Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2026ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3478

71/2026 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak egiteko eta/edo gradu amaierako lanak eta/edo master amaierako lanak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-administrazioan eta Ibaiondo gazte justiziako hezkuntza-zentroan.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak egiteko eta/edo gradu amaierako lanak eta/edo master amaierako lanak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko espetxe-administrazioan eta Ibaiondo gazte justiziako hezkuntza-zentroan. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 15a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 15EKO 71/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKOA, JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILAREN BIDEZ, KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGITEKO ETA GRADU AMAIERAKO LANAK ETA/EDO MASTER AMAIERAKO LANAK EGIN ETA/EDO ZUZENTZEKO, EUSKADIKO ESPETXE ADMINISTRAZIOAN ETA IBAIONDOKO GAZTE JUSTIZIAKO HEZKUNTZA ZENTROAN

Vitoria-Gasteiz, azken sinadura elektronikoaren eguna.

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik,

M.ª Jesús Carmen San José López andrea, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 34/2024 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa jardunez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren bidez, 18/2024 Dekretuaren 20. artikulua betez (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), eta 326/2024 Dekretuak ematen dizkion ahalmenak erabiliz (326/2024 Dekretua, azaroaren 5ekoa, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 2024ko abenduaren 19ko EHAA, 246 zk.).

Aurrerantzean, alderdi hori «erakunde laguntzailea» edo «Justizia eta Giza Eskubideen Saila» izango da.

Eta bestetik:

Jose Ramon Bengoetxea Caballero errektore gorena, Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean eta ordezkari, urtarrilaren 20ko 1/2025 Dekretuak horretarako emandako ahalmenarekin (2025eko urtarrilaren 27ko EHAA) eta arau hauek emandako eskuduntzekin bat: Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 50.1 artikuluak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 178. artikulua (Estatutu hori, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartu zen; 2011ko otsailaren 24ko EHAA).

Elkarri aitortzen diote badutela hitzarmen hau sinatzeko behar den legezko ahalmena.

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.14 eta 12. artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko espetxe-legeria Euskadin betearazteko eskumenak baliatzea, irailaren 26ko 1/1979 Lege Organikoak eta otsailaren 9ko 190/1996 Errege Dekretuaren bidez onartutako Espetxeen Erregelamenduak ezarritakoaren arabera. Autonomia-erkidegoak honako arau hauetan ezarritakoarekin bat bereganatu du benetan eskumen hori: ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretua, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzekoa; eta uztailaren 6ko 169/2021 Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa.

Bestalde, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 45. artikuluak autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei esleitzen die adingabeen epaileek epai irmoetan hartutako neurriak betearazteko administrazio-eskumena, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren azken xedapenetako hogeita bigarrenaren arabera. Erakunde publiko horiek, euren antolamendu-arauei jarraiki, Lege horretan aurreikusiriko neurriak behar bezala betearazteko zerbitzu, erakunde eta programa egokiak sortu, zuzendu, antolatu eta kudeatuko dituzte.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagozkio honako egiteko eta jardun-arlo hauek: «espetxeak, bereziki haien antolaketa eta funtzionamendua, espetxe-legeria betearaztea, bere gain hartuta legeria horrek espetxe-administrazioaren organo zentralei ematen dizkien ahalmenak». Izan ere, hala ezartzen du 18/2024 Dekretuaren 20.1.c) artikuluak (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Eta 326/2024 Dekretuak (326/2024 Dekretua, azaroaren 5ekoa, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) Justizia Sailburuordetzari esleitzen dio espetxeen eta zigorrak betearazteko gainerako zerbitzuen antolamenduari buruzko eskumenak gauzatzea (9.1.h artikulua); eta Justizia Zuzendaritzari, berriz, espetxeak antolatu, ikuskatu eta gainbegiratzea, barne- eta tratamendu-araubideari dagokionez, Jaurlaritzak arlo horietan egiten dituen gainerako jardunekin koordinatuta (12.h artikulua).

326/2024 Dekretuak Justizia Zuzendaritzari esleitzen dio gazte-justiziaren arloko jarduerak diseinatu, planifikatu, antolatu eta ebaluatzea, Jaurlaritzako sail guztien lana koordinatuz (12.f artikulua).

Hirugarrena.– Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) Zuzenbide Publikoko erakunde bat da, irakaskuntzan eta ikerketa eta garapen zientifiko-teknologikoan diharduena, sektore eta diziplina anitzekoa, eta bere helburuen artean dauka «kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza osorako eta lanerako beharko dituzten gaitasunak ziurtatzeko». Eta helburu hori betetzeko, interesgarria da kanpoko praktikak antolatzea, ikasgeletan eskuratutako ezagutzak osatzeko.

EHUk autonomia du, hala aitortzen baitiote Konstituzioaren 27.10 artikuluak eta Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak. Lege Organiko horren 2.2.j) artikuluak ezartzen duenez, autonomia horren barruan sartzen da, besteak beste, «beste erakunde batzuekin harremanak ezartzea, bere helburu instituzionalak sustatu eta garatzeko».

Laugarrena.– Jakitun izanda praktikak oso garrantzitsuak direla ikasleak lan-jardunerako prestatu daitezen errazteko, zenbait arauk jasotzen dute unibertsitateek, ikasleen prestakuntzarako, enpresekin eta erakundeekin hezkuntza-lankidetzako programak ezartzeko aukera eta gomendatzen dute programa horiek ikasketa-planaren bigarren zatian programatzea, ikasleek ikasketetako lehen urteetan eskuratu dituzten gaitasunen aplikazioa hobetzeko eta haien laneratzea errazteko. Hona hemen arau horiek: uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua, Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktikak arautzen dituena; urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duena; irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena; 2019ko uztailaren 24ko Ebazpena, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena eta Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia onartzeko dena, (Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 12an onartua); eta 2019ko ekainaren 12ko Ebazpena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean master amaierako lana egin eta defendatzeari buruzko arautegia (2019ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluan onartua).

Bosgarrena.– Nahitaezkoa da gradu amaierako lana eta master amaierako lana aurkeztea, horri dagokion titulazioa lortzeko, hala ezartzen baitute 1393/2007 Errege Dekretuak (1393/2007 Errege Dekretua, urriaren 29koa, unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duena) eta 822/2021 Errege Dekretuak (822/2021 Errege Dekretua, irailaren 28koa, unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena). Lan horiek ikasketa-planaren azken fasean egin behar dira, eta ardatz izan behar dute tituluari lotutako konpetentziak ebaluatzea. EHUk, bere garaian, erabaki zuen gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak enpresara hurbiltzea, eta ikasleei aukera eman zien gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak EHUkoak ez diren beste erakunde edo organismo batzuetan egitea, baldintza jakin batzuk betetzen badira, betiere.

Seigarrena.– Bi aldeek, jakitun izanda unibertsitate-ikasleak lan-munduan txertatzearen berezitasunaz, interesa dute lankidetzarako esparru-hitzarmen hau sinatzeko, EHUko graduko eta masterreko ikasleek lortutako prestakuntza eta eskuratutako konpetentziak integratzeko, ordaindu gabeko kanpoko praktika akademikoak –curriculumekoak eta curriculumetik kanpokoak– eginez, eta, hala badagokio, gradu amaierako lanak eta/edo master amaierako lanak eginez eta zuzenduz, Euskadiko espetxe-administrazioan eta Ibaiondoko gazte-justiziako hezkuntza-zentroan.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren eta EHUren arteko lankidetza-ildoak ezartzea, Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen graduko edo masterreko ikasketa ofizialetan matrikulatutako ikasleek ordaindu gabeko kanpoko praktika akademikoak –curriculumekoak eta curriculumetik kanpokoak– gradu amaierako lanak (GrAL) eta master amaierako lanak (MAL) egin ditzaten, Euskadiko espetxe-administrazioko espetxeetan eta Ibaiondoko gazte-justiziako hezkuntza-zentroan.

Bigarrena.– Praktiken deialdia eta ikaslea hautatzeko irizpideak.

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, dituen aukeren arabera, Unibertsitateko ikasleak praktiketan hartu ahal izango ditu, Euskal Herriko Unibertsitateko praktiken arduradunek aldez aurretik eskaera egin eta sail horrek azkenean onartu egiten baditu.

Unibertsitateak bere gain hartuko eta kudeatuko ditu hitzarmen honen xede den praktiken deialdiaren alderdi formal guztiak, aplikagarria den araudiarekin eta barne-araudi eta -prozedurekin bat etorriz, gardentasun, publizitate, irisgarritasun unibertsal eta aukera berdintasuneko printzipioak betez.

Hirugarrena.– Konpromiso akademiko eta administratiboak.

1.– GrAL/MAL.

Gradu amaierako eta/edo master amaierako lanak egitearekin eta/edo zuzentzearekin lotutako jarduerei ekin baino lehen, bi aldeek hitzarmen honekin batera doan I. Eranskina izenpetu beharko dute. Eranskin horretan, honako datu hauek zehaztu beharko dira gutxienez:

– Ikaslea egiten ari den graduko edo masterreko programa.

– Zer ikasturtetan hasten den GrALa edo MALa egiten erakunde laguntzailean.

– Ikaslearen datuak.

– GrALa edo MALa egingo den erakunde laguntzailearen zentroa.

– Erakunde laguntzaileko GrALaren edo MALaren zuzendaria edo zuzendarikidea, hala badagokio.

– EHUko GrALaren edo MALaren zuzendaria edo zuzendarikidea, hala badagokio.

– GrALa edo MALa egiteko egutegiaren eta ordutegien proposamena.

– Konfidentzialtasunari buruzko alderdiak.

– Jabetza intelektualari eta industrialari buruzko alderdiak.

– Ikaslearen onarpena.

2.– Kanpoko praktika akademikoak.

2.1.– Kanpoko praktikak egiteko bi modu daude, eta ez dira baztertzaileak:

a) Curriculumeko praktikak: ikasketa-planetan agertzen diren praktikak dira, eskatutako titulazioa eskuratzeko beharrezkoak direnak.

b) Curriculumetik kanpoko praktikak: ikasleek beren prestakuntza-aldian zehar borondatez egiten dituzten praktikak dira, eta xede berdinak izan arren, ez dira sartzen ikasketa-planetan, nahiz eta gerora Tituluaren Gehigarri Europarrean aipamena izan dezaketen.

Kanpoko praktika akademikoak egiteko, eta jarduerak egiten hasi aurretik, alderdiek EHUko Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiko II. eranskina (curriculumeko praktikak) eta III. eranskina (curriculumetik kanpoko praktikak) sinatu beharko dituzte.

Euskadiko espetxe-administrazioaren beharrak eta zenbat ikasle dauden ikusita, bien artean adostuko da zenbat ikaslek egin ditzaketen praktikak Euskadiko espetxe-administrazioan.

Euskadiko espetxe-administrazioak hark onartutako unibertsitateko ikasleak hartu ahal izango ditu praktiketan, Unibertsitateko praktiken arduradunek aldez aurretik hala eskatuta.

Iraupena eta ordutegiak zentroaren eta erakundearen artean adostuko dira, praktiken ezaugarriak eta erakundearen aukerak kontuan hartuta, haren eguneroko lanari ahalik eta traba gutxien egiteko.

Dagokion ikasketa-planean ezarritakotik abiatuz, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektua praktikak hasi baino lehen prestatu dadila. Proiektuaren dokumentua sinatu egingo da eta hitzarmen honi erantsiko zaio IV. eranskin moduan.

Prestakuntza-proiektuak honako atal hauek izango ditu gutxienez:

– Ikaslearen datuak.

– Erakundearen datuak.

– Titulazioaren datuak.

– Erakundeko instruktorea.

– Tutore akademikoa.

– Praktika-programaren arduraduna.

– Praktikaren iraupena ordutan.

– Konpetentziak: oinarrizkoak, orokorrak eta espezifikoak.

– Zehaztutako konpetentziekin lotutako ikaskuntza-emaitzak.

– Ikasleek egin beharreko jarduerak eta zereginak (praktiketako zentroan eta/edo unibertsitatean).

– Ikasleak dituen baimenen araubidea, indarrean dagoen araudiaren araberakoa.

3.– Sexu delitugileen erregistro zentralaren ziurtagiria, sexu-deliturik ez duela adierazten duena.

Kanpoko praktika akademikoak Ibaiondoko gazte-justiziako hezkuntza-zentroan egiten badira, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralarenak, 57. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «nahitaezkoa izango da, adingabeekin arruntean harremana izatea dakarten edozein lanbide, ofizio eta jardueratan hasteko eta horietan aritzeko, epai irmo bidez kondenatua ez izatea Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako edozein delitugatik, ezta Zigor Kodearen VII bis tituluan tipifikatuta dagoen gizakien salerosketako edozein delitugatik ere. Horrenbestez, lanbide, ofizio edo jarduera horietan aritu nahi duen orok Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztuz egiaztatu beharko du inguruabar hori».

Beraz, adingabeekin ohiko harremana dakarten praktikak egin behar dituzten edo egin nahi dituzten ikasleek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko diote Unibertsitateko praktiketako unitateari, eta praktika egingo duten erakundeari, joaten diren lehen egunean.

Nazionalitate bikoitza duten ikasleek edo atzerritarrek jatorrizko herrialdeak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, edo horren parekoa den dokumentua. Kasu horretan, ziurtagiriek itzulita egon behar dute, eta dauden nazioarteko hitzarmenen arabera eginda (EBko herrialdeetako dokumentu batzuk ez dira legeztatu behar). Sexu-delitugileen erregistro espezifikorik ez dagoen herrialdeetako ikasleek aurrekari penalen ziurtagiria edo jokabide onaren kontsulatu-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, inguruabar hori egiaztatzen duena. Estatu bakoitzak zehazten du, bere araudian, ziurtagiri horretan interesdunak izan ditzakeen aurrekari guztiak sartzen diren edo izaera sexualekoak soilik.

Ikasleak ziurtagiri negatiboa ez badu, ezin izango ditu praktikak egin.

Laugarrena.– EHU-ren konpromiso espezifikoak.

EHUk konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Izendatzea kanpoko praktika akademikoen programa antolatu, koordinatu eta kudeatzeko arduraduna, eta/edo EHUko tutore bat, erakunde laguntzailean kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleei jarraipena egiteko eta laguntzeko.

b) Espresuki aipatzea Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren lankidetza EHUko ikasleen kanpoko praktika akademikoetan eta, hala bada, GrALaren eta/edo MALaren garapenean eta/edo zuzendaritzan, baita horiekin zerikusia duten jarduera guztietan ere.

c) Informazioa ematea erakunde laguntzaileari gradu- eta master-ikasketak erregulatzen dituen unibertsitate-araudiari buruz.

d) Erakunde laguntzaileari sinatutako dokumentuaren kopia bat ematea.

e) Esparru-hitzarmen honen berri ematea ikasleari, eragiten dioten atal guztien berri, hain zuzen.

f) Zaintzea ikasleak bere gain hartzen dituela hitzarmen honen ondoriozko betebeharrak eta araudi aplikagarrien ondoriozkoak.

g) Konpromisoa hartzea ikasleak berariaz onartzen duela bere datuak ematea, hitzarmen honetan aurreikusitako xedeetarako.

h) Ikaslea eskola-aseguru batean edo istripuen eta erantzukizun zibilaren poliza kolektibo batean sartzea, kanpoko praktika akademikoak eta, hala badagokio, GrALa eta/edo MALa egiten ari den bitartean istripuak eta gaixotasunak izanez gero ikasleari estaldura nahikoa emango diona. Aseguruaren edo polizaren kopia Justizia eta Giza Eskubideen Sailera igorriko du.

i) Ikasleari jakinaraztea nahitaez Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu behar duela (hitzarmen honen bigarren klausularen 2.2 apartatuan aipatzen da), eta nola lortzen den esatea eta ez aurkezteak zer ondorio dakartzan adieraztea.

j) Ikasleak ikasten ari diren Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiari dagokio Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak betetzea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuaren b) letrak ezarritakoa betez.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailaren konpromiso espezifikoak.

Sailak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Ikaslea hartzea bere instalazioetan GrALari edo MALari dagozkion jarduerak egin ditzan. Eta hala badagokio, GrALa edo MALa zuzentzea (zuzendaria edo zuzendarikidea izanik) eta ikaslearen praktiketan instrukzio-lana egitea.

b) Erakundeko pertsona bat izendatzea ikaslearen jardueraren arduradun, baita praktiken tutore bat edo GrALaren eta/edo MALaren zuzendari bat ere, hala badagokio.

c) Indarrean dagoen gradu- eta master-ikasketen unibertsitate-araudia betetzea, baita ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituena ere.

d) Ikasleak GrALa eta/edo MALa eta egin beharreko praktikak egoki egiteko behar duen materiala eta azpiegitura jartzea, eta zenbat ikasle har ditzakeen zehaztea.

e) Ikasleari eskuragarri jartzea praktikak, GrALa eta/edo MALa egiteko bereziki behar duen dokumentazioa.

f) GALa eta/edo MALa defendatu aurreko txosten idatzi bat betetzea, baita praktikekin lotutako txostenak ere.

Seigarrena.– Praktiken instruktorea.

1.– Erakunde laguntzaileak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta haren eginkizunak izango dira prestakuntza-jarduerak antolatzea, ados jarrita Praktika Programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutorearekin, eta praktikaren bilakaerari buruzko informazioa ematea tutoreari, prestakuntza-proiektua betez.

2.– Erakunde laguntzailearekin lotura duen norbait izango da instruktorea, eta tutoretza-lan egokia egiteko behar diren esperientzia profesionala eta ezagutzak izango ditu. Pertsona horrek ezin izango du aldi berean izan erakunde laguntzaileko tutore eta Unibertsitateko tutore.

3.– Praktika Programaren arduradunaren onespena beharko du instruktoreak, eta onespen horrek emango dio venia docendi-a, zeina EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak erregulatzeko Araudian ezarritako prozedura bidez gauzatuko baita.

4.– Kontuan hartuta instruktoreari eginkizun batzuk eta eskubide eta betebehar batzuk esleitzen zaizkiola esparru-hitzarmenaren xede diren jardueren jarraipenari dagokionez, eta litekeena denez Justizia eta Giza Eskubideen Saileko funtzionario horrek bere lanpostuari dagozkionak baino eginkizun gehiago bete behar izatea, ezinbestekoa da instruktoreak zeregin horiek aldez aurretik eta borondatez onartzea. Gainera, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak kontuan hartuko du eginkizun horiek betetzeak eragina izan dezakeela normalean egiten dituen lanetan.

Zazpigarrena.– Praktiketako instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Erakunde laguntzaileko instruktoreak honako eskubide hauek izango ditu:

a) Laguntzaile gisa egiten duen lana aitortua izatekoa, aurreko klausulan ezarritako moduan.

b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari eta haien prestakuntza-proiektuari eta garapen-baldintzei buruzko informazioa jasotzekoa.

c) Unibertsitaterako sarbidea izatekoa, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza eskuratzeko.

2.– Halaber, betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta hark egin beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, praktikaren garapena bideratzea eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarrituriko harremanean.

c) Ikasleari jakinaraztea erakundearen antolakuntza eta funtzionamendua eta intereseko arauak, bereziki segurtasunari eta lan-arriskuei buruzkoak.

d) Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea prestakuntza-proiektuan zehaztutako jarduerak egiteko, eta jarduera horiek egitean sor litezkeen gorabeheren berri ematea eta horiek konpontzea, bai eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea ere.

e) Zehaztutako ebaluazio-prozesuan –zentroak emango dio horren berri– parte hartzea.

f) Ikasleari praktikak egiteko behar duen prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasleari praktikak egin ahal izateko behar dituen bitarteko materialak ematea.

h) Ikasleari erraztasunak ematea eta akuilatzea, berritzailea eta ekintzailea izan dadin eta hobetzeko proposamenak egin ditzan.

i) Erakundearen ateak zabaltzea EHUko tutoreari, bere eginkizunak bete ditzan.

j) Konfidentzialtasunez gordetzea ikasleari buruz instruktore-lanetan eskura dezakeen edozein informazio.

k) Ikasleari laguntzea erakundean egingo duen egonaldian, bertan egiten dituen jardueretan sor daitezkeen gorabehera profesionalak konpontzeko.

Zortzigarrena.– Gradu amaierako lana edo master amaierako lana egin behar duten ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Honako hauek dira esparru-hitzarmen honen arabera ikasleen eskubideak eta betebeharrak:

a) GrALa edo MALa adostutako datan eta baldintzetan hastea.

b) Erakunde laguntzaileak finkatutako ordutegiak eta arauak betetzea.

c) GrALa edo MALa arduraz eta probetxuz egitea, GrALaren edo MALaren jarduera-planaren arabera eta onartu diren baldintza espezifikoak betez.

d) GrALaren edo MALaren zuzendariaren txosten idatzia jasotzea, hura defendatu aurretik.

e) GrALean edo MALean izandako edozein gorabeheraren berri ematea erakunde laguntzaileko GrALaren edo MALaren zuzendariari (edo, hala badagokio, erakundeak jarduera horietarako izendatutako arduradunari) eta EHUko zuzendariari edo zuzendarikideari.

f) Erabateko sekretu profesionalez eta konfidentzialtasunez gordetzea erakunde laguntzailean eskuratutako informazioak.

g) Jabetza intelektualerako eta industrialerako eskubidea, arlo hori arautzen duten legeetan ezarritakoaren arabera.

h) Hitzarmen honen klausulek ez dute, inola ere, erakunde laguntzailearen titulartasunpeko jabetza intelektual eta industrialaren eskubideak laga edo eskualdatzerik ekarriko.

2.– Ibaiondoko gazte-justiziako hezkuntza-zentroan lanak egiteko, jarduera eta lan horiek adingabeekin ohiko harremana izatea ekar dezaketenez, ikasleak Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko du, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralarenak, 57. artikuluan ezarritako moduan eta hitzarmen honen bigarren klausularen 2.2 apartatuan ezarritakoaren arabera. Ikasleak ziurtagiri negatiboa ez badu, ezin izango ditu praktikak egin zentroan.

3.– Klausula honetako lehenengo atalean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, jarduerak bertan behera geratu ahalko dira aldez aurretik. Horrelakorik gertatzen bada, EHUk edo erakunde laguntzaileak jakinaren gainean jarri behar dute hitzarmen honek ezarritako Jarraipen Batzordea, eta azken horrek 10 eguneko epea izango du erabakitzeko egokia den ala ez jarduera horiek amaitu baino lehen bertan behera uztea.

Bederatzigarrena.– Praktiketako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten ari den bitartean, eskubide hauek izango ditu ikasleak:

a) Tutoretzarako eskubidea praktikaren iraupen-aldian. Unibertsitateko irakasle batek edo praktika egiten ari den enpresa, instituzio edo erakundeko profesional batek egingo du tutoretza-lan hori.

b) Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.

c) Praktikak egin dituen erakunde laguntzailearen txosten bat jasotzeko eskubidea, berariaz azalduko duena zer lan egin duen, haren iraupena, eta, egoki bada, zer errendimendu izan duen. Unibertsitateak ezarritako prozedura betez egingo da.

d) Jabetza intelektual eta industrialerakoa, arlo honetako legerian zehaztutako baldintzetan, salbu eta ikasleak dagokion lagapen- edo transmisio-dokumentua sinatu badu.

e) Erakunde laguntzailearen aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen araudiari buruzko informazioa jasotzekoa.

f) Bere jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa bete ahal izatekoa, erakunde laguntzaileari nahikoa denborarekin jakinaraziz.

g) Desgaitasunen bat duen ikaslea bada, beharrezkoak diren baliabideak jasotzeko eskubidea, besteen baldintza berberetan jaso ahal izateko tutoretza, informazioa eta ebaluazioa eta egin ahal izateko praktikak.

h) Desgaitasunen bat duen ikaslea bada, eskubidea praktikak bateragarri egiteko desgaitasunaren ondorioz eratorririko edo harekin loturiko jarduera eta egoera pertsonalekin.

i) Indarrean dagoen araudiak eta Unibertsitateak erakunde laguntzailearekin hezkuntza-lankidetzarako sinatu dituen esparru-hitzarmenek aurreikusitako beste eskubide guztiak.

2.– Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten ari direnean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Unibertsitateak kanpoko praktikei buruz ezarrita dituen indarreko araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza-proiektua zertan den jakitea eta betetzea, erakunde laguntzaileak hautatutako instruktorearen argibideei jarraikiz, eta Unibertsitateko tutoreak ikuskatuta.

c) Unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea praktikan zehar, eta hari praktikarekin lotutako ezein gertakariren berri ematea, bai eta eskatzen zaizkion dokumentuak ematea ere.

d) Aurrez adostutako egunean jardunean hastea erakunde laguntzailean; hezkuntza-proiektuan ezarritako ordutegia betetzea; praktikari dagozkien arropak janztea eta higiene-arauak betetzea; eta erakundearen funtzionamenduko, segurtasuneko eta laneko arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.

e) Pertsonen eta instalazioen segurtasuna bermatzeko moduan jokatzea praktiketan, eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak betetzea.

f) Prestakuntza-proiektua egitea eta arretaz betetzea erakunde laguntzailearekin adostutako jarduerak, proiektuan ezarritako ildoen arabera.

g) Praktikak arautzen dituen EHUren araudian ezarritako dokumentuak, txostenak eta memoriak egitea eta entregatzea, Unibertsitateko tutoreak edo erakundeko instruktoreak eskatzen dizkionak, hain zuzen.

h) Konfidentzialtasunez gordetzea erakunde laguntzailearen barne-informazioa eta sekretu profesionalaz jokatzea, inori ez jakinarazteko eta inoren esku ez uzteko praktiketan (praktiken aurretik, praktikak egin bitartean eta ondoren) lortutako datuak eta informazioa.

i) Proposatutako segurtasun-neurriak eta jarraibideak betetzea baliabide informatikoak erabiltzean, informazioa eskuratzean eta dokumentuak gordetzean, bai eta instalazioen segurtasunean ere.

j) Errespetuz jokatzea beti erakunde laguntzailearen politikarekin, eta kide den unibertsitateko izen ona zaintzea.

3.– Ibaiondoko gazte-justiziako hezkuntza-zentroan praktikak egiteko, jarduera eta lan horiek adingabeekin ohiko harremana izatea ekar dezaketenez, ikasleak Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko du, ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralarenak, 57. artikuluan ezarritako moduan eta hitzarmen honen bigarren klausularen 2.2 apartatuan ezarritakoaren arabera.

4.– Klausula honetako lehenengo eta bigarren atalean ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, jarduerak bertan behera geratu ahalko dira aldez aurretik. Horrelakorik gertatzen bada, EHUk edo erakunde laguntzaileak jakinaren gainean jarri behar dute praktiken araudiak ezarritako jarraipen-batzordea, eta azken horrek 10 eguneko epea izango du erabakitzeko egokia den ala ez praktika horiek amaitu baino lehen bertan behera uztea.

5.– Azterketak egin behar baditu, ikasleak praktiketara ez joateko aukera izango du, baina, horretarako, hiru egun lehenago justifikatu beharko dio instruktoreari. Arrazoi akademikoen edo bestelako arrazoien eraginez praktiketara joan ezin bada, ikasleak lehenbailehen jakinarazi beharko die hori instruktoreari eta tutoreari, eta, hala badagokio, tutorearen baimena beharko du.

Hamargarrena.– Ikasleen Eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Eta Giza Eskubideen Sailaren Arteko Harremanaren Izaera.

1.– Kontuan hartuta ikasleak egin beharreko jarduerak prestakuntza direla, jarduera horiek egitetik inoiz ez da etorriko lan-harreman batek dakarren obligaziorik, eta praktiken edukiak ezin izango du lanpostuen berezko lan-prestazioaren ordezko izan.

2.– Era berean, ikasketak bukatutakoan ikaslea erakunde laguntzailean lanean hasten bada, praktiketan eta/edo GrAL edo MALa egiten emandako denbora ez da antzinatasun gisa zenbatuko, eta ez du probaldia izatetik salbuetsiko, salbu eta dagokion hitzarmen kolektiboan zerbait desberdina erabakita badago.

3.– Esparru-hitzarmen honek ez du jasotzen erakunde laguntzaileak Gizarte Segurantzari kotizatzeko betebeharrak bere gain hartzen dituenik.

4.– Erakunde laguntzaileak ez du inolako diru-kopururik jasoko bere instalazioetan egiten diren jarduera praktikoengatik konpentsatzeko.

5.– Praktikak egin izana ez da funtzio publikoan sartu ahal izateko merezimendutzat hartuko, eta praktikaldia ez da kontuan hartuko Administrazio Publikoan oro har antzinatasuna zenbatzeko ezta iraganean egindako zerbitzuen zenbaketarako ere.

Hamaikagarrena.– Gradu amaierako lanaren eta master amaierako lanaren zuzendaritza.

1.– Gradu amaierako lana. Erakunde laguntzailean eginiko GrALak EHUko irakasle batek edo erakunde laguntzaileko kide batek zuzenduko ditu. Zehazki:

a) GrALa EHUko kide batek zuzentzen badu, ikasleak erakunde laguntzaileak izendatutako pertsona baten laguntza izango du, eta pertsona horrek izango du ikasleak enpresan izango egonaldiaren ardura. Bien izena adieraziko da esparru-hitzarmen honen GrAL eranskinean.

b) GrALa erakunde laguntzaileko kide batek zuzentzen badu, zuzendarikide bat izango du: gradua irakasten duen sail bateko kide edo gradua ematen duen ikastegiari atxikitako kide bat izango da. Bien izena adieraziko da GrAL eranskinean.

Oro har, GrALaren zuzendariak edo zuzendarikideek –elkarrekin koordinaturik– eginkizun hauek izango dituzte:

a) Ikasle bakoitzari lanaren ezaugarriak azaltzea.

b) Lan egiteko aholkuak ematea.

c) Ezarritako helburuak betetzen direla zaintzea.

d) Jarraipena egitea, eta txosten idatzi bat egitea, ikasleari helarazteko.

GrALa Jabetza Intelektualaren Legeak babestutako lana da, eta, beraz, lana egin duenari dagokio jabetza intelektualeko eskubideen titulartasuna.

Hala eta guztiz ere, ikasleak aukera izango du, egiletza errespetatuz beti, osoki edo partzialki lagatzeko jabetza ukiezin horien ustiapen-eskubideak, akordio espezifikoak eginez enpresarekin.

2.– Master amaierako lana. Erakunde laguntzailean eginiko MALak EHUko irakasle batek edo erakunde laguntzaileko kide batek zuzenduko ditu, edo biek batera. Zehazki:

a) MALa EHUko kide batek zuzentzen badu, ikasleak erakunde laguntzaileak izendatutako pertsona baten laguntza izango du, eta pertsona horrek izango du ikasleak enpresan izango egonaldiaren ardura. Bien izena adieraziko da MAL eranskinean.

b) MALa erakunde laguntzaileko kide batek zuzentzen badu, doktorea izan beharko du, eta masterreko MALak zuzendu ditzaketen irakasleen zerrendan egon beharko du. Doktore-titulurik ez badu, masterraren MALak zuzentzeko gaitasuna duen EHUko irakasle doktore batekin batera zuzenduko du MALa. Master profesionaletan ez da hori bete beharrik izango, eta halakoetan, salbuespen gisa, dagokion justifikazioa aurkeztu ondoren, Graduondoko Batzordeak MALak zuzentzeko baimena eman ahalko dio.

Oro har, MALaren zuzendariak edo zuzendarikideek –elkarrekin koordinaturik– eginkizun hauek izango dituzte:

a) Ikasle bakoitzari lanaren ezaugarriak azaltzea.

b) Lan egiteko aholkuak ematea.

c) Ezarritako helburuak betetzen direla zaintzea.

d) Jarraipena egitea, eta txosten idatzi bat egitea, ikasleari helarazteko.

MALa Jabetza Intelektualaren Legeak babestutako lana da, eta, beraz, lana egin duenari dagokio jabetza intelektualeko eskubideen titulartasuna.

Hala eta guztiz ere, ikasleak aukera izango du, egiletza errespetatuz beti, osoki edo partzialki lagatzeko jabetza ukiezin horien ustiapen-eskubideak, akordio espezifikoak eginez Justizia eta Giza Eskubideen Sailarekin.

Hamabigarrena.– Jarraipen batzordea.

1.– Esparru-hitzarmen hau sinatu duten erakundeek Jarraipen Batzorde bat sortuko dute, paritarioa eta lau lagunek osatua: titulazioaren ardura duen ikastegiko bi ordezkarik eta Giza Eskubideen Saileko beste bi kidek.

Jarraipen Batzordearen zeregina izango da konponbidea ematea gradu edo master amaierako lanak egitean edo praktikak egitean sor daitezkeen interpretazio-arazoei eta gorabeherei.

2.– Batzordeak bete egin beharko du, bere funtzionamenduan, bileren maiztasunean eta bere akordioekiko loturan, Kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duen Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak atariko tituluko II. kapituluaren hirugarren sekzioan ezarritakoa.

Hamahirugarrena.– Finantzaketa.

1.– Hitzarmen hau sinatzeak ez dakarkie betebehar finantzariorik edo kontraprestazio ekonomikorik alderdiei.

Ikasleak ikasten ari diren Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegiari dagokio Gizarte Segurantzaren arloko betebeharrak betetzea, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuaren b) letrak ezarritakoa betez.

2.– Ikasleak esparru-hitzarmen honen ondorioz ez du inongo kopururik jasoko erakunde laguntzaileen aldetik kanpoko praktika akademikoak egiteagatik edo GrALa edo MALa egiteagatik.

Hamalaugarrena.– Aseguruak.

Ikasleak hitzarmen honetan aipatutako kanpoko praktikak egin bitartean istripurik eragiten edo jasaten badu, EHU egingo da horien erantzule bakar, eskola-aseguruak estaltzen ez duen kasua bada.

a) EHUko ikasleen asegurua.

1.– EHUk erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat du, ikasleak kanpoko praktika akademikoetan edo GrALa edo MALa egitean eragindako kalteak estaltzeko.

2.– Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleak ez du erantzukizunik izango kalterik sortzen bada erakunde laguntzaileko irakasleak emandako agindu edo jarraibideen ondorioz, horiek prestakuntza-proiektuan / jardueren planean ez badaude.

3.– Ikasketa ofizial batean matrikulatutako 28 urtetik beherako ikasleak (espainiarrak, Europar Batasunekoak nahiz bizileku-baimena duten atzerritarrak) eskola-aseguruaren babespean daude. Era berean, EHUk aseguru bat du kontratatuta, EHUko Ikasle Asegurua, istripuetarakoa eta osasun-laguntzarakoa. Aseguru horrek EHUn matrikulatutako ikasle guztiak estaltzen ditu Espainiako lurraldean.

4.– Atzerriko unibertsitateetatik EHUra mugikortasun-programa baten edo antzeko programa baten bidez etorri diren eta kanpoko praktika akademikoak egin behar dituzten ikasleek IBILI poliza edo horren antzeko gutxieneko estaldura duen poliza bat kontratatuta izan beharko dute, bai eta erantzukizun zibileko beste bat ere, ikasleak praktikak egitean sor ditzakeen kalteak estaltzeko.

b) Prestakuntza-jarduerak egiten laguntzen duten Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saileko langileen asegurua.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saileko langileak, ikasketa horietako ikasleek egin beharreko prestakuntza-jarduerak egiten laguntzen dutenak, behar bezala aseguratuta edukiko du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak eginkizun horiek betetzen dituzten bitartean, hots, lan-harremana duen erakunde horren ordezkari gisa unibertsitatearekin lankidetzan aritzen den bitartean.

Hamabosgarrena.– Konfidentzialtasuna eta datuen babesa.

1.– Alderdiek hitz ematen dute isilpean gordeko dituztela beste alderdiak eman dizkien eta hitzarmen honen xedea betetzeari buruzkoak diren informazio eta datu guztiak. Bereziki, isilpeko informaziotzat hartuko da hitzarmenaren xedea betetzearen ondoriozkoa den jakintza guztia. Alderdiek erreserbatuta eta isilpean gorde beharko dute informazio hori, eta ez diote inola ere jakinaraziko, ez osorik ez partzialki, hitzarmenaren parte ez den ezein pertsona fisiko edo juridikori.

2.– Alderdiek konpromisoa hartzen dute honako manu hauetan xedatutakoa betetzeko: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

Ondorio horietarako, hitzarmena sinatzen duten alderdiak izango dira nor bere tratamenduen erantzule, tratamendu horietan hitzarmen honen xede diren unibertsitate-praktikak egiten dituzten ikasleen datu pertsonalak jorratzen diren heinean. Erakunde batek beste aldearen tratamenduari buruzko datuak eskuratzeko, tratamenduaren arduraduna izan beharko du, eta dagozkion praktikak egiteko helburuarekin baino ez dira erabiliko datuok. Datu pertsonalak ez zaizkie hirugarrenei lagako edo jakinaraziko, salbu eta legitimatutako tratamendu-arduradunei lagatzen zaizkienean edo beste organismo edo administrazio publiko batzuei lagatzen zaizkienean, legez aurreikusitakoaren arabera.

3.– Hitzarmen honen xedea betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalei dagokienez, tratamenduaren arduradun izango dira Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saila eta Unibertsitatea, interesdunaren baimenaren bidez datu pertsonalak tratatzeko legitimatuta baitaude ondoren adierazten diren helburuetarako, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1 a) artikuluan aurreikusitakoaren babesean.

4.– Tratatuko diren datuen helburua izango da ikasleen unibertsitateko praktikak kudeatzea, eta kategoria hauetan sailkatuko dira: ikasleen datu pertsonalak (identifikazio-datuak).

5.– Tratamenduaren arduradunek Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan ezarritako informazio-betebeharrak beteko dituzte interesdunen aurrean, haiei buruz jasotako datu pertsonalei dagokienez.

6.– Alderdi sinatzaileek beharrezko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezarri behar dituzte datu pertsonalen segurtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta eragozteko datu horiek aldatzea, galtzea edota baimenik gabe erabiltzea edo eskuratzea.

7.– Hitzarmena sinatzen duten alderdiek ez dute inolako erantzukizunik izango, baldin eta beste alderdietako edozeinek ez baditu aurreko betebeharrak betetzen. Erakunde batek bere gain hartutako betebeharrak urratuz gero, hark izango du arau-hausteen erantzukizuna.

Hamaseigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta auziak ebazteko modua.

Hitzarmen hau juridiko-administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babespean egin da.

Hitzarmen hau interpretatu, aldatu, betearazi, suntsiarazi edo aplikatzean sor daitezkeen gatazkak aldeen artean modu adiskidetsuan ebatziko dira, zortzigarren klausulan aurreikusitako batzordearen barruan.

Kontratu administratiboa denez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena izango da aldeen artean sor daitezkeen auziak erabakitzeko eskuduna, hori guztia Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 1. eta 2. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hamazazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Esparru-hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita. Aurreko epe hori amaitu aurretik, hitzarmenaren sinatzaileek edozein unetan aho batez adostu dezakete beste lau urtez luzatzea, edo hitzarmena azkentzea.

Hitzarmenaren salaketa idatziz egin beharko zaio beste aldeari, eta horrek ez du eraginik izango salaketa egiten den unean egiten ari diren praktiketan, hargatik eragotzi gabe seigarren, zazpigarren eta zortzigarren klausuletan ezarritakoa praktikak aldez aurretik bertan behera uzteari buruz. Curriculumetik kanpoko praktikak badira, hezkuntza-lankidetzako akordioaren indarraldia (EHUko Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiaren III. eranskina) erakundean egiten den praktikaren iraupenera mugatuko da.

Hemezortzigarrena.– Etika.

Lankidetza-hitzarmenaren garapena Euskal Herriko Unibertsitatearen Etika Kodera egokituko da. Horrenbestez, ez da egingo giza eskubideen aurkako ekintzetan zuzenean parte hartzea dakarren edo edozein indarkeria-mota eragiten duen lankidetza-jarduerarik.

Hemeretzigarrena.– Suntsiarazteko arrazoiak.

1.– Xedetzat dituen jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoia dagoenean azkenduko da hitzarmena.

2.– Hitzarmen hau honako arrazoi hauengatik azkendu ahal izango da:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea hitzarmenaren luzapena erabaki gabe.

b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

Halakoetan, aldeetako edozeinek errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio betebeharrak edo konpromisoak bete ez dituen aldeari, epe jakin baten barruan bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromiso horiek. Errekerimendu horren berri eman behar zaie hitzarmenaren exekuzioaren jarraipena eta kontrola egiteko batzordeari eta sinatu duten gainerako alderdiei.

Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan, oraindik bete gabe badago bete beharrekoa, errekerimendua bidali zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat dagoela, eta, beraz, suntsitutzat joko da hitzarmena. Hitzarmena arrazoi horregatik suntsiarazten bada, gerta daiteke sortutako galerak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.

d) Erabaki judizial batek hitzarmena deuseztatzea erabakitzea.

e) Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.

3.– Hitzarmena bertan behera uzteko akordioaren edo iraungitzeko borondatearen jakinarazpenaren datatik aurrera, klausula honetan ezarritako eran, lankidetzari eutsi egingo zaio, eta amaitu arte jarraituko dute data hura baino lehen hasitako praktika-jarduerek.

Hitzarmena azkenduta, hitzarmenaren xede diren jarduerak egiten ari diren ikasleei haiek amaitzeko aukera bermatuko diete bi aldeek.

4.– Hitzarmen honen edukian edozein aldaketa egiteko, sinatzaileen ahobatezko akordioa beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49 g) artikuluaren arabera. Horretarako, aldaketa jasoko duen eranskina idatzi beharko da, hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen.

Eta, aipaturiko guztiarekin ados daudela frogatzeko, hitzarmena sinatzen dute.

Egoitza elektronikoa, 2026ko ekainaren 24a.

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

JOSÉ RAMÓN BENGOETXEA CABALLERO.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala