
200. zk., 2026ko urriaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 16 orri.)
- EPUB (132 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4393
EBAZPENA, 2026ko irailaren 21ekoa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariarena, aurretiazko administrazio-baimena ematen duena «Mendi» (30 MW) haize-parkearen eta hari loturiko azpiegituren proiekturako, Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetan (Araba), eta Green Devco Energy 5 S.L.U enpresak sustatuta.
Espediente-zenbakia: 01 GE Y 202300029
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, haize-parkeen bidez, energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duen maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, jendaurrean jarri zen «Ferosca II» haize-parkerako Ferosca Wind, S.L. sustatzaileak aurkeztutako eskaera, lehiaren beste eskaera posible baten ondorioetarako. Iragarkia 2023ko maiatzaren 29an argitaratu zen Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (62. zk.) eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (100. zk.), eta 2023ko maiatzaren 30ean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (103. zk.).
Bigarrena.– 2023ko ekainaren 21ean, araudiaren arabera aurreikusitako epean, Green Devco Energy 5, SLU enpresak kokapen horretarako lehian beste eskaera bat aurkeztu zuen.
Hirugarrena.– Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2023ko azaroaren 14. ebazpenaren bidez, lehia-prozedura ebatzi zen, eta Green Devco Energy 5, SLU enpresak «Mendi» izenarekin aurkeztutako aurreproiektua aukeratu zen.
Laugarrena.– 2024ko maiatzaren 13an, aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskabidea izapidetzea onartzen da, Green Devco Energy 5, SLU enpresak arauz ezarritako agiriak aurkeztu ondoren.
Bosgarrena.– 2025eko martxoaren 25ean, agiriak aurkeztu dira, ingurumen-azterlan espezifikoak barne.
Seigarrena.– 2025eko apirilaren 9an eta 2025eko maiatzaren 5ean, Deskarbonizazioko zuzendariaren 2025eko martxoaren 28ko iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA, 69. zk.) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO, 49. zk.); haren bidez, Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetan (Araba), «Mendi» (30 MW) haize-parkearen proiektua eta hari lotutako azpiegiturak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena jendaurrean jartzen dira.
Zazpigarrena.– Jendaurrean jarri eta aldi berean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zitzaien, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan zein maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Honako erakunde hauei kontsulta egin zitzaien: Arabako Foru Aldundiko Ingurumen, Kultura eta Nekazaritza Zuzendaritzak eta Errepideen eta Mendien zerbitzuak; Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; URA-Uraren Euskal Agentzia eta Konfederazio Hidrografikoa; Amurrio eta Aiarako Udalak; Larrinbe, Luiaondo eta Murgako administrazio-batzarrak; Ekologistak Martxan Araba; Arabako Natur Institutua; GADEN elkartea; SEO Birdlife; A.R. Eguzkilore; Itsas Enara Ornitologi Elkartea eta Arabako Mendiak Aske; ADIF, Retevisión, Exolum eta AESA.
Zortzigarrena.– Entitate hauen alegazioak jaso dira: Orozko Udala; Green Capital Development 147, SLU; Muskerrak Ingurumen Elkartea, eta pertsona partikularren 225 alegazio.
Alderdi hauei buruzkoak ziren alegazio horiek:
• Green Capital Development 147, S.L.U. Orozkoko eta Laudioko «Larragorri» haize-parkearen sustatzailea da, eta argudiatzen du aipatutako haize-parkearen produkzioa murriztu dela «Mendi» haize-parkeak eragindako pantailatzea eta turbulentziak direla eta. Egon daitezkeen metatze- eta sinergia-ondorioak adierazten ditu. Bereziki, ME-06 eta ME-07 haize-sorgailuak aipatzen ditu eta adierazitako kokapenak ez baimentzea eskatzen du.
• Jendaurreko informazioa okerra da ez baitu sartzen Bizkaiko L.H., haize-parkearen poligonalaren barruan egonik. Orozkoko udalak eragindako administrazio publikotzat hartzea eskatzen du, proiektuak bere udalerriari eragiten diola uste baitu.
• Ez du betetzen EAEko nekrofagoen Plana.
• Abiafaunari eragiten dio.
• Larragorri haize-parkearen proiektuan dagoen pista erabiltzea hartzen du kontuan.
• Baso helduei edo sasihelduei eragiten die.
• Ingurumen-inpaktuaren azterlanak gabeziak ditu, ez baitu anfibioen azterketa espezifikorik.
• Natura 2000 Sareari eragiten dio (HBBE Gorobel mendilerroa eta KBE Gorbeia).
• Elexazar aztarnategi arkeologikoari eragiten dio.
• Paisaiari eragiten dio.
• Ingurumen-inpaktuaren azterketan sartuta ez dauden baso-igelari (Rana Dalmatina) eta igaraba arruntari eragiten die.
• Konpentsazio-neurrien zehaztasun falta dago.
• Larragorri haize-parkearekin eta inguruneko beste proiektu batzuekin metatutako inpaktua du.
• Nerbioiko parke linealaren burdinbide berdeari eragiten dio.
• Berganza ibaiari eragiten dio.
• Ez da aztertzen ingurune naturalera eta uretara botako diren mikro eta nanoplastikoen ingurumen-inpaktua.
• Plan Berezi bat onartzeko beharra dago.
• Ingurumen-inpaktuaren azterketak ez du aipatzen hirigintza-bateragarritasuna. Proiektua ez dago aukeratutako kokapen-eremuen barruan (AKE), Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean definituta.
• Eremuan, ez da zuzeneko neurketarik egin, potentzial eolikoaren ahalmena zehazteko.
• Ingurumen-inpaktuaren azterketak ez ditu aztertzen haize-parkearen poligonalak mugatutako eremuko eraginik.
• Mendi, Larragorri, Ferosca I eta Las Américas haize-parkeak zatikatzen ditu, eta haien arteko efektu sinergiko eta metagarriak daude.
• Ez dago hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostenik.
• Eusko Jaurlaritzaren eskumena bidegabe esleitzen da proiektua izapidetzeko, Mendi eta Larragorri haize-parkeek metatutako potentzia 50 MW-tik gorakoa dela uste baitu.
• Ez dator bat Aiaraldeko Lurralde Plan Partzialarekin.
• Ez da kontuan hartu Aiaralde Eskualdeko Plan Estrategikoa.
• Ez da aztertu efektu akustikoa eta distirak hurbileko etxebizitzetan.
Bederatzigarrena.– Txosten hauek jaso ziren eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsultetan:
• Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritza. ME-06 eta ME-07 haize-sorgailuak kendu behar direla eta dorre meteorologikoa birkokatu behar dela uste du. ME-03 eta ME-05 haize-sorgailuak tokiz aldatzea eskatzen du, batasunaren intereseko habitatei (BIH) eragiten baitie. Sarbideei eta ebaluazio-lineari dagokienez, kuertzineo-masetan eraginik ez izatea eta dagoen pista leheneratzea eskatzen du. ME-04 eta ME-05 haize-sorgailuetako sarbideen trazadura aldatzea eskatzen du. Ingurumen-baldintzatzaileak ezartzen ditu.
• Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzako Museo eta Arkeologia Zerbitzua. Proiektuak duen eragin arkeologikoaren berri ematen du eta proiektuan aldaketa bat eskatzen du ME-03 kokapena kentzeko edo 400 m gutxienez lekualdatzeko Elexazar aztarnategiaren poligonotik; izan ere, eragin oso larria du horretan. Era berean, proiektu arkeologiko bat egitea eskatzen du. Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuak uste du neurri egokiak hartu direla eragindako intereseko elementuei dagokienez.
• Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzaren Saila. Onura Publikoko Mendiei (OPM) eragiten diela adierazten du, ia proiektu osoa OPM-n kokatzen baita. Beste aukera batzuk baloratzea OPMari eragitea saihesteko eta horien gaineko eraginaren balorazioetan sakontzea eskatzen da.
• Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak arrisku hauei buruzko informazioa eman zuen: baso-suteei lotutako babes zibileko arriskuak, arrisku sismikoa, teknologia-arriskuak eta uholde-arriskua. Txostena aurkeztu du haize-parkeek radar meteorologikoetan duten eraginari buruz, eta radar meteorologikoetatik 20 km baino gutxiagora parke eolikorik ez instalatzeko gomendatu du.
• Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak uste zuen neurri zuzentzaile gehigarriak aplikatu behar zirela inpaktuak arintzeko edo hobetzeko, abifaunari eta kiropteroei, intereseko landarediari, flora babestuari eta paisaiari dagokienez; era berean, metatze- eta sinergia-ondorioak, eta konektagarritasun ekologikoaren eragina aipatu zituen.
• Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Elexazar aztarnategiari eragiten diola adierazten du, ikusizko inpaktu eta inpaktu akustikoagatik eta Zirkular Aspaltza bidezidorrari eragiteagatik; hortaz, onartezintzat hartzen du M-03 kokapena.
• Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak adierazi zuen eragin txikiagoak dituzten aukeren balorazioa lehenetsi behar dela (berriz indartzekoak, eremu degradatuak, etab.) eta egokitzat jotzen diren kokalekuak agortu behar dituztela. Horrez gain, nekazaritza-lurzoruaren okupazioari eta sektorearen gaineko eraginari buruzko azterketa egin du eta erabilera ez egokia osatzen duten elementuak nekazaritza-arloan eskumena duen organoak bermatzeko beharra nabarmentzen du.
• URA-Uraren Euskal Agentziak, baldintza tekniko-administratiboak ezarri zituen, eta arroko organismoaren baimena beharrezkoa dela jakinarazi zuen, bai eta 5501 errekaren eta Berganza ibaiaren gaineko eragina aztertzeko beharra.
• Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak behar hauek adierazten ditu: ingurumenaren aldetik garrantzitsutzat jotzea etxebizitzak dituzten eremuak, eremu magnetiko eta elektrikoen modelizazioa eta kalkulua garatzea, eta eraikitze- eta eraiste-faseetan harguneek eta hornidura-sareek izan ditzaketen eraginak aztertzea.
• Amurrioko udalak Z1 Babes Bereziko sailkapena duten lurzoruei buruzko informazioa eman zuen, baita haren bateraezintasuna Hiri-antolamenduko Plan Orokorrarekin.
• Aiarako udalak alegazioak aurkeztu zituen proiektu eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren aurka, eta hauek adierazi zituen: Aiara ez izatea instalazio eolikoak ezartzeko lehentasunezko eremua, neurketa eolikorik ez egotea kokalekuan, hurbiltasun desegokia jendea bizi den baserriekin, itzalen eta argi-emisioen efektua, konexiorako baimenari buruzko ziurgabetasuna, kiropteroei eta hegazti nekrofagoei eragitea, Klima Araba 2050 Estrategiarekin bateraezintasuna, Aiara eta Aiaraldeko asetasun energetikoa Energia berriztagarrien LPSaren aurretik, egoki ebaluatu ez diren metatze-ondorioak, lurraldea asetzea eta paisaia eraldatzea, habitata zatitzea eta aniztasunean dituen ondorioak, bizi-kalitatearen eta osasun publikoaren gaineko eragina, eta nekazaritzako erabileren eta tokiko garapen sozioekonomikoaren gaineko eragina; hortaz, ebaluazio integratua eta udalaz gaindiko lurralde-plangintza eskatzen ditu. Ebaketa-zentroari dagokionez, hauek alegatzen ditu: gertuko etxebizitzen gaineko inpaktua, segurtasuna, paisaiaren gaineko eragina eta efektu bisuala, inpaktu akustikoa eta ibilguen eta uholde-arriskuko eremuen gainekoa. Besteak beste, adierazten du, ez dela kontsultarik egin edo ez dela bultzatu herritarren parte hartzea izapidetu aurretik, baita hondakinen kudeaketaren azterketan gabeziak ere daudela.
• Retevisión-ek uste du ez dela eraginik sortuko emandako zerbitzuetan.
• Adif-ek txostenean, bidegurutzeetan kontuan hartu beharreko preskripzio teknikoak eta trenbideekiko paralelismoak ezartzen ditu.
Hamargarrena.– Jasotako alegazioak eta txostenak sustatzaileari helarazi zitzaizkion, kontuan har zitzan. Horren ondorioz, 2025eko urriaren 23an sustatzaileak «Mendi haize-parkearen proiektuaren 2. aldaketa» eta «Mendi 30 kV ebaketa-zentroaren proiektua» dokumentuak aurkeztu zituen, biak 2025eko urrikoak, eta Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetako «Mendi parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa» (v02 bertsioa, 2025eko urriaren 8koa), honako aldaketa hauekin:
• Haize-sorgailuen 3 kokapen kentzea (ME-03, ME-06 eta ME-07).
• Haize-sorgailu bat tokiz aldatzea (ME-05).
• Ezarri beharreko haize-sorgailuen ezaugarriak aldatzea.
• Bideen trazadura eta erdi-tentsioko zangak partzialki aldatzea.
Epe berri bat eskatu zuen sustatzaileak proiektua eta aldatutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren jendaurreko informaziorako eta kontsultak egiteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Hamaikagarrena.– 2025eko azaroaren 11n eta 19an, hurrenez hurren, EHAAn (217. zk.) eta ALHAOn (132. zk.) argitaratu zen Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariaren 2025eko urriaren 30eko iragarkia, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira Amurrio eta Aiarako udal-mugarteetan (Araba) «Mendi» (30 MW) haize-parkeari dagozkion proiektu eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatuak, baita atxikitako azpiegiturak ere
Hamabigarrena.– Jendaurrean jarri eta aldi berean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egin zitzaien, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan zein maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Honako erakunde hauei kontsulta egin zitzaien: Arabako Foru Aldundiko Ingurumen, Kultura eta Nekazaritza Zuzendaritzak eta Errepideen eta Mendien zerbitzuak; Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; URA-Uraren Euskal Agentzia eta Konfederazio Hidrografikoa; Amurrio eta Aiarako Udalak; Larrinbe, Luiaondo eta Murgako administrazio-batzarrak; Ekologistak Martxan Araba; Arabako Natur Institutua; GADEN elkartea; SEO Birdlife; A.R. Eguzkilore; Itsas Enara Ornitologi Elkartea eta Arabako Mendiak Aske; ADIF, Retevisión, Exolum, Red Eléctrica de España, SAU, eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentes, SAU.
Hamahirugarrena.– Jendaurrean jartzeko bigarren izapidean, Ferosca Wind, S.L. enpresaren alegazioak eta pertsona partikularren 31 alegazio jaso ziren.
Alderdi hauei buruzkoak ziren alegazio horiek:
• Ferosca Wind, SL enpresak administrazio-baimenaren prozedura atzera eramateko eskatu zuen merkataritza-enpresa horrek sustatutako «Ferosca II» proiektuarekin lehiatzeko izapidera, proiektuaren aldaketak aurreproiektuen balorazioaren emaitza alda dezakeela uste baitu.
• Izapidetzeko administrazio-prozedura, 23 urteko antzinatasunarekin.
• Eusko Legebiltzarrak Legez besteko proposamena (LBP) onartu zuen 2009an; haren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion martxan zeuden haize-parkeen eta parke txikien izapideak eteteko, Euskadiko Energia Berriztagarrien LPSaren berrikuspenaren ondorioak ezagutu arte.
• Haize-energiaren 2002ko LPSa juridikoki baldintzatzen dute 20 urtetik gorako arau berriek. Ezin da aplikatu esparru juridikoa aldatu ez balitz bezala.
• Aldatutako proiektuak ez du inplikatutako alderditzat hartzen Orozkoko udalerria, poligonalean sartuta dauden arren bere landa-lurzoruaren 300 ha.
• Ingurumen-inpaktuaren azterketa urria; ez da aurkeztu paisaia- eta ingurumen-inpaktuen intentsitateari buruzko azterketarik, eta kutsadura akustikoari buruzko txostenak ez ditu aztertzen jarduketaren aurreko hondoko zarata-mailak, ez eta inguruko beste parke batzuetatik eratorritako efektu sinergikoak eta metagarriak ere.
• Eusko Jaurlaritzaren eskumen bidegabea Aiaraldeko haize-parkeak izapidetzeko, instalazioak zatikatzeagatik.
• Lurzoruaren okupazio arbitrarioa, plangintza-printzipioak eta lurralde antolamendua urratuz.
• Ez dago hirigintza-bateragarritasunari buruzko txostenik.
• Haize desegokiaren ezaugarriak aztertzea.
• Inpaktu akustikoa hurbileko etxebizitzetan.
• Zarataren modelizazioak ez dira baldintza aurkakoenetan egin.
Proiektuaren Plan Berezia izapidetzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioari buruzko alegazioak ere jaso ziren; baina, ez ziren kontuan hartu administrazio-baimenaz bestelako prozedura bati baitagozkio eta 2025eko apirilean jendaurrean jarritako proiektuaren lehen bertsioari buruzkoak zirelako.
Hamalaugarrena.– Txosten hauek jaso ziren eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten bigarren izapidean:
• Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritza. Lehen jendaurreko informazioan emandako txostenean jasotako alderdiak, oro har, baietsi eta kontuan hartu direla uste du. «IV2 – Nerbioiko Parke Linealeko Bide Berdea» proiektuari eragindako afekzioei dagokienez, alde batetik adierazten du Jasangarritasuneko Zerbitzuari baimena eskatu behar zaiola eta, bestetik, ezingo litzatekeela baimendu; bestalde, ebakuazio-biderako alternatiba bat proposatzen du. Ingurumen-baldintzak eta neurriak IIAn sartzea proposatzen du.
• Arabako Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzua. Neurri egokiak hartu direla uste du, eragindako intereseko elementuei dagokienez.
• Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzaren Saila eta Mendiak. Egindako aldaketek OPMen gaineko eraginak arintzea badakarte ere (bat datoz), aurreko txosteneko gogoetei eusten zaie eta gogorarazten du, nolanahi ere, OPMen erabilera pribatiboa edo okupazioa administrazio-emakidaren mende dagoela. Nekazaritza-sektorearen gaineko Eragina Ebaluatzeko Protokoloa gehitzen du (SEEP), eta eragindako ustiategien bideragarritasun ekonomikoan neurrizko afekzioa eragiten du.
• Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroa. Uste du ME-03 haize-sorgailua kentzeak hobekuntza dakarrela, parkeak Elexazar aztarnategi arkeologikoan duen ikusizko eraginari eta beharrezko lur-mugimenduen eragin handiari dagokienez. Hala ere, zuzeneko eragina izaten jarraitzen du parkearen barne-bidea eta zanga egokitzeak, ebakuazio-linearen zirkuitu bikoitza igarotzeko. Era berean, adierazten du komenigarria dela espezifikoki aztertzea haize-sorgailuek aztarnategiaren bisitariei eragindako afekzio akustikoa. Adierazten du Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak debekatzen duela kultura-ondareko elementuetan ikusizko kutsadura edo kutsadura akustikoa sortzen duten elementuak instalatzea.
• Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritza. Uste du proiektuan sartutako aldaketek nabarmen murrizten dutela abifaunaren zein kiropteroen espezieen hilkortasun-arriskua. Intereseko landarediari eta flora babestuari dagokienez, uste du leheneratzeko proposamena bat datorrela jendaurreko informazioaren lehen fasean adierazitakoarekin; baina, Arabako Foru Aldundiaren Ondare Naturalaren Zerbitzuarekin zehaztu beharko da. Hauek ere baloratzen ditu: paisaiaren gaineko inpaktua, konektagarritasun-ekologikoa eta metatze- eta sinergia-efektuak.
• Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza. Lehen txostenean egindako gogoetak errepikatu ditu kokapena aukeratzeko justifikazioari dagokionez. Adierazten du ez direla kaltetuko Mendi Larreetako eremuak.
• URA-Uraren Euskal Agentzia. Uste du eraikuntza-, funtzionamendu- eta eraispen-faseetan aurreikusitako jarduketak, a priori, bateragarriak izango direla lurgaineko eta lurpeko uren egoera ona mantentzearekin, eta beharrezkotzat jotzen du hauek kontuan hartzea: ingurune hidrikoan eraginik ez izateko neurriak, ibilguei lotutako landaredia, arroko organismoaren administrazio-baimenaren beharra jabari publiko hidraulikoaren gaineko pasabideetarako eta zortasun-eremuetarako, eta egon daitezkeen ur-bilketak edo isurketak.
