Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2026ko irailaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3975

AGINDUA, 2026ko abuztuaren 27koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia eta laguntza horien oinarri arautzaileak 2026ko ekitaldirako, «Ikerbat Programa».

Enpresei I+G+Brako ematen zaizkien laguntzak dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, epe laburrera erantzuteko ez ezik, enpresa-arloko ekimenak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun dezaten bultzatzeko ere bai (hori da, izan ere, xede nagusia), ikerketa-ekintzak azpisektoreen bitartez gara daitezen sustatuz.

Horrela dago jasota, halaber, Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoa 2030ean; plan hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egin, babestu eta bultzatu du, nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko I+G+B-jarduerak sustatuz.

GEPEn, hain zuzen ere, Ikerbat izeneko proiektu estrategiko bat definitzen da, planak enpresa lehiakorragoak bilatzeko ezartzen duen ardatzari zuzenean erantzuten diona, berrikuntzarako eta merkatura egokitzeko gaitasuna hobetuz. Eta proiektu horren helburua da enpresa berritzaileen kopurua handitzea eta EAEko gastronomiaren eta elikaduraren industriaren maila teknologikoa eta berritzailea handitzea, merkatuko joerei erantzungo dieten eta bereizketa ekarriko duten produktu eta prozesu berriak sortuz.

Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030) bera EAEk ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu estrategikoa da, EAEko ekonomiak lehiakortasuna hobetu eta hazkunde jasangarriaren bidean aurrera egin dezan lortzeko eragile gisa. Testuinguru horretan, berrikuntzaren arloan Eusko Jaurlaritzaren lehentasunezko eremuak ezartzen dituzten berrikuntzaren itsasargi deritzenetan, «Elikadura osasungarria» izeneko lehentasunezko ildo bat dago.

EAEk erreferentea izan nahi du gastronomiaren eta elikagaien arloan, bai kalitate handiagatik, bai eta balio-katearen ekonomia-, gizarte-, kultura- eta ingurumen-jasangarritasunagatik ere. Erronka handi hori lortzeko, bultzatu, sustatu eta garatu egin behar da enpresek kalitatezko produktu osasungarriak merkaturatu ditzatela eta jasangarritasuna susta dezatela, aparteko turismo-balioa duen proposamen bat sortzeaz gain, kulturaren, paisaiaren eta gastronomiaren alorreko ondarea kontserbatzea eta mundu mailan aintzatespen-maila are handiagoak lortzea ahaztu gabe. Garapen hori elikagaien balio-kate osoan bultzatu behar da, ekoizpen primariotik hasi eta elikagai osasungarrien kontsumoraino, elikagaien kontsumitzaileak balio-kate horren muintzat hartuta, eta sinergiak eta harremanak bilatuta beste sektore ekonomiko, kultural eta sozial batzuekin.

Helburu horiek lortzeko, trantsizio teknologiko-digitalari lotutako zeharkako erronkei egin beharko zaie aurre (elikagaien eta zuraren balio-katearen maila guztietan IKTak integratu beharko dira horretarako), baita trantsizio energetiko eta klimatikoari ere (ekonomia zirkularrera egokitzea ekarriko du horrek berekin, elikagai-hondakinak minimizatuz, azpielikagaiak berreskuratuz eta balorizatuz eta elikagaien paketatzea birdiseinatuz). Halaber, trantsizio soziosanitarioa aukera-iturri bihurtzen da.

Hori guztia erronka hauetan zehazten da, kasuan kasuko epearen arabera:

– Epe laburrerako erronkak:

• Elikagai-ekosistema seguruak, jasangarriak eta osasungarriak.

• Elikagai jasangarri, funtzional eta bioaktibo berriak bioekonomiaren bidez.

• Nutrizio pertsonalizatua: omikak garatzea eta horiek produktu berrien formulazioan aplikatzea, eta nutrizioa pertsonalizatzea (nutrigenomika eta nutrigenetika).

• Zahartze osasungarrirako elikagai berriak: haurtzarotik hirugarren adinera arte.

• Proteina-iturri berriak.

• Kutsatzaileak, pestizidak, metal astunak, antibiotikoak eta abar minimizatzeko teknologia berriak.

• Elikagaien ekoizpen-katearen ingurumen-inpaktua murriztea.

– Epe ertainerako erronkak:

• Proteinak edo beste elikagai-osagai batzuk –biofilmak, polisakaridoak, gantz-azidoak, bitaminak, etab.– bioteknologikoki ekoizteko metodo berriak.

• Doitasunezko nutrizioa, nutrizioak gaixotasunen –bereziki gaixotasun ez-transmitigarrien– prebentzioan duen garrantzian ardaztua, biztanleriaren osasun eta ongizatearen mesedetan.

• Ikuspegi berriak sustatzea, biztanle talde jakin batzuetan nutrizioaren alorreko esku-hartzeak lortzeko ez ezik, dietak osasunean eta ongizatean duen eragina indartzeko ere bai.

• Elikadura-nahasmenduen eta intolerantzien aurrean ongizate emozionalari laguntzeko tresnak eta ekimenak.

• Berrikuntza soziala kultura gastronomikoan: elikadura gozoa, osasungarria eta jasangarria hobetzeko diagnostikoa eta esku-hartzea.

I+G+Bko lehentasunezko eremu horiek bat datoz «Baserritik mahaira» (Farm to fork) estrategiarekin, zeinak elikagai-sistema justu eta osasungarri baten alde egiten baitu, elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresetan jardunbide jasangarriak sustatuz; esaterako, arlo hauetako proiektuak:

• Nekazaritza ekologikoa, produktu ekologikoa.

• Animalien ongizatea.

• Jatorriari buruzko etiketatzea: osasungarritasuna, jasangarritasuna, animalien ongizatea.

• Ontziak: elikagaietarako biomaterial egokiak.

• Elikagai-hondakinak.

• Pestizidak, fitosanitarioak eta antimikrobianoak murriztea.

• Merkaturatze arduratsua eta, oro har, balio-kate osoan jokatzea arduraz.

• Iruzurraren kontrako borroka.

• Nutrizio-profilak (etiketatzearekin ere lotuta).

• Elikadura jasangarria, osasungarria eta arrazoizko prezioan.

• Kontsumitzaileen ahalduntzea.

Europako estrategietako trantsizio eta aurrerapen horiei heltzeko, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren estrategiako oinarrizko zutabeetako bat da ezagutza sortzea, ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez. Zutabe hori sailak garatzen dituen plan guztietan dago.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikuluaren (ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzak) eta 29. artikuluaren babesean ematen dira, alde batetik –erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk merkatu komunarekin bateragarriak direla deklaratzen da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz–; eta, bestetik, 2022ko abenduaren 14ko Europako Batzordearen 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 38. artikuluaren babesean (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako ikerketarako eta garapenerako laguntzak); erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Beste alde batetik, NPEren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, hainbat erregelamendu argitaratuta. Erregelamendu horiek, kasuan kasuko erregelamendu eskuordetu eta betearazleekin batera, 2023-2027 aldian NPEren oinarriak eta hura aplikatzeko arauak finkatzen dituzte, egon daitezkeen luzapenak gorabehera.

Orientazio berri hori estatu kideen subsidiariotasun handiagoaren gainean egituratzen da; izan ere, estatuek diseinatu beharko dituzte, egoera eta premia espezifikoetan oinarrituz, beren esku-hartze propioak.

Ikuspegi berri horrekin, Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) 2023-2027 aldirako Plan Estrategiko Nazionala egin du Espainiak, zeinaren helburua baita nekazaritzaren, elikagaien eta lana-eremuen garapen jasangarria, gizartearen elikagai-segurtasuna bermatzeko, sektore lehiakor baten eta landa-eremu bizi baten bidez. Plan estrategiko hori 2022ko abuztuaren 31n onartu zuen Europako Batzordeak, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez.

Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) 2023-2027 aldirako Plan Estrategiko Nazionalean sartzen diren esku-hartzeak behar bezala ezarri eta kudeatu ahal izateko, beharrezkoa izan da tresna juridiko egokiak izatea, eta arau sorta zabala prestatu da Estatuan, ondorio horietarako.

Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) 2023-2027 aldirako Plan Estrategiko Nazionala ezartze aldera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretua egin zen (2024ko ekainaren 11ko EHAA, 113. zk.).

Espainiako NPEPE horretan, hauek jaso dira: bai lehen zutabearen esparruan programatutako laguntzarako esku-hartzeak (zuzeneko eta sektoreko laguntzak, NBEF funtsak finantzatuta), zeinak Estatuan zuzenean aplikatuko baitira, bai bigarren zutabeko landa-garapeneko 18 esku-hartzeak (LGENF funtsak lagundutako finantzatzearekin), zeinak autonomia-erkidegoetan abiarazi eta garatzen baitira, kasu bakoitzean ezarritako eskualde-berezitasunekin.

EAEn programatutako landa-garapeneko 18 esku-hartzeen artean (LGENF), 7161 eta 7162 esku-hartzeak daude, nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateetan proiektu berritzaileak garatzeko lankidetzari buruzkoak. Esku-hartze horiek lehen sektorearen modernizazio-premiei erantzuteko dira; horretarako, ezagutza-trukea, berrikuntza eta nekazaritzaren eta landa-eremuen digitalizazioa bultzatzen dira, eta ikuspegi horiek bere jardunean ezartzen ditu. Deialdi honetan, esku-hartze horietarako funtsak amaitu direnez, funts propioekin finantzatuko dira oso-osorik.

7161 esku-hartzearen helburua da Nekazaritza Berrikuntzarako Europako Elkartearen (EIP Agri) talde eragileak sortzen laguntzea, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektorean berrikuntza azkartzea eta lehen sektorea modernizatzeko premiei erantzutea ahalbidetuko duten proiektu berritzaileak gauzatzeko, eta, horretarako, ezagutzaren trukea, berrikuntza eta nekazaritzaren eta landa-eremuen digitalizazioa bultzatzea eta ikuspegi horiek ezartzea sustatzea.

7162 esku-hartzearen helburua lankidetza-taldeak sortzen laguntzea da, lankidetza-ekimen berritzaileak bultzatzeko, baina horiek ez dira EIP Agri-ren barruan egongo. Lankidetza-taldeen proiektuek testuinguru-baldintzak nahita aldatzera bideratuta egon beharko dute, batez ere lehen sektorearen eta landa-eremuen modernizazioa eta NPEren helburu espezifikoak guztiz lortzea mugatzen ari diren horiek.

Bi esku-hartze horiek jarraipena ematen diete LGParen 16. neurrian eta, zehazkiago, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan jasotako Europako politikei, eta Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduari heltzen diote, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoari.

Agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026., 2027. eta 2028. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen, agindu horrek onartzen baitu Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026., 2027. eta 2028. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa (5.1.3.2.– Ikerbat programa); bestalde, plana sail horren webgunean argitaratuta dago («Planak eta proiektuak» atalean).

Deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Beraz, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 artikuluan emandako eskumena baliatuz,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Oinarri arautzaileak eta deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak onartzea eta laguntza horien 2026rako deialdia egitea. Agindu honen eranskinean daude jasota oinarriok.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 27a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA
DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea, laguntza-lerroak, izaera eta helburua.

1.– Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntza-lerro ez-itzulgarri hauen arau erregulatzaileak onartzea 2026ko ekitaldirako (IKERBAT programa):

a) 1. lerroa: Elikagaien eta zuraren balio-kateari lotutako I+G-proiektuetarako laguntzak. Laguntza hauek Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikuluaren babesean ematen dira; erregelamendu horrek deklaratzen du laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) 2. lerroa: I+Gko proiektuetarako laguntzak, baldin eta proiektu horien xedea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza sortzea eta ezagutza espezifikoa hedatzea bada. Laguntza horiek Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko (EB) 2022/2472 Erregelamenduren 38. artikuluaren babesean ematen dira; erregelamendu horren bidez, nekazaritza- eta basogintza-sektoreetako eta landa-eremuetako laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla deklaratzen da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

c) 3. lerroa: Negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuetarako laguntzak. Laguntza hauek Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 29. artikuluaren babesean ematen dira; erregelamendu horrek deklaratzen du laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarriak direla, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

d) 4. lerroa: EIP Agri elkarteko talde eragileek berrikuntza-proiektuak gauzatzeko laguntzak. Laguntza hauek 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamenduaren babesean ematen dira; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

e) 5. lerroa: Lankidetza-taldeek berrikuntza-proiektuak gauzatzeko laguntzak. Laguntza hauek 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamenduaren babesean ematen dira; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

2.– Laguntza hauen helburua da efizientzia areagotzea, lehiakortasuna hobetzea, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta lankidetza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan.

2. oinarria.– Definizioak.

1.– Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta), definizio hauek ezartzen dira:

a) Dinamizazio-agentea: oinarri hauen ondorioetarako, lankidetzaren bidez berrikuntza-proiektu bat gauzatuko dela bermatzeko ardura izango duen pertsona fisikoa edo juridikoa, baldin onuradunek helburu bera badute eta proiektuak lehen sektorean eragina badu. Proiektua onartutako proposamenean ezarritako baldintzetan ezartzen dela zainduko du, eta hauetaz arduratuko da: jarduketen jarraipena egiteaz eta talde eragilea edo lankidetza-taldea osatzen duten agenteen arteko konexioaz eta ulermenaz.

b) Nekazaritza: kontzeptuak barne hartzen du laborantzakoa, abeltzaintzakoa eta basokoa dena, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak xedatutakoarekin bat.

c) Enpresa-talde berritzaileak: zati independenteen egitura edo talde antolatuak (hala nola enpresa berritzaile berriak, enpresa txiki, ertain eta handiak, ikerketa eta ezagutzak hedatzeko antolakundeak, ikerketa-azpiegiturak, saiakuntza eta esperimentaziorako azpiegiturak, berrikuntza digitaleko zentroak, irabazi-asmorik gabeko antolakundeak eta lotutako beste eragile ekonomiko batzuk), jarduera berritzaileak eta lankidetza modu berriak sustatzeko sortuak; adibidez, bitarteko digitalen bidez, instalazioen erabilera partekatuaren bidez edo instalazioen erabilera partekatua eta ezagutzen trukea sustatuz, bai eta ezagutzen transferentziari, sareen sorrerari, informazioaren hedapenari eta enpresen eta enpresa-taldeko beste antolakunde batzuen arteko lankidetzari ekarpen eraginkorra eginez ere; berrikuntza digitaleko zentroak industrian (bereziki ETEetan) eta organismo publikoetan teknologia digitalen erabilera zabala sustatzea helburu duten entitateak dira, hala nola adimen artifiziala, hodeiko konputazioa, konputazio periferikoa eta errendimendu handiko informatika, bai eta zibersegurtasuna ere; berrikuntza digitaleko zentroak, bere horretan, enpresa talde berritzailetzat hartu litezke.

d) Elikagaigintza: kontzeptu honen barnean sartzen dira nekazaritzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta mikologiatik datozen produktuak edo beste jatorri natural batetik datozenak ekoiztea, eraldatzea, ontziratzea eta merkaturatzea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak ezarritakoarekin bat.

e) Nekazaritza-produktibitate eta -jasangarritasuneko Berrikuntzarako Europako Elkartea (EIP Agri): nekazaritza-sektorean berrikuntza azkartzea helburu duen Europar Batasunaren tresna da. Helburua da sektore hori lehiakorragoa, efizienteagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa izatea, eta, aldi berean, elikagaien, pentsuen eta biomaterialen hornidura egonkorra bermatzea.

f) Lankidetza: helburu bera duten pertsona edo entitate biren edo gehiagoren artean garatutako lan-estrategia, kide bakoitzaren interes indibiduala baino harago doana eta lan-metodo osagarriak eta lankidetzakoak erabiltzen dituena.

g) Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren zenbateko gordina, diruz lagundu daitezkeen kostuen ehunekoan adierazia, edozein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurretik.

h) Lankidetza eraginkorra: gutxienez bi zati independenteren arteko lankidetza, ezagutzak edo teknologia elkarri trukatzeko, edo, lan-banaketa oinarri hartuta, helburu bera lortzeko; lankidetza mota honetan, esku hartzen duten zatiek batera zehazten dute elkarlaneko proiektuaren eremua, hori aplikatzen laguntzen dute eta haren arriskuak eta emaitzak partekatzen dituzte; zati batek edo batzuek proiektuaren kostu guztiak bere gain hartu ditzakete eta, era horretan, gainerakoak finantza-arriskuetatik libre geratzen dira. Kontratupeko ikerketa eta ikerketa-zerbitzuen prestazioa ez dira lankidetza modutzat hartzen.

i) Nekazaritzako produktuak merkaturatzea: salmentarako produktuak edukitzea edo erakustea, salmentarako eskaintza, merkaturako entregatzea edo merkatuan jartzeko beste edozein modu, salbu eta lehen sektoreko ekoizleek bitartekariei edo eraldatzaileei egindako lehenengo salmenta edo lehen salmenta horretarako produktu bat prestatzeko jarduerak; lehen sektoreko ekoizleek azken kontsumitzaileei egindako salmenta merkaturatzea dela ulertuko da, baldin eta horretara bideratutako instalazio independenteetan egiten bada.

j) Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. Hor sartu ahal izango dira, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko jarduerak ere.

k) Garapen esperimentalak hauek barne hartu ahal izango ditu: funtzionamendu errealeko baldintzak islatzen dituzten inguruneetan, prototipoak sortzea, frogantzak egitea, proiektu pilotuak egitea eta produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen saiakuntza eta balioztapena, betiere helburu nagusia bada sendo errotuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak ekartzea. Garapen esperimentalak barne hartu ahal izango du merkataritza-erabilera izan lezaketen prototipo eta proiektu pilotuak garatzea, ezinbestean azken merkataritza-produktua badira eta horiek frogantza- eta balioztatze-helburuetarako soilik fabrikatzea garestiegia bada.

l) Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.

m) Enpresa: jarduera ekonomiko bat garatzen duen entitatea, beraren forma juridikoa edozein dela ere. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen direnak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) eragileak ere sartzen dira definizio honetan.

n) Krisian dagoen enpresa: halakotzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. zenbakian jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.

o) Berrikuntza: produktu (ondasun edo zerbitzu) edo prozesu (barne direla, besteak beste, ekoizpena, antolaketa-metodoak, barne-praktikak, merkaturatzea edo marketina) berri bat sortzea, edo nabarmen hobetutako bat, balizko erabiltzaileen eskura jarri ahal izango dena. Oinarri hauen ondorioetarako, berrikuntza gisa hartuko da, halaber, nahitaez berria ez den produktu edo prozesu bat testuinguru geografiko berri batean garatzea, baldin balio-ekarpen nabarmen bat badakarkio. Oinarri hauen ondorioetarako, testuinguru geografikoaren irismena Euskal Autonomia Erkidegoa da.

p) Prozesuen alorreko berrikuntza: ekoizpen- edo hornitze-metodo berria edo nabarmen hobetua aplikatzea (teknika, ekipo edota programa informatikoei egindako aldaketa nabarmenak barne). Ez ditu barne hartzen garrantzi gutxiko aldaketak edo hobekuntzak, aurretik ere erabiltzen ziren fabrikazio-sistemen edo logistikaren oso antzekoak sartuta lortutako ekoizpen- edo zerbitzu-gaitasunen hobekuntzak, prozesu bat aurrerantzean ez erabiltzea, kapitala ordezte edo handitze hutsa, faktoreen prezioa aldatu dela-eta sortutako eraldaketak, ekoizpen pertsonalizatua, tokiko erabileretara egokitzea, sasoiaren araberako aldaketak eta beste aldaketa zikliko batzuk, eta produktu berrien edo nabarmen hobetuen salerosketa.

q) Industria-ikerketa: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik zeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Barne hartu ditzake sistema konplexuen osagaiak sortzea eta laborategi-ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazeak dituen ingurune batean prototipoak eraikitzea, baita lerro pilotuak ere, industria-ikerketarako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.

r) Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendatuta daude–, produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.

s) Nekazaritzako produktua: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean zerrendatutako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako arrantza- eta akuikultura-produktuak izan ezik.

t) Lankidetzako berrikuntza-proiektua: eskala txikiko proiektua, denbora-ahalegin mugatua duena eta EAEko eta landa-eremuetako nekazaritzako elikagaien eta zuraren balio-kateen aplikazio-eremuetan egiteko dena, proiektuaren partzuergoak partekatutako helburua betetzeko hauteman den premiari erantzuteko proposatutako konponbide berritzailea probatzeko. Ez da berrikuntza-proiektutzat hartuko:

i) Zerbitzu-azpikontratatze hutsa dela agerian uzten denean.

ii) Helburu indibidualen batura bat dagoela ikusten denean, zehaztutako helburu komunik gabe.

iii) Ezagutza berria sortzeak proiektu berritzailearen ezarpenak berak baino pisu handiagoa duenean aurrekontuari edo ekintzari dagokienez.

iv) Irismena azterketa- edo diagnostiko-fasera mugatzen denean.

v) Ideia ez denean berria, ordurako ezarrita dagoenean edo ez dakarrenean balio-ekarpenik.

vi) Talde eragilea edo lankidetza-taldea osatzen duten pertsona fisiko edo juridiko onuradunen arteko aurrekontu-oreka ez denean egokia.

u) Nekazaritzakoa ez den landa-eremuetako garapenerako proiektua: proiektu hauetan, helburua ez dago nekazaritza-produktuak ekoiztearekin lotuta (nekazaritza-produktutzat Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 1. eranskinean azaltzen diren produktuak hartuta). Ondorio horietarako, nekazaritzakoak ez diren proiektuek helburu hau dute: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren I. eranskinean ageri ez den produktu bat emaitzatzat duten nekazaritza-produktuak eraldatzea edo merkaturatzea.

v) Nekazaritzako produktuak eraldatzea: nekazaritzako produktu baten gainean egindako eragiketaren emaitza, baldin emaitza nekazaritza-produktu bat bada, salbu eta animalia- edo landare-produktu bat lehenbiziko salmentarako prestatzeko egin behar diren nekazaritza-jarduerak.

w) Nekazaritza- eta basogintza-sektorea: nekazaritzaren eta basogintzaren ekoizpen primarioan zein eraldaketan eta merkaturatzean jarduten duten enpresa guztiak.

2.– Halaber, oinarri hauen ondorioetarako, 1., 2. eta 3. lerroetarako bakarrik, definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak: ikerketan, garapenean eta berrikuntzan diharduten entitateak, baldin eta, sarean lan eginez, I+G+B-arloko jardueren uztarketa orekatua garatzen badute, ikerketa espezializatu eta bikaina egiten badute eta EAEn aberastasuna eta ongizatea sortzeko lagungarriak badira. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera egiaztatutako entitateak dira.

b) Bioekonomia: giza edo animalien kontsumorako ez diren jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak bioproduktu, bioenergia edo biozerbitzu bihurtzea, eta haien balio erantsia handitzea.

c) Bioenergia: biomasaren ondoriozko energia berriztagarri mota bat da; energia fosila ordezteko gai da, eta garraiorako erregaiak, beroa, elektrizitatea eta produktuak sortzeko erabil daiteke.

d) Bioproduktua: biomasatik lortutako produktuak dira, tresna fisikoak, kimikoak, biokimikoak edo biologikoak erabiliz lortutakoak. Produktu horiek askotariko prestazio ugari eskaintzen dizkigute, zeinak jatorri ez-biologikoko lehengaien sintesi kimikoaren bidez artifizialki lortutako produktuek eman izan baitituzte lurzaroan.

e) Biozerbitzua: bioekonomiaren esparruan produktu immaterial eta pertsonalizatu bat eskainiz bezeroen behar jakin bat asetzera bideratutako ekintzen edo jardueren multzoa.

f) Izaera eraldatzailea: proiektuak izaera eraldatzailea du ekoizpen-prozesu batean, balio-kate batean edo gizarte-, ekonomia- edo ingurumen-ingurunean aldaketa positibo bat egiten badu, eta, aldaketa horri esker, proiektua egin gabe gainditu ezin diren oztopoak gaindi badaitezke.

g) Proiektuko edo jarduerako lanen hasiera. Hauetatik lehenengo gertatzen denaren eguna: inbertsioarekin lotutako eraikuntza-lanak edo jarduerak hastea, ekipoak eskatzeko edo zerbitzuak erabiltzeko lehen konpromiso irmoa edo proiektua zein jarduera itzulezin bihurtzen duen beste konpromiso bat. Lurrak erostea eta prestaketa-lanak egitea (hala nola baimenak lortzea eta bideragarritasun-azterlanak egitea) ez dira joko proiektuaren edo jardueraren lanen hasieratzat.

h) Berrikuntza (bioekonomian): produktu (ondasun edo zerbitzu) berri bat edo nabarmen hobetua sartzea. Ez da proiektu berritzailetzat hartzen, baldin eta ezagutza sortzeak ezagutza ezartzeak baino pisu handiagoa badauka.

i) Akuikulturako produktuak: akuikulturako edozein jardueratatik lortutako organismo urtarrak, haien bizitza-zikloaren fase guztietan, edo organismo horietatik eratorritako produktuak.

j) Arrantzako eta akuikulturako produktuak: arrantzako jardueretatik lortutako organismo urtarrak edo horietatik eratorritako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I.b) eranskinean zerrendatzen diren eran.

k) Frogantza-proiektua: teknologia, produktu, prozesu, zerbitzu edo soluzio baten bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eragiketa-ingurune batean baliozkotzea. Frogantza-eskalako ekoizpen-instalazio bat ezarri beharko da; instalazio berri bat izan daiteke, edo lehendik dagoen bat (nabarmen aldatuta), edo lehendik dauden frogantza-instalazioen erabilera. Balio-kate baten eta horren negozio-ereduaren urrats kritiko guztien errendimendua eta fidagarritasuna frogatzeko azken urrats ez-komertziala dira jarduerok; hala, proiektuaren emaitzatik abiatuta, lehenengo unitate komertziala diseinatzen da, errendimendua bermatuta.

l) Proiektu pilotua: metodo edo ideia bat edo teknologia- edo ezagutza-transferentzia bat ezartzea, dena delako kontzeptua edo teoria ustia daitekeela egiaztatzeko; laburtuta ezartzen da sarritan, edo proiektuaren zati bat soilik. Proiektu pilotuek balio-kateak aktibatzeko behar diren teknologien eta kontzeptu espezifikoen garapenari begiratzen diote, eta instalazio esperimentaletan frogatzen dituzte printzipioak. Proiektuak barne hartu ditzake teknologia txertatzeari loturiko zereginak edo eskala txikiko prototipo bat laborategian edo ingurune simulatu batean probatzeko edo baliozkotzeko zereginak. Proiektu pilotua denbora-ahalegin mugatua duen proiektu esperimentala da, eta, bertan, lehendik zeuden ezagutzak eta teknikak –zientziaren, teknologiaren eta enpresaren arlokoak edo bestelakoak– eskuratzen, uztartzen, konfiguratzen eta erabiltzen dira, funtzionamendu-baldintzak irudikatzen dituen ingurune batean produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak lortzeko asmoz, baldin finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak gehitzea bada egiazko helburua.

m) Arrantza-sektorea eta akuikultura-sektorea: ekonomiaren sektore bat da, arrantza- eta akuikultura-produktuak ekoitzi, eraldatu eta merkaturatzeko jarduera guztiak barne hartzen dituena.

n) Teknologia-transferentzia: prozesu bat zeinaren bidez abileziak, ezagutza, teknologiak, fabrikazio-metodoak, fabrikazio-laginak eta instalazioak transferitzen baitira hainbat eragileren, entitateren eta organismoren artean, aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak are erabiltzaile kopuru handiagoarentzat irisgarriak direla bermatzeko; horrela, erabiltzaileok teknologia horiek produktu berrietan are gehiago garatu eta ustiatzeko aukera izan dezakete, bai eta balioa, prozesuak, aplikazioak, materialak edo zerbitzuak sortzeko aukera ere.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Lehenengo oinarrian xedatutakoa betetzeko, laguntza-lerro hauek ezarriko dira:

a) 1. lerroa: Elikagaien eta zuraren balio-kateari lotutako I+G-proiektuetarako laguntzak. Oinarrizko ikerketako, industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak finantzatuko dira, bai eta bideragarritasun-azterlanak ere. Mota horretako proiektuek ezagutza sortu beharko dute, etorkizunean elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresek aplikatu edo merkaturatu ditzaten. Diruz lagundu daitezkeen proiektuen tipologia hauek jasoko dute laguntza:

i) Elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresetako I+G-proiektuak. Halakotzat hartuko dira elikagaien eta zuraren balio-kateko ekoizpen, eraldaketa, banaketa edo merkaturatzearen sektoreetako enpresek sustatutako industria-ikerketarako edo garapen esperimentalerako proiektuak. Mota horretako proiektuak produktu, zerbitzu, negozio-prozesu edo negozio-eredu zientifiko-teknologikoak –bai berriak, bai nabarmen hobetuak eta termino zientifiko-teknologikoetan existitzen direnak baino hobeak izango direnak– garatzera bideratuta egon beharko dute.

ii) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileek elikagaien eta zuraren balio-katearentzat ezagutza sortzeko egindako I+Gko proiektuak, Elikadura Osasungarriaren RIS3 eremuari, «Baserritik mahaira» estrategiari eta sailburuordetza eskudunak I+Garen arloan abiarazitako planei lotutako I+G-ildoetan.

iii) Jarduera bioekonomikoen proiektu pilotuak. Honako hauek hartuko dira diruz lagundu daitezkeen proiektutzat: balio-kate berriak sortzeko proiektu pilotuak egitea, baldin eta, balio-kate horiek giza edo animalien kontsumorako ez diren jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak bioproduktu, bioenergia edo biozerbitzu bihurtzean oinarritzen badira, eta balio erantsia handitzea badakarte.

iv) Jarduera bioekonomikoen frogantza-proiektuak. Diruz lagundu ahal izango dira balio-kate berriak sortzeko frogantza-proiektuak egitea, baldin eta balio-kate horiek giza edo animalien kontsumorako ez diren jatorri biologikoko baliabide berriztagarriak bioproduktu, bioenergia edo biozerbitzu bihurtzean oinarritzen badira, eta balio erantsia handitzea badakarte.

b) 2. lerroa: I+Gko proiektuetarako laguntzak, baldin eta proiektu horien xedea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza sortzea eta ezagutza espezifikoa hedatzea bada. Diruz lagundutako proiektuak interes orokorrekoak izango dira kasuan kasuko sektoreko edo azpisektoreko enpresa guztientzat.

c) 3. lerroa: Negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuetarako laguntzak. Halakotzat hartuko dira elikagaien eta zuraren balio-kateko enpresen ekoizteko, eraldatzeko, banatzeko edo merkaturatzeko negozio-prozesuetara bideratutako oinarri teknologikoko berrikuntza-proiektuak. Laguntza-lerro honetako proiektuek berria den edo nabarmen hobetuta dagoen negozio-prozesu bat txertatzera bideratuta egon beharko dute, eta negozio-prozesu horren ezaugarriek edo aplikazioek lehendik zeudenen oso desberdinak izan beharko dute teknologiari dagokionez, dela teknologia berrien erabileraren ondoriozkoak direlako, dela lehendik existitzen zirenen konbinazio edo erabilera berriak direlako.

Proiektu horiek lagungarriak izan beharko dute enpresaren lehia-posizioa nabarmen hobetzeko, eta aldaketa edo hobekuntza txikiagoei heltzen dieten proiektuak eta aldaketa errepikakorrak kanpoan geratuko dira.

Ez dira kontuan hartuko berrikuntza bat ezartzeko helburu nagusia ez duten proiektuak, hala nola planak egitea edo azterlanak eta analisiak gauzatzea. Halaber, ez dira kontuan hartuko produktu edo zerbitzuetan berrikuntzak txertatzeko proiektuak edo digitalizazio-proiektuak, baldin eta enpresaren negozio-prozesuetan aldaketa edo hobekuntza nabarmenak eragiten ez badituzte, hala nola produktu informatikoen ezarpena.

d) 4. lerroa: EIP Agri elkarteko talde eragileek berrikuntza-proiektuak gauzatzeko laguntzak. NPEPEren 7161 esku-hartzea. Proiektu hauek nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektorearen produktibitatera eta jasangarritasunera bideratzen dira, eta fokua ekoizpen-katearen mailan jartzen dute, lehen sektorearen zein landaguneen trantsizio berde eta digitalerako aldaketaren palanka gisa.

Hain zuzen, nekazaritza eta landa-eremuak modernizatzean datza, ezagutza, berrikuntza eta digitalizazioa bultzatuta eta guztien eskura jarrita nekazaritza- eta landa-eremuetan, eta nekazariek baliabide horiek erabil ditzaten sustatuta, ikerkuntzarako sarbidea, berrikuntza, ezagutza trukea eta prestakuntza hobetuz.

e) 5. lerroa: Lankidetza-taldeek berrikuntza-proiektuak gauzatzeko laguntzak. NPEPEren 7162 esku-hartzea. Proiektuek nekazaritza, nekazaritzako elikagaiak eta landa-ingurunea modernizatzeko testuinguru-baldintzak sortzen lagundu behar dute eta, gutxienez, NPEren helburu hauetako bat betetzen:

1) Merkatuarekiko orientazioa hobetzea eta epe labur eta luzera nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna areagotzea, ikerketari, teknologiari eta digitalizazioari arreta handiagoa eskainiz, besteak beste.

2) Nekazariak balio-katean duen posizioa hobetzea.

3) Klima-aldaketara egokitzen eta hura arintzen laguntzea –besteak beste, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta karbono-atzematea hobetuz–, bai eta energia jasangarria sustatzea ere.

4) Garapen jasangarria eta baliabide naturalen (ura, lurzorua eta airea) kudeaketa efizientea sustatzea, bereziki mendekotasun kimikoa murriztearen bidez.

5) Biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzea, ekosistemen zerbitzuak indartzea eta habitat eta paisaiak kontserbatzea.

6) Enplegua, hazkundea eta genero-berdintasuna sustatzea –besteak beste, emakumeen parte-hartzea nekazaritzan–, baita landa-eremuetako gizarte-inklusioa eta tokiko garapena ere, hala nola bioekonomia zirkularra eta basogintza jasangarria.

7) Elikaduraren eta osasunaren arloko eskakizun sozialei Batasuneko nekazaritzak ematen dien erantzuna hobetzea –bereziki modu iraunkorrean ekoitzitako kalitate oneko elikagaiei, elikagai seguruei eta nutritiboei emandakoa– eta elikagai gutxiago xahutzea, bai eta animalien ongizatea hobetzea eta antimikrobianoekiko erresistentzien aurka borrokatzea ere.

8) Sektorea zeharka modernizatzea, nekazaritzan eta landa-eremuetan ezagutza, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuz eta partekatuz eta horien ezarpena sustatuz.

4. oinarria.– Laguntzen finantzaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik estatu-laguntza gisa datozen funtsekin bakarrik finantzatuko dira laguntzak.

2.– Aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, 2.700.000 euro erabiliko dira guztira, eta zenbateko hori, oso-osorik, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-orokorretatik aterako da. Zenbateko horretatik, 500.000 euro 2026ko ekitaldiko ordainketa-kredituei dagozkie, eta 2.200.000 euro, berriz, 2027ko ekitaldirako konpromiso-kredituei, eta honela banatuko dira:

a) 1.400.000 euro 1. lerroari dagozkio (elikagaien eta zuraren balio-kateari lotutako I+Gko proiektuetarako laguntzak): 150.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.250.000 euro 2027ko konpromiso-kredituari.

b) 350.000 euro 2. laguntza-lerroan (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuak); 50.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainerako 300.000 euroak, berriz, 2027ko konpromiso-kredituari.

c) Negozio-prozesuen berrikuntza-proiektuen lerroan (3. lerroa da), 300.000 euro erabiliko dira; horietatik 100.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 200.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari.

d) Talde eragileen berrikuntza-proiektuen lerroan (4. lerroa da), 350.000 euro erabiliko dira; horietatik 100.000 euro 2026. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 250.000 euro, 2027. urteko konpromiso-kredituari.

e) Lankidetza-taldeen berrikuntza-proiektuen lerroan (5. lerroa da), 300.000 euro erabiliko dira; horietatik 100.000 euro 2026. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 200.000 euro, 2027. urteko konpromiso-kredituari.

3.– Baldin eta, eskaerarik ez egoteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik, oinarri arautzaile honen 2. apartatuan adierazitako jardun-lerro baterako esleitutako zenbatekoa amaitzen ez bada, beste jardun-lerroei esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da. Lehentasun-ordena hau ezartzen da: 1. lerroa, 3. lerroa, 4. lerroa, 5. lerroa eta 2. lerroa.

4.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren programak gauzatzean agortu gabeko aurrekontu-baliabideak geratzen badira, oinarri arautzaile honetan jasotako zenbatekoak gehieneko zenbatekoaren % 30eraino gehitu ahal izango dira. Igoera laguntza-lerroen artean banatuko da, bakoitzak gehieneko zenbatekoarekiko duen proportzioaren arabera, lerro horiek aurrekontua handitzeko duten beharra kontuan izanda.

5.– Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak emango du gehieneko zenbatekoa handitzeko ebazpen hori, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da deialdia ebatzi baino lehenago. Argitalpenak, baina, ez du eragingo eskaera berriak aurkezteko epea hastea, ezta ebazteko beste epe bat hastea ere.

5. oinarria.– Onuradunak.

1.– Honako hauek izan daitezke onuradun 1.i, iii) eta iv) lerroetako laguntzetarako (azken horretan enpresa-elkarteak salbuetsita daude):

a) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:

i) Enpresa txiki eta ertaina, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako definizioaren arabera.

ii) Enpresa handia, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako ETEen definizioak barne hartzen ez duena.

b) Enpresa-elkarteak.

c) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Pertsona fisiko edo juridikoen taldeentzako laguntzak taldeko pertsona fisiko edo juridiko bati emango zaizkio. Hori ezertan eragotzi gabe, bertan parte hartzen duten entitate guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte oinarri hauetan ezarritako betekizunak eta baldintzak.

Hala eskaeretan nola laguntzak emateko ebazpenetan, berariaz adierazi behar dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, kide bakoitza onuradun gisa hartuko baita. Nolanahi ere, onuradun gisa taldeari dagozkion obligazioak betetzeko ahal nahikoa izango duen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko du taldeak. Taldea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideak preskribatzeko legez aurreikusitako epea igaro arte. Talde horiek III. eranskinean agertzen den erabakia bete beharko dute.

2.– Bestalde, 1.ii lerroan eta 2. lerroan ezarritako laguntzetan, onuradun izan daiteke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan xedatutakoaren arabera Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile gisa egiaztatutako edozein entitate.

3.– Hauek izan ahalko dira 3. lerroko laguntzen onuradun:

a) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:

i) Enpresa txiki eta ertaina, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako definizioaren arabera.

ii) Enpresa handia, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduko I. eranskineko 2. artikuluan jasotako ETEen definizioak barne hartzen ez duena.

Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 29. artikuluaren 2. puntuan jasotakoaren arabera, enpresa handientzako laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta laguntza jaso duen jardueran ETEekin benetan lankidetzan aritzen badira eta lankidetzan diharduten ETEek diruz lagundu daitezkeen kostu guztien % 30 gutxienez ordaintzen badituzte.

b) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Pertsona fisiko edo juridikoen taldeentzako laguntzak taldeko pertsona fisiko edo juridiko bati emango zaizkio. Hori ezertan eragotzi gabe, bertan parte hartzen duten entitate guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte oinarri hauetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Talde horiek III. eranskinean agertzen den erabakia bete beharko dute.

4.– Laugarren lerroari dagozkion laguntzen kasuan, laguntzen onuradun izan ahalko dira nekazaritzako elikagaien sektorea edo basogintzako sektorea modernizatzera bideratutako proiektu berritzaileak gauzatzeko sortutako talde eragilearen partaideak, pertsona fisiko nahiz juridikoak (administrazio publikoak barne).

5.– Bosgarren lerroari dagozkion laguntzen kasuan, berriz, laguntzen onuradun izan ahalko dira beren fokua nekazaritzako elikagaien sektorearen edo basogintzako sektorearen beharretan edo haien eta balio-katearekiko, ingurumenarekiko nahiz landa-inguruarekiko elkarrekintzetan duten proiektu berritzaileak gauzatzeko sortutako lankidetza-taldearen partaideak, pertsona fisiko nahiz juridikoak (administrazio publikoak barne).

6.– Laugarren eta bosgarren lerroetako talde eragileak eta lankidetzakoak nortasun juridikorik gabeko entitateak izan daitezke. Halakoetan, onuradun bat izendatu beharko dute taldearen ordezkari bakar gisa, taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko behar besteko ahalordeekin gaituta. Onuradun ordezkari hori izango da laguntzaren eskaera egingo duena eta laguntzaren funtsak jasoko dituena, eta hark banatu beharko ditu entitate bazkideen artean, dagokionaren arabera. Alderdi interesdunek lankidetza-hitzarmen edo -akordio bat sinatu beharko dute, eta ezarri beharreko proiektuaren memoria teknikoa eta finantzarioa egingo dute. Memoria horren edukia VII. eranskinean jasota dago.

7.– Laugarren eta bosgarren lerroetako laguntzak eskuratzeko, talde eragileek eta lankidetza-taldeek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Nortasun fisiko edo juridiko bereizia duten eta elkarren arteko harreman organiko edo funtzionalik ez duten hiru pertsona fisiko edo juridiko onuradunek, gutxienez, osatuko dituzte.

b) Dinamizatzailearen figura izan beharko dute ezinbestean, deialdi honen 2. oinarrian jasotako definizioaren arabera. Dinamizatzaile hori zerbitzuak emateko kontratatu ahal izango da. Edo, bestela, eginkizun hori onuradunetako bati egokitu ahal izango zaio, baldin eta bazkide horrek proiektuan dinamizazio-agentea izateaz gain bestelako eginkizun osagarriak baditu.

c) Ordezkari den pertsona fisiko edo juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko du egoitza soziala.

d) Berrikuntza-proiektuaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.

e) EIP Agri-ren talde eragileen kasuan, nahitaezkoa izango da nekazaritzako elikagaien edo zuraren balio-kateko lehen sektore produktiboko (nekazaritza, abeltzaintza, basogintza) ordezkari batek (gutxienez) onuradun gisa parte hartzea.

8.– Ez da babestuko ikerketa-organismoek soilik parte hartzen duten taldeen (talde eragilea eta lankidetza-taldea) lankidetza.

6. oinarria.– Onuradun izateko betebehar orokorrak.

Oinarri hauetan deitutako edozein laguntza-lerroren onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean legez eratuta eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egon behar dute. Era berean, zuzenbidearen arabera ahalorde askietsiak dituen lege-ordezkari bat izan beharko dute.

b) Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde bat bada, agindu honen III. eranskin gisa erantsitako egikaritze-akordioa bete beharko du eskaeran, taldekide guztiek sinatuta, bai eta ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonak ere. Taldeko pertsona juridikoek legez eratuta eta dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta egon beharko dute eskaerak aurkezteko egunean.

c) Diruz lagundu daitezkeen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiteko izan beharko dira.

d) Dirulaguntzaren onuraduna, izan pertsona juridikoa, izan pertsona fisikoa, ezingo da izan krisian dagoen enpresa, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan 2.18 artikuluan ezarritako definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarriak direla ezartzen da, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Eskakizun hori nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldekideei aplikatuko zaie, horiek eskatzen dutenean dirulaguntza.

e) Entitate eskatzaileak eskaeran jakinarazi beharko du ea laguntza hauen helburu bererako bestelako diru-sarrera, laguntza edo dirulaguntzarik eskatu dien ente publiko edo pribatuei, eta ea horien aldetik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabide ekonomikoak jaso dituen. Hala badagokio, entitateak eskaera-inprimakiko dagokion atalean zehaztuko ditu emailea, eskatutako zenbatekoa eta emandako zenbatekoa, eta benetan emandako diru-sarrerak kontuan hartuta egin beharko du aurrekontua.

f) Laugarren eta bosgarren lerroetan, diruz lagundu daitezkeen gastuak ezingo dira izan 2026ko urtarrilaren 1ekoak baino lehenagokoak. Salbuespen dira ekipo- eta azpiegitura-ondasunen amortizazio-kostuak.

g) Eskatutako dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak bete beharko ditu, eta hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da, horixe jasotzen baita VIII. eranskinean.

h) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu ez izana, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera.

i) Ez egotea berreskuratze-agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

7. oinarria.– Onuradun izateko debekuak.

1.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13,1. artikuluan adierazietako egoeretako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla-eta zigorra jaso dutenak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Kausaren batean errudun deklaratuak izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin dutenak.

d) Lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargu direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituztenak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak.

g) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako lanpostuen erreserba-kuota bete ez dutenak, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

2.– Ezingo dira onuradun izan pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak, baldin eta taldekideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.

3.– Halaber, ez zaie dirulaguntzarik emango Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan adierazitako debekuren bat jaso duten entitateei, ez eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteei ere, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz eta ebazpen judizial irmorik ematen ez den bitartean.

4.– Debeku horietako ezein ez dagokiola egiaztatzeko, 1. apartatuko e) letran eta 4. apartatuan ezarritakoa izan ezik, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena egingo du, eskaera-inprimakian dagoen ereduaren arabera. Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde bat denean, taldekide guztiek banan-banan sinatu beharko dute eranskin horretan jasotako adierazpena.

5.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi errekeritu ahal izango du aurkeztu dakizkiola erantzukizunpeko adierazpenean jasotako eskakizunak betetzearen egiaztagiriak. Halaber, entitate onuradunak eman zaion laguntza edo dirulaguntza osoa justifikatu arte gerta litekeen edozein aldaketaren berri eman behar du.

6.– Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, administratibo edo zibilak.

8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta laguntzen intentsitatea.

1.– Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 25. artikuluan eta Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 Erregelamenduaren (EB) 38. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek izango dira 1. eta 2. lerroetan aintzat hartutako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak, 6. apartatuan 1. lerrorako xedatutakoa ahaztu gabe:

a) Langile-gastuak: ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak, proiektuan aritzen diren neurrian. Gastu horiek kostu hautagarrien % 60 izango dira gehienez.

b) Tresna eta materialen kostuak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian. Tresnak ez badira soil-soilik ikerketarako erabiltzen beren erabilera-epe guztian, proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Gastu horiek tresnen eta materialen erosketa- eta alokairu-gastuak barne hartzen dituzte, eta kostu hautagarrien % 80 izango dira gehienez.

c) Eraikinen kostuak, lursailenak salbu, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian. Eraikinen kasuan, proiektuaren iraunaldiko amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Kostu hautagarrien % 60 izango dira gehienez.

d) Kontratu-ikerketaren eta kanpoko iturrietatik erabateko lehia-egoeran lizentzia bidez lortutako ezagutza eta patenteen kostuak, bai eta proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostuak ere.

e) Komunikazio- eta dibulgazio-jardueren kostuak. Kostu hautagarrien % 5 izango dira gehienez.

f) Proiektua prestatzeko kostuak. Kostu hautagarrien % 5 izango dira gehienez.

g) Gastu orokorrak, barne direla eraikinen alokairua, bidaia- eta mantenu-gastuak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, materialen, horniduren eta antzeko produktuen kostuak barne, zuzenean jardueratik eratorriak badira (kostu hautagarrien % 10 izan ahalko dira).

a), b), c) eta g) letretan aipatutako kostuen kasuan, egindako jarduera justifikatzeko memorian labur-labur azaldu beharko dira kostu horiek proiektuari egozteko irizpideak, hargatik eragotzi gabe proiektua egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztea.

Gastu-kontzeptuen ehuneko mugatzaileak eskaera egiten den unean zein justifikatzeko unean aplikatuko dira.

2.– Lehen lerroan lehiatzen diren proiektuen kasuan, onuradun bakoitzarentzako laguntzaren intentsitateak muga hauek izango ditu:

a) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100, oinarrizko ikerketarako;

b) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50, industria-ikerketarako;

c) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25, garapen esperimentalerako;

d) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50, bideragarritasun-azterlanetarako.

3.– Industria-ikerketa eta garapen esperimentalerako laguntzak diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80raino ere handitu ahal izango dira, betiere honen arabera:

a) Ehuneko 10 enpresa ertainentzat eta ehuneko 20 enpresa txikientzat.

b) Ehuneko 15, baldintza hauetako bat betez gero:

i) Benetan elkarlaneko proiektua izatea: enpresen artekoa (bat bederen ETEa izanik), edo enpresa baten eta ikerketa-organismo edo ezagutzak hedatzeko organismo baten edo batzuen artekoa, organismo horiek gutxienez diruz lagundu daitezkeen kostuen % 10 beren gain hartuta, eta beren ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea edukita.

ii) Proiektuaren emaitzak asko zabaltzea konferentzien, argitalpenen, sarbide libreko baseen edo doako nahiz kode irekiko programa informatikoen bidez.

4.– Bideragarritasun-azterketetarako laguntzaren intentsitateak ehuneko 10 handitu ahal izango dira enpresa ertainen kasuan, eta ehuneko 20 enpresa txikien kasuan.

5.– Bigarren lerroko proiektuetan, laguntzaren intentsitatea diruz lagundu daitezkeen kostuen % 100era mugatuko da.

6.– Hauek izango dira hirugarren lerroko laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak:

a) Langile-gastuak: ikertzaileak, teknikariak eta gainerako laguntzaileak, proiektuan aritzen diren neurrian. Gastu horiek kostu hautagarrien % 60 izango dira gehienez.

b) Tresna eta materialen kostuak, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian. Tresnak ez badira soil-soilik ikerketarako erabiltzen beren erabilera-epe guztian, proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Gastu horiek tresnen eta materialen erosketa- eta alokairu-gastuak barne hartzen dituzte, eta kostu hautagarrien % 80 izango dira gehienez.

c) Eraikinen kostuak, lursailenak salbu, proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian. Eraikinen kasuan, proiektuaren iraunaldiko amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Kostu hautagarrien % 60 izango dira gehienez.

d) Kontratu-ikerketaren eta kanpoko iturrietatik erabateko lehia-egoeran lizentzia bidez lortutako ezagutza eta patenteen kostuak, bai eta proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen kostuak ere.

e) Gastu orokorrak, barne direla eraikinen alokairua, bidaiak eta dietak eta bestelako ustiapen-gastu gehigarri batzuk, material-kostuak, hornidurak eta antzeko produktuak barne, baldin eta proiektutik zuzenean eratortzen badira (gastu horiek kostu hautagarrien % 10 izan daitezke).

7.– Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 29.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, 3. lerroan lehiatzen diren proiektuetarako laguntzaren intentsitatea diruz lagundu daitezkeen kostuen % 15ekoa izango da gehienez enpresa handien kasuan, eta diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50ekoa gehienez enpresa txiki eta ertainen kasuan.

8.– Aurrekoaz gain, 1.ii) lerroko proiektuetan, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira Elikadura Osasungarriaren RIS3 eremuari, «Baserritik mahaira» estrategiari eta Sailburuordetzak I+G-arloan abiarazitako planei lotutako proiektuei lotutakoak soilik; alegia, proiektu hauei loturiko gastuak:

a) Elikadura osasungarria eta dieta pertsonalizatua:

1) Osagaien funtzionaltasun biologikoa eta metabolikoa, eta horiek arrisku-faktoreetan duten eragina (hipertentsioa, hipogluzemia, etab.).

2) Osagai osasungarrien iturri berriak, baita osasunean eragina duten kapsularatze-teknologiak ere.

3) Teknologia berriak, elikagaiak modu osasungarriagoan eraldatzeko eta elikagaiek propietate naturalak kontserbatzeko.

4) Existitzen diren produktuak birformulatzea, osasunaren prebentzioaren ikuspegitik funtzionaltasun handiagoa izan dezaten.

b) Elikagaiak ekoizteko sistema berriak:

1) Ekoizpen-sistema berriak: ekoizpen integratua, ekologikoa, nekazaritza adimenduna, itsas zabaleko akuikultura, etab.

2) Efizientzia hobetzeko teknologia berritzaileak sartzea: prozesuen jarraipen eta kontrolerako IKTak, prozesuen automatizazioa, 4.0 fabrikazio aurreratua eta abar.

3) Ekoizpen-sistema efiziente, produktibo eta erresilienteagoak, kanpo-sargaiekiko mendekotasuna txikiagotzen eta emisioak murrizten dituztenak eta klima-aldaketaren agertokietara hobeto egokitzen direnak.

c) Garapen gastronomiko berriak bereziki sentikorrak diren biztanleentzat:

1) Teknologia berriak, azukre, koipe eta gatz gutxiko edo halakorik gabeko kontsumo-produktuak sortzeko, eta garapen kognitiboa indartuko duten osagaiak gehitzeko.

2) Estaldura berriak eta sukaldaritzako teknika osasungarriak aplikatzea, kalitate organoleptikoa hobetzeko gai direnak; bereziki, portaera optimorako oliotan frijitu beharrik ez duten edo koipe-xurgapena nabarmen murriztea dakarten estaldurak formulatzea.

3) Ehundura egokitu eta mastekaerrazak dituzten elikagai berriak garatzea, adineko pertsonen berariazko nutrizio-eskakizunetara egokituta egongo direnak.

d) Elikagai seguru eta kalitatezkoak:

1) Mikroorganismoak, beste patogeno batzuk, alergenoak eta kutsatzaile kimikoak eta fisikoak bizkor eta garaiz detektatzeko metodo ez-suntsitzaileak garatzea.

2) Mikrobio-portaera muturreko egoeretan eta mikrobiologia prebentiboa.

3) Ontziratze-sistema eta elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko teknologia berriak, elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko.

4) Arrisku emergenteak identifikatu eta analizatzea eta elikagaiekiko alergian inplikatutako molekulak identifikatzea.

5) Kaltegabetasuna ziurtatzea (kutsadura, toxikotasuna, elikagai-osagaien segurtasuna, etab.).

6) Elikagaiak autentifikatzeko eta trazatzeko eta IKTak prozesuetan integratzeko metodoak.

7) Kalitate sentsorial handiko produktu edo osagai berriak formulatzea eta garatzea, kontsumitzaileari jakia berriz eratzeko edo errezeta gauzatzeko aukera emateko, kozinatzeko denbora laburtuta eta hondakin gutxiago sortuta, garbitasuna eta aplikazio- edo erabilera-aukerak maximizatzeaz gain.

8) Prozesatzeko eta ontziratzeko teknologiak, baldin formatu eta anoa egokiak fabrikatzea ahalbidetzen badute, elikagaien segurtasuna optimizatuz.

9) Kontserbazio-teknologiak, kontsumitzailearentzat bizitza erabilgarri egokia lortzeko, elikagaiaren propietate organoleptiko guztiak mantenduta betiere.

10) Produktu, teknologia eta ontzi berriak, jakiak etxean prestatzeko eta kontsumitzeko garaian jaki-galera minimizatzeko eta hondakin gutxiago sortzeko.

9.– Lehen, bigarren eta hirugarren lerroetan, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikietarako ezartzen diren kopuruak gainditzen dituenean, entitate onuradunak hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, salbu eta, zerbitzu edo ondasun horren ezaugarri bereziengatik, merkatuan horrelakorik egiten, ematen edo hornitzen duen behar beste entitate ez dagoenean.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (eskaeran aurkeztuko dituzte eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean. Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, egoki arrazoitua, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

Gastuak oinarri honen 1. apartatuan zehaztutako zenbatekoak baino handiagoak badira, eta 2026ko urtarrilaren 1etik deialdi hau argitaratzen den egunera bitartean egin badira, gastu horiek onartu ahal izango dira, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza aurkeztu ezin direnean ere. Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, eta dirulaguntzei buruzko legerian ezarritako efizientzia-printzipioa ere kontuan hartzen denez gastu horiek finantzatzeko, beharrezkoa izango da, gastu horiek dirulaguntza emateko ebazpenean onartzearen ondorioetarako, eskatzaileak behar bezala arrazoitzea alderdi hauek:

– Egindako gastua dirulaguntzen helburuetara egokitzen dela.

– Izandako kostua merkatuko prezioetara egokitzen dela.

10.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak 4. eta 5. lerroetako laguntzetarako, kategorien arabera multzokatuta:

a) Proiektuari atxikitako langileen kostuak, proiektuan diharduten neurrian. Langileen kostuak ez dira proiektuaren kostu hautagarri guztien % 60 baino handiagoak izango, eta, ekoizleen kasuan, kostua orduko 19,96 euroan kalkulatu da, erreferentzia gisa, 2026rako finkatutako erreferentziazko errentaren arabera. Onuradun batek dinamizatzailearen eginkizunak egiten baditu, horretan diharduten barneko langileen gastuak ezin izango dira proiektuaren gastu hautagarri guztien % 6 baino handiagoak izan.

b) Zeharkako kostuak: justifikatu ezin diren kostu orokorrak (adibidez, alokairua, ura, argia, etab.), pertsonalaren zuzeneko kostu hautagarrien % 15eraino. Onartutako zeharkako kostuen zenbatekoa honenbesteko prezioan zehaztuko da, fakturarik aurkeztu beharrik gabe. Justifikazioan, diruz lagundu daitezkeen langile-gastuen benetako kostuaren % 15era egokituko da.

c) Zerbitzuak ematea: partzuergoko kide ez den pertsona edo entitate baten kanpo-zerbitzuak. Hor sartzen dira, besteak beste, aholkularitzako gastuak, azterketak, komunikazioa eta prestakuntza, edo berrikuntzarako lankidetza dinamizatzeko agentearen balizko kontratazioa. Zerbitzuak emateari lotutako gastuek ez dute gaindituko proiektuaren kostu hautagarrien guztizkoaren % 60. Dinamizazio-agente bat kontratatzeagatiko gastuek ezin izango dute proiektuaren gastu hautagarrien guztizkoaren % 6 gainditu.

d) Ekipo-, azpiegitura- eta prototipo-ondasunak. Ekipo- eta azpiegitura-ondasunen kasuan, proiektu berritzaileak irauten duen artean egiten diren alokairu- edo amortizazio-gastuak hauta daitezke. Eta ezingo dute gainditu proiektuaren gastu hautagarri guztien % 30. Prototipoak % 100ean lagundu ahal izango dira diruz.

e) Material suntsikorra.

f) Joan-etorriak eta mantenua.

g) Beste gastu batzuk, hala nola jabetza intelektualaren edo industrialaren inskripzioa, kanpo-auditoretza, itzulpenak, inskripzioak, ekitaldien antolaketa, etab. Kanpo-auditoretzako gastuak diruz lagundu ahal izango dira, gehienez ere 2.000 euroan proiektu bakoitzeko.

11.– Laugarren eta bosgarren lerroetarako, diruz lagundu daitekeen gasturen baten zenbatekoa 5.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta, dituen ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar adina entitate ez badago edo gastua dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurretik egin eta ordaindu bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (eskaeran aurkeztuko dituzte eskaintzok) efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean. Era berean, ondasuna edo zerbitzua salbuespenezkoa bada edo merkatuan emaile edo hornitzaile aski ez bada, justifikazio-memoria bat aurkeztu beharko da, hiru eskaintza aurkezteko ezintasunari buruz.

Ekipo- eta azpiegitura-ondasunen kasuan, amortizazio-gastua lagungarritzat hartuko da, eta ez da beharrezkoa izango hiru eskaintza aurkeztea, baldin eta dirulaguntza eskatu baino lehenago egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.

a) Diruz lagundu daitezkeen eta 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean egiten diren gastu guztiak aukeratu ahal izango dira urteko proiektuen kasuan, eta 2027ko abenduaren 31ra bitartean egiten direnak urte anitzekoen kasuan, betiere laguntza-eskaera aurkeztu aurretik ez bada lankidetza-proiektua guztiz gauzatu.

b) Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 400.000 euro izango da proiektuko. Dena den, gehieneko zenbateko hori Europako Batzordeak Espainiako 2023-2027 NPEren Plan Estrategikoaren aldaketak onartzearen baldintzapean geratuko da. Aldaketa horien artean dago, besteak beste, mikroenpresentzako laguntzaren ehunekoaren igoera. Bestela, proiektu bakoitzeko, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 200.000 eurokoa izango da.

c) Gastu-kontzeptuen ehuneko mugatzaileak eskaera egiten den unean zein justifikatzeko unean aplikatuko dira.

12.– Laugarren eta bosgarren lerroetan izan ezik, ez dira finantzatuko laguntza-eskaera aurkeztu aurretik hasitako proiektuak.

13.– Gehienez ere diruz lagundu daitekeen kostuaren % 80koa izango da laguntzaren zenbatekoa.

14.– Proiektu bakoitzari gehienez ere 100 puntu eman ahal izango zaizkio, eta hautaketa-irizpide bakoitzari 14. oinarrian ezarritako haztapena aplikatuko zaio. Laguntza lortzeko, 53 puntu izan behar dira gutxienez.

14. oinarrian xedatutakoa aplikatuz proiektu bakoitzerako lortutako balorazioen arabera, hau izango da laguntzaren intentsitatea:

a) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80 emango zaie 80-100 puntu (biak barne) lortzen dituzten proiektuei.

b) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 emango zaie 66-79 puntu (biak barne) lortzen dituzten proiektuei.

c) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 60 emango zaie 53-65 puntu (biak barne) lortzen dituzten proiektuei.

9. oinarria.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariari bidali beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 artikuluan xedatutakoaren arabera:

a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ditzakete eskaerak. Pertsona fisikoak noiznahi aldatu ahalko du aukeratutako bitartekoa.

i) Modu presentziala: eskaerak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan aurkeztu daitezke (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.

Laguntza-eskaeren ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen I., IV. eta VI. eranskin gisa argitaratu da, eskatutako laguntzaren arabera, eta interesdunak sinatu egin beharko du.

ii) Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira eskaerak:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0110311

b) Pertsona juridikoek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritako gainerako subjektuek –tartean direla nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak– bitarteko elektronikoen bidez formalizatuko dute eskaera.

Eskaerak betetzeko, eredu normalizatuari jarraituko zaio, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri baitago:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0110311

3.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta dagoen subjektua bada, edo pertsona fisikoak aukeratzen badu dokumentazioa bitarteko horien bidez aurkeztea, ondorengo izapideak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan sartuko da, «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Eskaera ordezkari baten bitartez egiten bada, ordezkaritza egiaztatu beharko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren ordezkarien erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https://www.euskadi.eus/ordezkariak Ordezkaritza ez badago erregistro horretan inskribatuta, borondatezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua betez (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) edo zuzenbidean onartutako beste edozein modutara egiaztatu beharko da ordezkaritza.

Eskaera nortasun juridikorik gabeko talde batek egiten badu, III. eranskinean ezarritako gauzatze-konpromisoa aurkeztu beharko da, taldea osatzen duen entitatearen izendapena egiaztatzeko. Entitate horrek egingo du eskaera eta jasoko ditu dirulaguntzen funtsak, eta izendatutako entitate horren lege-ordezkariak egin beharko du eskaera.

6.– Laugarren eta bosgarren lerroetarako, eskaera bakarra onartuko da interesdun bakoitzeko. Gehiago aurkeztuz gero, lehenengoa baino ez da aurkeztutzat joko, erregistroko sarrera-ordenaren arabera. 1., 2. eta 3. lerroetarako, interesdun bakoitzeko bi eskaera onartuko dira guztira.

Halaber, pertsona edo entitate baten esku dago lerro batean parte hartzea eta, aldi berean, kide laguntzaile gisa agertu ahal izatea nortasun juridikorik gabeko talde batek edo ondasun-erkidego batek aurkeztutako proiektu batean, lerro berean edo beste batean, baina ezingo du talde horren buru izan. Talde edo ondasun-erkidego bakoitzak eskaera bakarra formalizatu ahal izango du lerro bakoitzeko.

10. oinarria.– Lehen, bigarren eta hirugarren lerroetarako eskaeretan aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskaerarekin batera, elektronikoki edo modu presentzialean –paperean– bete beharreko agiri hauek aurkeztu beharko dira, aurkezteko moduaren arabera:

a) Eskatutako laguntzari dagokion inprimakia, interesdunak edo ahalorde nahikoa duen pertsonak izenpetua. Nortasunik gabeko taldeen kasuan, dirulaguntza jasotzeko izendatutako entitate kidearen izenean jarduteko ahalmen nahikoa duenak sinatuko du eskaera-inprimakia.

b) Proiektua deskribatzen duen memoria, II., V. eta VII. eranskinaren edukiaren arabera egina (eskatutako laguntzaren arabera), gehienez 30 orrialdekoa, hauek jasotzen dituena:

1) Proposamenaren deskribapen teknikoa, hauek barne: gaiaren egungo egoera eta proiektuak horri erantsitako balioa; helburu orokorrak eta espezifikoak; EAEko ZTBP 2030ekin eta elikagaien eta zuraren balio-katearen sektore-politikekin bat etortzea; espero diren emaitzak; entregagaiak; gauzatze- eta emaitza-adierazleak; zeregin multzoen eta jardueren deskribapena, eta kronograma.

2) Aurkezten den entitatea nortasun juridikorik gabeko taldea bada, lankidetzaren balio erantsia adierazi behar da, bai eta entitate bakoitzak proiektuan duen rola ere.

3) Laguntza-lerroaren arabera, proiektuaren emaitzek elikagaien eta zuraren balio-katean duten eragina deskribatzen duten apartatu espezifikoak sartu beharko dira, hauei dagokienez: enpresa-berrikuntza, ezagutza berria sortzea, lanbide-gaikuntza, ezagutza-trukea edo emaitzak merkatuan aplikatzea.

4) Ekonomian, gizartean eta ingurumenean izango duen eragin positiboaren edo eragin negatiborik ezaren deskribapena.

c) Proiektuaren aurrekontua, II., V. eta VII. eranskinetan jasotako ereduaren arabera egina.

d) Eskaera-inprimakian agertzen den erantzukizunpeko adierazpena, pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak sinatua. Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaera bada, erantzukizunpeko adierazpen bat sartuko da taldekide bakoitzeko.

e) Eskatzailearen IFZaren kopia. Eskaera nortasun juridikorik gabeko talde batek edo ondasun-erkidego batek egiten badu, aurkeztutako gauzatze-konpromisoaren arabera dirulaguntza jasoko duen pertsona fisiko edo juridikoa, taldeko edo erkidegoko kidea, egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

f) Pertsona juridikoen kasuan, haien nortasun juridikoa eta helburua egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia:

1) Kapital Sozietateen Legeak araututako pertsona juridikoa izanez gero, Merkataritza Erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiriaren kopia eta estatutuen kopia.

2) Elkarte-izaerako entitatea izanez gero, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion elkarteen erregistroko inskripzio-ziurtagiria.

3) Beste araudi baten mendeko pertsona juridikoak izanez gero, entitate eskatzailearen nortasun juridikoa eta helburua egiaztatzen dituen dokumentua, berariazko legeria arautzailearen arabera.

Eskatzailea nortasun juridikorik gabeko entitateen talde bat edo ondasun-erkidego bat bada, taldeko edo erkidegoko kide bakoitzak nortasun juridikoa eta helburua egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

g) Hala dagokionean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragilea izatearen ziurtagiria (ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren bidez arautzen da sare hori).

h) Merkataritza Erregistroan gordailututako azken ekitaldiko urteko kontuak, edo kontu ikuskatuak, halakorik edukiz gero edo horretara behartuta egonez gero.

i) Horrez gain, enpresa txiki eta ertainek (ETE) beren izaera egiaztatu beharko dute, jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztuta. Bi kasuetan, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, dokumentazioak jasotzen duen egoera aldatu ez dela adieraziz.

1) Pertsona fisikoa bada: eskaera aurkeztu aurreko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren kopia, jarduera ekonomikoetan alta emanda egotearen 036 ereduarekin batera.

2) Pertsona juridikoa bada: eskaera aurkeztu aurreko ekitaldiko sozietateen gaineko zergaren azken aitorpenaren kopia.

j) DLOren 13.3 bis artikuluan xedatutakoaren arabera, entitate eskatzaileak egiaztatu behar du ez duela ordainketa-epeak ez betetzearen ondoriozko debekurik, eta VIII. eranskinean ezarritako eredua beteko du eta bertan adierazitako dokumentazioa aurkeztuko du.

k) Eskatzailea 50 langiletik gorako enpresa bat bada, Politika eta Industria Zuzendaritzak ofizioz begiratuko du ea entitateak berdintasun-plana erregistratuta duen RECONG aplikazioan (hitzarmen kolektiboen, lan-akordio kolektiboen eta berdintasun-planen erregistroa eta gordailua).

l) Eskatzailea 50 langiletik gorako plantilla duen enpresa bat bada, egiaztatu beharko du plazen % 2 erreserbatuta dituela % 33tik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat, edo ordezko neurriak abian jarri dituela.

2.– Aurrekontuan, 8. oinarrian aurreikusitako kostu hautagarriak eta mugak adieraziko dira, parte hartzen den finantzaketa-lerroaren arabera. Era berean, proiektuaren kostu globalak jasotzen dituen taula bat egingo da. Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena ere adieraziko da. Langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.

3.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaeretan, aurreko apartatuan adierazitako moduan egindako taldearen aurrekontuaz gain, informazio hau jasoko da kide bakoitzeko:

a) Kide horrek gauzatuko duen proiektu zatiaren kostuak jasotzen dituen taula bat, kostu hautagarriak eta 8. oinarrian ezarritako mugak kontuan hartuta.

b) Kide horrek gauzatuko duen jardueraren kostu orokorren taula bat.

c) Proiektuaren esparruan aurreikusitako gastu bakoitzaren deskribapena.

d) Era berean, langile-kostuetan, parte-hartzaile bakoitzeko aurreikusitako orduko kostua eta dedikazio-orduen kopurua zehaztu beharko dira.

4.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, bai eta identitatea ere. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, eskatzen zaion dokumentazioa aurkeztu beharko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Entitate eskatzailea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko kide dela ofizioz egiaztatuko da, eskatzaileek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe.

5.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 2. apartatuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean, eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta noiz aurkeztu diren agiriok, eta Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

6.– Laguntza-eskaera eta eskatzen den dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

7.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 20.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio inguruabar hori zuzendu dezala hamar eguneko epe luzaezinean; hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpena jaso ondoren.

8.– Edonola ere, dirulaguntza kudeatzen duen organoak beharrezko iritzitako bestelako dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko.

11. oinarria.– Laugarren eta bosgarren lerroetan eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Laguntza-eskaeraren edukiaren oinarrizko edukia oinarri hauen VI. eranskinean eman da argitara, zeinak barne hartzen baitu erantzukizunpeko adierazpena. Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen talde batek aurkeztutako eskaera bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da taldekide bakoitzeko.

2.– Laguntza eskatu duen talde eragilea edo lankidetza-taldea osatzen duten pertsona fisiko edo juridiko bakoitzeko dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Pertsona juridikoek, entitatea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan inskribatu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, non eskatzaileak adieraziko baitu oinarri hauetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla, 7. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela.

c) Entitate eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

3.– Gainera, nahitaezkoa izango da talde eragileari edo lankidetza-taldeari buruzko dokumentazio espezifiko hau aurkeztea:

a) Proiektuaren jarduerak berriak eta berritzaileak direla adierazten duen taldea ordezkatzen duen pertsonaren eta entitatearen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Proiektuaren emaitzak zabaltzeko betebeharra betetzeko konpromisoa hartzen duen taldea ordezkatzen duen pertsonaren eta entitatearen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Onuradun eta partzuergoko kide guztiek sinatutako lankidetza-akordioa. Bertan, honako konpromiso hauek hartuko dituzte:

1) Proiektuan egitea egokitu zaion zatia modu proaktiboan eta elkarlanean gauzatzea taldearen barruan.

2) Laguntza osatzeko behar diren giza baliabideak eta finantza-baliabideak izatea.

3) Taldearen ordezkariari edo ahaldunari proiektua ondo doala bermatzeko behar diren datuak ematea.

4.– Adierazitako dokumentazio administratiboaz gain, talde eragile edo lankidetza-talde bakoitzak memoria tekniko eta finantzario bat aurkeztu beharko du (VII. eranskina), non ezarri nahi den proiektua deskribatu beharko baita. Memoria horrek, gehienez, 30 orrialde izango ditu, eta informazio hau jasoko du:

a) Proiektua garatzeko lankidetzak duen asmoaren deskribapena, bai eta bazkideek helburuak lortzeko duten egokitasunarena eta proposamenaren izaera berritzailearena ere.

b) Proiektuaren definizio teknikoa:

1) Erantzuna eman nahi zaion premia: hasierako egoera, proposatutako konponbidea eta proiektuan nola heltzen zaion.

2) Proiektuaren helburuak.

3) NPEren helburuekin eta Europako eta EAEko sektore- eta lurralde-politikekin bat etortzea.

4) Lan-plangintza: lan-paketeak, ekintzak edo zereginak, hasiera- eta amaiera-datak, lantaldea, kronograma, mugarriak, entregatzekoak, etab.

5) Espero diren emaitzak eta haiek balia ditzaketen azken erabiltzaileentzat duten garrantzia.

6) Proiektuaren gauzatze- eta emaitza-adierazleak.

7) Proiektuak lehen sektorean duen eragina, nekazaritzaren jasangarritasunari dagokionez (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa).

8) Komunikazio- eta hedapen-plana.

9) Emaitzak ustiatzeko plana (business plan).

c) Talde eragilearen edo lankidetza-taldearen osaera eta funtzionamendua:

1) Onuradun bakoitzaren eta erantzun nahi zaion premiaren arteko harremana.

2) Proiektuaren helburuak eta espero diren emaitzak lortze aldera, partzuergoko kide bakoitzaren garrantzia eta ekarpena.

3) Emandako ezagutzen osagarritasuna.

4) Lantaldea: proiektuan parte hartuko duten pertsonen curriculum-oharra edo nekazaritza-sektorean izan duten esperientzia, haien ekarpenari eta garatu beharreko zereginekin lotuta.

5) Partzuergoaren gobernantza, dinamizazio-agentearen funtzioak barne hartuta.

d) Proiektuaren aurrekontu-definizioa:

1) Aurrekontu osoa, talde eragilearen edo lankidetza-taldearen onuradunaren arabera banakatuta, eta urtearen arabera, urte anitzeko proiektuen kasuan.

2) Aurrekontu osoa, talde eragilearen edo lankidetza-taldearen onuradunaren eta gastu-kategorien arabera banakatuta.

3) Talde eragile edo lankidetza-talde onuradun bakoitzaren aurrekontua, gastu-kategorien eta zeregin-taldearen arabera. Dinamizazio-agentearen kostuak (barneko langileak edo zerbitzuak ematea, kasuaren arabera) aparteko lerro batean zehaztuko dira, proiektuaren beste zeregin bat bezala.

4) Talde eragilearen edo lankidetza-taldearen onuradun bakoitzarentzat, proiektuari atxikitako barneko langileen gastuen banakapena, pertsonako orduko kostua eta proiektuko zeregin bakoitzari eta guztira eskainitako ordu kopurua adieraziz, zinpeko adierazpen baten bidez.

5) Gastu-lerro bakoitza justifikatzen duen azalpen bat sartu beharko da.

6) Lehen lerroko talde eragileen kasuan, eta Europako Batzordeari behar bezala jakinarazteko (2022/1475 Betearazpen Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera), common format dokumentua aurkeztu beharko da, zeina webgune honetan eskuratu ahal izango baita: https://www.euskadi.eus/euskadiko-npb-2023-2027-aren-dokumentazioa/web01-a2pac/eu/

5.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu IFZa eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela ziurtatzen duten agiriak. Hori guztia eskatzaileek edo onuradunek horretarako baimen espliziturik eman beharrik gabe, salbu eta berariaz aurka daudela adierazten bada; kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako dokumentua aurkeztu beharko du, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikulua aplikatuz.

6.– Hala badagokio, automatikoki egiaztatuko du 50 langile baino gehiagoko enpresek erregistratutako berdintasun-plan bat dutela eta nekazaritza-elkarte eta -antolakundeek beren erabaki-organoetan ordezkaritza paritarioa errespetatzen dutela. Gainera, pertsona edo entitate eskatzailearen edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla.

7.– Oinarri honetako dokumentazioari aurreko oinarriko 5., 6., 7. eta 8. apartatuetan xedatutakoa aplikatuko zaio.

12. oinarria.– Diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin kontratatzea.

1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze partziala hirugarrenekin kontratatu ahalko du onuradunak, baldin eta horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioak ezingo ditu honako muga hauek gainditu:

• Diruz lagundutako jardueraren % 75, gehienez, 1.i lerroko laguntzetarako (elikagaien eta zuraren balio-katearen enpresetako I+Gko proiektuei dagozkienak).

• Diruz lagundutako jardueraren % 50, gehienez, 1.ii lerroko laguntzetarako (elikagaien eta zuraren balio-katerako ezagutza sortzeko proiektuei dagozkienak) eta 2. lerroko laguntzetarako (nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako ezagutza espezifikoa sortzeko eta zabaltzeko proiektuei dagozkienak).

• Diruz lagundutako jardueraren % 50, gehienez, 3. lerroko laguntzetarako (negozio-prozesuetako berrikuntza-proiektuei dagozkienak).

4. eta 5. lerroetan, proiektua gauzatzeko azpikontratuak ezin izango du guztizko aurrekontuaren % 60 gainditu.

2.– Baldin eta hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntza baino % 20 handiagoa bada, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskaera aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskaera laguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da. Baimena ematea edo ukatzea berariaz ezarriko da dirulaguntza emateko ebazpenean; baimena baiesteko edo ukatzeko ebazpena emango da. Nolanahi ere, berariazko erabakirik ez hartzeak baimena ukatzea dakar.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. apartatuko betekizunak betetzea saihesteko.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunari dagokio diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da zaintzea oinarri hauetan ezarritako mugak errespetatzen direla diruz lagundu daitekeen jarduera itundua gauzatzean, diruz lagundutako gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta kontratistek, aldiz, lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du honako hauekin itundu diruz lagundutako jarduera partzialki edo osorik aurrera eramatea:

a) Zazpigarren oinarrian edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, hauek gertatzen direnean izan ezik:

i) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortzea.

ii) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ez gainditzea lotutako entitateak egindako kostua. Kostua egiaztatzeko, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarrita dauden baldintza berberak justifikatu beharko dira.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko taldeekin lotura dagoela ulertuko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koa) Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

e) Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo balorazio nahikoa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

13. oinarria.– Lehen, bigarren eta hirugarren lerroetako balorazio-irizpideak.

1.– Lehen, bigarren eta hirugarren lerroetarako aurkeztutako eskaerak baloratzeko, irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak hartuko dira kontuan:

a) Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitatea, 70 puntu gehienez, eta 40 puntu gutxienez proiektua diruz lagundu dadin, honela banatuta:

1) Gaiaren egungo egoerari erantsitako balioa: 10 puntu, gehienez. Proiektuaren ekarpen berria baloratuko da, lehendik dagoenari dagokionez. Proiektuaren berrikuntza-mailaren baliokidea da.

2) Helburuak eta espero diren emaitzak: 15 puntu, gehienez. Helburuak eta espero diren emaitzak ondo definituta egotea, neurgarriak eta lorgarriak izatea eta haien artean koherentzia egotea baloratzen da.

3) Dagokion sektore-eremuko berrikuntza-politikekin bat etortzea: 15 puntu, gehienez. Proiektuak eskualdeko eta Europako politikak eta estrategiak kontuan hartzea baloratzen da, hala nola ZTBP 2030, berrikuntzako itsasargiak, EZPE, GEPE, Itun Berdea, Baserritik Mahaira estrategia, edo GJHak (garapen jasangarrirako helburuak).

4) Metodologia: zeregin eta jarduera multzoak, eta kronogramaren egokitzapena: 10 puntu, gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira: datak/kronograma, faseen eta zereginen deskribapena, entregatzekoak eta proposatutako helburuak lortzeko metodologiara egokitutako langileak edo entitateak izatea.

5) Gauzatze- eta emaitza-adierazleak: 10 puntu, gehienez. Zereginak egiteari eta espero diren emaitzei buruzko adierazleak ezarri izana baloratuko da.

6) Lehen lerroa.– Balorazio positiboa izango du (5 puntu, gehienez) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko askotariko eragileen arteko lankidetzak, baita enpresek eta elikagaien eta zuraren balio-kateko beste entitate batzuek interes-adierazpenak izateak ere.

7) 1i) lerroa.– Balorazio positiboa emango zaio (3 puntu, gehienez) elikagaien eta zuraren balio-kateko maila guztietako enpresen arteko lankidetzari, baldin eta lankidetza hori lagungarria bada balio-proposamen lehiakorragoak garatzeko eta balio-katea integratzen laguntzeko, baita enpresen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetzari ere.

8) Bigarren lerroa. Puntu bat emango zaio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko askotariko eragileen arteko lankidetzari, baita enpresek eta nekazaritza- edo basogintza-sektoreko edo -azpisektoreko beste entitate batzuek interes-adierazpenak izateari ere.

b) Aurrekontua egokitzea: 20 puntu, gehienez. Aurrekontua eskatzen den bezala aurkeztea eta proiektua garatzeko egokia izatea baloratzen da. Kostuak neurrizkoak direla frogatzea ere baloratuko da.

2.– Eskaera aurkezten duen entitatea nortasun juridikorik gabeko taldea bada, proiektuak aurreko apartatuaren a) letrako balorazio-atalasea gainditu ondoren, lankidetzaren balio erantsia eta entitate bazkideen egokitasuna baloratuko dira: 10 puntu, gehienez.

3.– Aurreko irizpideak aplikatuz, banaka lehiatzen den pertsona fisiko edo juridiko batek 100 puntutik 90 lortu ditzake gehienez. Aldiz, lehiatzen den nortasun juridikorik gabeko talde batek 100 puntutik 100 lortu ditzake gehienez.

14. oinarria.– Laugarren eta bosgarren lerroetako balorazio-irizpideak.

4. eta 5. lerroetako proiektuak baloratzeko, bloke hauek eta dagozkien puntuazioak izango dira kontuan:

a) Garrantzia: proiektuak zer premiari erantzuten dion eta nola heltzen zaion lankidetzatik eta berrikuntzatik; helburuak; bat etortzea NPEPErekin eta Europako eta eskualdeko sektore- eta lurralde-politikekin. Blokeko puntuazioa: 25 puntu / Gutxieneko puntuazioa: 11 puntu.

b) Eragina: azken erabiltzaileentzat lortutako emaitzen onuraren eta lehen sektorean izandako eraginaren sinesgarritasuna; gauzatze- eta emaitza-adierazleen kalitatea; komunikazioko eta dibulgazioko plana; emaitzak ustiatzeko plana (business plan). Blokeko puntuazioa: 30 puntu / Gutxieneko puntuazioa: 16 puntu.

c) Ezarpena: lan-plangintza egokitzea proiektuaren helburuak lortzeko eta lankidetza eta berrikuntza bermatzeko. Blokeko puntuazioa: 25 puntu / Gutxieneko puntuazioa: 13 puntu.

d) Baliabideak: taldearen osaera eta garrantzia; kide bakoitzaren rola eta ekarpena; lantaldearen egokitzapena eta ibilbidea; barne-gobernantza; aurrekontuaren egokitzapena. Blokeko puntuazioa: 20 puntu / Gutxieneko puntuazioa: 13 puntu.

e) Laguntza jaso ahal izateko, 64 puntu lortu beharko dira gutxienez.

15. oinarria.– Dirulaguntzaren organo kudeatzailea eta dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariari dagokio prozedura hau kudeatzea. Horretaz gain, txosten bat egin beharko du, jasota utziz eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek laguntzak eskuratzeko behar diren eskakizun guztiak betetzen dituztela. Ebazteko eskumena duen organoari helaraziko zaio txosten hori.

2.– Deialdi hau ebazteko prozedura lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedura izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 1. apartatuarekin bat. Horren arabera, laguntzak emateko, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, horien lehentasun-ordena ezartzeko, oinarri arautzaile hauetako 13. eta 14. oinarrietan ezarritako balorazio-irizpideei jarraikiz. Hala, aipatu irizpideen arabera balorazio onena jaso dutenei bakarrik adjudikatuko zaie laguntza.

3.– Urteko deialdiko diru-dotazioa aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada, laguntzak kalkulu horren arabera emango dira.

4.– Eskaerarik ez egoteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik oinarri arautzaile hauetan adierazitako jardun-lerroren baterako esleitutako zenbatekoa amaitzen ez bada, aurrekontu falta duten beste jardun-lerro batzuei esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da. Lehentasun-ordena hau ezartzen da: 1. lerroa, 3. lerroa, 4. lerroa, 5. lerroa eta 2. lerroa.

5.– Lerro bati esleitutako zuzkidura hasieran kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko nahikoa ez bada eta gainerako lerroetan soberakinik geratzen ez bada, lerro horren onuradunen artean hainbanatu egingo dira ateratzen diren zenbatekoak, aurrekontu-estaldura nahikoa izan arte.

16. oinarria.– Balorazio-batzordea.

1.– Eskaerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori hiru kidek eta idazkari batek osatuko dute. Hiru kideetako bat batzordeburua izango da. Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira guztiak, bai eta haien ordezkoak ere. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaio laguntzaren eskatzaile bakoitzari, https://www.euskadi.eus/micarpeta eta https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbideen bidez, lehenengo bilera egin aurretik, bilera egin baino bost egun lehenago gutxienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako eskubideak (abstenitzekoa eta errekusatzekoa) baliatzen direla bermatzeko.

2.– Laguntza-lerro bakoitzean, aurkezten den jarduketa-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta irizpide objektiboak eta haien balorazioa aplikatuko zaizkie. Balorazioaren emaitza gisa, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Eskaera bakoitzak jasotako puntuazioaren araberako lehentasun-ordena ezarrita, ordena horren arabera adjudikatuko dira laguntzak, 8. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

3.– Puntuazio berdineko 1.,2. eta 3. lerroen kasuan, pixkanaka aplikatuko dira berdinketa hausteko irizpide hauek, ezarritako ordena honen arabera:

a) puntuazio handiena lortu izana dagokion sektore-eremuko berrikuntza-politikekin bat etortzeagatik.

b) puntuazio handiena lortu izana metodologian.

c) puntuazio handiena lortu izana helburuetan eta esperotako emaitzetan.

d) puntuazio handiena lortu izana adierazle-ezarpenean eta emaitzan.

e) emakumeek parte-hartze handiena izatea proiektuko talde teknikoan/teknikoetan.

4.– Puntuazio berdineko 4. eta 5. lerroen kasuan, berdinketa hausteko irizpide hauek aplikatuko dira pixkanaka, ezarritako hurrenkera honen arabera:

a) puntuazio handiena lortu izana eraginaren blokean.

b) puntuazio handiena lortu izana garrantziaren blokean.

c) puntuazio handiena lortu izana ezarpenaren blokean.

d) puntuazio handiena lortu izana baliabideen blokean.

e) aurreko irizpide guztien artean berdinketa badago: proiektuaren arduraduna emakumea izatea.

5.– Balorazio-batzordeak txosten bat egingo du, eta, bertan, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko da.

6.– Balorazio-batzordeak, dagozkion eginkizunak betetzearren, aztergai den gaiko adituak bileretara bertaratu daitezela eskatu ahalko du, baita aholku eman dezatela ere. Batzorde horren jardunean, behar diren neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko.

7.– Batzordeak funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaiei dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15.etik 18.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

17. oinarria.– Entitate laguntzailea.

1.– HAZI fundazioa entitate laguntzailea izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak hitzarmen bat egingo du HAZI Fundazioarekin, entitate laguntzaile gisa duen helburu sozialarekin lotuta egin beharreko lanak, zerbitzuak eta beste edozein jarduera zehazteko, betiere horrek ez badakar administrazio-ahalak baliatzea.

3.– HAZI Fundazioak jarduketa hauek egingo ditu, besteak beste:

a) Aurkeztutako eskaerak aztertzen eta ebaluatzen laguntzea.

b) Programa behar bezala kudeatzeko beharrezkoa den beste edozein jarduketatan laguntzea, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak hala eskatuta.

c) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak programa honen kudeaketari buruz egin ditzakeen egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagozkienak ere.

18. oinarria.– Behin-behineko eta behin betiko ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen txostena kontuan hartuta, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak behar bezala arrazoitutako behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta, bertan, dirulaguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, horren zenbatekoa eta nori ezestea proposatzen den adieraziko da. Gainera, dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzaile horren txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.

2.– Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, hurrengo apartatuan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

3.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira, edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie, hamar eguneko epea emanda alegazioak aurkezteko. Jakinarazpen hori bitarteko elektronikoen bidez egingo da, «Nire Karpeta» ataletik.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan adieraziko ditu dirulaguntza jasotzeko proposatzen diren eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari dagokion zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, eskaerak ebaluatzeko erabilitako balorazio-irizpideak ere.

19. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak egingo du deialdi honetako dirulaguntzak emateko ebazpena, Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpenak hauek jasoko ditu:

a) Dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta diruz lagundutako proiektuaren izena, eta, hala badagokio, hirugarrenekin kontratatzeko baimenak, 12. oinarriaren 2. apartatuan ezarrita daudenak.

b) Diruz lagundutako proiektu berritzailearen izena.

c) Diruz lagundutako zenbatekoa, laguntzaren ehunekoa diruz lagundutako proiektuaren kostu osoarekiko eta ebaluazio-irizpideak aplikatu ondorengo ehunekoa.

d) Diruz lagundu daitekeen gastua, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

e) Proiektua gauzatzeko epea eta proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.

f) Horrez gain, onuraduna nortasun juridikorik gabeko taldea denean, ebazpenak honako hauek jasoko ditu: taldekideen zerrenda, bakoitzak bere gain hartutako gauzatze-konpromisoak eta nortasun juridikorik gabeko taldeko kide bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

g) Eskaera ezetsi zaien pertsonen zerrenda, eta zergatik ukatu zaien dirulaguntza.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena aurkaratzeko bideak.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluak xedatzen duenaren arabera, gehieneko epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo beharko dute dirulaguntza emateko eskaera.

4.– Emateko edo ukatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluari jarraikiz. Argitaratzeaz gain, interesdun bakoitzari ebazpen osoa banan-banan jakinaraziko zaio, eta kasuan kasuko pertsonari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuta agertuko dira.

5.– Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluarekin bat etorriz.

20. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunen betebeharrak arau hauetan zehazten dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluak, Europako erregelamendu aplikagarriak eta oinarri arautzaile hau. Bereziki, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

c) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz lagundutako jarduera erabat edo zati batean ez gauzatzea eragin dezakeen edozein gorabehera.

d) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz lagundutako jardueraren helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuk jaso izana edozein administrazio edo ente publiko edo pribaturen aldetik.

e) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea nortasunik gabeko taldean gertatutako aldaketak, batez ere talde horren osaerari, kide baten uko-egiteari, ordezkaritza-gorabeherei edo gauzatzeko konpromisoak aldatzeari buruzkoak.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den inguruabar subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

g) Organo kudeatzaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

h) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea, haren berri izan eta hamabost eguneko epean, diruz lagundutako jardueraren helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla, edozein administraziotatik edo beste edozein ente publiko edo pribatutatik etorriak, bai eta dirulaguntza eman aurreko hiru urteetan beste de minimis laguntza batzuk jaso direla ere.

i) Diruz lagundutako gastuei eta jarduerei buruz egiten den informazio edo publizitate orotan modu ikusgarri eta eskuragarrian jasotzea gastu eta jarduera horiek Batasunaren funtsek eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituztela, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko den maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren 25. eta 26. artikuluen arabera, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoa (NPEPE) ezartzeko xedapenak ezartzen baititu eta landa-eremuen karakterizazioa egiten baitu. Maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren II. eranskinean, Europar Batasunaren ikurra eta hura erabiltzeko garaian nola jardun behar den jasotzen da.

EIP Agri talde eragileentzako laguntzen kasuan, talde eragileek beren planen eta proiektuen emaitzen laburpena jarri beharko dute kudeaketako agintarien eta herritar guztien esku, ahal dela beren webguneetan. EIP Agri talde eragileek beren planen eta proiektuen emaitzen laburpen bat ere zabalduko dute, bereziki NPEren sare nazional eta europarren bidez. Horretarako, «common format» dokumentua aurkeztu beharko dute, webgune honetan eskuragarri egongo dena:

https://www.euskadi.eus/euskadiko-npb-2023-2027-aren-dokumentazioa/web01-a2pac/eu/

Gutxienez bi aldiz aurkeztu beharko dute dokumentu hori, bata laguntza eskatzeko unean eta bestea hura justifikatzeko unean.

j) Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

k) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea bost urtez, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

l) Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

m) Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritzari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera zerrendatutako datuak eman beharko dira.

n) Eman den dirulaguntzaren indarraldi osoan egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

o) Jarduerarekin lotutako jakinarazpen guztietan, hizkera eta iruditeria inklusiboak erabiliko dira. Ekitaldiaren publizitatean, euskarria edozein dela ere, ez da erabiliko hizkera edo iruditeria sexistarik.

p) Bigarren lerroko proiektuen onuradunek proiektuen hasieran publizitatea egiteko eta emaitzak zabaltzeko betebeharrak bete beharko dituzte, 3. oinarriko b) letran adierazitakoak. Diruz lagundutako proiektuaren hasieran, estatu edo eskualde mailan sarbide publikoa duen webgune batean honako informazio hau argitaratuko da:

– Diruz lagundutako proiektua benetan martxan jarri dela.

– Diruz lagundutako proiektuaren helburuak.

– Diruz lagundutako proiektutik espero diren emaitzen gutxi gorabeherako argitalpen-data.

– Diruz lagundutako proiektutik espero diren emaitzak argitaratuko diren Interneteko helbidea.

– Diruz lagundutako proiektuaren emaitzak kasuan kasuko sektorean edo azpisektorean diharduten enpresa guztien eskura doan jarriko direlako aipamena.

Diruz lagundutako proiektuaren emaitzak sarbide publikoko webgune batean argitaratuko dira, proiektua amaitzen den egunetik edo organismo jakin bateko kideei emaitzei buruzko edozein informazio ematen zaien egunetik aurrera, data hori lehenagokoa bada. Emaitzak Interneten egongo dira eskuragarri, gutxienez bost urtez, diruz lagundutako proiektua amaitzen den egunetik aurrera.

q) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar. Kontuan hartuta 27. oinarriarekin bat etorriz beste laguntza batzuk aldi berean jasotzeko aukera ezarri dela, DAELen 9.4.h) artikuluan araututakoaren arabera, onuradunak gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa adierazi beharko du.

r) 7161 esku-hartzearen ondorioz nekazaritza-produktibitate eta -jasangarritasunaren arloko berrikuntzarako Europako elkarteko talde eragileei emandako laguntzei dagokienez, talde eragileek beren planen eta proiektuen emaitzen laburpena jarri beharko dute kudeaketako agintarien eta herritar guztien esku, ahal dela beren webguneetan.

2.– Jakinarazi egin beharko dira c), d), e) eta f) letretan aipatzen diren inguruabarrak, halakoen berri izan bezain laster, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

3.– Halaber, onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

21. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Oinarri hauen helburuei dagozkien inbertsioak edo gastuak urte batean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. 1., 2. eta 3. lerroetan, diruz lagundu daitezkeen ekintzak eskaera aurkeztu ondoren hasi beharko dira.

2.– Urteko proiektuak gauzatzeko aldia 2026ko urriaren 31n amaituko da. Hala ere, proiektu horien onuradunek gehienez urtebeteko luzapena eskatu ahal izango dute (2027ko urriaren 31ra arte), eta eskaera hori behar bezala justifikatu eta arrazoitu beharko dute. Eskatutako luzapena Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez eman edo ukatuko da.

3.– Urte anitzeko proiektuak gauzatzeko epea 2027ko urriaren 31n amaituko da, eta ezin izango da horien iraupena luzatu.

22. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari jarraikiz, dirulaguntza jaso duen proiektua gauzatu dela justifikatzeko, justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko da. Horretarako, onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute justifikazio-kontuan:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, non entitatearen legezko ordezkaritza duenak bere erantzukizunpean baieztatu behar baitu egiazkoak direla adierazpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak; gainera, bertan zehaztuko da gastua justifikatzeko dokumentazioa ez dela aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko, edo, diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko aurkeztu bada, zer programari lotu zaizkion eta jasotako dirulaguntzaren ehunekoa faktura edo ordainketa justifikatzeko agiri bakoitzari dagokionez.

Onuraduna nortasun juridikorik gabeko talde bat edo ondasun-erkidego bat denean, entitatearen ordezkariak aurkeztu eta sinatuko du erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzari loturiko betebeharrak betetzeko, eskaeran aurkeztutako gauzatze-konpromisoen akordioan ezarritako baldintzetan.

b) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko kontuan hartu diren betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.

c) Egindako jardueren kostua frogatzen duen memoria ekonomiko bat, elementu hauek izango dituena:

i) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, non honako hauek identifikatuko baitira: hartzekoduna eta agiria, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data. Gastu guztiek ordainduta egon beharko dute justifikazioa aurkezten den unean.

ii) Fakturak, ordainagiriak eta froga-balio baliokidea duten gainerako agiriak –merkataritzako trafiko juridikoan balioa edo eraginkortasun administratiboa izan behar dute–, gastu guztiak gauzatu direla egiaztatzeko.

Langile-gastuak, honako hauen bidez justifikatuko dira: nominak, horiek ordaindu izanaren agiriak, langile-zerrenda izenduna (LZI), kotizazioen likidazioaren ordainagiriak (KLO) eta proiektuaren aurrekontua betearazteko ekitaldiei dagozkien KLOak, eta hitzartutako lanordu kopurua adierazten duen agiria.

Lehen sektoreko eragileen kasuan, 19,96 euroan ezarri da orduko kostua, eta proiektura bideratutako ordu kopuruaren ziurtagiria erantzukizunpeko adierazpen bidez egingo da.

Egindako gastua justifikatzeko dokumentu bera aurkeztu bada beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko, dokumentu berean adieraziko dira diruz lagundutako laguntzari egotzi zaion zenbatekoa eta ehunekoa, bai eta gainerako finantzatzaileei egotzitako zenbatekoa eta ehunekoa ere. Partzialki finantzatutako gastu hori gastuen justifikazio-zerrendan sartuko da, eta horren arabera benetan finantzatutako zenbatekoa adieraziko da.

iii) Dirulaguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.

iv) Proiektuko jarduerak beste ente publiko edo pribatu batzuek finantzatu badituzte, edo finantzaketa propioarekin finantzatu badira, proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda xehatua erantsiko da, zenbatekoa adierazita, finantzaketa-iturri bakoitzeko. Zerrenda horri gastu horien kopia erantsiko zaio.

v) Hala badagokio, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluari jarraikiz, onuradunak eskatu beharreko hiru aurrekontuak.

2.– Hogeita hirugarren oinarrian adierazitako ordainketa egiteko, onuradunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du justifikazioan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela adieraziz.

3.– Justifikazio-izapidea 9. oinarri arautzailean ezarritako bitarteko berberak erabiliz egingo da.

4.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko azken eguna 21. oinarrian ezarritako gauzatzeko epea amaitzen den urteko azaroaren 15a izango da. Gauzatzeko epea luzatu bada, justifikazio-agiriak aurkezteko azken eguna emandako luzapen-aldia amaitu eta 15 egun geroagokoa izango da.

5.– Organo kudeatzaileak dirulaguntzaren justifikazio-agiriak egiaztatuko ditu, eta, horretarako, onuradunak hartarako aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du. Zuzendu daitezkeen akatsak hautematen badira aurkeztutako justifikazio-agirietan, onuradunari horren berri emango zaio, eta hamar egun balioduneko epea eman, akatsak zuzentzeko.

6.– Dokumentazioa aztertu ondoren, organo kudeatzaileak proiektua gauzatu izanaren ziurtagiria emango du, eta, bertan, onuradunari likidatu beharreko zenbatekoa adieraziko da.

23. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

a) Aurreko oinarrian adierazitako justifikazio-agiriak aurkeztu ondoren.

b) Konturako ordainketak egin ahal izango dira urte bakoitzean, proiektuak gauzatzeko erritmoaren arabera. Horretarako, interesdunek eskaera egin beharko dute aurretik. Gehienez ere, konturako ordainketa bat egingo da urte bakoitzeko.

2.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteetan, izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu funtsak elkarteko gainerako kideen artean.

3.– Onuradunei dirulaguntzak ordaintzeko, ezinbestekoa izango da egunean izatea itzulketa-betebeharrak eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4.– Berezko nortasun juridikorik gabeko talde eragileen edo lankidetza-taldeen kasuan, ordainketa partzuergoaren ordezkari gisa izendatutako kideari egingo zaio, eta hark jasoko ditu funtsak eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

24. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Emandako dirulaguntzak aldatu ahal izango dira, alderdi batek eskatuta edo, hala badagokio, ofizioz, kasu hauetan:

a) Proiektuko jarduketa guztiak ez direla gauzatuko aurreikusten denean eta, ondorioz, gauzatutako eta justifikatutako jarduketen behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean. Era berean, jarduketa guztiak gauzatuta, justifikatutako behin betiko gastua dirulaguntza emateko ebazpenean esleitutako zenbatekoa baino txikiagoa izango dela aurreikusten denean. Betiere, laguntza emateko xedea betetzen jarraitzen bada.

b) Beste edozein entitate publikok nahiz pribatuk helburu bererako emandako laguntzak edo dirulaguntzak lortuz gero.

c) Gauzatzeko ezarritako epeak luzatu nahi direnean. Kasu horretan, luzapenak ezin izango ditu gainditu 21. oinarrian ezarritako gauzatze-epeak.

d) Proiektua porrot tekniko baten ondorioz amaitzen denean. Porrot teknikoa gertatu dela ulertuko da proiektua gauzatzean edo amaitzean akats tekniko konponezinak hautematen badira eta akats tekniko horiek ezinezko egiten badute proiektuaren jarraipena eta proiektuaren deskribapen-memorian edo, hala badagokio, eskaera birformulatzean ezarritako helburuak lortzea. Porrot teknikoaren inguruabarra ikertzaile nagusiak sinatutako txostenaren bidez dokumentatuko da, eta txosten horretan behar bezala azalduko dira porrot hori eragin duten inguruabarrak.

e) Taldeak sinatutako gauzatze-konpromisoan aldaketak sartu nahi direnean, bereziki honako hauei buruzkoak: osaera (kideren baten uko egitea edo konkurtso-egoera), ordezkaritza, gauzatzean hartutako konpromisoak edo dirulaguntzaren banaketa ekonomikoa.

f) Proiektuaren gauzatzean aldaketak gertatzen direnean helburuei, jarduketei, faseei, gastu-kontzeptuei eta egutegiari dagokienez.

2.– Halaber, honako hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:

a) Ekintza-plana modu esanguratsuan aldatzea.

b) Proiektua gauzatzeko epea aldatzea.

c) Talde eragilearen edo lankidetza-taldearen osaera aldatzea.

d) Lantaldeak aldatzea.

e) Oso-osorik ABE eremuetan garatzen diren proiektuetarako, jarduketa-eremua aldatzea.

f) Gastu-kategorien artean, ekintzen artean edo jatorrizko aurrekontuaren % 10eko desbiderapena gainditzen duten onuradunen artean egiten den aurrekontu-banaketa aldatzea.

g) Hasieran onartutakoez bestelako gastuak eskatzea.

3.– Dirulaguntza ematen duen organoak dirulaguntza aldatzea erabaki ahal izango du oinarri honen 1. apartatuan adierazitako kasuetan, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Onuradunak eskatuta, aurreko apartatuko a), b), d) eta e) letretan ezarritako inguruabarretako edozeinetan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, inguruabarra ezagutu bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, gauzatze-epea amaitu baino lehen.

b) Alderdi batek eskatuta, aurreko apartatuko a) letran ezarritako kausan oinarritutako aldaketa bat egin nahi denean, emandako dirulaguntzaren % 60 gutxienez gauzatu eta justifikatu izana. Dirulaguntzaren % 60 baino gutxiago gauzatzen eta justifikatzen bada, ez-betetze handitzat hartuko da, dirulaguntza eskuratzeko eskubidea galduko da eta emandako dirulaguntza osorik itzultzeko arrazoia izango da.

c) Baldin c) letran adierazitako gauzatze-epea aldatu nahi bada, interesdunak aldaketa hori eskatu beharko du, gutxienez gauzatze-epea amaitu baino bi hilabete lehenago.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa ez handitzea.

e) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ez egotea onuradunaren borondatearen mende.

f) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

g) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

h) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

4.– Alderdi batek eskaturik gertatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eskaeran, onuradunak behar bezala justifikatu beharko du zergatik egin nahi duen aldaketa hori, eta, hala dagokionean, agiri bidez egiaztatu beharko du. Proiektuaren porrot tekniko baten ondorioz eskatu bada aldaketa, onuradunak eskaera arrazoituari gehitu beharko dio proiektuaren ikertzaile nagusiak sinatutako txostena, zeina oinarri arautzaile honen 1. apartatuaren d) letran aipatzen baita.

5.– Aldaketa, halakorik bada, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak erabakiko du. Zenbatekoa gutxitzearen ondorioz ebazpena aldatzea baimentzen bada, dagokion proportzioan murriztuko da zenbateko hori, eta, kasu horretan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio. Proiektua aldatzeko baimena ematen bada emateko ebazpenaren aldaketan izandako porrot teknikoaren ondorioz, eman beharreko zenbateko berria ezarriko da, eta zenbateko hori porrot hori egiaztatu arte egindako diruz lagundu daitezkeen gastuen baturaren emaitza izango da.

25. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin ahalko du eskaeran, eskatutako laguntzak emateko prozedurako ebazpena jakinarazi baino lehen. Jasota dagoela ahalbidetzen duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikagaien Politika eta Industriako zuzendariak, ebazpen bidez, guztiz onartuko du atzera-egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Uko-egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak, ebazpenaren bidez, bete-betean onartuko du atzera egitea eta amaitutzat emango du prozedura. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

26. oinarria.– Eskubidea galtzeko eta dirua itzultzeko arrazoiak.

1.– Bidezkoa izango da dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdutzat ematea eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzultzea eta dagokion berandutze-interesa eskatzea, kasu hauetan:

a) Entitate onuradunak ez badu erabiltzen dirulaguntza eskatutako eta emandako helburu zehatzerako, ez badu gauzatzen dirulaguntza eragin zuen jarduketa, ez badu justifikatzen eskatutako helburuetarako erabili duela, edo, oro har, organo eskudunak ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez badu.

b) Era berean, bidezkoa izango da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan ezarritako gainerako kasuetan.

c) Aurreikusitako gastua ez bada ezarritako gehieneko epeen barruan gauzatzen, luzapenak barne, edo gastua egin dela egiaztatzen duten agiriak ez badira aurkezten ezarritako epean.

2.– Horrez gain, dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 27. oinarrian adierazitakoari jarraikiz.

3.– Itzulketa-prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da, eta ebazpena emateko eskumena Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak du. Dirulaguntza jasotzeko eskubidea osorik edo partzialki galtzeak talde eragileko edo lankidetza-taldeko kide guztiei eragingo die.

4.– Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendaritza izango da organo eskuduna itzulketa-espedientea abiarazi eta izapidetzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40.1 artikuluan adierazitako deskontzentrazioaren arabera.

5.– Onuradunaren gauzatze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko asmo irmoa duela, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osorik itzuli behar duela. Aitzitik, dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko kopurua jarduketa osoaren gauzatze-mailaren araberakoa izango da.

Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko partziala onartutako dirulaguntzatik benetan eta behar bezala justifikatu den zenbatekoa izango da, justifikazioa egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.

6.– Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

7.– Arau-hauste administratibotzat hartu daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

27. oinarria.– Dirulaguntzaren bateragarritasuna beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuekin.

1.– Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein entitate publikok zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu oinarri hauek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta entitate onuradunari entzun ondoren, sortutako gaindikinaren arabera gutxituko da emandakoa.

2.– Era berean, nekazaritzakoak ez diren 4. eta 5. lerroetako proiektuei emandako laguntzak, baldin eta de minimis arauak aplikatzen bazaizkie, beste administrazio publiko batzuek onuradun berberei emandako beste de minimis laguntza batzuekin batera bilduko dira, haien helburuak berdinak edo desberdinak diren aintzat hartu gabe, guztien artean ez daitezen gainditu de minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko 2023ko abenduaren 13ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako gehieneko laguntza mugak.

3.– Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak eskaeran adieraziko du diruz lagundutako jardueren eta jarduketen gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.

27. oinarria.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Oinarri hauek aplikatuta jasotzen diren datu pertsonalak tratatzeko orduan, berariaz beteko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia.

Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/001600-capa2-eu.shtml

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala