Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2026ko urriaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
4388

AGINDUA, 2026ko urriaren 2koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, 2026ko ekitaldia ixteko eragiketei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen 2026ko ekitaldiko aurrekontuak likidatzeko lanak eta urteko kontuak egitekoak bizkortzeko eta kontabilitate-prozesuan parte hartzen duten organoen artean koordinatzeko, ekitaldia ixteko eragiketak arautu behar dira.

Ondorioz, Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 313/2024 Dekretuak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Erakunde hauek 2026ko ekitaldia ixte aldera egin behar dituzten eragiketetan aplikatuko da agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, eta administrazioko organismo autonomo hauek: Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundea (HABE), Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP), Estatistikako Euskal Erakundea (Eustat), Emakumearen Euskal Erakundea (Emakunde), Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (Osalan), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, Kontsumoko Euskal Institutua (Kontsumobide), Lehiaren Euskal Agintaritza eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua (Gogora).

2. artikulua.– Kontabilitate-agiriak hartzeko datak.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak data hauetan hartuko ditu, beranduenez, 2026ko ekitaldiari dagozkion kontabilitate-agiriak:

1.– 2026ko urriaren 23ra arte:

a) Aurrekontu-aldaketen agiriak, salbu eta I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak, eta kontabilitate-egozpena doitzeko beharrezkoak diren aldaketa teknikoak.

b) Kudeaketa-fase bereizietan exekutatu behar diren gastuen baimenei dagozkien «A» agiriak, salbu eta I. kapituluko gastuei eragiten dietenak eta nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak direnak.

2.– 2026ko azaroaren 11ra arte:

a) II. eta VI. kapituluetara egotzi behar diren kontratuen «D» eta «AD» agiriak, abenduaren 31ra arte exekutatu behar diren kontratu txikienak barne (fase bereizietan izapidetu beharko dira nahitaez). Salbuetsita geratzen dira funts aurreratuen araubidearen bidez izapidetutako kontratu txikiak.

b) Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzen gastu-kontuetarako funts-bidalketei eta funts aurreratuen birjartzeei dagozkien «ADO» agiriak.

3.– 2026ko azaroaren 25era arte:

a) IV. eta VII. kapituluetara egotzi behar diren dirulaguntzei dagozkien «AD», «D» eta «DO» agiriak, bai eta kapitulu horietako «A osagarri negatiboa» eta «A» agiriak ere, hileroko ordainketei dagozkienak eta ikasturteari (2026-2027) erreferentzia egiten dioten dirulaguntzen deialdiak izan ezik.

b) Gastu-espedienteak «aurrez izapidetzeko A» agiriak.

c) Organismo autonomoei, zuzenbide pribatuko ente publikoei, sozietate publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioei eta partzuergoei egindako transferentzien «AD», «D», «O» eta «DO» agiriak (IV. eta VII. kapituluetara egotzi behar zaizkie transferentziok), eta organismo autonomoetan kapitulu horietara egotzi behar diren «R», «RI» eta «MI» agiriak, salbu eta diru-sarrerak bermatzeko errentari eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerei dagozkien transferentzienak.

d) VIII. kapitulura egotzi beharreko gastuen «D», «O», «DO» eta «ADO» agiriak, salbu eta langileentzako maileguei dagozkienak.

e) Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren desjabetze-kontuaren funtsak birjartzeari dagozkion «DO» agiriak.

4.– 2026ko abenduaren 11ra arte:

a) Gastu-espedienteak «aurrez izapidetzeko D» agiriak eta «aurrez izapidetzeko AD».

b) Nomina-aurrerakinen eta langileentzako maileguen «ADO» agiriak. Ondoren izapidetzen direnak hurrengo ekitaldira egotziko dira.

c) «D» eta «DO» agiriak, IV. eta VII. kapituluei egotz dakizkiekeen dirulaguntzei dagozkienak, hileko ordainketei edo ikasturteari erreferentzia egiten dioten dirulaguntzen deialdiei dagozkienak (2026-2027).

d) Txeke bidezko diru-sarrerei dagozkien «RI» eta «RE» agiriak. Ondoren jasotzen direnak hurrengo ekitaldira egotziko dira.

5.– 2027ko urtarrilaren 20ra arte:

a) Aurreko apartatuetan berariaz aipatu ez diren «AD», «D», «DO», «O», eta «ADO» agiriak, salbu eta artikulu honen 6. apartatuan adierazten direnak.

b) Nominetako gorabeherak zuzentzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

c) Funts aurreratuen kargurako ordainketetarako kontu delegatuak ixteko dokumentazioa, bat etorriz Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuarekin eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2022ko uztailaren 4ko Aginduarekin, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funts aurreratuen araubideari buruzkoa baita.

d) Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren desjabetze-kontua ixteko dokumentazioa, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekainaren 20ko 2/06 Zirkularraren arabera.

e) 2026ko abenduaren 31ra arteko eskubide onartuak eta, hala badagokio, haien sarrerak likidatzeko agiriak, jasanarazitako BEZa duten eragiketei dagozkienak, eta haien kontabilitate-agiriak.

6.– 2027ko urtarrilaren 29ra arte:

a) VI. kapitulura egotzi behar diren obra-ziurtagiriei dagozkien «O» agiriak.

b) Hezkuntza Sailarenak diren baina autonomia finantzarioa duten ikastetxeen gastuak eta sarrerak likidatzeko agiriak, bat etorriz Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 1999ko azaroaren 25eko 4/99 eta 2000ko urriaren 19ko 2/00 zirkularretan ezarritakoarekin.

c) Hezkuntza Saileko ordezkaritzen gastuetarako kontu baimenduak ixteko agiriak, bat etorriz Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2007ko urtarrilaren 30eko 2/07 Zirkularrean ezarritakoarekin.

d) 2026ko abenduaren 31ra arteko eskubide onartuak eta, hala badagokio, haien sarrerak likidatzeko agiriak, bai eta egun horretara arte jasotako fidantzak eta gordailuak likidatzekoak ere, eta haiei dagozkien kontabilitate-agiriak.

e) Artikulu honen apartatuetan berariaz jasota ez dagoen kontabilitate-agiri oro.

f) 2026rako programatutako helburuen betetze-mailari buruzko memoria.

3. artikulua.– Ordainketen eta sarreren itzulketak.

1.– 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2026ko eta lehenagoko ekitaldiei dagozkien ordainketen itzulketa guztiak uneko aurrekontuko sarreratzat joko dira, eta, beraz, 332.00 kontzeptura («Itzulketak») egotziko dira.

2.– 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, 2026ko eta lehenagoko ekitaldiei dagozkien sarreren itzulketa guztiak uneko aurrekontuko gastutzat joko dira.

4. artikulua.– Urteko kontuak egiteko dokumentazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren organismo autonomoen urteko kontuak egiteko, Kontrol Ekonomikoko Bulegora bidali behar da, 2027ko otsailaren 1a baino lehen, «Aribideko ibilgetu materialak», «Ibilgetzeetarako aurrerakinak» edo «Bestelako entitateentzat eraikitako edo eskuratutako aktiboak» kontzeptuetan erregistratuta dauden eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaitu diren obra-espedienteei buruzko dokumentazio elektroniko hau:

– Inbertsioen behin betiko harrera-akta, edo, hala badagokio, inbertsioak amaitu izanaren justifikazio-memoria, organo eskudunak sinatua; kasu batean zein bestean, harrera-eguna eta hartutako inbertsioaren zenbatekoa adierazi beharko dira. Obra-proiektuak izanez gero, dokumentazio hori ez da bidaliko obra bera amaitu arte, salbu eta obra egiten ez bada; halakoetan, horren berri eman beharko da.

– Behin betiko ibilgetuaren zenbakia eta azpizenbakia, egindako inbertsioa horra egozteko.

– Obrak amaitzeko aurreikusi den data berria, baldin eta 2026ko abenduaren 31n inbertsioak amaitu gabe badaude.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 2a.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala