
192. zk., 2026ko urriaren 7a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (175 KB - 4 orri.)
- EPUB (226 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4145
AGINDUA, 2026ko uztailaren 16koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Adakar para la Promoción del Arte izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2025eko abenduaren 30ean Fundación Adakar para la Promoción del Arte izeneko fundazioaren eraketa inskribatzeko eskabidea sartu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.
Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zaio.
Fundación Adakar para la Promoción del Arte izeneko fundazioaren sortzaileak Arriola Zugaza & Cia Artgestion, S.L. eta Alkar Automotive, S.A. merkataritza-sozietateak dira.
Fundación Adakar para la Promoción del Arte izeneko fundazioaren helburua da «arte modernoa eta garaikidea zuzentzea, mantentzea, zaintzea eta sustatzea, izaera unibertsalez eta diziplina anitzez, gizartearen arte-hezkuntzarako tresna izan dadin».
Fundazioaren hasierako zuzkidura 300.000 eurokoa da; kopuru hori nahikoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Fundazioak bere jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan eramango du aurrera.
Estatutuen 9. artikuluak ezarritakoaren arabera, patronatua gutxienez 3 eta gehienez 9 pertsonaz osatuta egongo da.
Fundazioaren patronatua jarraian adierazten diren kargu eta kideek osatu dute, eta horien izendapena eta onarpena jasota daude Fundazioaren eskrituran eta espedienteari erantsitako gainerako dokumentazioan:
Lehendakaria: Yolanda Zugazaga Alcelay (biziarteko kidea).
Karguaren indarraldia: 2029-05-12.
Lehendakariordea: Fernando Arriola Boneta (biziarteko kidea).
Karguaren indarraldia: 2029-05-12.
Kidea ez den idazkaria: Andrea Molinos Larrea.
Karguaren indarraldia: 2031-05-12.
Diruzaina: Unai Balsategui Lastra (aldi baterako kidea).
Karguaren indarraldia: 2031-05-12.
Lehen patronatua fundatzaileek izendatu dute fundazioaren estatutuen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera. Patronatuko kide berrien izendapenak eta hauen kargugabetzeak 10. artikuluan arautu dira.
2026ko uztailaren 15ean Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu da, inskripzio-eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, eta baita fundazioaren bideragarritasunaren inguruan eztabaidatzeko ere. Horren harira, Aholku Batzordeak aho batez aldeko boza eman du.
Era berean, 2026ko uztailaren 15ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak Fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman du.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Espediente honi funtsezkoak diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bete egin dira, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7tik 12ra arteko eta 51.2 artikuluetan zein Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako betekizunak.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Adakar para la Promoción del Arte izeneko fundazioaren eraketa, F-522 erregistro-zenbakiarekin, eta baita patronatuaren hasierako osaera ere, 2025eko abenduaren 5ean, Bilbon, Juan Ignacio Gomez Villa notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan (protokolo-zk.: 2.113) eta Juan Ignacio Bustamante Esparza notarioaren aurrean 2026ko ekainaren 30eko zuzentzeko eskritura publikoan (protokolo-zk.: 2.142) jasotako eran.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 16a.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS