Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2026ko urriaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4084

AGINDUA, 2026ko irailaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntza ekonomikoak emateko deialdia egiten baita 2026ko ekitaldian Euskadiko Adikzioen VIII. Plana garatzeko toki- eta komunitate-eremuan.

Agindu hau Osasun Sailari 18/2024 Dekretuak eta 319/2024 Dekretuak emandako eskumenak baliatuz ematen da (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena, eta 319/2024 Dekretua, urriaren 29koa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena). Araudi hori kontuan hartuz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, adikzioen alorreko EAEko politika integrala definitzea, esku-hartzearen eremu guztietan prebentzio-jarduerak bultzatzea eta foru- eta toki-erakundeei arlo horretan laguntza eta aholkularitza ematea.

Era berean, lege hauek ezartzen duten arau-esparru substantiboa ere badu oinarri agindu honek: 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena, zeinak euskal botere publikoei esleitzen baitie osasunaren babes orokorra bermatzeko eta hura babesteko eta hobetzeko jarduketak garatzeko erantzukizuna; 13/2018 Legea, ekainaren 29koa, Euskadiko Osasun Publikoarena, zeinak osasun publikoa osasun-sistemaren funtsezko funtzio gisa eratzen baitu eta ekintza publikoa prebentziora, arrisku-determinatzaileak murriztera eta ingurune sozial eta komunitarioetan esku hartzera bideratzen baitu, eta 1/2016 Legea, apirilaren 7koa, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoa, zeinak adikzioei heltzeko eredu integral, komunitario eta diziplina anitzekoa ezartzen baitu eta osasunaren sustapena eta adikzioen prebentzioa lehentasunezko jarduketa-eremuak baitira.

Arau- eta eskumen-esparru horrekin bat etorriz, agindua bat dator Euskadin indarrean dauden plangintza estrategikoko tresna nagusiekin. Zehazki, Euskadi 2030 Osasun Planaren barruan sartzen da, osasun-sistema planifikatzeko goi-mailako esparrua izanik, zeinak osasunaren determinatzaile sozialen gainean jardutea, ingurune komunitarioak indartzea eta herritarrek toki-eremutik parte-hartzea sustatzen baitu, ekitate-ikuspegia izanda, bai eta 2023-2027ko Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren barruan ere, adikzioen prebentzioaren arloko eta horiek eragindako kaltea murrizteko euskal administrazio publikoek egiten dituzten jarduerak planifikatzeko, antolatzeko eta koordinatzeko tresna gisa, zeinak instituzioekin eta hirugarren sektorearekin sareko lana indartzea baitu lehentasunetako bat. Bi plan horiek lehentasuna ematen diote toki- eta komunitate-eremuan garatzeari, herritarren behar, interes eta kezketatik hurbilen dauden inguruneak baitira eta bi planak garatzeko, sektoreen arteko ekintza indartzeko eta osasunaren eta adikzioen prebentzioaren arloko esku-hartze komunitario eraginkorren garapena bultzatzeko funtsezko eragile baitira.

Testuinguru horretan, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin bat etorriz, agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei adikzioen arloko jarduketak egiten laguntzeko dirulaguntzen deialdia arautzea, Euskadiko Adikzioen VIII. Plana garatuko baita horrela.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak Osasun Sailaren 2024-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan eta Osasun Sailaren 2026ko ekitaldiko Dirulaguntzen Urteko Planean sartuta daude –Osasuneko sailburuaren 2026ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen urteko plan hori–.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen bidez, adikzioen arloko 2026rako dirulaguntzetarako deialdia egiten da. Dirulaguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei emango zaizkie, Euskadiko Adikzioen VIII. Plana garatzeko toki- eta komunitate-eremuan, proiektu egituratu batzuek osatutako programa baten bidez, zeinak Programa horrek adikzioei heltzea eta horiek prebenitzea baitu helburu.

2.– Agindu honen bidez lortu nahi den helburu orokorra da Euskadiko Adikzioen VIII. Planean jasotako ekintzak toki- eta komunitate-eremuan ezartzea. Zehazki:

a) Euskadiko herritarrek beren osasun-maila maximiza dezaten laguntzea, jokabide osasungarriak sustatuz eta arrisku-faktoreekiko esposizioa murriztuz, osasuna eta osasunaren arloko ekitatea sortzen dituzten ingurune fisiko eta sozialak bultzatuz.

b) Euskadiko biztanleen artean droga-kontsumoa eta portaera adikzio-eragileak saihestea edo atzeratzea, eta haien prebalentzia murriztea.

c) Osasuna sustatzeko eta adikzioak prebenitzeko programak hobetzen eta indartzen laguntzea, bizitzaren bilakaeraren ikuspegitik eta kapital emozionala eta pertsonek bizialdirako dituzten trebetasunak indartuz, bai eta adikzioei eta bestelako portaera adikzio-eragileekin lotutako arriskuak prebenitzea ere, horrekin erlazionatutako osasun-arazoei garaiz helduz.

d) Adikzioei heltzeko eta haiek prebenitzeko esku-hartzeetan, erakundeen arteko, sektoreen arteko eta beste gizarte-eragile batzuekiko koordinazioan aurrera egitea, adikzioen arloko politikak integratzea lortzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak finantzatzeko 1.201.328,75 euro izango dira gehienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean jasotako kredituen kontura.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Beren lurralde-eremuan adikzioei aurre egiteko eta prebentzio komunitarioko proiektu egituratuek osatutako programak kudeatzen dituzten toki-erakundeek jaso ahal izango dituzte laguntzak, zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen programak.

Toki-erakunde bakoitzak laguntza-eskabide bakarra aurkeztu dezake, garatu beharreko programak finantzatzeko. Programa horiek proiektu egituratu multzo batez osatuta egongo dira.

Agindu honen ondorioetarako, Euskadiko Adikzioen VIII. Plana toki- eta komunitate-eremuan garatzen duten programatzat hartuko dira Euskadiko Adikzioen VIII. Planean jasotako jarduketa hauetako bat edo batzuk jasotzen dituztenak:

Ingurune osasungarriak garatzen aurrera egiteko egiturazko neurriak bultzatzea.

– Substantzia adiktiboen eskaintza murrizteko eta kontrolatzeko esku-hartzeak indartzea, inplikatutako eragileen arteko koordinazio hobearen bitartez.

– Araudia eraginkorki aplika dadin urratsak egitea.

– Adikzioen prebentzioa indartzea bizitzaren etapa guztietan (haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan, helduaroan eta adinekoen artean), bai eta, oro har, adin guztietan ere.

– Adikzioak dituzten pertsonentzako arreta-ibilbideak zehaztea eta hedatzea, dauden arazoak kontuan hartuta eta profil guztietara egokitutako erantzuna eskainiz.

– Adikzioak dituzten pertsonei lotutako estigma murriztea.

– Jokoarekin eta teknologien gehiegizko erabilerarekin lotutako jokabide problematikoak dituzten pertsonen arreta integrala indartzea.

– Adikzioen arloan ikerketa eta berrikuntza sustatzea.

– Adikzioen arloan lan egiten duten profesionalen aholkularitza- eta trebakuntza-jarduerak bultzatzea.

– Adikzioen esparruko politiken eta programen ebaluazioa indartzea.

– Adikzioen arloko jardunbide egokiak eta ibilbide profesionala aitortzeko sistemari laguntzea.

– Adikzioekin erlazionatutako politika sektorialek adikzioen murrizketan duten eragin positiboa maximizatzen laguntzea.

– Adikzioen lanketan edo prebentzioan parte hartzen duten erakunde guztien arteko sare-lana sendotzea eta bultzatzen jarraitzea.

5. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Deialdi honi aplikatu behar zaion administrazio-prozeduran, soilik bide elektronikoa erabili ahal izango da. Interesa duten toki-entitateek, horrenbestez, bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

Horretarako, eskaerak egingo dituzten toki-entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoak onartutako edozein ziurtagiri elektroniko erabil dezakete. Esteka honen bidez kontsultatu daiteke zer ziurtagiri elektroniko onartzen diren: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den toki-entitate interesdunaren esku jakinarazi nahi den egintza, bai eta legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona noiz sartu den jakinarazpenaren edukia ikustera ere; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da.

Jakinarazpena eskura jarri dela jasota badago, eta hamar egun natural igaro eta edukira sartu ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea gauzatutzat joko da. Prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo toki-entitate hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela edukia eskuratzea.

3.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabili beharra lege hauen bidez arautzen da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 91/2023 Dekretua, ekainaren 20koa, Herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.

4.– Izapidetze telematikoa eta bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus helbidean:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0032122

5.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Laguntza-eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko eredua eta deialdiari buruzko informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus), agindu honen 5.4 artikuluan adierazitakoaren arabera.

