Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2026ko urriaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4390

95/2026 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Atzegi elkartearekin (Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) sinatutako hitzarmena, adimen-desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko programa bat abian jartzeko Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Atzegi elkartearekin (Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) sinatutako hitzarmena, adimen-desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko eta gizarteratzeko programa bat abian jartzeko EAEko ikastetxeetan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 5a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IŃAKI URBINA GARCÍA DE VICUŃA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 5EKO 95/2026 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA-ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ATZEGIREN (DESGAITASUN INTELEKTUALA DUTEN PERTSONEN ALDEKO GIPUZKOAKO ELKARTEA) ARTEKO HITZARMENA, DESGAITASUN INTELEKTUALA DUTEN PERTSONAK EUSKADIKO IKASTETXEETAN LANERATU ETA GIZARTERATZEKO PROGRAMA BAT ABIAN JARTZEKO, GIZARTERATZEN LAGUNTZEKO ETA HAIEN ERAKUNDEEI EMATEN DIETEN BALIO ERANTSIA KANPORATZEKO

Donostian, 2023ko urriaren 11n.

Alde batetik:

Euskal Autonomia-Erkidegoko Administrazio Orokorra – Hezkuntza Saila, (aurrerantzean, «Eusko Jaurlaritza» edo «Hezkuntza Saila») Jokin Bildarratz Sorron Hezkuntza sailburuak ordezkatuta (kargu horretarako izendatu zuten Hezkuntza sailburua izendatzeko lehendakariaren irailaren 7ko 25/2020 Dekretuaren bidez), Gobernu Batzordearen aurretiazko baimenarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuak emandako eskumenak baliatuta.

Eta, bestetik:

Atzegi, Desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea, (aurrerantzean, «Atzegi») Jose Antonio Idoeta Madariaga presidenteak ordezkatuta, egintza honetarako eskumenekin, erakundearen estatutuetan jasotako presidentetzaren funtzioekin bat.

Hezkuntza Saila eta Atzegi, halaber, «aldeak» izango dira, eta, banaka, hala badagokio, «aldea».

Aldeek hitzarmena hau («hitzarmena») sinatzeko beharrezko lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, ondorioz, honako hau

AZALTZEN DUTE:

2006ko abenduaren 13an, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Hitzarmena onetsi zuen, eta, haren mezu nagusiaren arabera, desgaitasuna duten pertsonek gaitasuna dute giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiez gozatzeko, diskriminaziorik gabe.

Aurrekoaren harira, 3. artikuluaren arabera, printzipio orokorretako batzuk dira gizartean parte hartzea eta gizarteratzea sustatzea, diskriminaziorik eza eta aukera-berdintasuna.

Zehazki, 27. artikuluak desgaitasuna duten pertsonek gainerakoen baldintza berberetan lan egiteko duten eskubidea jorratzen du.

Hitzarmenaren xedea da aurreko printzipioak betetzea eta, horretarako, desgaitasun intelektuala duten pertsonak kontratatzea ikastetxeetan, kontuan hartuta pertsona horiek zailtasun handiagoak dituztela lana lortzeko; izan ere, bereziki zaurgarriak dira desgaitasunaren kolektiboaren barruan.

Prozesua aurrera eramateko, egin beharreko lanak desgaitasun intelektuala duten pertsonen gaitasunetara egokituko dira, eta neurriak ezarriko dira bidezkoa eta gainerakoen baliokidea den soldata bermatzeko.

Horretarako, kontratatuko diren pertsonak hautatu behar dira, baita pertsona horiek beren eginkizunak gauzatuko dituzten ikastetxeak ere, herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-programa bat landu ahal izateko, hezkuntza-arlo publikoek, itunpekoek, komunitarioek eta ikusgarriek duten garrantzia azpimarratzeko, honako hauei begira:

i) Desgaitasun intelektuala duten pertsonen gizarteratze handiagoa ahalbidetzeko.

ii) Erakundeei ematen dieten balio erantsia kanporatzeko.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ditu hezkuntza-arloko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoan.

Atzegi, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea, familia talde batek sortu zuen 1960. urtean, desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideen alde egiteko.

Gaur egun, lan egiten du desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko; topagune bat eskaintzen diete, eta, horrez gain, ingurune lagunkoia sustatzen dute gizartean parte har dezaten. Horri esker, gizarte inklusibo, bidezko eta solidarioagoa sortzen laguntzen dute.

Aurrekoari begira, komenigarritzat jo da hitzarmen hau sinatzea Atzegirekin, esperientzia handia baitu desgaitasun intelektualaren arloan Euskadin, eta Euskadiko ikastetxeetan laneratu eta gizarteratzeko programak garatu nahi dira, aldez aurretik adierazitako jarduketak egin ditzan, gizarteratzen laguntzeko eta haien erakundeei ematen dieten balio erantsia kanporatzeko.

Hitzarmenaren xedeari dagokionez, Atzegik 2010ean sortutako «Pauso Berriak» programa landu eta garatu du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko ikastetxeetan desgaitasun intelektuala duten pertsonak ohiko lan-ingurunean integratzeko xedearekin.

Hitzarmena sinatu duten aldeen asmoa da Gipuzkoako Lurralde Historikoan aldez aurretik izandako esperientzia zabaldu eta garatzea Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurralde historikoetan.

Aldez aurreko esperientzia arrakastatsua dela eta, Atzegik, hitzarmena sinatzeaz gain, garatu nahi den programa pilotua zuzendu behar du. Nolanahi ere, Bizkaia eta Arabako Lurralde Historikoetako jarduketak garatzeko, Atzegik lurralde historiko horietako antzeko elkarteen laguntza izan dezake, esperientzia eta jakintzak partekatuko ditu haiekin eta lurralde horietan elkarrekin bideratuko dituzte jarduketak.

Horretarako, hitzarmenak sustatu egingo ditu, besteak beste, ikastetxeetako kontratazioa, ohiko lan-araubidean, eta pertsona horien laguntza eta jarraipena ikastetxeetan.

Kontratatzeko, gainera, funts publikoak baliatuko dira, kontratatutako desgaitasun intelektuala duten pertsonen soldatak osorik ordaindu ahal izateko, eta hitzarmenean xedatutako programa koordinatu, garatu eta haren jarraipena egiteagatik Atzegik eta gainerako elkarteek izango dituzten gastuak estaltzeko.

Aldeek adostu dute haien eskumenak baliatuko dituztela aipatutako helburuak lortzeko, eta, horretarako, hitzarmen hau sinatzen dute, 40/2015 Legearen 47. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin eta honako klausula hauekin bat:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmenaren xedea da programa pilotu bat abian jartzea, desgaitasun intelektuala duten pertsonen laneratzea ahalbidetzeko hezkuntza-arloan, lan-araubide mugagabeko lan-kontratuen bidez eta soldata duina nahiz Gizarte Segurantzako kotizazioa bermatuta.

Hitzarmenak bi helburu ditu: alde batetik, desgaitasun intelektuala duten pertsonen kontratazioa sustatzea, ohiko lan-araubidean, zerbitzu profesionalak eman ditzaten ikastetxeetan, eta, bestetik, pertsona horiei laguntzea eta haien jarraipena egitea ikastetxeetan.

Hitzarmenaren asmoa da programa garatzea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan.

Azken helburua da, 3 ikasturteko epean, adimen-desgaitasuna duten gutxienez 30 pertsonak, Euskadiko hiru lurralde historikoetakoak, zeintzuen baldintzek aukera ematen dien ikastetxeetan hainbat lan egiteko, lan-merkatuan sartzeko aukera emango dien esperientzia profesionala izatea.

Helburu hori pixkanaka lortuko da hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean. Horretarako, eta 23/24 ikasturteari dagokionez, adimen-desgaitasuna duten 10 pertsonaren lan-kontratazioaren hasierako helburua ezarri da.

Bigarrena.– Atzegiren betebeharrak.

Hitzarmenarekin bat, Atzegik hautagaien eta programan parte hartuko duten ikastetxeen hautaketa-prozesua zuzenduko du, eta, horrez gain, Gipuzkoako Lurralde Historikoan aldez aurretik izandako esperientzia Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurralde historikoetan hedatu eta garatzeko prozesuaz arduratuko da.

Hitzarmen honetatik eratorritakoa garatzeko, Atzegik programan parte hartuko duten hautagaien eta ikastetxeen hautaketa lideratzeko lana bere gain hartuko du; halaber, Gipuzkoako esperientzia Bizkaiko eta Arabako Lurralde Historikoetara hedatuko du Atzegiren antzeko bertako elkarteen bidez. Atzegik, lurralde historiko horietan dauden elkarteekin bere esperientzia eta jakintzak partekatuko ditu, programa pilotuaren faseak lortzera gidatuz.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, Atzegik, 2023/2024 ekitaldian eta, hala badagokio, hitzarmen honetan aipatzen diren gainerako urteetan, honako jarduketa zehatz hauek garatzeko betebeharra hartzen du bere gain:

i) Desgaitasun intelektuala duten pertsonak hautatzea, baldin eta haien baldintzek aukera ematen badiete ikastetxeetan lan egiteko.

Horretarako, Atzegik ziurtatuko du hautatutako pertsonek 234 ordu edo gehiagoko prestakuntza espezifikoa jaso dutela askotariko zerbitzuen laguntzailearen espezialitatean, beharrezkoa baita ikastetxe kontratatzaileetan aginduko zaizkien eginkizunak betetzeko.

ii) Hitzarmenaren xede-programan parte hartzea onartzen duten ikastetxeak bilatu eta hautatzea.

iii) Desgaitasun intelektuala duten pertsona kontratatuen jarraipena egitea eta haiei laguntza ematea, hautatutako ikastetxeetan behar bezala integratu direla eta bi aldeentzako zerbitzu egokiak eman dituztela ziurtatzeko.

iv) Parte hartu duten ikastetxeak koordinatzea eta haiei laguntzea.

Horretarako, Atzegi lankidetzan arituko da Gureak gizarte-ekonomiako enpresa-taldearekin, elkarrekin landu baitituzte hitzarmena aurrera eramango duen programaren aurreko esperientzia guztiak.

Hirugarrrena.– Ikastetxeak bilatu eta hautatzea.

Hautatutako pertsonak hartuko dituzten eta hitzarmenaren xede-programan parte hartuko duten ikastetxeak hautatzeko, deialdi bat abian jarriko da. Deialdi horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxeek parte hartu ahal izango dute.

Horretarako, Atzegik eta Hezkuntza Sailak, oinarri batzuk ezarriko dituzte, eta bertan finkatuko dira parte hartuko duten itunpeko ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak, ikastetxe egokienak hautatzeko erabiliko diren balorazio-irizpide eta -elementuak eta ikastetxeen betebeharrak.

Prozesu hori 2023/2024 ikasturtean zehar egingo da, eta hautatutako pertsonak hartuko dituzten lehen ikastetxeak hautatzearekin batera amaituko da.

Deialdian ikastetxeen parte-hartzea sustatzeko, Atzegik bere webgunean argitaratuko du, eta Hezkuntza Sailak, berriz, deialdiaren berri emango die bertan parte har dezaketen itunpeko ikastetxeetako zuzendariei.

Ikastetxeen eskaerak eta dokumentazioa jaso ondoren, Atzegik eskaerak baloratuko ditu, oinarrietan ezarritako irizpideekin bat.

Prozesuari amaiera emateko, Atzegik, Eusko Jaurlaritzari bidaliko dio, hark onar dezan, kontratatu beharreko desgaitasun intelektuala duten pertsonen izenak, ikastetxe parte-hartzaileak eta parte-hartzaile bakoitzaren xede-ikastetxeak.

Aldi berean, Atzegik abian jarriko du kontsulta-prozesu bat hezkuntza-arloko sail eskudunaren mendeko ikastetxe publikoekin, desgaitasun intelektuala duten pertsonek ase ditzaketen zerbitzu-beharrak dituzten ikastetxeak hautemateko, eta, hauteman ondoren, hitzarmenaren xede-programan parte hartzeko ikastetxe egokienak iradokitzeko.

Horretarako, hezkuntza Sailak behar duen informazio eta lankidetza guztia emango dio Atzegiri, ikastetxe egokienak eta hauen beharrak zehazteko.

Atzegik, Eusko Jaurlaritzari iradokiko dio ikastetxe egokienak zein diren, Eusko Jaurlaritza, dagozkion bideei jarraikiz, ikastetxe horietan identifikatutako beharrak asetzeko zerbitzuen kontratazioa abiaraz dezan, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezientzat gordetako kontratuen lizitazioaren bidez (SPKLaren 4. Xedapen Gehigarria), zerbitzuak ematen has daitezen 23-24 ikasturtean zehar.

Bi prozesuak aldizka errepikatuko dira, lehenengo klausulan ezarritako kontratazio-helburua lortu arte.

Laugarrena.– Sinatu beharreko lan-kontratuak.

Hitzarmenaren xede-programan parte hartuko duten itunpeko ikastetxeek dagozkien lan-kontratuak sinatu beharko dituzte programan parte hartuko duten desgaitasun intelektuala duten pertsonekin.

Bestalde, ikastetxe publikoei dagokienez, eta Hezkuntza Sailak hirugarren klausularen bigarren apartatuan xedatutakoarekin bat kontratatuko dituen zerbitzuei dagozkien lizitazioen pleguetan zehaztutako baldintzetan, enpresa esleipendunek dagozkien lan-kontratuak sinatu beharko dituzte programan parte hartuko duten desgaitasun intelektuala duten pertsonekin, zerbitzuak ematen hasi aurretik.

Kasu bakoitzean sinatu beharreko lan-kontratuak (bai itunpeko ikastetxeek, zuzenean kontratatzen dituztenean programan parte hartuko duten pertsonak, eta bai parte-hartzaileek gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziekin sinatutakoak, baldin eta zerbitzuak ematen badituzte hirugarren klausularen bigarren apartatuan aipatutako ikastetxe publikoetan) lanaldi partzialekoak izango dira, hau da, egunean 4 orduko jardunekoak, eta dagokion soldata ordainduko da hitzarmen kolektibo aplikagarriekin bat. Edonola ere, soldata ez da inolaz ere izango lanaldi osoko langile batek indarrean duen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 50 baino txikiagoa.

Bosgarrena.– Ezagutza transmititzea eta programa abian jartzea Bizkaiko eta Arabako Lurralde Historikoetan.

Hitzarmenaren eta garatu nahi duen programaren jatorria eta oinarria Atzegik, Gureak erakundearekin lankidetzan, Gipuzkoako Lurralde Historikoan egindako lana da.

Hitzarmena sinatzen dutenen asmoa da aurretiazko esperientzia positibo hori hedatzea Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten gainerako lurralde historikoetara.

Lurralde horietako garapen- eta aurrerapen-maila ezin direnez alderatu, programa pixkanaka garatuko da Bizkaiko eta Arabako Lurralde Historikoetan.

Horretarako, Atzegik lortutako esperientzia eta ezagutza transmitituko ditu aldez aurretik, eta prestakuntza emango die Bizkaiko eta Arabako Hurralde Historikoetako antzeko elkarteetan programaren arduradun izendatutako langileei.

Halaber, Atzegik elkarteei lagunduko die programan parte hartuko duten desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako prestakuntza-ikastaroak eta aldez aurreko praktikaldiak prestatzen.

Arabako eta Bizkaiko antzeko elkarteei ezagutza hori transmititzearen helburua da, etorkizunean elkarte horiek beren gain hartzea desgaitasun intelektuala duten pertsonen jarraipen eta laguntza emate lanak, bai eta beren lurraldeetako ikastetxeen koordinazio- eta laguntza-lanak burutzea ere.

Elkarte horiek eginkizun horiek beren gain hartu dituztela egiaztatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak laguntzen eta dirulaguntzen mekanismo egokiak antolatuko ditu jarduera horien kostua ordaintzeko.

Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzaren betebeharrak.

Kontratatutako pertsonen beharrei erantzuteko soldata nahikoa jasotzeko, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzetarako prozedura egokiak sustatuko ditu programan parte hartzen duten itunpeko ikastetxeentzat, hauen parte-hartzea sustatzeko, langile horien kontratazioaren kostua ordainduz.

Hezkuntza sailak konpromisoa hartzen du erreserbatuen modalitatean zerbitzuak emateko kontratuen lizitazio-prozesuak abian jartzeko (Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 4. Xedapen gehigarria), hirugarren klausularen bigarren paragrafoan adierazitako baldintzetan.

Era berean, Atzegik agintzen zaizkion zereginetatik sortzen diren kostuak estaltzeko, Eusko Jaurlaritzak jarraian deskribatzen diren zenbatekoak ordainduko dizkio Atzegiri, 2023-2024 ikasturteari dagokionez:

a) Programan parte hartzen duten lehenengo 10 pertsonak hautatzeko, parte hartzen duten lehen 10 ikastetxeak bilatzeko eta 2023/2024 ikasturtean pertsona horien jarraipena eta etengabeko laguntza egiteko zereginei dagokienez, gehienez ere 80.000 euro.

b) Bizkaiko eta Arabako Lurralde Historikoetan dauden antzeko elkarteetako langileei esperientzia eta lortutako jakintza transmititzeko zereginei eta prestakuntza emateari dagokienez, eta elkarte horiei laguntzeari dagokionez, programan parte hartuko duten eta adimen-desgaitasuna duten pertsonek jaso behar dituzten prestakuntza-ikastaroak eta aldez aurreko praktikaldiak prestatzeko, gehienez ere 40.000 euro.

Lehenengo ikasturteko ordainketei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 40.000 euroko lehen ordainketa egingo du 2023ko azaroaren 30a baino lehen.

Gainerako zenbatekoa (gehienez ere 80.000 euro), Atzegik egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa (memoria ekonomikoa eta diruz lagun daitezkeen jarduerak) bidali ondoren ordainduko da, 2024ko ekainaren 30a baino lehen.

Memoria horiei langileen nominak erantsiko zaizkie, baita funtzionamendu- eta berritze-gastuak ere.

Zazpigarrena.– Ez betetzea.

Aldeetako batek ez baditu bere betebeharrak betetzen, bete dituen aldeak bete ez diren betebeharrak nahitaez bete daitezela eskatu ahal izango du, edo, bestela, hitzarmena suntsiaraz dadila eskatu ahal izango du. Bi kasuetan, nolanahi ere, kalte-galera eta/edo erantzukizun aplikagarriak eskatu ahal izango ditu.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.

Alde sinatzaileek adostu erabaki dute hitzarmenaren jarraipen-batzordea eratzea adostutako eta ordenamendu juridikoak ezarritako konpromiso eta betebeharrak betetzeko; xedatutako aurreikuspen eta konpromisoak zuzen egikaritzen direla ziurtatzeko; hura zorrozki betetzeko neurriak proposatzeko; hitzarmenaren jarraipena egin, hura garatu, kontrolatu eta jakinarazteko beharrezko jarduketa guztiak koordinatzeko; eta hura aplikatu ondoren sor daitezkeen eztabaidak ebazteko. Honako huek osatuko dut batzordea:

i) Hezkuntza-arloko sail eskuduneko Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendaria.

ii) Hezkuntza-arloko sail eskuduneko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria.

iii) Atzegik izendatutako bi kide.

Jarraipen-batzordeak funtzio hauek izango ditu:

i) Aldeen betebehar eta konpromisoak zorrozki betetzen direla egiaztatzea eta aldeen eskumeneko espedientearen bilakaeraren berri ematea.

ii) Hitzarmenean xedatutakoaren jarraipenaz eta kontrolaz arduratzea.

iii) Mugarri nagusien eta aurreikusitako jardueren aurrerapena ezagutu eta baloratzea.

iv) Hitzarmenaren xede-konpromisoen garapena eta egikaritze-maila aztertzea, emaitzak ebaluatzea eta sor daitezkeen zailtasun eta arazoekin lotutako neurri zuzentzaileak proposatzea.

v) Urte eta ikasturte bakoitzerako helburu eta jarduketak zehaztea, hitzarmenaren indarraldian zehar.

vi) Eusko Jaurlaritzak urtero ordaindu beharreko zuzkidura eta ekarpen ekonomikoa proposatzea, programa ezartzeko gastuak estaltzeko.

vii) Zalantzarik izanez gero, hitzarmenaren edukia interpretatzea.

viii) Hitzarmen aplikatzeko orduan sor daitezkeen desadostasunak konpontzea.

Jarraipen-batzordea aldeek eskatuta bilduko da, eta, edonola ere, hiruhilekoan behin.

Lehenengo saioan, presidentea eta idazkaria aukeratuko dira kideen artean.

Hitzarmen honetan jarraipen-batzordearentzat berariaz aurreikusi ez den guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren estatu-mailako 40/2015 Legearen Atariko Tituluko II. Kapituluko 3. Atalean araututako kide anitzeko organoen araubidea aplikatuko da.

Aurrekoa gorabehera, hitzarmenaren xede-programan parte hartuko duen itunpeko ikastetxe bakoitzak kontratatutako pertsonaren koordinatzaile edo tutorea izendatu beharko du. Pertsona hori arduratuko da jarraipenaz eta Atzegi nahiz Hezkuntza Sailarekiko bitartekaritzaz, baita kontratatutako pertsonari eta haren jardunari begira sor daitekeen gorabehera oro jakinarazteaz ere.

Bederatzigarrena.– Miszelanea.

Hitzarmen honek eragina izango du formalizatzen den unetik bertatik.

Hitzarmena bi aldeek adostuta baino ezingo da aldatu, eta hasiera batean, hiru urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita, betiere bigarren eta hirugarren urterako aurrekontu izate nahikoa badago.

Adenda bidez ezarriko dira bigarren eta hirugarren urterako ekarpen ekonomikoak eta euren ordainketa modua.

Aurrekoa gorabehera, aldeek adostu dute beste urte betez luzatzeko aukera, hiru urteko hasierako epea amaitu baino lehen.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, hasierako hiru urteko epea bete baino lehen (edo adostu litekeen luzapena baino lehen), Hitzarmen honen bostgarren klausulan aipatzen diren helburuak, hau da, laneratzea eta programaren berri ematea zein programa abian jartzea, erabat betetzen badira, hitzarmenak indarraldia galduko du, eta une horretan hitzarmen berriak sinatu beharko dira eta hitzarmen honen estipulazioak egokitu beharko dira, Atzegiri eragiten dioten gaiei eta betebeharrei dagokienez.

Eta bat datozela adierazteko, alde biek honako hitzarmen hau formalizatzen dute, ale bitan eta efektu bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

Atzegiko presidentea,

JOSE ANTONIO IDOETA MADARIAGA.


Azterketa dokumentala