
191. zk., 2026ko urriaren 6a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (224 KB - 16 orri.)
- EPUB (257 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Pribatuen iragarkiak
BIOEF - BERRIKUNTZA ETA IKERKETA SANITARIOKO EUSKAL FUNDAZIOA
4136
IRAGARKIA, I+G Kudeatzeko (Laguntzak eta Adierazleak) goi-mailako teknikariaren lanpostu bat betetzeko deialdiari buruzkoa. Lanpostua hutsik dago langile lan-kontratudunen plantillan, eta Bioefen 2026ko Enplegu Publikoaren Eskaintzari dagokio.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 79. artikuluan xedatutakoa ikusita, argitara ematen dira deialdi hau arautuko duten oinarri espezifikoak, oposizio-lehiaketa askeko sistemaren bidez I+G Kudeatzeko (Laguntzak eta Adierazleak) goi-mailako teknikariaren lanpostu bat betetzeko, lan-kontratu mugagabedun langile modalitatean. Lanpostu hori hutsik dago Fundazio honetako langile lan-kontratudunen plantillan, eta 2026ko otsailaren 17ko Enplegu Publikoaren Eskaintzari dagokio.
Bilbao, 2026ko irailaren 10a.
Bioefeko ahaldun nagusia,
IÑAKI GUTIÉRREZ IBARLUZEA.
ERANSKINA
I+G KUDEATZEKO GOI-MAILAKO TEKNIKARI LANPOSTU BAT, BIOEF-BERRIKUNTZA ETA IKERKUNTZA SANITARIORAKO EUSKAL FUNDAZIOKO LANGILEEN PLANTILLAN HUTSIK DAGOENA, OPOSIZIO-LEHIAKETA ASKE BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA ARAUTUKO DUTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da I+G Kudeatzeko (Laguntzak eta Adierazleak) goi-mailako teknikariaren lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketa askearen bidez, lan-kontratu mugagabedun langile modalitatean. Lanpostu hori hutsik dago Fundazio honetako lan-kontratuko langileen plantillan, eta 2026ko otsailaren 17ko Lan Publikoaren Eskaintzari dagokio.
Indarrean dagoen lanpostu-zerrendako lanbide-sailkapeneko A taldeko 2 azpitaldean dago lanpostua, eta Bioef11-002 kodea du.
Eskatutako titulazio espezifikoa: Goi-mailako titulua, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3. mailan sailkatua (MECES 3), Zientzien, Osasun Zientzien edo Gizarte eta Lege Zientzien adarrean. Adar horietako bakoitzean sartutako tituluak Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) jaso dira.
Tituluaren eskakizuna dagozkion ikasketen tituluaren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da: tituluaren fotokopia (aurrealdea eta atzealdea), edo, halakorik ezean, titulu hori lortzeko ikasketak amaitu direla eta espedizio-eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen ziurtagiria, oinarri orokorretan ezarritakoaren arabera.
Hautapen-sistema probaldi batekin osatuko da, hala badagokio. Probaldi hori hautapen-prozesuaren beste fase bat izango da.
Bigarrena.– Eginkizunak.
Bere lanbide-kategoriari dagozkion eginkizunak beteko ditu. Horietako batzuk, fundazioak osasun-arloko I+G+b finantzaketa lortzen laguntzeko duen helburuaren esparruan, funtzio orokor hauek dira, besteak beste:
– Osasun-arloko I+G+b-rako laguntzen programak/deialdiak eta laguntzak diseinatzea, kudeatzea, aztertzea eta ebaluatzea, Bioefi dagozkionak barne, bai eta Osasun Sailaren I+G+b-rako deialdietan eta laguntzetan parte hartzea ere (Bioef Osasun Sailaren erakunde laguntzailea da eginkizun horietan, horretarako sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren arabera).
– Eskualde, estatu edo nazioarte-mailako osasun-arloko I+G+b-a finantzatzeko aukerak identifikatzea, kudeatzea, arlo horretan aholkatzea eta ebaluatzea.
Funtzio orokor horiek, nagusiki, honako hauek biltzen ditu:
• Osasun-arloko I+G+b-rako laguntzen deialdiak eta beste finantzaketa-aukera batzuk erakartzea, aztertzea eta zabaltzea.
• I+G+b-rako laguntzen deialdi eta programen oinarriak eta dagozkien justifikazio- eta jarraipen-memoria eta -txostenak prestatzea.
• I+G+b-rako deialdiak eta laguntzak kudeatzeko eta ebaluatzeko txosten teknikoak lantzea.
• Laguntza-programei eta haien gaineko esparru estrategikoei lotutako I+G+b adierazleak zehaztea eta aztertzea, eta haien jarraipena egitea, esku hartzen duten taldeak koordinatuta.
• Lan-prozedura normalizatuak lantzea eta berrikustea.
• Kudeaketako plataforma informatikoaren I+G+b informazioa ustiatzea eta aztertzea, hobetzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko proposamenak egiteko.
