Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2026ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
3470

1/2026 FORU ARAUA, ekainaren 11koa, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena.

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi dutela «1/2026 Foru Araua, ekainaren 11koa, Ondasun Higiezinen Zergarena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2026ko ekainaren 11.

Gipuzkoako diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

HITZAURREA

Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 13ko 12/1981 Legearen bidez onetsiak, ahalmena eman zien lurralde historikoetako erakunde eskudunei landa eta abeltzaintzako lurralde kontribuzioa arautzeko; era berean, foru aldundiek kontribuzio hori ordainarazteko eskumena ere jaso zuten, toki korporazioekin lankidetzan jarduteko dauden formulak edo gerora egoki iritzi litezkeenak eragotzi gabe.

Esleipen horrek berekin ekarri zuen onestea Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua, zeinaren ondorioz desagertu egin baitziren bai hiri, landa eta abeltzaintzaren esparruko lurralde kontribuzioak eta bai orubeen gainean aplikatzen zen udal zerga, eta tributu berria udal ogasunen oinarrizko figura bihurtu zen. Foru arauak funtsezko zeregina ematen die udalei, tributua borondatezko epean zein epe exekutiboan kudeatu, likidatu, ikuskatu eta biltzeko ahalmenak jartzen baititu haien esku.

Euskal Autonomia Erkidegoak gerora hitzartutako Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, ahalmen berbera jasotzen du, hasieratik gaurko idazketa bitarte, lurralde historikoetako erakunde eskudunentzat, eta hartaz baliatuta erakunde horiek arauak eman ditzakete ondasun higiezinen gaineko zerga erregulatzeko eta lurralde historiko bakoitzean kokatuta dauden landa eta hiri izaerako ondasunak zergapetzeko.

Horrela, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 35 urtetik gora arautu du zerga hori, ahaztu gabe denbora tarte horretan hainbat aldaketa izan dituela, batzuk esanguratsuak eta beste batzuk tamaina txikiagokoak, zeinen artean nabarmentzekoak baitira xedapen hauek direla medio sartutakoak: abenduaren 27ko 4/1999 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga Erregimenari buruzkoa; martxoaren 19ko 4/2003 Foru Araua, toki entitateen zerga sistema aldatzekoa; martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua (Zergen Foru Arau Orokorra); edo uztailaren 9ko 3/2008 Foru Araua, jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri fiskalak onartu, sozietateen gaineko zerga kontabilitate erreformara egokitu eta bestelako zerga neurriak hartzen dituena.

Adierazi behar da 12/1989 Foru Arauak udal esparruko zerga ez ezik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko higiezinen katastroarekin erlazionatutako gaia ere arautzen duela, eta azken kasu horretan haren sistemak baduela hobetzeko aukerarik katastro balioak finkatu, berrikusi, aldatu eta eguneratzeko prozedurei dagokienez.

Hala, ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera errealekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko edozein udalerritako landa eta hiri ondasun higiezinen balioa zergapetzen duena. Udalerriek nahitaez ordainaraztekoa da, halako moduz non tokiko tributu sistemaren giltzarritzat hartzen baita, udalek diru bilketarako duten iturri nagusietako bat izateagatik.

Azaldutako arrazoiengatik, eta haren indarraldiak luze jo duela ikusita, egoki iritzi da gai horietako bakoitza esparru normatibo propio batean arautzea; izan ere, nahiz eta biak ezinbestean dauden elkarri lotu-lotuta, printzipio desberdinei erantzuten diete, eta horrek beharrezko egiten du tresna normatibo autonomoak onestea esandako gaiak arautzeko. Horrela, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauaren edukia bitan banatuta geratuko da: alde batetik, foru arau honetan Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko Foru Araua jasoko da, eta beste foru arau batean Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroa arautuko da.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Foru Arau honek hamabost artikulu ditu, xedapen gehigarri bakarra, xedapen iragankor bakarra, xedapen indargabetzaile bakarra eta azken hiru xedapen, eta kontinuista da aurreko araudiarekiko. Nolanahi ere, testuak baditu berritasun garrantzitsuak –baita zuzenketa tekniko eta terminologikoak ere–, gai horiek bitan banatzeagatik eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrean ezarritako oinarrizko esparru komunera egokitu beharragatik zuzenean ondorioztatuak.

Berritasunen artean, azpimarratzekoa da zerga egitatearen konfigurazioa aldatu egiten dela, Higiezinen Katastroari buruzko Foru Arau berrian beste ondasun kategoria bat sartzen baita hiri eta landa lurreko ondasunekin batera, ezaugarri berezikoak diren ondasunak hain zuzen ere.

Azkenik, adierazi behar da udalek foru arauan aurreikusitako gutxienekoa baino karga tasa handiagoak onartzeko aukera jasotzen dela, udal autonomiaren erabileran sakontzeko helburuarekin.

1. artikulua.– Zergaren izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera errealekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko edozein udal mugartetan kokatuta dauden ondasun higiezinen balioa zergapetzen duena foru arau honetan ezarritako eran.

2. artikulua.– Zerga egitatea eta zergari lotu gabeko kasuak.

1.– Landa, hiri eta ezaugarri bereziko ondasun higiezinen gaineko eskubide hauen titulartasunak eratzen du tributuaren zerga egitatea:

a) Ondasun higiezinen gaineko edo haiei atxikita dauden zerbitzu publikoen gaineko administrazio emakida bat.

b) Azalera eskubide erreal bat.

c) Gozamen eskubide erreal bat.

d) Jabetza eskubidea.

2.– Aurreko apartatuan definitutako zerga egitateetako bat bertan ezarritako hurrenkeran gertatzeak berekin ekarriko du landa edo hiri ondasun higiezina ez geratzea lotuta apartatu horretan aurreikusten diren gainerako modalitateetara.

Ezaugarri bereziko higiezinen kasuan ere hurrenkera hori bera aplikatuko da, higiezinaren gainean egon daitezkeen emakida eskubideek higiezinaren azalera agortzen ez dutenean izan ezik; kasu horretan, zerga egitatea gertatuko da baita emakidari afektatuta ez dagoen higiezinaren zatiaren gaineko jabetza eskubideagatik ere.

3.– Zerga honen ondorioetarako, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroaren araudian hala deskribatzen direnak hartuko dira landa eta hiri ondasun higiezintzat zein ezaugarri bereziko ondasun higiezintzat.

4.– Higiezin bat udal mugarte batean baino gehiagotan badago, zerga honen ondorioetarako ulertuko da haietako bakoitzekoa dela kasuan kasuko udal mugartean okupatzen duen azaleraren proportzioan.

5.– Ez daude zerga honi lotuta errepideak, bideak, kaleak, bidegorriak, lehorreko gainerako bideak eta eremu libreak, betiere herri jabarikoak badira eta aprobetxamendu publiko eta doakoa badute.

3. artikulua.– Salbuespenak.

1.– Higiezin hauek egongo dira salbuetsita:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren, Estatuaren, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren edo bertako toki entitateen jabetzakoak direnak, baldin eta herritarren segurtasunari eta hezkuntzako zein presondegietako zerbitzuei zuzenean lotuta badaude, bai eta Estatuak defentsa nazionalari atxikiak dituenak ere.

b) Herri ondasunak eta esku komuneko auzo mendiak.

c) Honako hauen jabetzakoak direnak:

1.a Udalerrienak, organismo autonomoenak edo horiei atxikitako partzuergoenak, edo udalerri horiek guztiz partaidetuta dauden sozietateenak, betiere udalerri horien lurraldean kokatuta badaude.

2.a Mankomunitateenak, haien organismo autonomoenak edo mankomunitate horiek guztiz partaideduta dauden sozietateenak, betiere baldin eta mankomunitate horiek jarduten duten lurralde eremuan kokatuta badaude.

Aurreko 1. eta 2. ordinaletan, salbuespena aplikagarria izan dadin, ezinbestekoa da ondasun horiek erabilera edo zerbitzu publikoari atxikita egotea eta emakida administratiboko erregimen baten menpe ez egotea, non eta emakida administratiboaren titularra ez den irabazi-asmorik gabeko elkarte bat, kasuan kasuko Elkarteen Erregistroan izena emanda dagoena eta udalarekin batera udal intereseko deklaratutako lankidetza jarduerak egiten dituena (udaleko organo eskudunak deklaratuak).

d) Gurutze Gorriarenak eta erregelamendu bidez zehazten diren beste erakunde parekagarri batzuenak.

e) Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen arabera salbuespena aplikatu behar zaien higiezinak, eta, elkarrekikotasun-baldintzetan, atzerriko gobernuenak, haien ordezkaritza diplomatikorako, kontsularrerako edo haien erakunde ofizialetarako badira.

f) Unibertsitate publikoaren eta hari atxikitako ikastetxe publikoen jabetzakoak diren eta beren helburuak betetzeko atxikita dauden ondasunak, eta hezkuntza-itunen araubideari atxikitako ikastetxe pribatuen jabetzakoak diren ondasunak, itunpeko ikastetxe izaten jarraitzen duten bitartean.

2.– Halaber, salbuetsita egongo dira, aldez aurretik eskatuta, honako hauek:

a) Birsorkuntza naturaletik edo basoberritze lanetatik datozen espezieekin basotutako mendien azalera, betiere baldin eta basoberritze horiek Administrazio eskudunak onetsitako antolamendu proiektuen edo Baso Kudeaketa Jasangarriko Plan Teknikoen esparruan eginak badira. Paragrafo honetan aurreikusitako salbuespenak hogei urteko iraupena izango du, eskaera egin eta hurrengo zergalditik kontatzen hasita.

b) Eliza Katolikoarenak, Espainiako estatuak eta Egoitza Santuak 1979ko urtarrilaren 3an gai ekonomikoei buruz izenpetutako Akordioan ezarritakoaren arabera, eta legez onartuta dauden elkarte konfesional ez-katolikoenak, Konstituzioaren 16. artikuluan xedatutakoari jarraituz haietako bakoitzarekin izenpetutako lankidetza akordioetan ezarritako terminoetan.

c) Trenbideek hartutako lurrak eta lur horietan kokatutako eraikinak, baldin eta geltokiak edo biltegiak izateko edo linea horien ustiapenak ezinbestekoa egiten duen edozein zerbitzu emateko erabiltzen badira. Beraz, ostalaritza establezimenduak, ikuskizunetakoak, merkataritza eta aisialdiko establezimenduak, enplegatuentzako etxebizitzak, zuzendaritzaren bulegoak eta fabrika instalazioak ez dira salbuetsita egongo.

d) Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.2 artikuluko a) letraren arabera, monumentu diren ondasun higiezinak. Salbuespen hau Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatuta dauden babes bereziko zein babes ertaineko ondasunei aplikatuko zaie.

Era berean, salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.2 artikuluko b) letraren arabera, monumentu multzo baten parte diren ondasun higiezinak. Salbuespen hau Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatuta dauden babes bereziko zein babes ertaineko ondasunei baino ez zaie aplikatuko.

Orobat, salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.2 artikuluko c) letraren arabera, eremu arkeologiko batean aurkitzen diren ondasun higiezinak, hain zuzen ere babes berezi eta ertaineko kultura ondasun deklaratuak, baldin eta, esku-hartze arkeologikoren bat egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako dagokion sailak erabaki badu haietan aurkitutako hondakinak mantendu behar direla, eta ezin direla ezabatu ez lekuz aldatu.

d) letra honetan aipatzen diren ondasun higiezinak ustiapen ekonomikoei atxikita badaude ez dira salbuetsita egongo, salbu eta irabazi-asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga-pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauan aurreikusitako salbuespen kasuetan sartzen badira.

e) Kokatuta dauden udalerrietako udalei kontraprestaziorik gabe lagatzen zaizkien ondasun higiezinak.

f) 600 eurotik gorako zerga oinarria ez duten ondasunak.

Apartatu honetan aurreikusitako salbuespenak aplikatzeko, interesdunek aldez aurretik eskatu beharko diote haien aplikazioa udal eskudunari.

Ematen diren salbuespenek eskaera egin eta hurrengo zergalditik aurrera izango dute eragina.

3.– Ordenantza fiskalek hala ezartzen badute, titularitate publikoko osasun zentroen ondasunak salbuetsita gera daitezke baldin eta ondasun horiek zentroen berezko helburuetarako erabiltzen badira. Salbuespen honen gainerako alderdi substantibo eta formal guztiak ordenantza fiskalean arautuko dira.

4.– Ordenantza fiskalek, tributuaren bilketa lana efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera egin dadin, erabaki dezakete likidazio jakin batzuk egin gabe uztea edo, hala badagokio, horiek baliogabetu eta kontabilitatean baja ematea, baldin eta haietatik ondorioztatzen diren zorren zenbatekoa kuotaren ordainarazpenak eta bilketak dakarren kostua baino txikiagoa dela irizten bada.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga kudeatu, ikuskatu edo biltzeko garaian eskuordetzaz jarduten badu kasuan kasuko hitzarmena sinatuta, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak zenbateko hori zein izango den ezarri ahal izango du.

4. artikulua.– Subjektu pasiboa.

1.– Ondasun higiezinen gaineko zergaren subjektu pasibo dira, zergadun gisa, pertsona fisiko eta juridikoak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak 35. artikuluko 3. apartatuan aipatzen dituen entitateak, eta testamentu ahalordea erabili gabe duten jaraunspenak, betiere zerga honen zerga egitatea kasu bakoitzean eratzen duten eskubidearen titular badira.

Emakidadun bat baino gehiago direnean zergadun, emakidadun bakoitzak bere kuotaren arabera izango du izaera hori, eta, kuota hori erabakitzeko, kontuan hartuko da zer katastro balio dagokion emandako azalerari eta emakida bakoitzarekin zuzenean lotuta dagoen eraikinari. Emakidadunek foru arau honen 12. artikuluan aipatzen diren aitorpenak formalizatzeko duten obligazioaren kalterik gabe, higiezina afektatuta edo atxikita duen ente edo organismo publikoak edo haren administrazioaz eta kudeaketaz arduratzen denak emakidei buruzko informazioa eman beharko dio Ogasun eta Finantza Departamentuari, bertako diputatuak foru agindu bidez ezarriko dituen modu eta baldintzetan.

Jabea emakiden eraginpean ez dagoen azaleragatik gertatzen denean zergadun, aurreko paragrafoan aipatu den ente edo organismoak haren ordezko gisa jardungo du, eta ordaindutako zerga zorraren zenbatekoa ezin izango dio zergadunari jasanarazi.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboak ahalmena izango duela berak jasandako zerga zama beste batzuei jasanarazteko, zuzenbide erkideko arauei jarraituz.

Udalek dagokien kuota likidoaren zatia jasanaraziko diete zergaren subjektu pasibo izan ez arren jabari publikoko ondasunak edo ondare ondasunak kontraprestazio bidez erabiltzen dituztenei, eta azken horiek behartuta daude adierazitako kuota hori jasatera. Jasanarazpen hori ez da nahitaezkoa izango ondasun higiezinak izaera sozialeko etxebizitza publikoko politikei adskribituta daudenean.

Jasanarazi beharreko kuota kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer katastro balio dagokion erabilera eskubidearen errentari edo lagapen-hartzaile bakoitzari erabilitako azaleragatik eta eraikinean dagokion zatiagatik.

3.– Higiezinak hainbat pertsonarenak badira pro indiviso egoeran, katastroko titulartasuna erkide, kide edo partaide bakoitzari egotziko zaio, norberari dagokion kuotaren arabera, eta, hala behar denean, baita haiek guztiek osatutako erkidegoari ere, zeina identifikazio fiskaleko zenbakia aipatuta agerraraziko baita. Kasu horretan, zerga kuota zatitzeko eskatu ahal izango da, baina, horretarako, ordaintzera behartuta dauden guztien datu pertsonalak eta helbide fiskalak eman beharko dira.

Zerga kuota ezingo da zatitu baldin eta zatiketaren ondorioz ateratzen diren kuotak foru arau honen 3. artikuluko 4. apartatuan aurreikusitako kopuruak baino txikiagoak badira.

4.– Ondasunen titulartasuna irabazpidezko sozietate araubidean dauden edo ondasunen foru komunikazioa adostu duten bi ezkontideena denean edo ondare araubide ekonomiko gisa aurreko edozein hitzartu duten izatezko bikoteko bi kideek dutenean, zergaren kuota ezingo da zatitu.

5. artikulua.– Afekzio erreala eskualdaketan eta erantzukizun solidarioa titularkidetasunean.

1.– Zerga honen zerga egitatea eratzen duten eskubideen titulartasuna zeinahi den arrazoirengatik aldatzen bada, eskubide horien xede diren ondasun higiezinak zerga kuota osoaren ordainketari lotuta geratuko dira, erantzukizun subsidiarioagatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 43.1 artikuluko d) letran aurreikusitako terminoetan.

Ondorio horietarako, notarioek behar den informazioa eskatuko diete bertaratuei, eta haien aurrean baimentzen dituzten dokumentuetan gai hauen inguruan ohartaraziko diete modu espresuan: eskualdatzen den higiezinak zerga zorren bat duen ondasun higiezinen gaineko zergarengatik; zenbateko epea duten interesdunek zergaren aitorpena aurkezteko, obligazio horren arrazoia denean higiezinaren erreferentzia katastrala eta finka zenbakia ez dela komunikatu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko ekainaren 11ko 2/2026 Foru Arauaren 36. artikuluan jasotakoarekin bat; ondasunak zerga kuotaren ordainketari lotuta dauden edo ez; eta, azkenik, zein erantzukizunen menpe gera daitezkeen aitorpenak ez aurkezteagatik, epez kanpo aurkezteagatik edo aurkeztutako aitorpenak faltsuak, osatugabeak edo zehaztugabeak izateagatik, aipatutako foru arauan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35. artikuluko 3. apartatuan aipatzen diren entitateetako partaidekide edo titularkideek modu solidarioan ordainduko dute zerga honen kuota, bakoitzak dituen partaidetzen proportzioan, betiere Higiezinen Foru Katastroan hala inskribatuta ageri badira. Katastroan inskribatuta ez badaude, erantzukizuna zati berdinetan exijituko da beti.

6. artikulua.– Zerga oinarria.

Zerga honen zerga oinarria ondasun higiezinen katastro balioa izango da, lurzoruaren balioa eta, hala badagokio, eraikuntzena barne, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko ekainaren 11ko 2/2026 Foru Arauan xedatutakoaren arabera arautu, jakinarazi eta, kasua bada, inpugnatuko da.

7. artikulua.– Kuota osoa eta kuota likidoa.

1.– Zerga honen kuota osoa kalkulatzeko, zerga oinarriari foru arau honen hurrengo artikuluan aipatzen den karga tasa aplikatuko zaio.

2.– Kuota likidoa kalkulatzeko, berriz, kuota osotik foru arau honetan aurreikusten diren hobarien zenbatekoa kenduko da, halakorik aplikagarria den kasuetan.

8. artikulua.– Karga tasa.

1.– Hiri lurreko ondasun higiezin eta ezaugarri bereziko ondasunen kasuan, karga tasa 100eko 0,04koa izango da eta 100eko 0,3koa landa lurreko ondasun higiezinen kasuan.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, udalek ahalmena izango dute bertan adierazten diren karga tasak handitzeko, jarraian zehazten den eran:

a) Hiri lurreko ondasun higiezinei dagokienez, bi karga tasa handiago ezarri ahal izango dituzte:

– Bat, orokorra, 100eko 0,4ko mugaraino.

– Beste bat, 100eko 0,6ra bitarte, lurzoru industrialean edo hirugarren sektorekoan kokatuta dauden ondasun higiezinetarako, dagozkien balorazio ponentzien arabera, erabilera nagusia industriala edo hirugarren sektorekoa ez duten eraikinetan kokatutako finketarako izan ezik.

b) Landa lurreko ondasun higiezinei dagokienez, karga tasa handitua 100eko 1,1era bitartekoa izaten ahalko da.

c) Ezaugarri bereziak dituzten ondasun higiezinei dagokienez, 100eko 0,7ra bitarteko karga tasa handitua ezarri ahal izango dute.

Artikulu honetan jasotakoaren ondorioetarako, hiri erabilerak zehazteko garaian, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko ekainaren 11ko 2/2026 Foru Arauan xedatutakoari jarraituko zaio. Higiezin batek erabilera bat baino gehiago badu, eraikin edo dependentzia nagusiaren erabilerari dagokion karga tasa aplikatuko da.

3.– Udalek urtero aldatu ditzakete karga tasak, baina aplikatu behar diren urteko urtarrilaren 1a baino lehen egon behar dute onetsita eta argitaratuta.

Udalek gehienez ere bost hamartarrekin ezarriko dituzte karga tasak.

9. artikulua.– Hobariak.

1.– Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek honako hobariak ezar ditzakete zergaren kuota osoaren gainean:

a) 100eko 99ra bitarteko hobaria zergaren kuota osoan, ondasun higiezinen erabilera etxebizitza plan edo programen esparruan lagatzen denean. Plan edo programa horiek honako hauek izan daitezke: Eusko Jaurlaritzaren «"Bizigune" Etxebizitza Hutsen Programa», abenduaren 23ko 466/2013 Dekretuaren bidez arautua, «Merkatu libreko etxebizitzak alokatzeko "ASAP" bitartekaritza programa», irailaren 17ko 144/2019 Dekretuaren bidez arautua, edo antzeko beste plan eta programa autonomiko, foral edo udal mailakoak edo horien ordezko direnak.

b) 100eko 50etik 100eko 90era bitarteko hobaria zergaren kuota osoan, obra berria zein harekin parekagarri den bigaikuntza egiten duten urbanizazio, eraikuntza eta sustapen enpresen jardueraren xede diren higiezinetarako, baldin eta higiezin horiek haien ibilgetuko ondasunen artean ageri ez badira.

Hobari hau aplikatzeko epea obrak hasi ondorengo zergalditik horiek amaitu ondorengo zergaldira bitartekoa izango da, betiere denbora horretan urbanizazio edo eraikuntza obrak egiten badira. Epea ezingo da inola ere izan hiru zergalditik gorakoa.

Eskaera 2 hilabeteko epean aurkeztu beharko da, obrak hasten diren egunetik kontatzen hasita.

c) 100eko 90era bitarteko hobaria zergaren kuota osoaren gainean, higiezinak subjektu pasibo hauen ohiko etxebizitza direnean:

– Familia ugarien edo guraso bakarreko familien titularrak, eta etxeko indarkeriaren edo genero indarkeriaren biktima diren familiaburuak.

Kasu honetan, hobaria subjektu pasiboen ahalmen ekonomikoa aintzat hartuta aplikatuko da.

– Zaurgarritasun egoeran daudenak ordenantza fiskalek ezarritakoaren arabera.

Ondorio horietarako, subjektu pasiboak non dauden erroldatuta eta hura hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Etxebizitzaren balio katastrala ezingo da 300.000 euro baino altuago izan, eta udalak atalase txikiagoa jarri ahalko du.

d) 100eko 50era bitarteko hobaria zergaren kuota osoaren gainean, babes publikoko etxebizitza berrietarako eta, dela proiektuan dela erregistroan, haiei lotuta dauden garaje eta trastelekuetarako, betiere etxebizitza horiei babes publikoko etxebizitzen behin betiko kalifikazioa eman eta gero.

e) 100eko 50era bitarteko hobaria zergaren kuota osoaren gainean, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinetarako. Hobari hau aplikatzeko, ezinbesteko baldintza izango da beroa sortzeko instalazioek kolektoreak edo berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistemak (UBS) edukitzea eta horiek guztiak administrazio eskudunak homologatuta egotea.

Era berean, zergaren kuota osoaren gainean 100eko 50era bitarteko hobaria arautu ahal izango dute efizientzia energetikoari dagokionez A edo B motako etiketa duten ondasun higiezinetarako. Ondorio horietarako, hobariaren portzentajea aldakorra izan daiteke, etiketa energetiko motaren arabera.

f) 100eko 50era bitarteko hobaria zergaren kuota osoan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatuak dituzten ondasun higiezinetarako. Hobari hau aplikatzeko, ezinbestekoa izango da instalazio horiek Administrazio eskudunak homologatuta egotea.

g) Udalek, ordenantza bidez, 100eko 95era bitarteko hobaria arautu ahal izango dute zergaren kuota osoaren gainean, foru arau honen 3.2 artikuluko e) letraren azken paragrafoan aipatutako salbuespenetik kanpo geratzen diren ondasun higiezinen alde.

2.– Ordenantza fiskalek aurreko apartatuan aipatu diren hobarien zenbatekoa, iraupena eta gainerako alderdi substantibo eta formalak zehaztuko dituzte, eta beste onura fiskal batzuekin bateragarriak izateko baldintzak ere ezarriko dira bertan.

10. artikulua.– Errekargua ohiko etxebizitza ez izateagatik.

Ondasun higiezinak bizitegi erabilerakoak izanik, horiek ez badira subjektu pasiboaren edo hirugarren batzuen ohiko bizilekua, dela errentamenduz dela lagapen bidez, udalek 100eko 150era bitarteko errekargua ezar dezakete zergaren kuota likidoaren gainean. Errekargua zergaren subjektu pasiboei exijituko zaie, errekargua jasaten duen zergaren sortzapenaren une berean sortuko da, eta urtero likidatuko da, kuotarekin batera.

Errekargu hau aplikatzearen ondorioetarako, bizitegi erabilerako higiezintzat hartuko dira Higiezinen Foru Katastroaren arabera etxebizitza erabilera izan dezaketen lokalak. Etxebizitzaren eranskinak barruan sartuko dira, finka erregistral bakarra osatzen dutenean. Ondorio horietarako ere, presuntzio egingo da bizitegi erabilerako higiezin bat ohiko bizilekua dela baldin eta, zergaren sortzapen egunean, hura kokaturik dagoen udalerriko erroldan egiaztatuta badago bertan bizi den/direnen ohiko bizilekua dela.

Aurrekoa gorabehera, udalek beren ordenantza fiskaletan ezar dezakete zer kasutan ez den aplikatuko artikulu honetan aipatzen den errekargua.

Errekargu hori ez zaie inola ere aplikatuko administrazio publikoen eta haien organismo instrumentalen jabetzakoak diren ondasun higiezinei, baldin eta, bizitegi erabilerakoak izanik, alokairu eskuragarriko eskaintza publikoen barruan sartuta badaude edo hirugarrenek haiei laga badizkiete, etxebizitza librea alokatzeko merkatuan bitartekaritza egiten duten programa publikoak exekutatuz.

11. artikulua.– Sortzapena eta zergaldia.

1.– Zerga zergaldiko lehen egunean sortuko da.

2.– Zergaldia urte naturala izango da.

3.– Higiezinen Foru Katastroari aitortu edo komunikatu behar zaizkion egitate, egintza edo negozioak ondorio katastralak sortzen dituzten unea gertatu ondorengo zergaren sortzapenean izango dira eraginkorrak, eta eraginkortasun horretarako ez da ezinbestekoa izango kasuan kasuko administrazio egintzak jakinaraztea.

Katastro balioak berrikusteko edo aldatzeko prozeduren ondorioz ematen diren egintzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko ekainaren 11ko 2/2026 Foru Arauan ezarritako termino bertsuetan izango dira eraginkorrak.

12. artikulua.– Subjektu pasiboaren aitorpen obligazioak.

1.– Ondasun higiezinek katastroan inskribatzeko moduko alterazioak badituzte eta horiek esanguratsuak badira zerga honen ondorioetarako, berekin ekarriko dute subjektu pasiboek bidezko aitorpenak formalizatzea aldaketa horiek Higiezinen Foru Katastroan inskribatzeko, katastroaren arau erregulatzaileetan ezarritakoarekin bat.

2.– Higiezinen lehen okupazioa baimenduko duen lizentzia emateko prozedura tramitatzeari begira, udalek exiji dezakete frogatzeko Higiezinen Foru Katastroan eraikuntza berriko alta aitorpena aurkeztu dela.

13. artikulua.– Eskumenen eremua eta eskuordetza.

1.– Zerga kudeatu, ikuskatu eta borondatezko epean zein epe exekutiboan biltzeko ahalmenak eta, orobat, zerga kudeaketaren bidetik emandako egintzak berrikustekoa, zergapetutako ondasunak kokatuta dauden udal mugarteko udalari dagozkio, artikulu honetako 4. apartatuan ezarritakoa eragotzi gabe.

2.– Zehazki, udalei dagokie salbuespenak zein hobariak onartu eta ukatzea, zerga zorrak zehazteko likidazioak egitea, kobrantzako dokumentuak jaulkitzea, bidegabeko diru-sarreren itzulketari buruzko espedienteak ebaztea, egintza horien aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea, eta zergadunari apartatu honetan aipatutako gaien inguruko laguntza eta informazioa ematea.

Foru arau honen 3. artikuluan jasotako salbuespenak onartu edo ukatzeko, udalek aurretiazko txosten teknikoa eskatu ahal izango diote Foru Aldundiari.

3.– Kobrantzako ordainagiriak konfiguratzea Foru Aldundiari dagokio.

4.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalek Foru Aldundiari eskuordetu ahal izango dizkiote ondasun higiezinen gaineko zerga kudeatu, ikuskatu eta biltzeko ahalmenak, bidezko hitzarmena sinatuta.

Foru aldundiak zerga honen bidez lortzen duen dirubilketa likidoa udal mugarte bakoitzean ingresatuko da, eta dagokion udalari egotziko zaio zuzenean.

5.– Eskuordetza hitzarmenak ondorioak izan behar dituzten urtea hasi baino lehen formalizatuko dira, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, horiek formalizatu ondorengo lehen seihilekoan. Era berean, hitzarmen horiek azkentzen direnean, hala emango da argitara.

6.– Eskuordetza horren indarrez ematen diren egintzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean jasotakoaren arabera inpugnatu ahal izango dira.

14. artikulua.– Zergaren kudeaketa.

1.– Zerga hau katastroko erroldan jasotako informazioan oinarrituta kudeatzen da, eta errolda hori urtero prestatuko da, udal mugarte bakoitzerako, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko ekainaren 11ko 2/2026 Foru Arauaren 33. artikuluan xedatutakoaren arabera. Aipatutako errolda urtero bidaliko zaie udalei, ordainagiriak kobratzeko epea hasi baino lehen.

2.– Udalek ordainagiriak prestatuko dituzte, bai eta haietan jasoko diren likidazioen kobrantza zerrendak onetsi ere, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren 8. artikuluan aipatzen diren lankidetza formulak erabiltzea hargatik eragotzi gabe.

3.– Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuta badauka, eskuordetza bidez, ordainagiriak prestatu eta kobrantza zerrendak onesteko eginkizuna, zerrenda horiek udalen esku egongo dira, eta interesdunek ere haietarako sarbidea izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren interneteko webgunearen bitartez, kontsulta formulario batzuk erabilita. Formulario horiek identifikazio datu batzuk eskatuko dituzte, datu pertsonalak behar bezala babesten direla bermatzeko.

15. artikulua.– Zerga zorraren ordainketa.

1.– Zergaren kuotak ordainagiri bidez bilduko dira. Oro har, zerga kuota ordaintzeko borondatezko epea maiatzaren 15etik ekainaren 30era artekoa izango da, edo, azken hori baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera artekoa, alta berrien ondorioz likidatzen diren kuotak eragotzi gabe.

Bilketa horren ondorioetarako, eta aldizkako epemuga duten eta jakinarazpen kolektibokoak diren zorren bilketari dagokionez, aplikatzekoa izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zerga-bilketa Erregelamendua, abuztuaren 2ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

2.– Udalek beti aldatu dezakete beren ordenantza fiskaletan kuota ordaintzeko borondatezko epea, aurreko apartatuan izaera orokorrez aipatua. Dena den, epe hori ez da inola ere izango izaera orokorrez adierazitakoa baino laburragoa.

Era berean, udalek zerga kuotaren ordainketa zatikatzeko aukera ezar dezakete beren ordenantza fiskaletan, interesik eta errekargurik gabe.

3.– Udalek, dagokion hitzarmena dela medio, Foru Aldundiaren esku utzi badute zergaren kudeaketa, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak izango du eskumena borondatez ordaintzeko epe orokorra aldatzeko, aurreko 2. apartatuan ezarritako muga berberen barruan beti.

Era berean, horrelakoetan, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua izango da eskuduna aurreko 2. apartatuko bigarren paragrafoan zorraren ordainketa zatikatzearen inguruan adierazitakoa baimentzeko, interesik eta errekargurik gabe.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, testu honetan izatezko bikote esaten den guztietan Izatezko bikoteak arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eratutako bikoteak aipatzen ari direla joko da.

Era berean, aipamen horien barne ulertuko dira ere beste autonomia erkidegoetako, Europar Batasuneko herrialdeetako, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetako zein hirugarren herrialdeetako erregistro publikoetan antzeko moduan eratu eta inskribatu diren izatezko bikoteak.

Halaber, ezkontza bidezko ahaidetasun harremanak aipatzen direnean, izatezko bikotetik eratorritakoak ere ulertuko dira haien barne.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Ezaugarri bereziak dituzten ondasun higiezinak.

Harik eta udalek foru arau hau indarrean jarri ondorengo ordenantza fiskal berriak onetsi arte, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Higiezinen Foru Katastroari buruzko ekainaren 11ko 2/2026 Foru Arauaren bigarren xedapen iragankorra aplikagarri zaien ezaugarri bereziko ondasun higiezinei, ordenantza fiskaletan ezarritako karga tasa aplikatuko zaie, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak xedatutakoaren arabera, oraingo foru araua indarrean sartu aurreko egunean zeukan idazketa aintzat hartuta.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Foru arau hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarrik gabe geratzen dira bertan ezarritakoarekin bat ez datozen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, bereziki, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarena, ondasun higiezinen gaineko zerga arautzen duten artikuluei dagokienez.

Foru arau honetan ezarritakoaren aurka ez doazen erregelamenduzko arauek indarrean jarraituko dute, azken xedapenetako bigarrenean aurreikusitako arau gaikuntza erabiltzen ez den bitartean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Aldatzea urriaren 3ko 7/2002 Foru Araua, bide azpiegiturak erabiltzeko kanona eta «Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA» foru sozietate publikoaren zerga araubide juridikoaren alderdi batzuk arautzen dituena.

Bide azpiegiturak erabiltzeko kanona eta «Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA» foru sozietate publikoaren zerga araubide juridikoaren alderdi batzuk arautzen dituen urriaren 3ko 7/2002 Foru Arauan 10. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«10. artikulua.– "Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA" Foru Sozietate Publikoak ustiatzen edo kobrantza kudeatzen dituen bide azpiegiturak ondasun higiezinen gaineko zergatik salbuestea.

Salbuetsita geratzen dira "Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA" Foru Sozietate Publikoak ustiatzen dituen ordainpeko bide azpiegiturak.

Era berean, ordainpeko bide azpiegiturak salbuetsita egongo dira, exijitzen den kanonaren ordainarazpena, kudeaketa eta bilketa "Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA" foru sozietate publikoari dagokionean».

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau indarrean jarriko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunetara.


Azterketa dokumentala