
200. zk., 2026ko urriaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (136 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4386
1533/2026 EBAZPENA, irailaren 18koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Pertsonen eta Talentuaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi publikoa egiten baita izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko Familiako eta Komunitateko Medikuntzako irakaskuntza-koordinatzailearen lanpostua, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Irakaskuntza Unitatean, Lehen Mailako Arretako zuzendariordetzan, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, Gipuzkoan.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako Lehen Mailako Arretako zuzendariordetzan, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Irakaskuntza Unitatean (Gipuzkoa), Familiako eta Komunitateko Medikuntzako irakaskuntza-koordinatzaile lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, bat etorriz Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoko Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan xedatutakoarekin, Langileen eta Talentuaren Zuzendaritza honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea aipatutako lanpostua izendapen askez hornitzeko, oinarri hauen arabera
OINARRIAK
Lehenengoa.– Lanpostuaren atxikipena.
Atxikipena: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia, Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza, Lehen Mailako Arretako Zuzendariordetza, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Irakaskuntza Unitatea (Gipuzkoa).
Lanaldia: Zatitua.
Hizkuntza-eskakizuna: 2. HE (derrigortasun-data: 2005-06-01).
Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Estatutupeko langilea, funtzionarioa edo langile lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan, eta lanpostua izatea familiako medikuen kategorian.
b) Jabetzan izatea Medikuntzako lizentziatura, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako espezialitatean.
c) Gutxienez 2 urteko lan-esperientzia izatea administrazio publikoan A1 lanbide-taldean.
d) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuko eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskara Planeko gainerako baldintzak.
Hirugarrena.– Lanpostuaren eginkizunak.
Lanpostuaren eginkizunak izango dira Familiako eta Komunitateko Arretako prestakuntza espezifikoa kudeatzea, eta Gipuzkoako Irakaskuntza Unitate Multiprofesionalean Familiako eta Komunitateko Arretako Prestakuntza Sanitario Espezifikoa planifikatzeko, antolatzeko, kudeatzeko eta gainbegiratzeko jarduerak zuzentzeko eginkizunak izango ditu.
Laugarrena.– Baloratuko diren merezimenduak.
– Familiako medikuntzako profesional gisa gutxienez 5 urteko esperientzia izatea.
– Esperientzia izatea Erizaintzako eta Medikuntzako egoiliarren kudeaketa-, plangintza- eta prestakuntza-jardueretan.
– Esperientzia izatea egoiliarrak tutorizatzen.
– IKTei eta horiek irakaskuntza-ingurunean duten aplikazioari buruzko ezagutzak izatea.
Era berean, lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein merezimendu aurkeztu ahalko da.
Bosgarrena.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango dute, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Interesdunek Zuzendaritza Nagusiko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko dute eskabidea (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiekin eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera.
Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, langile lan-kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
– Merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
Zazpigarrena.– Balorazio Batzordea.
Balorazio Batzordea osatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluak ezarritakoaren arabera; bada, horren burua Hautaketako eta Horniketako zuzendariordea edo haren ordezkoa izango da eta kide hauek izango ditu: Lehen Mailako Arretako zuzendariordea eta Arabako Lehen Mailako Arretako Zuzendariordetzako Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Irakaskuntza Unitateko familiako eta komunitateko medikuntzako irakaskuntzako koordinatzailea (azken horrek idazkari gisa jardungo du eta hitza eta botoa izango ditu).
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horien berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta emango dira lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia hutsik uzteko kontuan hartutako arrazoiak.
Zortzigarrena.– Hautaketa-prozedura.
Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.
Bederatzigarrena.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpena.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendariaren ebazpenaren bidez amaituko da honen bidez hasitako prozedura (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea). Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.
Hamargarrena.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 18a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren zuzendaria,
JOSUNE RETEGI ORMAZABAL.
RSS