen den, hain zuzen, espazio eszeniko titularrak eskaini ezin duena arrazoi teknikoengatik edo bestelako arrazoeingatik. II.2 eranskinak Sareako partaide diren titulartasun publikoko espazio eszenikoei lotutako bigarren mailako espazioen zerrenda jasotzen du.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Euskadiko udalek eta udal-entitateek eskatuko dute Sarean sartzea, baldin eta espazio eszenikoen titular badira (jabetzan edo erabilera-kontratu baten pean), Sareari atxikitzeko interesa badute eta 7. artikuluan zehazturiko eskakizunak betetzen badituzte.

2.– Eskabideak Sarearen Lehendakaritzari helaraziko zaizkio, eta dekretu honen I. eranskinean xedatutako eskabide-eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dira; haiekin batera, dagokion foru-aldundiak eman behar duen baliozkotzeko aurretiko txosten bat aurkeztu beharko da, dekretu honetan jasotako baldintzak betetzen dituen arte eszenikoen programazio egonkor baten garapenari buruzkoa.

3.– Sareako kide egiteko eskabideak urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan aurkeztu ahal izango dira, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

5. artikulua.– Espedientearen instrukzioa egiteko organo eskuduna.

Espedienteak antolatu eta haien instrukzioa egiteko organo eskuduna Sarearen Lehendakaritza izango da.

6. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Espazio eszenikoak Sarean sartzeko, beharrezkoa da kultura arloko eskumena duen saileko titularrak agindu bat ematea, Sarearen Lehendakaritzak proposatuta eta Batzarrari jakinarazi ondoren. Agindu horrek amaiera emango dio administrazio-bideari, eskatzaileei jakinaraziko zaie, zer errekurtso jar daitezkeen adierazita, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, guztiek jakin dezaten.

2.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, espazio eszeniko interesdunaren titularra den udalak edo udal-erakundeak eskabidea egin duenetik aurrera. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epearen barruan berariazko ebazpenik eman ez bada, erakunde eskatzaileek beren eskabidea administrazio-isiltasunez baietsi dela ulertu ahal izango dute.

7. artikulua.– Sareari atxikitako espazio eszenikoen eskakizunak.

1.– Sarea osatzen duten espazio eszenikoak eszena-ekipamendu egonkorrak izango dira (antzokia, auditoriuma, ekitaldi-aretoa edo antzekoa), proposatutako programazioaren beharretarako egokiak, eta indarrean dagoen legeriak eskatutako betekizun guztiak bete beharko dituzte.

2.– Zehazki, espazio eszenikoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Baldintza teknikoak:

1. Gutxienez 80 laguneko edukiera.

2. 5*6 metro edo 30 m2 baino gehiagoko agertokia.

3. Soinuko, argiztapeneko eta ikus-entzunezko sistemako ekipamendu tekniko profesionala izatea.

b) Espazioa kudeatzeko baldintzak:

1. Programazioaz arduratuko den kudeatzailea, alderdi tekniko eta kontratazioko guztiak koordinatuko dituena.

2. Erantzukizun zibileko aseguru bat, programazioa osatzen duten ikuskizunetarako.

c) Espazioaren programazioari buruzko baldintzak:

1. Gutxienez 9 ikuskizuneko programazioa; Arte Eszenikoetarako indarrean den lan-hitzarmenak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten konpainia, talde edo artista profesionalen ikuskizunak izan beharko dira.

2. Eskatutako 9 ikuskizunetatik gutxienez dantzako ikuskizun bat, zirkuko beste bat eta musika-kontzertu bat programatu beharko dira.

3. Egoitza euskararen lurraldeetako batean duten konpainia, talde edo artistek ekoitzi beharko dituzte aurreko puntuetan adierazitako ikuskizunen % 50, gutxienez.

4. Euskaraz diren ikuskizunen eskaintzak kontuan hartuko du udalerri eta lurralde bakoitzaren testuinguru soziolinguistikoa. Ahoz diren arte eszenikoen programazioaren % 50, gutxienez, euskaraz izan beharko da.

3.– Espazioak ezingo dira Sareako partaide izan, baldin eta:

a) Espazio horien programazioak ez badira 20.000 eurotik gorakoak (zergarik gabe) urteko ordainsarietan.

b) Espazioen urteko programazioak musika-emanaldietarako baino ez badira.

c) Espazioen programazioek «leihatilako» ikuskizunak soilik kontratatzen badituzte.

d) Espazioek kontratazio-arloko arauak betetzen ez badituzte edo behin eta berriz muzin egiten badiete Sareak ikuskizun eszeniko profesionalak kontratatzeko egindako gomendioei.

e) Espazioek ez badute urtean zehar familia-programaziorik edo publiko guztientzako programaziorik. Ildo horretan, urtean 4 ikuskizun programatu beharko dituzte, gutxienez, aipatutako publikoentzat.

f) Espazioen titularrek betetzen ez badituzte Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren III. tituluan edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako betebeharrak.

g) Espazioek ez badituzte betetzen artikulu honetan ezarritako hizkuntza irizpideak.

8. artikulua.– Sareari atxikitako espazio eszenikoen betebeharrak

1.– Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek betebehar hauek izango dituzte:

a) Sareak deitutako bileretan esku hartzea, dela Batzarrean, dela dagozkien lurralde-batzordeetan. Gainerako organoetan parte hartzea borondatezkoa izango da; ezarritako bideak erabiliko dira horretarako.

b) Sarearen Idazkaritzari ematea Euskadiko arte eszenikoen sektorearekin loturik zabalkunde-lana egiteko edo txosten estatistikoa nahiz beste edozein txosten egiteko eskatzen duen informazioa, betiere datuak babesteko indarrean dagoen araudia errespetatuz.

c) Kulturaren Euskal Behatokiari ematea eskatzen duen informazio estatistiko guztia, eta, era berean, proposatzen diren azterlan kualitatiboetan laguntzea, betiere datuak babesteko indarrean dagoen araudia errespetatuz.

d) Taulak proiektua (Euskadiko arte eszenikoen memoriaren plataforma digitala) garatzen laguntzea; horretarako, euren testuinguruetan garatutako arte eszenikoetako ikuskizunen programazioei buruzko artxibo digitalak txertatzea ahalbidetuko dute.

2.– Sarea osatzen duten espazio eszeniko publikoen titularrak diren Euskadiko udalak eta udal-erakundeek betebehar hauek izango dituzte:

a) Sareak sustatutako komunikazio-kanpainak zabaltzea, beraien bitartekoak erabiliz eta egokitzat jotzen dituzten bitartekoen bidez; era berean, Sarearen irudi korporatiboa txertatzea arte eszenikoen programazioari buruzko haien komunikazio-euskarrietan (webgunea, eskuko programak, ikusleak hartzeko guneak, pantailako iragarkiak...).

b) Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntzaren arloan indarrean dagoen araudia aplikatzea euren arte eszenikoen programazioaren publizitatean eta zabalkundean, bai euskarri grafikoan (era guztietako iragarkiak, kartelak, liburuxkak eta abar), bai ikus-entzunezko baliabideetan.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia aplikatzea lanpostuen definizioan, lanpostuetarako sarbidean, kontratazioan eta lan-harremanaren azkentzean, sailkapen profesionalean, sustapenean, prestakuntzan, laneko segurtasun eta osasunean, ordainsari-politikan, bizitza pertsonalaren, lanekoaren eta familia-bizitzaren erantzukidetasunean eta kontziliazioan, lanaren kalitatean eta egonkortasunean, lanaldiaren iraupenean eta antolaketan, eta ekintza sindikalean, ordezkaritzan eta negoziazio kolektiboan, lan-baldintza ez-diskriminatzaileak ziurtatuz.

d) Ikuskizunen kontratazioaren eta haien jabetza intelektualaren arloan indarrean dagoen araudia aplikatzea.

e) Sektoreko artista, sortzaile eta profesionalen baldintza egokiak bermatzea, lan-araudia, Gizarte Segurantzarena, laneko arriskuen prebentzioarena, generoen arteko berdintasunarena eta hizkuntza-eskubideena, bai eta, kasu bakoitzean aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak ere betetzeko behar diren neurriak hartuz.

9. artikulua.– Sareari atxikitako espazio eszenikoak kanporatzea.

1.– Sareako partaide diren espazio eszenikoak kanpo utziko dira kasu hauetan:

a) Dagokion espazio eszeniko publikoaren titularra den udalak edo udal-erakundeak eskatzen badu. Eskaera hori Sarearen Lehendakaritzari helaraziko zaio.

b) Ez badira betetzen, zati batez edo osorik, Sarean parte hartzeko eskatutako baldintzak eta organo horretan sartzearen ondorioz hartutako betebeharrak. Atxikipen-baldintzak betetzen ez badira, Sareako kide den edozein espazio eszenikok eman ahal izango dio horren berri Zuzendaritza Batzordeari, edo, bestela, Zuzendaritza Batzordean parte hartzen duten pertsonetako batzuen ekimenez. Lehendakaritzak adierazitako inguruabarren berri emango dio kasuan kasuko espazio eszenikoari, eta, horren ondorioz, espedientea abiaraziko da, entzunaldiaren izapidea eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko, eta amaierako ebazpena emango da.

2.– Kultura arloko eskumena duen sailaren titularraren agindu baten bidez gauzatuko da kanporatzea, Sarearen Lehendakaritzak ebatzi ondoren, eta Batzarrari jakinaraziko zaio.

II. KAPITULUA
EGITURA ORGANIKOA ETA FUNTZIONAMENDU-ARAUAK

10. artikulua.– Sarearen funtzionamendu-organoak eta haien izaera.

Sareak funtzionamendu-organo hauek ditu:

a) Sarearen Lehendakaritza: Sarearen ordezkaritza-organo gorena da, pertsona bakarrekoa; Eusko Jaurlaritzan arte eszenikoen arloan eskumenak dituen zuzendaritzaren titularrak betetzen du.

b) Sarearen Idazkaritza: sarea Sarearen jarduera kudeatzeaz arduratzen den organoa da. Sarearen jarduera mantentzeko eta jarraitzeko beharrezkoak diren zereginak egingo ditu.

c) Batzarra: Sarearen gobernu-organo nagusia da, eta haren helburuak, berriz, Sarearen maila goreneko erabakiak hartzea eta kide guztiak koordinatu eta informatzea. Hari dagokio Sarearen Zuzendaritza Batzordeak egindako proposamenak onartzea.

d) Zuzendaritza Batzordea: Sarearen zuzendaritza-organo betearazlea da. Sarearen zuzendaritza-, jarraipen-, kontrol- eta ebaluazio-lanak dagozkio, baita batzorde bereziak berrestea ere.

e) Batzorde Artistikoa: Sarearen aholku-organoa da. Izan ere, haren eginkizuna da Euskadiko espazio eszenikoei gomendatzea merkatuan eskuragarri dagoen eskaintza eszenikoaren gaurkotasuna hobekien islatzen duten proposamenak.

f) Lurralde-batzordeak: Sarearen lankidetza-organoak dira, eta haien eginkizun nagusia da beren lurraldeari atxikitako espazio eszenikoen koordinazioa eta jarraipena egitea, espazio horietan sor litezkeen premia espezifikoei erantzunez.

g) Batzorde bereziak: Sarearen barruan garatu beharreko gai espezifikoen inguruko lan-organoak dira.

11. artikulua.– Ordezkaritza orekatua eta Euskararen erabilera.

Batzordeetako kideak izendatzerakoan, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea, eta gizonen eta emakumeen arteko oreka egotea.

Une bakoitzean indarrean den Plan Estrategikoak besterik esaten ez badu, batzordekideek hizkuntz ofizialetako edozein erabili ahalko dute beren jardunean. Hizkuntza-normalkuntza bermatze aldera, bileretarako deialdiak, gai-zerrendak, aktak, ziurtagiriak eta testu idatziak, oro har, euskaraz izapidetu ahal izango dira, kasuan kasuko batzordeak hala erabakitzen badu. Bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

12. artikulua.– Informazioaren eguneratzea.

Organo eskudunak Sarearen informazioa altan eman eta eguneratu beharko du, bai eta haren kideen ingurukoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko kide anitzeko organoen Kudeaketa eta Administrazio Instituzionaleko Sisteman.

13. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

sarea osatzen duten organoek ingurune digitalean garatu beharko dute haien jarduera, saioak bideokonferentziaz edo beste sistema teknologiko batzuk erabiliz egitea ahalbidetuko diena. Habaler, aktak, ebazpenak eta erabakiak elektronikoki sinatuko dira eta akta- eta ebazpen-liburuak euskarri elektronikoan sortuko dira.

14. artikulua.– Lehendakaritzaren funtzionamendua eta eginkizunak.

1.– Sarearen Lehendakaritza pertsona bakarreko organoa da, eta Eusko Jaurlaritzan arte eszenikoen arloan eskumenak dituen zuzendaritzaren titularrari dagokio.

2.– Sarearen Lehendakaritzak eginkizun hauek ditu:

a) Batzarraren, Zuzendaritza Batzordearen, Batzorde Artistikoaren eta batzorde berezien buru izatea.

b) Batzarrerako eta batzorde berezietarako deia egitea eta haien bilkuretako gai-zerrenda finkatzea; halaber, bilkurak irekitzea eta amaitzea.

c) Batzorde Artistikorako deia egitea eta haren bilkuretako gai-zerrenda finkatzea; halaber, bilkurak irekitzea eta amaitzea.

d) Zuzendaritza Batzorderako deia egitea eta haren bilkuretarako gai-zerrenda finkatzea, hari kontsulta egin ondoren; halaber, bilkurak irekitzea eta amaitzea.

e) Batzarreko, Zuzendaritza Batzordeko eta batzorde berezietako eztabaidak bideratzea, parte-hartzaile bakoitzari hitza emanez, mintzaldiak moderatuz eta, hala badagokio, haien iraupena mugatuz, pertsona guztiek parte har dezaten ahalbidetzeko eta bilkuren bilakaera egokia bermatzeko; era berean, erabakiak hartzerakoan berdinketarik bada, bere botoaren bitartez erabakitzea.

f) Batzorde Artistikoko eta batzorde berezietako kideak izendatzea, bai eta haien ordezkoak ere, hala badagokio.

g) Sarearen ikuskizun gomendatuen katalogoa egin eta zabal dadila bultzatzea. Katalogo hori Batzorde Artistikoak egingo du, baina, era berean, Sareako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek egindako iradokizunak txertatu ahal izango dira bertan, Batzorde Artistikoaren oniritzia jaso ondoren.

h) Zuzendaritza Batzordeak proposatutako eta aldizka batzarretan aurkeztuko diren azterlan kualitatiboak edo estatistikoak egin daitezela bultzatzea.

i) Sarearen jardueraren datu garrantzitsuenak bilduko dituen urteko txosten bat (gutxienez) argitara dadila sustatzea.

j) Espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileentzako prestakuntza-programen garapena bultzatzea.

k) Sarearen informazio- eta sustapen-kanpainak egin daitezela bultzatzea, eta sare horretako entitate guztientzat interesgarriak diren gaiak sustatzea.

l) Sareako entitateak koordinatzea, batzordeetan edo Batzarrean adostutako ekintzak garatzeko.

m) Batzorde bereziak koordinatzea, beren helburuak lortu ditzaten.

n) Solaskide eta ordezkari aritzea Sareak hirugarren batekin izan behar dituen harremanetan, esleitutako zereginak betetze aldera.

o) Kide anitzeko organoetako lehendakaritzari berez dagozkion eginkizunak eta dekretu honetatik eratortzen diren bestelako funtzioak.

p) Lehendakaritzak Zuzendaritza Batzordeko kideren bati eskuordetu ahal izango dizkio bere eginkizunak, zati batean edo osorik. Egokia izanez gero, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua aplikatuko da.

15. artikulua.– Batzarraren osaera, funtzionamendua eta eginkizunak.

1.– Hauek osatzen dute Sarearen Batzarra:

a) Sarearen Lehendakaritza, batzordeburu arituko dena.

b) EAEko hiru foru-aldundietan arte eszenikoen arloko eskumena duten zuzendaritzen titularrak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

c) Zuzendaritza Batzordeko kide titularrak.

d) Batzorde Artistikoko kide titularrak.

e) Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileak.

f) Sarearen Idazkaritza; hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Sarearen Batzarrak honela funtzionatzen du:

a) Deialdiak Lehendakaritzaren aginduz egingo dira, gutxienez zazpi egun natural lehenago. Deialdian, hauek zehaztu beharko dira: gai-zerrenda, eta bilkurak egiteko eguna, tokia eta ordua. Deialdiok aurrez aurrekoak edo telematikoak izan daitezke. Argi eta garbi adieraziko da gai-zerrendako zein puntu diren Batzarrean bozkatu beharrekoak, eta baloratzeko behar den informazio guztia erantsi beharko zaio deialdiari.

Gai-zerrendan sartu ez den gairik ez da eztabaidatuko edo horren gaineko erabakirik ez da hartuko, non eta elkargokide guztiak bertan egonik, gaiak duen presa dela-eta, gehiengoak aldeko botoa ematen ez duen.

b) Aztertu beharreko gaietan adituak diren edo Sarearentzat interes orokorrekotzat jotzen diren pertsonek parte hartu ahal izango dute bilkuretan. Pertsona horiek hitz egiteko aukera izango dute, baina botoa ematerik ez. Lehendakaritzak izango du pertsona horiek gonbidatzeko ahalmena.

c) Batzarreko kide orok proposatu ahal izango dio Lehendakaritzari gai-zerrendan gai bat sartzeko, baldin eta gutxienez 48 ordu lehenago proposatzen badu eta hori justifikatzeko txosten labur bat aurkezten badu proposamenarekin batera. Sarearen Lehendakaritzari eta Idazkaritzari igorri beharko die eskabidea, posta elektronikoz, adierazitako epearen barruan.

d) Batzarra balio osoz eratuko da, lehenengo deialdian gutxienez kideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean. Quorum nahikorik ez badago, bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehenengo deialdia baino hogeita hamar minutu geroago. Kasu horretan, nahikoa izango da batzarkideen herena bertan egotea.

e) Batzarrak boto-eskubidea duten bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, eta berdinketa gertatuz gero Lehendakaritzaren kalitatezko botoak ebatziko du.

Gehiengo osoa beharko da foru-dekretuetako irizpide-proposamenak onartu edo aldatzeko, kontratazioaren arloko gomendioak onartu edo aldatzeko eta Zuzendaritza Batzordeak egindako proposamenak onartzeko. Botoa zuzenekoa, pertsonala eta eskuordeezina izango da. Botoa sekretua izango da edozein kidek Lehendakaritzari hala izatea eskatzen dionean.

f) Lehendakaritzak eskatuta, Idazkaritzak bilkura bakoitzaren akta egingo du. Akta horretan, honako hauek adieraziko dira: nork parte hartu duen, bilkura non eta noiz egin den, zein izan diren eztabaidagai nagusiak, bozketa egiteko modua eta bozketen emaitzak, eta erabakien edukia. Ez da hitzez hitz kopiatuko ezein esku-hartze.

g) Aktak bilkura berean edo hurrengoan onartuko dira, eta, ondoren, Idazkaritzak sinatuko ditu, Lehendakaritzaren oniritziarekin.

h) Batzarburuak urtean hiru ohiko bilkura deituko ditu gutxienez, helburu nagusi lortzeko: egindako jarduerei eta politikei buruzko informazioa partekatzea, garatu beharreko hobekuntzei buruz eztabaidatzea edo obra gomendatuen katalogoaz informatzea, Sareak aurreko urtean egindako lanaren berri ematea eta hurrengo urterako aurreikusitako lan-plana iragartzea. Nolanahi ere, Batzarrera beste gai batzuk eraman ahal izango dira, eta aintzat hartu beharko da batzarren arteko aldietan egin daitekeen lana.

i) Batzarrak ezohiko bilkurak egin ahal izango ditu, batzarburuak edo gutxienez batzarkideen laurdenak hala eskatuta.

3.– Hauek dira Batzarraren eginkizunak:

a) Neurriak eta estrategiak proposatzea, hain zuzen ere espazio eszenikoak dituzten herrien arteko eginbide koordinatua eta Euskadiko espazio eszenikoak indartzeko eta publikoen garapena bultzatzeko.

b) Programazioari, kudeaketa-ereduei, publikoen garapenari edo Sareako kideen arteko komunikazio-estrategiei buruzko gaien azterketa eta analisia proposatzea.

c) Zuzendaritza Batzordeak Sarearen espazio eszenikoak garatzeko proposatutako estrategiak eta ekintzak onartzea.

d) Onartzea foru-aldundiei proposatuko zaizkien irizpideak (erakundeok foru-dekretuetan sartu ditzaten).

e) Kontratazioaren arloko gomendioak onartzea; Sareako kide guztiei helaraziko zaizkie, bete ditzaten.

f) Batzorde bereziak sortzea proposatzea Sarearen Lehendakaritzari.

g) Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileentzat beharrezkotzat jotzen den prestakuntza proposatzea.

h) Obra gomendatuen katalogoan sartu beharreko ikuskizunak proposatzea.

i) Dekretu honetatik eratortzen diren bestelako funtzioak.

16. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen osaera, funtzionamendua eta eginkizunak.

1.– Zuzendaritza Batzordeak gutxienez 8 kide izango ditu, eta gehienez 14. Kide hauek osatuko dute:

a) Sarearen Lehendakaritza, batzordeburu arituko dena.

b) EAEko hiru foru-aldundietan arte eszenikoen arloko eskumena duten zuzendaritzetako arduradunak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak.

c) Sareari atxikitako espazio eszenikoen arduradunak, hain zuzen lurralde-batzordeetan aukeratu eta Zuzendaritza Batzordeak berretsi dituztenak.

d) Sarearen Idazkaritza; bera arituko da idazkari Zuzendaritza Batzordearen bileretan, eta hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Lurralde bakoitzeko ordezkarien gehieneko kopurua baremo honen arabera zehaztuko da:

– Lurraldean 5 – 15 espazio eszeniko badaude: 1 ordezkari.

– Lurraldean 16 – 25 espazio eszeniko badaude: 2 ordezkari.

– Lurraldean 25 espazio eszeniko baino gehiago badaude: 3 ordezkari.

3.– Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek gehienez ere 4 urtez izan ahalko dira Zuzendaritza Batzordeko kide.

Beraz, Zuzendaritza Batzordeko kideen 4 urteko kargualdia amaitu baino lehen, edo kide baten lekua, bat-batean, hutsik gelditzen bada, lurralde-batzorde bakoitzak kide haiek ordezteko hautagaiak proposatu beharko dizkio Zuzendaritza Batzordeari –gutxienez, bat eta, gehienez, hiru–, Sarearen Lehendakaritzaren eta Idazkaritzaren bidez, eta, horretarako, aintzat hartuko dira artikulu honetako 2. puntuan ezarritako irizpideak.

Zuzendaritza Batzordeak berak analizatuko du hautagaien proposamena, eta bermatuko du lurraldeen arteko oreka, espazio eszenikoen tipologien artekoa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa eta gizonen eta emakumeen arteko presentzia orekatua dagoela ere. Zuzendaritza Batzordeak proposamena onartu ondoren, Sarearen Lehendakaritzak izendatuko ditu batzordekideak, eta horren berri emango zaio Batzarrari.

Karguan aritzeko gehieneko epea luzatu ahalko da lurralde-batzordeek berariaz eskatu eta arrazoitzen badute.

4.– Sarearen Zuzendaritza Batzordeak honela funtzionatzen du:

a) Zuzendaritza Batzorderako deialdiak Lehendakaritzaren aginduz egingo dira, gutxienez zazpi egun natural lehenago. Deialdian, hauek zehaztu beharko dira: gai-zerrenda, eta bilkura egiteko eguna, tokia eta ordua. Deialdiok aurrez aurrekoak edo telematikoak izan daitezke.

Batzordeburuaren iritziz premiazkoak diren bilkuretarako deialdiak egiteko, ez da nahitaez bete beharko aurretiazko epe hori, baldin presa behar bezala justifikatu bada. Edonola ere, bertaratu den Zuzendaritza Batzordeko edozein kidek eskatu ahal izango du presa zilegi den ala ez bozkatzeko, eta gehiengo osoa beharko da hura ezesteko.

b) Zuzendaritza Batzordeko kide orok proposatu ahal izango dio Lehendakaritzari gai-zerrendan gai bat sartzeko, baldin eta gutxienez 48 ordu lehenago proposatzen badu eta hori justifikatzeko txosten labur bat aurkezten badu proposamenarekin batera. Sarearen Lehendakaritzari eta Idazkaritzari igorri beharko die eskabidea, posta elektronikoz, adierazitako epearen barruan.

c) Zuzendaritza Batzordea balio osoz eratuko da, lehenengo deialdian gutxienez kideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean. Quorum nahikorik ez badago, bigarren deialdian eratu ahal izango da, lehenengo deialdia baino hogeita hamar minutu geroago. Kasu horretan, nahikoa izango da kideen herenak bertan egotea.

d) Zuzendaritza Batzordeak boto-eskubidea duten bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Berdinketa gertatuz gero, Lehendakaritzaren botoak erabakiko du.

e) Lehendakaritzak eskatuta, Idazkaritzak bilkura bakoitzaren akta egingo du. Akta horretan, honako hauek adieraziko dira: nork parte hartu duen, bilkura non eta noiz egin den, zein izan diren eztabaidagai nagusiak, bozketa egiteko modua eta bozketen emaitzak, eta erabakien edukia. Ez da hitzez hitz kopiatuko ezein esku-hartze.

f) Aktak bilkura berean edo hurrengoan onartuko dira, eta, ondoren, Idazkaritzak sinatuko ditu, Lehendakaritzaren oniritziarekin.

5.– Hauek dira Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:

a) Sarearen plangintza estrategikoa: helburuak eta horiek lortzeko garatu beharreko jarduerak.

b) Sareako partaide diren espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileentzako prestakuntzaren urteko plangintza: prestakuntza-plan bat diseinatuko du. Plan hori urteko lehen Batzarrean jakinaraziko da, eta gutxienez urtean behin garatuko da, baina beharrezkotzat jotzen diren bilkura guztiak egin ahal izango dira, hala Sarearen batzarren barruan, nola haien esparrutik kanpo.

c) Sarearen jardueren egutegia finkatzea.

d) Ikuskizun gomendatuen katalogoa osatzeko irizpideak berrikusi, eguneratu, ezabatu eta gehitzea.

e) Sarearen gaien izapidetze arrunta, Batzarra bilduta ez dagoenean.

f) Zuzendaritza Batzordeko eta Batzorde Artistikoko kide izateko lurralde-batzordeek proposatutako kultura-kudeatzaileak, programazioaz arduratzen direnak, onartzea.

g) Batzorde berezietan abiarazitako ekintzen jarraipena egitea.

h) Lurralde-batzordeekin koordinatzea, bai Zuzendaritza Batzordeko eta Batzorde Artistikoko kide izateko ordezkariak proposatzeari dagokionez, bai dekretu honetatik eratortzen diren gaietan.

i) Dekretu honetatik eratortzen diren bestelako funtzioak.

17. artikulua.– Batzorde Artistikoaren osaera, eginkizunak eta funtzionamendua.

1.– Batzorde Artistikoak gutxienez 5 kide izango ditu, eta gehienez 11. Kide hauek osatuko dute:

a) Sarearen Lehendakaritza, batzordeburu arituko dena.

b) Sarearen Idazkaritza, idazkari-lanak egingo dituena, hitza izango du, baina botorik ez.

c) Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileak; aurretik, lurralde-batzordeek Zuzendaritza Batzordeari proposatuko dizkio onar ditzan eta Sarearen Lehendakaritzak izendatu ditzan.

2.– Lurralde bakoitzak Batzorde Artistikoan izango dituen ordezkarien gehieneko kopurua baremo honen arabera zehaztuko da:

– Lurraldean 5 –15 espazio eszeniko badaude: 1 ordezkari.

– Lurraldean 16 –25 espazio eszeniko badaude: 2 ordezkari.

– Lurraldean 25 espazio eszeniko baino gehiago badaude: 3 ordezkari.

3.– Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek gehienez ere 4 urtez izan ahalko dira Batzorde Artistikoko kide.

4.– Batzorde Artistikoa berrituko da, batzordeko kideen 4 urteko kargualdia betetzen denean, gutxienez, batzordekide bat txandakatu dadin urtero.

Beraz, Batzorde Artistikoko kideen 4 urteko kargualdia amaitu baino lehen, edo kide baten lekua, bat-batean, hutsik gelditzen bada, lurralde-batzorde bakoitzak kide haiek ordezteko hautagaiak proposatu beharko dizkiote Zuzendaritza Batzordeari –gutxienez, bat eta, gehienez, hiru–, Sarearen Lehendakaritzaren eta Idazkaritzaren bidez, eta, horretarako, aintzat hartuko dira artikulu honetako 2. puntuan ezarritako irizpideak.

Zuzendaritza Batzordeak analizatuko du hautagaien proposamena, eta bermatuko du lurraldeen arteko oreka, espazio eszenikoen tipologien artekoa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa eta gizonen eta emakumeen arteko presentzia orekatua dagoela ere. Zuzendaritza Batzordeak proposamena onartu ondoren, Sarearen Lehendakaritzak izendatuko ditu batzordekideak eta horren berri emango zaio Batzarrari.

Karguan aritzeko gehieneko epea luzatu ahalko da lurralde-batzordeek berariaz eskatu eta arrazoitzen badute.

5.– Sarearen Batzorde Artistikoak honela funtzionatzen du:

a) Batzorde Artistikorako deialdiak gutxienez zazpi egun natural lehenago egingo ditu Sarearen Lehendakaritzak, betiere batzar bakoitza baino hilabete lehenago. Deialdian, hauek zehaztu beharko dira: gai-zerrenda, eta bilkura egiteko eguna, tokia eta ordua. Deialdiok aurrez aurrekoak edo telematikoak izan daitezke.

b) Batzorde Artistikoa balio osoz eratuko da gutxienez kideen erdiak gehi bat bertaratzen direnean.

c) Batzorde Artistikoak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak.

d) Lehendakaritzak eskatuta, Idazkaritzak bilera bakoitzaren akta egingo du. Akta horretan, honako hauek adieraziko dira: nork parte hartu duen, bilkura non eta noiz egin den, zein izan diren eztabaidagai nagusiak, bozketa egiteko modua eta bozketen emaitzak, eta erabakien edukia. Ez da hitzez hitz kopiatuko ezein esku-hartze. Sareako edozein kidek kontsultatu ahal izango ditu akta horiek, baina horretarako aurretiaz Lehendakaritzari idatziz eskatu beharko zaio.

e) Aktak bilkura berean edo hurrengoan onartuko dira, eta, ondoren, Idazkaritzak sinatuko ditu, Lehendakaritzaren oniritziarekin.

6.– Hauek dira Batzorde Artistikoaren eginkizunak:

a) Ikuskizun gomendatuen katalogoaren proposamena lantzea eta Sarearen Lehendakaritzari helaraztea, onar dezan.

b) Kudeaketaren eta kontratazioaren inguruko gomendioak egitea Sareako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileei.

c) Zuzendaritza Batzordeari eta lurralde-batzordeei hobekuntzak eta estrategiak proposatzea.

d) Batzarretan aztertu beharreko gaiak proposatzea.

e) Dekretu honetatik eratortzen diren bestelako funtzioak.

7.– Batzorde Artistikoari dagokio baloratzea programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek iradokitako ikuskizunak; konpainia, ekoizle eta banatzaileek bidalitakoak; eta batzordeko kide bakoitzak egokitzat jotzen dituenak. Batzorde Artistikoak Sarearen hautaketa-irizpideen arabera aukeratuko ditu ikuskizunak. Dekretu honen 21.3 artikuluan daude zehaztuta irizpide horiek.

Batzorde Artistikoko kideek interes artistiko eta independentea baino ez dute izango; hots, ez dute inolako lurralde-loturarik edo bestelako loturarik izango katalogoa egitean.

8.– Estatuko arte eszenikoen merkatuaren jarraipena egiteko, azoketara bertaratu, eta lehentasunezko jarraipeneko ikuskizun katalogatuak ikusi beharko dira, batez ere.

9.– Eusko Jaurlaritzak, arlo horretan eskumena duen sailaren bitartez eta dekretu honen IV. kapituluan ezarritako moduan, ekonomikoki konpentsatuko du Batzorde Artistikoko kideek ikuskizunen balorazio-txostenak idazteko egindako lana.

Lan horrek, nagusiki, zeregin hauek hartzen ditu barne: ikuskizunetara joatea, euskal ekoizpen eszeniko profesionalaren jarraipena egiteko; eta azoketan parte hartzea, gaur-gaurko produkzioaren jarraipena egiteko. Zeregin horiek beharrezkoak dira ikuskizun gomendatuen katalogoa taxutzeko.

Hartara, konpentsazio horri aurre egiteko behar den aurrekontu-zuzkidura egongo da, kudeaketa publikorik efizienteena egiteko eta administrazio-bikoiztasunak ekidin edo ezabatzeko.

10.– Mantenuak, ostatu-hartzeak eta joan-etorriek eragindako gastuak Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera ordainduko dira. Dekretu horretan zehazten ez denari dagokionez, IV. kapituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

18. artikulua.– Lurralde-batzordeen osaera, funtzionamendua eta eginkizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzean (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) Sarearen lurralde-batzorde bat egongo da. Batzorde horiek kide hauek osatuko dituzte:

a) Batzordeburua: dagokion foru-aldundian arte eszenikoen arloko eskumena duen zuzendaritzaren ordezkaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

b) Sareari atxikita dauden lurraldeko espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileak.

c) Sarearen Idazkaritza. Hitz egiteko eskubidea izango du, baina ez du botoa ematerik izango.

2.– Lurralde-batzordeek honela funtzionatuko dute:

a) Lurralde-batzordeen deialdiak foru-aldundiek egingo dituzte, zeinek bere lurralde historikoan. Lurralde-batzordeetako buruak ohiko bilera baterako deia egingo du urtean, gutxienez.

b) Lurralde-batzordeetarako deialdiak gutxienez zazpi egun natural lehenago egingo dira, betiere ohiko batzarretakoren bat baino lehenago. Deialdian, hauek zehaztu beharko dira: gai-zerrenda, eta bilkura egiteko eguna, tokia eta ordua. Deialdiok aurrez aurrekoak edo telematikoak izan daitezke.

c) Sarearen Idazkaritza bertaratzea eskatzen bada, berak bilkuraren akta egingo du, lurralde-batzordeko buruak eskatuta. Akta horretan, honako hauek adieraziko dira: nork parte hartu duen, bilkura non eta noiz egin den, zein izan diren eztabaidagai nagusiak, bozketa egiteko modua eta bozketen emaitzak, eta erabakien edukia. Ez da hitzez hitzeko oharrik hartuko.

Idazkaritzak sinatuko ditu aktak, lurralde-batzordeko buruaren oniritziarekin, lurralde-batzordeko kideek onartu ondoren.

d) Lurralde-batzordeko edozein kidek lurralde-batzordeko buruari eskatu ahal izango dio bilkura-deialdian lurralde-intereseko gairen bat txertatzeko edo ezohiko bilkuretara deia egiteko, behar bezala justifikatuta.

3.– Hauek dira lurralde-batzordeen eginkizunak:

a) Lurraldeko espazio eszenikoen uneko egoeraren berri ematea, informazioa ematea Sareako partaide izateko eskatu duten espazioei buruz, eta jakinaren gainean ipintzea Sarean jarraituko duten edo ez eztabaidagai duten espazioen inguruan.

b) Sarearen Zuzendaritza Batzordean lurraldea ordezkatzen duten espazio eszenikoen arduradunak proposatzea.

Horretarako, Zuzendaritza Batzordeko kideen 4 urteko kargualdia amaitu baino lehen, edo kide baten lekua, bat-batean, hutsik gelditzen bada, lurralde-batzorde bakoitzak kide haiek ordezteko hautagaiak proposatu beharko dizkiote Zuzendaritza Batzordeari –gutxienez, bat eta, gehienez, hiru–, Sarearen Lehendakaritzaren eta Idazkaritzaren bidez, irizpide hauek aintzat hartuta:

– Lurraldean, gutxienez, 5 espazio eszeniko eta, gehienez, 15 badaude: 1 ordezkari.

– Lurraldean, gutxienez, 16 espazio eszeniko eta, gehienez, 25 badaude: 2 ordezkari.

– Lurraldean 25 espazio eszeniko baino gehiago badaude: 3 ordezkari.

Zuzendaritza Batzordeak analizatuko du hautagaien proposamena, eta bermatuko du lurraldeen arteko oreka, espazio eszenikoen tipologien artekoa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa eta gizonen eta emakumeen arteko presentzia orekatua dagoela ere. Zuzendaritza Batzordeak proposamena onartu ondoren, Sarearen Lehendakaritzak izendatuko ditu batzordekideak eta horren berri emango zaio Batzarrari.

Espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek Zuzendaritza Batzordeko kide izan ahalko dira 4 urtez gehienez; kargualdia luzatu ahalko da bakarrik lurralde-batzordeek berariaz hala eskatu eta eskaera arrazoitzen badute.

c) Sarearen Batzorde Artistikoan lurraldea ordezkatzen duten espazio eszenikoen arduradunak proposatzea.

Horretarako, Batzorde Artistikoko kideen 4 urteko kargualdia amaitu baino lehen, edo kide baten lekua, bat-batean, hutsik gelditzen bada, lurralde-batzorde bakoitzak kide haiek ordezteko hautagaiak proposatu beharko dizkiote Zuzendaritza Batzordeari –gutxienez, bat eta, gehienez, hiru–, Sarearen Lehendakaritzaren eta Idazkaritzaren bidez, irizpide hauek aintzat hartuta:

– Lurraldean, gutxienez, 5 espazio eszeniko eta, gehienez, 15 badaude: 1 ordezkari.

– Lurraldean, gutxienez, 16 espazio eszeniko eta, gehienez, 25 badaude: 2 ordezkari.

– Lurraldean 25 espazio eszeniko baino gehiago badaude: 3 ordezkari.

Zuzendaritza Batzordeak analizatuko du hautagaien proposamena, eta bermatuko du lurraldeen arteko oreka, espazio eszenikoen tipologien artekoa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan gaitasun nahikoa eta gizonen eta emakumeen arteko presentzia orekatua dagoela ere. Zuzendaritza Batzordeak proposamena onartu ondoren, Sarearen Lehendakaritzak izendatuko ditu batzordekideak eta horren berri emango zaio Batzarrari.

Espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek Batzorde Artistikoko kide izan ahalko dira 4 urtez gehienez, eta urtean pertsona bat gutxienez aldatuko da; kargualdia luzatu ahalko da bakarrik lurralde-batzordeek berariaz hala eskatu eta eskaera arrazoitzen badute.

d) Jarduerarako aurreikusitako dirulaguntza-lerroak azaltzea, lerro horietan egindako aldaketen berri ematea, eta lurraldean esanguratsuak diren eta Sarearentzat interesgarriak izan daitezkeen beste informazio batzuk ematea.

e) Hobekuntzak proposatzea kasuan kasuko foru-aldundiak lurraldeko espazio eszenikoei laguntzeko dituen formuletarako.

f) Dekretu honetatik eratortzen diren bestelako funtzioak.

19. artikulua.– Batzorde berezien osaera, funtzionamendua eta eginkizunak.

1.– Zuzendaritza Batzordeak batzorde bereziak eratzea proposatu ahal izango dio Lehendakaritzari. Batzorde teknikoak edo aholku-emaileak izan ahal izango dira. Batzorde Berezi horien xedea Batzarrari edo Zuzendaritza Batzordeari laguntzea izango da, bai eta arte eszenikoen alderdi espezifikoei heltzea ere, gai jakin batzuen inguruko lanak, azterlanak, txostenak eta proposamenak eginez. Horiek guztiak oinarri gisa balioko dute, gai horiek Batzarrean eta Zuzendaritza Batzordean eztabaidatu eta onartu ditzaten. Sarearen Lehendakaritzari dagokio batzordeok sortzea eta kideak izendatzea, eta egintza hori dagokion erabakian agertuko da.

2.– Batzorde berezien funtzionamendu-araubidea Sarearen Lehendakaritzak zehaztu ahal izango du oro har; bestela, batzorde berezi bakoitza sortzeko erabakiaren bidez emandako jarraibide orokorrek zehaztuko dute.

3.– Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren kultura-kudeatzaileek eta, Zuzendaritza Batzordearen proposamenez, aurreikusitako helbururako egoki irizten zaizkien profesionalek osatu ahal izango dituzte batzorde bereziak.

4.– Batzorde bereziek Sarearen Idazkaritzaren laguntza izango dute.

20. artikulua.– Idazkaritzaren osaera, funtzionamendua eta eginkizunak.

1.– Sarearen Idazkaritza Eusko Jaurlaritzan arte eszenikoen arloan eskumenak dituen zuzendaritzaren Kultura Sustatzeko Zerbitzuari dagokio.

2.– Sarearen Idazkaritzak, besteak beste, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Batzarraren eta batzordeen bileretan parte hartzea, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe.

b) Batzarraren, Zuzendaritza Batzordearen, Batzorde Artistikoaren edo beste batzorde berezi batzuen bilkuretako gai-zerrenda prestatu eta igortzea; era berean, bilera horietan aztertu beharreko gaiak lantzeko beharrezkoak diren agiriak prestatzea ere.

c) Batzarraren, Zuzendaritza Batzordearen, Batzorde Artistikoaren edo beste batzorde berezi batzuen bilkuretarako deialdia egitea, Lehendakaritzak aginduta.

d) Batzarreko kideek egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak, edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

e) Bileretako aktak idaztea eta baimentzea.

f) Onartutako akta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak egitea, Lehendakaritzak hala aginduta eta oniritzia emanda.

g) Batzordeen koordinazio- eta idazkaritza-lanak.

h) Lehendakaritzari jakinaraztea Sareari egindako eskabide guztiak, baldin eta bere ordezkaritza behar badute, eta eskabide horiek kudeatzea.

i) Sarearen espazio eszenikoen jardueraren jarraipena egitea. Kide diren espazioen programazioari buruzko datuak biltzeaz arduratuko da, baita espazio horietan garatutako funtzioen inguruko daturik esanguratsuenak biltzeaz ere.

Jarraipen hori egiteko, urteko kudeaketa-memoria bat idatzi eta horren kontu emango da publikoki, Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez: https://www.gardena.euskadi.eus/gardentasuna

Urte bakoitzaren urtarrilaren 31 baino lehen sartu beharko da memoria hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren Kide Anitzeko Organoen Kudeaketa Sisteman, 2020ko uztailaren 7ko Gobernu Kontseiluaren Erabakian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren kide anitzeko organoen jarduketa-planaren arabera.

j) Idazkaritza teknikoaren berezko lanak egitea Sareak sustatzen dituen deialdi, programa edo proiektuetan.

k) Kide anitzeko organoetako Idazkaritzari berez dagozkion eginkizunak eta dekretu honetatik eratortzen diren bestelako funtzioak.

III. KAPITULUA
IKUSKIZUN GOMENDATUEN KATALOGOA

21. artikulua.– Ikuskizun gomendatuen katalogoa.

1.– Ikuskizun gomendatuen katalogoa zera da, artikulu honen hirugarren apartatuan ezarritako hautaketa-irizpideen arabera garrantzi berezikotzat jotzen diren egungo obra eszenikoen bilduma. Sareari atxikitako espazioekin ikuskizun eszenikoen egungo merkatuari buruzko informazioa konpartitzea eta aholkuak ematea da katalogo honen helburua. Hortaz, Euskadiko espazio eszeniko publikoentzako informazio-, lan- eta lankidetza-tresna bat da.

2.– Batzorde Artistikoari dagokio ikuskizun gomendatuen katalogoa egitea, ikuskatutako ikuskizunak oinarri hartuta, Estatuko edo nazioarteko antzerki-merkatuaren jarraipenetik abiatuta, eta bereziki euskaraz, Euskal Autonomia Erkidegoan eta euskararen lurraldeetan ekoitzitako ikuskizunetan arreta jarrita.

3.– Ikuskizun gomendatuen katalogoan sartu beharreko ikuskizunak irizpide hauen arabera hautatuko dira –Zuzendaritza Batzordeak beste irizpide batzuk gehitu litzake–:

a) Kalitatea eta interesa: arte eszenikoen estilo eta formatu bakoitzean gailentzen diren ikuskizunak hautatuko dira; irizpide kualitatiboa eta kalitatekoa lehenetsiko da, irizpide kuantitatiboaren aldean.

b) Aniztasuna eta oreka: ikuskizun-sortak askotariko proposamenak izango ditu, eta ikusle guztientzat eta estilo eszeniko, formatu eta hizkuntza guztietakoak izan daitezen ahaleginduko da. Katalogoak, gainera, Sarearen espazio eszenikoen askotariko errealitate, dimentsio eta beharrak hartu behar ditu aintzat.

c) Gaurkotasuna: ikuskizun gomendatuen katalogoa unean uneko antzerki-eskaintza jasoko duen lan-tresna bat da; 12 hilabetetik 24 hilabetera bitarteko indarraldia izango duela kalkulatzen da. Horrexegatik, berritasunak dakartzaten ikuskizunak eta arte eszenikoen gaur egungo korronteen parte direnak txertatuko dira bertan.

d) Ikuskizunaren baldintza ekonomikoak eta teknikoak: aintzat hartuko dira Sarearen kontratazio-ahalmenari ondoen egokitzen zaizkion eta rappeleko proposamenak dakartzaten proposamen ekonomikoak, bai eta sarea osatzen duten espazioetarako teknikoki bideragarriak direnak ere.

4.– Ikuskizunak onartzekotan, ikuskaria ikusi duten Batzorde Artistikoko bi kideren aldeko iritzia izan beharko dute, gutxienez. Ikuskizuna Batzorde Artistikoko kide gehiagok ikusi badute eta haietakoren bat arrazoiz ikuskizuna katalogoan sartzearen aurka badago, Batzordeak bozkatu egingo du, eta erabakia gehiengo soilaren bidez hartuko du.

5.– Batzorde Artistikoak aurreikusten badu zailtasunak izango dituela lehentasunezko jarraipeneko estreinaldi edo ikuskizunen batera edo azokaren batera joateko, Sareari atxikitako espazio eszenikoen programazioaz arduratzen den beste kultura-kudeatzaile batzuei proposatu ahal izango die jarraipen-lana egitea. Horrelakoetan, ikuskizunera edo azokara joaten denak dekretu honetan Batzorde Artistikoko kideentzat zehazturiko eskubideak eta betebeharrak izango ditu.

6.– Sarearen Batzarrak katalogo horretan ikuskizun berriak sartzeko proposatu ahal izango dio Batzorde Artistikoari. Batzorde horrek ikuskizun berriak sartzeko proposamena aurkeztuko dio Sarearen Lehendakaritzari, baldin eta Sareako kide diren espazio eszenikoen programazioaz arduratzen diren 4 kultura-kudeatzailek gutxienez ikusi badituzte, ezarritako irizpideak betetzen badituzte eta aurretiaz Batzorde Artistikoari helarazi bazaizkio azken horrek azter ditzan.

7.– Ikuskizunak hautatuta, ikuskizun gomendatuen katalogoan txertatuko dira, diziplinen arabera sailkatuta, eta, proposamen bakoitzaren datu artistiko, tekniko eta ekonomikoekin batera, balorazio-iruzkin bat erantsiko da, idatziz, Batzorde Artistikoak sinatua.

8.– Katalogoa aldian-aldian berrituko da, bi urtean behin gutxienez, eta Sareako kideek eskuragarri izango dute katalogo historikoa.

9.– Ohiz kanpo, katalogoan sartuko dira interes handikotzat jotzen direlako Batzorde Artistikoak lehentasunezko irizten dien ikuskizunak, nahiz eta ikuskizunok berez hautagarriak ez izan irizpideak ez betetzeagatik. Ikuskizun horiek bereiz tratatuko dira katalogoan, hots, gainerakoak ez bezala.

Ildo horretan, interes handikotzat joko dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburu estrategikoekin bat datozen ikuskizunak, zehazki, indarrean dagoen plan estrategikoan ezartzen direnak.

10.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diruz lagundutako ikuskizunak Sarearen katalogoko berariazko atal batean sartuko dira, ekoizpenari eta erakusteari laguntzeko politikei koherentzia emate aldera. Ikuskizun horiek bereiz tratatuko dira katalogoan, hots, gainerakoak ez bezala.

IV. KAPITULUA
BATZORDE ARTISTIKOKO KIDEEI ORDAINDU BEHARREKO KALTE-ORDAINAK ETA KONPENTSAZIO EKONOMIKOAK

22. artikulua.– Baldintza orokorrak.

1.– Arte eszenikoen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak bere gain hartuko ditu, gehienez ere, Batzorde Artistikoko bi kideren kalte-ordainak ikuskizun bakoitzeko, eta hiru kiderenak arte eszenikoen azoka bakoitzeko, ikuskizun gomendatuen katalogoa egitearekin zerikusia duten lanengatik.

Kasu batean zein bestean batzordekide gehiago bertaratu badira, bertaratzeko asmoa aldez aurretik baieztatu duten kideei bakarrik ordainduko zaie, hots, ikuskizunetara eta azoketara joateko plangintzaldiaren barruan.

2.– Batzorde Artistikoko kideek hala direla akreditatu beharko dute bertaratzen diren ekitaldietan; entitate antolatzailearen arduradunari jakinarazi beharko diote.

3.– Batzorde Artistikoko kide bakoitzaren espazioetan ikusitako ikuskizunengatik ez da kalte-ordainik emango, baina haiek jakinarazi ahal izango dira, informatzeko helburuarekin.

4.– Batzorde Artistikoko kide bakoitzak gehienez 8.000 euro jasoko ditu urtean, zergak barne direla, kontzeptu hauengatik: 1) ikuskizunetara joateak eta haien jarraipena egiteak eragindako gastuen kalte-ordaina, eta 2) ikuskizunak baloratzeagatiko konpentsazioa.

23. artikulua.– Joan-etorrietako gastuak.

1.– Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak xedatutakoaren arabera, Batzorde Artistikoa ikuskizunetara joateak eta haien jarraipena egiteak eragindako gastuen kalte-ordaina honako hau izango da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egindako joan-etorriak:

1) Ostatu-hartzea: ez da inolako gasturik ordainduko.

2) Joan-etorriak: norberaren autoa erabiliz gero, 0,29 euro ordainduko dira km-ko. Garraio kolektiboa erabiliz gero, faktura bidez justifikatutako zenbatekoa ordainduko da.

3) Aparkatze-gastuak: txartel edo faktura bidez justifikatutako zenbatekoa ordainduko da (bidaiaren helmugan soilik).

4) Ikuskizunetarako sarreren gastua, ezin izan bada gonbidapenik jaso. Ordaindu beharreko zenbatekoa ageri duen sarrera aurkeztu beharko da.

b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egindako joan-etorriak, gaua ostatuan ematea eskatzen badute:

1) Ostatu-hartzea: faktura bidez justifikatutako zenbatekoa ordainduko da. Gehienez ere 4 izarreko hotelak edo maila baliokidekoak lehenetsiko dira, goragoko kategoria baten beharra justifikatu ezean.

2) Joan-etorriak: norberaren autoa erabiliz gero, 0,29 euro ordainduko dira km-ko. Garraio kolektiboa erabiliz gero, faktura bidez justifikatutako zenbatekoa ordainduko da.

3) Mantenua: faktura bidez justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, gehienez ere 42 euro eguneko.

4) Aparkatze-gastuak. Txartel edo faktura bidez justifikatutako zenbatekoa ordainduko da (bidaiaren helmugan soilik).

5) Ikuskizunetarako sarreren gastua, ezin izan bada gonbidapenik jaso. Ordaindu beharreko zenbatekoa ageri duen sarrera aurkeztu beharko da.

Nolanahi ere, zenbatekoak bat etorriko dira kalte-ordainen araudiak une oro dioenarekin.

2.– Urtean 4.000 euro ordainduko dira gehienez pertsona bakoitzeko, zergak barne direla, ikuskizunen jarraipena egiteak eragindako gastuen kalte-ordain gisa.

24. artikulua.– Konpentsazio ekonomikoa.

1.– Batzorde Artistikoak ikuskizunak baloratzeko txostenak egitearen ondoriozko konpentsazioa honako hau izango da:

a) EAEko konpainien eta euskararen lurraldeetako konpainien 25 ikuskizun ikusteagatik: 2.000 euro gehienez.

b) EAEtik kanpoko 100 ikuskizun ikusteagatik: 2.500 euro gehienez.

c) 12 ikuskizunen gainean 200 hitzeko banakako txosten bat egiteagatik: 1.000 euro gehienez.

Deskribatutako zeregin guztiak egin ezean, proportzioan dagokion zatia kenduko zaio guztizko zenbaketari. Ikuskizun gehiago ikusten badira ere, ez da handituko kalte-ordainaren zenbatekoa.

2.– Ez dute konpentsazio hori izango ikuskizun hauek:

a) Soilik musikalak diren ikuskizunak edo kaleko ikuskizun eszenikoak.

b) Batzorde Artistikoak katalogoan sartzeko erabakia hartu ondoren ikusten diren ikuskizunak.

c) Batzorde Artistikoko kide izan arren, pertsona batek ezin izango du ikuskizun jakin baten balorazioa egin, baldin eta ikuskizun hori sortzen edo ekoizten parte hartu badu, lehiaketarik gabeko dirulaguntzak emanez, espazioak lagaz edo edozein motatako kontratazioen bitartez. Horrelako kasuetan, batzordekide horrek egoera horren berri emango dio Sarearen Idazkaritzari, Batzorde Artistikoko kide guztiei jakinaraz diezaien, eta inolako interes-gatazkarik gabeko pertsonek ikusi eta baloratuko dute ikuskizuna.

3.– Urtean 4.000 euro ordainduko dira gehienez pertsona bakoitzeko, zergak barne direla, ikuskizunak baloratzeko txostenak egiteak dakarren lanagatiko konpentsazio gisa.

25. artikulua.– Kalte-ordainen eta konpentsazioen ordainketa.

1.– Batzorde Artistikoko kide bakoitzak agiri hauek igorriko ditu Sarearen Idazkaritzara:

• Formulario normalizatua, beteta; datu hauek zehaztuko dira:

- Euskal Autonomia Erkidegoan ikusitako ikuskizunak eta egindako gastuak (dagozkien jatorrizko egiaztagiriak aurkeztuko dira).

- Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ikusitako ikuskizunak eta egindako gastuak (dagozkien jatorrizko egiaztagiriak aurkeztuko dira).

• Ikuskatze-txostenak.

Inprimakiak eta egiaztagirien kopia posta elektronikoz bidaliko dira Sarearen Idazkaritzara. Jatorrizko egiaztagiriak posta arruntez helaraziko dira Sarearen Idazkaritzara. Ikuskatze-txostenak posta elektronikoz bidaliko dira Sarearen Idazkaritzara.

2.– Dokumentu horiek epe hauetan bidali beharko dira:

a) Martxoko lehenengo astean, aurreko ekitaldiko abenduko eta uneko ekitaldiko urtarrileko ikuskatzeak eta balorazioak.

b) Maiatzeko lehenengo astean, martxoko eta apirileko ikuskatzeak eta balorazioak.

c) Iraileko lehenengo astean, maiatzetik abuztura bitarteko ikuskatzeak eta balorazioak.

d) Abenduko lehenengo astean, irailetik azarora bitarteko ikuskatzeak eta balorazioak.

Ordainketak egiteko, ezinbestekoa da eskatutako dokumentuak zehaztutako epean bidaltzea.

Idazkaritza Teknikoak dagozkien inprimakiak eta txostenak bidaltzeko eskatu ahal izango die Batzorde Artistikoko kideei; izan ere, horrela bermatuko da ikuskizun gomendatuen katalogoak egoki taxutzen direla, batzarretan epe barruan aurkezteko.

3.– Eusko Jaurlaritzari dagokio, gaian eskuduna den sailaren bitartez, ondorengo eginkizun hauek gauzatzea:

a) Ikuskizunetara joateak eta haien jarraipena egiteak eragindako gastuen kalte-ordaina: hiru hilean behin.

b) Batzorde Artistikoak ikuskizunak baloratzeko txostenak egitearen ondoriozko kalte-ordaina: urtean bi aldiz.

1) Ekainean, aurreko ekitaldiko abenduaren 1etik uneko ekitaldiko maiatzaren 31ra bitarteko aldiari dagokion kalte-ordaina emango da.

2) Abenduan, uneko ekitaldiko ekainaren 1etik azaroaren 30era bitarteko aldiari dagokion kalte-ordaina emango da.

XEDAPEN IRAGANKORRA BAKARRA.– Araubide iragankorra.

Dekretu hau indarrean jartzen den egunean Euskadiko Titulartasun Publikoko Espazio Eszenikoen Sarea / Sarea Red de Espacios Escénicos de Titularidad Pública de Euskadi sareko kide diren espazio eszenikoak II.1 eranskinean daude zehaztuta, eta erabat betetzen dituzte dekretu honetan ezarritako baldintzak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araugintzarako gaikuntza.

Eusko Jaurlaritzan kultura arloko eskumena duen saileko titularrari ahalmena ematen zaio, bere eskumenen esparruan, dekretu honetako arauak betetzeko eta garatzeko behar adina xedapen eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko urriaren 13an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala