
162. zk., 2026ko abuztuaren 26a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (102 KB - 1 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3704
IRAGARKIA, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Excavaciones Peru S.L. enpresak Belauntzan (Gipuzkoa) hondakinak kudeatzeko jarduerarako aurkeztu duen proiektu teknikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-baimen bakarra lortzeko.
Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen arabera, titulartasun publiko nahiz pribatuko jarduera eta instalazioen ustiapenari ingurumen-baimen bakarraren araubidea aplikatuko zaio, baldin eta haietan Legearen I.B. eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen bada.
Ingurumen-baimen bakarraren bidez, bai hondakinak sortzeko eta kudeatzeko baimenak bai kolektorera, jabari publiko hidraulikora edo itsas-lehorreko jabari publikora isurketak egiteko baimenak ere Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoak aldez aurretik emandako prozedura eta egintza bakar batean integratuko dira. Egintza eta prozedura horietan ezarriko dira, halaber, isurpenen muga-balioak, kasuan kasu aplikatzekoa den araudi sektorialean xedatutakoaren arabera zehaztuta.
Aipatutako arauak 36. artikuluan ezartzen duenez, behin eskabidea aurkeztuta eta aurkeztutako dokumentazioa osatuta dagoela egiaztatuta, instalazio- edo jarduera-proiektua jendaurrean jarriko da hogeita hamar egun balioduneko epean, alegazioak aurkeztu ahal izateko. Horretarako, aldez aurretik iragarkia jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan.
Zabalkunde handiagoa izan dezan, iragarki hori jarduera edo instalazioa kokatuta dagoen lurraldeko udalari jakinaraziko zaio, toki-erakundeak irakurgai jar dezan bere ediktu-oholean.
Azaldutakoagatik, eta litezkeen alegazioak edo oharpenak aurkezteko aukera izan dadin, AAU01407_SOL_2025_001 espedientea jendaurrean jarriko da hogeita hamar egun baliodunez, epea iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.
Jendaurre-izapidean jartzen den instalazioaren dokumentazioa jendearen eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS