Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2026ko irailaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3917

EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatu baita Arrasateko AE 13 Garaia plan partzialaren 5. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2026ko maiatzaren 20an, Arrasateko Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko gai honi buruz: «Arrasateko AE 13 Garaia plan partzialaren 5. aldaketa puntuala» (aurrerantzean, plana). Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko ekainaren 1ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen planak, programak eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluko kasuetan sartuta dago –bertan, ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten planak eta programak ezarri dira; zehazki, hau dio a) letran: «Aurreko zenbakian aipatutako planen eta programen aldaketa txikiak»–; halaber, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskineko 2. zenbakiko kasuetan ere sartuta dago. Izan ere, II.A eranskineko planen eta programen aldaketa txikiak bilduta ditu zenbaki horrek, II.G eranskineko aldaketa txikien definizioaren arabera.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legeak II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian xedatutako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertu da ea planak efektu nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira abenduaren 9ko 10/2021 Legea EAEko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Gauzak horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Arrasateko AE 13 Garaia plan partzialaren 5. aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian ezarritako baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

AE 13 Garaia hirigintza-eremuak (lehen AE 18 Garaia izena zuenak) 440.499 m2-ko azalera dauka, eta Arrasateko hirigunearen mendebaldean kokatuta dago, Uribarri auzoan, Garagartza auzorako irteeraren alboan eta Udalaitz mendiaren hegaletan. Arrasateko hiri-antolamenduko plan orokorrean (aurrerantzean, HAPO) lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dago, eta jarduera ekonomiko/teknologia-parke kalifikatuta. Hauek ditu mugakide fisiko: Arrasatetik Aramaiora doan GI-2620 errepidea, AE 14 Mendibarren eta AE 15 Gautxori, Uruburu, Uribarri, Makulete eta Ibarreta hirigintza-eremuak, eta eremuaren mugaketatik kanpo urbanizaezin gisa sailkatuta mantentzen diren gainerako landa-lurzoruak.

AE 18 Garaia (gaur egun AE 13 Garaia izenekoa) eremuaren plan partziala Arrasateko Udalak onetsi zuen 2003ko ekainaren 3an, eta eremua xehetasunez antolatu zuen Arrasateko hiri-garapenean integratutako okupazio-eredu kohesibo baten bitartez, teknologia berriak txertatzea sustatzeko eta industria-sarearen lehiakortasuna bultzatzeko. Dokumentu hori oinarri bihurtu da eremuaren hirigintza egikaritzeko, egungo egoerara iritsi arte. Plan partziala onetsi zenetik, azken urteotan lau aldaketa egin zaizkio (plan partzialaren 1. aldaketa 2013an, plan partzialaren 2. aldaketa 2019an, plan partzialaren 3. aldaketa 2021ean, eta plan partzialaren 4. aldaketa puntuala 2024an), eta zazpi xehetasun-azterlan onetsi dira.

Arrasateko Udalbatzak, 2016ko martxoaren 22ko osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen HAPOren berrikuspena (2016ko maiatzaren 31ko GAO, 102. zk.), eta eremu horri AE 13 Garaia izena jarri zitzaion berriro, 2013ko plan partzialaren aldaketaren antolamendua sendotuta.

Beheko tauletan, AE 13 Garaia eremuko lurzatiak, zonakatze xehatua eta indarrean dagoen plangintzaren eraikigarritasunak jaso dira: (Ikus I. eranskina).

Gaur egun, Garaiak garapen hasiberria du teknologia-parke gisa: 59 enpresa, bi zentro teknologiko eta unibertsitate zentro bat dauzka, 5.500 ikasle unibertsitario eta 10.500 bisitari urtean.

AE 13 Garaiako 1. TP (1. teknologia-parkea) lurzatian eduki teknologiko handiko enpresa berri bat ezartzeko aukeraren aurrean, haren garapena bideraezina denez egungo hirigintza-baldintzekin, 2003ko ekaineko plan partzialaren 5. aldaketa puntuala mahaigaineratu da, helburu hauekin:

– Garaiako eremuaren goialdea berrantolatzea, 1. TP lurzatiaren azalera handituz, baina, horren truke, 11. TP lurzatia desagerraraziz eta 9. TP lurzatiaren azalera murriztuz, eduki teknologiko handiko jarduera berri bat ezarri ahal izateko.

– Eremuko mugikortasun-eredua zuzentzea, bide-sarea benetako eskarira egokitzeko, oraindik eraiki ez diren bideak kenduz, premiagabekoak baitira gaur egungo garapen-aurreikuspenetarako: Ibarretatik GI-2620 errepidearekin eta Udala auzora GI-3551 errepidearekin lotzen diren bideak eta 1. TP lurzatiaren alboko goialdean xedatutako bide berria.

– Eremuaren goialdean xedatutako eraikigarritasuna modu koherentean murriztea proposatutako antolamendu berriarekin, lurzati horietan xedatutako jardueretarako egokiago, indarrean dagoen eraikigarritasuna gehiegizkoa delako, eta konpentsazio gisa proposatutako bideak kentzetik eratorritako kargak murrizteagatik.

– Teknologia-parkearen (TP) lurzatietan «unibertsitaterako, bere erakundeetarako eta bertan instalatutako enpresetarako zerbitzu-erabilerak» ezartzeko aukera lehengoratzea, erabilerok baimenduta baitaude jatorrizko plan partzialean eta Arrasateko HAPOan eta hutsegitez ezabatuta plan partzialaren 4. aldaketa puntualean.

– Orain arte onetsitako aldaketa puntualak bateratuko dituen hirigintza-arauen dokumentu bat idaztea, plan partzialari koherentzia, argitasun eta kontsultarako erraztasun handiagoa emateko.

Planaren bidez, aldaketa hauek proposatu dira indarrean dagoen AE 13 Garaia plan partzialean:

– Eremuaren goialdea berrantolatzea:

Goialdearen antolamendua aldatu da, eta 1. TP, 9. TP eta 11. TP lurzatiei eragiten die.

1. TP lurzatian eduki teknologiko handiko jarduera berri bat xedatu bezala ezarri ahal izateko, eremu horretan xedatutako antolamendua egokitu behar da. Alde batetik, inguruan eraikitzeko xedatu zen bidea baztertu da, eta, bestetik, 1. TP lurzatiaren tamaina handitu da, baina, horren truke, 11. TP lurzatia desagerraraziz eta 9. TP lurzatiaren tamaina murriztuz.

Teknologia-parkerako erabilera duten lurzatien azalera osoa mantendu da, nahiz eta doikuntzak egin diren plan partzialaren aldaketa puntual honen eraginpeko lurzatien azaleran. Taula honetan, laburbilduta geratu da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

– Eraikigarritasuna murriztea:

Eremuaren goialdea berrantolatzearen ondorioz, antolatutako gehieneko eraikigarritasuna murriztu da, gaur egun plan partzialean xedatutako eraikigarritasuna gehiegizkoa delako lurzati horietan ezarriko diren jardueren benetako beharrizanetarako. Eraikigarritasunaren murrizketa hori Arrasateko HAPOk ezarritako sektorearen eraikigarritasun orokorraren barruan gertatu da.

Beheko taulak proposatu den eraikigarritasun-murrizketa islatzen du: (Ikus I. eranskina).

– Beharrezkoak ez diren bide publikoak kentzea.

Oraindik eraiki diren bide publikoak baztertu dira, gaur egun xedatutako garapen berrien arabera beharrezkoak ez direla iritzita. GI-2620 errepidearekin (Ibarretatik) eta GI-3551 errepidearekin (Udala auzoarekin) lotzen den bidea kendu da, bai eta eremuaren goialdean 1. TP lurzatiaren alboan xedatutako bide berria ere.

Zonakatze xehatua doitu da, eta sistema orokor gisa Arrasateko HAPOn halakotzat jotakoak bakarrik ezarri dira.

Beheko taulak bide publikoen azaleretan izandako aldaketak islatzen ditu:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

– Berdeguneen gehikuntza.

Oraindik eraiki gabe dauden bide publikoak kentzean, eta berdegune izatera igaroko direnez, espazio libreak eta berdeguneak 11.704 m2 gehituko dira, eta horrek gaur egun dauden zuhaitzak mantentzea eta kontserbatzea bermatuko du.

– 4. ESLI lurzatiaren birkonfigurazioa (4. ekipamendu soziala-lanekoa-irakaskuntzakoa).

Udala auzora doan GI-3551 errepidearekin lotzeko bidea kentzean, 3. ESLI ekipamendu publikoko lurzatia sarbiderik gabe geratuko da, eta birkokatu egin beharko da. Udal-zerbitzuen eskariz, 4. ESLI ekipamenduko lurzatiaren segida-segidan kokatzea proposatu da, bertara GI-3551 errepidetik eta 3. TP nahiz 4. TP lurzatiei zerbitzua ematen dien bidetik sartzea bermatuta.

– TP lurzatietako erabileren erregulazioa aldatzea.

Aldaketa puntual hau aprobetxatuko da teknologia-parkea (TP) erabilera duten lurzatietan baimendutako erabileren erregulazioa doitzeko; horretarako, «unibertsitaterako, bere erakundeetarako eta bertan instalatutako enpresetarako zerbitzu-erabilerak» txertatuko dira, hasiera batean indarreko plan partzialean eta Arrasateko HAPOn xedatuta zeudenak.

Jarraian, planean proposatutako antolamendu berriaren xehetasunak jaso dira: (Ikus II. eranskina)

Plana garatzeko, plan partziala aldatzetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzea xedatu da, hots, urbanizazio-obra osagarriak; izan ere, antolamenduan oraindik eraiki gabe dauden bideak baztertzean, urbanizazio publikoan jarduketa txikiak egitea baino ez da faltako, lurzati pribatuei zerbitzu guztiak emateko. Urbanizazio-obra hauek xedatu dira:

– Biribilgune moduko bat gaituko da 1. TP eta 9. TP lurzatietara sartzeko.

– 1. TP eta 9. TP lurzatietarako harguneak gauzatzea, ur-hornidurako sareetarako eta euri- nahiz hondakin-uren saneamendurako sareetarako. Bi lurzatietarako bi zaborgune ere xedatu dira.

– Telekomunikazioen, energia elektrikoaren eta argiteria publikoaren sarera konektatzeko kutxatilak ipiniko dira 1. TP eta 9. TP lurzatietan, eta haietara konektatuko dira.

– Gas-harguneak 1. TP eta 9. TP lurzatietan utziko dira, egungo bidean dagoen saretik.

– Etxebizitzetarako sarbidea hobetuko da, 1. TP lurzatiaren ertzeko bidearen ondoan dagoen 1 m-ko zabalera antolatuko zerrenda osoari akabera emanez.

– 10. TP lurzatian dagoen sarbide antolatuko pasabidea gauzatuko da lurzati hori garatzen denean.

Aztertutako alternatibak.

Ingurumen-dokumentuak bi alternatiba aurkeztu ditu: 0. alternatiba edo «ez esku hartzekoa» eta alternatiba bat (1. alternatiba). 0. alternatiba baztertu egin da efizientea ez izateagatik, beharrezkoak ez diren eta benetako eskarira egokitzen ez diren urbanizazio-aurreikuspenak mantentzen direlako, kontserbatzea justifikatzen duten ingurumen-onurarik ekarri gabe.

1. alternatiba, arestian zehaztutakoarekin bat datorrena, arrazoi hauengatik aukeratu da: lurzoruaren kontsumoa eta artifizializazioa murriztea, urbanizazio berrietatik eratorritako alferrikako inpaktuak saihestea, onartutako erabilerei dagokienez 4. aldaketan sortutako akatsa konpontzea eta ingurumenaren kalitatea espazio libreak gehituz hobetzea, besteak beste.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: kontuan hartuta eraginpeko eremuaren kokapena, ingurumen-ezaugarriak, proposatutako aldaketen garrantzia eta planaren esparruan etorkizunean gauzatuko diren proiektuen tasuna, uste da planak ez daukala berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak AE 13 Garaia eremuaren antolamendu xehatua berregokitzen du. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-efektu nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sartu daitezke planean.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: zarata, lurzoruak, ura, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jo da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

Kokapena, eraginpeko eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen tamaina kontuan hartuta, planari ez zaio zertan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin, berezitasunik ez daukala uste da eta.

2.– Efektuen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Plana 440.499 m2-ko eremuan datza, zeina, Udalplanaren arabera, jarduera ekonomikoetarako lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatuta baitago. Litologiari dagokionez, eremua porositateagatiko iragazkortasun txikiko txandakatutako detritikoz osatuta dago. Planaren xede diren lursailak ez daude antolatuta nekazaritzako eta basogintzako LPSn.

Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua «Hegoaldeko antiklinorio» lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006). Eremuaren hego-mendebaldeko muga «Arrasate kuaternarioa» sektoreraino iristen da, eta EAEko interes hidrogeologikoko eremu bat du mugakide. Aztertutako eremuak akuiferoen kutsadurarekiko batez besteko kalteberatasuna du.

Eremua «Debaren unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Deba-B (ES017MSPFES111R040010) azaleko ur-masaren isurtze-arroan dago, erkidegoarteko arroen eremuan. Arriaran ibilguak eremua iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du. Eremuak ez du barne hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

Eremuan ez da ingurumen-balio garrantzitsurik antzeman. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ez eta inbentarioan sartutako beste gune babesturik edo natura-interesekorik ere. Era berean, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntuekin edo lekuekin, ezta EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin ere.

Eunis habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremu gehiena asfaltatutako lurrei lotutako landarediak osatzen du, nahiz eta ipar-mendebaldeko eta ipar-ekialdeko muturretan koniferoak landatuta dauden eremuak egon. Eremuaren iparraldeko muturrean, batetik, txilardi atlantikoko orbanak daude, Ulex sp. espeziea dela nagusi, eta, bestetik, belardi larratuak eta manipulatu gabeak. Eremuaren hego-mendebaldeko mugan, Quercus robur espeziea nagusi den baso azidofiloko eremu bat dago, larratutako eta manipulatu gabeko belardi-orban baten alboan. Eremuaren iparraldean dauden txilardiak Batasunaren intereseko habitat (BIH) gisa katalogatuta daude (4030 Europako txilardi lehorrak). Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuak ez du flora-espezie mehatxaturik.

Ez planaren eremuan, ez eta haren ingurune hurbilean ere, ez da identifikatu fauna mehatxatua edo Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planen xede den gunerik. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan dagoen fauna bat dator hiriguneekin edo gune erdi-hiritarrekin lotutako espezieekin.

Eremuak ez du bat egiten ondare kulturalaren arloko intereseko elementuekin.

Eremua Arrasateko ikuseremuari dagokio, eta bereizgarri du, nagusiki, «ibai-eremuko baso-landaketaz osatutako paisaia», nahiz eta hego-mendebaldeko sektorean haren tasuna «ibai-eremuko belardiak eta laborantza atlantikoak gailen diren nekazaritza» izan, eta ipar-ekialdeko sekzioan «basoko nekazaritza-mosaikoa, eremu karstikoan». «Arrasate» ikuseremua ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta.

Eremuak barne hartzen ditu EAEko lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako hiru lurzati: Geoiker 20055-00064 kodea duen lurzati industriala, Geoiker 20055-00027 kodea duen zabortegi motako lurzatia eta Geoiker 20055-00089 kodea duen lurzati industriala. Hala ere, planaren aldaketa bakar batek ere ez die eragingo lurzati horiei.

Eremuan ez da ingurumen-arrisku handirik antzeman sismikotasunarekin lotuta, Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasunagatik edo salgai arriskutsuen garraioagatik. Eremuaren mendebaldeko mugaren erdialdean, muturreko higadura-prozesuak dituen gune bat dago. Eremuaren iparraldean dauden koniferoen azalerei, ordea, baso-suterako arrisku txikia antzeman zaie. GeoEuskadiren kartografian ez dago Arriaran ibaiaren uholde-arriskuari buruzko daturik.

Zaratari erreparatuz, dokumentazioan 1. TP eta 9. TP lurzatiak ardatz hartutako azterlan akustiko bat dago, Audiotec enpresak egina, eta, bertan, hegoaldean kokatuta dagoen GI-2620 errepidea identifikatu da soinu-gune nagusi gisa. Azterlanak ondorioztatu du gaur egun ez direla gainditzen kalitate akustikoko helburuak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak I. eranskineko 1. zatiko A taulan ezarritako eremu urbanizatuetarako.

AE 13 Garaia eremua lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako eremua da, gaur egun garapen-prozesuan dago eta partzialki urbanizatuta dago.

Aurrekoa ikusita, planaren garapenak ekarri ditzakeen efektuak lotuta egongo dira lurzati pribatuak zerbitzuz hornitu daitezen gauzatuko diren urbanizazio-lanekin. Alabaina, nabarmendu beharra dago azalera horiek gaur egun indarrean dagoen plangintzan xedatutakoak baino txikiagoak izango direla, bideak kentzea planteatu baita. Zehazki, bideen eta oinezkoen komunikazio-sistema orokorren azalera 11.704 m2 txikiagoa izango da.

Gainera, azpimarratu beharra dago 11.704 m2-ko azalera hori espazio libreetarako eta berdeguneetarako erabiliko dela, 4030 BIH gisa katalogatutako txilardiak kontserbatzen direla bermatzeko, txilardiok indarrean dagoen plangintzaren garapenaren eraginpean egongo liratekeelako.

Ustiapen-fasean, eremuetako lurzatietan garatzen diren jardueren araberakoak izango dira afekzio nabarmenenak. Oro har, afekzio negatibo hauek espero daitezke: baliabideen eta energiaren kontsumoa handitzea, inguruko mugikortasuna areagotzea, eremuan jarduera berriak ezartzea eta hondakinen sorrera handitzea. Hala ere, planak 1. TP, 9. TP eta 11. TP lurzatien eraikigarritasuna 49.308 m2 murriztuko du, eta, beraz, inpaktu horien larritasuna indarrean dagoen plangintzatik eratorritakoak baino txikiagoa izatea espero da.

Zaratari erreparatuz, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, etorkizunean ez dira gaindituko kalitate akustikoko helburuak Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak I. eranskineko 1. zatiko A taulan ezarritako eremu urbanizatuetarako, eta ez dira gaindituko pentsatutako eraikinen fatxadako kalitate akustikoko helburuak ere.

Oro har, uste da plan berriak hobekuntzak ekarriko dituela indarrean dagoen plangintzarekin alderatuta, urbanizatu beharreko azalera murriztuko delako eta berdeguneen azalera gehituko delako.

Uste da ezen, indarrean dagoen legedia betetzen bada –bereziki, urei, lurzoruei, airearen kutsadurari, zaratei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, afekzioak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak.

Kontuan hartuta aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planak indarrean dagoen plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikatuta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, a priori ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

B) Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarri dira, planak ingurumenean kontrako efektu nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan «Arrasateko AE 13 Garaia plan partzialaren 5. aldaketa puntuala» deiturikoari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak bertan txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean ezarri direnen arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.

Planak esplizituki jasoko du planetik eratorritako proiektuek «lehengoratze-proiektu» bat izango dutela lotuta, eta proiektu horrek barne hartuko dituela haiek gauzatzearen eraginpean egon daitezkeen arlo guztiak, eta bertan garatuko direla jarduketak, gauzatzeko behar adinako xehetasun-mailarekin, aurrekontua barne.

Gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan» adierazitako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie autoktonoak erabili daitezen eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Lehengoratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez daukala bermatuko da.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horrek 43. eta 45. artikuluetan hizpatutakoa.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

Eremuko zenbait lurzati agertzen direnez lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, planak ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoak) eta lege hori garatu duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko du.

Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak.

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori egiterik ez badago, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak balorizatzeari, mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideei jarraituz aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira beti, eta arau hauen arabera kudeatuko da: uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretua, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautu duena, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautu duena.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrei, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortzeari eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek erantsi beharko zaizkie planak azkenean onartzen dituen zehaztapenei:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta eragin gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarriez gain, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraituz proiektatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatu egingo dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoek agindutakoaren arabera.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legeak 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, noiz eta, daukaten tipologia dela-bide isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik galdu ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isurketei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautu duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautu duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuz izandako isurketen afekzioa saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isurketekin kutsatutako lurzoruak kentzea eta kudeatzea, eta abar). Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratuko eta kudeatuko dira.

Pilaketa-guneak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Iragazgaitzak ez diren eremuetan makinen mantentze-lanak egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki, olio erabiliak– biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legediak ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatu duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakoaren arabera (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautu dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak definitzeko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, lehentasunez, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira, solido esekiak dituzten jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta haiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean hedatu ez daitezen.

– Klima-aldaketa: garapen-proiektuetan klima-aldaketaren ikuspegia txertatzea gomendatzen da, antolamendu-irizpideen eta klima-aldaketaren arteko lotura indartzeko. Halaber, gomendatzen da udal-mailan klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko analisirako oinarri gisa dokumentu hauek kontuan hartzea: «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa» eta «EAEko klima-aldaketaren egoeretan muturreko prezipitazio-gertaerekin lotutako euri-uholdea». Azterlan horretan oinarrituta, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri egokiak ezarriko dira. Bestalde, itsas-mailaren igoeraren eta kostaldeko arriskuaren igoeraren balioei dagokienez, eskura dagoen ezagutza eguneratuena eta erregionalizatuena erabiltzea gomendatzen da.

– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez kanpoko argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onetsi baitira, EA-01etik EA-07ra.

– Obren eraginpeko eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihestuko dira.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/publicaciones) jasotako ingurumen-neurriak eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honek ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honek ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartuta, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurka ez badoaz–, ez dela espero «Arrasateko AE 13 Garaia plan partzialaren 5. aldaketa puntuala» deiturikoak ingurumenean kontrako efektu nabarmenak eragingo dituenik, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Arrasateko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarra galduko du, eta dagozkion ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean, ez bada onetsi «Arrasateko AE 13 Garaia plan partzialaren 5. aldaketa puntuala», gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzea eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztu den moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala