
178. zk., 2026ko irailaren 17a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (144 KB - 3 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3919
138/2026 DEKRETUA, abuztuaren 27koa, Bizkaiko Lurralde Historikoko ikastetxe publiko hauek kentzekoa: Bilboko CEIP Ingeniero Orbegozo Gorostidi HLHI, Getxoko CEIP Larrañazubi HLHI, Bilboko CEIP Tomás Camacho HLHI eta Leioako CEIP Lamiako HLHI.
Hezkuntza funtsezko zerbitzu publikoa da, eta botere publikoei dagokie hura antolatu eta planifikatzea, zeregin horretan Euskal Hezkuntza Sistemaren oinarri diren printzipioekin bat etorriz: kalitatea, ekitatea, inklusioa, efizientzia eta iraunkortasuna.
Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak irakaskuntzako eskumen esklusiboa du, haren hedapen guztian eta maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan.
Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 17. artikuluak ezartzen duenez, ikastetxe publikoak autonomia-erkidegoko Gobernuak edo Gobernu Kontseiluak sortzen edo kentzen ditu, bere eskumenen esparruan.
Euskal Hezkuntza Sistemaren abenduaren 21eko 17/2023 Legeak euskal hezkuntza-sistemaren arau-esparrua taxutzen du, eta ematen dio hezkuntza-administrazioari irakaskuntza planifikatzeko eta ikastetxeen sarea antolatzeko eskumena, horren helburua delarik hezkuntza-eskaintzaren nahikotasuna, oreka ea inklusibitatea eta kalitatea bermatze aldera. Orobat, hauexek ezartzen ditu hezkuntza-sistemaren printzipio gidari: ekitatea, inklusioa, gizarte-kohesioa, iraunkortasuna eta baliabide publikoen erabilera eraginkorra.
Era berean, otsailaren 3ko 21/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituenak eta zenbait aldaketa egin zitzaizkionak otsailaren 28ko 30/2023 Dekretuaren bitartez, hezkuntza-eskaintza eskolatze-beharretara eta demografiaren, gizartearen eta lurraldearen bilakaerara egokitzeko irizpideak ezartzen ditu, baliabide publikoen erabilera eraginkorra eta hezkuntza-eskaintza nahikoa, orekatua eta inklusiboa bermatuz.
Dekretu honen bidez onartzen den neurria hartzerakoan xehetasunez aztertu zen matrikulazioaren bilakaera, bai ukitutako ikastetxeen bai haien eskola-ingurunearen, zehatz erreparatuz ere Euskal Autonomia Erkidegorako uneko demografia- eta eskolatze-prospektibari. Azterketak agerian uzten du eskola-plazen eskariaren beheranzko joera Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan, haren lotura azken urteotako jaiotza-tasaren jaitsierarekin, eta horrek berekin dakarren ondorioa, hezkuntza-eskaintza unean uneko eskolatze-beharretara progresiboki egokitu beharra, alegia. Egokitzapen horren bitartez eragotz daitezke gaineskaintza edo baliabideen azpierabilera, sare publikoaren iraunkortasuna indartu eta hezkuntza-plangintza ikasleen banaketa orekatuago baterantz bideratu, bereziki zaurgarritasun handieneko ikasleen kasuan, ezinbestez bete beharreko baldintza bat gizarte-kohesioa eta hezkuntza-zerbitzu publikoaren izaera inklusiboa bermatzeko.
Dekretu honetan zerrendatzen diren ikastetxeen kentzea hezkuntza-plangintza baten elementu bat da, eskola-mapa garatzeko eta eskola-segregazioa murrizteko politika publikoen bidean. Zonako eskaintzaren berrantolaketa ez da efizientzia- eta iraunkortasun-kontua soilik; haren bidez, plazen gaineskaintzak eragin ditzakeen ondorio segregatzaileak eragotzi egin dira, inguruko ikastetxe publikoen artean ikasleen banaketa orekatua bultzatu eta, bereziki, ikasle zaurgarriak ikastetxe jakinetan kontzentratu daitezen galarazi. Neurri honek, bada, lagungarri bat izan behar du hezkuntza-proiektu publiko sendoak, inklusiboak eta kalitatezkoak finkatzeko, gizarte-kohesioa, bizikidetza positiboa eta aukera-berdintasuna indartzeko modukoak, alegia. Eta, edonola ere, neurri honekin bermatzen da ukitutako ikastetxeetako ikasleek eskolatuta jarraituko dutela inguruko ikastetxe publikoetan, hezkuntza-sarearen antolamendua gidatu behar duten ekitatearen, inklusioaren eta gizarte-kohesioaren printzipioak betez, hartara.
Azaldutakoagatik, Hezkuntzako sailburuaren hala proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2026ko abuztuaren 27an bilkuran eztabaidatuta eta onartuta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da Bizkaiko Lurralde Historikoko Haur eta Lehen Hezkuntzako 4 ikastetxe publiko hauek kentzea:
a) Bilboko CEIP Ingeniero Orbegozo Gorostidi HLHI (014123).
b) Getxoko CEIP Larrañazubi HLHI (014291).
c) Bilboko CEIP Tomas Camacho HLHI (014150).
d) Leioako CEIP Lamiako HLHI (014332).
2. artikulua.– Ondorioak.
Aurreko artikuluan aipatutako ikastetxeen kentzea 2025-2026 ikasturtea amaitutakoan gauzatuko da.
Egun horretatik aurrera, ikastetxe horiei baja emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxeen Erregistroan.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Ikasleak eskolatzea eta baliabideak berrantolatzea.
Hezkuntza Sailak behar diren neurriak hartuko ditu dekretu honen ondorioz kentzen diren ikastetxeetako ikasleek beren hezkuntza-ibilbidea jarraitu dezaten beste ikastetxe publikoetan.
Era berean, neurriaren eraginpeko giza baliabideak, baliabide materialak eta ekonomikoak behar bezala berrantolatzeko jardungo du, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz eta irakasleen zein irakasle ez diren langileen eskubideak bermatuz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, epe hori dekretua argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko abuztuaren 27an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS