Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2026ko urriaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4137

153/2026 DEKRETUA, irailaren 22koa, Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroarena.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legeak, ondareari buruzko zuzenbidearen printzipioak izeneko epigrafean, zehazki 16. artikuluan, kofradiak, ermandadeak edo mutualitateak arautzen ditu.

Entitate horiek «nekazaritza-asoziazionismo tradizionala» osatzen dute, zeinak landa-munduan osagai erlijiosoa eta ekonomikoa uztartu baititu eta askotariko sinergia komunitarioak sortu: solidarioak, lankidetzakoak, zibikoak nahiz erlijiosoak. Horrenbestez, landa-munduaren espiritu asoziatiboa adierazten duten antolakundeak dira. Uste izan denaren kontra, gainera, ez dira modu anarkiko edo inprobisatuan sortu, zeren eta haien jarduera araututa egon baita, batetik, ohiturazko zuzenbideko zenbait xedapenen bidez eta, bestetik, eta osagarri modura, estatutu izaerako beste xedapen batzuen bidez, eta horiei guztiei esker halako antolakundeen gorabeherei erantzun ahal izan zaie.

Kode Zibilak ordezko izaera du euskal zuzenbide zibilean, eta, hori ezertan eragotzi gabe, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legeak mota horretako elkarte tradizionalen araubide juridikoaren ildo orokorrak adierazten ditu, oso modu lausoan bada ere –ohiturazko elkarte diren aldetik–, eta zera dio: «Sozietate zibil horien arauak izango dira haien estatutuak eta barne-arauak, betiere horiek guztiak ez direnean lege honen aurkakoak, berau garatzeko ematen diren arauen aurkakoak eta ordezko legeriaren aurkakoak».

Horiek horrela, artikuluen barruan, interes sozialeko eta komunitarioko gaiak ez ezik, gai erlijioso eta sozioekonomikoak ere jasotzen dira, sozietateen ingurunearen eta garaiaren berezko beharrei erantzuten dietenak: batzuk, interes partikularrekoak; beste batzuk, aldiz, gaur egun, oro har, interes publikokotzat joko genituzkeenak.

Halako sozietateek aukera dutenez irabazi-asmorik izan gabe eratzeko, eta betidanik malgutasuna izan dutenez beren erara antolatzeko –askatasun zibilak ematen duen autorregulaziorako aukera zabalari esker–, antolakunde horietako asko, betidanik, araubide orokorreko elkarteen legeriaren babesean egon dira, araubide propioaren faltan –Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 3.2 artikuluak xedatutakoaren ildotik–, araubide orokorreko elkarteen gainerako betekizunetara egokituta betiere. Horrek, hala ere, sozietate zibil izateari formalki uko egitea ekarri du hasteko, aipatutako araudiarekin bat etorri ahal izateko. Eta egoera horri erantzun nahi dio, hain zuzen ere, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 16. artikuluak, ateak irekitzen baitizkio halako elkarte edo sozietate zibil tradizionalek arauketa propioa eta berezitua izateko aukerari; hots, araubide orokorreko elkarteen arauketatik zein araubide orokorreko sozietate zibilen arauketatik bestelakoa, Kode Zibilaren eskakizunetara eta kode horrek borondatearen autonomiari ematen dion abagunera hertsiki lotua.

Horrek guztiak oso egoera prekarioan uzten zituen Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen bidez araututako sozietate zibilak eta elkarte tradizionalak, bai eta beste sozietate zibil batzuk ere, merkataritza-formarik ez zutenak eta sozietate-kontratu baten bidez era zitezkeenak –Kode Zibilaren 1667. artikulua– borondate-autonomiaren esparruan edo euskal zuzenbide zibilaren berezko askatasun zibilaren esparruan –esate baterako, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legean arautuak–, ezinezkoa baitzen haiek erregistro publiko batean inskribatzea, eta horrek segurtasuna galtzea ekar ziezaiekeen bai entitate haiei eta bai haiekin harremana zuten hirugarrenei.

Enpresak Sortu eta Hazteko irailaren 28ko 18/2022 Legea indarrean jarri zenean, aukera sortu zen zuzenbide erkide, foral edo bereziaren arabera eratutako eta merkataritza-formarik gabeko sozietate zibilak merkataritza-erregistro eskudunetan inskribatzeko. Hala ere, horrek ez du esan nahi entitate horiek nahitaez inskribatu behar direnik Merkataritza Erregistroan, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoak erregistro propioa onartzeko eta sortzeko dituen eskumenak aldatu behar direnik ere.

Hain zuzen ere, kontuan harturik horrek guztiak ez duela eragotzi araubide honen xede den erregistroa sortu ahal izatea, eta bat etorriz Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 16. artikuluak dakarren aginduarekin –haren arabera, nahitaezkoa da erregistro bat sortzea kofradien, ermandadeen edo mutualitateen forma tradizional baten bidez eratutako sozietate zibilentzat–, ez dago inolako zalantzarik autonomia-erkidegoek badaukatela, Konstituzio Auzitegiaren 2019ko urtarrilaren 17ko 7/2019 epaian ezarri zen moduan, administrazio-erregistro instrumentalak, soilik publizitaterako xedea duten erregistroak eta eskumenak –hala nola euskal zuzenbide zibilaren arloko eskumena, kasu honetan bezala– behar bezala baliatzen lagunduko dietenak sortzea.

Ez da ahaztu behar sozietate zibil horientzat baliagarria izan daitekeela erregistro-publizitatea, nahiz eta administratiboa izan soilik, azaldu ditugun arrazoi guztiengatik. Hala, araudi honen bidez erregistro mota eguneratu bat sortu nahi da, barne-egitura eta barne-funtzionamendu sinplifikatuak izango dituena.

Erregelamenduzko arau honen xede nagusia da sozietate zibilek erregistroarekin dituzten harremanei segurtasun juridiko handiagoa ematea eta harreman horiek argitzea, zehaztuta uzteko entitate horiek zer prozedura bete behar dituzten egintza juridiko garrantzitsuenak erregistroan jasotzeko, batez ere hirugarrenen aurrean garrantzi handikoak izateagatik zabalkunde berezia behar duten egintzak badira.

Erregelamenduak hiru kapitulu ditu. I. kapituluan, erregistroaren izaera, eginkizunak eta antolamendua arautzen dira.

II. kapitulua erregistroko idazpenei buruzkoa da, eta, bertan, zer motatako entitateak inskribatu behar diren ezartzen da, erregistroan zer egintza inskriba daitezkeen adierazten da eta egintza horiek erregistroan jasotzeko zer prozedura dauden arautzen da; horretarako, zenbait arau ematen dira, alderdi hauek zehazten dituztenak: prozedura hasteko eskaera, aurkeztu beharreko agiriak eta, azkenik, prozedurek eragin behar duten erregistro-idazpen bakoitzaren edukia. Horretaz gainera, herritarrei behar den dokumentazioa aurkezten laguntzeko eredu eta txantiloiak sortzeko asmoa adierazten da, eta bide telematikoak jartzekoa egintzak inskribatzeko eskabideak izapidetu ahal izateko. Erregistro honetan inskriba daitezkeen sozietate zibilak pertsona juridikoak direnez, bete egiten da administrazio-prozedurari buruz indarrean dagoen araudia, hau da, pertsona juridikoek bitarteko elektronikoak erabili behar dituzte administrazio publikoekiko harremanetan.

Azkenik, III. kapituluan, erregistro-orrietako idazpenen erregistro-publizitaterako bideez hitz egiten da.

Horiek horrela, dagozkion izapideak egin ondoren, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 16. artikuluak ematen duen baimena baliatuz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko irailaren 22an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroa sortu eta haren erregelamendua onartzen da. Dekretu honen eranskinean dator erregelamendu hori.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko irailaren 22an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

IRAILAREN 22KO 153/2026 DEKRETUAREN ERANSKINA
EUSKADIKO SOZIETATE ZIBILEN ERREGISTROAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA
EUSKADIKO SOZIETATE ZIBILEN ERREGISTROAREN IZAERA, EGITEKOAK ETA ANTOLAMENDUA

1. artikulua.– Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroaren (aurrerantzean, erregistroa) antolaketa, araubidea eta funtzionamendua arautzea.

2. artikulua.– Izaera eta ezaugarriak.

1.– Erregistroak izaera administratiboa du, publikoa da, eta publizitate-ondorioak soilik ditu erregistroan borondatez inskribatzeko eskatzen duten sozietate zibilei dagokienez.

2.– Erregistroa bakarra da Euskal Autonomia Erkidego osorako.

3.– Erregistroa doakoa da; beraz, erregistro-zerbitzuak ematearen truke ez da inolako administrazio-tasarik sortuko.

4.– Erregistroa sozietate zibilen erregistroaren arloan eskumena duen zuzendaritzari atxikita dago.

5.– Eskabideak eta komunikazioak modu telematikoan kudeatu eta izapidetu beharko dira erregistroan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, bertan eskuragarri dauden dokumentu normalizatuak erabiliz, 13.1 b) 5 artikuluan xedatutako kasuan izan ezik; kasu horretarako, propio sortutako inprimaki elektronikoak erabili beharko dira.

6.– Erregistroak kontsultatu edo bildu ahal izango ditu administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak, non eta eskatzaileak ez duen horren aurka egiten.

Aurka eginez gero, edo kontsulta egin ondoren ezinezkoa bada dokumentazioa lortzea, arrazoia edozein dela ere, eskatzaileak dokumentazio hori aurkeztu beharko du.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Hauek dira erregistroaren eginkizunak:

a) Inskriba daitezkeen egintzak kalifikatu eta inskribatzea.

b) Inskribatutako egintzen publizitatea egitea.

c) Erregistroan egiten diren inskripzioekin lotutako zernahi gauzari buruz aholkuak eta informazioa ematea sozietate zibilei.

2.– Sozietate zibilen erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrari dagokio erabakiak hartzea Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan kalifikatzeari eta inskribatzeari buruz.

3.– Sozietate zibilen erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzan aholkularitza juridikoaren ardura duenak, erregistroaren arduraduna den aldetik, eginkizun hauek izango ditu:

a) Erregistro-publizitatea egitea, salbu eta publizitate-eskaerari ezezkoa ematen zaionean; kasu horretan, zuzendariak erabakiko du.

b) Erregistro-orriak kudeatzea, sozietate zibilen arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak inskribatzea ebatzi duen idazpenak sinatuz.

c) Araudia interpretatzeko irizpide komunak ezartzea eta erregistroko langileei laneko jarraibideak ematea.

4. artikulua.– Antolaketa eta egitura.

1.– Erregistroa liburu bakar bat da, eta elektronikoki kudeatuko da.

2.– Sozietate zibilen arloan eskumena duen zuzendaritzan aholkularitza juridikoaren ardura duena izango da erregistroaren arduraduna.

3.– Sozietate zibilen datu hauek jasoko dira erregistroan:

a) Sozietate zibilaren izena.

b) Helbidea.

c) Jardueren lurralde-eremua.

5. artikulua.– Erregistro-idazpenak.

1.– Idazpen hauek egingo dira:

a) Inskripzioak.

b) Prebentziozko idatzoharrak.

c) Ezerezteak.

d) Orri-bazterreko oharrak.

2.– Inskripzioak eta haien ezerezteak idazpenentzako eskuineko zutabean egingo dira, bata bestearen ondoren, eta modu korrelatiboan zenbakituko.

3.– Prebentziozko idatzoharrak eta haien ezerezteak letren bidez egingo dira, inskripzioen eta haien ezerezteetarako adierazitako eran, baina alfabeto-hurrenkerari zorrotz jarraituta.

4.– Orri-bazterreko oharrak erregistro-orriko ezkerraldeko ertzean egingo dira, eta argi eta labur adierazi beharko da erregistroko beren inskripzioarekin duten lotura.

5.– Idazpenen arrazoi izan diren dokumentuaren mota edo izaeraren inguruko inguruabarrak jasoko dira, gutxienez, eta erregistro-idazpenak egin beharra eragiten duten ebazpen administratibo edo judizialen ebazpen-zatiaren eduki nagusia jaso behar da.

6.– Erregistroko arduradunak sinatu eta data jarri beharko die. Erregistroaren helburua betetzeko behar-beharrezkoak diren datu pertsonalak baino ez dira jasoko, datuak babesteko araudiak ezarritako erregelak betez.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira erregistro-idazpenak, alde batera utzita interesdunak aurkeztutako eskaera zer hizkuntzatan idatzi den.

II. KAPITULUA
ERREGISTROKO INSKRIPZIOAK

6. artikulua.– Inskribatu beharreko entitateak.

1.– Sozietate zibilaren forma juridikoarekin eratuta dauden, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta jarduerak nagusiki lurralde horretan dituzten entitateak inskribatu behar dira, eta, zehazki, hauek:

a) Kofradia, ermandade edo mutualitateen forma tradizionalarekin eratu diren sozietate zibilak, bat etorriz Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 16. artikuluarekin.

b) Itundutako familia-sozietateak.

c) Aurreko biak ez diren beste edozein sozietate zibil, 1. apartatu honen goiburuan azaldutako baldintzak betetzen baditu.

2.– Entitate hauek ezin dira inskribatu:

a) Beren izaeragatik eta berak arautzen dituen legedi espezifikoagatik beste erregistro batean inskribatuta egon behar duten entitateak.

b) Beste erregistro batean borondatez inskribatuta dauden entitateak.

7. artikulua.– Erregistro-ondoreetarako sailkapena.

1.– Entitateak, erregistroan hasierako alta emateko eskabidean, sozietate zibila zer motatakoa den adierazi behar du, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Inskribatutako sozietate zibilek sailkapena aldatzeko eskatu ahal izango dute, pertsona edo organo eskudunak horri buruz hartutako erabakiaren edo akordioaren ziurtagiria aurkeztuz.

3.– Erregistroak aldatu ahal izango du hautatutako sailkapen mota, estatutu sozialek edo sozietate-kontratuak diotenaren arabera.

4.– Dagokion sailkapena bazterreko oharraren bidez adieraziko da entitatearen erregistro-orrian.

8. artikulua.– Inskriba daitezkeen egintzak.

1.– Egintza hauek inskriba daitezke erregistroan:

a) Sozietate zibila eratzea eta beste entitate mota bat sozietate zibil bihurtzea 6. artikuluaren arabera.

b) Sozietatearen estatutuen edo kontratuaren aldaketak.

c) Administratzaileen edo administrazio-organoko kideen izendapenak, ordezkapenak eta kargu-uzteak.

d) Sozietate zibil motaren aldaketa.

e) Sozietate zibilen bat-egitea.

f) Sozietate zibilaren desegitea eta likidazioa.

g) Erregistroko baja.

h) Erregistroan inskriba daitezkeen egintzei eragiten dieten ebazpen judizialak eta ebazpen administratiboak.

i) Barne-gatazkekin lotuta jarri diren demanda judizialak.

j) Oro har, egindako idazpenen edukia aldatzen duten egintzak, edo legeen arabera inskribatu behar direnak.

2.– Inskriba daitezkeen egintzak formalizatzeko, notarioaren eskritura publikoa, estatutuen edo sozietate-kontratuaren arabera eskuduna den pertsonaren edo organoaren ziurtagiria edo ebazpen judizial bat aurkeztu beharko da, egintza nolakoa den kontuan hartuta.

3.– Egintzak inskribatzeko eskabideak sinatu eta telematikoki aurkezteko, salbu eta 13.1.b) 5 artikuluan ezarritako kasuan, horretarako ahalmen nahikoa dutenek egin behar dute, eta ahalmen hori egiaztatu egin beharko da.

4.– Erregistroak unean-unean zehaztuko du zer inprimaki behar diren inskripzio-eskabideak telematikoki bete, sinatu eta aurkezteko. Horretarako, bide telematikoak jarriko dira erregistroaren webgunean.

5.– Inskripzioek deklarazio-izaera izango dute.

9. artikulua.– Sozietate zibilaren hasierako alta.

1.– Erregistroan hasierako alta emateko eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eraketa-akta, sozietate-kontratua edo eskritura publikoa, sozietateari ondasun higiezinak edo eskubide errealak ekartzen bazaizkio. Dena den, honako hauen berri eman behar dute:

1. Sozietate zibila sortzeko edo entitatea forma juridiko horretara egokitzeko erabakia edo akordioa.

2. Eraketa-aktaren edo sozietate-kontratuaren eguna eta lekua.

3. Entitateko administratzaileen edo administrazio-organoko kideen izendapenak.

4. Onartutako estatutu sozialak edo itun sozialak.

5. Sozietate zibileko kide guztien identitatea (izena, abizenak, nortasun-agiri nazionala –aurrerantzean, NAN–, sexua eta helbidea).

6. Sozietate zibila nagusiki jardungo den lurralde-eremua.

b) Erregistroko inskripzioa eskatzeko erabakiaren edo akordioaren ziurtagiria, horretarako ahalmen nahikoa duen pertsona batek emana.

c) Eskabidea aurkezteko ordezkaritzaren egiaztagiria.

d) Sozietate zibilaren identifikazio fiskaleko zenbakia.

e) Sozietate zibilaren ordezkaritza duen pertsonaren harremanetarako datuak, erregistroarekin komunikatzeko.

2.– Sozietate zibilak erregistratzeko arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez erabakiko da Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan inskribatzeko eskaera baiestea, edo ukatzea eta ukatzeko arrazoiak ematea. Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gaiaren arabera eskumena duen sailburuordeari.

3.– Ebazpena inskripzioaren aldekoa bada, inskripzio-idazpen bat egingo da, honako datu hauek jasoko dituena:

a) Sozietate zibilaren izena.

b) Eraketa-akta, sozietate-kontratua edo eskritura publikoa egin zen eguna eta lekua, edo entitatea sozietate zibilaren formara egokitzeko erabakia hartutako eguna eta lekua.

c) Xedeak edo helburu soziala.

d) Egoitza soziala.

e) Administratzaileen edo administrazio-organoko kideen izenak.

f) Sozietate zibilaren hasierako alta inskribatzeko agintzen duen ebazpenaren eguna.

10. artikulua.– Sozietate zibilaren estatutuak edo itunak.

Aurreko artikuluan aipatzen diren sozietate zibilaren estatutuetan edo itunetan, honako hauek jaso behar dira gutxienez:

a) Sozietate zibilaren izena; hurrengo artikuluak dioenarekin bat etorri beharko du.

b) Egoitza soziala.

c) Xedeak edo helburu soziala.

d) Nagusiki jardungo den lurralde-eremua.

e) Entitatearen funtzionamendu-arauak.

f) Administrazio-modua eta, hala badagokio, funtzionamendu- eta izendapen-arauak.

g) Sozietate zibilaren iraupen-epea, halakorik itundu eta jarri bada.

h) Itundutako familia-sozietatearen edo kapitala edo ondarea duten bestelako sozietate zibilen kasuan: sozietatearen kapitala edo ondarea, bai eta ondare-araubidea eta desegiteko eta likidatzeko araubidea ere.

11. artikulua.– Sozietate zibilaren izena.

1.– Sozietate zibilaren izena ezin izango da bat etorri hauekin, ezta antzekoa izan ere nahasmena sortzeko moduan:

a) Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan aurretik inskribatutako inongo sozietate-izen.

b) Beste edozein pertsona juridiko publiko edo pribatu.

c) Lehendik dauden entitateak, Espainiako nazionalitatekoak izan zein ez.

d) Pertsona fisikoak, non eta ukitutako pertsonak edo haren ondorengoek ez duten berariaz ematen baimena.

e) Marka erregistratu edo ezagun bat, non eta ez duen eskatzen haren titularrak edo ez den eskatzen haren baimenarekin.

2.– Izenean, 6. artikuluan zehaztutako motaren bat aipatu behar da.

3.– Sozietatearen izaera dela-eta sozietatearen izenean lurralde-mugape baten izena sartu behar bada, hala nola probintzia, lurralde historikoa, herria, barrutia, eskualdea, auzoa edo antzeko bat, orduan, patronimiko espezifiko bat erabili beharko da, sozietate zibil hori mugape berean eratuta dauden edo eratzen diren antzeko beste batzuetatik bereizteko, ezein sozietatek ez dezan bidegabe hartu mugape horren izenaren jabetza.

4.– Sozietatearen izenean ezin izango da sartu haren identitatearen, motaren edo izaeraren gaineko okerrik edo nahasmendurik eragin dezakeen termino edo adierazpiderik; bereziki, beste pertsona juridiko batzuenak diren hitzak, kontzeptu edo ikurrak, akronimoak eta antzekoak.

5.– Ez dira onartuko legeen kontrakoak diren edo pertsonen oinarrizko eskubideak urratzea eragin dezaketen izenak.

12. artikulua.– Sozietatearen estatutuak edo itunak aldatzea.

1.– Estatutuen edo sozietate-kontratuaren aldaketak inskribatzeko, eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Sozietate zibileko pertsona edo organo eskudunak estatutuen edo sozietate-kontratuaren arabera hartutako aldaketa-erabakiaren edo -akordioaren ziurtagiria.

b) Aldatutako artikuluen zerrenda eta aldatzen edo gehitzen diren artikuluen hitzez hitzeko transkripzioa, bai eta horien ondorioz sortzen diren estatutuen edo sozietate-kontratuaren testu osoa ere, zeinak, gutxienez, 10. artikuluan aipatutako alderdiak jaso behar baititu.

2.– Sozietate zibilak erregistratzeko arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez erabakiko da Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan estatutuen edo sozietate-kontratuaren aldaketa inskribatzeko eskaera baiestea, edo ukatzea eta ukatzeko arrazoiak ematea. Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gaiaren arabera eskumena duen sailburuordeari.

3.– Ebazpena aldekoa bada, inskripzio-idazpen bat egingo da, honako datu hauek jasoko dituena:

a) Estatutuak edo sozietate-kontratua aldatzeko erabakia hartu zen bileraren eguna eta lekua.

b) Aldatutako artikuluak, zenbakia adierazita. Sozietate zibilaren xedeak, aldatu badira, idazpenean transkribatuko dira osorik.

c) Estatutuen edo sozietate-kontratuaren aldaketa inskribatzeko agintzen duen ebazpenaren eguna.

13. artikulua.– Administratzaileak edo administrazio-organoko kideak aldatzea.

1.– Administratzaileen edo administrazio-organoko kideen aldaketak inskribatzeko, eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Izendapen, ordezkapen edo kargu-uzte berriaren erabaki edo akordioaren ziurtagiria, sozietate zibileko pertsona edo organo eskudunak emana. Ziurtagiri horretan, izendatutako, ordeztutako edo kargutik kendutako pertsonak identifikatu behar dira (izena, abizenak, NANa, sexua, helbidea) eta haien sinadura jaso. Kargugabetuek justifikaziorik gabe uko egiten badiote ziurtagiria sinatzeari, edo ezinezkoa bada haien sinadura lortzea, sozietate zibileko pertsona edo organo eskudunaren zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da. Beste pertsona bat izendatzen bada, haren onarpena edo kargu-hartzea ere adierazi beharko da ziurtagirian.

b) Aldaketa ez bada gertatzen sozietate zibileko pertsona edo organo eskudunaren erabakiz edo akordioz, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

1. Dagokion erregistroak emandako ziurtagiria, kargu-uztea nortasun juridikoa azkentzeagatik bada.

2. Dagokion erregistroak emandako ziurtagiria, kargu-uztea heriotzagatik edo heriotza-deklarazioagatik bada. Interesdunak berariaz aurka egiten ez badu, erregistroak informazio hori kontsultatu eta egiaztatuko du, eta 2.6 artikuluan xedatutakoari jarraituko dio.

3. Ebazpen judizialaren lekukotza, aldaketa agintaritza judizialak erabakitzen badu.

4. Laguntza-neurri judizialak ezartzen dituen ebazpen judizialaren edo eskritura publikoaren lekukotza, edo, hala badagokio, desgaikuntza edo bateraezintasuna deklaratzen duen ebazpen judizial edo administratiboaren lekukotza, kargu-uztea inguruabar horrengatik bada.

5. Uko-egileak behar bezala sinatutako dokumentu publikoa edo dokumentu pribatua, kargu-uztea uko egitearen ondoriozkoa bada.

Erregistroan bertan agertuz ere jakinaraz daiteke uko-egitea; kasu horretan, sozietate zibilaren administrazio-organoari edo, bestela, administratzaileei ukoa jakinarazi izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Agerraldi hori aurrez aurrekoa edo izapidetze elektronikoaren bidezkoa izan daiteke. Bietan, uko-egilea nor den egiaztatu behar da.

6. Organo eskudunak emandako ziurtagiria edo dokumentu baliokidea, administratzaileak edo administrazio-organoko kideak kargudun publikoak izateagatik badira administratzaile edo administrazio-organoko kide.

7. Behar bezala sinatutako ziurtagiria edo dokumentu baliokidea, kargutik kentzeko edo ordezteko ahalmena beste pertsona fisiko edo juridiko batek badu.

2.– Sozietate zibilak erregistratzeko arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez erabakiko da Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan administratzaileen edo administrazio-organoko kideen aldaketa inskribatzeko eskaera baiestea, edo ukatzea eta ukatzeko arrazoiak ematea. Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gaiaren arabera eskumena duen sailburuordeari.

3.– Ebazpena inskripzioaren aldekoa bada, erregistro-inskripzioaren idazpen bat egingo da, honako datu hauek jasoko dituena:

a) Kargua utzi duten edo kargurako izendatu diren administratzaileen edo administrazio-organoko kideen izena eta kargua.

b) Kargu-uzteak edo izendapenak egiteko erabakia hartu zen eguna eta lekua, edo horretarako bilerarenak. Hala badagokio, ebazpen judizialaren, eskritura publikoaren edo ebazpen administratiboaren eguna edo uko-egitearen edo heriotzaren eguna.

c) Administratzaileen edo administrazio-organoko kideen aldaketa inskribatzeko agintzen duen ebazpenaren eguna.

14. artikulua.– Sozietate zibilen bat-egitea.

1.– Bat-egitea inskribatzeko eskabidea erregistrora bidali behar da, tartean diren sozietate zibilek izenpetuta, eta bertan zehatz-mehatz adierazi behar dira bat-egitearen bidez eratutako sozietate zibil berriaren izena eta bat egindako sozietate zibilen erregistro-datuak. Bat-egitea sozietate zibil batek beste bat beretuz gertatu bada, bi sozietate zibilak identifikatu beharko dira, erregistroko datuen bitartez.

2.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eragiketan parte hartzen duten sozietate zibiletako pertsona edo organo eskudunek bat egiteko hartutako erabakien edo akordioen ziurtagiriak.

b) Sozietate zibil berri bat sortzen bada, eskabideak, artikulu honetan adierazitakoaz gain, sozietate zibilei erregistroan hasierako alta emateko betekizunak bete beharko ditu.

c) Bat-egitea sozietate zibil batek beste bat beretuz gertatzen bada, sozietate zibil bereganatzailearen estatutuetan izandako aldaketak jaso beharko dira bat egiteko erabaki edo akordioaren ziurtagirian, halako aldaketarik izan bada behintzat. Gainera, 12. artikuluan estatutuen edo itun sozialen aldaketez ezarritakoa bete beharko da.

3.– Sozietate zibilak erregistratzeko arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez erabakiko da Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan sozietateen bat-egitea inskribatzeko eskaera baiestea, edo ukatzea eta ukatzeko arrazoiak ematea. Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gaiaren arabera eskumena duen sailburuordeari.

4.– Ebazpena inskripzioaren aldekoa bada, erregistro-inskripzioaren idazpen bat egingo da, honako datu hauek jasoko dituena:

a) Sozietate berri bat sortzen bada, erregelamendu honek hasierako alta emateko eskatzen dituen datu berberak adierazi beharko dira, eta, horrez gain, bat egiteko erabakiak noiz hartu ziren ere zehaztu beharko da.

b) Sozietate batek beste bat beretuz gero, sozietate zibil bereganatzailearen erregistro-orriko inskripzio-idazpenean adierazi beharko da noiz hartu ziren beste sozietatea beretuz bat egiteko erabakiak eta noiz onartu zen idazpenak inskribatu eta ezerezteko agintzen duen ebazpena.

c) Kasu batean zein bestean, erregistroak ezereztu egingo ditu a) eta b) letretan jasotako prozeduretako edozeinen bidez azkendu diren sozietate zibilen erregistro-orrien idazpenak, ofizioz, eta dagokion ebazpenaren aipamena eginez.

d) Sozietate zibilen bat-egitea inskribatzeko agintzen duen ebazpenaren eguna.

15. artikulua.– Sozietate zibilen desegitea.

1.– Sozietate zibila azkentzen baldin bada eratzean ezarritako epea bukatzeagatik, azken inskripzioaren ondoan bazterreko ohar bat jarriko da, ofizioz edo interesdunak eskatuta, sozietate zibila desegin dela adierazteko.

2.– Desegiteko erabakia sozietate zibileko pertsona edo organo eskudunak hartu badu, hark hartutako erabaki edo akordioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da desegitea inskribatzeko eskabidearekin batera; bertan, likidazio-plana eta, hala badagokio, likidazio-batzordearen izendapena erantsi beharko dira.

3.– Desegitea agintaritza judizial batek erabaki badu, hura deklaratu duen ebazpen judizialaren lekukotzaren bidez inskribatu behar da.

4.– Sozietate zibilak erregistratzeko arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez erabakiko da Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan desegitea inskribatzeko eskaera baiestea, edo ukatzea eta ukatzeko arrazoiak ematea. Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gaiaren arabera eskumena duen sailburuordeari.

5.– Ebazpena inskripzioaren aldekoa bada, inskripzio-idazpen bat egingo da, honako datu hauek jasoko dituena:

a) Desegiteko erabakiaren edo akordioaren eguna eta lekua.

b) Likidatzaileen izenak.

c) Desegitea inskribatzeko agintzen duen ebazpenaren eguna.

6.– Likidazio-eragiketak bukatu ondoren, likidatzaileek sozietate zibilaren idazpenak ezerezteko eskatuko diote erregistroari, guztiek izenpetutako idazki baten bidez. Erregistroak bazterreko ohar bat jarri beharko du desegitearen inskripzioaren ondoan, likidatzaileek eskabidea noiz aurkeztu duten adierazten duena; idazpenak ezereztuko ditu, eta baja emango dio sozietate zibil likidatuari.

16. artikulua.– Desegin ez den sozietateari erregistroan baja ematea.

1.– Erregistrora bidali behar da sozietate bati erregistroan baja emateko inskripzio-eskabidea, bajaren arrazoia hauetako bat baldin bada: beste erregistro batera aldatzea, jarduera nagusien lurralde-eremua aldatzea, araubide juridikoa edo erregistro-araubidea aldatzea, edo legez edo erregelamenduz ezarritako beste arrazoi batzuk izatea; horretarako ahal nahikoa duen pertsonak izenpetu behar du eskabidea, eta bertan sozietatearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak adierazi behar dira.

2.– Eskabidearekin batera, sozietateko pertsona edo organo eskudunak baja emateko hartutako erabaki edo akordioaren ziurtagiria aurkeztu behar da, eta, hala badagokio, zer erregistrotara aldatu nahi duten adierazi.

3.– Sozietate zibilak erregistratzeko arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez erabakiko da Euskadiko Sozietate Zibilen Erregistroan baja inskribatzeko eskaera baiestea, edo ukatzea eta ukatzeko arrazoiak ematea. Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gaiaren arabera eskumena duen sailburuordeari.

4.– Ebazpena aldekoa bada, erregistro-inskripzioaren idazpen bat egingo da, honako datu hauek jasoko dituena:

a) Erregistroko baja eskatzeko erabaki edo akordioaren eguna eta lekua.

b) Sozietate zibila zer erregistrotara aldatzen den, hala badagokio.

c) Erregistroan baja emateko agintzen duen ebazpenaren eguna.

5.– Erregistroak ofizioz ezereztuko ditu idazpenak; baja emango dio sozietate zibilari, eta espedientea helaraziko dio, hala badagokio, eskumena duen erregistroari, espedientearen kopia beretzat gordeta.

17. artikulua.– Inskripzio-ebazpenak.

1.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko –eta, hala badagokio, behar diren idazpenak egiteko–, sei hilabeteko epea egongo da, eskabidea Erregistroan sartzen denetik hasita.

2.– Epea igaro eta ez bada inskripzio-ebazpenik jakinarazi, eskabidea onartutzat joko da administrazio-isiltasunez.

3.– Eskabidean edo harekin batera aurkeztutako dokumentazioan forma-akatsik aurkitzen bada, edo izena beste izen inskribatu bat bezalakoa bada edo nahastea eragin badezake beste izen batekin, eten egingo da inskripzioa egiteko epea, eta hamar eguneko epea irekiko da aurkitutako akatsak zuzentzeko.

18. artikulua.– Ebazpen judizial irmoak.

1.– Erregistroan inskribatuta dauden sozietate zibilen egintza inskribagarriei eragiten dieten ebazpen judizial irmoak manamendu judizial bidez edo alderdi interesdunak eskatuta inskribatuko dira; azken kasu horretan, erregistrora eskabide bat bidali beharko da, eskatzaileak sinatuta eta bertan sozietatearen izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak adierazita.

2.– Eskabidearekin batera, inskriba daitezkeen sozietate zibilaren egintzei eragiten dien ebazpen judizial irmoaren lekukotza aurkeztu behar da.

3.– Ebazpen judizial irmoek inskripzio-idazpen bat eragingo dute, datu hauek dituena:

a) Ebazpen judizial irmoa zer agintaritza judizialek eta noiz eman duen.

b) Ebazpen horren epaitzaren edukia laburtuta.

4.– Ebazpena aurretik prebentziozko idazpen bat eragin duten gaiak konpontzeko baldin bada, erregistroak ofizioz ezereztuko du idazpen hori edo ebazpen judizial irmoarekin kontraesanean dagoen beste edozein.

19. artikulua.– Barne-gatazka judizialak.

1.– Barne-gatazka judizialak erregistroan jasota geratzeko egiten diren eskaerak erregistrora bidali beharko dira, interesdunak behar bezala sinatuta, eta sozietate zibilaren izen zehatza eta gainerako erregistro-datuak adierazita.

2.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Epaitegi edo auzitegi eskudunean aurkeztutako demandaren kopia konpultsatua.

b) Demanda onartzen duen auto judizialaren kopia konpultsatua.

3.– Barne-gatazka judizialek ohar-idazpen prebentibo bat eragingo dute, datu hauek emango dituena:

a) Demanda noiz eta zer epaitegitan edo auzitegitan aurkeztu den.

b) Demanda onartzeko auto judiziala noiz eta zer agintaritzak eman duen. Hala badagokio, hartutako kautelazko neurriak ere azaldu behar dira, labur.

20. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

1.– Erregistroan inskribatzeko eskabidea eginez gero, baimena ematen da beharrezkoak diren datu pertsonalak biltzeko, erregistratzeko eta tratatzeko, erregelamendu honetan ezarritako eran.

2.– Datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dauden arauak betez tratatuko dira bildutako datuak.

3.– Erregistroak zainduko du datu pertsonalak babesteko araudia betetzen dela, baldin eta eskaerek idazpenetako edo agirietako datu pertsonalei eragiten badiete, barnean direla espedienteetako ebazpen judizialetan bildutako datu pertsonalak, halako ebazpenik badago behintzat.

4.– Erregistroaren publizitatean ez dira sartzen pertsonen helbideari, egoera zibilari eta bestelako datu pertsonalei buruzko informazioa, datu pertsonalak babesteko araudiarekin bat etorrita.

III. KAPITULUA
ERREGISTRO-PUBLIZITATEA

21. artikulua.– Erregistro-publizitaterako bideak.

1.– Erregistroaren publizitaterako bide hauek egongo dira: erregistro-orriaren idazpenen edukiari buruzko ziurtagiria eta egindako inskripzioekin zuzeneko zerikusia duten dokumentu gordailutuen edo idazpenen kopia.

2.– Ziurtagiriak emateko, eskabide telematiko bat sinatu eta erregistrora bidali beharko da aurrez, eta eskabidea erregistroan sartu eta hurrengo egunetik hamabost egun igaro baino lehen emango dira.

3.– Sailaren webgunearen bidez ere egin daiteke erregistro-publizitatea. Nolanahi ere, bide hori erabilita egiten den publizitatea informatiboa izango da, eta ez frogagarria, ez badauka berme-maila baliokidea edo handiagoa ematen duen sinadura-elementurik, zigilurik edo ziurtagiri elektronikorik.

4.– Erregistroak, eskumena duen sailaren webgunearen bidez, eskuragarri jarriko ditu erregistro-publizitaterako eskabideak aurkezteko bide telematikoak.


Azterketa dokumentala