
131. zk., 2026ko uztailaren 13a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (162 KB - 7 orri.)
- EPUB (139 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3171
1093/2026 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra egiteko deialdia egiten baita, fakultatibo medikoen eta teknikoen lanbide-taldeko laborategi klinikoko fakultatibo espezialista mediko-tekniko kategorian/lanpostu funtzionalean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeen destinoetarako.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoan oinarrizko destinoak hornitzeko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozeduraren oinarriak onartu ziren.
Aipatutako erabakiaren azken xedapenetako bigarrenak ezartzen duenez, erabakia garatzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eskumena ematen zaio beharrezko ebazpen edo instrukzioak eman ditzan, erabakia egoki eta zuzen aplika dadin Ente Publikoaren zerbitzu-erakunde guztietan.
Era berean, 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren 1.1 puntuak ezartzen duenez, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrak deialdi bakarra izango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena, eta indarrean jarraituko du denboran zehar.
Azaldutakoagatik, eta aipatutako erabakian ezarritakoarekin bat etorriz, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrerako deialdi hau egiten da fakultatibo medikoen eta teknikoen lanbide-taldeko laborategi klinikoko fakultatibo espezialista mediko-tekniko kategorian. Horrela, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile finkoei eta Gizarte Segurantzako erakunde sanitarioetako eta osasun-zerbitzu autonomikoetako estatutupeko langile finkoei mugikortasun-eskubideaz baliatzeko aukera ematen zaie, eta lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra egin da horretarako.
Horiek horrela, babes harturik Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuarena abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroren 11ko 255/1997 Dekretua eta Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen kategoria profesionalen baliokidetzen katalogo homogeneoa arautzen duen martxoaren 13ko 184/2015 Errege Dekretua, eta indarrean dagoen legediak langileen inguruan ematen dizkidan ahalmenez baliaturik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra deitzea fakultatibo medikoen eta teknikoen lanbide-taldeko laborategi klinikoko fakultatibo espezialista mediko-tekniko kategorian/lanpostu funtzionalean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeen destinoetarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinean jasotako oinarrien arabera (2019ko abenduaren 24ko EHAA).
Bigarrena.– Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozesu orokorra hauen arabera arautuko da: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinean jasotako oinarriak, eta, aipatutako erabakiaren azken xedapenetako bigarrenean zehaztutako gaikuntza betetzeko, ebazpen honen eranskina.
Hirugarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 17a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU-ERAKUNDEEN DESTINOETARAKO FAKULTATIBO MEDIKOEN ETA TEKNIKOEN LANBIDE-TALDEKO LABORATEGI KLINIKOKO FAKULTATIBO ESPEZIALISTA MEDIKO-TEKNIKO KATEGORIAKO/LANPOSTU FUNTZIONALEKO LEKUALDATZE-LEHIAKETA IREKI ETA IRAUNKORRAREN PROZESU OROKORRAREN ARAUTZEA
Lehenengoa.– Arau orokorrak.
1.1.– Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren bidez onartutako oinarrien arabera arautuko da deialdia, baita ematen diren ebazpenen arabera ere, aipatutako Erabakiaren azken xedapenetako bigarrenarekin bat etorriz. Deialdia loteslea izango da hura egiten duen administrazioarentzat, lehiaketako epaimahai kalifikatzailearentzat eta parte hartzen dutenentzat. Oinarrietan eta Ebazpen honetan xedatuta ez dagoena Arau-xedapen aplikagarriek arautuko dute.
1.2.– Lan-harremanaren izaera juridikoa. Oinarri hauetan ezarritakoaren arabera destino bat lortzeak ez du batere aldatuko lehiatzaileak lehendik duen lan-harremanaren izaera juridikoa, hau da, harreman estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna.
1.3.– Lan-baldintzak. Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren ziklo baten esleipenaren ondorioz destinoa betetzen hasten diren langileei hauek aplikatuko zaizkie: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea eta Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzeko indarrean dagoen Akordioa ere. Era berean, esleituko zaien destinoko zerbitzu sanitarioetako erakundean indarrean dauden lan-baldintzen menpe jardungo dute langileek, eta dagozkion ordainsariak jasoko dituzte.
Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren bigarren oinarriaren arabera arautzen dira parte hartzeko baldintzak. Horrez gain, beharrezkoa da Ebazpen honen bidez honako hau arautzea:
2.1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren 2.1.1 oinarrian ezartzen denez, izena emateko inprimakian, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileek ez dute elektronikoki erregistratu beharko parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela (inprimakian beteta agertuko dira), eta ez dute aurkeztu beharko baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatzen duen inolako dokumentaziorik.
Hala eta guztiz ere, interesdunak uste badu izena emateko inprimakian agertzen diren datuek ez dutela adierazten parte hartzeko baldintzak betetzen dituela edota bere administrazio-egoera zein den, edo uste badu datu horiek ez direla zuzenak, izena emateko inprimakia bete beharko du, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu dagozkion alegazioak, baldintzak betetzen dituela edota bere administrazio-egoera zein den egiaztatzeko dokumentazioarekin batera. Aipatutako alegazioak eta dokumentazioa noiznahi bidali ahalko dira, betiere eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaitu baino lehen eta alegazioak eta dokumentazioa baliatu nahi diren esleipen-ziklo zehatzerako deialdia egiten duen Ebazpenean adierazitako moduan.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzak aurreko paragrafoan azaldutako alegazioak aztertu eta ebatziko ditu, gutxienez zikloan eskainitako destinoetako bat aukeratu duen lehiatzailea aukeratu izanagatik dagokion esleipen-zikloko destinoak esleitzeko behin-behineko ebazpena argitaratuz, alegazioak aldez aurretik ere ebazteko aukera badago ere.
2.2.– Edonola ere, lortu nahi den lanpostuaren baldintzak bete beharko dira, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak xedatutakoaren arabera, bai eta lehiatzen den lanpostua betetzeko indarrean dagoen araudiak eskatzen duen beste edozein eskakizun ere.
Hirugarrena.– Eskabideak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren hirugarren oinarrian arautzen dira eskabideak. Horrez gain, beharrezkoa da ebazpen honen bidez hau arautzea:
3.1.– Hautaketako eta Horniketako webgunean, «Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra» atalean (www.osakidetza.euskadi.eus), eskabidea egiteko moduei buruzko informazioa eskuratu ahalko da.
3.2.– Eskabideak honako atal hauek izango ditu:
– Datu pertsonalak, jakinarazpen-datuak eta administrazio-egoeraren datuak egiaztatu eta erregistratzeko atal bat.
– Merezimenduak egiaztatu eta erregistratzeko atal bat.
Lehiatzailea ez badago ados aplikazio informatikoak aldatzen uzten ez dion merezimenduren batekin, alegazioak eta dokumentazioa aurkeztu ahal izango ditu noiznahi Osakidetza-Euskal osaun zerbitzuko Langileen eta Talentuaren Zuzendaritzan, betiere eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaitu baino lehen eta alegazioak eta dokumentazioa baliatu nahi diren esleipen-ziklo zehatzerako deialdia egiten duen ebazpenean adierazitako moduan.
– Destinoak aukeratzeko atal bat.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren 4.1 oinarriaren arabera arautzen da destinoen aukeraketa.
3.3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak jarriko ditu, zerbitzu-erakundeen bitartez, eskabidea egiteko behar diren giza baliabideak eta informatika-baliabideak.
3.4.– Deialdia egiten den zikloan sartuko dira prozesu orokor honetan egindako eskabideak, baldin eta ziklo zehatz horretan eskainitako destinoetako bat aukeratu bada gutxienez.
3.5.– Epea.
Interesdunek edozein unetan aurkeztu ahalko dute lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorrean parte hartzeko eskabidea, eperik gabe, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.6.– Eskabidean jarritako jakinarazpen- eta komunikazio-baliabideak.
Komunikazioak eta jakinarazpenak, ahal dela, elektronikoki egingo dira, eskabidean emandako helbide elektronikoaren bidez.
Jakinarazpenetarako; eskabidean ageri diren etxeko helbidea eta helbide elektronikoa baino ez dira hartuko kontuan.
Eskabidean helbide elektronikoa edo telefono mugikorreko zenbakia adierazten duten izangaiek hura erabiltzeko baimena ematen diote Osakidetzari, prozesuan zehar egin ditzakeen jakinarazpenetarako.
Izangaiaren erantzukizun esklusiboa izango dira etxeko helbidea, helbide elektronikoa eta telefono-zenbakia idaztean egindako akatsak, bai eta datuetan egindako aldaketak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari jakinaraztea ere, Hautaketako eta Horniketako webgunearen bidez, «Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra» atalean (www.osakidetza.euskadi.eus).
3.7.– Datu pertsonalak babestu eta kudeatzea.
Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean bilduko da, zeina prozesua kudeatzeko bakarrik erabiliko baita. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua lege hauetan araututakoaren arabera egingo da: datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.
Fitxategi horren arduraduna Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Dibisioa da; eta datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Langileen eta Talentuaren zuzendariaren aurrean baliatuko dira (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).
Prozesu honetan eskabidea aurkezten dutenek onartu egiten dute euren datu pertsonalak oinarri hauetan eta ebazpen honetan ezarritako helbururako eta azaldutako eran tratatuko direla.
3.8.– Merezimenduen akreditazioa.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren eranskinaren bosgarren oinarriaren arabera arautzen da merezimenduen akreditazioa. Horrez gain, beharrezkoa da Ebazpen honen bidez honako hau arautzea:
3.8.1.– Curriculum vitae aplikazio informatikoaren esperientzia profesionalaren atalean agertzen ez diren emandako zerbitzuak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo emandakoak, jatorrizko egiaztagiria edo notarioak emandako jatorrizko kopia aurkeztuta egiaztatu beharko dira, eta hauek adierazi beharko dira: kategoria, lotura juridikoa, lanbide-taldea eta lan egindako aldien zerrenda, eta lan egindako aldien hasiera (eguna, hila, urtea) eta amaiera (eguna, hila, urtea). Egiaztagiriak kasuan kasuko zerbitzu-erakundearen zuzendaritzak edo organo eskudunek emandakoa izan beharko du, Ebazpenaren II. eranskineko ereduari jarraituz edo horretarako duen ereduaren arabera, eta betiere aldez aurretik ezarri den bezala xehatu beharko ditu lan egindako aldiak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo egindako zerbitzuei dagokienez, horiek hartu dituen erakundearen izaera publikoa egiaztatu beharko da, hari lotutako administrazio-organoak egindako egiaztagiriaren bidez.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik kanpo emandako zerbitzuen ziurtagirietan ez bada hitzez hitz adierazten egiaztatu nahi den kategorian/lanpostu funtzionalean izandako esperientziaren izendapena, dagokion zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak edo organo eskudunek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da; bertan, hau adierazi beharko da: funtzioak eta zereginak, lanbide-taldea eta sartzeko eskatzen den titulua.
3.8.2.– Dena delako kategorian sartzeko eskatzen den titulua lortzen den egunetik aurrera emandako zerbitzuak baino ez dira baloratuko.
Otsailaren 18ko 101/2025 Errege Dekretuak, laborategi klinikoko espezialistaren titulua ezarri eta analisi klinikoetako eta biokimika klinikoko osasun zientzietako espezialistaren tituluak kentzen dituenak, lehen xedapen gehigarrian ezartzen du laborategi klinikoko tituluaren baliokidetza, eta honako hau jasotzen du: «Baliokidetzat jotzen dira laborategi klinikoko espezialistaren titulu berria eta analisi klinikoetako espezialistaren titulua eta biokimika klinikoko espezialistaren titulua».
3.9.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Dokumentazioa aurkeztu behar izanez gero, hura eskabidearen frogagiriari erantsi beharko zaio, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren edozein zerbitzu-erakundetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan aurkeztu beharko da.
b) Dokumentazioa noiznahi aurkeztu ahalko da, betiere eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaitu baino lehen eta alegazioak eta dokumentazioa baliatu nahi diren esleipen-ziklo zehatzerako deialdia egiten duen ebazpenean adierazitako moduan.
Sinadura elektronikoa edo CSVa (dokumentuak egiaztatzeko kode segurua) duen dokumentazioak jatorrizko dokumentazioaren balio bera izango du.
c) Jatorrizko egiaztagiriak berariaz eskatzen direnean izan ezik, jatorrizkoaren kopiaren bidez aurkezten diren dokumentuen konpultsak informazio hau jaso beharko du: data, eta konpultsatu duenaren izen-abizenak, NANa eta irakur daitekeen izenpea.
Lan, argitalpen zientifiko edo ezagutza hedatzeko argitalpenei dagokienez, argitaratze-aipamena jaso beharko da haien fotokopietan, edo, hala badagokio, haiek agertzen diren aldizkari zientifikoaren edo informazio-aldizkariaren webgunea aipatu beharko da. Bilera zientifikoetan egindako edo ezagutza hedatzeko ekarpena izan, baina ekarpen hori argitaratu gabe badago, ordea, ekarpen horren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztuko da, zentro edo erakunde antolatzaileak jaulkia.
Era berean, dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean egin ez bada, dagokion zinpeko itzulpena erantsi beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15. artikuluarekin bat etorriz.
d) Baldintzei eta alegatutako merezimenduei buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, noiznahi.
Laugarrena.– Prozesu orokorraren garapena.
Esleipen-ziklo zehatzaren deialdia egiten duen ebazpenean adierazitako prozesu orokorreko parte hartzeko eskabideak aurkeztu edo aldatzeko epea amaituta, eskabideetan egindako destino-hautaketa egiaztatuko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, eta gutxienez aukeratutako destinoetako bat eskaintzen den esleipen-zikloari horren berri emango dio. Ziklo zehatz horretan egiaztatuko da baldintzak betetzen direla, eta orduan egingo da merezimenduen balorazioa.
Ziklo bakoitzeko behin-behineko esleipenaren Ebazpenaren argitalpen-datarekin erlazionatutako 2019ko azaroaren 27ko Erabakian araututako uko- edo atzera-egiteak aurkeztu ahal izateko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak gutxienez hamabost laneguneko aurrerapenarekin iragarriko du aipatu ebazpenaren argitalpen-data. Ebazpena Hautaketako eta Horniketako webgunean argitaratuko da, «Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra» atalean (www.osakidetza.euskadi.eus).
Bosgarrena.– Publizitatea.
Deialdi hau EHAAn argitaratuko da.
Horrez gain, prozedura hau garatzeko ematen diren eta EHAAn argitaratzen diren ebazpenak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren webgunean ere argitaratuko dira.
RSS