• Amurrioko Udala. Proiektuak Babes Bereziko Eremuetan, Ingurumena eta Basoa Hobetzeko Eremuetan eta «Goikomedi Kuxkumendi Parkea» espazio libre ez-urbanoen sistema orokorrean duen eragina aztertzen du, eta ondorioztatzen du aldatutako proiektuak ez dituela betetzen Amurrioko HAPOn ezarritako antolamendu- eta erabilera-baldintzak.
• Aiarako Udala. Aldatutako ingurumen-inpaktuaren azterketan, ebakuazio-linearako alternatiben baloraziorik eza adierazten du, eta uste du aztertutako inpaktuak gutxiesten direla, oro har, bai faunari eta abifaunari, bai paisaiari, landarediari eta katalogatutako elementu arkeologikoei dagokienez. Uste du proiektuak pilatzeak eremuan nabarmen handitzen dituela talka-arriskuak. Udalerrian, goi-tentsioko linea asko metatzeak eragindako inpaktua aztertzen du. Lurpeko eta aireko tarteetako ebakuazio-lineari lotutako zortasunen definiziorik eza adierazten du. OPMen gaineko eragina erakusten du. Ebakuazio-linearen zortasun-eremuan, Batasunaren intereseko habitatak daudela eta ur-ibilguei eragiten zaiela adierazten du. Energia Berriztagarrien LPSari buruzko gogoetak egin ditu, eta aditzera eman du proiektua aukeratutako kokapen-eremuetatik kanpo planteatzen dela (AKE), eta ez datorrela bat gaitasun eoliko handiko espazio definituekin. Ebakuazio-linearako proposatutako trazadura energia eolikoa hedatzeko sentsibilitate handieneko eremu batean dagoela nabarmentzen du. Eremuan izapidetutako proiektuek ez diruditela inolako plangintzari erantzuten diotenik esaten du. Nerbioi ibaiarekiko paraleloan doan ebakuazio-linea Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LPSaren barruan sartuko dela, eta burdinbide berde batetik igarotzen dela adierazten du. Nabarmentzen du, halaber, haize-parkea 10 km baino gutxiagora dagoela Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko plan bateratuan definitutako interes bereziko eremu (IBE) eta hegazti nekrofagoak elikatzeko babesguneetatik (HEB).
• Llanteno, Murga eta Zuhatzako Administrazio Batzarrek bat egiten dute Aiarako Udalak egindako alegazioekin.
• ADIF-ek esandakoa berresten du lehen egindako txostenean eta trenbideekiko bidegurutzeetarako eta paralelismoetarako baldintzetan.
• Red Eléctrica de España, SAUk ez dago aurka, baina adierazten du Ayala-T Tubos 1 eta 2 220 kV D/C linearen kanalizazioa 27. euskarritik hurbil dagoela eta jarduketak koordinatu behar direla. Ebakuazio-linearen trazadurak bere titulartasuneko lursailei eragiten diela seinalatzen du.
• Retevisión-ek uste du ez dela eraginik sortuko emandako zerbitzuetan.
Hamabosgarrena.– Jasotako alegazioak eta txostenak sustatzaileari helarazi zitzaizkion, kontuan har zitzan. Sustatzaileak adostasuna adierazi zuen organismo hauek egindako txostenekin: ADIF, Red Eléctrica de España, SAU, Retevisión, URA-Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritza, eta Arabako Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzua.
Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostenari dagokionez, sustatzaileak ados dagoela agertu du, eta proiektuaren bertsioetako eraginen zenbaketa zehaztu du.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren txostenari dagokionez, sustatzaileak seinalatzen du sektoreko baimenak izapidetuko dituela Mendi Zerbitzuaren aurrean. Era berean, erabateko prestutasuna adierazten du proiektuaren garapenean nekazaritza-sektorearen gaineko eraginaren ebaluazioren zehaztapenak integratzeko.
Euskal Natura Ondarearen Zentroaren txostenari erantzunez, adierazten du Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritako debekua soilik aplikatzen dela babestutako kultura-ondasun baten gaineko pertzepzioak hura ikustea eragozten, zailtzen edo desitxuratzen badu, eta inguruabar horiek ez dira proiektuan gertatzen. Nabarmentzen du, halaber, egungo araudian ez dagoela atalase akustiko onargarririk. Neurri aringarri gisa proposatzen du aztarnategian audiogidak instalatzea.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren txostenari dagokionez, sustatzaileak esaten du ezin dela eskualdeko azterketa egin, proiektuaren eskala kontuan hartuz.
Amurrioko Udalaren txostenari dagokionez, sustatzaileak seinalatzen du egindako alegazioak ez daudela prozedura egokian; izan ere, hirigintza-gaietan oinarritzen da. Proiektuak Plan Berezi bat eduki behar duela esaten du, Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen arabera. Proiektua onura publikokoa izango litzatekeela nabarmentzen du, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen arabera. Proiektua bat dator Lurralde Antolamenduaren Jarraibideekin eta Amurrioko HAPO-rekin.
Aiarako Udalaren txostenari erantzunez, esaten du proiektuaren aldaketa jendaurreko informazioaren lehen fasean egindako txosten sektorialen ondorio dela, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren azterketak aldatutako elementuetan jarri duela arreta, eta ez duela barne hartzen ebakuazioaren trazadura. Udalak emandako ingurumen-gaiei erantzuten die.
Hamaseigarrena.– 2026ko urtarrilaren 29an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari ingurumen-ebaluazioaren espedientea helarazi zitzaion eta, horrekin batera, dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa, eta jendaurrean jartzeko izapideen eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitzak bidali zitzaizkion.
Ondoren, eta ingurumen-organoak eskatuta, Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostena eskatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Plan bateratuaren 6.1 artikuluan ezarritakoari dagokionez, eta 2026ko apirilaren 22an igorri zen.
Ingurumen-organoak berriro eskatu zuen 2026ko martxoaren 26an, proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren alderdi jakin batzuk zuzentzeko. Errekerimendu horri erantzunez, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketaren eranskin bat aurkeztu zuen, eta, bertan, besteak beste, lurpeko ebakuazio-linearen trazadurarako alternatiba berri bat hautatu zen, Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzak egindako proposamenean oinarrituta, Nerbioiko Parke Linealaren gaineko eragina saihesteko. Eranskin hori zuzendaritza horri bidali zitzaion, eta hark proposatutako alternatiba egokitzat jo zuen.
Hamazazpigarrena.– 2026ko ekainaren 15ean, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurreko ebazpen-proposamena bidali zuen, martxoaren 20ko 7/2026 Legegintzako Errege Dekretuaren 23. artikuluaren arabera. Ekainaren 17an, Green Devco Energy 5, S.L.U. sustatzaileak dagozkien alegazioak aurkeztu zituen eta ingurumen-organoari bidali zitzaizkion.
Hemezortzigarrena.– 2026ko ekainaren 26an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpena eman zen, «Mendi» haize-parkearen (31,2 MW) eta hari lotutako azpiegituren proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena, Green Devco Energy 5, SLU enpresak sustatuta, Amurrioko eta Aiarako (Araba) udal-mugarteetan; 2026ko irailaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (177 zk.).
Hemeretzigarrena.– Sustatzaileak sarbide- eta konexio-baimena du «Mendi» parke eolikorako, 2023ko abenduaren 1ekoa (erreferentzia-zk.: 904212187), banaketa-sarearen kudeatzaileak emanda (i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU), SET Aiala 30.000 azpiestazioan sortutako energia husteko.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritza espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna da, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).
Bigarrena.– Espedientean bete dira lege hauetan agindutako arauzko izapideak: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; eta 115/2002 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duena; honako hauekin bat etorriz egin da: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; eta 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa.
Hirugarrena.– 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukiak ondorio lotesleak izango ditu proiektuak gauzatzeko neurriei eta baldintzei dagokienez.
Laugarrena.– Aurkeztutako alegazioei dagokienez –bederatzigarren eta hamalaugarren aurrekarietan laburtuta–, bai eta toki-administrazioek eta pertsona interesdunek egindakoak ere –hamargarren eta hamabosgarren aurrekarietan adierazi den bezala–, horien edukia, sustatzaileak emandako erantzunak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta Arabako Lurralde Ordezkaritzak emandako txostena aztertu ondoren, honako hauek adierazi behar dira:
1.– Ingurumenari lotutako alegazioei dagokienez, alegazio horiek kontuan hartu ziren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena (IIA) sortu aurretik egindako ingurumen-azterketan. Jasota utzi behar da IIAk barne hartzen dituela proiektuak bete beharreko baldintzak eta ingurumen-ondorio kaltegarrietarako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak, ingurumen-organoak ezarritakoak. Zehazki, alegatu diren alderdietako batzuk hauek dira:
• Ez-betetzea EAEko nekrofagoen Baterako Plana. Ingurumen-organoak eskatuta, Plan horren 6.1 artikuluan adierazitako txostena eskatu zitzaion Arabako Foru Aldundiaren organo eskudunari. Ingurumen-organoak kontuan hartu zuen nekrofagoen gaineko eragina IIAren formulazioan.
• Eremuko beste haize-parke batzuekiko eragin sinergikoei dagokienez, Gordexolan (Bizkaia) eta Okondo eta Aiaran (Araba) dagoen «Las Américas 20» haize-parkean sustatzaileak atzera egin zuen aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera izapidetzean; hortaz, ez da kontuan hartu behar ondorio metagarriak eta sinergikoak zehazteko.
2.– Orozkoko udal-mugartea (Bizkaia) ez sartzeari edo iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean ez argitaratzeari buruz egindako alegazioei dagokienez, adierazi behar da proiektuaren lehen bertsioak eta bigarren bertsioak (Orozkoko udal-mugartetik hurbilen zeuden aerosorgailuak kendu ziren) ez zituztela barne hartzen udalerri horretan kokatutako instalazioak edo elementuak, eta eraginak Amurrio eta Aiara (Araba) udalerrietara mugatzen zirela.
Lehia-izapidean definitutako poligonalak udalerri horri eragiten ziola alegatzen da. Hala ere, poligonal horrek aurreproiektuaren eremu geografikoa baino ez zuen definitzen, proiektu eolikoen artean egon zitekeen lehiaren ondorioetarako, eta horrek ez du esan nahi behin betiko proiektu zehatzak eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketak lehia-prozeduran definitutako poligonalean sartutako azalera osoa hartu behar dutenik, behin betiko proiektua aurkeztu aurretik; aitzitik, proiektu horretan definitutako instalazio eta elementu zehatzetara mugatu behar dute.
3.– Hirigintza-izaerako eta lurralde-antolamenduarekin lotutako alegazioei dagokienez, adierazi behar da dagokion Plan Berezia izapidetzeko organo eskudunak ebatzi beharko dituela, Lurzoruari buruzko Legearen arabera.
Bestalde, haize-parkeak baimentzeko prozedurak ez du aurretiazko eskakizun gisa aurreikusten hirigintza-bateragarritasunaren txostenak aurkeztea. Ildo horretatik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluak adierazten du «artikuluan aipatutako administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe».
Hortaz, baimen honek ez du hirigintza-bateragarritasuna zehaztu behar, eta ezin zaio lotu dagokion ingurumen-izapideak egiteari; izan ere, sustatzaileak egin beharko ditu, dagokion organo eskudunaren aurrean.
4.– Benetako neurketen faltari dagokionez, eta simulazioak oinarri dituen errekurtso eolikoa kontuan hartzeari dagokionez, maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluak zehazten duenaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duena), proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena jasotzeko, besteak beste honako hau aurkeztu behar da: «energia ekoizpenaren egiaztagiri teknikoak, kokagunean bertan egindako neurketak edo korrelazio metodoak aurkeztuz».
Hortaz, aurretiazko administrazio-baimena jasotzeko, ez da kokalekuaren benetako neurririk eduki behar; izan ere, neurri horiek proiektua onesteko eskatzen dira, 115/2002 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera: «Onartua izateko aurkeztutako proiektuak industria-kalitate eta segurtasunaren alorrean aplikatzekoak diren arauak bete egin beharko ditu, betiere, elektrizitate eta industriaren alorreko legediaren arabera. Halaber, instalazio elektrikoetan aplikatzekoak diren erregelamenduetan adierazitako agiriez eta xedapenez gain, honako hau jaso beharko du: lekuan bertan 12 hilabetetik gora egindako neurketa eolikoen emaitzak, behar bezala justifikatuta».
5.– Proiektuak zatitzeko alegazioari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak baimena emateko eskumenik ez izateari dagokionez, adierazi behar da «Mendi» proiektu eolikoa proiektu independentea dela, eta bat datorrela 115/2002 Dekretuak («500 kW-eko edo gehiagoko guztizko potentzia instalatua duten aerosorgailu baten edo batzuen instalazio integratuan gauzatzen diren inbertsio-proiektuak, sare propioen bidez elektrikoki konektatuta daudenak, sarbide- eta kontrol-egitura bera partekatzen dutenak, energia propioa neurtzen dutenak eta sare orokorrera konektatzen direnak») eta Ingurumen Administrazioaren 10/2021 Legeak («energia eolikotik elektrizitatea sortzen duten instalazioak, hainbat aerosorgailuren multzo baten bidez, sare propioen bidez elektrikoki konektatuta, sarbide- eta kontrol-egitura bera partekatzen dutenak, eta energia propioa eta kontrola neurtzen dutenak») emandako definizioarekin. Izan ere, «Mendi» eta «Larragorri» proiektuek ez dute inolako interkonexio elektrikorik, eta azpiestazioetan sortutako energia husten dute; beraz, autonomia-erkidegoko organo eskudunak modu independentean izapidetu behar ditu, haren potentzia ez baita 50 MW-tik gorakoa eta ez baitu gainditzen Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremua.
6.– «Larragorri» proiektuaren sustatzailea den Green Capital Development, 147, SLU merkataritza-sozietateak aurkeztutako alegazioari dagokionez, «Mendi» haize-parkeari dagokion proiektu aldatuak erantzuna ematen diola alegazio horretan egindako eskaerari, ME-06 eta ME-07 kokapenak kendu baitziren.
7.– Ferosca Wind, SL merkataritza-sozietatearen alegazioari dagokionez, ez da bidezkoa onestea; izan ere, «Mendi» proiektuan sartutako aldaketak jendaurreko informazioaren izapideen eta egindako kontsulten zuzeneko ondorioak dira, sektoreko araudia (115/2002 Dekretua) eta ingurumen-ebaluazioaren araudia (21/2013 Legea) aplikatuz, eta erabat egokitzen dira araudira; gainera, ingurumen-ebaluazio arruntaren printzipioei erantzuten die: «Proiektua baimentzeko prozedura substantiboaren fase batean emango da informazio publikoa, hain zuzen, proiektuaren edukia, hedapena eta definizioa zehazteari buruzko aukera guztiak zabalik dauden fasean». Bestalde, 21/2013 Legearen 38. artikuluak adierazten duenez, «organo substantiboak sustatzaileari igorri zizkion jasotako txostenak eta alegazioak, hala bazegokion, proiektuaren bertsio berria eta ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan izateko».
Ezarritako izapideak beteta, Green Devco Energy 5, SLU sustatzaileak aldatutako proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aurkeztu zituen, lehen aipatutako 21/2013 Legearen 38. artikuluan adierazitakoaren arabera, hauxe adierazten baitu: «Baldin eta, informazio publikoaren eta, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egitearen izapideen ondorioz, sustatzaileak proiektuan edo ingurumen-inpaktuaren azterketan aldaketak sartzen baditu eta aldaketa horien ingurumen-eragin adierazgarriak hasieran aurreikusitakoez bestelakoak badira, berriro egingo da informazio publikoaren eta kontsulten izapidea, 36. eta 37. artikuluetan ezarritako moduan, eta, betiere, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin baino lehen.»
Bestalde, ezin da balorazio berririk egin lehia-fasean aurkeztutako aurreproiektuetan oinarrituta, eta ez da arrazoizkoa egitea; izan ere, lehia-izapidearen ondorengo jendaurreko informazioaren eta kontsulten faseetan sartutako baldintzatzaileak, alegazioa onartuz gero, bi aurreproiektuei ere aplikatuko litzaizkieke.
Horrenbestez, egindako aldaketak ingurumen-araudia bera aplikatzearen ondorio dira, eta ezin dute espedientea atzera eraman lehia-fasera, behin betiko amaituta baitago.
8.– Indarrean dagoen baimen-prozeduraren antzinatasunari dagokionez, adierazi behar da administrazioak prozedura arautuen bidez izapidetu behar dituela administrazio-baimenak, Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluak adierazten duen bezala. Proiektuaren ingurumen-ebaluazioari dagokionez, era berean adierazi behar da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen zehaztapenak jarraitu direla; bai eta lehen aipatutako Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen xedapenak ere. Hortaz, indarreko arauei jarraitu zaie, elektrizitatearen eta ingurumenaren ikuspuntu sektorialetik.
9.– Energia Berriztagarrien LPSari buruzko alegazioei dagokienez, adierazi behar da ez dela onartu behin betiko, eta dagoeneko izapidetzen ari diren espedienteei ez litzatekeela aplikatuko. Hala ere, adierazi behar da proiektua LPS horren arabera hautatutako kokapen-eremu batean (ZLS) ez kokatzeak ez lukeela nahitaez ekarriko hura baimentzea ezinezkoa izatea.
10.– «Nerbioiko Parke Lineala» Burdinbide Berdearen gaineko eraginari dagokionez, sustatzaileak, ingurumen-inpaktuaren azterketaren eranskinean, eragin hori saihesteko alternatiba bat aurkeztu zuen, eta organo kudeatzaileak egokitzat jo zuen.
11.– Alegatutako lurralde-mailako plangintza-faltari dagokionez, adierazi behar da Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legeak, 2. artikuluan, enpresa-ekimen askea aitortzen duela. Ez dagokio organo substantibo honi, eta ez da prozedura honen xedea, proiektu berriztagarrien kokalekuak zehaztea, baizik eta sustatzaileek aurkeztutako proiektu zehatzen administrazio-baimenerako eskaerak izapidetzea, eta, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezartzea.
12.– Ebakuazio-lineei lotutako zortasunak ez zehazteari dagokionez, adierazi behar da dagozkien planoetan adierazten zirela zortasun horiek. Hala ere, proiektuaren aldez aurreko administrazio-baimena baino ez denez izapidetzen, zortasunen definizio zehatza eraikitzeko administrazio-baimenaren fasean egin beharko da, behin betiko eraikuntza-proiektuan oinarrituta, eta, hala badagokio, proiektuaren onura publikoaren deklarazio-fasean.
Bosgarrena.– Proiektuak ingurumenean inpaktua izan lezakeela kontuan hartuta, IIAren ebazpen-zatiaren bigarren puntuan, proiektuaren baldintzak eta ingurumen-ondorio kaltegarrietarako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ezarri dira, ingurumen-inpaktuaren azterlanean adierazitakoez gain. Hona hemen neurriok, azaletik adierazita:
Fauna babesteko neurriak:
• Faunaren alorreko aditu batek egon beharko du obren zuinketa-fasean eta gainazaleko belar-sastrakak kendu aurretik.
• Aerosorgailu guztiek sistema automatikoak izango dituzte, detekzio, disuasio akustiko eta geldialdiko moduluekin. Lehenengo urtean, behatzaileak ere baliatuko dira, eta parkearen bizitza erabilgarrian zehar eraginkortasuna hobetuko duten gailu teknologiko berriak probatuko dira.
• Sarraskien zaintza intentsiboa, talka egiteko arriskua areagotu dezaketen toki edo baldintzen inguruan, miru gorriaren, sai zuriaren, sai arrearen eta bestelako hegazti sarraskijaleen kasuan.
• Abifaunaren jarraipen-azterlan espezifikoak egiten jarraitu behar da; zehazki, arreta berezia eskaini behar zaie miru gorriari eta sai zuriari, lanak egiten diren bitartean eta amaitu ondoren. Laginketak areagotu egingo dira miruaren eta sai zuriaren migrazio-garaian (udazken-negua eta udaberri-uda, hurrenez hurren).
• Miru gorriari dagokionez, GPS igorleekin markatu beharko dira haize-parketik hurbilen dauden etzalekuetako 5 ale gutxienez.
• Kiropteroen talka-arriskua minimizatzeko, aerosorgailuek geldirik egon beharko dute eguzkia sartu baino ordubete lehenagotik eta ilunabarraren ostean 4 ordu igaro arte, errotorearen haizearen abiadura 6 m/s-tik beherakoa denean eta meteorologia egokia denean kiropteroek hegan egiteko; hau da, euririk eta lainorik ez dagoenean eta 14 ºC-tik gorako tenperatura dagoenean, intsektuak dauden ohiko aldietan (apiriletik irailera, eta urrira ere luza daiteke, hilkortasunaren jarraipen-datuen arabera).
Batasunaren eta eskualdearen intereseko flora, landaredia eta habitatak babesteko neurriak:
• Botanikaren alorreko aditu batek egon beharko du obren zuinketa-fasean eta lur-mugimenduen fasean.
• Ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira hauek guztiak: aerosorgailuen zuinketa-faseko kokaleku zehatza, obrarako sarbideak, zangak, bideak, makinak edukitzeko guneak, eta obra-materialak pilatzeko nahiz landare-lurra aldi baterako metatzeko eremuak, baita «Mendi» ebaketa-zentroa ere.
Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza babesteko neurriak.
• Obrak egin aurretik, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren aldeko txostena jaso beharko da, ebaketa-zentroaren eta ebakuazio-linearen trazadura berriaren eta EAEko Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialaren bateragarritasunari buruz.
• Obrak hasi aurretik, sustatzaileak berariazko baimena eskatu beharko dio Nekazaritza Zuzendaritzari honako onura publikoko mendi hauen gaineko eraginari dagokionez: «Lejazar gaina» (1. zk.); «Arcillones» (16. zk.); «Ejido de Larrinbe» (64. zk.).
Lurzoruaren eta, lurgaineko eta lurpeko uren kalitatea babesteko neurriak.
• 2026ko maiatzean aurkeztutako IIAren eranskinean proiektatuta dagoenaren arabera, Nerbioi eta Izoria ibaien ibilguetan lurpeko tinkatze bidez ebakuazio-linea gurutzatzeko, arroko erakundearen nahitaezko administrazio-baimena behar da Uraren Euskal Agentziak izapidetuta; era berean, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko pasabidea egin behar da.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
• Proiektu arkeologiko bat aurkeztu beharko da. Proiektu arkeologiko horrek, aldez aurretik, honako hauek jasoko ditu: ETLLak eragindako tartea Elexazar aztarnategian induskatzea; proiektuko obrek, sarbideek eta ebakuazio-lineek dakartzaten lur-mugimendu guztien kontrol arkeologikoa egitea; QARKren azterlanean aipatutako ondare-afekzioko eremuaren barruan dauden ondasun guztiak (eraikitako ondasunak, ondasun arkeologikoak eta baso-arkeologiako elementuak) balizatzea; eta ukitutako mendi-mugarriak ateratzea, kontserbatzea eta birjartzea. Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren txostenaren arabera, udalek ezin izango dute udal-obretarako lizentziarik eman, harik eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak baimendutako proiektu arkeologiko bat izan arte.
• Eraikuntza-aztarna esanguratsuak daudela egiaztatuz gero, zangaren trazadura desbideratu beharko da, aztarnategi arkeologikoa ez zeharkatzeko, etorkizuneko mantentze- eta ikerketa-lanak oztopatuko dituen legezko zortasunik izan ez dezan.
Paisaia babesteko eta obrak lehengoratzeko neurri zuzentzaileak.
• Haize-parkea egikaritzeko proiektuak barnean hartu beharko du ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektu bat, aurreikusten bada obren ondorioz kalte egingo zaiela eremu horiei. Proiektu horrek hirugarrenek egikaritzeko adinako xehetasun-maila izan beharko du, eta benetan ukitutako eremuak lehengoratzeko jarduketa guztiak jasoko ditu. Gainera, hasierako lehengoratzearen ondorengo 5 urteetan instalatutako landare-estalkia zaintzeko eta mantentzeko kostuaren aurrekontua jaso beharko du. 5 urtean behin, lehengoratutako gainazalen bilakaera ebaluatuko da, eta lehengoratzearen arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.
Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.
• Parke eolikoak, funtzionamendu fasean, EAEko zarata-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 2. zatiko 1. eranskineko F taulako muga-balioak bete beharko ditu.
• Zarata-mailen jarraipenetik ondorioztatzen bada biztanleguneren batean edo etxebizitza isolaturen batean legez ezarritako zarata-atalaseetako bat gainditu dela, organo substantiboari eta eragindako udalari jakinaraziko zaie. Kasu horretan, zarataren jatorri den aerosorgailua edo aerosorgailuak prebentiboki geldiaraziko dira, eta sustatzaileak zarataren kausak aztertuko ditu, egindako inpaktu akustikoari buruzko azterlana berrikusiko du, eta prebentzio- eta arintze-neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie. Ekintza horiek egin ondoren berrabiarazi ahal izango da soilik haize-sorgailuaren funtzionamendua, eta, organo substantiboak berariaz jakinarazten dizkion baldintzetan.
• Egindako azterketen arabera, gauez (23:00etatik 07:00etara), ME-04 eta ME-05 haize-sorgailuek ezingo dute funtzionatu 8 m/s-tik gorako haizeekin, 107.2 dB (A) ez gainditzeko eta aldi horretan ezarritako legezko muga-balioak betetzeko. Hala ere, sustatzaileak proposatuta, neurri hori berrikusi ahal izango da, egiaztatutako entitateren batek zarata neurtzeko kanpainak egin ondoren, gauez (Ln) eta 108.5 dB (A)-ko gehieneko soinu-potentziarekin, haizearen 8,5 m/s-ko gehieneko abiadurari dagokiona.
Shadow flickerraren edo aldizkako itzalaren ondorioak murrizteko neurriak.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.
Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.
• Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta hura garatzen duen 209/2019 Dekretuan xedatutakoa beteko da; izan ere, hura garatzen du kasu hauetan: lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatietan badago edo lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan badituzte, bai eta substantzia kutsatzaileak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak daudenean ere.
• Garbiketa-lanak eta obra bukatzea.
• Konpentsazio-neurriak.
• Jarduera etetea.
• Ingurumen-aholkularitza.
Ingurumena zaintzeko programa. Honako hauen gaineko kontrola hartzen du barne:
• Obraren okupazio-mugak.
• Parke eolikoaren funtzionamendu fasean faunak izango dituen erasanak.
• Obrak egiteak Batasunaren eta eskualdearen intereseko florari, landarediari eta habitatei eragitea.
• Airearen, lurzoruaren eta, lurgaineko eta lurpeko uren kalitatea.
• Zarata.
• Itzal-efektua.
• Leheneratzearen eta konpentsazio-neurrien arrakasta kontrolatzea.
• Gorabeheren erregistroa.
• Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina. Eraikitzeko baimenaren aurretik aurkeztu beharko da.
• Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Seigarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluak ezartzen du energia elektrikoa ekoizteko instalazioek aurretiazko administrazio-baimena behar dutela. Era berean, ezartzen du hura ez dela emango, baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortzen garraio- edo banaketa-sareetara sartzeko eta konektatzeko baimenak.
Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluak adierazten du administrazio-baimenak administrazio eskudunak emango dituela, aplikatu beharreko bestelako xedapenen arabera eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzko xedapenen arabera beharrezkoak diren emakida eta baimenak alde batera utzi gabe.
Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53.7 artikuluaren arabera, Administrazio publiko eskudunak baimena ukatu ahal izango du soilik aplikatu beharreko araudian ezarritako eskakizunak betetzen ez badira edo sistemaren funtzionamendurako kaltegarria bada.
Aipatutako oinarri juridikoekin eta aplikazio orokorreko beste batzuekin bat etorriz, eta Arabako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu teknikoek egindako txostena ikusita, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkariak
EBAZTEN DU:
Aurretiazko administrazio-baimena ematea Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetan «Mendi» haize-parkearen eta hari lotutako ebakuazio-azpiegituren proiektuari (guztira 31,2 MW-eko potentzia instalatua eta Green Devco Energy 5, S.L.Uk sustatuta); honako hauek hartzen ditu barne:
• Lau haize-sorgailu, Goldwing GWH175-7.8 modeloa; 7,8 MW-eko potentzia unitarioa, 110 m-ko altuerako dorrea eta 175 m-ko diametroko hiru besoko errotorea, Amurrioko udal-mugartean.
ME-01 haize-sorgailua (koordenatuak: UTM ETRS 89 Huso 30 x: 501619, y: 4770739).
ME-02 haize-sorgailua (koordenatuak: UTM ETRS 89 Huso 30 x: 502074, y: 4770378).
ME-04 haize-sorgailua (koordenatuak: UTM ETRS 89 Huso 30 x: 503914, y: 4767777).
ME-05 haize-sorgailua (koordenatuak: UTM ETRS 89 Huso 30 x: 503995, y: 4769372).
• Dorre anemometriko autosostengatzailea, 99,5 m-ko altuerakoa, Amurrioko udal-mugartean (koordenatuak: UTM ETRS 89 Huso 30 x: 501920, y: 4770494).
• 30 kV-ko lurpeko linea, bi zirkuituk osatuta, aerosorgailuen eraldaketa-zentroak eta «Mendi» ebaketa-zentroa konektatzeko, Amurrio eta Aiarako udal-mugarteetan.
• 30 kV-ko «Mendi» ebaketa-zentroa, Aiarako mugartean. (Koordenatuak: UTM ETRS 89 Huso 30 x: 499165, y: 4770155). Linea babesteko 2 gelaxka, neurketa-gelaxka bat, irteera-gelaxka bat eta zerbitzu osagarrien gelaxka bat ditu, hormigoizko inguratzaile prefabrikatu batean instalatuta.
• Lurrazpiko ebaluazio-linea, 30 kV-koa, parke eolikoko «Mendi» ebaketa-zentrotik Set Aiala 30000 azpiestazioraino, (i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresa banatzailearen jabetzakoa), parke eolikoan sortutako energia ebakuatzeko, 50 m-ko luzerakoa eta Aiarako udal-mugarteetan.
Baldintza orokor hauek kontuan hartuta ematen da baimen hau:
1.– Eraikitzeko administrazio-baimena 15 hilabeteko epean eskatu beharko da, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Eskabidea adierazitako epean aurkezten ez bada, aurretiazko administrazio-baimena iraungitzat jo ahal izango da. Epe hori luzatzeko, ezinbestekoa izango da onuradunak eskaera arrazoitua aurkeztea eta organo eskudunak luzapena espresuki ebaztea.
2.– Exekuzio-proiektua Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak 2026ko ekainaren 26an egindako eta 2026ko irailaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (177. zk.) argitaratutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzetara eta babes- eta konpentsazio-neurrietara egokitu beharko da. Era berean, administrazioek, organismoek eta zerbitzu-enpresek kontsulta-fasean ezarritako baldintza teknikoak jaso beharko ditu. Sustatzaileak baldintza horiekiko adostasuna adierazi zuen.
Eraikuntza-proiektuak funtsezko aldaketak izango balitu jendaurrean jarritako proiektuarekin alderatuta, funtsezko aldaketa horien aurretiko administrazio-baimena eskatu beharko da; bereziki, ebakuazio-linearen azken zatiaren trazadura aldatzeak beste afekzio batzuk eragingo balitu, «Nerbioiko Parke Lineala» Burdinbide Berdeari ez eragiteko, eta ez badute eragindako eremuetako titularren edo kudeatzaileen baimena edo oniritzia.
3.– Onartua izateko aurkeztutako proiektuak bete egin beharko ditu industria-kalitate eta segurtasunaren alorrean aplikatzekoak diren arauak, betiere, elektrizitate eta industriaren alorreko legediaren arabera. Halaber, instalazio elektrikoetan aplikatzekoak diren erregelamenduetan adierazitako agiriez eta xedapenez gain, honako hau jaso beharko du: laneko arriskuen prebentzioari buruzko dokumentazioa, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako informazioa eta lekuan bertan 12 hilabetetik gora egindako neurketa eolikoen emaitzak, behar bezala justifikatuta.
4.– Sistemaren operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak bete beharko dira.
5.– Baimen honetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak ez betetzeak baimena atzera botatzea eragin dezake.
6.– Martxan jartzeko epea 2 urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera. Epe hori bukatzen bada instalazioa ustiatzeko baimena eskatu gabe, ebazpen hau iraungitzat jotzeko aukera egongo da, alde batera utzi gabe sustatzaileak heltzea Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onartzen duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuaren 25. artikuluan xedatutakoari, behin betiko ustiatzeko baimena eskuratzeko administrazio-epea luzatzeko.
7.– Ebazpen hau ematen da ezertan eragotzi gabe udal- eta foru-mailako eskumeneko baimen edo lizentziak, ez eta obrak egiteko beharrezkoak diren beste baimen batzuk nahiz aplikatzekoak diren xedapenetatik eratorritakoak ere, lurralde- eta ingurumen-antolamenduari dagozkionak bereziki, eta eskatzaileak ez da horiek lortzeko betebeharretik salbuesten. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe ematen da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Deskarbonizazioko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Arabako lurralde-ordezkaria,
JAVIER AIZPURU OCHOA DE ERIBE.
RSS