
191. zk., 2026ko urriaren 6a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (190 KB - 13 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Pribatuen iragarkiak
BIOEF - BERRIKUNTZA ETA IKERKETA SANITARIOKO EUSKAL FUNDAZIOA
4135
IRAGARKIA, Bioefen 2026ko Enplegu Publikoaren Eskaintzari buruzkoa.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 79. artikuluan xedatutakoa ikusita, argitara ematen dira oinarri orokorrak, zeinen bidez arautuko baitira fundazio honetako langile lan-kontratudunen plantillan hutsik dauden lanpostuak, 2026ko otsailaren 17ko Enplegu Publikoaren Eskaintzakoak, oposizio-lehiaketa askeko sistemaren bidez eta lan-kontratu mugagabeko langile gisa betetzeko prozedurak.
Bilbao, 2026ko irailaren 10a.
Ahaldun nagusia,
IÑAKI GUTIÉRREZ-IBARLUZEA.
ERANSKINA
BIOEF – BERRIKUNTZA ETA IKERKUNTZA SANITARIORAKO EUSKAL FUNDAZIOKO LANPOSTUETARA LANGILE LAN-KONTRATUDUN GISA SARTZEKO HAUTAPEN-PROZESUAK ARAUTZEKO OINARRI OROKORRAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen xedea fundazio honetako langile lan-kontratudunen plantillan hutsik dauden lanpostuak, 2026ko otsailaren 17ko Enplegu Publikoaren Eskaintzakoak, oposizio-lehiaketa askeko sistemaren bidez eta lan-kontratu mugagabeko langile gisa hautatzeko prozedura arautzea da.
2.– Lanpostuak eta haietako bakoitzaren eginkizunak eta gainerako ezaugarriak dagozkien oinarri espezifikoetan zehaztuko dira, izangaientzat argibide izan daitezen eta prozesu bakoitzaren ebaluazio-irizpide izan daitezen.
Bigarrena.– Arau aplikagarriak.
1.– Onartzen diren lege-aldaketei kalterik egin gabe, lanpostuak betetzeko hautapen-prozesu horien deialdiak oinarri orokor hauen eta deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoen arabera arautuko dira.
Era berean, lanpostuak jabetzan hautatzeko hautapen-prozesu guztien deialdietan, arau hauek aplikatuko dira:
– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartua.
– 30/1984 Legea, abuztuaren 2koa, Funtzio Publikoa berritzeko neurriei buruzkoa.
– 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoarena.
– Osagarri gisa, Estatuaren Administrazio Orokorrean diharduten langileen sarbiderako, lanpostuen hornikuntzarako eta administrazio bereko funtzionario zibilen lanbide-sustapenerako Erregelamendu Orokorra, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuak onartua.
– 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa.
– 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa.
– 297/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena.
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
– 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako.
– 1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
– 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena.
– Oinarri arautzaile hauek.
Hirugarrena.– Izangaien betekizunak.
1.– Izangaiak onar daitezen eta, hala badagokio, izangaiek hautapen-prozesuan parte har dezaten, betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estatu kideren batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzekoa den beste estaturen batekoa, betiere Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan definituta dagoen moduan.
b) Halaber, Europar Batasuneko estatu kideetako nazionalen ezkontideak izatea, nazionala eta ezkontidea zuzenbidez banatuta ez badaude; nazionalaren ondorengoak izatea, edo, nazionala eta ezkontidea zuzenbidez banatuta ez badaude, ezkontidearen ondorengoak izatea, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, haien mendeko badira (5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 57. artikulua).
c) Aurretiazko eskaera egitea.
d) Berezko egitekoak behar bezala betetzeko gaitasun funtzionala izatea.
e) Hamasei urte beteta izatea eta, hala dagokionean, nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adinetik gorakoa ez izatea.
f) Diziplina-espediente baten bidez edozein administrazio publikoren zerbitzutik edo autonomia-erkidegoetako konstituzio- edo estatutu-organismoen zerbitzutik bereizita ez egotea, eta ez izatea, ebazpen judizial baten bidez, enplegu edo kargu publikoetarako desgaikuntza erabateko edo berezirik, funtzionarioen edo langile lan-kontratudunen kidego edo eskaletara sartzeko.
g) Beste estatu bateko nazionala bada, desgaituta edo horren pareko egoera batean ez egotea, eta bere estatuan egoera berean egonda enplegu publikora iristeko eragozpen izango litzatekeen diziplinazko zehapenik edo horren parekorik ez izatea.
h) Deialdi eta hautapen-prozesu bakoitzeko oinarri espezifikoetako lehenengo oinarrian eskatutako titulua izatea edo lortzeko eskubideak ordainduta izatea, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean titulazio horiek lortzeko moduan egotea.
i) Atzerrian lortutako titulazioak dituzten izangaiek egiaztatu beharko dute badutela dagokion baliozkotze-agiria edo, hala behar bada, homologazioa egiaztatzen duen agiria.
j) Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruz indarrean dagoen araudian aurreikusitako ezgaitasun edo bateraezintasuneko legezko kausaren batean sartuta ez egotea; hala ere, dagoeneko kargu publiko bat edo jarduera pribatu bateraezin bat betetzen dutenek aipatutako lege-arau horietan aipatzen den aukeratzeko eskubidea baliatu ahal izango dute.
k) Deialdi eta prozesu bakoitzeko oinarri espezifikoetan eskatzen diren gainerako baldintzak.
Hautapen-prozesuan parte hartzea borondatezkoa da, eta, beraz, beharrezkoa izango da proba psikoteknikoak egiteko baimena ematea. Nolanahi ere, proba horien emaitza beste balorazio-faktore bat gehiago izatea onartuko da, oinarri hauetan eta prozesu bakoitza arautzen duten oinarri espezifikoetan xedatutakoaren arabera.
Hautapen-prozesuetako izangaiek berariaz onartuko dute eskaeran beren datu pertsonalak oinarri hauetan adierazitako moduan eta helbururako erabiltzea.
2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dituzte aurreko paragrafoan eskatzen diren baldintzak, eta eutsi egin beharko diete deialdiko lanpostuari atxiki arte; hori, halere, ez da eragozpena izango haiek egiaztatzeko prozedura-faserako.
3.– Hautapen-prozeduraren edozein unetan Fundazioak jakiten badu parte-hartzaileren batek ez dituela deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen, pertsona hori hautapen-prozesutik kanpo utziko da, hari entzun ondoren.
Laugarrena.– Eskabideak.
Hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztuko dira, hots, Fundazioaren web-atariaren bidez, eskabidea betetzean adieraziko diren jarraibideen arabera.
Ez da beste modu batera bidalitako eskabiderik onartuko. Izangairen batek behar badu, Fundazioaren egoitzara joateko aukera izango du (Bilbao, Kale Nagusia 1, BAT dorrea, 13. solairua), eta bertan ekipamendu informatikoa utziko zaio eskabidea bete dezan.
Izangaiek egiaztatu beharko dute oinarri orokorretan eta oinarri espezifikoetan eskatutako betekizun guzti-guztiak betetzen dituztela, eta, aldi berean, adierazi beharko dute oposizio-probak zein hizkuntzatan, euskaraz edo gaztelaniaz, egin nahi dituzten.
Deialdiaren ondoriozko hautapen-prozesuetan parte hartu nahi dutenek eskabide bat aurkeztu beharko dute, erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko dena.
1.– Aurkezteko modua.
Hautapen-prozesu bakoitzaren berariazko oinarrietan adierazitako epeen barruan aurkeztuko dira eskabideak. Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Fundazioaren web-orrian (www.bioef.eus) argitaratuko dira.
Hautapen prozesuan parte hartzeko eskabidean, baldintzak eta alegatutako merezimenduak betetzen direla adierazi eta identifikatuko da. Ez da horien egiaztagiririk aurkeztuko. Agiri horiek epaimahaiak edo Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioko Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskatzen dituenean aurkeztuko dira.
Hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskabide-orrietan izangaiek adierazi beharko dute deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
2.– Aurkezteko epea.
Eskabideak 20 (hogei) egun balioduneko epean aurkeztu behar dira, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita (ondorio hauetarako, larunbat, igande eta jaiegunak ez dira egun balioduntzat hartuko).
Eskabidea/erantzukizunpeko adierazpena aurkeztean, izangaiek oinarri hauetan eta hautapen-prozesu bakoitzari dagozkion oinarri espezifikoetan eskatzen diren baldintzak onartzen dituzte, eta, aldi berean, baimena eman ahal izango dute eskabidea/erantzukizun adierazpena formalizatzean, hura betetzeko behar den dokumentazioa telematikoki kontsultatzeari dagokionez. Baimena emanez gero, ez da beharrezkoa izango dokumentazio hori aurkeztea, elkarreragingarritasun informatikoaren bidez kontsultatu badaiteke.
Eskabidea behar den epean eta moduan aurkezten ez bada, izangaia baztertu egingo da.
3.– Baimena.
Hautapen-prozesuan parte hartzeak berekin dakar Fundazioak lanposturako gaitasun-adierazpena egiteko egokitzat jotzen dituen kontrolak edo azterketak egiteko adostasuna ematea.
Hautapen-prozesuetan parte hartzea borondatezkoa da, eta, beraz, beharrezkoa izango da, hala badagokio, proba psikoteknikoak, elkarrizketa pertsonala eta/edo talde-dinamikak egiteko baimena ematea. Nolanahi ere, proba horien emaitza beste balorazio-faktore bat gehiago izatea onartuko da, oinarri hauetan eta prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan xedatutakoaren arabera.
4.– Datu pertsonalen babesa.
Oinarri orokor hauen eta deialdi bakoitzaren berariazko oinarrien xede diren prozesuetan parte hartzeak berarekin dakartza eskabidean jasotako eta eskatzaileak alegatutako datu pertsonalak tratatzea eta egiaztatzea.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegian xedatutakoaren arabera (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta, 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, apirilaren 27koa, hots, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiek emango dituzten datu pertsonalak:
– BIOEF – Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak tratatuko ditu, izangaien baimenarekin, oinarri orokor hauen eta deialdi bakoitzaren berariazko oinarrien arabera eman direlako.
– Tratamenduaren helburua izango da deialdian ezarritako langile-hautapena kudeatzea. Parte-hartzaileek emandako datuak oinarri hauetan eta deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.
– Lanpostuak betetzeko prozesuan tratatuko dira, eta, hura amaitu ondoren, BIOEFen jardueren erantzukizunen eta kontrolaren arloan legeak ezarritako epeetan. Halaber, eskatzaileak adostasuna errebokatu ahal izango du edonoiz, oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.
Eskatzaileak une oro jakin ahal izango du Bioefek berari buruzko zein datu pertsonal tratatzen duen, eta araudiak ematen dizkion eskubideak baliatu ahalko ditu helbide honetan: B Accelerator Tower (BAT), Kale Nagusia, 1 – 13. solairua, 48001 Bilbao (Bizkaia), NAN, AIZ edo pasaportea barne.
Bioefek datuen babeserako ordezkari bat du, indarrean dagoen araudia betez, eta harremanetarako eskuragarri dago helbide honetan: dpd@bioef.eus
Halaber, Bioefek jakinarazten dizu Datuak Babesteko Euskal Bulegoan (www.avpd.eus edo Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (www.aepd.es) ere aurkeztu ahal izango dela erreklamazioa, tratamendua indarrean dagoen araudiaren arabera egin ez dela uste baduzu.
Oinarri hauek betetze aldera, izangaien datuak dagokien zerrendetan argitaratu ahal izango dira, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarria eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren gomendioak betez.
Bosgarrena.– Izangaien onarpena.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, ahaldun nagusiak ebazpena emango du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko. Ebazpen hori web-orrian (www.bioef.eus/eu) argitaratuko da eta iragarki-taulan jarriko da. Baztertutako izangai bakoitzaren behin-behineko zerrendan, baztertzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira, eta hamar (10) egun balioduneko epea emango da, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak dituen akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko da ezen, hala egiten ez bada, eskabidea artxibatu egingo dela beste izapiderik gabe.
Aipatu epea iraganik, erreklamaziorik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikotzat hartuko da automatikoki. Erreklamazioak aurkezten badira, behin betiko zerrenda onartuko duen ebazpen berri baten bidez onetsi edo ezetsiko dira. Zerrenda hori Fundazioaren web-orrian eta Fundazioaren iragarki-taulan argitaratuko da.
Ebazpen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, onartutako eta baztertutako izangaien zerrenda fundazioaren webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean.
Proben egunean, aurkeztutako errekurtsoa ebatzi gabe badago, egoera horretan diren pertsonek probak egin ahal izango dituzte, baina probek ez dute baliorik izango errekurtso hori ezesten bada.
Seigarrena.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Hautapen-prozesu bakoitzeko oposizio-lehiaketako probak eta merezimenduak zehazteko, garatzeko eta ebaluatzeko, eta parte hartuko duten pertsonak hautatzeko, epaimahai kalifikatzaile bat eratuko da, bat etorriz Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 60. artikuluarekin, ekainaren 7ko 896/1991 Errege Dekretuaren 4. artikuluarekin, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 81 eta 189. artikuluekin eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 21.1.b) artikuluarekin.
Epaimahaiburu batek, bi epaimahaikidek eta idazkari batek osatuko dute Epaimahai kalifikatzailea. Gutxienez epaimahaikideen erdiek izan beharko dute titulazio hau: sarbiderako jakintza-arloa zein den, arlo horri berari dagokiona. Epaimahaikide guzti-guztiek izan beharko dute maila akademiko bereko edo goragoko titulua. Bai eta haien ordezkoek ere. Epaimahaikide guztiek hitza eta botoa izango dituzte, idazkariak izan ezik. Hark hitza izango du, baina ez du botorik izango.
Titularrekin batera izendatu beharreko ordezkoek ere osatuko dute epaimahaia. Edonola ere, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera eratuko da.
Epaimahaiko kideetako bat IVAPek izendatuko du, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 22.4 eta 81.11 artikuluetan horretarako ezarritakoa betez.
Epaimahaia osatzen duten titularren eta ordezkoen izenen zerrenda fundazioaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da, Bioefeko ahaldun nagusiak izendatu ondoren.
2.– Epaimahai kalifikatzailearen jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legean kide anitzeko organoen funtzionamenduaz ezarritako arauen arabera arautuko da.
Epaimahai kalifikatzaileko kideei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errefusatze-kausak aplikatuko zaizkie.
3.– Hautapen-sistema bakoitza osatzen duten probak garatzea eta ebaluatzea Epaimahai kalifikatzaileari dagokio. Epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren objektibotasunaren erantzukizuna izango du eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahai kalifikatzaileak aholkulariak sartu ahal izango ditu hautaketa-prozesuko proba guztietan edo haietako batzuetan lan egiteko. Aholkulariok, berriz, nork bere espezialitate teknikoan jardungo dute, ez beste ezertan. Aholkulariek ere jardun beharko dute objektibotasun-, inpartzialtasun- eta isilpekotasun-printzipioen arabera.
5.– Epaimahai kalifikatzaileak neurri egokiak hartuko ditu oposizio-faseko ariketa idatziak, Epaimahaiaren aurrean irakurri behar ez direnak, izangaien identitatea jakin gabe zuzenduko direla bermatzeko.
6.– Oinarri hauetan eta prozesu bakoitzaren berariazko oinarrietan aurreikusi ez den guztian hautapen-sistema garatzeko behar diren neurriak hartzeko ahalmena izango du, baita arauak interpretatu eta aplikatzean sortzen diren arazo guztiak ebazteko ere, eta bere eginkizunak betetzeko ere bai. Era berean, Epaimahai kalifikatzaileak ebatziko ditu arau hauek aplikatzerakoan sor daitezkeen zalantza guztiak, bai eta aurreikusi gabeko kasuetan zer egin behar den ere.
7.– Epaimahai kalifikatzaileak ezin izango du hautatutzat deklaratu deialdiko plazak baino izangai gehiago, eta muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.
8.– Epaimahai kalifikatzaileak probak edo ariketak egiteko egunak eta horien emaitzak jakinarazten dituenean, iragarki taulan eta fundazioaren web-orrian (www.bioef.eus) argitaratuko dira.
9.– Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioan izango du egoitza epaimahaiak (Kale Nagusia 1, 13. solairua, Bilbao).
Zazpigarrena.– Hautapen-prozedura.
Hautapen-prozedura oposizio-lehiaketa izango da, edo, bestela, deialdi eta hautapen-prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehazten dena.
Zortzigarrena.– Oposizio-proben garapena.
1.– Hasiera.
Oposizio-faseko ariketak ezingo dira hasi deialdiaren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta, gutxienez, hilabete igaro arte.
Oposizio-faseko ariketa bakoitzean, ariketak zuzendu ondoren, eta izangaien izenak eman eta bakoitzaren kalifikazioa zehaztu aurretik, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko puntu kopurua lortzeko behar den ezagupen-maila edo atalasea ezarri ahal izango du Epaimahaiak.
Epaimahaiak erabaki dezake oposizio-faseko probak, oinarrietan aurreikusitako hurrenkeran egin beharrean, beste hurrenkera batean egitea, eta egun berean proba bat baino gehiago egin dezake.
Epaimahaiak ahalmena izango du edozelako iruzurra egiten duen pertsona oro hautapen-prozeduratik baztertzeko, baldin eta probetako edozein behar bezala garatzea eragozten badu edo lehia desleiala sortzen badu, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera, eta jardun horien berri jasoko da bilkuraren aktan.
Prozesuan onartutako izangaiek parte hartu ahal izango dute probetan, bai eta baztertuen zerrendan agertzen direnek ere, inpugnazio bat aurkeztu dutela egiaztatzen badute. Inpugnazioa ezetsiz gero, izangaia prozesutik kanpo geldituko da behin betiko.
Era berean, gainditutako pertsonen zerrendan ageri ez direnek baina erreklamazioa aurkeztu dutenek, ariketa egiteko datan erreklamazioa oraindik ebatzi gabe badago, bigarren ariketan eta hurrengoetan ere parte hartu ahal izango dute. Erreklamazioa onartzen ez bada, izangaia prozesutik kanpo geratuko da behin betiko, eta egin duen azterketa ez da kontuan hartuko.
2.– Argitalpena.
Oposizio-faseko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua Fundazioaren iragarki oholean eta web-orrian argitaratuko dira, gutxienez ere zazpi egun baliodun lehenago. Epaimahaiak Fundazioaren iragarki oholean eta Fundazioaren web-orrian argitaratuko ditu oposizioko gainerako ariketen iragarkiak. Iragarkiak, gutxienez, hurrengo ariketa egin baino 48 ordu lehenago argitaratuko dira.
3.– Deialdia.
Izangaiei ariketa bakoitzerako deialdi bakarra egingo zaie, eta deitzen zaion unean izangaia ariketetara azaltzen ez bada, ariketa horretan eta hurrengoetan parte hartzeko eskubidea galduko du automatikoki, eta, ondorioz, baztertuta geratuko da hautapen-prozesutik, behar bezala justifikatutako eta epaimahaiak libreki onartutako kasuetan izan ezik.
Arau bera aplikatuko da derrigorrezko ariketak egiten hasi ondoren agertzen diren izangaiekin. Azterketara ez agertzea edo berandu iristea azterketei uko egin izanaren parekotzat hartuko da.
Epaimahaiak, hautaprobetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko, proben deialdiaren baldintzak egokitu ditzake probara joaterik ez dutenentzat haurdunaldi, erditze edo ezinbesteko arrazoiak direla eta.
Egoera horiek, ahal den kasuetan, proba egin aurretik jakinarazi beharko zaizkio epaimahaiari dagozkion ziurtagiriak aurkeztuta.
Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkie egokitzapenak behar dituzten eta eskabidean hala adierazi duten izangaiei, gainerako parte-hartzaileekin aukera-berdintasuna izan dezaten, betiere horrela probaren edukia desitxuratzen ez bada eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo kaltetzen ez bada.
4.– Identifikazioa.
Epaimahai kalifikatzaileak behar bezala identifikatzeko eskatu ahal izango die izangaiei. Horretarako, oposizioko ariketa bakoitzera NANa edo beste edozein dokumentu ofizial eraman beharko dute, epaimahaiaren iritziz hautagaiaren nortasuna behar bezala egiaztatzen duena (pasaportea, gidabaimena, atzerritarren identifikazio-zenbakia, etab.).
5.– Ariketen arteko tartea.
Oposizioko ariketa bat amaitu eta hurrengoa hasteko gutxieneko epea 72 ordukoa izango da eta gehienekoa 45 egun baliodunekoa. Bigarren epean ez da abuztua zenbatuko, hil hori baliogabea izango baita ondorio horietarako. Hori horrela izanik ere, Epaimahaiak, egoki baderitzo, erabaki dezake saio berean ariketa bat baino gehiago egin dadila eta hark egoki irizten dituen ariketak irakur ditzatela izangaiek. Jendaurrekoa izango da, horretarako finkatzen diren egunetan eta orduetan, eta, kasu horretan, 48 ordu lehenago jakinarazi beharko da.
6.– Erreklamazioak.
Kalifikazioak argitaratu eta sei egun balioduneko epea emango da kalifikazioei buruzko erreklamazioak idatziz aurkezteko. Erreklamazioak modu presentzialean aurkeztuko dira Bioef Fundazioaren Erregistroan (B Accelerator Tower, BAT, Kale Nagusia 1, 13. solairua, 48001 Bilbao, Bizkaia), edo, bestela, telematikoki, horretarako prestatutako baliabideen bidez (horri buruzko informazio guztia emango da). Era berean, posta ziurtatu bidez bidaltzeko aukera ere badago, aurreko paragrafoan adierazitako helbidera, Correos-eko edozein bulegotatik. Correos-en zigiluan agertuko den data izango da aurkezpen-data.
Epe hori amaitu ondoren, eta erreklamazioak, baleude, ebatzi ondoren, probaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
Bederatzigarrena.– Lehiaketa-fasea.
1.– Oposizio-fasea gainditu dutenei baino ez zaie aplikatuko lehiaketa-faseko kalifikazioa. Oposizioko azken ariketa egin eta hurrengo egunetik aurrera (edozein delarik ere ariketa), hamar egun balioduneko epea izango da izangaiek izena emateko inprimakian alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko.
Izapide horretan ezin izango da merezimendu berririk alegatu, ez eta eskabidean alegatutakoak aldatu ere. Eskabidean alegatutako merezimenduen zerrenda loteslea izango da, eta izangaiek ezin izango dute merezimendu gehiagorik aurkeztu.
Baremoaren arabera merezimenduak baloratzeko behar diren datuak ez dituzten agiriak ere ez dira baloratuko.
Hautapen-prozesutik kanpo geratu diren izangaiek ere egiaztatu beharko dituzte merezimenduak kautelaz, baldin eta erreklamazioa aurkeztu badute kanporatze horren aurka eta erreklamazioaren behin betiko ebazpenaren zain badaude.
2.– Lehiaketan, eskabideak aurkezteko epean alegatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira. Merezimenduok behar bezala egiaztatu beharko dira lehen aipatutako 10 egun balioduneko epean. Merezimenduak egiaztatzeko, egiaztagiriak (kopia konpultsatuak, etab.) aurkeztu beharko dira, salbu eta datu edo informazio elkarreragingarriak badira aurrez aipatu denaren arabera.
3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik lortutako merezimenduak bakarrik ebaluatuko dira.
4.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango, eta bertan lortzen diren puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-faseko probak gainditzeko.
Epaimahaiak hautapen-prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztutako baremoen arabera egingo du merezimenduen balorazioa, eta izangai bakoitzari baremo horien arabera dagokion puntuazioa emango dio.
Hamargarrena.– Hautapen-prozesuko kalifikazioa.
1.– Emaitzak argitaratzea.
Oposizio-faseko eta lehiaketa-faseko ariketa bakoitzaren puntuazioak Fundazioaren iragarki-taulan eta Bioefen web-orrian argitaratuko dira, dagokion iragarkiaren bidez.
2.– Merezimenduak baloratzea.
Oposizio-fasea gainditu dutenen Lehiaketako merezimenduen balorazioa prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarritako baremoen arabera emandako puntuak batuta zehaztuko da.
Merezimenduen balorazioa behin-behinekoz argitaratu eta hiru egun balioduneko epea emango da, ezarritako kalifikazioei buruzko erreklamazioak aurkezteko.
Inork ez badu alegaziorik edo erreklamaziorik aurkezten, behin-behineko emaitzak behin betiko bilakatuko dira automatikoki.
Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketan onartutako izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrenda.
1.– Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa fase bakoitzean lortutako puntuen batura izango da, eta horrek erabakiko du izangaien lehentasun-ordena. Sailkapeneko ordenan izandako puntuazio-berdinketak ebazteko, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan jasotako irizpideak erabiliko dira.
Berdinketak badirau, oposizioko lehen proban puntuaziorik altuena lortu duenaren alde ebatziko da; bigarrenik, oposizioko bigarren proban puntuaziorik altuena lortu duenaren alde; eta, azkenik, adinez zaharrena denaren alde.
Epaimahai kalifikatzaileak gainditu duten izangaien behin-behineko zerrenda onetsi eta argitaratuko du, dagozkien kalifikazioekin eta puntuazioaren arabera ordenatuta.
2.– 10 egun balioduneko epean, aurreko paragrafoan aipatutako behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, interesdunek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute haien aurka, eta behin betiko zerrenda onartu baino lehen ebatziko da.
3.– Epe hori igarota, epaimahaiak behin betiko zerrenda onartuko du, eta iragarki-oholean eta fundazioaren webgunean argitaratuko du, eta ahaldun nagusiari helaraziko dio, kalifikazioen arabera eta puntuazio-hurrenkeran.
4.– Lanpostu-esleipena eskainitako lanpostuen interesdunek egindako eskaeren arabera egingo da, 20 egun balioduneko epean, dagokion hautapen-prozesuan lortutako ordenaren arabera, lanpostu-zerrendetan lanpostu bakoitzerako zehaztutako baldintza objektiboak betetzen badituzte.
Izangaiek egindako aukeraketan oinarrituta, epaimahai kalifikatzaileak dagokion izendapena proposatuko du.
Era berean, azken bilerako akta ere igorriko dio agintaritza horri, kontratazio-proposamen osagarri gisa. Akta horretan, proba guztiak gainditu eta deialdiko lanpostua gainditzen duten oposiziogile guztiek agertu beharko dute, puntuazio-ordenaren arabera. Hori guztia kasuan kasuko hautapen-prozesua amaitu arte hutsik geratu diren lanpostuak bete behar diren kasuetarako soilik.
Nolanahi ere, Epaimahaiak zerrenda osagarri bat egingo du egindako lehen proposamenen ondoren dauden pertsonekin, lanpostua betetzen dela bermatzeko, aukeratutako izangaiak langile lan-kontratudun gisa aritzeari uko egiten badio kontratatu aurretik edo probaldia gainditzen ez badu.
Proposatutako pertsonak lanpostuari uko egiten badio edo hautapen-prozesuan jarraitu nahi badu, Fundazioak gainditutako izangaien zerrendan hurrengo dagoen izangaia kontratatuko du probaldiko lan-kontratudun langile gisa.
Izangai batek ere hautapen-prozesua gainditzen ez badu, Epaimahaiak bete gabe utziko du deialdia.
5.– Deitutako lanpostu kopuru horri hautapen-prozesu honetako lanpostuak gehi dakizkioke, proposatutako izangaien azken kalifikazioak argitaratu aurretik Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioan lanpostuak hutsik geratzen badira; era berean, barne-sustapeneko plazak ere gehitu ahal izango dira, deialdia hutsik geratzen bada.
Plaza kopuruaren gehikuntza horiek, gertatzen badira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioaren web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko dira.
Hamabigarrena- Dokumentuak aurkeztea.
Proposatutako oposiziogileak BIOEFen egoitza sozialean aurkeztuko ditu hautapen-prozesuan parte hartzeko deialdiaren oinarrietan eskatzen diren baldintzak egiaztatzeko agiriak, gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratu eta 20 egun balioduneko epean:
1.– Kargu publikoak betetzeko ezgaiturik ez dagoela eta, zigor-espediente bidez, Herri Administrazioaren zerbitzutik baztertua ez dagoela adierazten duen agiria.
2.– Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legean xedatutakoaren arabera, bateraezintasunaren kausarik ez duela adierazten duen agiria.
3.– Lehiaketa-fasean aurkeztutako merezimenduen fotokopia konpultsatua.
4.– Deialdiaren oinarrietan eskatzen diren gainerako betekizun espezifikoen justifikazioa, agirien fotokopia konpultsatuaren bidezkoa.
Adierazitako dokumentuak aurkezteko ezintasuna behar bezala justifikatuz gero, izangaiak deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ahal izango du Zuzenbidean onargarria den edozein froga-bitarteko erabiliz. Funtzionario publiko edo langile lan-kontratudun denak ez ditu agiri bidez justifikatu beharko aurreko izendapena edo kontratazioa lortzeko frogatutako baldintzak eta betekizunak. Horretarako, haien ardura duen ministerioaren, toki-korporazioaren edo erakunde publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, zeinetan haien izaera eta zerbitzu-orrian jasotako inguruabar guztiak egiaztatuko baitira.
Adierazitako epe barruan, eta ezinbesteko kasuak salbu, proposatutako oposiziogileak ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten edo ez baditu eskatutako betekizun guztiak betetzen, ezingo da pertsona hori kontratatu eta jarduketa guztiak deuseztatu egingo dira, eskabidea faltsutzearen ondoriozko erantzukizun posiblea eragotzi gabe.
Kasu horretan, hamahirugarren oinarrian aipatzen den kontratazio osagarriaren proposamena sartuko da jokoan (behin-behineko eta behin betiko zerrenda), puntuazio-ordenaren araberakoa, baliogabetze horren ondorioz lanpostua bete dezakeenaren alde.
Hamahirugarrena.– Probaldia.
1.– Deialdiaren baldintzak betetzen dituela behar bezala egiaztatzen duen pertsona mugagabe kontratatuko du Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioak. Probaldia deialdi eta prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztuko da.
Nolanahi ere, probaldiaren nondik norakoek ezin izango diote inolaz ere aurka egin Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.1 artikuluan xedatutakoari: «Baliogabea izango da probaldi bat ezartzen duen hitzarmena, baldin eta langileak, lehenago ere, enpresan eginkizun berdinak bete izan baditu, kontratu modu hura edozelakoa izanda ere».
Aldi hori nahitaezkoa eta baztertzailea izango da, banaka hartuta, eta ez gainditzeak hautapen-prozeduratik kanpo geratzea eta gainditu ez duenari dagozkion eskubide guztiak galtzea ekarriko du.
Probaldian, I+G+b Kudeatzeko goi-mailako teknikariaren lanposturako kategoriaren berezko zereginak gauzatzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Ebaluazioa probaldiak irauten duen bitartean gertatzen diren gertakarien gainekoa baino ez da izango.
Probaldia amaitzean, probaldiari buruzko azken txostena aurkeztuko du nagusiak edo, hala badagokio, berehalako nagusiek, eskubidez dagozkion alegazioak edo oharrak egin ahal izateko. Probaldiaren ebaluazio hori gai edo ez-gai gisa kalifikatuko da.
Hautatutako pertsonak probaldia gainditzen ez badu, bere kontraturako eskubide guztiak galduko ditu akordio arrazoitu baten bidez.
Hamalaugarrena.– Kontratazioa.
1.– Probaldia ebaluatzeko azken txostena egin eta hurrengo hilabetearen barruan, hala badagokio, eta arduradunak proposatuta, Fundazioak egiaztatuko du ezen oinarri hauen arabera hautapen-prozedura gainditu duen pertsona horrek lan-kontratu mugagabearen probaldia gainditu duela lan-kontratu finkoko langile gisa.
2.– Kontratatutako izangaiak hiru egun balioduneko epean izenpetu beharko du kontratua, kontratua argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Hala egiten ez badu, ezinbesteko kausaren bat dagoenean izan ezik, bere jarduera guztiak indarrik gabe geratuko dira, eta langile lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko ditu.
Hamabosgarrena.– Lan-poltsa. Lan-poltsa kudeatzeko irizpideak.
Hautapen-prozesuan onartutako eta hautatu gabeko izangaiak lan-poltsa batean sartuko dira, Fundazioan bertan antzeko eginkizunak betetzeko aldi baterako beharrizanak betetzeko, betiere titulazio-baldintza orokorrak eta probetan parte hartzeko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badira. Lan-poltsa horien funtzionamendu-arauak Fundazioaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.bioef.eus/eu/) argitaratuko dira.
Hamaseigarrena.– Gorabeherak, Inpugnazioak.
Epaimahaiak ahalmena izango du aurkezten diren zalantzak ebazteko eta oposizioa ordena egokian eta behar bezala garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartzeko, oinarri hauetan eta deialdi eta prozesu bakoitzaren oinarri espezifikoetan aurreikusita ez dagoen guztian.
Interesdunek deialdiaren, oinarrien eta horietatik eta Auzitegiaren jarduketetatik eratorritako egintza guztien aurka egin ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan eta moduan, eta, hala badagokio, lan-arloko jurisdikzioan bidezkoak diren ekintzak gauzatuz, Lan-arloko Jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
RSS