• Bere eginkizunekin zerikusia duten lantaldeetan edo batzordeetan parte hartzea, lanpostuari lotutako eginkizunetan erakundea ordezkatzeko taldeak barne.
• Hierarkian gorago dagoenak agindutako antzeko beste edozein zeregin egitea.
Hirugarrena.– Arau aplikagarriak.
Lanpostua jabetzan hartzeko hautapen-prozesuaren deialdiari araudi hau aplikatuko zaio:
– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.
– 30/1984 Legea, abuztuaren 2koa, Funtzio Publikoa berritzeko neurriei buruzkoa.
– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena.
– Osagarri gisa, Estatuaren Administrazio Orokorrean diharduten langileen sarbiderako, lanpostuen hornikuntzarako eta administrazio bereko funtzionario zibilen lanbide-sustapenerako Erregelamendu Orokorra, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuak onartua.
– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa.
– 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.
– 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
– 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako.
– 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
– 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena.
– Oinarri orokorrak eta oinarri arautzaile hauek.
Laugarrena.– Izangaien betekizunak.
1.– Izangaiak onar daitezen eta, hala badagokio, izangaiek hautapen-prozesuan parte har dezaten, betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Oinarri hauetako lehenengo oinarrian eskatutako titulua izatea edo lortzeko eskubideak ordainduta izatea, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean titulazio horiek lortzeko moduan egotea.
Tituluaren eskakizuna dagozkion ikasketen tituluaren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da: tituluaren fotokopia (aurrealdea eta atzealdea), edo, halakorik ezean, titulu hori lortzeko ikasketak amaitu direla eta espedizio-eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen ziurtagiria, oinarri orokorretan ezarritakoaren arabera.
Bosgarrena.– Eskabideak.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, hots, Fundazioaren web-atariaren bidez, eskabidea betetzean adieraziko diren jarraibideen arabera. Oinarri orokorretan zehaztutako moduan, tokian eta epean aurkeztuko dira.
Eskabideak 20 (hogei) egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Seigarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Oposizio-lehiaketako probak eta merezimenduak zehazteko, garatzeko eta ebaluatzeko, eta parte hartuko duten pertsonak hautatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, bat etorriz Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 60. artikuluarekin, ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretuaren 4. artikuluarekin, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 81. eta 189. artikuluekin eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21.1.b) artikuluarekin.
Epaimahaiburu batek, bi epaimahaikidek eta idazkari batek osatuko dute Epaimahai kalifikatzailea. Gutxienez epaimahaikideen erdiek izan beharko dute titulazio hau: sarbiderako jakintza-arloa zein den, arlo horri berari dagokiona. Epaimahaikide guzti-guztiek izan beharko dute maila akademiko bereko edo goragoko titulua. Bai eta haien ordezkoek ere. Epaimahaikide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, idazkariak izan ezik. Hark hitza izango du, baina ez du botorik izango.
Titularrekin batera izendatu beharreko ordezkoek ere osatuko dute epaimahaia. Edonola ere, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera eratuko da.
Epaimahaiko kideetako bat IVAPek izendatuko du, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 22.4 eta 81.11 artikuluetan horretarako ezarritakoa betez.
Epaimahaia osatzen duten titularren eta ordezkoen izenen zerrenda fundazioaren ediktu-taulan eta webgunean argitaratuko da, Bioefeko ahaldun nagusiak izendatu ondoren.
2.– Epaimahai kalifikatzailearen jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legean kide anitzeko organoen funtzionamenduaz ezarritako arauen arabera arautuko da.
Epaimahai kalifikatzaileko kideei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errefusatze-kausak aplikatuko zaizkie.
3.– Hautapen-sistema bakoitza osatzen duten probak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai kalifikatzaileari dagokio. Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzukizuna izango du eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahai kalifikatzaileak aholkulariak sartu ahal izango ditu hautapen-prozesuko proba guztietan edo haietako batzuetan lan egiteko. Aholkulariek, berriz, nork bere espezialitate teknikoan jardungo dute, ez beste ezertan. Aholkulariek ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta isilpekotasun-printzipioen arabera jardun beharko dute.
5.– Epaimahai kalifikatzaileak neurri egokiak hartuko ditu oposizio-faseko ariketa idatziak, Epaimahaiaren aurrean irakurri behar ez direnak, izangaien identitatea jakin gabe zuzenduko direla bermatzeko.
6.– Oinarri hauetan aurreikusi ez den guztian hautapen-sistema garatzeko behar diren neurriak hartzeko ahalmena izango du, baita arauak interpretatu eta aplikatzean sortzen diren arazo guztiak ebazteko ere, eta bere eginkizunak betetzeko ere bai. Era berean, Epaimahai kalifikatzaileak ebatziko ditu arau hauek aplikatzerakoan sor daitezkeen zalantza guztiak, bai eta aurreikusi gabeko kasuetan zer egin behar den ere.
7.– Epaimahai kalifikatzaileak ezin izango du hautatutzat deklaratu deialdiko plazak baino izangai gehiago, eta muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.
8.– Epaimahai kalifikatzaileak probak edo ariketak egiteko egunak eta horien emaitzak jakinarazten dituenean, iragarki taulan eta fundazioaren web-orrian (www.bioef.eus) argitaratuko dira.
9.– Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioan izango du egoitza epaimahaiak (Kale Nagusia 1, 13. solairua, Bilbao).
Zazpigarrena.– Hautapen-prozedura.
Hautapen-sistema oposizio-lehiaketa izango da.
1.– Oposizio-fasea.
Oposizio-fasean, gehienez ere 50 puntu lor daitezke.
Oposizioa proba hauek egitea izango da:
1.– Lehenengo proba, ezagutza-proba nahitaezkoa eta baztertzailea. Test motako galdetegi bat erantzun beharko da idatziz.
Oinarri hauen I. eranskineko gai-zerrenda orokorrean eta espezifikoan jasotakoaren arabera zehaztuko dira edukiak.
Epaimahai kalifikatzaileak erabakiko du galdera kopurua eta probaren iraupena, eta ariketaren hasieran jakinaraziko da.
Erantzun okerrak zigortu egingo dira. Erantzun oker bakoitza -0,33 punturen baliokidea da. Erantzun zuriek edo erantzun gabekoek ez dute zigorrik jasoko, eta erantzun bat baino gehiago dituztenek erantzun gabekoen tratamendu bera izango dute.
Test motako galdera sortako galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bakarra izango da zuzena.
Proba hau 0 eta 15 puntu artean baloratuko da, eta gutxienez 8 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira.
Hautapen-sistemaren ordena egokia izan dadin, Epaimahai kalifikatzaileak, kontuan hartuta eska daitekeen gutxienekoa eta proban erakutsitako ezagutza-maila eta izangaien nortasuna ezagutu aurretik, proba gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ezartzeko puntuazio-atalasea erabaki ahal izango du, eta erabaki hori argitara emango du.
2.– Bigarren proba, ezagutza-proba nahitaezkoa eta baztertzailea da. Test motako galdera sorta bat erantzun beharko da idatziz, eta/edo deialdi honetako gai-zerrenda espezifikoan (I. eranskina) jasotzen denari buruzko ariketa praktiko bat egin beharko da. Epaimahaiak erabakiko du zenbat galdera egingo diren, probak zenbat iraungo duen, etab. Ariketaren hasieran emango da horren berri.
Ariketa honetan 25 puntu emango dira gehienez, eta gainditzeko gutxienez 13 puntu lortu beharko dira.
Hautapen-sistemaren ordena egokia izan dadin, Epaimahai kalifikatzaileak, kontuan hartuta eska daitekeen gutxienekoa eta proban erakutsitako ezagutza-maila eta izangaien nortasuna ezagutu aurretik, proba gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ezartzeko puntuazio-atalasea erabaki ahal izango du, eta erabaki hori argitara emango du.
Ariketa honetako idatzizko proba egiteko, Epaimahaiak ezartzen duen dokumentazioa erabili ahal izango dute izangaiek (paperezko euskarrian soilik), baina inola ere ezingo dituzte erabili dokumentu, eskuliburu, material bibliografiko, legeriaren errepertorio, jurisprudentzia edo doktrinal iruzkinduak, paperean zein euskarri elektronikoan. Ariketa egiteko datarekin batera argitaratuko da zehazki zer dokumentazio erabiltzeko baimena ematen duen Epaimahaiak. Kasu praktikoak egiteko, era guztietako gailu elektronikoak kanpoan geratuko dira, kalkulagailua izan ezik.
Epaimahaiaren esku geratzen da planteatu beharreko azterketaren tipologia, bai eta azterketa hasi aurretik ezarri beharko diren zuzenketa- eta balorazio-irizpideen zehaztapena ere.
Deialdiaren xede den lanpostuaren berezko funtzioak kontuan hartuta, eskualde, estatu eta nazioarteko eremuetan I+G+b programak eta laguntzak kudeatzeari, izapidetzeari eta horien jarraipena egiteari lotuta, Epaimahaiak erabaki ahal izango du kasu praktikoko edo bigarren ariketako atal jakin batzuk gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez garatu behar direla nahitaez, izangaiek egokituko zaizkien testuinguru profesionaletan idatziz komunikatzeko zer-nolako gaitasuna duten ebaluatzeko.
Kasu edo atal bakoitzerako eskatzen den hizkuntza berariaz adieraziko da dagokion ariketako enuntziatuan.
Kasu edo atal bakoitza ebazteko berariaz eskatutako hizkuntza ez den beste bat erabiliz gero, ez da zuzenduko.
3.– Hirugarren proba: konpetentzia-ariketa nahitaezkoa eta ez-baztertzailea da, eta izangaien gaitasunak ebaluatzera zuzenduta dago. Proba hau 0 eta 10 puntu artean baloratuko da.
Konpetentziak (jarrerak eta/edo gaitasunak) neurtzeko, proba bat edo gehiago egin beharko da, izangaiak lanpostura egokitzen diren baloratzeko. Adimen- eta gaitasun-konpetentziak –hala nola jarrerazkoak edo nortasunekoak– neurtu ahal izango dira.
Epaimahaiak lanpostuaren arabera egokitzat jotzen dituen tresna motak erabili ahal izango dira (testa, talde dinamikak, rol-probak, etab.). Proba motaren arabera, baliteke grabatzea.
Zortzigarrena.– Oposizio-proben garapena.
1.– Hasiera.
Oposizio-faseko ariketak ezingo dira hasi deialdiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta, gutxienez, hilabete igaro arte.
Oposizio-faseko ariketa bakoitzean, ariketak zuzendu ondoren, eta izangaien izenak eman eta bakoitzaren kalifikazioa zehaztu aurretik, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko puntu kopurua lortzeko behar den ezagupen-maila edo atalasea ezarri ahal izango du Epaimahaiak.
Epaimahaiak erabaki dezake oposizio-faseko probak, oinarrietan aurreikusitako hurrenkeran egin beharrean, beste hurrenkera batean egitea, eta egun berean proba bat baino gehiago egin dezake.
Epaimahaiak ahalmena izango du edozelako iruzurra egiten duen pertsona oro hautapen-prozeduratik baztertzeko, baldin eta probetako edozein behar bezala garatzea eragozten badu edo lehia desleiala sortzen badu, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera, eta jardun horien berri jasoko da bilkuraren aktan.
Prozesuan onartutako izangaiek parte hartu ahal izango dute probetan, bai eta baztertuen zerrendan agertzen direnek ere, inpugnazio bat aurkeztu dutela egiaztatzen badute. Inpugnazioa ezetsiz gero, izangaia prozesutik kanpo geldituko da behin betiko.
Era berean, gainditutako pertsonen zerrendan ageri ez direnek baina erreklamazioa aurkeztu dutenek, ariketa egiteko datan erreklamazioa oraindik ebatzi gabe badago, bigarren ariketan eta hurrengoetan ere parte hartu ahal izango dute. Erreklamazioa onartzen ez bada, izangaia prozesutik kanpo geratuko da behin betiko, eta egin duen azterketa ez da kontuan hartuko.
2.– Argitalpena.
Oposizio-faseko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua Fundazioaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko dira, gutxienez ere zazpi egun baliodun lehenago. Epaimahaiak Fundazioaren iragarki oholean eta Fundazioaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioko gainerako ariketen iragarkiak. Iragarkiak, gutxienez, hurrengo ariketa egin baino 48 ordu lehenago argitaratuko dira.
3.– Deialdia.
Izangaiei ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo zaie, eta izangairen bat ariketetara azaltzen ez bada deitzen zaion unean, ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko eskubidea galduko du automatikoki, eta, ondorioz, baztertuta geratuko da hautapen-prozesutik, behar bezala justifikatutako eta epaimahaiak libreki onartutako kasuetan izan ezik.
Arau bera aplikatuko da derrigorrezko ariketak egiten hasi ondoren agertzen diren izangaiekin. Azterketara ez agertzea edo berandu iristea azterketei uko egin izanaren parekotzat hartuko da.
Epaimahaiak, hautaprobetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, proben deialdiaren baldintzak egokitu ditzake probara joaterik ez dutenentzat haurdunaldi, erditze edo ezinbesteko arrazoiak direla eta.
Egoera horiek, ahal den kasuetan, proba egin aurretik jakinarazi beharko zaizkio Epaimahaiari dagozkion ziurtagiriak aurkeztuta.
Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenen bat behar eta eskabidean hala adierazi duten hautagaiei. Horrela, aukera-berdintasunez arituko dira gainerako parte-hartzaileen aldean. Egokitzapen horiek egitean, ez da probaren edukia desitxuratuko, eta eskatutako gaitasun-maila ez da jaitsi edo okerragotuko.
4.– Identifikazioa.
Epaimahai kalifikatzaileak behar bezala identifikatzeko eskatu ahal izango die izangaiei. Horretarako, oposizioko ariketa bakoitzera NANa edo beste edozein dokumentu ofizial eraman beharko dute, epaimahaiaren iritziz hautagaiaren nortasuna behar bezala egiaztatzen duena (pasaportea, gidabaimena, atzerritarren identifikazio-zenbakia, etab.).
5.– Ariketen arteko tartea.
Oposizioko ariketa bat amaitu eta hurrengoa hasteko gutxieneko epea 72 ordukoa izango da eta gehienekoa 45 egun baliodunekoa. Bigarren epean ez da abuztua zenbatuko, hil hori baliogabea izango baita ondorio horietarako. Hori horrela izanik ere, Epaimahaiak, egoki baderitzo, erabaki dezake saio berean ariketa bat baino gehiago egin dadila. Jendaurrekoa izango da, horretarako finkatzen diren egunetan eta orduetan, eta, kasu horretan, 48 ordu lehenago jakinarazi beharko da.
6.– Erreklamazioak.
Kalifikazioak argitaratu eta sei (6) egun balioduneko epea emango da kalifikazioei buruzko erreklamazioak idatziz aurkezteko. Erreklamazioak idatziz zuzendu beharko zaizkio epaimahaiburuari, eta Fundazioaren erregistro orokorrean aurkeztu.
Epe hori amaitu ondoren, eta erreklamazioak, baleude, ebatzi ondoren, probaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
Bederatzigarrena.– Lehiaketa-fasea.
Lehiaketa-fasean gehienez ere 20 puntu lor daitezke.
1.– Oposizio-fasea gainditu dutenei baino ez zaie aplikatuko lehiaketa-faseko kalifikazioa. Oposizioko azken ariketa egin eta hurrengo egunetik aurrera (edozein delarik ere ariketa), hamar egun balioduneko epea izango da izangaiek eskabidean/erantzukizun adierazpenean alegatu dituzten merezimenduak egiaztatzeko.
Izapide horretan ezin izango da merezimendu berririk alegatu, ez eta eskabidean/erantzukizun adierazpenean alegatutakoak aldatu ere. Eskabidean/Erantzukizun adierazpenean alegatutako merezimenduen zerrenda loteslea izango da, eta izangaiek ezin izango dute merezimendu gehiagorik aurkeztu.
Baremoaren arabera merezimenduak baloratzeko behar diren datuak ez dituzten agiriak ere ez dira baloratuko.
Hautapen-prozesutik kanpo geratu diren izangaiek ere egiaztatu beharko dituzte merezimenduak kautelaz, baldin eta erreklamazioa aurkeztu badute kanporatze horren aurka eta erreklamazioaren behin betiko ebazpenaren zain badaude.
2.– Lehiaketan, eskabideak aurkezteko epean alegatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira. Merezimenduok behar bezala egiaztatu beharko dira lehen aipatutako 10 egun balioduneko epean. Merezimenduak egiaztatzeko, egiaztagiriak (kopia konpultsatuak, etab.) aurkeztu beharko dira, datu edo informazio elkarreragingarriak direnean izan ezik, aurrez aipatu denaren arabera.
3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik lortutako merezimenduak bakarrik ebaluatuko dira.
4.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta bertan lortzen diren puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.
Epaimahaiak jarraian zehaztutako baremoen arabera egingo du merezimenduen balorazioa, eta izangai bakoitzari baremo horien arabera dagokion puntuazioa emango dio:
4.1.– Esperientzia, gehienez zazpi (7) puntu.
4.1.1.– I+G+b kudeatzeko goi-mailako teknikari lanpostuari zuzenean lotutako eginkizunetan izandako lanbide-esperientzia zenbatuko da: 0,13 puntu, lan egindako hilabete bakoitzeko. Gehienez, 7 puntu lor daitezke.
Lanaldi partzialeko langileek kotizatutako aldiak egun oso gisa hartuko dira kontuan, egun horietako bakoitzean egindako lanaldiaren iraupena edozein dela ere.
Guztizko zenbaketa lan egindako egun naturalen arabera eginen da, eta ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako hondarrak. Helburu horietarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko da.
Hilabeteari dagokion zatikiari 0,13 puntu emango zaizkio. Hilabete baino gutxiagoko zatikiak ez dira baloratuko.
Lanaldi partzialean edo lanaldi murriztuan emandako zerbitzuei dagozkien aldiak lanaldi osokoak balira bezala zenbatuko dira.
Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioan emandako zerbitzuak, eskabidean alegatu badira, ez dira agiri bidez egiaztatu beharko, eta izangaien espediente pertsonaletan dauden datuen arabera baloratuko dira.
Besteren kontura beste erakunde publiko edo pribatu batzuetan emandako zerbitzuak dagokion enpresaren ziurtagiriaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako lan-bizitzaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira.
Enpresa-ziurtagirian, datu hauek jasoko dira: lanpostuaren izena eta ezaugarriak, kategoria, eskatutako titulazioa, lanpostuaren eginkizunak eta zereginak, enplegu-harremana eta lan egindako aldia.
4.2.– Tituluak eta prestakuntza ikastaroak: atal honetan 3 puntu emanen dira gehienez ere.
Deitutako lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia duten titulazio eta prestakuntza osagarriak baloratuko dira, honako honen arabera:
• Titulu ofizialak: deialdiko lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten beste titulazio akademiko ofizial batzuk izatea baloratuko da, parte hartzeko eskatutakoaz gain, honela: 3 puntu gehienez:
– Unibertsitate-gradua (MECES sailkapeneko 3. maila) edo baliokidea: 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.
– Unibertsitate-masterra: 1,25 puntu, titulu bakoitzeko.
– Doktoretza: 2 puntu, titulu bakoitzeko.
Berezko tituluengatik 1 puntu lor daitezke gehienez ere. Unibertsitateko berezko titulu eta diplomak baremo honen arabera baloratuko dira:
– 200 ordu baino gehiago eta 250 ordu arte: 0,25 puntu.
– 250 ordu baino gehiago eta 300 ordu arte: 0,50 puntu.
– 300 ordu baino gehiagokoa: 0,75 puntu.
Unibertsitateen berezko tituluen iraupena kreditutan soilik adierazten denean, bestelakorik zehazten ez bada, hamar kreditu-ordu gisa zenbatuko dira. ECTS kredituak adierazten badira, baina besterik zehazten ez bada, hogeita bost kreditu-ordu gisa kalkulatuko da. Ez dira baloratuko diploma bidez egiaztatutako unibertsitateko berezko tituluak, berariaz zenbat ordukoak edo kreditukoak diren adierazten ez bada.
Parte hartzeko baldintza gisa eskatzen diren titulazio akademiko ofizialak eta unibertsitateko berezko tituluak baino ez dira baloratuko, betiere deialdi honen xede den lanpostuaren berezko eginkizunekin zuzenean lotuta badaude.
Ez da baloratuko merezimendu gisa alegatu den goragoko mailako beste titulu bat lortzeko beharrezkoa den titulurik.
• Ziurtatutako prestakuntza-ikastaroak: zentro ofizialetan egindako prestakuntza-ikastaro homologatuak, betiere, Epaimahaiaren iritziz, deialdiaren xede den lanpostuan egin beharreko eginkizunekin zerikusia badute. Ikastaro horiek diplomaren eta/edo bertaratze-ziurtagiriaren bidez eta/edo, hala badagokio, aprobetxamendu-ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dira.
Aurkezten den diploma edo ziurtagirian nahitaez jaso beharko dira ikastaroa antolatu duen erakundearen izena, ikastaroaren izena eta ikastaroaren eskola-orduak, eta, ahal bada, irakaskuntza-programa.
Epaimahaiak ez ditu kontuan hartuko oinarri hauetan eskatutako informazioa betetzen ez duten ziurtagiriak.
Ez dira baloratuko titulu ofizialetarako kredituak lortzeko egiten diren ikastaroak.
Lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia duten ikastaro, jardunaldi, tailer eta/edo mintegiak kontuan hartuko dira, gehienez 1 puntura arte, ondoren zehazten den moduan:
– 5 eta 20 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.
– 21 eta 50 ordu bitarteko ikastaroak: 0,2 puntu.
– 51 eta 100 ordu bitarteko ikastaroak: 0,3 puntu.
– 101 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,5 puntu.
Administrazio publikoko institutuek (IVAP, INAP, IEAP) eta zentro ofizialek antolatutako prestakuntza-ikastaroak baloratuko dira, bertaratze-ziurtagiria haiek emana bada. Ondorio horietarako, hauek hartuko dira zentro ofizialtzat: administrazio publikoak, unibertsitateak, Hezkuntza Ministerioaren mendeko zentroak edo autonomia-erkidegoetako eta ministerioetako hezkuntza-sailak, kontseilaritzak, merkataritza-ganberak, elkargo ofizialak, elkargo profesionalak, mutualitateak, fundazioak, elkarteak, federazioak, organismo publikoak edo itunduak.
Ez dira baloratuko akademia pribatuek emandako ikastaroak, ezta Fakultate edo Eskolako Ikasketa Ofizialetako Planen irakasgaiei dagozkienak ere.
Azken 10 urteetan egindako ikastaroak bakarrik baloratuko dira.
4.3.– Ingelesa jakitea. Atal honetan 5 puntu emanen dira gehienez ere.
Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako ziurtagirien eta tituluen bidez edo beste erakunde batzuek emandako titulu homologatuen bidez egiaztatutako ingeles-ezagutza baloratuko da, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko baremo honen arabera:
– C1 maila edo handiagoa: 5 puntu.
– B2 maila: 3 puntu.
– B1 maila: 1 puntu.
Hizkuntza bererako ezingo da balorazio bat baino eman, eta, beraz, maila handiena duena bakarrik hartuko da kontuan. Horrenbestez, izangaiak daukan eta egiaztatzen duen ezagutza-mailarik handiena baino ez da puntuatuko.
4.4.– Euskara. Atal honetan 5 puntu emanen dira gehienez ere.
Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, euskara merezimendu gisa baloratzeko, ondoren jasotzen den baremoa hartuko da kontuan:
Gehienez ere 5 (bost) puntu, jarraian jasotzen den baremoaren arabera:
– C1 maila edo handiagoa: 5 puntu.
– B2 maila: 3 puntu.
– B1 maila: 1 puntu.
Epaimahaiak, oposizioko ariketak eta lehiaketa-faseko merezimenduen balorazioa amaitu ondoren, sailkapen-ordena ezarriko du handienetik txikienera, hautapen-prozesuko bi faseak batuta.
Hamargarrena.– Hautapen-prozesuko kalifikazioa.
1.– Emaitzak argitaratzea.
Oposizio-faseko eta lehiaketa-faseko ariketa bakoitzaren puntuazioak Fundazioaren iragarki-taulan eta Bioefen web-orrian argitaratuko dira, dagokion iragarkiaren bidez.
2.– Merezimenduak baloratzea.
Oposizio-fasea gainditu dutenen Lehiaketako merezimenduen balorazioa aurreko oinarrietan ezarritako baremoen arabera emandako puntuak batuta zehaztuko da.
Merezimenduen balorazioa behin-behinekoz argitaratu eta sei (6) egun balioduneko epea emango da, ezarritako kalifikazioei buruzko erreklamazioak aurkezteko.
Inork ez badu alegaziorik edo erreklamaziorik aurkezten, behin-behineko emaitzak behin betiko bilakatuko dira automatikoki.
Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketan onartutako izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrenda.
1.– Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa fase bakoitzean lortutako puntuen batura izango da, eta horrek erabakiko du izangaien lehentasun-ordena. Sailkapeneko ordenan izandako puntuazio-berdinketak ebazteko, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan jasotako irizpidea erabiliko da. Irizpide horren arabera, emakumeei lehentasuna emango zaie, emakumeak % 40 baino gutxiago diren kidego, maila, eskala eta kategorietan, salbu eta lanposturako beste hautagaiaren kasuan neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten arrazoiak badaude –betiere sexuan oinarritutako diskriminaziorik eragiten ez duten heinean–, hala nola lanpostuak lortzeko eta mailaz igotzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.
Berdinketak badirau, oposizioko lehen proban puntuaziorik altuena lortu duenaren alde ebatziko da; bigarrenik, oposizioko bigarren proban puntuaziorik altuena lortu duenaren alde; eta, azkenik, oposizioaren hirugarren proban puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.
Epaimahai kalifikatzaileak gainditu duten izangaien behin-behineko zerrenda onetsi eta argitaratuko du, dagozkien kalifikazioekin eta puntuazioaren arabera ordenatuta.
2.– 10 egun balioduneko epean, aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute haien aurka, eta behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko da.
3.– Epe hori igarota, epaimahaiak behin betiko zerrenda onartuko du, eta iragarki-oholean eta fundazioaren webgunean argitaratuko du, eta ahaldun nagusiari helaraziko dio, kalifikazioen arabera eta puntuazio-hurrenkeran.
4.– Lanpostu-esleipena eskainitako lanpostuen interesdunek egindako eskaeren arabera egingo da, 20 egun balioduneko epean, hautapen-prozesuan lortutako ordenaren arabera, lanpostu-zerrendetan lanpostu bakoitzerako zehaztutako baldintza objektiboak betetzen badituzte.
Izangaiek egindako aukeraketan oinarrituta, epaimahai kalifikatzaileak dagokion izendapena proposatuko du.
Era berean, azken bilerako akta ere igorriko dio agintaritza horri, kontratazio-proposamen osagarri gisa. Akta horretan, proba guztiak gainditu eta deialdiko plaza kopurua gainditzen duten oposiziogile guztiek agertu beharko dute, puntuazio-ordenaren arabera. Hori guztia hautapen-prozesua amaitu arte hutsik geratu diren lanpostuak bete behar diren kasuetarako soilik.
Nolanahi ere, Epaimahaiak zerrenda osagarri bat egingo du egindako lehen proposamenen ondoren dauden pertsonekin, lanpostua betetzen dela bermatzeko, aukeratutako izangaiak langile lan-kontratudun gisa aritzeari uko egiten badio kontratatu aurretik edo probaldia gainditzen ez badu.
Proposatutako pertsonak lanpostuari edo hautapen-prozesuan jarraitzeari uko egiten badio, gainditutako izangaien zerrendan hurrengo dagoen izangaia kontratatuko du Fundazioak, probaldiko lan-kontratudun langile gisa.
Izangai batek ere ez badu hautapen-prozesua gainditzen, Epaimahaiak bete gabe utziko du deialdia.
5.– Deitutako lanpostu kopuru horri hautapen-prozesu honetako lanpostuak gehi dakizkioke, proposatutako izangaien azken kalifikazioak argitaratu aurretik Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioan lanpostuak hutsik geratzen badira; era berean, barne-sustapeneko plazak ere gehitu ahal izango dira, deialdia hutsik geratzen bada.
Plaza kopuruaren gehikuntza horiek, gertatzen badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Berrikuntza eta Ikerkuntzako Euskal Fundazioaren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko dira.
Hamabigarrena.– Dokumentuak aurkeztea.
Proposatutako oposiziogileak Bioefen egoitza sozialean aurkeztuko ditu hautapen-prozesuan parte hartzeko deialdiaren oinarrietan eskatzen diren baldintzak egiaztatzeko agiriak, 08:30etik 14:00etara, gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratu eta 20 egun balioduneko epean:
1.– Kargu publikoak betetzeko ezgaiturik ez dagoela eta, zigor-espediente bidez, Herri Administrazioaren zerbitzutik baztertua ez dagoela adierazten duen agiria.
2.– Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutakoaren arabera, bateraezintasunaren kausarik ez duela adierazten duen agiria.
3.– Lehiaketa-fasean aurkeztutako merezimenduen fotokopia konpultsatua.
4.– Deialdiaren oinarrietan eskatzen diren gainerako betekizun espezifikoen justifikazioa, agirien fotokopia konpultsatuaren bidezkoa.
Adierazitako dokumentuak aurkezteko ezintasuna behar bezala justifikatuz gero, izangaiak deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ahal izango du Zuzenbidean onargarria den edozein froga-bitarteko erabiliz. Funtzionario publiko edo langile lan-kontratudun denak ez ditu agiri bidez justifikatu beharko aurreko izendapena edo kontratazioa lortzeko frogatutako baldintzak eta betekizunak. Horretarako, haien ardura duen ministerioaren, toki-korporazioaren edo erakunde publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, zeinetan haien izaera eta zerbitzu-orrian jasotako inguruabar guztiak egiaztatuko baitira.
Adierazitako epe barruan, eta ezinbesteko kasuak salbu, proposatutako oposiziogileak ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten edo ez baditu eskatutako betekizun guztiak betetzen, ezingo da pertsona hori kontratatu, eta jarduketa guztiak deuseztatu egingo dira, eskabidea faltsutzearen ondoriozko erantzukizun posiblea eragotzi gabe.
Kasu horretan, hamahirugarren oinarrian aipatzen den kontratazio osagarriaren proposamena sartuko da jokoan (behin-behineko eta behin betiko zerrenda), puntuazio-ordenaren araberakoa, baliogabetze horren ondorioz lanpostua bete dezakeenaren alde.
Hamahirugarrena.– Probaldia.
1.– Hautatutako pertsonak behar bezala egiaztatzen badu deialdiaren baldintzak betetzen dituela, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak kontratu mugagabea egingo dio. Lan-kontratuaren barruan probaldi bat egongo da, gehienez sei hilabetekoa, eta, aldi horretan, langileak lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko duen gaitasuna ebaluatuko da. Kontratua deialdi honen hamalaugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera formalizatuko da.
Nolanahi ere, probaldiaren nondik norakoek ezin izango diote inolaz ere aurka egin Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.1 artikuluan xedatutakoari: «Baliogabea izango da probaldi bat ezartzen duen hitzarmena, baldin eta langileak, lehenago ere, enpresan eginkizun berdinak bete izan baditu, kontratu modu hura edozelakoa izanda ere».
Aldi hori nahitaezkoa eta baztertzailea izango da, banaka hartuta, eta ez gainditzeak hautapen-prozeduratik kanpo geratzea eta gainditu ez duenari dagozkion eskubide guztiak galtzea ekarriko du.
Probaldian, I+G+b Kudeatzeko goi-mailako teknikariaren lanposturako kategoriaren berezko zereginak gauzatzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa probaldiak irauten duen bitartean gertatzen diren gertakarien gainekoa baino ez da izango.
Probaldia amaitzean, probaldiari buruzko azken txostena aurkeztuko du nagusiak edo, hala badagokio, berehalako nagusiek, eskubidez dagozkion alegazioak edo oharrak egin ahal izateko. Probaldiaren ebaluazio hori gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da.
Hautatutako pertsonak probaldia gainditzen ez badu, kontratua izateko eskubide guztiak galduko ditu akordio arrazoitu baten bidez.
Hamalaugarrena.– Kontratazioa.
1.– Probaldia ebaluatzeko azken txostena egin eta hurrengo hilabetearen barruan, hala badagokio, eta arduradunak proposatuta, Fundazioak egiaztatuko du ezen oinarri hauen arabera hautapen-prozedura gainditu duen pertsona horrek lan-kontratu mugagabearen probaldia gainditu duela lan-kontratu finkoko langile gisa.
2.– Hautatutako izangaiak hiru egun balioduneko epean sinatu beharko du lan-kontratua, kontratazioa erabakitzen duen ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Hala egiten ez badu, behar bezala egiaztatutako ezinbesteko kausaren bat dagoenean izan ezik, bere jarduera guztiak indarrik gabe geratuko dira, eta langile lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko ditu.
Hamabosgarrena.– Lan-poltsa. Lan-poltsa kudeatzeko irizpideak.
Hautapen-prozesuan onartutako eta hautatu gabeko izangaiak lan-poltsa batean sartuko dira, Fundazioan bertan lanpostu beraren eginkizunak betetzeko aldi baterako beharrizanak betetzeko, betiere titulazio-baldintza orokorrak eta probetan parte hartzeko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badira. Lan-poltsa horien funtzionamendu-arauak Fundazioaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.bioef.eus/eu/) argitaratuko dira.
Hamaseigarrena.– Gorabeherak, Inpugnazioak.
Epaimahaiak ahalmena izango du aurkezten diren zalantzak ebazteko eta oposizioa ordena egokian eta behar bezala garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian.
Interesdunek deialdiaren, oinarrien eta horietatik eta Auzitegiaren jarduketetatik eratorritako egintza guztien aurka egin ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan eta moduan, eta, hala badagokio, lan-arloko jurisdikzioan bidezkoak diren ekintzak gauzatuz, Lan-arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
RSS