Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2026ko urriaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4370

EBAZPENA, 2026ko irailaren 28koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, gripearen aurkako 2026-2027 denboraldiko txertaketa-kanpainaren hasiera ezartzen duena.

Gripearen aurkako txertaketak helburu du gripeari lotutako hilkortasuna eta morbilitatea murriztea eta gaixotasunak komunitatean duen inpaktua arintzea.

EAEn txertaketa-kanpainaren xede dira 2026-2027 denboraldian gripearen aurkako txertoa jartzea gomendatua duten arrisku-pertsonak eta -taldeak, hala aurreikusten baita Txertaketen Euskadiko Aholku Batzordeak 2026ko maiatzaren 5eko bileran hartutako erabakian eta Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluaren gomendioetan, Osasun Publikoko Batzordeak onartuak azken horiek.

Horra direlako arrisku-pertsonak eta -talde horiek:

– 6tik 59 hilabetera bitarteko haurrak.

– 60 urteko edo gehiagoko pertsonak.

– Gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handiagoa duten 5 eta 59 urte bitarteko pertsonak:

– Diabetes mellitusa eta Cushing-en sindromea.

– Obesitate morbidoa (gorputz-masaren indizea =40 helduetan, = 35 nerabeetan edo =3 DS haurretan).

– Gaixotasun kroniko kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnasketakoak, eta azken horien barne, bronkio-biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma.

– Gibeleko gaixotasun kronikoa eta sindrome nefrotikoa.

– Hemoglobinopatiak eta anemiak edo hemofilia, koagulazioaren beste nahasmendu batzuk eta nahasmendu hemorragiko kronikoak, eta hemoderibatuen eta transfusio anizkoitzen hartzaileak.

– Asplenia edo disfuntzio espleniko larria.

– Gibeleko gaixotasun kronikoa, alkoholismoa barne.

– Gaixotasun neuromuskular larriak.

– Immunosupresioa, eta haren barne, immunoeskasia primarioak, GIBagatiko infekzioak edo farmakoek eragindakoa, transplanteen hartzaileena, osagarri-eskasia dutenena eta CAR-T terapia jasotzen dutenena.

– Minbizia eta hemopatia gaiztoak.

– Likido zefalorrakideoaren fistula eta kokleako inplantea edo haren zain daudenak.

– Gaixotasun inflamatorio kronikoa.

– Disfuntzio kognitiboa dakarten nahasmenduak eta gaixotasunak: Down sindromea, dementziak eta bestelakoak.

– 5 eta 18 urte bitarteko pertsonak, baldin eta azido azetilsalizilikoarekin tratamendu luzea jaso badute, gripearen ondoren Reye sindromea garatzeko duten arriskuagatik.

– Erretzaileak.

– Gaixotasun zeliakoa dutenak.

– Desgaituentzako arreta-zentrotan dauden eta 5 urte edo gehiago dituzten pertsonak, adinekoen egoitzak eta erakunde itxietako egoiliarrak.

– Zentro sanitario eta soziosanitarioetako langileak eta praktiketako ikasleak (zentrook publikoak edo pribatuak eta lehen arretakoak edo ospitaleak izan), espetxeak, adingabeentzako zentroak eta farmazietako langileak.

– Haurtzaindegietako eta haur-hezkuntzako (5 urtetik beherakoak) ikastetxeetako langileak.

– Etxeko zaintzak ematen dituzten pertsonak eta arrisku-taldeetako pazienteen bizikideak (zaintzaile nagusiak barne) eta 6 hilabetetik beherakoen bizikideak.

– Animaliekiko edo haien sekrezioekiko esposizio zuzena duten pertsonak, hala nola abeletxetako langileak, hegazti-, txerri- edo bisoi-ustiategikoak eta basapiztien (hegazti, basurde edo mustelidoen) ustiategietakoak, abeltzainak, albaitariak, ehiztariak, ornitologoak, ingurumen-agenteak, zoologikoetako langileak, etab. Helburua da giza birusen eta hegazti edo txerrien birusen gaixotasun konkomitanteen arriskua gutxiaraztea, bi birusen arteko birkonbinazio edo truke genetikorako aukerak murrizteko.

– Funtsezko zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak, hala nola Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoetako kideak, nazio-, autonomia- nahiz toki-agintepekoak izan, Indar Armatuetakoak, suhiltzaileak eta babes zibileko kideak.

– Haurdunaldiaren edozein hiruhilekotan dauden emakumeak eta puerperioan daudenak (erditu eta 6 hilabetera arte, haurdunaldian txertoa jarri ez badute).

Gomendio hauek Osasun Sistema Nazionalak aipatutako pertsonei emango dizkien txerto tribalente eta tetrabalenteetarakoak dira. Txertoak beren fitxa teknikoko jarraibideen arabera erabiliko dira.

2026-2027 denboraldiko txertoaren konposizioa bat dator Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikoko Batzordeak emandako gomendioekin.

Azaldutakoagatik, eta kontuan harturik zer xedatzen duten 8. artikuluan Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala onartzen duenak, eta 9.1.d) artikuluan urriaren 29ko 319/2024 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, zeren artikulu horren arabera Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari baitagokio «gaixotasunak prebenitzea eta osasuna sustatzea, programa bertikalak diseinatuz eta gauzatuz, edo helburu horietara zuzendutako asistentzia-zerbitzuetan jarduerak sartuz», honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gripearen aurkako 2026-2027 denboraldiko txertaketa-kanpaina 2026ko urriaren 5ean hasiko da. Lehenago, 2026ko irailaren 28an, instituzionalizatutako pertsonen txertaketa hasiko da.

Bigarrena.– Kanpaina 2026ko abenduaren 31n amaituko da, non eta ez den data aldatzea erabakitzen arrazoi epidemiologikoak bitarte.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, hilabeteko epean, Osasun eta Eraldaketa Digitalaren sailburuordeari, epea ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 28a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

GUILLERMO IGNACIO HERRERO ALAÑA.


Azterketa dokumentala