
189. zk., 2026ko urriaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (396 KB - 45 orri.)
- EPUB (1612 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4082
EBAZPENA, 2026ko irailaren 9koa, HABEko zuzendari nagusiarena, udal titularitateko euskaltegi publikoei dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak eta 2026-2027 ikasturterako deialdia onartzen dituena.
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, HABE erakundeak dirulaguntzak emango dizkie Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei, helduen euskalduntzegintzan egindako jarduera finantzatzeko. Dirulaguntza horiek HABEk ezarritako helburuak lortzera bideratuta egongo dira.
Ebazpen honen xedea da udal titularitateko euskaltegiak diruz laguntzea, eta, aldi berean, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legean ezarritakoa betetzea.
Lege horren zazpigarren xedapen iragankorrak aurreikusten du udal titularitateko euskaltegi publikoen finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta udalen arteko hitzarmenen bidez bideratzea, eta, horretarako, batzorde misto baten bidez aztertzea finantzaketa-eredua eta hari lotutako alderdiak.
Ildo horretan, 2026ko maiatzaren 25ean HABEk eta Eudelek udal titularitateko euskaltegi publikoen finantzaketa-sistema berria adostu zuten. Akordio horren bidez, 2026-2027 ikasturtetik aurrera jarduera-unitateetan eta emandako eskola-orduetan oinarritutako finantzaketa-eredu sinplifikatuago eta homogeneoago bat ezartzea aurreikusi da, aurreko eredua ordezkatuz.
Sistema berriaren helburua da udal titularitateko euskaltegi publikoen finantza-egonkortasuna indartzea, kudeaketa administratiboa erraztea eta egungo errealitatera hobeto egokitzea. Halaber, akordioak trantsizio-neurriak ezartzen ditu, sistema-aldaketaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen euskaltegien egonkortasun ekonomikoa bermatzeko.
Testuinguru horretan, deialdi honek udal titularitateko euskaltegi publikoen finantzaketarako laguntza-araubidea ezartzen du, indarrean dagoen esparru juridikoarekin bat etorriz eta aipatutako finantzaketa-sistema berriaren ezarpena errazteko tresna osagarri gisa.
Ildo berean, deialdi hau bat dator indarrean dagoen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen Urteko Planarekin eta 2025-2028 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoarekin (DPE 2025-2028), zeinak helduen euskalduntzea bultzatzea ezartzen baitu hizkuntza politikaren arloko helburu estrategikoetako bat bezala, besteak beste, udal titularitateko euskaltegi publikoei zuzendutako dirulaguntzen bidez. Dirulaguntzen Plan Estrategikoa eta Dirulaguntzen Urteko Planak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren webgunean daude argitaratuta.
Bestalde, Gobernu Programak jasotzen ditu XIII. legegintzaldian herritarrekin hartutako konpromisoak betetzeko Jaurlaritzak bultzatu beharreko ekimenak. Planaren 43. konpromisoan jasotzen denez, helburu nagusietako bat da euskararen ezagutza handitzea eta haren erabilera sustatzea gizarteko esparru guztietan. Konpromiso horren bosgarren ekimenean aurreikusten da helduei euskara irakasteko sistema finantzatzeko laguntza ematea, euskaltegietarako ohiko finantzaketa-deialdien bidez, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko xedearekin. Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den Jauzia Gara estrategiaren barnean kokatzen da aipatutako konpromiso hau, irakasleen lan-baldintzak hobetzeak berarekin batera dakarrelako irakasleen profesionalizazioa eta lan-egonkortzea, era horretan irakaskuntzaren kalitatea hobetuz.
Deialdi hau bat dator Eusko Jaurlaritzak 2026ko martxoaren 31n onartutako Euskararen Plan Estrategikoarekin, zeinak hizkuntza-politikaren plangintza estrategiko bateratua ezartzen baitu. Marko horrek euskararen ezagutza eta erabileran aurrerapauso kualitatiboa sustatzea du helburu, hizkuntza-eskubideen bermea eta euskararen presentzia gizarteko esparru guztietan indartzea oinarri hartuta, eta horretarako ardatz estrategiko, helburu, ekintzak eta adierazle multzo egituratu bat definitzen du.
Testuinguru horretan, helduen euskalduntzea politika publikoaren jardun-ildo nagusietako bat da, eta udal titularitateko euskaltegi publikoek, tokiko eremuan, funtsezko eginkizuna betetzen dute helburu horien garapenean. Horrenbestez, deialdi honek udal titularitateko euskaltegi publikoen jarduera eta finantzaketa Euskararen Plan Estrategikoarekin bat ezarritako lehentasun estrategikoekin lerrokatzea du xede, hizkuntza-politikaren koherentzia eta eraginkortasuna bermatuz.
Euskaltegien jarduerak, gainera, eragin zuzena du gizartean, izan ere, hizkuntza-gaitasunaren garapena sustatzen du, aukera-berdintasuna indartzen du eta gizarte kohesioa sendotzen laguntzen du. Horregatik, euskaltegiak ezinbesteko zerbitzu publikotzat jotzen dira, eta haien finantzaketa egonkor eta egokia bermatzea funtsezkoa da sistema osoaren iraunkortasunerako.
Bidezkoa da, beraz, 2026-2027 ikasturterako udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea, finantzaketa-moduluak ezartzea, eta dirulaguntza horien esleipenerako oinarriak onartzea.
Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez baliatuz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak araututakoari jarraikiz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Udal titularitateko euskaltegi publikoei zuzendutako dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak onartzea, baita eta 2026-2027 ikasturterako deialdia egitea ere.
Bigarrena.– Jakinarazten zaie interesdunei, Ebazpen honek ez duela Administrazio-bidea agortzen eta, beraz, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete horren aurka, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 legeari eta bertako 121 eta 122 artikuluei jarraikiz.
Donostia, 2026ko irailaren 9a.
HABEko zuzendari nagusia,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
OINARRIAK
1. oinarria.– Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Oinarri hauen helburua da 2026-2027 ikasturtean udal titularitateko euskaltegi publikoek euskara-ikastaroengatik jasoko dituzten dirulaguntzen esleipen-baldintzak eta izapidetze-prozedura arautzea.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan xede horretarako HABEren urteko aurrekontuan aurreikusitako funtsen konturakoak izango dira, guztira 15.154.000 euroko zuzkidura ekonomikoarekin.
3.– Deialdi honek bi eskaera-aldi izango ditu:
a) Deialdi honen lehen eskaera-aldirako, 14.911.000 euroko zuzkidura ekonomikoa aurreikusita dago. Diruz lagunduko diren jarduera-unitateen gehieneko kopurua II. eranskinean ezarritakoa izango da, eta muga hori ezin izango da gainditu.
b) Bigarren eskaera-aldirako, 243.000 euroko zuzkidura ekonomikoa aurreikusi da. Zenbateko hori 2026-2027 ikasturtean zehar II. eranskinean aurreikusitako jarduera-unitateen % 103tik gorako jarduera gainditu eta ezarritako talde-ratioa betetzen duten euskaltegiei zuzenduta dago. Bigarren eskaera-aldian lehen eskaeran onuradun izan diren euskaltegiek soilik parte hartu ahal izango dute.
4.– Bigarren eskaera-aldian aurkeztutako eta onartutako jarduera-unitateen eskaerak dirulaguntzen zenbateko osoak oinarri honetako 3.b) atalean aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa gainditzen badu, erabilgarri dagoen zuzkidura ekonomikoa proportzionalki banatuko da onuradunen artean, deialdian ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, oinarri honetako 3.a atalean soberakinik balego, bigarren eskaera-aldiko beharrak finantzatzeko erabili ahal izango da.
5.– Hala ere, bigarren eskaera-aldian eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, eta bigarren esleipen-ebazpena eman baino lehen, aldi horretarako aurreikusitako zuzkidura ekonomikoa % 200era arte handitu ahal izango da. Gehikuntza hori HABEko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onartu beharko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da.
2. oinarria.– Onuradunak.
1.– Onuradun izan daitezkeen erakundeak.
Oinarri hauen bidez deitutako dirulaguntzen onuradunak HABEren Erregistroan euskaltegi publiko gisa sailkatuta dauden erakundeak izan daitezke, betiere oinarri honetako 2. atalean ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta ez badaude Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egotea III. eranskineko erantzukizunpeko aitorpenaren bidez egiaztatuko da.
2.– Eskatzaileek bete beharreko baldintza orokorrak.
a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea.
b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egotea, eta batez ere, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du dirulaguntza eskatzen duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela. Honetarako, aintzat hartuko da honakoa: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
c) Dirulaguntza-eskaera zuzen osatzea, deialdiaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera eta, eskariarekin batera 3. oinarrian eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.
d) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatzea. Ondorioz, dirulaguntza hauen onuradunek ezin izango dituzte agerian jarri herritarrentzat laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urratzen duten edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.
e) Ezingo dira deialdi honen onuradun izan: laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dieten legezko debekuren batean dauden erakundeak, edo zigorrik jasota duten erakundeak, kasuan kasuko epea amaitu arte, eta bereziki: sexu-bereizkeriagatik zigortutako erakundeak, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraikiz.
3.– Eskatzaileek bete beharreko bestelako baldintzak.
a) Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) uneoro aplikatzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera (EHAA, 2015eko uztailaren 31a, 144. zk.).
b) Euskaltegietako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskura ditzaten, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena betetzea.
c) Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak ezarritako hurrengo baldintzak betetzea: irakaskuntza lokalak, irakasleak eta material didaktikoa.
Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute, edo maila hori egiaztatzetik salbuetsita egon beharko dute, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren arabera.
d) Ikasleek euskaltegiaren titularra den erakunde publikoaren berariazko araudian aurreikusitako zenbatekoetan, epeetan eta baldintzetan ordaindu beharko dute matrikula.
e) udal titularitateko euskaltegi publikoek ikasleen matrikulen ordainketa egiaztatzen duten agiriak gorde beharko dituzte.
f) HABEko zuzendari nagusiak 2026-2027 ikasturterako Ebazpenaren bidez ematen dituen jarraibideak osotasunean bete beharko dira. Halaber, euskaltegiek helduen euskalduntze-jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri, oinarri hauen bidez diruz lagungarria izan zein ez.
g) Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, deialdi honen I. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte.
h) Euskaltegiek diruz lagungarria den jarduerari buruzko informazioa bidali beharko dute HABEra, honek adierazitako euskarri eta epeen arabera, eta bereziki, honako hauek:
– Euskaltegiaren oinarrizko informazioa, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik egonez gero.
– Euskaltegiaren barruko karguak, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.
– Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztien jarduera, titulazioarekin batera.
– Ikasle guztiak, bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak: matrikula-ordainketak, ikasten emandako denbora eta aprobetxamendua.
– Ikastalde bakoitzaren ezaugarriak, HABEren kudeaketa-aplikazioan (hemendik aurrera «Q87») eskatzen direnak, besteak beste, maila, ordutegia eta egutegia.
4.– Bigarren eskaera-aldiarekin lotutako berezitasunak.
a) Deialdi honen barruan bigarren eskaera-aldia aurreikusten da, jarduera-unitateen kopurua II. eranskinean ezarritakoa baino % 103tik gora burutu duten, betiere, ezarritako talde-ratioa betez gero. Bigarren eskaera-aldian parte hartu ahal izango dute lehen eskaeran dirulaguntza esleitua izan duten euskaltegiek.
b) Bigarren eskaeraren izapidetzea lehen eskaerarako ezarritako prozeduraren bidez egingo da, eta eskaerak aurkezteko epea honakoa da: 2027ko ekainaren 24tik irailaren 10era arte.
c) Oro har, bigarren eskaerarako ez da dokumentazio osagarririk aurkeztu beharko, HABEk bestelakorik eskatzen ez badu.
3. oinarria.– Eskabideen aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Aurkezteko modua.
a) Udal titularitateko euskaltegi publikoek dirulaguntza-eskaerak, izapideak eta beharrezko dokumentazioa soilik aurkeztuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046211
b) Eskabidearen ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
c) Identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak Era berean, izapideak ordezkari baten bidez egin daitezke elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
2.– Lehen eskaerarako epea eta dokumentuak.
Lehen eskaerarako eskabidea eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea izango da: Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2026ko azaroaren 3ra arte. Lehen eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak honako hauek dira:
a) Eskabidea: III. eranskinean jasotako agiria telematikoki beteta. Bertan adierazi beharko da eskatzen den jarduera-unitateen kopurua, II. eranskinean agertzen denarekin bat ez badator. Diruz lagunduko diren jarduera-unitateen gehieneko kopurua II. eranskinean ezarritakoa izango da. Esleitutako jarduera-unitateen kopurua baino gehiago eskatu nahi izanez gero, bigarren eskaera-aldian eskatu ahal izango da, baldin eta esleitutakoa baino % 103tik gorakoa bada eta talde-ratioa betetzen bada, betiere, bigarren eskaera-aldirako aurreikusitako baldintzetan.
b) Pertsonalaren fitxa (egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «Ordainsariak 2026-2027» izeneko fitxategiaren bidez): udal titularitateko euskaltegi publikoko langileriaren informazio zehatza, lanpostuaren izaera eta egoera, langileen zerrenda, eta bereziki zehaztu behar dira karrerako funtzionarioei edo kontratupeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-datak, hirurteko kopuruak eta antzinatasunaren kostu ekonomikoa. HABEk eskuragarri jarritako txantiloiak jasotzen dituen eremu guztiak osatuta aurkeztu beharko da. Eskatzaileak aurkeztutako langileen zerrendak bat etorri behar du HABEren Q87 kudeaketa-aplikazioan dagoen langileen zerrendarekin. HABEk Q87 aplikazioan agertzen diren pertsonak eta haien datuak baino ez ditu aintzat hartuko.
c) V. eranskina: Oinarri hauen xedea duen jarduerarekin lotura duten 1966. urtean edo lehenago jaiotako euskaltegiko langileen kasuan, kontu-hartzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, non jasoko den pertsona horiei dagokien antzinatasunaren kostu ekonomikoa zenbatekoa izan zen 2025-2026ko ikasturtean (2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte) eta zenbateko kostua aurreikusten den 2026-2027 ikasturterako (2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era arte).
d) 2026-2027 ikasturterako plana, euskaltegiak ikasturte horretan garatuko dituen jardueren aurreikuspenarekin.
e) Zerga eta Gizarte Segurantza arloko betebeharren egiaztagiriak, baldin eta erakunde eskatzaileak ez badu HABEk ofizioz egiaztatzea baimentzen.
f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretan ez egoteari buruzko erantzukizunpeko aitorpena, III. eranskinaren bidez.
3.– Bigarren eskaera-aldiko epea eta dokumentazioa.
a) Bigarren eskaera-aldiko eskabideak 2027ko ekainaren 24tik irailaren 10era bitartean aurkeztu beharko dira. Eskaera horiek lehen eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioan oinarrituko dira.
b) Oro har, ez da dokumentazio berririk aurkeztu beharko, baldin eta HABEk espresuki beste agiri osagarriren bat eskatu ezean. Lehenengo eskaerako dokumentazioa baliagarria izango da.
c) Hala ere, nahitaezkoa izango da IV. eranskina telematikoki betetzea eta egoitza elektronikoaren bidez aurkeztea, eskatutako jarduera-unitate gehigarrien kopurua adierazteko. IV. eranskinean, II. eranskinean esleitutako jarduera-unitateen % 103tik gorako jarduera-unitate gehigarriak eskatuko dira. Gehikuntza hori kalkulatzeko, kontuan hartu ahal izango dira 2025-2026 ikasturtean HABEk onartu baina diruz lagundu gabe geratutako jarduera-unitateak ere. Jarduera-unitate gehigarriak kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:
– 2027ko ekainaren 30era arte burutu eta HABEk onartutako jarduera-unitateak.
– 2027ko ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean egitea aurreikusten dituen jarduera-unitateak.
– 2025-2026 ikasturtean HABEk onartu baina diruz lagundu gabe geratutako jarduera-unitateak.
d) Jarduera-unitate gehigarriak onartzeko, hiru baldintza bete beharko dira:
– 2026-2027 ikasturtean HABEk onartutako jarduerak izatea. Nolanahi ere, 2025-2026 ikasturtean HABEk onartu baina diruz lagundu gabe geratutako jarduera-unitateak kontuan hartu ahal izango dira bigarren eskaera-aldian eska daitekeen jarduera gehigarria kalkulatzeko.
– II. eranskinean ezarritako talde-ratioa betetzea (euskaltegiaren 2026-2027 ikasturteko talde-ratio ponderatuak II. eranskineko talde-ratioa berdindu edo handiagoa izan behar du). 2026-2027 ikasturteko talde-ratio ponderatua kalkulatzeko, ikasturtea hasi eta 2026ko urriaren 31ra arteko aurrez aurreko ikastereduan onartutako taldeen eta ikasleen datuak erabiliko dira.
Lehenik, herri-tamainaren araberako tarte bakoitzean talde-ratioa kalkulatuko da (ikasle kopurua zati talde kopurua). Ondoren, tarte bakoitzeko ratio hori euskaltegi horrek berak herri-tarte bakoitzean duen ikasle-proportzioaren arabera ponderatuko da. Hau da, euskaltegi batek jardueraren zati handiena herri-tarte jakin batean badu, tarte horrek pisu handiagoa izango du bere azken talde-ratioan.
Tarte guztietako balio ponderatuen batura izango da euskaltegiaren talde-ratio ponderatua.
Talde-ratioa kalkulatzeko ez dira aintzat hartuko oinarri hauetako I. eranskinean 6. eta 7. puntuetan jasotzen diren helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.
– Onartutako hondar-taldeen jarduera-unitateak II. eranskinean euskaltegiari esleitutako aurrez aurreko eskola-orduen % 5 baino gutxiago izatea.
4.– Baldintzen onarpena.
Eskabidea aurkezteak esan nahi du erakunde eskatzaileak berariaz eta formalki onartzen dituela deialdi honetan ezarritako baldintzak.
5.– Aurkezteko modua eta sinadura elektronikoa.
Eskabideak eta harekin batera aurkezten diren agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, eta, hala dagokionean, interesdunaren edo haren ordezkariaren nortasuna eta borondatea modu fede-emailean egiaztatzen duen sinadura elektroniko baliozkoa erabili beharko da.
Ez dira onartuko identifikazioa, benetakotasuna, osotasuna edo aldaketarik eza bermatzen ez dituzten agiri elektronikoak.
Ez da baliozkotzat joko sinadura guztiak formalki baliozkoak izan arren azken sinaduraren ondoren aldaketak dituen dokumentua. Halakoetan, agiria ez-aurkeztutzat edo zuzendu beharreko agiritzat joko da.
4. oinarria.– Aurkeztutako eskabidearen akatsak eta hutsuneak zuzentzea.
Eskabidea onartzeko aurkeztu beharreko dokumentazioan zerbait falta dela, forma-akatsak daudela edo baloraziorako aurkeztutako agirietan akatsak antzematen badira, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo falta diren agiriak aurkezteko.
Epe horretan zuzenketarik egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta horren gaineko ebazpena emango da.
5. oinarria.– Dirulaguntzen esleipen-prozedura eta organo kudeatzailea.
a) Dirulaguntza esleipen jarraituaren prozeduraren arabera izapidetuko da. Hau da, oinarri hauetako betekizunak zein baldintzak betetzen dituzten eskabide-egile guztiek jasoko dituzte dirulaguntzak, aurrekontu-partidako zenbatekoa agortu arte.
b) Dirulaguntzen zenbatekoa II. eranskinean jasotako jarduera-unitateen arabera zehaztuko da, eta bertan ezarritako mugen barruan emango dira.
c) Eskaera egiterakoan, II. eranskinean jasotako jarduera-unitate gutxiago eskatu daiteke. Hori eginez gero, dagokion esleipenari doikuntza egingo zaio, adierazitako jarduera-unitateen arabera egindako kalkuluaren bidez, 6. oinarrian finkatutako laguntza-modulua aplikatuz.
d) Ebazpen honetan aurreikusitako jarduera-unitateen arabera kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoa 2025-2026 ikasturtean euskaltegi berari emandako dirulaguntza baino txikiagoa bada, HABEk doikuntza iragankor bat egingo du bi zenbatekoen arteko aldea berdintzeko.
Hala ere, 2026-2027 ikasturtean 1966an edo lehenago jaiotako langileen hirurtekoei dagokien gastua 2025-2026 ikasturteari dagokiona baino txikiagoa bada, aurreko paragrafoan azaldutako doikuntza iragankorraren zenbatekoa murriztu egingo da antzinatasun-gastu horretan izandako murrizketaren arabera. Horretarako, 2025-2026 eta 2026-2027 ikasturteetako antzinatasun-kostuak V. eta IX. eranskinetan aurreikusitako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira, hurrenez hurren.
Doikuntzaren zenbatekoa eskaeraren lehen aldirako aurreikusitako aurrekontu-zuzkiduraren kargura finantzatuko da.
e) Eskabideak aurkezten diren hurrenkeraren arabera izapidetuko dira, eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideei emango zaizkie laguntzak, aurreko atalean ezarritako mugen barruan.
f) Eskabide bakoitzak dagokion erregistro-sarrera izango du; banaka aztertu eta ebatziko da, eta interesdunari banaka jakinaraziko zaio ebazpena.
g) Deialdiak bi eskaera-aldi aurreikusten ditu. Eskaera-aldi bakoitzean aurkeztutako eskabideak bereizita izapidetuko dira.
h) Deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea HABEko Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren ardura izango da.
6. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta esleipen-irizpideak.
Dirulaguntza-deialdi honek 2026-2027 ikasturtean (2026ko urria eta 2027ko iraila bitartean) euskara-ikastaroengatik udal titularitateko euskaltegi publikoei zuzendutako dirulaguntzen baldintzak arautzea du helburu, esleipen-irizpide honen arabera:
a) Euskara-ikastaroen eskola-orduak kalkulatuko dira jarduera unitateen arabera. Jarduera-unitatea dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko erreferentziazko neurri-unitatea da.
b) Ikasturteko jarduera-unitate bakoitzeko laguntza-modulua 81 eurokoa izango da.
c) Hona hemen ikastereduen jarduera-unitatearen baliokidetza:
– Aurrez aurreko talde-orduak (1 = 1,0 jarduera-unitate).
– Jardun biko tutoretza-orduak (1 = 1,0 jarduera-unitate).
Autoikaskuntzako matrikulak (190 orduko matrikula 1 = 18,38 jarduera-unitate), eta iraupen gutxiagoko matrikulak proportzioan doituko dira.
Onuradun bakoitzari dirulaguntzetarako abiapuntu bezala onartuko zaizkion jarduera-unitateak 2025-2026 ikasturtean bere ekimenez ikasteredu guztietan HABEk onartu zizkion jarduerak izango dira.
7. oinarria.– Dirulaguntzarako esleipen-ebazpena.
a) HABEko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez erabakiko da onuradun bakoitzari esleitzen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa, deialdi honetako 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Esleipen-ebazpenak ez du Administrazio-bidea agortzen eta, beraz, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete horren aurka, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 legeari eta bertako 121 eta 122 artikuluei jarraikiz.
b) Lehen esleipen-ebazpena 2026ko abenduaren 22a baino lehen emango da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskabidea ez dela onartua izan ulertuko da.
c) Izapidetze elektronikoa denez, jakinarazpena egindakotzat joko da euskaltegiak hura elektronikoki sinatzen duenean. Hala ere, hamar (10) egun natural igaro eta jakinarazpena ireki ez bada, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak bere horretan aurrera egingo du.
d) Interesdun bakoitzari egindako ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da emandako dirulaguntzen esleipen-ebazpena.
e) Betiere, onuradunei dirulaguntza aitortu, eta hala badagokio, ordaindu ahal izateko, nahitaezko baldintza da amaituta egotea dirulaguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta baita, dagokionean, dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari.
f) Bigarren esleipen-ebazpena 2027ko abenduaren 22a baino lehen eman beharko da. Epe horretan organo erabakitzaileak ebazpenik emango ez balu, eskabidea ez dela onartua izan ulertuko da. Bigarren eskaera-aldiko baldintzak betetzen badira, egoki zuritutako jarduera-unitate gehigarriak hartuko dira kontuan esleipena egiteko.
8. oinarria.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.
a) Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada, hau da, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez badute. Onuradunak konpromisoa hartzen du gainfinantzaketa ez gertatzeko, eta hori saihesteko beharrezko neurriak hartuko dituela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezarritakoaren arabera.
b) Gehiegizko finantzazioa gertatzen bada, hau da, diruz lagundutako jardueren sarrerak diruz lagundutako jardueren kostuak baino handiagoak badira, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.
9. oinarria.– Dirulaguntzen ikuskapena eta jarraipena.
a) HABEren Ikuskatzailetza arloko langile baimenduek ikuskaritzak egin ahal izango dituzte edozein unetan, euskaltegiak berak emandako datuak egiaztatzeko helburuarekin. Horretarako, eska diezaiekete euskaltegietako arduradunei, eskolak emateko erabiltzen diren lokalen inguruko informazioa, baita jardun, ikasle, ikastalde, irakasle, gainerako langile eta material didaktikoari buruzkoa ere.
b) HABEk dirulaguntzen jarraipena eta egiaztapena egiteko, bertarako ikuskapen-bisitak egin ahal izango ditu euskaltegietan. Bisita horiek laginketa bidez egingo dira, irizpide objektiboak aplikatuta, hala nola lurraldearen araberako banaketa, zentroaren tamaina edo jarduera-bolumena, edota ausazko hautaketa; beharrezkoa denean, beste irizpide batzuk ere kontuan hartu ahal izango dira.
Bisita horietan egiaztatu ahal izango dira, besteak beste, jardueraren benetako garapena, ikastaldeen funtzionamendua, irakasleen jarduna, ikasleen presentzia eta kopurua, instalazioak eta baliabide didaktikoak, bai eta HABEri emandako informazioaren eta zentroaren jarduera errealaren arteko egokitasuna ere. Ikuskapen horiek aldez aurretik jakinarazi gabe egin ahal izango dira.
c) Ikusketan bertan jasotako informazioa ikusketa-akta batean jasoko da, eta akta hori HABEko ikuskatzaileak eta euskaltegiaren arduradunak sinatuko dute. Ondoren, ikuskatzaileak informazio gehigarria eskatu ahal izango dio euskaltegiari, eta honek hamar laneguneko epea izango du informazio hori aurkezteko.
d) HABEren Ikuskatzailetzak aldian-aldian egiten dituen ikusketetan jasotako informazioa euskaltegiak HABEri ematen dion informazioarekin bat ez badator, edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, HABEko zuzendari nagusiari helaraziko dio akta, besterik ezean, aitortutako dirulaguntzei dagozkien ondorioak erabaki ditzan.
e) Ikusketa baten ondorioz ez-betetze bat ohartuko balitz, HABEko zuzendari nagusiak behin betiko erabakia hartu baino lehen, euskaltegiaren zuzendariari ikuskatutakoaren akta helarazi beharko dio, honek hamar (10) laneguneko epean dagozkion alegazioak egin ahal izateko.
f) HABEk, dirulaguntzen jarraipenaren eta ebaluazioaren barruan, diruz lagundutako talde edo ikastaroetako ikasleei gogobetetze-inkestak egitea eskatu ahal izango die euskaltegiei. Horretarako, HABEk zehaztutako eredua edo jarraibideak erabiliko dira, eta euskaltegiek beharrezko lankidetza eskaini beharko dute inkesta horiek egiteko eta emaitzak helarazteko. Inkestak anonimoak izango dira, eta datuen babeserako araudia errespetatuko dute.
10. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.
1.– Lehen eskaeraren ordainketa.
Lehen eskaerari dagokion dirulaguntza 2026ko abenduan emango den esleipen-ebazpenean zehaztuko da, eta ikasturtean zehar hiru ordainketa gauzatuko dira, ondorengo epeetan:
a) Lehen ordainketa (% 11): Dirulaguntzen esleipen-ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 11 ordainduko da, gehienez hilabeteko epean.
b) Bigarren ordainketa (% 79): 2027ko martxoaren 30erako lehenengo ordainketa osorik zuritu ondoren eta HABEk egiaztatu ahala, espedienteen hurrenkeraren arabera, dirulaguntzaren ebazpenean esleitutako zenbatekoaren % 79 ordainduko da.
c) Hirugarren ordainketa (% 10): Gainerako % 10a (esleitutako dirulaguntza osoaren azken zatia), 2026-2027 ikasturte akademiko osoari diruz lagundutako jarduerekin lotura duten gastuen zuriketa egin ondoren ordainduko da, HABEk bigarren zuriketarako ezarritakoari jarraiki egiaztapenak egin eta dirulaguntzaren kitapena burutu ondoren, HABEko zuzendari nagusiak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa.
2.– Bigarren eskaera-aldiko ordainketa.
Bigarren eskaera-aldian, dirulaguntzen ordainketa aparteko ebazpen baten bidez gauzatuko da. Bigarren eskaera-aldiko esleipen-ebazpena 2027ko abenduaren 22a baino lehen ordainduko da osorik, lehen eskaeraren aldiko azken ordainketarekin batera. Ordainketa % 100ean egingo da, baldin eta ebazpenean onartzen diren jarduera-unitate gehigarriak behar bezala justifikatu badira, HABEk ezarritako baldintza eta irizpideei jarraituz.
3.– Dirulaguntzak ordaintzeko baldintzak.
a) Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo datuak aldatzeko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikoa erabili beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
b) Dirulaguntzaren ordainketa baldintzatuta egongo da, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitzera.
11. oinarria.– Diruz lagungarri diren gastuen zehaztapena.
Honako gastu-kontzeptuak onartuko dira, betiere helduen euskalduntzearen arloko jarduerekin zuzenean lotuta badaude. Gastua jarduera horiei zati batean baino ez badagokie, helduen euskalduntzearen arloari egotz dakiokeen zatia soilik onartuko da diruz lagungarritzat.
a) Langileak: helduen euskalduntzearen arloarekin lotutako jardueretan diharduten irakasle eta irakasle ez diren langileen gastuak hartuko dira kontuan, hain zuzen, soldata gordina eta Gizarte Segurantzaren kostua. Langile batek bere jarduna zati batean baino ez badu bideratzen helduen euskalduntzearen arloko eginkizunetara, diruz lagundu daitekeen gastua jardun horri dagokion proportzioan kalkulatuko da. Ez dira kontuan hartuko 179/2003 Dekretuak araututako jardueraz kanpoko eginkizunetan diharduten langileak, hala nola euskara-teknikari edo euskara-normalizazioko teknikari lanetan aritzen direnak.
b) Lokalen alokairuak: soilik euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZa barne eta Ogasunerako atxikipena jasotzen dutenak...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Alokatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren ordainagiriak onartuko dira.
c) Azpiegituren garbiketa-gastuak eta mantentze-lanak.
d) Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).
e) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan.
12. oinarria.– Zuriketa.
Euskaltegiak zuriketarako erabili beharko ditu egoitza elektronikoan eskuragarri dauden fitxategiak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046211. Fitxategi horien azken bertsioa erabili beharko da, eta ezin izango da haien egitura aldatu.
Diruz lagundutako jardueraren zuriketa 2026-2027 ikasturtean zehar bi alditan egingo da.
1.– Lehen zuriketa.
Lehen zuriketa ikasturteko lehen ordainketaren ondoren egingo da, bigarren ordainketa egiteko oinarri gisa. Lehen zuriketan, nahikoa izango da lehen ordainketaren zenbatekoa estaltzeko adina gastu aurkeztea, betiere diruz lagundutako jarduerari lotutakoak badira.
2.– Bigarren zuriketa eta bigarren eskaera-aldiko zuriketa.
Bigarren zuriketa ikasturtearen amaieran egingo da, eta horren arabera egingo da dirulaguntzaren kitapena. Bigarren zuriketa horretan, lehen eskaera-aldian esleitutako dirulaguntzaren zuriketa egin beharko da bai eta, hala badagokio, bigarren eskaera-aldian esleitutakoaren dirulaguntzarena ere.
3.– Lehen zuriketan aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Pertsonalaren fitxa («Ordainsariak 2026-2027»): HABEk diruz lagundutako jarduerarekin lotura duten langileen datuak eskainiko dira, 2026ko urritik abendura bitartekoak. Eskatzaileak aurkeztutako langileen zerrendak bat etorri behar du Q87 aplikazioan dagoen langileen zerrendarekin. HABEk Q87n agertzen diren pertsonak eta haien datuak baino ez ditu aintzat hartuko.
b) «Balantzea 2026-2027»: HABEk diruz lagundutako jardueren kostua zuritzeko, 2026ko urritik abendura bitarteko gastuak aurkeztuko ditu euskaltegiak, HABEk ezarritako eredu normalizatuan agertzen diren gastu-kontzeptuen arabera.
c) VII. eranskina: HABEk diruz lagundutako jardueren kostua zuritzeko, kontu-hartzaileak 2026ko urritik abendura bitarteko gastuak egiaztagiri baten bidez ziurtatuko ditu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legeak 32. artikuluari jarraiki.
d) Zerga eta Gizarte Segurantza arloko betebeharren egiaztagiriak, baldin eta erakunde eskatzaileak ez badu HABEk ofizioz egiaztatzea baimentzen.
4.– Bigarren zuriketan aurkeztu beharreko dokumentuak:
Onuradunek diruz lagundutako jarduera osoa zuritu beharko dute, jarduera horri lotutako sarrera eta gastu guztiak aurkeztuz eta justifikazio-dokumentazioa HABEk ezarritako eredu normalizatuen arabera aurkeztu beharko da.
a) Pertsonalaren fitxa («Ordainsariak 2026-2027»): HABEk diruz lagundutako jarduerarekin lotura duten langileen datuak eskainiko dira, 2026-2027 ikasturte osokoak. Eskatzaileak aurkeztutako langileen zerrendak bat etorri behar du Q87 aplikazioan dagoen langileen zerrendarekin. HABEk Q87n agertzen diren pertsonak eta haien datuak baino ez ditu aintzat hartuko.
b) «Balantzea 2026-2027»: HABEk diruz lagundutako jardueren kostua zuritzeko, jarduera horien 2026-2027 ikasturteko gastu eta sarrerak aurkeztuko ditu euskaltegiak, HABEk ezarritako eredu normalizatuan agertzen diren kontzeptuen arabera.
c) VIII. eranskina: HABEk diruz lagundutako jardueren kostua zuritzeko, kontu-hartzaileak jarduera horiek 2026-2027 ikasturtean eragindako gastuak egiaztagiri baten bidez ziurtatuko ditu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legeak 32. artikuluari jarraiki.
d) IX. eranskina: Oinarri hauen xedea duen jarduerarekin lotura duten 1966. urtean edo lehenago jaiotako euskaltegiko langileen kasuan, kontu-hartzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, non jasoko den pertsona horiei dagokien antzinatasunaren kostu ekonomikoa zenbatekoa izan den 2026-2027 ikasturtean (2026ko urriaren 1etik 2027ko irailaren 30era arte).
e) Zerga eta Gizarte Segurantza arloko betebeharren egiaztagiriak, baldin eta erakunde eskatzaileak ez badu HABEk ofizioz egiaztatzea baimentzen.
5.– Dokumentazioaren egiaztapena.
Onuradunek bermatu beharko dute dirulaguntzaren bidez finantzatutako gastuak identifikatu eta egiaztatu ahal izatea, aurkeztutako justifikazio-dokumentazioaren bidez eta horretarako HABEko zuzendari nagusiak ebazpen bidez ezarritako jarraibideen arabera. Aurkeztutako dokumentazioan hutsuneak, akatsak edo inkoherentziak atzematen direnean, HABEk dagokion zuzenketa edo osatze-eskaera egin ahal izango du. Dokumentazioa zuzentzen denean, HABEk eskatzen duen dokumentu edo fitxategi osoa berriro aurkeztu beharko da.
HABEk egiaztapen-lanak egin ahal izango ditu aurkeztutako dokumentazioaren gainean, osorik edo laginketa bidez. Laginketa irizpide objektibo eta orokorren arabera egin ahal izango da, eta irizpide horiek onuradun guztiei berdin aplikatuko zaizkie.
Hala ere, egiaztapenaren irismena eta edukia egokitu ahal izango dira euskaltegi bakoitzaren ezaugarrien, aurkeztutako dokumentazioaren egoeraren edo egiaztapen-prozesuan antzemandako gorabeheren arabera.
Egiaztapen horren ondorioz, HABEk onuradunari eskatu ahal izango dio dirulaguntzaren erabilera eta gastuen justifikazioa egiaztatzeko beharrezkoa den informazio eta dokumentazio osagarria. HABEk egoitzak elektronikoa erabiliz eskabidea egin diezaioke edozein euskaltegiri, eta eskatzen zaion unetik hamar (10) laneguneko epea izango du onuradunak eskatutakoa aurkezteko.
6.– Sinadura elektronikoa.
Aurkezten diren agiri elektronikoek 3.5 oinarrian ezarritako sinadura elektronikoari eta dokumentuen osotasunari buruzko baldintzak bete beharko dituzte. Ez dira onartuko azken sinaduraren ondoren aldaketak izan dituzten agiriak, ez eta sinadura baliozkotzean dokumentuaren osotasuna bermatzen ez dutenak ere.
7.– HABEren dirulaguntzen zuriketarako, honako sarrera hauek onartuko dira:
a) Babestutako jardueren matrikulak: ikasleek edo euren ordezkari legalek edo tutoreek matrikula kontzeptuan ordaindutako kopuruak. Atal honetan ere, herri langileen ikastaroengatik HABEk edo beste herri administrazioek zein erakunde pribatuek edo enpresek ordaindutako matrikulak sartuko dira.
b) Babestutako jardueren ikas-materialak: ikasleek edo euren ordezkari legalek edo tutoreek ikas-materialengatik ordaindutako kopuruak. Atal honetan ere, herri langileen ikastaroengatik HABEk edo beste herri administrazioek zein erakunde pribatuek edo enpresek ordaindutako ikas-materialak sartuko dira.
c) Babestutako jarduerengatik erakunde pribatuetatik, enpresetatik edo beste iturrietatik jasotako beste sarrerak.
d) Deialdiaren bidez HABEtik jasotako dirulaguntza.
e) Babestutako jarduerengatik beste herri erakundeetatik jasotako dirulaguntzak.
f) Dirulaguntzen 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, funts-propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin lortutako sarrerak.
8.– 2026-2027 ikasturteko Memoria.
Euskaltegiak 2026-2027 ikasturteko Memoria aurkeztu beharko du 2027ko urriaren 15erako. Besteak beste, gai hauek jasoko ditu Memoriak:
a) Egindako jarduerei buruzko azalpena.
b) Programatutako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa.
c) Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.
9.– Oinarri honetan eskatutako agiriak aurkezteko epeak honakoak dira:
a) Lehen eskaerari dagokion lehen ordainketaren zuriketa: 2027ko martxoaren 30era arte.
b) Lehen eskaerari dagokion dirulaguntza osoaren zuriketa: 2027ko urriaren 15era arte.
c) Bigarren eskaera-aldiko dirulaguntza osoaren zuriketa: 2027ko urriaren 15era arte.
d) 2026-2027 ikasturteko Memoria: 2027ko urriaren 15era arte.
10.– Ez-betetzea.
Zuriketan egindako ez-betetzeak dirulaguntzarako eskubidea galtzea eta jasotako zenbatekoa itzultzea ekarriko du, ez-betetzeak dituen gainontzeko lege-ondorioez gain.
13. oinarria.– Esleitutako dirulaguntzaren kitapena.
1.– Jarduera-unitateen kitapena.
Ikasturtearen amaieran, jarduera-unitateen kitapena egingo da, ondoren zehazten diren irizpideei jarraikiz:
a) Lehen eskaera-aldiko onuradunen kasuan, betetze-maila % 97 eta % 103 bitartekoa bada, esleipena mantenduko da.
Talde-irakaskuntzan nahiz autoikaskuntzan, ikasturtean benetan gauzatutako jarduera-unitate kopurua, behetik nahiz goitik, II. eranskineko jarduera-unitate kopuruarekiko % 3ko gorabehera-urkilaren barruan badago, esleitutako jarduera-unitate kopurua hartuko da aintzat kitapenean. Hau da, esleitutako jarduera-unitate kopuruaren % 97 eta % 103 bitartean badago, ez da doikuntza ekonomikorik egingo, eta jatorrizko esleipena mantenduko da.
b) Lehen eskaera-aldiko onuradunen kasuan, burutze-maila % 97tik beherakoa bada.
Euskaltegiak, ikasturtearen amaieran II. eranskinean esleitutako jarduera-unitateen % 97tik beherako jarduera burutu badu, lehenik eta behin, % 97ra heldu ez diren euskaltegien galeraren batez bestekoa kalkulatuko da.
b.1.– Bataz besteko galera % 3 baino handiagoa bada, % 97tik beherako jarduera burutu duten euskaltegiei «bataz besteko galera» aplikatuko zaie, gehienez % 5eko muga ezarrita. Galeraren bataz bestekoa kalkulatzeko, % 97ra heldu ez diren euskaltegiek burutu gabe utzi dituzten jarduera-unitateen kopurua zenbatuko da (hau da, esleitutako eta benetan egindako jarduera-unitateen arteko aldea zenbatuko da). Falta izan zaizkien jarduera-unitateen batura egingo da. Batura hori jaitsiera izan duten euskaltegiek esleituta dituzten jarduera-unitate guztiekiko ehunekoa izango da batez bestekoa.
b.2.– Bataz besteko galera % 3a eta % 5a bitartekoa bada, bataz besteko galera horren barruan dauden euskaltegiei jatorrizko esleipena mantenduko zaie kitapenean. Euskaltegiak «galeren bataz bestekotik» behera burutu badu jarduera, % 5aren barruan badago ere, «galeren bataz bestekotik» beherako jarduera-unitate horiengatik epealdiko azken ordainketan murrizketa aplikatuko da. Murrizketaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: burututako jardueraren eta «galeren batezbestekoaren» arteko aldea bider jarduera-unitateen laguntza-modulua.
b.3.– Bataz besteko galera % 5 baino handiagoa bada, eta euskaltegia esleitutako jarduera-unitateen % 95aren barruan badago, jatorrizko esleipena mantenduko zaio kitapenean eta ez zaio doikuntzarik egingo. Euskaltegiak, aldiz, esleitutakoaren % 5etik behera jardun badu, % 95era heltzeko falta zaizkion jarduera-unitateen arabera doituko zaio dirulaguntza, hurrengo kalkuluaren arabera: burututako jardueraren eta % 95era heltzeko falta den jarduera-unitate kopurua bider dagokion jarduera-unitateen laguntza-modulua biderkatuz.
c) Bigarren aldiko eskabideen kasuan, dirulaguntzaren kitapena egindako zuriketaren arabera egingo da, eta ondorioz, ordainketa, ebazpen bakar baten bidez gauzatuko da. Bigarren eskaera-aldian zuritutako jarduera-unitate kopurua IV. eranskinean euskaltegiak eskatutako kopurua baino txikiagoa bada, kitapena eta ordainketa zuritutako jarduera-unitate horien arabera egingo dira.
2.– Alderdi ekonomikoen kitapena.
Honela egingo da deialdi honen ikasturtearen amaieran esleitutako dirulaguntzaren kitapena: ikasturtearen amaieran behin betiko jarduera-unitateak eta zuriketaren agiriak jasoko dira, 11. oinarrian zehaztutako kontzeptuen bitartez, kitapena egiteko. HABEko zuzendari nagusiak kitapen-ebazpen bat emango du, beharrezkoa balitz laguntza-kopuruak doituz. Aipatutako doikuntza era eta hurrenkera honetan egingo da:
5.d) oinarrian aurreikusitako trantsizio-doikuntza aplikatu denean, IX. eranskinean egiaztatutako 2026-2027 ikasturteko behin betiko antzinatasun-kostua hartuko da kontuan. 1966. urtean edo lehenago jaiotako langileen hirurtekoengatiko kostu hori 2025-2026 ikasturtekoa baino txikiagoa bada, trantsizio-doikuntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da 5.d oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
Lagundutako jardueraren sarrerak gastuak baino handiagoak badira, esleitutako dirulaguntza doitu egingo da, gainfinantzaketari dagokion zenbatekoa kenduz.
4.– Salbuespen-egoerak.
a) Jardueraren exekuzioan gorabeherak gertatzen badira, bereziki grebak, ezinbesteko arrazoiak edo antzeko egoerak direla medio, eta horren ondorioz onartutako jardueren orduak ezin badira eman, egoera hori kontuan hartuko da kitapena zehazteko, egindako jardueraren arabera. Horretarako, onuradunak egoera horren berri eman beharko dio HABEri, egoitza elektronikoan 2026-2027 ikasturte hasierako ebazpenean zehaztutako jarraibideen arabera.
b) Salbuespen-egoeraren bat gertatuz gero, HABEk oinarri hauetako baldintzak egokitu ahal izango ditu ebazpen berri baten bidez, egoera horri modu egokian eta eraginkorrean erantzuteko.
14. oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. artikuluan araututako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea.
b) Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
c) Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean (HABE) justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen duten informazio oro ematea, deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko duten eginkizuna betetzeko. Era berean, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, baliabide ekonomikoak edo bestelakoak jaso izana jakinarazi beharko zaio HABEri. Halaber, dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoera objektibo edo subjektiboan aldaketarik geratzen bada, horren berri eman beharko zaio HABEri.
e) Aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari publizitate egokia ematea, abenduaren 21eko 20/2023 Legea, dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen 18. artikuluari jarraikiz.
Horretarako, laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok HABEk emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan, Eusko Jaurlaritzaren eta HABEren logotipo normalizatua eta «HABEk diruz lagundua» esaldia agerian jarriz.
f) Dirulaguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.
15. oinarria.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.
Edozein kasutan, oinarri hauetako dirulaguntzen erakunde onuradunak abenduaren 21eko Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. eta 44. Artikuluetan jasotako arau-hauste eta ez-betetzeen erregimenaren menpe daude.
Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. eta 41. artikuluekin bat etorriz.
16. oinarria.– Datuen tratamendua.
Erakunde onuradunek, dirulaguntza-deialdi honetan, HABEri bidalitako datu pertsonalak honako tratamendu-jardueretarako erabiliko dira: «Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa» eta «Ikaslegoaren kudeaketa».
Tratamendu hau abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren arabera egingo da, ondoren zehazten diren helburuetarako:
– HABEk euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.
– HABEri atxikita dagoen euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa.
– HABEk egingo duen euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleen kudeaketarako: ikas-prozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzaren proposamena.
HABEko zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.
Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko.
Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: https://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/webhabe00-edukiak/eu/
17. oinarria.– Arau aplikagarrien zehaztapena.
Ebazpen honetan aurreikusitakoaz gain, abenduaren 21eko 20/2023 Legea, dirulaguntzen araubidea erregulatzekoa aplikatuko da, aplikagarri den neurrian.
18. oinarria.– Dirulaguntza hitzarmen bidez gauzatzea.
Emandako dirulaguntzaren onarpena hitzarmenaren bidez gauzatuko da HABEren eta diruz lagundutako euskaltegi onuradunaren titular den toki-entitatearen artean, interesdunei ebazpena elektronikoki jakinarazten zaienetik 10 eguneko epean. Hitzarmen horren eredua oinarri hauetako VI. eranskinean jasota dago.
RSS