Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2026ko irailaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3923

EBAZPENA, 2026ko irailaren 9koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariarena, memoria demokratikoa berreskuratzeko dokumentalak sortzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onartu eta deialdia egiten duena 2026. urterako.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeari buruzko azaroaren 27ko 4/2014 Legearen 3. artikuluak organismo horri esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, EAEko gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoen eta printzipio demokratikoen inguruko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Inguruabar horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, hartara, balio eta printzipio demokratikoak sustatu, horietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da betiko ohoratu eta berreskuratzea Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren, ETAren terrorismoaren eta legez kontrako kontraterrorismoen biktima guztiak. Eta, haiekin batera, biktimen senideak ere bai.

Institutu honek helburu horiek lortzeko dituen tresnetako bat, hain zuzen ere, dirulaguntzen lerroa da. Deialdi hau Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Dirulaguntzen 2025-2028 aldiko Plan Estrategikoaren dirulaguntza-lerroetako bat da. Plan Estrategiko hori Institutuko zuzendariaren 2026ko martxoaren 6ko Ebazpenaren bidez eguneratu zen, eta esteka honetan kontsulta daiteke:

https://www.gogora.euskadi.eus/contenidos/informacion/gogora_dokumentuak/es_def/Plan-Estrategico-de-subvenciones-2025-2028.pdf

Era berean, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretua dela bide onetsi zen Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta dirulaguntzak arautzea, deitzea eta ematea.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Azaldutako helburu guztiak kontuan hartuta, Gerra Zibiletik gaur arte Euskadiren memoria demokratikoa berreskuratzeko xedez, zineman, telebistan edota multimedia plataformetan emateko dokumentalak sortzea helburu duten dirulaguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onartzen dira 2026ko ekitaldian, ebazpen honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honi loturiko dirulaguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia; eta 7/2025 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2026ko irailaren 9a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

ALBERTO ALONSO MARTIN.

I. ERANSKINA
MEMORIA DEMOKRATIKOA BERRESKURATZEKO DOKUMENTALAK SORTZEA HELBURU DUTEN 2026. URTEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Gerra Zibiletik gaur egunera arteko Euskadiren memoria demokratikoa berreskuratzeko asmoa duten dokumentalak sortzeko dirulaguntzak arautzea, gero zinemetan, telebistan edo plataforma digitaletan emateko dokumentalak sortzeko.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, ekoizpenen muntaketak edo postprodukzioak azken aldian egon behar dute, eta, nolanahi ere, 2026ko abenduaren 31n amaituta egon behar dute.

3. artikulua.– Diruz lagungarriak diren jarduerak.

1.– Diruz lagungarriak diren jarduerak bi modalitatetan banatzen dira:

a) Film labur dokumentalak sortzea.

b) Film luze dokumentalak sortzea.

Dokumentalek memoria historikoa edo oraintsuko memoria berreskuratzeari eta egia argitzeari lotutako gaiak jorratu behar dituzte, giza eskubideen defentsaren eta eskubideon urraketen salaketaren ikuspegitik. Gainera, ekoizpenak EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean edo bietan egin beharko dira.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, film laburtzat hartuko dira 60 minuturainoko iraupena duten dokumentalak, eta film luzetzat, berriz, iraupen hori gainditzen dutenak.

3.– Muntaketaren eta/edo postprodukzioaren azken aldian edo, hala badagokio, amaituta dauden dokumentalek jaso ahal izango dute dirulaguntza.

4. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Deialdi honetan, guztira, laurogei mila (80.000,00) euro bideraturiko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako kontu-sailaren kargura.

2.– Alde batetik, gehienez ere, hamar mila (10.000,00) euroko dirulaguntza eman ahalko da film laburren modalitateko lan dokumental bakoitzeko. Bestetik, gehienez ere, hogei mila (20.000,00) euroko dirulaguntza eman ahalko da film luzeen modalitateko lan dokumental bakoitzeko.

Deialdi honetako 10.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektu bakarra lagunduko da diruz onuradun bakoitzeko. Ondorioz, onuradun bakoitzak, gehienez ere, hamar mila (10.000) euroko zenbatekoa jasoko du film laburren modalitatean, eta hogei mila (20.000) euroko zenbatekoa film luzeen modalitatean.

3.– Laguntzek bete beharko dute Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako 2023/2831 (EE) Erregelamendua, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Deialdi honetako laguntzak de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; beraz, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du hirurehun mila (300.000,00) euroko zenbatekoa gaindituko, hiru urteko edozein alditan. Ulertzekoa da muga horretatik beherako laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta lehia ez dutela faltsutzen, eta, beraz, ez dira kontuan hartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

4.– Aurreko apartatuan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntza eskatzen duen entitateak edo pertsonak hiru urteko edozein alditan jaso dituen beste de minimis laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko du, de minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko. Erregelamendu honen ondorioetarako kontuan hartu behar den hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da. De minimis laguntza ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa aintzat hartu behar da.

5. artikulua.– Laguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Oinarri hauetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozedura erabiliz emango dira.

2.– Ondorio horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu egingo dira, horien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, deialdi honen 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala, hautaketa-fasean deialdi honen 14. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa (50 puntu) eskuratu dutenen artean, balorazio handiena dutenei emango zaie laguntza, deialdi honetan esleitutako kreditua agortu arte, hala badagokio.

3.– Onuradunek jasoko duten diruzko kopurua eskabideak baloratzeko fasean lortzen den puntuaziotik ateratzen dena izango da. Lortutako puntuazioa eskabidean aurkeztu den aurrekontuari aplikatuko zaion ehuneko gisa hartuko da.

4.– Ematen diren dirulaguntzek ez dute 4.2 artikuluan proiektu bakoitzeko ezarritako gehieneko zenbatekoa gaindituko.

Nolanahi ere den, onuradun bakoitzari emandako zenbateko osoak errespetatu egingo du artikulu horretan modalitate bakoitzean ezarritako onuradun bakoitzeko gehieneko muga.

6. artikulua.– Diruz lagungarriak diren gastuak:

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluari jarraituz, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak badira, betiere 2026. urtean egiten badira, eta justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindu badira. Zehazki, honako hauek:

Film laburren ekoizpen-kostuak diruz lagundu ahal izango dira, film baten kostuaren aintzatespena arautzen duen abenduaren 18ko ECD/2784/2015 Aginduaren 2. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

Inola ere ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

• Ermandade-bazkariak, otorduak, cateringak eta antzekoak.

• Entitatearen egiturakoak diren langileen nominak.

• Lokalak eta eraikinak erostea.

• Luxuzko gastuak.

• Banku-kontuetako interes zordunak.

• Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak nahiz penalak.

• Prozedura judizialetako gastuak.

• Zeharkako zergak, onuradunek berreskuratu edo konpentsatu ditzaketenean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

• Egile-eskubideak eskuratzeko inbertsio ukiezinak.

• Ondasun edo material inbentariagarriak eskuratzeko, eraikitzeko, birgaitzeko eta hobetzeko gastuak.

• Finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- edo erregistro-gastuak, eta peritu-gastuak.

Zeharkako kostuak diruz lagundutako proiektuari egotzi beharko dizkio onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, betiere, kostu horiek proiektua benetan egiten den aldiari badagozkio. Jarduera guztietan, diruz lagundu ahal izango dira proiektuaren zeharkako gastu hauek, baina ezingo dute inolaz ere proiektuaren kostu osoaren % 15 gainditu:

• Gastu orokorrak (bulego bat alokatzea, administrazio-langileak, mezularitza, bulegoko materiala eta abar), dirulaguntzaren xedearekin zuzenean lotuta badaude.

Dokumentala egiteko kostutzat hartzen diren eta diruz lagungarriak diren gastuek diruz lagundu daitekeen jarduera gauzatzeko epearen barruan eginda eta ordainduta egon beharko dute.

Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

7. artikulua.– Entitate eta pertsona onuradunak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak eskatu ahal izango dituzte deialdi hau argitaratu baino lehenagotik dirulaguntzaren izaerarekin bat datorren jarduera profesionalen bat duten nortasun juridikorik gabeko entitateek eta pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek, baldin eta euskararen eremu geografikoan finkatuta badaude. Dirulaguntza honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea sartzen dira euskararen eremu geografikoan. Banakako enpresaburuei edo langile autonomoei dagokienez, jarduera profesionalaren barruan egiten dituzten izapide eta jarduerez denaz bezainbatean, Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko dute.

2.– Entitate eta pertsona eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten entitateek baldintza hori betetzen dutela, automatikoki eta behar beste aldiz, haien baimenik behar izango ez duela. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileak ezezkoa eman ahalko dio aurrekoari. Kasu horretan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Entitate eta pertsona eskatzaileek egunean izan beharko dute dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, eta hori eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da. Era berean, entitate eta pertsona onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluko baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Ondorio horietarako, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena sinatu beharko dute.

4.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan araututako inguruabarrean batean dauden pertsonak edo entitateak.

5.– Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarte publiko edo pribatuei doakienez, berariaz adierazi beharko dira, bai eskabidean, bai laguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, bai horietako bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Taldekide guztiak onuraduntzat hartuko dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, onuradun gisa taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalmen nahikoa duena. Taldea ezingo da desegin, harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 43. artikuluan xedatutako preskripzio-epea igaro arte.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Hori gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.

Ildo horretan, gogorarazi behar da, de minimis laguntzen erregulazioarekin bat etorriz, pertsona juridiko edo fisiko jakin bati emandako laguntza guztiak ez direla hirurehun mila (300.000,00) eurotik gorakoak izango, hiru urteko edozein alditan. Ulertzekoa da muga horretatik beherako laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta lehia ez dutela faltsutzen, eta, beraz, ez dira kontuan hartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

2.– Dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko deitzen dituenekin.

9. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa (www.euskadi.eus) erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak, Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoetarako bitarteko elektronikoak erabiltzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluak dioenari jarraikiz.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan eskuragarri daude eskabideak izapidetzeko jarraibideak, justifikazioak eta deialdi honi lotutako beste izapide batzuk, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren euskadi.eus egoitza elektronikoan, eta, zehazki, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1043412

3.– Eskabide-inprimakiak eta gainerako administrazio-izapideak formalizatzeko eredu normalizatuak aurkezteko, web euskarriko inprimaki elektronikoak erabiliko dira beti; inprimaki horiek egoitza elektronikoko prozedura-fitxatik eskuratuko dira, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1043412

«Nire karpeta» deritzon herritarren karpetan sartzeko, administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian aurreikusitako edozein sistemaren bidez identifikatu beharko da aldez aurretik, 4. paragrafoan zehazten den bezala.

«Nire karpeta» izeneko herritarren karpetak, gutxienez, honako funtzionalitate hauek ahalbidetuko ditu:

a) Pertsona alderdi interesduna den prozedura guztietako espedienteen izapidetze-egoeraren jarraipena egitea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Espediente bakoitzean egindako izapideen jarraipena eta izapideon data.

c) Espedienteetako dokumentu elektronikoak eskuratzea eta deskargatzea.

d) Komunikazioetarako eta jakinarazpenetarako sarbidea.

e) Administrazioaren esku dauden pertsonek komunikazio- eta jakinarazpen-datuak ezagutzea, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugak ezertan eragotzi gabe.

f) Zehazten diren administrazio-ziurtagiriak lortzea.

Oro har, eta jakinarazpen guztietarako, Herritarren Karpeta erabiliko da, egoki iritzitako beste baliabide batzuk erabiltzea ezertan eragotzi gabe.

4.– Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabiliz:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Ordezkaritza edo ahalordetzea zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, baldin eta halakorik badela modu fidagarrian jasota uzten badu. Hauexek dira bitartekoak, besteak beste:

a) Apud acta ahalordetzearen bidez, erregistroen arloko laguntza-bulegoetan agertuz edo egoitza elektronikoan era elektronikoan agertuz.

b) Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu izana egiaztatzen duen agiria, helbide honetan eskuragarri dagoen edozein administrazio publikoren aurrean formalizatua: https://www.euskadi.eus/representantes

c) Ordezkariaren ziurtagiri elektroniko kualifikatu baten bidez.

d) Matrizea notariotza-artxibo batean edo merkataritza-erregistro batean egindako inskripzio batean duen dokumentu publiko baten bidez.

e) Borondatezko ordezkaritza espediente jakin baterako bakarrik emanez; horretarako, inprimaki normalizatua erabiliko da, eta hura egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

7.– Harremanak bitarteko elektronikoen bitartez edukitzera behartuta ez dauden pertsona fisikoek bide elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako eskabideak, kontsultak eta izapideak egiteko:

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez edukitzera behartuta ez dauden pertsona fisikoek noiznahi erabaki ahal izango dute bitarteko elektronikoak erabiliko dituzten ala ez eskubide eta betebeharrak baliatzeko, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 17. artikuluari jarraituz.

– Aurrez aurrekoa: eskaerak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuan eta erregistroen arloko arreta-bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako establezimenduetan.

– Kanal elektronikoa: goian aipatutako egoitza elektronikoan.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta. Harremanak elektronikoki edukitzera behartuta ez dauden pertsona fisikoek aurrez aurreko bidea edo elektronikoa aukeratu ahal izango dute.

3.– Onuradun bakoitzeko proiektu bakarra lagunduko da diruz. Entitate edo pertsona fisiko bakoitzak hainbat proiektutarako laguntza eskatu ahal izango du, eta proiektu bakoitzeko eskabide bat egin beharko du. Entitate batek proiektu bat baino gehiago aurkezten baditu, deialdi honen 14. artikuluan jasotzen diren adjudikazio-irizpideak aplikatuz puntuazio handiena lortu duena bakarrik lagunduko da diruz.

11. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea webguneko inprimakian bete beharko da, egoitza elektronikoan. Eskabide-inprimakian, jakinarazpen- eta komunikazio-abisuak jasotzeko datuak emango dira, bai eta aukeratutako hizkuntza ere.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Entitate edo pertsona eskatzaileari buruzko datuak, bai eta nortasun juridikorik gabeko erakundeetako kide bakoitzari buruzkoak ere.

b) Proiektua gauzatzeko kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, egotekotan. Aurrekontua aurkezteko, prozedura-fitxan dagoen eredua erabiliko da nahitaez.

c) Proiektuaren memoria xehea, hauexek zehaztuta: xedea, metodologia, balizko hartzaileak, lurralde-eremua eta egingo diren jardueren egutegia.

d) Dokumentalaren sortzaileen (zuzendariaren, gidoilariaren eta abarren) ibilbide artistikoa.

e) Dirulaguntzaren izaerarekin bat datorren jarduera profesionalean egindako ibilbidea.

f) Proiektuan genero-ikuspegia barne hartzeari buruzko azalpen-memoria.

g) Dirulaguntza eskatzen duen entitate edo pertsona bakoitzak hiru urteko edozein alditan jasotako beste de minimis laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko du, de minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko. Aurreikuspen hau pertsona fisikoen edo pertsona juridikoen –nortasunik gabeko pribatu edo publikoen– taldeetako kide guztiei aplikatuko zaie, eta horiek banakako adierazpenak aurkeztu beharko dituzte. De minimis laguntzei buruzko adierazpena nahitaez aurkeztu beharko da prozeduraren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

h) Diruz lagundu beharreko dokumentalak baloratzeko, web-helbide bat eta horretarako sarbidea eman beharko dira, edo, bestela, dokumentala jasotzen duen artxiboa bidali beharko da fisikoki.

Aurkezteko modu hori betetzen ez bada, baztertu egingo da.

i) Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, eskabideari erantsia. Nortasun juridikorik gabeko entitateei gagozkiela, adierazpena kideetako bakoitzak sinatu duela ulertuko da.

j) Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, dirulaguntza eskatu duten pertsonek eta entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta, horretarako, ez du haien baimenik beharko. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileak ezezkoa eman ahalko dio aurrekoari. Kasu horretan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Era berean, jarduerak hobeto baloratu daitezen, entitate eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

4.– Dagoeneko eginda dauden ekoizpenetan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio entitate eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, 10 eguneko gehieneko epea emango die erakundeei atzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die, zuzentzen ez badituzte, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela; aldez aurretik, ebazpena egingo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarrita dagoen bezala. Hori guztia lege horren 68. artikuluan xedatutakoa betez egingo da.

13. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Hauexek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Epaimahaiburua:

– Iñaki De Pablos Vaca, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

Kideak:

– Amaia Goenaga Sánchez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria Historikoko teknikaria.

– Alaitz Vives Urbieta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko prentsako teknikaria.

– M.ª Dolores Fiallegas García, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko artxiboko, liburutegiko eta dokumentazioko teknikaria.

Idazkaria:

– Nagore Otaola Moscoso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Aholkularitza Juridikoko teknikaria. Bileretan hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Bileren deialdietan, aztergaien zerrendan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

14. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Proiektuei dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

• Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa. Gehienez ere, 30 puntu.

– Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. Proiektuaren izaerari, metodologiari eta antolamenduari buruzko azalpenaren argitasuna baloratuko da, zehaztu ahal izateko proposatutako jarduerak bat ote datozen dirulaguntzaren xedearekin. Gehienez ere, 10 puntu.

Gogoraren 2025-2028 aldiko jarduera-planaren helburu eta ikerketekin (https://www.gogora.euskadi.eus/contenidos/informacion/gogora_dokumentuak/eu_def/Gogora_2025-2028_PLAN_ESTRATEGIKOA.pdf eta 2025eko kudeaketa-planarekin (https://www.gogora.euskadi.eus/contenidos/informacion/gogora_dokumentuak/eu_def/Kudeaketa_Plana_2025.pdf) bat datozen proiektuak. Gehienez ere, 15 puntu. Zehazki, gai hauei buruzko proiektuak:

– Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko eta Identifikatzeko Programari lotutako dokumentalak.

Destakamendu penalak eta langile-batailoiak.

Lehenengo Eusko Jaurlaritza osatu zuten kideak, kargudunak eta funtzionarioak.

Emakumea Babesteko Euskadiko Patronatua (1941-1985).

Sexu- eta genero-aniztasuna frankismoan; zehazki, errepresioa eta ekintza kolektiboa.

Euskal herritarrei eragiten dien Ordena Publikoko Auzitegia, euskal antifrankismoa aztertzeko eta balioan jartzeko.

Eskuin muturreko talde terroristak eta «Gerra Zikina» deiturikoaren lehen fasea.

Ondasun-konfiskazioen eta erantzukizun politikoen jurisdikzioa.

Deportatuak eta nazien kontzentrazio-esparruak.

1936ko kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktima eta lekukoen testigantzen bilketa. Genero-ikuspegidun giza eskubideen urraketa, emakumeek jasandako urraketa-motei arreta berezia jarrita.

– Aztertutako gaiari buruzko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna ematea. Irizpide hau baloratzeko, dokumentalen kasuan orain arte argitaratutako ikus-entzunezko materiala hartuko da kontuan. Gehienez ere, 5 puntu.

Puntuazio handiagoz baloratuko dira proposamenaren berrikuntza-mailari buruzko informazio nahikoa ematen duten proiektuak.

Baloratu beharreko berrikuntzaren adibide gisa, honako hauek aipatu behar dira:

Hautatutako gaiari buruz orain arte argitaratu diren lan gehienek eman ez duten ikuspegi bat izatea.

Gutxiago landu den denbora-tarte kronologiko edo eremu geografiko bat izatea.

Gai bati buruz orain arte jorratu ez diren alderdiak jorratzea, orain arte lekukotzarik eman ez duten edo hainbesteko tokirik izan ez duten kolektiboak agertzea, eta abar.

• Proiektuaren kalitate tekniko eta profesionala. Gehienez ere, 30 puntu.

– Proiektuaren egitura eta baliabide narratiboak. Gehienez ere, 25 puntu. Irizpide horri dagokionez, honako alderdi hauek baloratuko dira, adibide gisa:

Artxiboko irudiak gehitzea, eta birsorkuntzak, ilustrazio animatuak, infografiak eta baliabide grafikoak erabiltzea, dokumentalean islatutako ikuspuntuen aniztasuna (zuzeneko protagonistei egindako elkarrizketak edo haien esku-hartzeak, gaian adituak direnen lekukotzak edo adierazpenak), erritmoa, kontakizuna bizia izatea eta abar.

– Entitate edo pertsona eskatzaileak antzeko proiektuetan izandako ibilbidea. Gehienez ere, 5 puntu. Horri dagokionez, baloratuko da entitate edo pertsona eskatzaileak ikus-entzunezko materiala aurretik argitaratuta izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gerra Zibiletik gaur egunera arteko memoria demokratikoa berreskuratzearen eremuan edo Giza Eskubideen defentsarekin lotutako beste eremu batzuetan.

• Zeharkako politikak. Gehienez ere, 20 puntu.

– Proiektuan euskara erabiltzea eta euskarazko materialak edo material elebidunak sortzea. Gehienez ere, 10 puntu.

– Proiektuan genero-ikuspegia txertatzea. Gehienez ere, 10 puntu.

Ondorio horietarako, proiektuan genero-ikuspegia txertatzeari buruzko azalpen-memorian baloratuko da nola jasotzen den genero-ikuspegia aurkeztutako proiektuetan: aztertutako gaian emakumeen testigantza jasotzen den, arlo jakin batean adituak diren emakumeen balorazioak baliatu diren aurkeztutako lanetan eta beste.

Hala berean, baloratuko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua ote dagoen pertsona juridiko eskatzaileen antolaketa-egituran, eta, era berean, kontratatutako langileen eta pertsona fisiko eskatzaileen genero-berdintasunaren arloko prestakuntza ere baloratuko da.

• Dibulgaziorako gaitasuna – Proiektuaren zabalkundea. Gehienez ere, 20 puntu.

Baloratuko da proiektuaren memorian dibulgazio-plan edo marketin-kanpaina bat sartzea, obraren publizitatea egiteko. Horren barruan, proiektua gizartera hedatzeko jarduketa guztiak bilduko dira, barne hartuta interneteko eta sare sozialetako publizitatea.

Baloratuko da, halaber, elkarte, udal eta entitateekin lankidetzan aritzea, proiektua ezagutarazteko aukera emango duten sinergiak bilatzeko.

Gehienez ere, 100 puntu emango dira guztira.

2.– Dirulaguntza emateko beharrezkoa izango da, aurreko baremoei jarraikiz, gutxienez 50 puntu ateratzea.

15. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Epaimahai Kalifikatzaileak txosten bat egingo du aurkeztutako eskabideen ebaluazioari buruz. Txosten horretan, entitate edo pertsona onuradunen lehentasun-hurrenkera ezarriko da, eta emandako laguntzen zenbatekoa finkatuko da. Proposamena egiteko, proposatutako proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa baloratuko da, oinarri hauetako 5., 6. eta 14. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren.

2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahaiak egindako txostena ikusita, laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean, laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazpen hori, gehienez ere, sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaie interesdunei, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4.– Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak esanbidez ebazteko duen betebeharra ezertan eragotzi gabe.

5.– Erakunde onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregistro Orokorrean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan, https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ eta Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian (www.gardena.euskadi.eus), jende orok jakin dezan.

16. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzek dakartzaten kudeaketa-lanak egitea.

17. artikulua.– Entitate edo pertsona onuradunen betebeharrak.

1.– Entitate eta pertsona onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, entitate onuradunak 10 eguneko epean idatziz uko egiten ez badio.

Dirulaguntza onartuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta hura garatzeko araudia bete beharko dira, bai eta 698/1991 Dekretua ere, edo horren ordezko araua (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena). Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudian xedatutakoa beteko da, aplikatzekoak diren manu guztietan.

2.– Entitate eta pertsona onuradunek bermatu beharko dute diruz laguntzen diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, bai eta 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

3.– Entitate eta pertsona onuradunek zorrozki bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan onuradunei ezarritako betebeharrak.

4.– Entitate eta pertsona onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Deialdi honetako organo kudeatzaileak behar beste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adierazten duen dokumentazioa, baldin eta interesdunek berariaz baimena ukatzen ez badute. Azken kasu horretan, aipatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.– Entitate eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak informaziorik eskatuz gero, entitate onuradunek eman egin beharko diete.

7.– Interesdunak ez daude beharturik administrazio jardulearen esku jada dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak aurkeztera. Administrazio jarduleak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, interesdunak aurka egin ezean. Ezin izango da aurka egin, dokumentua aurkeztea nahitaezkoa denean zehatzeko edo ikuskatzeko ahala egikaritzeko esparruan.

Administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez.

8.– Entitate onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

9.– Diruz lagundutako proiektuetatik sortutako zabalkunde-jardueretan eta argitaratzen diren materialetan, entitate onuradunek sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko dituzte.

10.– Diruz lagundu diren proiektuen finantzaketa publikoaren publizitate egokia egin beharko dute entitate eta pertsona onuradunek, gardentasunari buruzko legedian xedatutakoaren arabera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Beraz, Gogoraren logotipoa jarri beharko da, ondo ikusteko moduan.

11.– Emandako dirulaguntza ebaluatzeko, entitate edo pertsona onuradunek Gogora Institutuari jakinarazi beharko diote zenbat ikustaldi edo ikusle izan dituen, dirulaguntza eman eta hurrengo bi urteetan. Datu horiek justifikazio-memoriaren atal espezifiko batean jaso beharko dira.

12.– Aurreko paragrafoetan jasotako betebeharrak pertsona fisikoen edo juridikoen –nortasunik gabeko pribatu edo publikoen– taldeetako kide bakoitzari aplikatuko zaizkio, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako betearazpen-konpromisoak betez, eta horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez.

13.– Era berean, entitate eta pertsona onuradunek enpresa-deslokalizaziorik ez gauzatzeko konpromisoa adierazteko betebeharra daukate, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluari jarraikiz.

18. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko egiterik aurkeztu ez bada.

b) Bigarren ordainketan, proiektuaren kostu osoa (% 100) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu ondorengo likidaziotik sortzen zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan zehaztutako moduan.

2.– Emandako dirulaguntza ordaindu ahal izateko, entitate eta pertsona onuradunek hirugarrenen altaren agiria aurkeztu beharko dute. Erregistratuta ez badaude edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko bankuko datuak aldatu nahi badituzte, elektronikoki izapidetzera behartuta dauden pertsonek era elektronikoan egin beharko dute, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez, hemen: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

19. artikulua.– Laguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntza justifikatzeko, egindako proiektuaren memoria xehea aurkeztu beharko da, eta proiektuan genero-ikuspegia nola txertatu den adieraziko. Gainera, gastuen eta sarreren balantzea aurkeztu beharko da, bai eta diruz lagundutako proiektua edo programa gauzatzeko egindako gastuen jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak eta laguntzen justifikazioa ere, proiektuaren kostu osoa adierazita (% 100), emandako zenbatekoa eta zati konfinantzatua. 5.– Dirulaguntzaz gain, jarduerak finantzatzeko funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere.

2.– Aipatutako memoriarekin batera, azken produktuaren kopia bat aurkeztu beharko da, dokumentalak zenbat bistaratze edo ikusle izan dituen adierazita. Diruz lagundutako dokumentuaren kopia hurrengo apartatuan ezarritako justifikazio-epearen barruan aurkezten ez bada, justifikatzeko betebeharra ez betetzat joko da.

3.– Justifikazio-agiriak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutura bidali beharko dira 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen.

4.– Artikulu honetan xedatu gabekoari dagokionez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5.– Gogora Institutuaren estatutuen 4. artikuluan jasotzen denez, Gogoraren eginkizunen artean Euskadiko memoria demokratikoaren ondarea zaintzea dago, besteak beste, eta, horretarako, memoria demokratikoari buruzko funts publiko bat sortzea aurreikusten da.

Eginkizun horiek betetzeko, Gogora Institutuak liburutegi espezializatu bat sortu du, zeinaren dokumentu-funtsean jasoko baitira dirulaguntza jaso duten obrak; obra horiek kontserbaziorako, dibulgaziorako, kontsultarako baino ez dira erabiliko. Horiek guztiak irabazi asmorik gabeko erabilerak dira, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluaren babestutakoak, eta ez dute egile-eskubideen titularren baimenik beharko, nahiz eta egileek ordainsaria jasotzeko eskubidea izango duten beren lanen maileguengatik, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 37.2 artikuluan ezarritako baldintzetan.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, betiere xedea betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publikok edo pribatuk emandako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jasotzen badira, edo helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide jasotzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta deialdi honetan onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzen badira, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren eskakizunak bete beharko dira.

3.– Zeinahi arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak eskabidean adierazitako moduan gauzatu ezin badira, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako emandako ebazpenaren bidez.

21. artikulua.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

1.– Ez-betetzetzat joko dira 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututakoak, bai eta honako hauek ere:

a) Justifikazio-betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, 20/2023 Legearen 36. artikuluari jarraituz.

b) Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzea edo hura erdiestea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzea.

c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea dirulaguntzaren xedeari lotutako jokabidea ez hartzea.

d) Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) 20/2023 Legearen 12.5.d), 14.c) eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzea edo kontrol horiei uko egitea.

f) Deialdi honen 17.9 artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

g) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, 20/2023 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

h) Jasotako dirulaguntza, osorik edo zati batean, onartutako jarduera ez den beste baterako erabiltzea, dirulaguntza eman zitzaion proiektuaren arabera.

i) Hautatutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, aldaketok funtsezkoak ez izanik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskabide arrazoitua jaso eta gero.

2.– Entitate onuradunak betetzen ez baditu artikulu honen 1. Atalean ezarritakoak, laguntza emateko ebazpenean agertzen direnak edo deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko dio, osoki edo partzialki, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze-interesarekin batera; horrez gainera, dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio. Hori guztia bideratuko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

3.– Honako irizpide hauek ezartzen dira dirulaguntza emateko ezarritako baldintzen balizko ez-betetzeak mailakatzeko, kasu bakoitzean itzuli beharreko ehunekoekin:

a) Dirulaguntza baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz lortzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

b) Eskabidean jasotako helburuak inola ere ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

c) Eskabidean jasotako helburuak zati batean ez betetzea. Bete ez diren helburuekiko proportzioan.

d) Zabalkunderako neurriak ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 40.

e) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

f) Justifikazioa behar bestekoa ez izatea. Behar bezala justifikatu ez den zatiarekiko proportzioan.

g). Diruz lagundutako dokumentua deialdi honetako 19.2 artikuluan ezarritako epean ez aurkeztea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

h) Onuradun gisa ezarritako beste baldintza batzuk zati batean ez betetzea. Bete gabeko baldintzekiko proportzioan.

Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-printzipioari erantzunez.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Memoria Demokratikorako laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua.

– Helburua: laguntzen eta dirulaguntzen prozedurak aldi guztietan kudeatzea, eta Institutuaren helburu bertsuak dituzten erakundeen eta entitate publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, memoria integratuaren politika publiko bat koordinatzeko.

– Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean gauzatutako eginkizun bat betetzea.

– Hartzaileak:

Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

Gizarte Segurantzako organismoak.

– Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orri honetan kontsulta daiteke Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124400-capa2-eu.shtml

– Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

– 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala