
178. zk., 2026ko irailaren 17a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (215 KB - 13 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3918
EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Leioan (Bizkaia) Lamiakoko dartsenan ingurumena berreskuratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzen baita. Proiektua Lamiako Real Estate Holding S.L.k eta beste batzuek sustatu dute.
AURREKARIAK
2025eko abenduaren 12an, Leioako Udalak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Leioan (Bizkaia) Lamiakoko dartsenan ingurumena berreskuratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiten hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Proiektua Lamiako Real Estate Holding S.L.k eta beste batzuek sustatu dute, eta prozedura Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean erregulatuta dago.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2026ko urtarrilaren 30ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen interesdunentzat eta eraginpeko administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.
Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren web-orrian, interesdun orok ingurumenaren-arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin zitzan.
Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 8. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: Ubideratze-obrak, ibilguak eta ibaiertzak babesteko proiektuak eta I. eranskinean sartuta ez dauden ibai-dragatzeak, baldin eta ur-masaren ezaugarri fisikoak aldatzeak ur-masaren edo ibaian beherako beste batzuen egoera edo potentzial ekologikoa honda badezake, edo 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; hala ez den kasuetan, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.
Kontuan hartu dira abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Real Estate Holding S.L.k eta beste batzuek sustatutako proiektuaren (Leioan –Bizkaia– Lamiakoko dartsenan ingurumena berreskuratzeko proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea baldintza hauetan, albo batera utzi gabe Leioako plan orokorra aldatzeko ingurumen-adierazpen estrategikoan Lamiakoko dartsenaren ingururako (17A, 17B, 18A eta 18B eremuak) ezarriko diren azken zehaztapenak, neurriak edo baldintzak:
A) Proiektuaren xedea da Lamiakoko dartsenaren zati batean ingurumena berreskuratzea; zehazki, zanga zabal bat berreskuratuko da padura bezala.
B) Leioan, Lamiakoko dartsenan ingurumena berreskuratzeko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuan jasota dago zanga zabal bat padura moduan berreskuratuko dela, hiri-parke bat sortuko dela padurarik egongo ez den dartsenaren zatian, itsasadarraren eta lehengoratutako gunearen artean iragazkortasun-eremuak sortuko direla eta Gobela ibaiaren ibilgua desbideratu egingo dela azken zatian, itsasoratu baino lehen, padura gisa berreskuratuko den eremuan elkartu dadin.
Proiektua «Lamiakoko dartsenaren inguruko Paisaiaren Ekintza Planaren» (PEP) esparruan kokatzen da. Plan hori 2018ko azarokoa da, eta Leioako Udalak onetsi zuen. PEPn definitutako paisaia-kalitateko helburuen artean, hauek daude proiektu honekin lotuta:
– BI-711 errepidea erabilera publikorako berreskuratzea.
– Dartsenako betelan-materialak kentzea eta paduretako morfologia sortzea.
– BI-711 errepidea iragazkortzea.
– Gobela eta Udondo ibaietako ertzak berreskuratzea.
Eremu hori da Nerbioi itsasadarrean paduretako eta estuarioetako ekosistemak birsortzeko potentziala duen gutxienetakoa bat; urte asko dira industriak eta bizitegi-garapenek eremu hori okupatu zutela.
Proiektuaren ekintzen bitartez, Gobela ibaiaren ibilgua desbideratu egingo da, eta trazadura bihurgunetsua emango zaio, dartsenan dauden betelan antropikoak hondeatu egingo dira, eta konexio berriak irekiko dira Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrarekin, BI-711 errepide zaharraren azpian. Eremuak altuera ezberdinetan sortuko dira: padura baxua (egunen % 75en urpean geldituko da), padura altua (gehienez ere % 30) eta kostaldeko urmael iraunkorra, bakarrik marea biziak daudenean berrituko dena. Gainera, baltsak hondeatuko dira ura bere kabuz araztea errazteko, paduretara iritsi baino lehen.
Dartsenaren goiko partean, Felipe del Rio ibaiaren alboan, erabilera publikorako espazioa sortuko da pasabideekin, behatokiekin, bideekin eta hiri-altzariekin.
Lan horiek egiteko, gutxi gorabehera betelanen 153.000 m3 hondeatu beharko dira, eta Gobela ibairako ibilgu berria sortuko da. Gainera, hiru habitat berreskuratuko dira: padura baxua, ertaina eta altua. Betelanek badute beharrezkoak diren 145.000 m3-ak, eta hiri-parkearen gunea sortuko da bertan, padurarik eta trantsizio-gunerik egongo ez den dartsenaren zatian, hain zuzen ere. Gainerako 7.000 m3-ek kanpo-kudeaketa izango dute.
Drainatze-obretan, alde batetik, itsasoratzeko puntu berriak sortuko dira Gobela ibaiaren eta itsasadarraren artean (OF-3 eta OF-4), eta, beste alde batetik, ibilgu berriak Felipe del Rio kalearekiko izango dituen elkarguneak (OF-1) sortuko dira, eta Gobela ibaiaren ibilgu berria BI-711 errepidearekin elkartuko da tranbiaren garajeen parean (OF-2). Horrela, ibilgu berria Udondorekin komunikatuko da, eta, gero, biak itsasadarrean itsasoratuko dira.
Hidroereiteak gauzatuko dira marea-influentzia duten guneetan. Horretarako, gazitasunarekiko erresistenteak diren landare-espezie belarkarak nahastuko dira, eta, beste alde batetik, mareen eraginik jasaten ez duten guneetan hidroereitea egingo da belardi atlantikoko ohiko hazien nahasketa batekin.
Ibaiertzak bioingeniaritzaren bidez finkatuko dira; alde batetik, horma sinpleko egitura bizia jarriko da erosioa sufritzen duten ibaiertzak sostengatzeko, eta, beste alde batetik, horma bikoitzeko ibaiertzeko egitura bizia jarriko da Nerbioi itsasadarrarekiko konexio-puntu gertukoenetan.
Proiektu osoa egiteko aurreikusitako epea hemezortzi hilabetekoa da; haietatik bederatzi hilabete obrak egiteko izango dira.
Aukerei dagokienez, 0. aukera aurkeztu da, hau da, proiektua ez gauzatzearena, eta, horrez gain, proiektua gauzatzeko beste bi aukera ere bai.
0. aukera baztertu egin da. Izan ere, proiektatutako jarduketa egitea beharrezkoa da balio ekologiko altua duten ekosistemak berreskuratzeko, hala nola padurak, paduretako ertzak, Gobela ibaiaren jatorrizko trazadura eta gune horretako erabilera publikoko berdeguneak. Era berean, ez dator bat planekin eta kudeaketa-estrategiekin. Aukera horrek ez luke sortuko onurarik ingurumenean, paisaian ezta gizartean.
Lehenengo aukerak berdegune bat proposatzen du oinezkoen bideentzako iparraldean eta padura berreskuratzea hegoaldeko zatian, erabilera publikoa eta ingurumen-hobekuntza konbinatuz. Gobela ibaia trazadura zuzenarekin diseinatu da, konexiorik gabe iparraldeko urmaelen eta paduraren artean. Landaredia txandakako bandetan antolatu da: sahatsak, ihitokiak, lezkadiak eta espezie halofitoak, ibilguaren eta kostaldeko zenbait urmael iraunkorren artean.
Bigarren aukera da hautatu dena eta aurretik deskribatutakoa.
Aukera bien zailtasun teknikoa eta obra-inpaktua antzekoak dira, baita kostua ere. Era berean, erabilera publikorako gune bat dute, antzeko tamainako parkeekin eta berdeguneekin. Hala eta guztiz ere, azkenik hautatu den bigarren aukeraren diseinua bokale natural baten antzekoagoa da: bihurgunetsua, malda oso gutxikoa, eta bandetan gune linealekin. Landaredia-zangak ordezkatzen ditu padura baxu eta altuekin, baina paduren azalerak eta marea-lohiak zabalduz; habitat horiek gutxi daude Nerbioi itsasadarrean, eta balio ekologiko handia dute. Gainera, pasabide altua kentzeak efektu positiboak izango ditu hegazti-faunan.
2.– Proiektuaren kokalekua.
Proiektuaren eremua Leioa udal-mugartean dago, Lamiakoko dartsenan, eta Nerbioi itsasadarrean paduretako eta estuarioetako ekosistemak birsortzeko potentziala duten eremu gutxienetako bat da; historikoki industriak eta bizitegi-garapenek okupatutako lekua da. Iparraldean, metropoliko trenbidearen linea dago; ekialdean, Udondo itsasadarra; hegoaldean, Ibaizabal-Nerbioi itsasadarra, eta, mendebaldean Lamiakoko industria-eremua.
Eremuan ez dago Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babesturik, ez naturagune babesturik, ez eta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako gunerik ere. Era berean, ez dago EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako azpiegitura berdean sartutako natura-guneen katalogoetako beste espaziorik, ez bilbe berdeko edo urdineko elementurik, ez korridore ekologikorik, ez eta onura publikoko mendirik ere.
Eremua EAEko hezeguneen inbentarioan katalogatutako hezeguneen barnean dago, 3. taldean, A1B6_01 kodearekin.
Proiektua Ibaizabalgo unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan. Ibilgu nagusiak Nerbioi-Ibaizabal dira hegoaldean eta bere Gobela ibaiaren ibaiadarra, Lamiakoko ibarraren eta metroaren trazaduraren artean igarotzen dena. Udondoren itsasadarrak bere urak Gobelarekin batzen ditu itsasadarrean itsasoratu baino metro batzuk lehenago. Marea-influentzia dela-eta, Gobelaren ibilguaren itsasoaren eta lurraren arteko jabari publikoa (ILJP) kontuan hartu behar da proiektuaren eremutik igarotzen den lekuan. Lamiakoko ibarraren zati handi bat ILJPren babes-zortasunaren gunean dago.
Zuzenduko den Gobela ibilguaren tartea gaur egun oso kanalizatuta dago, eta zedarrituta dago Bilboko metroaren trazaduraren eta Felipe del Rio kalearen iparraldeko urbanizatutako gunearen artean. Ibaiertzeko landarediarekin lotuta, azpimarratzekoa da dentsitate urria duela eta habitatarekin bat ez datozen espezieak daudela, batzuk, gainera, inbaditzaileak.
Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Hegoaldeko Antiklinorioa lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006), eta, 2024an, bere egoera orokorra «ona» zen. Akuiferoen kutsadura-kalteberatasunari dagokionez, eremuak «ez dauka ageriko kalteberatasunik» eta «kalteberatasun txikia» dauka.
Eremuko litologia gehiena oso iragazkortasun txikia duten estuario-lokatzek osatzen dute, eta, azalera txikiagoan, iragazkortasun handia duten antropogeno-metaketak daude. Ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko punturik edo lekurik.
Landarediaren ikuspegitik eta EUNIS habitaten (geoEuskadi) kartografiarekin bat etorriz, eremua «paduretako landaredia» seriearekin bat dator, baina gaur egun dagoen landaredia abandonatutako larreek osatzen dute, erruderal-espezieekin, eta jatorrizko landarediko ale isolatuak ere badaude. Eremu horretan, ez da identifikatu Batasunaren Intereseko Habitatik (BIH), baina aztertu den gunean badaude 1130 estuarioak, Batasunaren intereseko itsas habitat gisa katalogatuta daudenak. Eremu horretan, landare-espezie inbaditzaileak daude finkatuta, besteak beste, panpa-lezkak (Cortaderia selloana), Spartina patens, Baccharis halimifolia eta Paspalum vaginatum.
Proiektuaren ezarpen-eremua bat dator bisoi europarraren «hobetzeko tarteekin», Bizkaiko Lurralde Historikoan espezie horren kudeaketa-planak xedatutakoarekin bat etorriz.
Paisaiari dagokionez, aztertu den eremua Bilbo Metropoliko Eremu Funtzionalaren Paisaia Katalogoko «Eskuinaldea» Paisaia Unitatean lokalizatzen da, Lamiakoko 05-a paisaia-interes bereziko eremuaren barnean. Unitateko paisaia-kalitatea ertaina da, eta hauskortasuna baxua. Inguruan, industrialdeak daude, eta, metropoliko planaren arabera, «elementu antropikoak dira paisaian eragin negatiboekin», hegoaldean ez ezik, itsasadarra baitago bertan.
Proiektuak ez die eragiten eremuan dauden elementu arkeologikoei ezta arkitektonikoei ere. Eremuaren hegoaldean, Udondo edo Isabel II.aren zubia dago. Balio kulturalak ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko galdaketa-zubi bakarra da. Kultura-intereseko ondasuna izanik, eremu horretan proiektatuko diren etorkizuneko jarduketek elementu hori eta bere balioak errespetatu behar dituzte, eta egitura-integritatea mantendu egin behar da.
Beste alde batetik, proiektua ez dator bat paduraren gunean «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurren inbentarioan» jasotako kokapenekin. Hala eta guztiz ere, trenbide-sarearen eta Felipe del Rio kalearen artean 48054-00035, 48054-00036 eta 48054-00127 kodeak dituzten inbentarioa egindako lurzoruak daude.
Ingurumen-arriskuen arloan, eremu horretan ez dago akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun altuko eremurik, eta ez dago interes hidrogeologikoko guneetan kokatuta ezta ere. Baztertu egin dira, baita ere, baso-suteei eta arrisku sismikoei lotutako arrisku handiak.
Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuen kartografiarekin bat etorriz, eremuak mugakide ditu 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholdeak; gainera, mugakide ditu ARPSI Bilbao-Erandio uholdeak gertatzeko arrisku potentzial handiko eremua (ES017-BIZ-IBA-01 kodea) eta Ibaizabalen lehentasunezko fluxu-gunea.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu potentzialak obretan gertatuko lirateke. Proiektuan zehar obrak egingo dira itsasadarraren ertzetan, lanak egingo dira itsasoaren eta lurraren arteko jabari publikoan, lurrak mugituko dira, makinak ibiliko dira atzera eta aurrera eta abar. Horrenbestez, gainazaleko uren kalitatea kaltetu ahal izango da esekitako solidoekin, olioekin, gantzekin eta abarrekin, lurpeko lurzoruen eta uren kalitatea kaltetu ahalko da istripuz egindako isuriekin, eta herritarrek enbarazuak jasan ahalko dituzte isuri atmosferikoak eta akustikoak direla-eta.
Hondeaketa-lanetan padura lehortzeko eta Gobela ibaia desbideratzeko egin ziren betelan gehienak kendu egingo dira. Ingurumen-dokumentuan adierazitakoarekin jarraituz, morfologia aldatzen den arren, proiektuaren azken emaitzak inpaktu positiboak sortuko ditu.
Kenduko diren betegarriak ez daude «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurren inbentarioan» jasota. Hala eta guztiz ere, sustatzaileak bidalitako informazioarekin bat etorriz, betegarri horiek kendu baino lehen, beren ezaugarriak aztertu behar dira. Izan ere, industria-eremu batekoak direnez, ziurrenik obra-hondakinak, zepak eta obra-lurrak izango dituzte kutsadura posiblearekin. Kasu horretan, ebaluatu eta tratatu egingo dira kendu eta gero. Horretarako, lurzoru-laginak egingo dira betegarrien ezaugarriak sailkatu eta kutsadura posiblea ebaluatzeko eta, indarreko legeria betez, lurzoruaren deklarazioa eskuratzeko.
Ustiapen-fasean, baliteke uraren kalitatea aldi batean kaltetzea jalkinak mugitzeagatik sistemak bere oreka naturala berreskuratu arte. Inpaktu hori bateragarria izango da egoera doitu artean eta positiboa bukatzen denean.
Proiektuak inpaktu positiboa sortuko du inguru biotikoaren ikuspegitik (tokiko landaredia eta Batasunaren intereseko habitatak berreskuratuko dira), hiri-paisaiarako ere bai (narriatutako gunea berreskuratuko da) eta sozioekonomiarako baita ere (gune berde handi bat sortuko da hiri-bilbeari konektatuta, eta biztanleentzako aisialdia ahalbidetuko du).
Bigarrena.– Ebazpen honetan babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumeneko jarraipen-kontrolak ezarri dira ekiditeko proiektuak kontrako efektu nabarmenak sortzea ingurumenean, eta beharrezkoa ez izateko Leioako Lamiakoko dartsenaren ingurumena berreskuratzeko proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta izatea, albo batera utzi gabe Leioako plan orokorraren aldaketaren ingurumen-deklarazio estrategikoak Lamiakoko dartsenaren ingururako ezarritakoak (17A, 17B, 18A eta 18B eremuak).
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.
Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.
Atal hauetan adierazitako ingurumen-neurriak gehitu beharko dira:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
– Obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira tokiko zuhaitz-aleak eta babestutako flora-espezieak, behar-beharrezkoa ez denean haiek moztea edo sastrakak garbitzea obrak egiteko. Jarduketa-eremuan, Juncus acutus espeziea dago. Babestutako flora-espeziea da, eta kategoria arraroa du, Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoaren arabera. Espezie hori edo intereseko florako beste espezie batzuk detektatzen baldin badira, neurriak ezarriko dira haiek kaltetu ez daitezen. Lehentasunez, in situ mantenduko dira, eta, hori egitea posible ez denean, aurreikusitako lur-mugimenduekin bat etorriko direlako, eremuko beste leku batera eramango dira, baldin eta leku horiek landareek bizirauteko baldintzak betetzen badituzte. Bestela, haztegietara eramango dira, eta, obrak bukatzen direnean, lehengoratze-lanetan erabiliko dira. Edonola ere, jarduketa horiek guztiak baimendu beharko ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren baso-fauna eta -flora kudeatzeko eskuduna den erakundeak, eta egokitzat jotzen diren neurriak aplikatuko dira.
– Espezie exotiko inbaditzaile horiek eskuz kenduko dira jarduketa-eremutik, eta debekatuta egongo da pestizidak, fungizidak eta fitozidak erabiltzea.
– Makinak sartu baino lehen, langile espezializatuek ibilbide sistematikoak egingo dituzte faunarentzat interesekoak diren lekuak detektatzeko (habiak, lo egiteko eta atseden hartzeko lekuak eta abar), eta eskuduna den ingurumen-organismoari jakinaraziko diote baten bat aurkituz gero. Obrak egin bitartean babestutako espezieak edo espezie horien jarduera-zantzuak aurkituz gero, obrak gelditu egingo dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunari komunikatuko zaio.
– Lanak hasi baino lehen, behin betiko kronograma ezarriko da, eta, edonola ere, ekidin egingo dira hegazti-faunako espezie babestuen aldi sentikorrak jarduketa-zonan, haien presentzia baieztatzen bada.
– Egiaztatuko da ea lehortuko den Gobela ibaiaren tartean uretako faunarik ote dagoen. Fauna iktiologikoan adituak diren langile teknikoak bertan egongo dira, eta, beharrezkoa balitz, zehaztuko dute ea aleak lekuz aldatu behar diren. Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunak aleak beste gune batera eramateko baimena eman beharko du.
– Obrak egiteko ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ohiko ibilguekiko ezartzen dituzten gutxieneko distantziak eta mugak errespetatuko dira. Horretaz gain, eremuan balizak jarriko dira ibaiertzeko landaredia ez kaltetzeko. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Eremu horietatik kanpo ustekabeko kalterik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
– Uraren Euskal Agentziak emandako informazioaren arabera, aurreikusi diren drainatze-obrak bat etorriko dira Gobela itsasadarraren ibilguak eta Ibaizabalen itsasadarrak bat egiten duten lekuekin eta Felipe del Rio kalearen eta BI-711 errepidearen arteko ibilgu berriaren bat etortzeko lekuekin, eta honela egingo dira:
• Mareen eraginik jasaten ez duen zatitik eraisketak egingo dira, alde «bustiaren» edo mareen eraginpeko aldearen metro bateko distantziara iritsi arte. Leku horretan, hondar-zakuz egindako behin-behineko hesi bat jarriko da, eta ponpaketa-sistemak egongo dira ura iragazteko. Modu horretan, lehorrean lan egin ahal izango da, eta itsasadarrean esekitako solidoak gehitzea ekidingo da.
• Aurrez fabrikatutako markoak jarriko dira pixkanaka, eraisketa-lanetan aurrera egiten den heinean.
• Zerbitzuak eta bideak birjartzea, hala badagokio.
– Eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horrekin lotuta, ingurumen-dokumentuan adierazi denarekin bat etorriz, sedimentuei eusteko sistemak instalatuko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko.
Tratamendu-sistemak aldian-aldian ikuskatuko dira, bai eta eurite handiak direnean ere, edukiera erabilgarria nahikoa izan dadin une oro, eta, hartara, tratamendu-sistemaren errendimendua ahalik eta onena izan dadin. Sistema horien funtzionamendua efikaza ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urik lurrazaleko ur-ibilguetara irits ez dadin.
– Lanak egin bitartean uraren mailatik behera hondeatzen diren materialak ibilguaren zati lehorrean utziko dira aldi baterako –edo berariaz diseinatutako instalazioetan–, harik eta helmugara garraiatzeko eta han onartzeko hezetasun-mailara iritsi arte.
– Obra-makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.
– Materialen behin-behineko pilaketak leku seguruetan jarri beharko dira, urak arrastatzeko arriskurik gabe.
– Obretan hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura (biribilki modukoa, material pikortatua eta abar), istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.
– Obren eraginez soildutako lurren landareztatze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-dokumentuan adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.
– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inolaz ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibai-ibilgura isurtzerik. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.
– Ez dago aurreikusita itsas eremuan garrantzia fisikoa izango duen jarduketa-proposamenik ezartzea, baina trantsizio-urekin mugakidea den jarduketa bat da, eta ur horiek azkenean itsas urekin konektatzen dira. Horrenbestez, kasua balitz, hauek kontuan hartu beharko dira:
• Kutsadura prebenitzea obretan eta ustiapen-fasean zehar itsas ingurura hondakinak isuri edo arrastatzeagatik. Horretarako, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintza plana definituko dira.
• Substantzia kutsatzaileak kontrolatzea betelanen materialetan eta sedimentuetan.
• Ipar Atlantikoko Demarkazioaren Itsas Estrategiarekin bateragarria ote denaren txostena eskatzea (Itsas ingurunea babesteko abenduaren 29ko 41/2010 Legearen 3.3 artikuluarekin eta martxoaren 29ko 218/2022 Errege Dekretuak aldatutako otsailaren 22ko 79/2019 Errege Dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz), baldin eta proiektuaren ondorioz beharrezkoa baldin bada itsas inguruan obrak egitea.
– Edonola ere, jabari publikoko lursailei eragiten dieten obrek LIJPren okupazioko administrazio-titulua izan beharko dute, Kostaldeen Legearen 31. artikulua betez.
Gainera, jarduketak baimendu baino lehen, eta Kostaldeen Arautegi Orokorraren 85. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz, beharrezkoa izango da dokumentazioa osatzea, besteak beste, hauekin:
• Kostaldeko dinamikaren oinarrizko azterlana, 93. artikulua betez.
• Klima-aldaketaren efektuen ebaluazioa, 92. artikulua betez.
Halaber, padura sortu eta gero, etorkizuneko emakidak gaur egun LIJP gisa mugatuta dauden lursailak eta padura berriaren ondorioz urpean geratuko diren lursailak barne hartu beharko ditu.
Gobelaren egungo ibilguaren LIJPren ezaugarriak aldatzeko proposamena babestu egin beharko dute EAEko Kostaldeen Demarkazioaren organo eskudunak eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiak, kostaldeen araudian xedatutakoarekin bat etorriz.
Kutsatutako lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak:
– Proiektuaren beste gune batzuetan lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero obrak egin bitartean, horren berri eman beharko zaie, berehala, Leioako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, azken horrek zehaztu dezan zer neurri hartu behar diren eta zer pertsona fisikok edo juridikok ezarri behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat etorriz.
Hauts-emisioak murrizteko neurriak.
– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egin beharko da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eraginpeko ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, inguruko etxebizitzen inguruetan. Bideak, ahal dela, eskuz edo erratz-makinen bidez garbituko dira. Ahal den neurrian, ez da urik erabiliko, ibaira isurtzen diren solido-karga handiko itsasadarrean jariatze-urak sortzea saihesteko.
– Ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira obra-guneen irteeran, ahal dela, zirkuitu itxikoak. Gailu horiek egoera onean mantenduko dira obra-fase osoan zehar.
– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.
Zarataren eta bibrazioen efektuak murrizteko neurriak.
– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Udalak aukera izango du baimentzeko udal-eskumeneko eremu akustikoetan aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak behin-behinean etetea, edo bere eskumeneko interes publikoko obrak, proiekzio sozialeko, kulturaleko, kiroleko, erlijiosoko edo antzeko ekimenak egingo direlako. Hala ere, aurretiaz intzidentzia akustikoa baloratu eta gero, neurriak aurreikusi beharko ditu herritarrengan ahalik eta arazo gutxien sortzeko, eta eraginpekoei jakinarazi beharko die etete horrek zenbat denbora iraungo duen eta berau arrazoitzen duten inguruabarrak zein diren.
– Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Azterketan analizatu beharko da zuzenketa-neurriak aplikatuz zer onura akustiko lortzea espero den, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta haren edukia eraginpeko udalerriari jakinarazi beharko zaio.
– Bestalde, proiektua garatzean, obraren afekzio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa alde batera utzi gabe, betiere.
– Egunez bakarrik egingo da lan.
Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak:
– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan sortutako hondakinak Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatu behar dira.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.
– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Aurkeztu den dokumentazio teknikoaren arabera, lur- eta harri-soberakinak sortuko direla aurreikusten da. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan ezabatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betegarrietan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.
– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira. Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
– Udondo zubian kalterik ez sortzeko prebentzio-neurriak ezarriko dira –deklaratu gabeko ondasun berezia da, eta ondare-balio eta balio historiko garrantzitsuak ditu– Udondo ibaiaren ibilgua aldatu egingo delako eta marea-dinamikak eta fluxu hidraulikoak berriak izango direlako edo sedimentuak aldatu egingo direlako eta egituraren egonkortasunari, inguruko baldintza fisikoei edo paisaia-hautemateari eragin ahalko lieketelako. Gainera, neurriak ezarri beharko dira kultura-ondasun horiek eta inguruko baldintzak gutxitzea ekiditeko.
– Kontuan hartuko da balioa duten eraikinen bolumenak eta kanpoko irudiak kontserbatzea, baita ere Dow Chemical Ibérica S.L. industria-multzoko antzinako bulegoen eraikina, eta toki-mailako babeseko katalogoan sartuko dira.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio hori Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Zuzendaritza Nagusiari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak:
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak bidalitako txosteneko neurriekin bat etorriz, lehengoratze-lanak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenarekin bat etorriz egingo dira. Haietaz gain, hauek ere beteko dira:
• Gomendatzen da Gobela ibaiaren inguruan berriro landatuko den azalera handitzea aztertu den eremuko ipar-mendebaldean. Hala, ibilguan zehar aurreikusi dena baino zabalera handiagoa duen ibaiertzeko baso-zanga bat ezarriko da. Ahal dela, bost metro izango ditu.
• Era berean, gomendatzen da landaketak proiektatzea Udondo ibaiaren bokalearen alde bietan, zehazki, padura-gunearen eta uholde-arriskurik ez duen gunearen trantsizio-ezpondetan; gaur egun, bakarrik hidroereiteak planteatu dira bertan.
• Zuzena da paduraren eta parkearen arteko trantsizio-gunean artadi kantauriarra landatzea, baina proposatutako banaketak (zuhaiztiak) irisgarritasun handiagoa ematen dio paduraren guneari. Paduraren funtzionaltasun ekologiko handiagoa ahalbidetzeko, egokitzat jotzen da artadia edo ibaiertzeko zuhaixka halofiloak landareak indartzea eta jarraitutasuna ematea, modu horretan landare-pantaila gisa jardungo duelako bi zonen artean eta zaildu egingo duelako padurara sartu ahal izatea horretarako gaituko diren lekuetan.
• Erabilera publikorako eta dartsenaren irisgarritasuna hobetzeko gaituko diren bideak gertuago daude itsas eta lurreko jabari publikoko zonaren mugatik, eta, beraz, oso gertu daude padura altuko zonatik. Gomendatzen da bide horien trazadura berriro aztertzea eta paduretako eta estuarioko habitatetik urruntzea, modu horretan espazioa elikatzeko edo babesteko erabiliko duten fauna-aleei ahalik eta enbarazurik gutxien sortzeko. Gomendatzen dugu bideak landarediaren atalean aipatu dugun landare-pantailaren atzetik igaro daitezela.
• Landare-pantaila horri dagokionez, bere kokapenak lagunduko du hezegunea umealdietan edo babesteko erabiltzen duten animaliei kalterik ez sortzen. Guneari erabilera publikoa eman nahi zaionez, interesgarria da padurara sartzeko mugatutako leku bat gaitzea, fauna ikusteko behatoki bat jartzeko.
– Obrak ukitzen dituen eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta, aurkeztutako leheneratze-proiektuan agertu ez arren, obrak bukatzean kaltetuta daudenetan ere.
– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko kontrol-neurriak ezarriko dira. Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan koka litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo dira jarduketa-eremuetatik.
– Lur-mugimenduek irauten duten artean, landare-lurrari dagozkion horizonteak modu selektiboan kenduko dira, eta landare-lurra bereizita metatu eta zabalduko da, eragina pairatu duten eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera. Lehengoratzean ez dira erabiliko flora inbaditzaileko espezieekin kutsatuta egon litezkeen lurrak, jatorria obran bertan edo kanpoan izatea gorabehera.
– Obra kontratatzeko baldintza-agirian eta aurrekontuetan, behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira proposatutako landareztatzeak behar bezala beteko direla bermatzeko.
Garbiketa-lanak eta obra bukatzea.
Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginpean egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honetan xedatzen dena aplikatuko da.
Ingurumen-aholkularitza.
Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.
Ingurumen-aholkulariek, gainera, obra egiteko jardunbide egokiak baliatzen diren begiratuko dute. Besteak beste, proiektuaren ekintzen efektua aztertuko dute, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, isurtzeak, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.
Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta adierazitako kontrolak ezartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak kalte nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Lamiako Real Estate Holding S.L.k eta beste batzuek sustatutako Lamiakoko (Leioa) dartsenan ingurumena berreskuratzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Leioako Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 13a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS