
170. zk., 2026ko irailaren 7a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (209 KB - 15 orri.)
- EPUB (329 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZA
3815
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 28koa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariarena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako letradu instruktore-ikuskatzaile bi lanpostu betetzeko deialdia onartzekoa.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera, lanpostu-zerrendetan ezarritakoarekin bat etorriz, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak lehiaketaren eta izendapen askearen bidez beteko dira. 97. artikuluan eta hurrengoetan, hutsik dauden lanpostuak lehiaketa bidez hornitzeko deialdia arautzen da.
Deialdi honen xedea da hutsik dauden bi lanpostu lehiaketa-prozeduraren bitartez betetzea. Funtzionarioei erreserbatuta dauden eta aurrekontuan jasota dauden lanpostu horiek 27. lanpostu-mailako osagarria daukate.
Abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 5. eta 8. artikuluetan (Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Legea) xedatuta dagoenaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako (DBEA) letradu instruktore-ikuskatzaile lanpostu bi betetzeko deialdia onartzea.
Bigarrena.– Ebazpen honen eranskin gisa doazen deialdiko oinarriak onartzea.
Hirugarrena.– Oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariaren aurrean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke bi hilabeteko epean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
Bosgarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 28a.
Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakaria,
UNAI ABERASTURI GORRIÑO.
I. ERANSKINA
DATUAK BABESTEKO EUSKAL AGINTARITZAKO LETRADU INSTRUKTORE-IKUSKATZAILE LANPOSTU BI BETETZEKO MEREZIMENDUEN LEHIAKETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Lehiaketaren xedea.
Oinarri hauen xedea da Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako (DBEA) letradu instruktore-ikuskatzaile lanpostu bi betetzeko merezimenduen lehiaketarako deialdia egitea. Hona hemen lanpostuen ezaugarriak:
Izena: Letradu instruktore-ikuskatzailea.
Lanpostu-zerrendako kodeak: 008.001
Kidegoa eta eskala: Goi Mailako Kidegoa (A1 sailkapen-azpitaldea) – Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Fakultatiboen Goi Mailako Eskala Juridikoa.
EAEko Administrazio Orokorreko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa – Fakultatiboen Eskala Juridikoa. Lurralde historikoetako foru organoetako antzeko kidego eta eskalak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetakoak eta, halaber, abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 2. artikuluak aipatzen dituen gainerako entitateetakoak.
Taldea: A/A1
Lanpostu-mailako osagarriaren maila: 27
Berariazko osagarria: II-B
Euskarazko hizkuntza-eskakizuna: 4
Derrigortasun-data: 2006-01-31
Dedikazio-araubidea: % 100
Lantokia: Vitoria-Gasteiz.
Izena: Letradu instruktore-ikuskatzailea.
Lanpostu-zerrendako kodeak: 008.008
Kidegoa eta eskala: Goi Mailako Kidegoa (A1 sailkapen-azpitaldea) – Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren Fakultatiboen Goi Mailako Eskala Juridikoa.
EAEko Administrazio Orokorreko Fakultatiboen Goi Mailako Kidegoa – Fakultatiboen Eskala Juridikoa. Lurralde historikoetako foru organoetako antzeko kidego eta eskalak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetakoak eta, halaber, abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 2. artikuluak aipatzen dituen gainerako entitateetakoak.
Taldea: A/A1
Lanpostu-mailako osagarriaren maila: 27
Berariazko osagarria: II-B
Euskarazko hizkuntza-eskakizuna: 4
Derrigortasun-data: 2022-12-31
Dedikazio-araubidea: % 100
Lantokia: Vitoria-Gasteiz.
Egitekoak eta erantzukizunak:
a) Egitekoak: Zehapen-prozedurei, eskubideak babesteko prozedurei eta arau-hauste prozedurei dagozkien izapidetze-egintzak burutzea, horretarako beharrezkoak diren espedienteak kudeatuz. Datu pertsonalen tratamenduak ikuskatzea, bai eta tratamendu horiek egiten diren informazio-sistemak eta bulegoak ere; eta dagozkion aktak eta balorazio txostenak egitea ere bai. Irizpideak ezartzea datu pertsonalak babestearen arloko esparru juridikoan; arau-xedapenen eta administrazio-ebazpenen proposamenak egitea; erreklamazioak eta errekurtsoak kudeatzea; herritarrek eta administrazioek hala eskatuta, txostenak egitea eta horien kontsultei erantzutea ikuspuntu juridiko orokorretik nahiz arlo jakineko ikuspuntutik, eta Agintaritzan barruko aholkularitza juridikoko eginkizunak burutzea.
b) Eginkizunak:
b.1.– Babes-espedienteak, zehapen-prozeduretako espedienteak eta administrazio publikoen arau-hausteen espedienteak izapidetzea.
b.2.– Legezkotasun-txostenak egitea.
b.3.– Jarduerak aholkatzea arlo juridikoan.
b.4.– Txostenak egitea arlo juridikoan.
b.5.– Administrazio-ebazpenen proposamenak egitea arlo juridikoan.
b.6.– Abenduaren 21eko 16/2023 Legean aipatzen diren instituzioetako edozeinek egindako tratamenduen instrukzio-prozesuekin lotutako ikuskapenak egitea, baita tratamenduei dagozkien informazio-sistemen ikuskapenak ere, dauden lokaletan.
b.7.– Datu pertsonalen tratamenduekin zerikusia duten jarduerak arlo juridikoan auditatzea.
Bigarrena.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1.– Parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako foru-administrazioetako eta toki-administrazioetako nahiz haien mendeko administrazio instituzionaletako eta haiei dagokien sektore publikoko erakundeetako karrerako funtzionarioek (Taldea/Azpitaldea eta Kidegoa/Eskala lehenengo apartatuan aipatu dira), baldin eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo seme-alabak edo familiartekoak zaintzeko eszedentzian badaude eta lanpostu-zerrendan zehaztutako baldintza eta eskakizunak eta deialdi honetan eskatutakoak betetzen badituzte. Era berean, zerbitzu aktiboan berriz sartuz, nahitaezko eszedentzian, beste administrazio publiko batzuen zerbitzuan eta funtziogabetuta edo borondatezko eszedentzian dauden karrerako funtzionarioek ere parte har dezakete, betiere egoera horietarako ezarritako iraupen-denbora bete badute. Parte har dezakete, halaber, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legearen 2. artikuluko 1. apartatuan ezarritako euskal sektore publikoko enteetako karrerako funtzionarioek, zerbitzu aktiboan edo lanpostuaren erreserba dakarren bestelako egoeraren batean badaude; ez, ordea, funtziogabetuta badaude.
2.2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) deialdia argitaratzen den eguna izango da eskatutako betekizunak betetzeko eta alegatzen diren merezimenduak izateko erreferentzia-data.
2.3.– Oinarri arautzaileotan eskatzen diren baldintza guztiak beteta izan beharko dira deialdia argitaratzen den datan. Baldintza horiek esleituriko lanpostuak hartzeko izendapena egin arte bete beharko dira.
2.4.– Parte hartzeko bete behar diren baldintzak egiaztatzeko, jatorrizko administrazioaren egiaztagiria aurkeztu beharko da eskabide-ereduarekin batera.
Ezin izango dute lehiaketan parte hartu honako hauek:
Lehiaketan lortu ostean, aurreko bi urteetan plaza hartu duten langile funtzionarioek, jatorrizko administrazioa edo parte hartzen duen kidegoa edozein izanik ere. Denbora-muga hori salbuetsiko da langileek lehiaketan lortutako lanpostuarekiko atxikipena galdu badute.
Funtziogabetze irmoan dauden funtzionarioek, egoera horrek dirauen artean.
Norberaren interesagatiko borondatezko eszedentzian edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzia egoeran daudelarik, jarduneko zerbitzura itzultzeko gutxienez eskatutako denbora eman ez duten langileek.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.
3.1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak, DBEAren lehendakariari zuzenduak, bide telematikoak erabiliz aurkeztuko dira, DBEAren erregistroaren bitartez, edo Estatuko Administrazio Orokorraren erregistro elektroniko orokorraren bitartez, 15 egun balioduneko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako edozein bulego eta erregistrotan ere aurkeztu ahal izango dira, arau horren beraren 14.e artikuluaren arabera.
3.2.– Izangaiek eskabidearekin batera deialdian eskatutako baldintzak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuko dute, DBEAren esku ez badago.
3.3.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, gehienez hilabeteko epean, DBEAren egoitza elektronikoan onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda argitaratuko da. Zerrenda horretan izangaien izena, bi abizenak eta, hala badagokio, ez onartzeko arrazoia azalduko dira. Baztertuak izan direnek hamar egun izango dituzte akatsak zuzentzeko eta/edo alegazioak aurkezteko.
Laugarrena.– Puntuazioak, baremoak eta merezimenduak.
4.1.– Lehiaketa honetan bi fase zehazten dira: Bata merezimendu orokorrena eta bestea berariazko merezimenduena. Bigarren fasera (berariazko merezimenduak) igarotzeko lehenengo fasea gainditu beharko da.
Lehiaketa honetan gehienez ere 40 puntu lortu ahal izango dira.
Lanpostua lortzeko beharrezkoa da fase bakoitzean aipatutako gutxieneko puntuaziora iristea.
4.2.– Lanpostua esleitzeko merezimenduen balorazioa baremo honen arabera egingo da:
Merezimendu orokorrak.
Merezimendu horiek baloratzeko bi irizpide hartuko dira kontuan: lanpostuarekiko harremana eta merezimenduaren baliozkotasun-maila formala. Gehienez 20 puntu lor daitezke eta gutxienez 10 puntura iritsi beharko da fase hau gainditzeko.
Maila pertsonal finkatuaren balorazioa (puntu 1):
Maila pertsonala baremo honen arabera baloratuko da:
Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 27 edo handiagoa izatea: puntu 1.
Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 26, 25 edo 24 izatea: 0,5 puntu.
Maila pertsonalean lanpostu-mailako osagarria 23 edo txikiagoa izatea: 0,125 puntu.
Egindako lanaren balorazioa (10 puntu):
Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den data baino lehenagoko hamar urteetan egindako lana baloratuko da, bete behar diren lanpostuen eginkizunei dagokienez. Balorazio horretatik salbuetsiko da behin-behineko langile modura egindako lana.
Gehienez 10 punturekin baloratuko da, puntuak honela banatuta:
Lehiatzen den lanpostuaren eduki berbera duen lanpostu batean aritzeagatik: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.
Lehiatzen den lanpostuaren antzeko edukia duen lanpostu batean aritzeagatik: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.
Lehiatzen den lanpostuaren antzeko edukia ez duen lanpostu batean aritzeagatik: 0,025 puntu hilabete bakoitzeko.
Faktore horiei erreparatuz, egindako lanak hil osoen arabera baloratuko dira eta gutxienez 6 hilabeteko esperientzia beharrezkoa izango da. Hala, zatikiak baztertuko dira. Sektore publikoan lanpostuak betetzearen inguruko esperientzia bakarrik baloratuko da.
DBEAko lanpostuetan lortutako esperientzia administrazio honetako Idazkaritzak ziurtatuko du.
Beste administrazio publiko batzuetan lanpostuak bete dituztenen esperientzia lanpostuaren monografiaren arabera baloratuko da eta lan-esperientzia egiaztatzeko duen dokumentuaren bitartez egiaztatuko da. Hori dagokion ente publikoak egingo du eta betetako eginkizun eta zereginak agertuko dira.
Titulazioak eta gradu akademikoak (2 puntu).
Titulu akademiko ofizialak izateagatik, lanpostuari dagozkion eginkizunei lotuta badaude eta plaza eskuratzeko eskatutakoak ez badira, gehienez 2 puntu emango dira. Halaber, atal honen barruan unibertsitateen berezko tituluak, masterrak eta graduondokoak, unibertsitateek eta unibertsitate-eskolek emandakoak, baloratuko dira, hori guztia baremo honen arabera:
Doktore gradua: 2 puntu.
Goi-mailako titulu bakoitza: 1,50 puntu.
250 ordutik gorako graduondoko bakoitza: puntu 1.
250 ordura arteko graduondoko bakoitza: 0,5 puntu.
Titulu horietako edozeinengatik puntuak ematen badira, ez dira baloratuko d) trebakuntza eta hobekuntza ikastaroak izeneko atalean.
Trebakuntza eta hobekuntza ikastaroak (2 puntu).
Deialdia EHAAn argitaratzen den data baino lehenagoko hamar urteetan trebakuntza eta hobekuntza ikastaroak gainditu badira, horiek lanpostuaren berezko eginkizunekin zuzeneko harremana duten gaiei buruzkoak izan badira (eskatzen den lanpostuan edo jardueren edo ezagutzen arloan garatu behar diren jarduerekin zuzeneko harremana) eta diploma edota bertaratze-ziurtagiria edota, hala badagokio, aprobetxamenduaren ziurtagiria eman bada, gehienez 2 puntu emango dira baremo honen arabera:
200 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitza: 0,75 puntu.
100 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitza: 0,5 puntu.
60 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitza: 0,25 puntu.
20 ordutik 60ra bitarteko ikastaro bakoitza: 0,15 puntu.
Behin baino gehiagotan egindako ikastaroak ez dira baloratuko, azkenekoa edo interesdunak aukeratzen duen hori izan ezik.
Ez dira baloratuko akademia pribatuek emandakoak, ezta fakultate edo eskolen ikasketa ofizialen planen barruan dauden jakintzagaiak eta masterren nahiz graduen osteko moduluak ere.
Argitalpenak (puntu 1).
Eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia duten argitalpenak 1 punturekin baloratuko dira gehienez:
Prestigio profesional aitortua duten aldizkarietan: 1 puntu gehienez.
Gainerako argitalpenak: 0,75 puntu gehienez.
Irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera (2 puntu).
Deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizunekin edo lanpostuok betetzeko eskatzen diren trebetasunekin zerikusia duten arloetan burututako irakaskuntza-eta ikerkuntza-jarduerengatik –IVAPek eta/edo beste administrazio publikoren batek antolatu edo homologatuak, edo prestigio aitortua duten instituzioek emanak– 2 puntu emango dira, gehienez. Azken 15 urteetan egindako jarduera baino ez da baloratuko, baremo honen arabera:
Ikastaro ordu bakoitzeko 0,025 puntu, gehienez 1,5 puntu, beti ere eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia badu ikastaroak.
Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako komunikazioengatik edo bertan modu nabarmenean parte hartzeagatik, 0,25 puntu gehienez.
Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako ponentziengatik, 0,75 puntu gehienez.
Ikerketa-proiektuetan parte hartzeagatik, puntu 1 gehienez.
Antzinatasuna (2 puntu).
Gehienez 2 punturekin baloratuko da, honako baremo honen arabera:
Administrazio publikoetan zerbitzuan A1 azpitaldean emandako urtebete bakoitzeko: 0,02 puntu urte bakoitzeko, gehienez 2 puntu. Urtebete baino gutxiago irauten duten zerbitzuak hilabeteka baloratuko dira, proportzioan.
Ondorio horietarako, karrerako funtzionarioaren izaera eskuratu baino lehenago emandako zerbitzuak eta beren-beregi onartutako kidego edo eskalan sartu baino lehenagokoak konputatuko dira. Aldi berean betetako zerbitzuak ez dira birritan konputatuko.
Berariazko merezimenduak.
Fase honetan, merezimenduak lanpostuaren ezagutza eta trebezia aipagarrienen arabera baloratuko dira. Gehienez 20 puntu lor daitezke eta gutxienez 10 puntura iritsi beharko da fase hau gainditzeko. Lanpostua lortu nahi dutenek proba hau egin beharko dute:
Gaitasunen balorazioa: Proba bat egin beharko da balorazio-batzordearen aurrean, eta bertan lanpostuko ezaguerak eta trebetasun aipagarriak baloratuko dira. Probaren xedea da izangaiak lanpostuan aritzeko dituen ezagutza eta trebetasunen maila zehaztea.
Honako hauek dira probarekin ebaluatuko diren dimentsioak –oinarri hauetan azaldutako lanpostuaren eginkizunik behinenetatik abiatuta–, eta izangaiak lanpostuan aritzeko dituen ezagutza eta trebetasunen maila:
Lanarekin lotutako berariazko eremuen gaineko ezagutza aditua.
Informazioarekin, baliabideen erabilerarekin, helburuekin eta abarrekin izandako zehaztasuna eta zorroztasuna.
Egituratzeko, ordenatzeko eta laburtzeko gaitasuna, proba egitean.
Txostenak egitea, ondo egituratuta, ordenatuta, laburpenekin eta abar.
Indarrean dagoen araudia interpretatzeko gaitasuna eta arau juridiko batzuk eta besteak erlazionatzeko gaitasuna.
Alderdi hori gehienez 20 punturekin baloratuko da. Gutxienez 10 puntu lortu beharko dira proba gainditzeko.
Bosgarrena.– Merezimenduen eta eskakizunen balorazioa eta egiaztapena.
5.1.– Deialdiaren oinarriak EHAAn argitaratzen diren eguna erreferentziatzat hartuta baloratuko dira merezimenduak.
5.2.– Eskabidearekin batera, alegatutako merezimenduak aipatzen dituen adierazpena aurkeztuko da nahitaez. Merezimenduak dokumentuen bitartez egiaztatuko dira parte hartzeko eskaerarekin, salbu eta dokumentu horiek DBEAren esku badaude.
5.3.– Eskabideak aurkezteko epearen barruan alegatu eta justifikatutakoez besteko merezimenduak ezin izango dira baloratu, eta epe horren barruan alegatu eta gero justifikatzen direnak ere ez.
Seigarrena.– Balorazio-batzordea.
6.1.– Balorazio-batzordeak merezimenduak baloratuko ditu eta lanpostua esleitzeko proposamena egingo du. Batzorde hori deialdia egiten duen agintaritzak izendatuko du eta batzordekideen ordezko guztiak aipatuko ditu. Honako hauek izango dira batzordeko 3 kideak:
Batzordeburua, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Aholkularitza Juridikoko Unitatearen titularra edo haren ordezkoa.
Idazkaria, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Idazkaritza Nagusiaren titularra edo haren ordezkoa.
Batzordekidea, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako Aholkularitza Juridikoko letradu instruktore-ikuskatzailea edo haren ordezkoa.
6.2.– Balorazio-batzordeak adituak izendatzeko eska diezaioke deialdia egin duen agintaritzari, aholkulari modura, hitzarekin baina botorik gabe, jardun dezaten.
6.3.– Balorazio-batzordearen osaerak kideen egokitasuna eta kualifikazioa bermatu behar ditu. Helburu horrekin, deialdia egin duen organoak zainduko du batzordeko kideek ezagutzen dutela deialdiko lanpostuen eduki funtzionala, bai eta deialdian erabiltzen diren merezimenduak hautatzeko eta egiaztatzeko teknikak ere.
6.4.– Deialdiko lanpostua atxikia dagoen maila kontuan hartuta, balorazio-batzordea osatzen duten langileek titulazio-talde bereko edo goragoko karrerako funtzionarioak izan beharko dute. Ahal dela, gutxienez erdiek deialdiaren postuko arlo funtzionalean ezagutzak izango dituzte edo eginkizun horietan arituko dira.
6.5.– Balorazio-batzordeak independentzia osoz, zuhurtzia teknikoz eta objektibotasunez jardungo du, eta bere proposamenak lotesleak izango dira administrazioarentzat. Balorazio-batzordeak zuhurtzia teknikoz jardun behar badu ere, bere erabaki eta proposamenek arrazoiak jaso beharko dituzte, halaxe xedatzen baita araudian eta deialdi honen oinarrietan.
6.6.– Balorazio-batzordearen eraketa eta jarduna oinarri hauetan ezarritakoaren bidez, aplikatu beharreko araudiaren bidez, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen bidez arautuko dira.
6.7.– Balorazio-batzordean parte hartzeagatik bertaratzeak, laguntzak eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak eta zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak xedatutakoaren mende egongo dira.
Prozedura honen ondorioz balorazio-batzordeak egiten dituen komunikazio eta jakinarazpen guztiak DBEAren egoitza elektronikoan egingo dira.
Zazpigarrena.– Esleipen-proposamena eta berdinketen ebazpena.
7.1.– Balorazio-batzordeak esleipen-proposamena egingo du eta, azkenean, esleipen-proposamena puntu gehien lortu dituenaren aldekoa izango da, betiere deialdiaren oinarrietan eskatzen diren gutxieneko puntuen berdina edo hortik gorakoa bada.
7.2.– Lehiaketan, oro har, puntu-berdinketarik badago, kontuan hartuko dira irizpide hauek:
Berariazko merezimenduak, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkeraren arabera, puntu gehienetik gutxienera zenbatuta. Merezimenduek puntuazio bera badute, deialdian azaldutako hurrenkeraren arabera.
Berdinketak jarraitzen badu, berdinketa hausteko, aurreko irizpidea erabiliko da, merezimendu orokorren faseko puntuazioa kontuan hartuta.
Zortzigarrena.– Ebazpena.
8.1.– Balorazio-batzordearen esleipen-proposamena, balorazioaren emaitza kontuan hartuta, DBEAren egoitza elektronikoan argitaratuko da. Proposamen horren aurka, lehiakideek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute hamar egun balioduneko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Erreklamazio horiek balorazio-batzordeak ebatziko ditu.
8.2.– Lehiakideek, borondatez, lehiaketa osoan parte hartzeari uko egin diezaiokete. Atzera-egitea epe hori amaitu baino lehen egingo da.
8.3.– Erreklamazioak eta atzera-egiteak aurkezteko epea amaitutakoan, balorazio-batzordeak erreklamazio eta atzera-egite horiek ebatziko ditu eta esleipen-proposamena helaraziko dio Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren lehendakariari, eta hark onartuko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean.
8.4.– Esleipendunak lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko du eta, ondorioz, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du, non eta, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, deialdi publikoaren bidez beste destino bat lortu ez duen, izan gerora sortutako baliaezintasunagatik, izan zerbitzu aktiboaz bestelako egoera batera igarotzeagatik, edo behar beste justifikatutako eta deialdia egin duen organoak antzemandako bestelako arrazoiengatik.
8.5.– Lanpostuaz jabetzeko eguna jatorrizko administrazioko lanpostua utzi eta hurrengoa izango da. Ebazpenean zerbitzu aktibora itzultzea aurrez ikusia badago, lanpostua lehiaketaren ebazpena argitaratu eta hurrengo 3 egun baliodunetan hartu beharko da. Lanpostuaz jabetzeko eguna atzeratuko da baimenak, lizentziak, oporrak edo funtzionarioak duen beste edozein egoera amaitu arte, baldin eta, zerbitzu aktiboko egoerari eutsita, egoera horrek zerbitzuak ematea eragozten badu. Salbuespen gisa, justifikatutako eta behar bezala arrazoitutako arrazoiengatik, organo eskudunak horien gozamena etetea erabaki ahal izango du.
Hala ere, antolakuntza-arloko arrazoiak direla-eta, esleipendunak kargua uzteko eta berriaz jabetzeko data zehatza esleipenaren ebazpenean zehaztuko da.
8.6.– Lehiaketa honen bitartez lanpostua lortzen duen langileak ezingo du beste lehiaketa batzuetan parte hartu lanpostu berria hartu zuenetik bi urte igaro arte. Behin betiko ebazpen bidez esleitutako destinoari ezin zaio uko egin, destino hori borondatezkoa da eta ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortzen.
Bederatzigarrena.– Datuen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (DBEO), Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren abenduaren 21eko 16/2023 Legea eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betetze aldera, datu pertsonalak «Hautaketa-prozesuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Datuak Babesteko Euskal Agintaritza.
– Helburua: enplegu publikora sartzeko prozesuak kudeatzea eta funtzionarioen lanpostuetarako lekualdatze-lehiaketak eta zerbitzu-eginkizunak kudeatzea.
– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
– Informazioaren hartzaileak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta DBEAren egoitza elektronikoan argitaratzen da.
– Eskubideak: Datuetara irispidea izatea, datuak zuzentzea eta ezereztea, bai eta beste eskubide batzuk ere, informazio osagarrian azaltzen direnak.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsulta daiteke webgune honetan: www.avpd.eus
– Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda, gutxieneko puntuazioa gainditu duten izangaien behin-behineko eta behin betiko zerrenda, eta balorazio-batzordeak oinarrietan adierazitako lekuetan agindutako behin-behineko esleipen-zerrenda argitaratzean, publizitate-printzipioa betetzeko behar diren gutxieneko datu pertsonalak jasoko dira, eta datu horiek mantendu egingo dira, harik eta hornidura-prozesu hau amaitu arte eta erreklamazioak edo errekurtsoak egiteko behar den denbora gehigarrian.
Zerrenda horiek klausula bat izango dute, eta bertan adieraziko da datu pertsonalak agertzen direla, datuak babesteko gaur egungo legeriarekin bat datozela, eta haien helburu bakarra dela lehiaketaren fasean parte hartzen dutenei informazioa ematea eta, hala badagokio, parte-hartzaileei jakinaraztea.
Horrez gain, informazio-paragrafo bat ere edukiko dute, adierazteko datuok ez direla edonork hartu edo erabiltzeko, eta ezin izango direla erreproduzitu -ez osorik ez zatika-, transmititu, edo edonolako errekuperazio-sistema erabilita erregistratu, ukitutako izangaiek berek horretarako baimenik eman gabe.
Deitutako lanpostuen behin betiko esleipena onartzen duen DBEAren lehendakariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzean, publizitate-printzipioa betetzeko behar diren gutxieneko datu pertsonalak jasoko dira.
RSS