
192. zk., 2026ko urriaren 7a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (164 KB - 5 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4146
EBAZPENA, 2026ko irailaren 17koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez deklaratzen baita onura publikokoa dela proiektu hau: 13,2 kV-eko «Gernika-Arbacegi cto.6» goi-tentsioko aireko linea elektrikoaren eta haren adarren zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea, «Gernika» TAB eta 9125 zenbakidun euskarriaren artean, Ajangiz, Mendata, Arratzu eta Munitibar -Arbatzegi Gerrikaitz- (Bizkaia) udal-mugarteetan.
Espedientea: 48-AT-Y-2020-00072.
AURREKARIAK
1.– 2020ko irailaren 17an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresak eskatu zuen onura publikokotzat deklaratzeko eta ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egiteko proiektu honetarako: 13,2 kV-eko «Gernika – Arbacegi cto.6» goi-tentsioko aireko linea elektrikoaren eta haren adarren zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea, «Gernika» TAB eta 9125 zenbakidun euskarriaren artean, Ajangiz, Mendata, Arratzu eta Munitibar -Arbatzegi Gerrikaitz- (Bizkaia) udal-mugarteetan.
2.– 2020ko abenduaren 15ean egindako zuzenketa-errekerimenduaren ondoren, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.k, 2023ko urtarrilaren 17an, abuztuaren 18an eta azaroaren 27an, espedientearen dokumentazioa osatu zuen, eta aurretik adierazitako akatsak zuzendu zituen.
3.– 2024ko urtarrilaren 5ean, ordezkaritza honek erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko eskaera bidali zion orduko Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, eta EIAS–243 erreferentzia esleitu zitzaion.
4.– 2024ko otsailaren 6an, ingurumen-organoak idazki bat igorri zuen, eta bertan jakinarazi zuen proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar zuela, eta ez ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
5.– Lurralde-ordezkaritza honek I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresari ingurumen-organoak emandako erabakia helarazi ondoren, sustatzaileak, 2025eko otsailaren 10ean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzeko ingurumen-dokumentazioa aurkeztu zuen.
6.– Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako (dekretu horren bidez arautzen dira argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioen administrazio-baimenerako prozedurak) eta zenbait arautan xedatutakoarekin bat etorriz (Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua; Goi-tentsioko lineei buruzko arautegia eta haren jarraibide tekniko osagarriak –01etik 09ra bitarteko JTO-LAT– onartzen dituen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea), argitara eman zen eskaera horren iragarkia, jendaurrean jartzeko, 2025eko maiatzaren 30eko EHAAn, 2025eko maiatzaren 28ko BAOn, Ajangiz, Mendata, Arratzu eta Munitibar -Arbatzegi Gerrikaitz- udaletxetako iragarki-taulan eta 2025eko ekainaren 6ko Deia egunkarian.
7.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsulta egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren azterlanari buruz.
Honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ajangizko, Mendatako, Arratzuko eta Munitibar -Arbatzegi Gerrikaitzko- udalei; Eusko Jaurlaritzako (EJ) Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, eta Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailari, Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari; eta Uraren Euskal Agentziari eta Ihoberi.
Eta Ingurumen-prozeduran interesdun direnei: Eguzkizaleak Elkartea, Ekologistak Martxan eta SEO/Birdlife Espainiako Ornitologia Elkartea.
8.– Arauzko epearen barruan, honako txosten hauek jaso dira:
2025eko apirilaren 25ean, BFAko Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi zuen jarduketaren eragina bateragarria dela nekazaritza-erabilerekin, baldin proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatzen badira (landare-lurra kontserbatzea, ereitea, laboreak eta itxiturak berrezartzea, etab.). Gainera, adierazi zuen ez duela baldintza sektorial gehigarririk ezarriko.
2025eko maiatzaren 16an, BFAko Kultura Zuzendaritzak kultura-ondasun babestu ugari identifikatu zituen jarduera-ingurunean. Horien kokalekuaren berri ematen zuen, lanak egitean kontuan hartu daitezen, eta Euskal Kultura Ondarearen Erregistroa kontsultatzea gomendatu zuen.
2025eko ekainaren 2an, BFAko Azpiegitura eta Lurralde Garapen Sailak adierazi zuen zenbait inkongruentzia daudela aurkeztutako dokumentazioan, jardueraren luzerari eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren gaineko eraginari buruzkoak. Era berean, gogorarazi zuen eremu babestu horren araudi espezifikoa bete behar dela, eta ondorioztatu zuen ez diola inolako baldintza teknikorik ezartzen proiektuari.
2026ko otsailaren 20an, EJko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak adierazi zuen ingurumen-inpaktuaren azterlanak ez duela behar beste xehetasunez aztertzen nekazaritza-sektorearen gaineko eragina, batez ere mozketa- eta inausketa-lanek sortutako eraginak nekazaritza- eta fruta-ustiategietan. Azterketa hori berrikusteko eskatu zuen, eta gogorarazi zuen, balio estrategiko handiko lurzoruei eragiten dienez, nekazaritzaren arloan eskumena duen foru-organoaren txostena eskatu beharko dela proiektua behin betiko onartu aurretik.
2026ko martxoaren 3an, EJko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak jakinarazi zuen, proiektuaren dokumentazioa aztertu ondoren, ez dela kultur ondareari egindako eraginik identifikatzen, eta, beraz, ez zuen proiektua gauzatzeko baldintzarik ezarri.
Txosten guztiak I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.ri bidali zitzaizkion, eta hark guztiak onartzen zituela eta horiekin guztiekin ados zegoela adierazi zuen. EJko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari erantzuteko dokumentazio osagarria aurkeztu zuen.
9.– Era berean, arauzko epean, Ixusko Ordeñana Gezuraga jaunak, Matxalen Belausteguigoitia Arrien andreak eta José Domingo Ampuero y Osma jaunak alegazioak aurkeztu zituzten 2025eko apirilaren 25ean, 30ean eta ekainaren 17an, hurrenez hurren. Alegazio horiek proiektuak ukitutako finken titulartasunari buruzkoak dira.
Alegazio horiek I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.ri helarazi zitzaizkion, eta hark dagozkion erantzun-idazkiak aurkeztu zituen. Ixusko Ordeñana Gezuraga jaunak eta José Domingo Ampuero y Osma jaunak egindako alegazioei dagokienez, adierazi zuen ados zegoela ukitutako finken titulartasuna zuzentzearekin, aurkeztutako dokumentazioaren arabera. Matxalen Belausteguigoitia Arrien andreak aurkeztutako alegazioari dagokionez, adierazi zuen, jaraunspena esleitzeko eskritura formalizatu arte, etorkizuneko jakinarazpenak eta argitalpenak erregistroko titularraren jaraunsleei zuzenduko zitzaizkiela, alegazio-egileak etorkizuneko komunikazio eta abisuetarako emandako harremanetarako datuak erabiliz.
10.– 2026ko maiatzaren 4an, ingurumen-ebaluazioaren espedientea aurkeztu zen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoa den aldetik (espediente horri EIAO-175 erreferentzia esleitu zitzaion), azter zezan, honako hauek barne hartuta: proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta sustatzaileak horiei buruz egindako gogoetak.
11.– 2026ko ekainaren 29an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman zuen zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen baita Ajangiz, Arratzu, Mendata eta Munitibar -Arbatzegi Gerrikaitz- udal-mugarteetan (Bizkaia) 13,2 kV-eko «Gernika Cto. 6 (Arbatzegi)» erdi-tentsioko aireko linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko zerrenda eta horren adarrak «Gernika» banaketako transformazio-azpiestazioaren (4549) eta 9125 zenbakidun euskarriaren artean handitzeko proiekturako (2026-08-06ko EHAA).
Ingurumen-inpaktuaren adierazpen horrek ezartzen ditu proiektua gauzatzeko derrigorrez bete behar diren baldintzak, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa ere.
12.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresari bidali zitzaion eta enpresak idazkia aurkeztu zuen ebazpen horretan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileekin eta ingurumena zaintzeko programarekin ados zegoela adierazteko, baina natura-ondarea babesteko neurri jakin batzuen interpretazioari buruzko argibideak eskatu zituen.
13.– 2026ko uztailaren 30ean, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskaera horri erantzun zion, eta neurri horien irismena eta interpretazioa zehaztu zituen. Idazki hori Lurralde Ordezkaritza honek helarazi zion I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresari, jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan.
14.– Behin espedientea aztertuta, eskaeraren aldeko txostena ebatzi dute Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzako energia-arloko zerbitzu teknikoek.
Ebazpen hau honako hauetan oinarritzen da:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera (urtarrilaren 27ko 8/2026 Dekretuaren bidez aldatua).
2.– Arau hauetan ezarritako arauzko izapideak bete dira espedientean: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; eta bat datorren gainerako legedia.
3.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikokotzat deklaratzen ditu energia elektrikoa banatzeko instalazioak, horiek ezartzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko. Deklarazio horrek berekin dakar ondasun eta eskubide horiek okupatu beharra eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
4.– Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena, goi-tentsioko aireko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko preskripzioak ezartzen dituena.
5.– Gainera, arau hauek aplikatu behar dira: Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legea eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari eta haren emaitzak baimen honetan sartzeari dagokienez. 10/2021 Legearen 78.1 artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena loteslea da, eta, beraz, bertan ezarritako guztia nahitaez bete beharko da proiektua gauzatzean.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, eta lurralde-ordezkaritzako energia-arloko proposamenarekin bat etorriz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak hau
EBAZTEN DU:
Deklaratzea onura publikokoa dela proiektu hau: 13,2 kV-eko «Gernika – Arbacegi cto.6» goi-tentsioko aireko linea elektrikoaren eta haren adarren babes-eremuaren zuhaitzik gabeko zerrenda handitzea, «Gernika» TAB eta 9125 zenbakidun euskarriaren artean, Ajangiz, Mendata, Arratzu eta Munitibar -Arbatzegi Gerrikaitz- (Bizkaia) udal-mugarteetan.
Deklarazio horrek berekin dakar, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, ondasunak okupatu edo eskuratutako eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Era berean, ingurumen-organoak 2026ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bidez (2026-08-06ko EHAA) ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa betez gauzatu beharko da proiektua.
Bereziki, adierazpen horretan ezarritako neurri hauek bete beharko dira, besteak beste:
Natura-ondareari ahalik eta gutxien eragiteko neurriak.
Jabari publiko hidraulikoa eta lurpeko urak babesteari buruzko neurriak.
Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Nekazaritza-balioa duten lurrak babesteko neurriak.
Paisaia babesteko eta eragindako lekuak lehengoratzeko neurriak.
Jardunbide egokien sistema bat hartzea.
Obra garbitzea eta amaitzea.
Ingurumen-aholkularitza.
Lan-programaren diseinua.
Ingurumena Zaintzeko Programa: sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programa bete beharko du, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzetan, eta dagokion agiri bategina egin beharko du, zeinak jasoko baititu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebehar guztiak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnak. Obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta geratu beharko du programak.
Gainera, kontsulta-fasean administrazioek, organismoek eta enpresek ezarritako baldintza teknikoak bete beharko ditu, sustatzaileak horiekiko adostasuna adierazi baitzuen.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Deskarbonizazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.
Jarritako errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da. Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.
Bilbao, 2026ko irailaren 17a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,
MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.
RSS