
200. zk., 2026ko urriaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (170 KB - 8 orri.)
- EPUB (137 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4382
156/2026 DEKRETUA, 2026ko urriaren 6koa, zeinaren bidez «Juan de los Toyos» Lanaren Saria arautzen baita.
«Juan de los Toyos» Lanaren Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea eta saritzea edozein lanetan, lanbidetan edo ogibidetan jokabide eredugarria izan duten pertsonak, kolektiboak edo entitateak, baita lana duintasun- eta berdintasun-baldintzetan sustatzen nabarmen lagundu dutenak ere, hartara ahalbidetu bada, era berean, jarduera ekonomiko lehiakor, jasangarri eta arduratsua bultzatzea eta lan-harreman egokiak izatea enpresa-proiektuak garatzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko.
Sariaren izena Juan de los Toyos jauna oroitzeko hautatu da. Juan de los Toyos jauna Barakaldon jaio zen, 1890ean, eta sindikalista eta Eibarko Udaleko zinegotzia izan zen. Eibarren, josteko makinak ekoizteko ALFA kooperatibako gerentea izan zen. Hamabi urtean, Aurreikuspen Institutu Nazionaleko Langileen eta Patronalaren Aholku Batzordeko kidea izan zen (Comisión Asesora Patronal – Obrera del Instituto Nacional de Previsión). Esperientzia erabakigarria izan zen hura haren ibilbidean. 1936ko urriaren 7an, lehenengo Eusko Jaurlaritzako Laneko, Aurreikuspeneko eta Komunikazioetako sailburu izendatu zuten. Kargu horretan zegoela, langileen enplegu-bulegoak jarri zituen martxan; Lan Kontseilua ere bai, zeina parte hartzeko eta sindikatuak eta patronalak Eusko Jaurlaritzarekin elkartzeko organoa baitzen; Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren aitzindaria izan zen, eta langileen nahitaezko langabezia-subsidioa sortu zuen, hura aplikatu ahal izateko enpresek (AHV, Basconia eta Echevarría) lan egiteko ikatzik edo elektrizitaterik ez zutenerako. Gainera, bera arduratu zen gizarte-aseguruei buruzko gaiez (besteak beste, amatasun-aseguruaz), gerra-pentsioak antolatzeaz eta mutualitateen aurreko Euskadiko Lan Istripuen Kutxa sortzeari buruzko azterketaz.
Gobernu-taldearekin, garai hartako lan-harremanen eremua berritu zuen, eta, Agirre lehendakariarekin batera, enplegu-planak sortzeko eta birkokatzeko bulegoen aurrekaria ezarri zuen. Agirre lehendakariari Kataluniako erbestean ere lagundu zion Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa egiten; xede horrekin, Juan Graciaren sailaren zati handi bat hartu zuen bere ardurapean; Gracia ere, bera bezala, sozialista zen. Bartzelonan zela, langileen errolda bat sortzea pentsatu zuen besteak beste, etorkizuneko lan-poltsa izateko gisan. Gerraren erdian, Bizkaian, langileak tunelak eta lubakiak egiten jarri zituen langabeziari aurre egin ahal izateko.
Mexikoko Colegio Madrid eskolan jardun zuen, kontulari gisa, eta Mexikon hil zen, 1965ean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren ezaugarria izan da eta da aberastasuna sortzeko eta ongizateari eusteko formulatzat hartzea lanaren eta esfortzuaren kultura. Historiak erakusten duen moduan, lanak inoiz ez bezalako garapen ekonomikoa ekarri dio gure gizarteari.
Gaur egun, lana aipatzean –Gizarte Eskubideen Europako Zutabeak eta Estatuko eta autonomia-erkidegoetako gainerako arauek (bereziki, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legeak) agerian uzten duten bezala– lan duinaz ari gara, eta honela ulertu behar da: lan-jarduera bat da; jarduera hori irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan egiteko aukera dago; familia-kontziliazioarekin bateragarria da; bidezko diru-sarrera baten truke egiten da; lantokiko segurtasuna, gizarte-babesa eta garapen pertsonalerako, partaidetzarako eta aukera-berdintasunerako abagunea ematen ditu, eta gizartean txertatzen laguntzen digu.
Lanaren balioak aitorpena merezi du, eta halaxe erakusten da norberaren lanean bertan eta pertsonek zein entitateek lan hori finkatzeko eta, azken batean, gizarte demokratikoagoa eta bidezkoagoa lortzeko egiten duten ekarpenean.
Ildo horretatik, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legeak kalitatezko enplegu osoa bultzatzea du helburu, eta lan duina zer den definitzen du. Horretarako, enplegu-politika publikoen alde egiten du, hain zuzen ere, eta besteak beste, lan duina izateko eskubidea bermatzeko eta kalitatezko enplegua sortzea eta sustatzea ahalbidetu eta bultzatzeko. Helburu hori botere publikoentzat da, baina baita pertsona fisikoentzat, pertsona juridikoentzat eta entitateentzat ere.
Sari horren bidez, pertsona eta entitate horiei aitortzen zaie beren ibilbidean asmo horien eta, azken finean, lanaren duintasunaren, berdintasunaren eta kalitatearen alde egin duten ekarpen erabakigarria.
Horrenbestez, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta 2026ko urriaren 6an egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Dekretu honen xedea «Juan de los Toyos» Lanaren Saria sortzea eta arautzea da.
2.– Sariaren helburua da jendaurrean aitortzea pertsonek eta entitateek lan-arloan egindako jarduketa nabarmena, bai eta lanaren duintasunari, berdintasunari eta kalitateari egin dieten ekarpena ere.
2. artikulua.– Sariaren ezaugarriak.
1.– Saria pertsona fisiko edo juridiko publikoek zein pribatuek jaso ahal izango dute, baldin eta, beren jarduketaren eta ibilbidearen bitartez, nabarmen laguntzen badute edo lagundu badute gure gizartean lanaren kultura eta lanaren duintasuna, berdintasuna eta kalitatea sustatzen –jarduera ekonomiko lehiakor, jasangarri eta arduratsu baterako ezinbesteko elementutzat hartuta– edo langileen aberastasuna sortzeko eta lan-baldintzak hobetzeko lan-harremanak sustatzen.
2.– Epaimahaiaren ustez horretarako merezimendu aski egiaztatzen duen pertsonari edo entitateari emango zaio.
3.– Saria hau izango da: ohorezko aintzatespen bat, aitorpen publiko bat (oroitzapenezko elementu bat emanda) eta diru kopuru bat (deialdietan eguneratu egingo da).
Era berean, saritutako hautagaitza eta saria jaso ahal izateko ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu duten gainerako hautagaitzak sailaren webgunean ezagutaraziko dira.
3. artikulua.– Deialdia.
Sariaren deialdia urtero egingo da. Urteko deialdia lanaren arloko sailburu eskudunaren agindu baten bidez egingo da. Deialdiaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta bertan jasoko dira deialdiaren xedea, hautagaitzak aurkezteko epea, sariaren zenbatekoa eta epaimahaikideen izendapena.
4. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea.
1.– Hautagaitzak edozein pertsona fisiko edo juridikok aurkez ditzake, publiko zein pribatuk, bere merezimenduengatik saria jaso dezakeen norbaiten alde.
2.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.3 eta 13. artikuluetan adierazitako gorabeheraren bat duten pertsona fisikoak edo juridikoak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan berariaz dagoen inprimakia erabiliz aurkeztu behar dira hautagaitzak. Eredu hori nahitaez erabili beharko da kasu guztietan.
Pertsona juridikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz aurkeztu behar dituzte hautagaitzak.
Pertsona fisikoek, berriz, ez baitira hor sartzen, aukera dute hautagaitza telematikoki aurkezteko, egoitza elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre, gaitutako herritarrentzako arreta-bulegoetan.
4.– Hautagaitzarekin batera memoria bat aurkeztu behar da, aintzatespena jaso nahi duen hautagaiaren ezaugarriak eta xehetasunak zein diren azaltzen duena, bai eta memoria horretan jasotako informazioa egiazkoa dela egiaztatzeko behar diren dokumentu guztiak ere, edo saria lortzeko epaimahaiak baloratu beharrekoak direla iritzitakoak.
5.– Urteko deialdiaren aginduak ezartzen duen epean aurkeztu behar da hautagaitza. Epe hori ezin izango da hilabetetik beherakoa izan agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.
5. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Saria merezi duen hautagaitza ebaluatzeko eta aukeratzeko, epaimahai bat eratuko da, urtero. Lan-munduarekin lotutako bost pertsonak osatuko dute, eta deialdiaren aginduan izendatuko dira.
2.– Epaimahaiko titularren baten kargua hutsik badago, titularra bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, ordezkoek ordezkatuko dituzte epaimahaikideak.
3.– Epaimahaia balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, gaiak eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, gutxienez hiru kidek egon beharko dute bertan, eta ezinbestekoa izango da haien artean epaimahaiburua eta idazkaria egotea, edo haien ordezkoak.
4.– Erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko dira, eta, berdinketarik izanez gero, epaimahaiburuak ebatzi ahalko ditu. Idazkariak egingo du hartzen diren erabaki eta egiten diren jarduketa guztien akta. Akta horretan, sariaren epaitza oinarritzen duen irizpen arrazoitua ere jaso beharko da.
5.– Epaimahaiko kideak abstenitu egingo dira, eta errekusatuak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
6.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena) 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezartzen duena betez, bermatu beharko da epaimahaia osatzean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonak daudela eta biek ordezkaritza orekatua dutela, hargatik eragotzi gabe aipatutako legegintzako dekretuaren 3.10.d) artikuluan xedatutakoa.
Ondore horietarako, ordezkaritza orekatutzat joko da, baldin eta, lau kide baino gehiago dituzten epaimahaietan edo antzeko organoetan, sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu. Gainerako kasuetan, bi sexuak ordezkatuta daudenean egongo da orekatua.
7.– Bileretan, euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte. Halaber, deialdietan, gai-zerrendetan, aktetan eta gainontzeko idazkietan, EAEko hizkuntza ofizial biak erabiltzen direla bermatuko da.
6. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.
1.– Sarirako proposamena egiteko, epaimahaiak irizpide hauek kontuan hartuko ditu:
a) Inplikazio luzea eta egindako lanaren kalitatea, kontuan hartuta horrek dakartzan dedikazioa, ahalegina eta ekarpen soziala, bai eta euskal gizartean zein nazioartean duen garrantzia eta eragina ere.
b) Lan-eredu bidezkoagoen eta berdinzaleagoen aldeko eta laneko diskriminazioaren aurkako borrokan egindako ekarpena.
c) Lan-ingurune inklusiboak finkatzen egindako ekarpena.
d) Lan-baldintzak eta lan-ingurune seguru eta osasungarriak finkatzen egindako ekarpena.
e) Hautagai den pertsona edo entitatearen ibilbide profesionala eta jokabide zibikoa, bat etorrita Konstituzioaren eta Estatutuaren balio, printzipio eta eskubideekin.
Irizpide horien balorazioa modu proportzionalean egingo da, eta atal bakoitzean, gehienez ere, bi puntu emango dira.
Saria jaso ahal izateko, hautagaiak gutxienez bost puntu lortu behar ditu.
2.– Saria ezin izango zaio eman hautagai bati, baldin eta haren ekintzak edo jokabideak, zuzenean edo zeharka, argi eta garbi bateraezinak badira balio demokratikoekin, giza eskubideen babesaren printzipio gidariekin eta, bereziki, lan- eta gizarte-eskubideekin.
7. artikulua.– Sariaren ebazpena.
1.– Hautagaitzak aurreko artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera aztertu eta baloratu ondoren, epaimahaiak saria emateko edo deialdia huts deklaratzeko ebazpen-proposamena egingo du, hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adierazita, eta lan-arloan eskumena duen sailburuari helaraziko dio.
2.– Dagokion urteko deialdi-agindua argitaratu eta hurrengo egunetik sei hilabete igaro baino lehen eman eta jakinarazi beharko da ebazpena. Epe hori igarota, aurkeztutako hautagaitzak ezetsitzat eta deialdia hustzat hartu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, ebazpen espresua eman beharra alde batera utzi gabe, eta hori guztiori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
3.– Epaimahaiak kasu hauetan egingo du deialdia huts deklaratzeko proposamena:
a) Hautagaitzetako batek ere ez ditu betetzen dekretu honetan jardunbide egokitzat hartzeko ezarritako betekizunak.
b) Hautagaitza batek ere ez du lortu ezarritako gutxieneko puntuazioa.
4.– Epaimahaiaren proposamena aztertu ondoren, sailburuak agindua emango du saria emateko edo deialdia huts deklaratzeko. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean jakinaraziko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta
5.– Emakida-aginduak edo deialdia huts deklaratzeko aginduak administrazio-bidea amaitzen du, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da organo berean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
8. artikulua.– Saria onartzea.
Saria eman izanaren gaineko jakinarazpena jaso eta sei egun balioduneko epean pertsona edo entitate sarituak espresuki eta idatziz uko egiten ez badio, saria onartutzat joko da.
9. artikulua.– Sari-ematea eta aitorpen publikoa.
1.– Saria ekitaldi publiko batean emango da, eta eguna jakinaraziko zaio pertsona edo entitate saridunari.
2.– Ekitaldi horretan, txeke bat emango zaio saridunari, sariaren zenbatekokoa.
10. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak eta sariaren itzulketa.
1.– Pertsona edo entitate onuraduna behartuta egongo da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dion informazio guztia ematera laguntzak zertarako erabili diren fiskalizatzeko.
2.– Saria itzuli egin beharko da, baldin eta frogatutako egitateek agerian jartzen badute saria ematea eragin zuten egitateak faltsuak direla edo ez direla bete aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrak.
3.– Sariaren zenbatekoa itzuli beharra dagoela ebatziz gero, arau hauetan ezarritakoaren arabera jokatu beharko da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikulua, eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalen tratamendua.
Sari honen kudeaketarekin lotutako datu pertsonalen tratamenduak hauetan ezarritakoa bete beharko du: (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudi osagarria.
Dekretu honetan berariaz aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– «Juan de los Toyos» Lanaren Sariaren 2026. urterako deialdia.
1.– Xedapen honen bidez, «Juan de los Toyos» Lanaren Sariaren 2026. urterako deialdia egiten da.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
3.– Hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarritako inprimakia erabiliz aurkeztu behar dira. Eranskin hori nahitaez erabili beharko da kasu guztietan eskabide-eredutzat.
Pertsona juridikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz aurkeztu behar dituzte hautagaitzak.
Pertsona fisikoek, berriz, ez baitira hor sartzen, aukera dute hautagaitza telematikoki aurkezteko, egoitza elektronikoaren bidez, edo aurrez aurre, gaitutako herritarrentzako arreta-bulegoetan.
Eskabidearekin batera, saria sortzeko dekretuaren 4.3 artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
4.– Deialdi hau Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren dirulaguntzen plan estrategikoaren babesean egiten da. Plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren agindu baten bidez onartu zen eta indarrean dago.
5.– Sariaren zenbatekoa 10.000 eurokoa da.
6.– «Juan de los Toyos» Lanaren Saria emateko 2026ko epaimahaiaren osaera jakinarazten da:
Epaimahaiburua: Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordea.
Epaimahaikideak:
– Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria.
– Ikuskaritzako zuzendariordea.
– Osalaneko zuzendari nagusia.
Idazkaria: Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzako teknikari bat.
7.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta honako izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: «Juan de los Toyos» Lanaren Saria.
Arduraduna: Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza; Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila.
Helburua: «Juan de los Toyos» Lanaren Saria kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitu zaizkion botere publikoak baliatzeko zereginean misio bat betetzeko.
Hartzaileak: ez dago aurreikusita daturik jakinaraztea.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/web01-sede/eu/contenidos/informacion/egoitza_datuen_babesa/eu_egoitza/index.shtml
Arauak:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko urriaren 6an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
RSS