3.– Eskabide eredua, eta harekin batera aurkezten den dokumentazio osagarria, toki entitate interesdunaren legezko edo baimendutako ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira.

4.– Toki-entitate eskatzaileek erabakiko dute zer hizkuntza ofizialetan aurkeztuko dituzten eskabideak eta horiekin batera aurkezten diren gainerako agiriak. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian, toki-entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarria baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa denez, datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatu ahalko ditu beste administrazio publiko batzuekiko elkarreragingarritasun-mekanismoen bitartez. Hala ere, toki-entitate eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke datu edo dokumentu horiek ofizioz lortzeari edo egiaztatzeari; kasu horretan, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurreikusitakoaren arabera aurkeztu beharko ditu.

Toki-entitate eskatzaileen legezko ordezkarien edo pertsona fisiko baimenduen nortasun-datuen kasuan, ziurtagiri elektroniko onartu baten bidez identifikatuta badaude, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu beharko.

6.– Onuradun gisa proposatutako toki-erakundeek laguntza emateko prozedura ebatzi aurretik ziurtatu beharko dute eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenetako alderdiak egiazkoak direla, bai eskatutako dokumentazioa aurkeztuta, bai kudeaketaz arduratzen den organoak dokumentazio hori egiaztatzeko baimena emanda.

7.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartzea.

7. artikulua.– Eskabideetan jaso beharreko datuak.

Eskabideetan gutxienez datu hauek jasoko dira:

a) Eskabidea aurkezten duen toki-entitatearen eta pertsonaren identifikazio-datuak eta harremanetarako datuak, bai eta komunikaziorako eta jakinarazpenetarako kanala eta hizkuntza ere.

b) Teknikari arduradunarekin harremanetan jartzeko datuak.

c) Programaren izena, zenbat proiektu sartu diren eta proiektu bakoitzaren deskribapen laburra.

d) Justifikazioa edo motibazioa: egoeraren diagnostikoa, beharrizanak eta erreferentziazko lurralde-eremuan detektatutako gabeziak.

e) Proiektu bakoitzaren historia laburra.

f) Oinarri teorikoak: zer arlotan eragin nahi den.

g) Programaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.

h) Programaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

i) Aurreikusitako koordinazioa eta sare-lana.

j) Programaren aurrekontu osoa eta aurreikusitako diru-sarrerak, guztira.

k) Proiektu bakoitzari buruzko informazio xehatua, Euskadiko Adikzioen VIII. Planaren (2023-2027) zer jarduketa-helburutara, eremutara eta lerrotara egokitzen den adierazita, proiektuaren kostua eta hartzaileak adierazita.

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak osorik edo zuzen betetzen ez badira, toki-entitate interesdunari hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio telematikoki, eta jakinaraziko zaio hala egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Kudeaketaz arduratzen den organoa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.

9. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa eta balorazioa.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Deialdi honetako laguntzak lehiaketa bidezko norgehiagokaren prozedura erabiliz esleituko dira –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan dago araututa prozedura mota hori–. Laguntzak edo dirulaguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, lehentasun-hurrenkera ezarri ahal izateko, agindu honen 11. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Hartara, lehenik eta behin, irizpide horiek aplikatuz baloraziorik altuena lortzen duten eskabideei esleituko zaizkie dirulaguntzak, betiere 11. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

3.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, kide hauekin:

– Guillermo Herrero Alaña Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, zeina batzordeburua izango baita; Beatriz Nuin González Osasuna Sustatzeko Zerbitzuaren burua izango da haren ordezkoa.

– Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck Osasun Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea; Francisco Borja Cirarda Larrea Osasuna Sustatzeko Bizkaiko Zerbitzuaren burua izango da haren ordezkoa.

– Elena Albisua Cortazar Osasun Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea; María Blanco Egaña Osasuna Sustatzeko Gipuzkoako Zerbitzuaren burua izango da haren ordezkoa.

– Koldo Cambra Contin Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea; Raquel Garay Gómez Arabako Lurralde Ordezkaritzako Osasun Publikoko teknikaria izango da haren ordezkoa.

Kide anitzeko organoaren idazkaria batzordeburuak izendatuko du batzordekideen artetik.

Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, modu osagarrian aplikatuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak.

4.– Aurkeztutako programa hobeto ulertzeko beharrezkoa dela iritziz gero, toki-entitate eskatzaileei informazio eta dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango diete bai kudeaketaz arduratuko den organoak –aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko–, bai balorazio-batzordeak –balorazio-fasean–. Orobat, aurkeztutako datuak alderatu eta egoki iritzitako egiaztapenak egin ahal izango dira, laguntzak behar bezala esleitzeko.

5.– Behin balorazio-batzordeak eskabideak baloratuta eta balorazio-emaitzen txostena idatzita, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak prozedura ebazteko proposamena egingo du, eta txosten bat ere landuko du, non jasoko baita eskuragarri duen informazioaren arabera ondorioztatzen dela dirulaguntzaren onuradun izateko proposatu diren toki-entitateek horretarako baldintza guztiak betetzen dituztela.

10. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari dagokio prozedura ebaztea.

2.– Ebazpenak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan adierazitako edukia errespetatuko du, eta, emandako laguntzei dagokienez, entitate onuradunak zein diren, zer diru-kopuru eman zaien eta zenbateko hori urterokoetan nola banatuko den jasoko du gutxienez. Ukatutako eskabideei dagokienez, toki-entitate eskatzailea nor den eta laguntza zergatik ukatu zaion zehaztuko da.

3.– Toki-entitate onuradunetako batek espresuki uko egiten badio emandako dirulaguntzari, uko egin diola adierazi beharko dio organo emaileari, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Uko egindako dirulaguntzari dagokion zenbatekoa ezin izango da gainerako toki-entitate onuradunen artean banatu, eta organo emailearen aurrekontuan sartuko da berriz, 20/2023 Legeak 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo emaileari jakinarazten zaion egunetik aurrera izango ditu ondorioak uko egiteak, hargatik eragotzi gabe aurretik egindako jardueretatik erator daitezkeen betebeharrak.

4.– Ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehen argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Argitaratzen den egun berean emango zaie horren berri toki-entitate interesdunei.

5.– Prozeduraren ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, toki-entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat etorriz.

6.– Artikulu honen 4. apartatuan adierazitako muga-eguna igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, toki-entitate interesduna legitimatuta egongo da eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsitzat jotzeko –hala baitago ezarrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan–, honako artikulu honen 5. apartatuan aipatzen den errekurtsoa jarri ahal izateko.

11. artikulua.– Haztapen- eta esleipen-irizpideak.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak konparatuta emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balorazio-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko irizpideak eta haien haztapena:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa. Jarraian aipatzen diren epigrafeetako puntuak metagarriak dira, eta gehienez ere 40 puntu lortu daitezke.

– Testuingurua eta justifikazioa. Programa beharrezkoa dela justifikatzea, dagokion eremuan substantzien kontsumoaren eta beste adikzio batzuen arazoa nolakoa den deskribatuz. 10 puntu, gehienez.

– Programaren helburuaren definizioa. Argi ezarrita egotea helburua, nor izan daitezkeen biztanle edo pertsona onuradunak, proiektua hedatzeko eta pertsona horiek erakartzeko estrategiak eta hautaketa-irizpideak. 10 puntu, gehienez.

– Programaren diseinua eta deskribapena, eta helburuekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia. 10 puntu, gehienez.

– Ebaluazioa. Proiektua eta emaitzak ebaluatzeko sistema. 10 puntu, gehienez.

b) Jardueraren biztanleria-estaldura. Hartzaileen edo onuradunen ehunekoa lurraldeko biztanleriarekiko: 10 puntu, gehienez.

– % 15era bitarte: 2,5 puntu.

– % 16-25 bitartean: 5 puntu.

– % 26-35 bitartean: 7,5 puntu.

– % 36 edo gehiago: 10 puntu.

c) Jarduera aurrera eramatea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetzan arituz, sareko lana sustatuz eta protokolo komunak hobetuz. Puntu 1 lankidetza bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu.

d) Toki-erakundeak adikzioei ekitearen edo adikzioen prebentzio komunitarioaren arloan duen ibilbidea eta esperientzia, proposatutako programak jarraitzea eta irautea bermatzeari dagokionez: 5 puntu gehienez.

– Urte 1etik 5 urtera bitarteko antzinatasuna: 2 puntu.

– 5 urtetik 10 urtera bitarteko antzinatasuna: 3,5 puntu.

– 10 urtetik gorako antzinatasuna: 5 puntu.

e) Proiektuak nolako eragina duen bereziki zaurgarriak diren taldeetan, kontuan izanik zenbait ezaugarrik (ezaugarri pertsonalak, familiarrak eta gizarteari eta inguruneari dagozkionak) handitu egiten dutela kontsumoak, jokabide problematikoak edo bestelako arrisku-egoerak izateko aukera: 20 puntu, gehienez.

– Hainbat arrisku-faktore metatuta dituzten, kontsumo problematikoen eragin handia duten edo bazterketa-egoeran dauden taldeak: 20 puntu.

– Arrisku-faktore nabarmenak dituzten baina muturrekoak ez diren taldeak: 15 puntu.

– Aurreko epigrafeetan sartzen ez diren beste arrisku-faktore batzuk dituzten taldeak: 10 puntu.

f) Generoaren dimentsioa txertatzea programaren diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan. Adikzioek ez dute eragin berdina emakumeengan eta gizonengan, eta faktore sozialek ere eragiten dute, hala nola maila sozioekonomikoak, jatorrizko herrialdeak, aniztasunak, desgaitasunak edo sexu-orientazioak. Jarraian aipatzen diren epigrafeetako puntuak metagarriak dira, eta gehienez ere 15 puntu lortu daitezke.

– Kontuan hartzea gizonen eta emakumeen arteko aldeak eta gainerako dimentsioak (maila sozioekonomikoa, jatorrizko herrialdea, aniztasuna, desgaitasuna, sexu-orientazioa) helburuan, premien azterketan, baliabideen plangintzan, jardueretan, materialetan eta proiektuaren ebaluazioan. 10 puntu.

– Proiektua hizkera inklusiboa erabiliz idaztea, indarrean dagoen araudia bete dadin: 1/2022 Legea, martxoaren 3koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiten duena. 5 puntu.

2.– Aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehentasun-hurrenkera ezarri ondoren, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza hauetarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

12. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari argi eta garbi erantzuten diotenak, jarduera gauzatzeko behar-beharrezkoak direnak eta agindu honetan ezarritako diruz lagundu daitekeen aldiaren barruan egiten direnak.

2.– Diruz lagundutako proiektua edo proiektuak gauzatzeak sortutako zuzeneko kostuak bakarrik lagunduko dira diruz.

3.– Ez da inola ere diruz laguntzeko moduko gastutzat joko ondasun higiezinak erostea, ezta diruz laguntzen den programan parte hartzen duten langileen kostuak ere.

13. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.

1.– Aurkeztutako programaren aurrekontu osoaren % 50 finantza dezake Osasun Sailak, zeina eskabidean deskribatutako proiektuetara egokitu eta doitu behar baita, eta Euskadiko Adikzioen Planarekin bat etorri.

Toki-entitate bakar batek ere ez du jasoko laguntzei esleitutako kredituaren % 6 baino gehiago.

2.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 laguntza onartzen denean ordainduko da, eta gainerako % 20, 2027ko martxoaren 1 baino lehen «Nire Karpeta» egoitza elektronikoaren bidez dirulaguntza justifikatzeko memoria bidali eta gero. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako programaren betetze-maila eta programaren garapenaren balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa, bai eta adikzioen esparruan entitate onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

14. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Egiaztagiri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bidez aurkeztuko dira. Prozedurari buruzko informazioa eskura egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en, agindu honen 5.4 artikuluan adierazi denez.

2.– Justifikazio-memoria egiteko eredua eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en. Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontu sinplifikatua.

Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da, onartutako aurrekontu guztia barne hartzen duena, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, nola identifikatzen den, zer toki-entitatek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egozteko ehunekoa. Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko erreala zenbat izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

3.– Justifikazioa aurkeztu ondoren, kudeaketaz arduratuko den organoak justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu dezake, bai eta beharrezkoa den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere, emandako laguntza kontrolatzeko. Horretarako, hamar eguneko epea irekiko dela jakinaraziko zaio toki-entitate onuradunari modu telematikoan.

4.– Kudeaketaz arduratzen den organoak egoki iritzitako egiaztagirien ausazko laginketa-tekniken bidez egiaztatuko du justifikatutakoa, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko; horretarako, toki-entitate onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.

15. artikulua.– Toki-entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan adierazitako betebeharrak alde batera utzi gabe, dirulaguntzen onuradun diren toki-entitateek, aginduaren gainerako artikuluetan ezarritakoez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egun balioduneko epean toki-entitate onuradunek dirulaguntza horri espresuki uko egiten ez badiote, onartutzat joko da dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektuen helburua edo izaera aldatzen duten gorabeheren berri ematea. Horren berri dena delako gorabehera gertatu dela jakin bezain laster eman behar da, eta, betiere, justifikazioa egin baino lehen edo justifikatzeko unean.

c) Kudeaketaz arduratzen den organoari dirulaguntza jaso duten proiektuak egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan laguntzea.

d) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa adieraztea, dirulaguntza jaso duten proiektu guztietan, baldin eta zabaltzeko eta argitaratzeko badira.

e) «Datuen alta/hirugarren alderdi interesduna» inprimakia igortzea, dagokion ordainketa jasotzeko, aurreko beste dirulaguntza batzuetara aurkeztu ez bada edo aldaketak izan badira. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

f) Jasotako funtsak itzultzea, bai eta, hala badagokio, garatutako proiektuen diruz lagundutako kostuaren gainetik lortutako soberakina ere, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak bete ez badira eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako gainerako kasuetan.

g) Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia ematea.

h) Kudeaketaz arduratzen den organoak egin beharreko egiaztapen-jarduketak eta Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketak onartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoak ere.

i) Kudeaketaz arduratzen den organoari bestelako administrazioetatik edo ente publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta dirulaguntza ematean kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo edo subjektibotan izandako aldaketen berri ematea ere. Komunikazioa aldaketa gertatu dela jakin bezain laster egin behar da, eta, betiere, jasotako funtsak nola erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

2.– EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako indarrean dagoen planean jasotako konpromisoen arabera, eta bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluarekin, toki-entitate onuradunek betebehar hauek ere konplitu beharko dituzte:

a) Dirulaguntzak justifikatzeko memorietan, sexuaren arabera banakatuta aurkeztea hauei buruzko informazioa: emandako zerbitzuaren azken onuradunak edo erabiltzaileak, toki-entitatearen langileak eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den proiektua edo proiektuak garatzeko kontratatu den entitateko langileak.

b) Hizkera eta irudi ez-sexistak erabiltzea.

c) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak benetan betetzen direla egiaztatzea, hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazio guztia aurkeztu eta justifikatzea eta irizpide sozial horiek egiaztatzeko jarduketak egiten uztea.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo beste laguntzarik edo dirulaguntzarik pilatuz gero –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste ente publiko zein pribatu batzuek emana izan–, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten toki-entitateek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua, agindu honen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuta ere, emandako dirulaguntza ez da inola ere handituko.

17. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta dirua itzultzea.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen toki-entitate onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira; hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 15. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabekoari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako itzulketa-kausak aplikatuko dira.

3.– Agindu honen 18. artikuluan xedatzen denaren arabera, jasotako laguntza itzuli egin beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– diruz lagundutako proiektuen kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez sobera jasotako zenbatekora eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, dirua itzultzeko arrazoi izango da agindu honen 16. artikuluan aipatzen diren baldintzak aldatzea. Itzuli egin beharko da dirulaguntza aldatzeko ebazpenean ezarritako zenbatekotik gora jaso den dirua. Ebazpen hori emateko, agindu honetan dirulaguntzak esleitzeko ezarrita dauden irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

5.– Dirua itzultzeko prozedura Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak hasi eta ebatziko du, dagozkion prozesu-izapideak egin ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.– Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

18. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak ematea bateragarria da beste administrazio publiko edo ente publiko edo pribatu batzuek edozein diru-sarrera edo baliabideren bidez xede bererako ematen dituzten laguntza edo dirulaguntzekin, baldin eta zenbateko guztiak batuta ez bada gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua. Gainfinantzaketa gertatzen bada, agindu honen arabera emandako dirulaguntza murriztu egingo da gehiegizko zenbatekoa kenduta.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko beste finantzaketa-iturririk dagoen ala ez azaltzeko (zenbatekoa adieraziz); hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskabideen zenbatekoa ere adierazi beharko da.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Jakinarazten da datu pertsonalak «Osasun publikoaren eta adikzioen esparruko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko direla, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hauek dira tratamendu-jarduera horren ezaugarriak:

Arduraduna: Osasun Saila. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

Helburua: Euskadiko Adikzioen VIII. Plana toki- eta komunitate-mailan garatzeko laguntzen eskabideak eta jarraipena kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burutu beharreko eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea dute interesdunek, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/089300-capa2-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka toki-entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen bi epe horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Aplikatzekoa den araudi osagarria.

Dirulaguntzen deialdi honi oinarrizko arau hauetan jasotako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Jarraibideak.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 22a.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.


Azterketa dokumentala