
188. zk., 2026ko urriaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4073
150/2026 DEKRETUA, irailaren 15ekoa, Asociación Comedor San Antonio de Iralabarri elkartea gizarte-interesekotzat jotzeko dena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluak xedatzen duenez, gizarte-interesekotzat jo ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –baldin eta arauz zehaztutako baldintzak betetzen badituzte–; hain zuzen ere, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egindako ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, aipatutako aitorpena eskatu du Asociación Comedor de San Antonio de Iralabarri elkarteak, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak adierazi bezala, Asociación Comedor de San Antonio de Iralabarri elkartea 1987. urtean eratu zen. Erakundeak helburu hauek ditu:
a) Bilboko Udalaren «etxerik gabekoen» programatik bideratutako pertsonei bazkari eta afari duinak ematea.
b) Pertsona horiei hasierako urratsak ematen laguntzea gure gizartean integratzeko prozesuan.
c) Hiriko gainerako gizarte-zerbitzuekin sarean lan egitea.
Elkarteak ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu duenez, 2020. urteaz geroztik etenik gabe jardunean dihardu Euskal Autonomia Erkidego osoan. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten ditu eginkizun horiek.
Aipatutako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.
Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko irailaren 15ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Asociación Comedor de San Antonio de Iralabarri elkartea gizarte-interesekotzat jotzea, egiten dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duelako.
2. artikulua.– Asociación Comedor de San Antonio de Iralabarri elkarteari deklarazio horren berezko eskubideak aitortzea, zeinak Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan jasota baitaude.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko irailaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS