
102. zk., 2026ko ekainaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (381 KB - 40 orri.)
- EPUB (522 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2362
AGINDUA, 2026ko maiatzaren 26koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoan doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak garatzeko dirulaguntzen –Bikaintek Programa– oinarriak eta haiek deitzen baitira 2026ko ekitaldirako.
Azken urteotan, industria-politikak garrantzia hartu du, eta, 2020. urtean, Europako Batzordeak «Europako Industria Estrategia» jarri zuen abian; oraintsuago, 2025eko urtarrilean, «EBrako Lehiakortasun Iparrorratza» aurkeztu du. Ekimen horrek industria-politika definitzen du lehiakortasuna helburu duen ikuspegi integral baten atal gisa, eta birdefinitu egiten du politika horrek duen eginkizuna Europa lehiakorragoaren, berdeagoaren eta burujabeagoaren bizkarrezur gisa.
Europako esparruan ezarritako aukerei eta erronkei erantzun egokia emateko helburuz, 2025eko irailaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako Euskadi 2030 Industria Plana eraiki da hiru ardatz estrategikoren (Industria gehiago, Industria hobea eta Isuri gutxiago) eta zeharkako ardatz baten (Desburokratizazioa) gainean. Ardatz horiek industria-eraldaketaren ikuspuntu integrala islatzen dute Europako egungo testuinguruan.
«Industria Hobea» ardatzak hauxe nabarmentzen du barne biltzen dituen lehentasunen artean: «Enpresen maila teknologikoa eta berritzailea handitzea». Eta azaltzen du «Industria lehiakor batek beharrezkoa duela teknologikoki aurreratua den enpresa-oinarri bat». Era berean, ardatz horren beste lehentasunetako bat da «Industriara talentu berria erakartzea eta hura garatzea». Bertan ezartzen denez, «Euskadiko industria-sistema indartzeko, gazte kualifikatuak erakarri behar dira, egon dagoen talentuari eutsi behar zaio, eta biztanleria aktiboaren konpetentziak etengabe eguneratu behar dira».
Hala, ardatz horren helburuen artean dago, besteak beste, enpresen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileen barne-gaitasunak indartzea, eta, horretarako, sustatzen du ezagutza aurreratua txertatzea, ikerketa- eta garapen-jarduerak garatzea eta giza kapitalaren kualifikazioa, funtsezko elementuak baitira aurre egiteko digitalizazioaren, trantsizio energetikoaren, jasangarritasunaren eta nazioarteko merkatuetako lehiaren ziozko erronkei.
Testuinguru horretan, kualifikazio handiko talentuaren eta, bereziki, doktoregoa atera duten ikertzaileen eskuragarritasuna, erakarpena eta atxikipena faktore estrategikoa dira EAEko industriaren oinarri teknologikoa indartzeko. Lanbide-profil hori modu egonkorrean txertatuz gero, enpresek eta berrikuntza-sistemako eragileek modua izango dute I+G proiektuei anbizio handiagoz ekiteko, haien posizionamendu teknologikoa hobetzeko eta ezagutza transferitzen nahiz aplikatzen duten prozesuak sendotzeko.
Bikaintek programa helburu horiek lortzen laguntzeko tresna da; hain zuzen ere, programak xede dauka sustatzea doktoregoko ikertzaileak laneratu daitezen eta industria-doktoretzak egin daitezen, enpresei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragile jakin batzuei emandako laguntzak direla bide. Programa hau baliatuz, egituratik bertatik indartu nahi dira industria-sarearen ikerketa- eta garapen-gaitasunak, sustatuz ikerketa-talentua txertatzen dela enpresa-inguruneetan eta gauzatzen direla I+G proiektuak zeinak EAEko industriaren behar estrategikoekin eta, zehazki, Euskadi 2030 Industria Planean definitutako arlo eta sektore estrategikoekin bat baitatoz.
«Ikertzailearen Europako Gutunak» berak nabarmentzen duenez, I+Gn lan egiten duten pertsonak funtsezkoak dira ezagutza zientifikoak eta aurrerapen teknologikoak garatzeko, bai eta Europako herritarren bizi-kalitatea zein ongizatea nahiz Europaren lehiakortasuna hobetzeko ere. Gainera, nabarmentzen du, zehazki, ikertzaileak profesionalak direla, hain zuzen ere ezagutza, produktuak, prozedurak, metodoak eta sistema berriak asmatzen eta sortzen lan egiten duten profesionalak, eta zeregin hori giltzarria dela enpresen lehiakortasunerako.
Hori horrela, Bikaintek programa bat dator ikertzaileen kontratazioari eta garapen profesionalari buruzko gomendioekin eta ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntza publikoen arloko Europako gidalerroekin. Gidalerro horiek nabarmentzen dute zein garrantzitsua den I+G+b bultzatzea ekonomia osoan.
Programa abian jarri zenetik metatu den esperientziak agerian jarri du jarraitu egin behar dela ikerketa-talentua ekoizpen-sarean integratzea errazten duten tresnak bultzatzen, EAEko industriaren lehiakortasuna eta nazioartekotze-gaitasuna hobetzen laguntzeko, ikerketa aplikatuari eta garapen teknologikoari lotutako ibilbide profesionalak sendotuz.
Agindu honek Bikaintek programaren laguntzak arautzen ditu, Euskadi 2030 Industria Planaren «Industria hobea» ardatzaren zerbitzura dagoen tresna gisa. Bada, programa horrek xede du Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sarearen oinarri teknologikoa indartzea, eta, horretarako, ikertzaileen talentua txertatu eta balio erantsi handiko ikerketa- eta garapen-proiektuak bultzatzen ditu.
Bikaintek programa Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduan sartzen da. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (hasierako erregelamendua aldatu egin zuten (EB) 972/2020 Erregelamenduak, (EB)1237/2021 Erregelamenduak eta (EB) 1315/2023 Erregelamenduak). Agindu honetan araututako laguntzek bete egiten dute lehen aipaturiko erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan xedatutakoa, eta berariaz lotzen dira 25. artikuluarekin, zeina ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzei buruzkoa baita.
Kategorien araberako salbuespenaren erregelamendu orokor horretan xedatutakoa betez, laguntza-programa honen kudeaketaz arduratzen diren agintariek konpromisoa hartzen dute bertan definitutako betebeharrak zorrotz errespetatu eta betetzeko, bai eta urtero txosten bat egiteko ere, programaren aplikazioa eta garapena zehazteko. Laguntzaren efektu bultzatzailea bermatzeko, programan parte hartu ahalko dute soilik laguntza-eskaera aurkeztu eta geroko proiektuak hasi dituzten entitate eskatzaileek.
Laguntza horiek jasotzen dira Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko uztailaren 15eko Aginduaren bidez 2025., 2026., 2027. eta 2028. urteetarako onartutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DPE). Plan hori Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» web-orrian dago argitaratuta, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari eskainitako «Planak eta proiektuak» atalean.
Deialdi honek zuzenean lagunduko du 2025-2028 aldirako DPEren helburuak betetzen, bereziki enpresen I+G+b lehiakortasun-faktore gisa bultzatzeko helburua, adierazle hauen bidez neurtuta: lagundutako proiektuen kopurua, erakunde onuradunen kopurua eta euskal produkzio-sarean sartutako ikertzaileen kopurua, sexuaren eta eragile motaren arabera bereizita, plan horretan aurreikusitako garrantziaren arabera.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.1 eta 10.1 artikuluen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 10. artikuluari loturik, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua da organo eskuduna programa honen oinarriak onartu eta deialdia egiteko.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Doktore-titulua duten ikertzaileak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez I+G proiektuak egiteko dirulaguntzen (Bikaintek 2026 programa) oinarriak onartzea, I. eranskinean jasotako baldintzetan, eta haien deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, epeak hasiko dira agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 26a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Helburua eta araudi aplikagarria.
Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat duten enpresetan edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile jakin batzuetan I+G proiektuak garatzeko dirulaguntzak ematea, honako ildo hauetan egituratuta:
1. lerroa: I+G proiektuak, doktore-titulua duten ikertzaileak sartuz.
2. lerroa: I+G proiektuak, doktorego industrialak eginez.
Bi lerro horien helburua da euskal ekoizpen-sarearen lehiakortasuna handitzea, ikerketaren arloan gaitasunak dituzten pertsonak sartuz.
Dirulaguntzei hauek aplikatuko zaizkie:
– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (hasierako erregelamendu hori aldatu egin zuten (EB) 972/2020 Erregelamenduak, (EB) 1237/2021 Erregelamenduak eta (EB) 1315/2023 Erregelamenduak). Agindu honetan araututako laguntzek bete egiten dute lehen aipaturiko erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan xedatutakoa, eta berariaz lotzen dira 25. artikuluarekin, zeina ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzei buruzkoa baita.
– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
– Dirulaguntzen oinarrizko araubidea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko arauak eta hura gauzatzeko erregelamenduan jasotakoak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartutako erregelamendua).
– Dirulaguntzei buruzko araudi horiek arautzen ez duten gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta hura gauzatzeko erregelamenduaren alderdi ez-oinarrizkoak aplikatuko dira, osagarri gisa.
Era berean, prozedura honen araubide juridikoa osatzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta aplikazio orokorreko administrazio-araubidearen gainerako xedapenek.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendu dituen kredituen arabera, dirulaguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du. Hala, 1. oinarriaren xedea betetzeko, 4.400.000,00 euroko zuzkidura bideratuko da, honela banatuta:
– 1. lerroa – Doktore-titulua duten pertsonak kontratatzea dakarten I+G proiektuak garatzea, 2.484.000 euro (865.000 euro 2026an, 1.244.000 euro 2027an eta 375.000 euro 2028an).
– 2. lerroa – Industria-doktoregoa egiteko pertsonak kontratatzea dakarten I+G proiektuak garatzea, 1.916.000,00 euro (325.000 euro 2026an, 473.500 euro 2027an, 482.000,00 euro 2028an, 488.500 euro 2029an eta 147.000 euro 2030ean).
2.– Emango diren dirulaguntzen bolumen osoak ez du gaindituko aipatutako zuzkidura, ez eta hura eguneratzearen ondorioz ateratzen dena ere –gehienez ere, aurreikusitako zenbatekoaren % 50 gehiago–, betiere kreditu-loturaren araubideari edo indarrean diren legeetan aurreikusitako aurrekontu-aldaketaren araubideari jarraikiz eta laguntzak ebatzi baino lehen. Inguruabar hori gertatzen bada, horren berri emango da Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpena dela bide, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Egintza horrek, ordea, ez du luzatuko 14. oinarriak ezartzen duen epea eskaerak aurkezteko.
3.– Era berean, aurreko apartatuan aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak zenbateko hori erabili ahal izango du beste jardun-lerro baten zenbatekoa handitzeko. Inguruabar horren berri emango da Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. oinarria.– Entitate onuradunen betekizunak.
1.– Hauek izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen entitate onuradun:
a) Enpresa handiak eta enpresa txiki eta ertainak (ETEak). Enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsonari baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
ETEen kategorian, enpresa txikitzat jotzen dira 50 langile baino gutxiagori lana ematen dietenak eta, gehienez ere, urteko negozio-bolumenean edo urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa dutenak.
Elkartutako edo lotutako enpresen kasuan, langileen eta mugen zenbaketa Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 4., 5. eta 6. artikuluen arabera egingo da. Erregelamendu horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoaren arabera egiaztatuak, honako kategorietan:
– Enpresetako I+G unitateak.
– Ikerketa kooperatiboko zentroak.
– Zentro teknologikoak (multifokalizatuak eta sektorialak).
– Eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritza-eragileak.
2.– Onuradun izan daitezen, entitateek ekoizpen-zentro bat izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta lantoki horretan egingo da diruz laguntzen den proiektua, eta, gainera, proiektua garatzeko kontratatzen diren pertsonek bertan egingo dituzte ikerketa-jarduerak. Zentro horiek I+G proiektuan inplikatutako langile propioak izango dituzte, barne dela laguntza jasotzen duten kontratuen jabe den pertsona (edo pertsonak).
3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira soilik eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituzten enpresak.
4.– Halaber, interesdunek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa adierazi beharko dute dirulaguntza-eskaeran, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
5.– Ezin dira deialdi honen onuradun izan administrazio publikoei lotutako edo horien menpeko entitate eta sozietate publikoak, berezko nortasun juridikoa dutenak, ez eta administrazio instituzionalekoak direnak ere, berdin diolarik zein administraziotakoak diren.
4. oinarria.– Debekuak.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ezingo dira dirulaguntza hauen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, oraindik amaitu gabe dagoelarik hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin dutenak.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.
f) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sorrarazitako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak.
g) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean dutenak.
h) Epai irmoaren bidez zehatuta daudenak, eta, horrenbestez, dirulaguntzak lortzeko aukera galduta dutenak, lege honetan edo beste batzuetan ezarritakoari jarraikiz.
Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldi osoan.
Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira, Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren, halakorik ez duten enpresak eta, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko hautazko neurriak martxan jarri direla egiaztatu ez dutenak.
2.– Hauek ere ezingo dituzte eskuratu agindu honetan deitutako dirulaguntzak:
a) Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, baldin eta, erabaki horren bidez, laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela deklaratu bada, Kategorien araberako Salbuespenei buruzko (EB) 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 1.4.a) artikuluak xedatutakoaren arabera.
b) Krisian dauden enpresak, Kategorien araberako Salbuespenei buruzko (EB) 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 1.4.c) artikuluak xedatutakoaren arabera.
3.– 30.000,00 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, eskatzaileak Merkataritza-eragiketetan berankortasuna ekiditeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuan sartutako subjektuak badira, ezingo dira onuradun izan lege horretan aurreikusten diren ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.
4.– Halaber, ez zaie dirulaguntzarik emango Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak ezarritako kasuan daudenei ere.
5.– Oinarri honen 1.e) apartatuan ezarritako inguruabarra egiaztatzeko, men egingo zaio Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari –agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da–, eta organo kudeatzaileak ofizioz bilduko du inguruabar horiei buruzko informazioa, interesduna aurka ez badago.
6.– Aurreko apartatuetan adierazitako inguruabarrak betetzen jarraitu beharko da emandako dirulaguntza likidatzen den arte.
7.– Eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena egingo du debeku horiei atxikita ez dagoela egiaztatzeko, 1.e) apartatuan ezarritakoetan izan ezik.
Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du aurkez dakiola beharrezkoa den dokumentazioa erantzukizunpeko adierazpenean jasotako betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Era berean, entitate onuradunak nahitaez jakinaraziko beharko du gerta litekeen edozein aldaketa eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio funtsezko zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, ezertan eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penalak, administratiboak edo zibilak.
5. oinarria.– Diruz lagungarriak diren proiektuak.
1.– Proiektu hauek lagundu daitezke diruz:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan egiten diren industria-ikerketako proiektuak, baldin eta eskaera aurkeztu eta gero 2026an hasten badira eta doktore-titulua eskuratuta duten pertsonek parte hartzen badute.
Proiektu horiek eragin behar dute enpresa egiten ari den I+G jarduerak nabarmen handitzea, eta eskaeran justifikatu egin beharko dira laguntzaren beharra eta efektu bultzatzailea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan egiten diren industria-ikerketako proiektuak, baldin eta eskaera aurkeztu eta gero 2026an hasten badira eta ekitaldi honetan industria-doktoregoko ikasketak hasten dituzten pertsonek parte hartzen badute.
Garatu beharreko lana izango da industria-ikerketako proiektu bat egitea, entitate eskatzailearentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiei buruzko doktorego-tesi bat ontzeko, entitate eskatzaileak garatutako ikerketa-lerro baten parte bada, eta proposatutako jarduerak berriak badira edo eragiten badute enpresak I+G arloko ohiko jardueren barruan gauzatuko ez lukeen ikerketa edo ikerketa-lerro bat hobetzea, zabaltzea edo gauzatzea. Eskaeran justifikatu beharko dira laguntzaren beharra eta efektu bultzatzailea.
2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuen xede diren jarduerak (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 2.85 artikuluan xedatutakora egokituko dira. Artikulu horren arabera, industria-ikerketatzat jotzen dira planifikatutako ikerketa edo azterketa kritikoak, zeinak baliagarriak izan baitaitezke produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko ezagutza eta trebetasun berriak erdiesteko. Horren barruan aintzat hartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, hala nola prototipoak eraikitzea laborategi-inguru batean edo lehendik dauden sistemekin simulatutako interfazeak darabiltzan ingurune batean, bai eta lerro pilotuak ere, beharrezkoa denean ikerketa industriala sustatzeko, eta, bereziki, teknologia orokorra baliozkotzeko. Horretarako, kontuan hartu behar dira heldutasun teknologikoaren mailari buruzko definizioak (Technological Readiness Level, TRL), zeinean TRL 2, 3 eta 4 mailak industria-ikerketari baitagozkio.
3.– Dirulaguntzen efektu bultzatzailea bermatzeko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 6. artikuluak xedatutakoaren arabera, dirulaguntzak jaso ahalko dituzte eskaera aurkeztu eta geroko proiektuak hasten dituzten enpresek, eta 2026ko ekitaldi honetan hasi beharko dute gauzatzen.
6. oinarria.– Diruz lagungarriak diren proiektuak baloratzeko irizpideak.
60 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuek bakarrik jaso ahalko dute dirulaguntza, eta, haiek baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– I+G proiektuaren ekarpen zientifiko-teknologikoa [gehienez ere, 25 puntu]. Apartatu honetan, gainditzeko gutxieneko atalasea 13 puntukoa izango da:
a) Proposamenaren kalitatea eta argitasuna [gehienez ere, 4 puntu];
Memoriaren barne-koherentzia, erabilitako hizkuntza teknikoaren zehaztasuna, atalen egituraketa egokia eta proiektua ebaluatzeko emandako informazioaren nahikotasuna baloratzen dira.
b) Helburu zientifiko-teknologikoak [gehienez ere, 5 puntu];
Planteatutako helburuen zehaztasun- eta egiaztagarritasun-maila, identifikatutako premia teknologikoekiko egokitasuna eta proiektua justifikatzen duen abiapuntuko diagnostikoaren sendotasuna baloratzen dira.
c) Proiektuaren berrikuntza-maila (erronka teknologikoa) [gehienez ere, 5 puntu];
Arlo horretan artearen egoerari proiektuak egindako ekarpena, ikuspegi zientifiko-teknologikoaren originaltasuna eta espero den emaitzak erakundearen edo sektorearen ohiko jardunbidetik harago dakarren aurrerapena baloratzen da.
d) Metodologia [gehienez ere, 4 puntu];
Lan-plana helburuetara egokitzen den, mugarri egiaztagarri eta entregagai zehatzen definizioa, kronogramaren arrazoizkotasuna eta fase bakoitzerako behar diren baliabideen identifikazioa baloratzen dira.
e) Proiektuaren arrisku teknologikoa [gehienez ere, 4 puntu];
Proiektuan benetako ziurgabetasun zientifiko edo teknikorik dagoen baloratzen da – merkatuko ziurgabetasun hutsetik bereizita –, baita arrisku teknologiko nagusiak esplizituki identifikatzea eta horiek gainditzeko aukerak edo kontingentziak aurreikustea ere.
f) Proiektuaren ondoriozko emaitzen jabetza intelektuala eta industriala kudeatzea [gehienez ere, 3 puntu].
Proiektuaren emaitzak babesteko estrategia definituta dagoen baloratuko da (patenteak, industria-sekretua, argitalpenak, etab.), baita sortutako eskubideen titulartasuna egoki esleitu den eta estrategia horrek proiektuaren helburuekin duen koherentzia ere.
2.– Proiektuaren eta enpresaren arteko egokitasuna [gehienez ere, 11 puntu]:
a) Proiektua enpresaren jardueretara eta estrategietara egokitzea [gehienez ere, 4,5 puntu];
Proiektuak erakundearen jarduera-ildo nagusiarekin duen lotura, haren estrategia teknologikoan edo I+G planean duen kokapena eta espero diren emaitzek, haren produktuetan, prozesuetan edo zerbitzuetan duten aplikagarritasuna baloratzen da.
b) Enpresaren gaitasun teknologikoa proiektua garatzeko [gehienez ere, 4,5 puntu];
Proiektua garatzeko azpiegitura tekniko, ekipamendu eta ikertzaile propiorik badagoen baloratuko da, bai eta erakundeak I+G arloko antzeko jardueretan edo jarduera osagarrietan aurretik izan duen ibilbidea ere.
c) Enpresaren ekoizpen-gaitasunaren egokitasuna proiektua gauzatzeko [gehienez ere, 2 puntu].
Erakundearen benetako produkzio-ingurunean proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren instalazio, produkzio-bitarteko eta giza baliabideak izatea baloratzen da.
3.– Hautagaiaren curriculumaren balorazioa eta egin beharreko zereginetara egokitzea [gehienez ere, 30 puntu]. Apartatu honetan, gainditzeko gutxieneko atalasea 15 puntukoa izango da:
a) Titulazioa proiektura egokitzea [gehienez ere, 12 puntu];
b) Proiektuaren gaian metatutako esperientzia [gehienez ere, 12 puntu];
– Doktoreen lerroa: loturiko argitalpenak/patenteak [gehienez ere, 6 puntu].
– Industria-doktoregoak egiteko lerroa: espediente akademikoa [gehienez ere, 6 puntu].
4.– Laguntzaren efektu bultzatzailearen balorazioa [gehienez ere, 6 puntu]:
a) Proiektuaren irismena handitzea [gehienez ere, 2 puntu];
Erakundeak laguntzari esker zein neurritan handitzen dituen bere helburu zientifiko-teknologikoak, ikerketaren irismen geografikoa edota sektoriala, edota baliabide propioekin alderatuz egin ahalko zukeenaren analisiaren sakontasuna baloratzen da.
b) Proiektuan inbertitutako zenbateko osoa handitzea [gehienez ere, 2 puntu];
Laguntzari esker erakundeak egingo duen I+Gko inbertsio osoaren gehikuntza baloratzen da, laguntzarik gabe proiektura bideratuko lukeen inbertsioarekin alderatuta.
c) Proiektua gauzatzeko erritmoa bizkortzea [gehienez ere, 2 puntu].
Laguntzari esker, hura gabe jarraituko zuen kronogramarekin alderatuta, proiektua gauzatzeko epea murriztea baloratzen da.
5.– EAEko sare ekonomikorako izaera eraldatzailearen gaineko balorazioa [gehienez ere, 18 puntu]:
a) Euskadi 2030 Industria Planeko sektore estrategikoekin bat etortzea [gehienez ere, 6 puntu];
Proiektuak Industria Plan – Euskadi 2030 planean identifikatutako sektoreekin (energia, automozio aurreratua, makina-erreminta, osasuna, aeronautika, etab.) duen lerrokatze-maila baloratzen da; halaber, plan horretan identifikatutako balio-kate estrategikoetarako egindako ekarpena eta espero diren emaitzek EAEko sektorearen lehiakortasunerako duten garrantzia.
b) Trakzio-efektua. Inpaktu estrukturala eta sistemikoa [gehienez ere, 6 puntu];
Proiektuak eskatzailea den erakundeaz harago euskal ehun ekonomikoan inpaktu positiboa sortzeko duen potentziala baloratzen da: hornitzaileengan edo bezeroengan duen arraste-efektua, zeharkako enplegu kualifikatuaren sorrera eta Euskadik industria-erreferente berritzaile gisa duen posizionamenduari egindako ekarpena.
c) Dibertsifikazioa, nazioartekotzea eta Europako autonomia estrategikoan ekarpena [gehienez ere, 6 puntu].
Baloratzen da ea proiektuak erakundea balio erantsi handiagoko produktu edo zerbitzuetara bultzatzen duen, esportazio teknologikoak gehitzeko perspektiba zehatzak sortzen dituen eta Europar Batasunerako arlo estrategikoetan autonomia teknologikoa indartzen laguntzen duen.
6.– Euskararen normalizazioan egindako aurrerapenak [gehienez ere, 3,5 puntu].
Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 25. eta 26. artikuluen arabera, proiektua gauzatzean eta emaitzak hedatzean euskararen erabilera baloratuko da; horretarako, kontuan hartuko dira ikertzaile hautagaiaren euskararen maila, proiektuaren dokumentazio teknikoa zein hizkuntzatan garatuko den eta emaitzen euskarazko hedapen-maila.
7.– Genero-alderdiei buruzko aurrerapenak [gehienez ere, 3,5 puntu].
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.6 artikuluaren arabera, proiektuaren emaitzak sexu-arrazoiengatik baztertzaileak ez direla bermatzeko egindako analisia baloratuko da; horretarako, honako hauek hartuko dira kontuan: (i) ikerketaren diseinuan genero-ikuspegia txertatu den; (ii) emaitzetan sexuaren araberako inpaktu bereizirik ez gertatzeko neurriak aurreikusi diren; eta (iii) ikerketa taldearen sexu-araberako osaera.
8.– Deialdi honen aurreko hiru urteetan, Bikaintek programarako emandako dirulaguntzari uko egin ez izana [3 puntu].
Nolanahi ere, ukoa dirulaguntza bat baino gehiago jasotzearen ondorioz gertatu bada, eta, horren ondorioz, onuradunak uko egin behar izan badio emandako dirulaguntzari, osorik edo zati batean, 8. irizpidean adierazitako kaudimen teknikoaren irizpidea aplikatuko da.
7. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak garatzeko kontratuak.
1.– Ikerketa-proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizpen-instalazio batean egin beharko dira, eta kontratatutako pertsonek bertan garatuko dituzte ikerketa-jarduerak.
2.– Entitate onuradunek ikertzaileekin formalizatzen dituzten kontratuek etengabeak izan beharko dute laguntzaren aldi osoan.
3.– Ez dira diruz lagunduko aldi berean beste lan-lotura bat indarrean duten pertsonen kontratuak, irakaskuntza-kontratuen kasuan izan ezik, gehienez ere haien dedikazio osoaren % 20koa baldin bada.
4.– Ez dira diruz lagunduko laguntza eskatzen duen entitatean edo harekin akzio- edo sozietate-harremana duen beste batean kapital-partaidetzarik duten pertsonen kontratuak, baldin eta horrek entitatearen zuzeneko edo zeharkako benetako kontrol-gaitasuna ematen badu.
5.– Ez dira diruz lagunduko entitate bat baino gehiagoren eskaeretan hautagai gisa agertzen diren pertsonen kontratuak.
6.– Ikertzaile doktoreak kontratatuz garatzen diren I+G proiektuetan:
a) I+G proiektuko jarduerak garatuko dituzten doktoreak entitate eskatzailearen plantillan egon daitezke dirulaguntzaren eskaera aurkezten den unean, baldin eta kontratazioa egin bada aurreko ekitaldiko Bikaintek laguntzen deialdiko eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, edo ikertzaile hautagaiaren kontratua lehenago diruz lagunduta egon bada Bikainteken industria-doktoregoen lerroan eta laguntza horrek, sasoi zenean, entitate eskatzailean berriro laneratzea eragin bazuen.
b) Kontratatzen diren pertsonek betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Doktore-graduaren jabe izatea eskaera aurkezten den unean. Doktore-titulua atzerriko unibertsitate batean lortu bada, Espainiako unibertsitate-sisteman duen baliokidetasun-ziurtagiria aurkeztu beharko da.
– 2025eko apirilaren 15a baino lehen, hau da, aurreko ekitaldiko Bikaintek laguntzen deialdiko eskaerak aurkezteko epea itxi baino lehen, laguntza eskatzen duen entitatearekin inolako lan-loturarik eduki ez izana, praktiken eta prestakuntza-kontratuen kasuan izan ezik, ezta entitatearen akzioekin edo sozietatearekin zerikusia duen beste inolako loturarik ere, salbu eta pertsona hori programa honetako doktorego-tesiak egiteko lerroaren esparruan kontratatu bada eta laguntza horrek, sasoia zenean, entitatean berriro hastea ekarri bazuen.
«Spin-off» eta «Start-up» direlako enpresen kasuan, ez da betekizun hori aplikatuko baldin eta lan-loturari eutsi bazaio, enpresako I+G unitateekin izan ezik, 3.1 oinarrian ageri diren eta enpresa berriaren akzioetan edo kapitalean parte hartzen duen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileetako batekin.
c) Ikertzaile doktoreekin egindako kontratuek betekizun hauek bete beharko dituzte:
1) Indarrean dagoen lege-esparruaren arabera formalizatzea.
2) Urteko gutxieneko ordainsari gordina 35.000 eurotik gorakoa izatea.
3) Lansaio osokoa izatea.
4) Ikertzaile doktorea EAEko ekoizpen-instalaziora atxikitzea.
5) Diruz lagundutako proiektuaren araberako lanbide-kategoria izatea.
6) Kontratatutako ikertzailea benetan noiz laneratu zen adieraztea.
7) Kontratuaren iraupena laguntza honen iraupenaren berdina edo luzeagoa izatea.
d) Ez dira diruz lagunduko deialdiaren aurreko 4 urteetan doktore-titulua duten langileak kontratatzeko laguntza-programetan diruz lagundutako kontratu bat izan duen ikertzaile batekin egindako kontratuak.
7.– Industria-doktoregoak egiteko pertsonak kontratatuz garatzen diren I+G proiektuetan:
a) Entitate onuradunak enpresak edo enpresetako I+G unitateak badira, doktorego-tesia garatuko duen pertsona aurretik plantillakoa izan daiteke, edo kontratazio berri baten bidez sartu.
b) Entitate onuradunak zentro teknologikoak, ikerketa korporatiboko zentroak edo ZTBESeko eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritza-eragileak badira, doktorego-tesia garatuko duen ikertzaileak:
– Ezin izango du plantillan sartu aurreko deialdiko eskaerak aurkezteko azken eguna igaro baino lehen (2025eko apirilaren 15a), salbu eta lotura hori prestakuntza-kontratu baten edo praktiketako kontratu baten barruan gauzatu bada, enpresa-unibertsitate hitzarmen batean oinarrituta, eta hitzarmen hori doktorego-ikasketekin lotuta egon ez bada.
– Industria-ikerketako proiektuak interesgarria izan beharko du EAEn dagoen enpresa batentzat.
c) Oro har, laguntzak irauten duen lehen hiru urteetan atera beharko dute doktoregoa. Doktore-gradua atera ondoren, ikertzaileak ikerketa-jarduerak egingo ditu enpresak proposatutako industria-ikerketako proiektuaren barruan, doktorego-ondoko hobekuntza-aldia garatu ahal izateko. Salbuespenez, doktore-gradua laguntzaren laugarren urtean atera ahalko da, doktorego-tesiaren bilakaerak hala ziurtatzen badu. Ondorio horietarako, ulertuko da doktore-gradua lortu duela doktorego-tesia defendatu eta gainditzen duen egunean.
d) Unibertsitateari lotutako tesi-zuzendari bat edukitzeaz gainera, doktoregaiak proiektu-arduradun bat izango du, zeina enpresak edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak izendatuko baitu.
e) Kontratatzen diren pertsonek betekizun hauek bete beharko dituzte:
– Doktorego-ikasketak deialdiaren urtean bertan hastea.
– Doktorego-irakaskuntzetan matrikulatzea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko edo pribatu batean.
– Industria-ikerketako proiektua gauzatzea entitate onuradunean.
– Doktorearen titulua ez izatea.
– Doktorego-tesi edo antzekoren bat garatuta, doktorego-aurreko prestakuntza helburu zuen ezein laguntza jaso ez izana 12 hilabetean edo aldi luzeagoan.
f) Industria-doktoretza egiten duten ikertzaileekin egindako kontratuek baldintza hauek bete beharko dituzte:
1) Indarrean dagoen lege-esparruaren arabera formalizatzea.
2) Urteko gutxieneko ordainsari gordina 25.000 eurotik gorakoa izatea.
3) Lansaio osokoa izatea.
4) Ikertzailea EAEko ekoizpen-instalaziora atxikitzea.
5) Diruz lagundutako proiektuaren araberako lanbide-kategoria izatea.
6) Kontratatutako ikertzailea benetan noiz laneratu zen adieraztea.
7) Kontratuaren iraupena laguntza honen iraupenaren berdina edo luzeagoa izatea.
g) Prestatzen ari diren ikertzaileek jabetza intelektualaren eta jabetza industrialaren eskubideak izango dituzte, ikerketan egiten duten prestakuntza-jardueratik eratorriak, beren ekarpenaren arabera, gai horretan unean-unean indarrean dauden arauetan ezarritakoari jarraikiz, bai eta kontratazio-zentroak aitortzen dizkien eta xedapen honetan ezarritakoarekin bateraezinak ez diren eskubideak ere.
8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Hauek hartuko dira gastu diruz lagungarritzat, eta men egingo diote Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan eta Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 7. artikuluan xedatutakoari:
a) Kostu zuzenak: hautagaia den ikertzailea kontratatzeko kostuak (ordainsari gordina gehi Gizarte Segurantzako enpresa-kuota, ken urteko kuota hobaridunak, halakorik balego).
b) Zeharkako kostuak. Diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 hartuko da zeharkako kostutzat.
2.– Gainera, industria-doktoregoak egiteko I+G proiektuei gagozkiela, diruz laguntzeko modukotzat joko dira ikertzaileek beste I+G entitate batzuetan egindako egonaldien ziozko gastuak, ikerketa-jardueraren ondorioz zuzenean egindakoak. Gastu justifikagarriak kontzeptu hauek jaso ahal izango ditu: ostatu- eta mantenu-gastuak eta EAEtik helmugara garraio publikoan bidaiatzeko gastuak.
Egonaldiak I+G arloko entitate publiko zein pribatuetan egin ahal izango dira, baita Espainiako zein atzerriko enpresetan ere, baina ez doktorego-tesia garatzen ari den entitatean edo entitateetan.
Mantenu-gastu gisa, agindu honen 9.3.e) oinarrian finkatutako zenbatekoa onartuko da.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak proiektua abiatu ondoren hasiko dira zenbatzen, baldin eta ikertzaileen kontratuek 7. oinarriko baldintzak betetzen badituzte kategoria bakoitzerako, 2027ko abenduaren 31ra arte, doktorego-titulua duten pertsonak laneratzeko, eta 2029ko abenduaren 31ra arte, industria-doktoregoak egiteko.
9. oinarria.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– I+G proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, onartutako diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuei ehuneko hauek aplikatuko zaizkie, oinarri honetan adierazitako mugetaraino, bat etorriz 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 25.5 artikuluan adierazitakoarekin:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2.– Ikertzaile doktoreak kontratatuz garatzen diren I+G proiektuak.
a) Deialdi bakoitzean, entitate eskatzaile berak, gehienez, argi eta garbi bereizitako I+Gko 2 proiektu edo jarduketarako babesa jaso ahal izango du, eta proiektu bakoitzean doktore-titulua duen ikertzaile bat kontratatu beharko da. Proiektuek edo jarduketek berezko garrantzia izan behar dute, eta ez dira izan behar beste proiektu edo jarduketa baten zatia.
b) Doktore-titulua duten pertsonak kontratatzeko urteko gutxieneko ordainsari gordina 35.000 eurokoa izango da.
c) Kontratatutako pertsona bakoitzeko, jaso daitekeen gehieneko laguntza zenbateko hauen arabera mugatuta egongo da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
3.– Industria-doktoregoak egiteko pertsonak kontratatuz gauzatzen diren I+G proiektuak.
a) Deialdi bakoitzean, enpresek eta I+G unitateek laguntza jaso ahal izango dute gehienez ere bi doktorego-tesi garatzeko. Bestalde, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile bakoitzak, ikerketa kooperatiboko zentroen, zentro teknologikoen eta eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekaritza-eragileen kategorietan, laguntza jaso ahal izango du plantillan dituen doktoreen % 10en baliokidea den gehieneko tesi-kopurua egiteko.
b) Industria-doktoregaien prestakuntzan dauden pertsonak kontratatzeko urteko gutxieneko ordainsari gordina 25.000 eurokoa izango da.
c) Kontratatutako pertsona bakoitzeko, jaso daitekeen gehieneko laguntza zenbateko hauen arabera mugatuta egongo da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
d) Diruz lagundutako prestakuntza-aldi osoan egin beharreko egonaldietarako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izango da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
e) Apartatu honetan, diruz lagundu daitezkeen mantenu-gastuak ezin izango dira izan 55 eurotik gorakoak egonaldiko egun bakoitzeko.
10. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna, metaketa eta mugak.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunen jarduketek beste laguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, edozein izanik ere laguntza horien izaera eta laguntza horiek ematen dituen organoa edo administrazioa, baina laguntza horien berri eman beharko zaio agindu honetan ezarritako laguntzak kudeatzeko organoari.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu berberetarako dirulaguntzen zenbatekoa, bakarka hartuta edo administrazio edo ente publiko nahiz pribatuek helburu bera betetzeko emandako beste batzuekin batera, ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Entitate onuradunek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailari eman beharko diote dirulaguntza guztien zenbatekoaren berri.
9. oinarrian ageri diren laguntza-mugak gaindituz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa murriztu egingo da, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpena dela bide.
3.– Dirulaguntza beste diru-sarrera batzuekin bateragarria dela onartu ondoren, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.h) artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak eskaeran adieraziko du konpromisoa hartzen duela diruz lagundutako jarduerak eta jarduketak neurriz kanpo ez finantzatzeko. Inguruabar hori gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa murriztu egingo da, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpena dela bide.
11. oinarria.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio-batzordearen funtzioak hauek izango dira:
a) Aurkeztutako eskaerak ebaluatzea agindu honen 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera.
b) Organo kudeatzaileari txosten bat igortzea, zehaztuz egindako ebaluazioaren emaitza eta adieraziz eskaerei esleitutako balorazioa, eskaeren arteko hurrenkera, diruz lagun daitezkeen jarduketak, onartutako aurrekontuaren zenbatekoa eta dagokion dirulaguntza, bai eta ezetsi diren eskaeren zerrenda ere, berariaz jasota horretarako arrazoiak eta ateratako puntuazioa.
Gainera, txostenean agertu behar da ezen, oinarri arautzaileetan onuraduna izateko ezarritako baldintza administratiboak eta teknikoak bete arren, 2. oinarrian finkatutako kredituaren gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik eskaera ezetsi eta dirulaguntza ukatu zaien eskatzaile guztien zerrenda antolatua. Zerrenda horretan, zehaztu behar dira deialdian ezarritako balorazio-irizpideen arabera eskaera bakoitzari emandako puntuazioa eta laguntzaren zenbateko zenbatetsia.
Puntuazio bera ateratzen duten eskaerei dagokienez, berdinketa ebazteko, lehentasuna izango du 6.1 oinarriko irizpideen balorazioan puntuaziorik handiena duen eskaerak (I+G proiektuaren ekarpen zientifiko-teknologikoa); berdinketak jarraitzen badu, enpresa txikienak aurkeztutakoak, eta, berdinketak bere horretan badirau, behar bezala egindako lehen eskaerak.
c) Aholkuak ematea administrazio-errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoari, agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko ebazpena aurkaratzeko arrazoia eskaeraren balorazioa bera denean.
2.– Batzorde hori baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta bertan parte hartzen badute (aurrez aurre edo era telematikoan) batzordeburuak eta idazkariak (edo haien ordezkoek) eta gainerako kideetako batek, gutxienez.
Apartatu honetan batzordearen funtzionamenduaz aurreikusten ez den guztia dela eta, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri moduan.
3.– Batzordeburua Xabier Domínguez Lopez de Lacalle izango da, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako Industria Lehiakortasuneko Programaren arduraduna, eta horren ordezkoa, bestalde, Iker Azqueta Madariaga, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako Enpresa Programaren arduraduna.
Hauek izango dira batzordekideak:
– Alberto Recacoechea Olabarria, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikaria, eta horren ordezkoa, bestetik, Igor Cuesta Kortaxarena, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikaria.
– Gonzalo Martínez Martínez, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena, eta horren ordezkoa, bestetik, Larraitz Segurola Bereciartua, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako teknikaria.
Era berean, I+G arloan konpetentzia eta funtzio garrantzitsuak dituzten entitateetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere lagundu eta aholku eman ahal izango diote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.
4.– Balorazio-batzordeko kideek ezingo dute ebaluazioan parte hartu baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada. Kasu horietan, lege horren 24. artikuluan aurreikusitako errekusazio-araubidea aplikatuko da.
12. oinarria.– Organo kudeatzailea eta prozedura bideratzea.
1.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak kudeatzea.
2.– Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak ofizioz egingo ditu beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak ebazpen-proposamena egiteko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko. Era berean, egiaztatuko du eskaera bakoitzean betetzen direla eskatutako baldintzak, eta hori berariaz jasota geratuko da nahitaezko txostenean.
3.– Espedientea eta balorazio-batzordearen txostena aztertu ondoren, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen horretan, dirulaguntza ematea proposatzen zaien eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adieraziko dira, honako hauek zehaztuta: ebaluazioa, onartutako aurrekontua, epeak, proposatutako laguntzen zenbatekoak eta laguntza horiek emateko erabilitako balorazio-irizpideak.
Proposamenak zerrenda batean jasoko du zein eskaera ezestea proposatzen den deialdiko betekizunak ez betetzeagatik, ezesteko proposamenaren arrazoiekin batera, eta, hala badagokio, ebaluazioan ateratako puntuazioa jasoko da.
Proposamen hori behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
4.– Dirulaguntzak emateko espedientean, organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da ezen, organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera, onuradunek bete egiten dituztela dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak.
13. oinarria.– Dirulaguntzen izaera eta emateko prozedura.
1.– Eman beharreko laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluko printzipio orokorren arabera emango dira.
Dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa bidezko norgehiagokakoa izango da, eta, beraz, eskaerak ebaluatzeko irizpideak aplikatuta, zerrenda bana egingo da laguntza-lerro bakoitzeko, ateratako puntuazioen arabera. Dirulaguntzak modu antolatuan esleituko dira horretarako bideratutako funtsak agortu arte, kontuan hartuta laguntza lortzeko 6. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioak gainditu beharko dituztela.
2.– Agindu honetan eskatutako betekizunak betetzen dituzten eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira, puntuazioaren arabera, eta Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak ebatziko ditu, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, harik eta deialdi honetako 2. oinarrian esleitzen den kreditua agortu arte.
3.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako dirulaguntzak ematen diren edo, hala badagokio, ukatzen diren, eta honako hauek jasoko dira:
– Onuradunen zerrenda, agindu honetan ezarritako irizpideak aplikatuz ateratako puntuazioaren arabera antolatuta. Horietako bakoitzari dagokionez, berariaz adieraziko dira entitate eskatzailearen izena, aurkeztutako eta diruz lagundutako proiektua, kontratatutako pertsonen identitatea, emandako laguntzaren zenbatekoa eta urteroko bakoitzeko banaketa.
– Ukatutako eskaeren zerrenda, arrazoiak adierazita. Halaber, aurrekontu-krediturik ez egoteagatik soilik ukatu direnak ateratako puntuazioaren arabera antolatuta agertuko dira, oinarri honen 1. apartatuan xedatzen denaren ondorioetarako.
4.– Ebazpena eman eta jakinarazteko bitarteko elektronikoak erabiliko dira, eta, horretarako, 6 hilabeteko epea egongo da, gehienez ere, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu behar dute laguntza-eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluak ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion prozeduraren ebazpena iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), ezertan eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero argitaratzea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera emandako dirulaguntzen esleipendunen eta zenbatekoen zerrenda.
6.– Hartzen den ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari hilabeteko epean, baldin eta esanbidezko egintza bada edo, edozein momentutan, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek diotenarekin. Bestela, zuzenean errekurtsoa jarri ahalko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, esanbidezko egintza bada, edo edozein momentutan, presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera.
7.– Laguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik, entitate onuradunek 15 egun naturaleko epea izango dute, laguntza onartu edo laguntzari uko egiteko.
Epe horretan, onuradunetako batek dirulaguntzari uko egiten badio eta kreditu nahikoa askatzen bada kreditu-faltagatik ukatu diren eskaeretako bati gutxienez erantzuteko, organo eskudunak erabakiko du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, eskatzaileari edo eskatzaileei dirulaguntza ematea, ateratako puntuazio-hurrenkeraren arabera.
Epe horretan bertan, dirulaguntza onartzen duten entitate onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko diote organo kudeatzaileari:
a) Oraindik aurkeztu ez bada, ikertzailearekin formalizatutako lan-kontratua, oinarri hauetan ezarritako baldintzetan, berariaz aipatuta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak kontratuari emandako laguntza. Kontratua emakida-ebazpenaren aurretik sinatu bada, aipamen hori eranskin batean jasoko da.
b) Industria-doktoregoen bidez garatu beharreko ikerketa-proiektuei dagokienez, gainera, doktorego-programa batean lehen matrikula formalizatu dela edo deialdiaren urtean doktorego-programa batean onartua izan dela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko da, doktorego-programaren unitate arduradunak edo, halakorik ezean, dagokion unibertsitateko legezko ordezkariak emanda.
Apartatu honetan aipatutako dokumentazioa esandako epearen barruan aurkezten ez bada, ulertuko da entitate onuradunak uko egiten diola laguntzari.
8.– Agindu honetan xedatutakoaren babesean kontratatzen diren ikertzaileak gehienez ere hilabeteko epean laneratu beharko dira lantokian, betiere lantokiarekin bat etorriz, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen.
9.– % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila duten pertsonak kontratatuz I+Gko proiektuak egiteko laguntza-eskaerak daudenean, betiere eskaera horiek 6. oinarriko ebaluazio-irizpideetan ezarritako gutxieneko atalaseak lortu badituzte, gehienez bi laguntza ematea gordetzen da. Ikertzaile hautagaiaren desgaitasun-maila organo eskudunak emandako desgaitasun-ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatu beharko da.
14. oinarria.– Epea eta eskaera aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2026ko uztailaren 3an bukatuko da.
2.– Eskaerak eta hurrengo oinarrian ageri den dokumentazioa, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honi loturiko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Herritarrei Arreta Integrala eta Kanal Anitzekoa eta Zerbitzu Publikoetarako Bide Elektronikoetatik Sartzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin.
3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko formulariora) helbide honetan dago:
a) Ikertzaile doktoreak kontratatuz garatzen diren I+G proiektuak:
b) Industria-doktoregoak egiteko pertsonak kontratatuz garatzen diren I+G proiektuak:
Eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak (jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» gunea erabiliz egin eta jakinaraziko dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
Eskaera ordezkari baten bidez izapidetzen bada, elektronikoki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Halaber, eskatzaileak hirugarrenen erregistro elektronikoan alta eman beharko du, edo bere datuak aldatu beharko ditu, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
5.– Betetako eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura aitortua eta hurrengo oinarrian aipatzen den euskarri-dokumentazioa.
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntza-eskaera eta beharrezkoa den dokumentazioa. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Legean ezarritakoaren arabera.
7.– Ez dira nahitaez aurkeztuko beharko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak dagoeneko badituen indarreko dokumentuak, aldaketarik egon ez bada. Kasu horretan, eskaeran adierazi beharko da dokumentuok noiz eta zer organotan aurkeztu ziren.
8.– Eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituen. Hala ere, eskatzaileak beren-beregi ukatu ahal izango du baimen hori; dena dela, halakorik eginez gero, betebehar horiek bete dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du eskatzen zaion bakoitzean.
9.– Era berean, dirulaguntza eskatzeak berekin badakar organo kudeatzaileak kontsulta egitea Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistro eta Gordailuari, indarrean berdintasun-planik ote dagoen egiaztatzeko; izan ere, Estatuko araudiaren arabera, 50 langiletik gorako enpresetan, plan hori beharrezkoa da dirulaguntzak eskatzeko.
10.– Beste edozein dokumentazio edo informazio osagarri eskatu ahalko zaie entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen bada haiek aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko. Agindu honetan beren-beregi aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
11.– Datu pertsonalak tratatzean bete egingo da Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoa.
12.– Datuen arduraduna Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria da, eta haren aurrean erabili ahal izango dira datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailera jo beharko da.
15. oinarria.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Entitate eskatzaileek eskaera normalizatu bat bete beharko dute, bitarteko elektronikoak erabiliz, eta, bertan, dokumentazio hau gehitu beharko da:
1.– Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa:
a) Entitatea identifikatzeko datuak.
b) Entitatearen deskribapen-memoria, zehaztuz jarduera nagusia eta ekoizpen-sektorea eta espezifikatuz negozio-bolumena eta azken ekitaldian lortutako emaitzak. Halaber, dokumentuan jasota agertuko dira antolakundeak I+G arloan dituen aurrekariak, proiektua gauzatzeko eskuragarri dauden ekoizpen-bitartekoak eta giza baliabideen zerrenda xehatua, kategoria teknikoen eta sexuaren arabera banakatuta.
c) Laguntza zein ikerketa-proiektutarako eskatzen den eta kontratatutako pertsonak zein proiektutan lan egingo duen, proiektu horren memoria. Memoriaren edukia agindu honen I. eranskinean adierazitako eskemaren arabera garatuko da. Memoria horrek jaso beharko du zergatik den beharrezkoa ikertzaileak, doktoregoa duten pertsonak edo prestatzen ari diren pertsonak erakartzea I+G jarduerak garatzeko.
d) Kontratatutako langilea laneratuko den I+G lantaldearen edo ikerketa-taldearen curriculum laburra.
e) ETEa izanez gero, azken 3 ekitaldietako urteko kontu onartuen kopia.
f) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen ordainketa egunean duela egiaztatzen duten ziurtagiriak (soilik baldin eta sailari haiek eskatzeko baimena ematen ez badio).
g) Proiektu bera finantzatzeko erakunde honen edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eskatu edo jasoz gero, entitateak eta zenbatekoak adierazi behar dira.
h) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzei dagokienez, Merkataritza-eragiketetan berankortasuna ekiditeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak zenbateraino bete diren egiaztatzeko, bitarteko hauek erabiliko dira:
a) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen pertsona fisikoek eta pertsona juridikoek ziurtagiria aurkez dezakete baieztatuz iritsi direla abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-mailara, ordezkaritza-ahal nahikoa daukan pertsona fisikoak (edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo baliokideak) sinatua. Horrez gainera, ondoko b) letran aurreikusten diren frogabideak ere erabil ditzakete inguruabar hori egiaztatzeko, beren erregulazioa betez gero.
b) Kontabilitateko araudiaren arabera galeren eta irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek hauetako bat aurkez dezakete:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egindako ziurtagiria, zeinean banakatuta jasoko baita ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzko informazioa, baldin eta kontu horien arabera ondorioztatzen bada iristen dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-mailara (apartatu honetan ezartzen da), uztailaren 5eko 15/2010 Legeak –zeinak abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen baitu– hirugarren xedapen gehigarrian eskatzen duen informazioaren arabera.
Ziurtagiri hori balizkoa izango da, harik eta hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatzen diren arte.
2. Baldin eta aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egin ezin bada, «Adostutako prozedurei buruzko txostena», Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina. Txosten horren bidez, erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri bat berrikusita, ondorioztatuko da ez dela antzeman abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeetarako salbuespenik, edo, salbuespenak antzemanez gero, haiek ez dutela eragozten apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.
Apartatu honetan eskatzen den betekizuna betetzat joko da, baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legean (azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan) aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa bada.
2.– Kontratatutako langileari buruzko dokumentazioa:
a) NANaren edo egoiliar-txartelaren kopia, eta, aurreko bi dokumentuetako bat ere ez izanez gero, pasaportearen kopia.
b) Garatu beharreko I+G proiektuarekin lotutako merezimendurik garrantzitsuenak nabarmentzen dituen curriculum vitaea: prestakuntza, lanbide-esperientzia, proiektuarekin lotutako argitalpenak edo patenteak, halakorik balego, eskabidea egiten den unean eguneratuta.
c) Lan-bizitzaren ziurtagiri eguneratua.
d) Desgaitasun-ziurtagiria, hala badagokio (% 33koa edo handik gorakoa).
e) Doktoreak kontratatuz gero, kontratatutako pertsonari buruzko dokumentazioa:
– Kontratuaren kopia, halakorik badago, bertan jasota, gutxienez, urteko ordainsari gordina, lanaldi mota, Euskal Autonomia Erkidegoko zentroarekiko atxikipena, lanbide-kategoria, laneratze-data eta kontratuaren indarraldia.
– Doktore-tituluaren kopia, edo eskaera aurkezten den datan doktore-graduaren jabe izatearen ziurtagiri akademikoarena.
Titulua atzerriko unibertsitate batean lortu bada, tituluaren baliokidetasuna aurkeztu beharko da Espainiako sistema akademikoan, edo eskatu izanaren egiaztagiria, eta, nolanahi ere, laguntza jaso aurretik Espainiako unibertsitate-sisteman duen baliokidetasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.
f). Industria-doktoregoa egin behar duten pertsonen kasuan, kontratatu den pertsonari buruzko dokumentazioa:
– Kontratuaren kopia, halakorik badago, bertan jasota, gutxienez, urteko ordainsari gordina, lanaldi mota, Euskal Autonomia Erkidegoko zentroarekiko atxikipena, lanbide-kategoria, laneratze-data eta kontratuaren indarraldia.
– 2026an hastekoa den industria-doktoregoko programa batean onartzeko eskaera. Dagokion matrikula egin ondoren, hori egiaztatzeko dokumentua aurkeztu beharko da laguntza-eskaeran.
– Enpresaren proiektuari buruzko interes-gutuna, zentro teknologikoek, ikerketa kooperatiboko zentroek edo eskaintzaren eta eskariaren bitartekaritza-eragileek kontratatu beharreko doktoregaien kasuan.
– Unibertsitate-tituluaren ziurtagiri akademiko ofiziala. Bertan, ateratako kalifikazioak eta haiek lortu diren datak adieraziko dira. Espedienteak batez besteko nota islatu behar du.
Ikasleak atzerrian egin baditu ikasketak, ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztu beharko da, eta, horrekin batera, zinpeko itzulpena, hura Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean ez badago. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste dokumentu batean adierazi beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak eta zein den irakasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa. Gainera, ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, zeinean adieraziko baita zein den espediente akademikoaren batez besteko nota Espainiako ebaluazio-sistemaren barruan.
– Proiektuari lotutako doktorego-tesiaren memoria: prestatzen ari den ikertzaileak garatu beharreko jarduerak eta zereginak, aurreikusitako laguntzaren lau urteak kontuan hartuta, eta laguntzaren iraunaldian zehar egitea aurreikusten diren egonaldien justifikazioa eta aurrekontuak, adierazita haietako bakoitza zein urtetan egingo den.
3.– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, betekizunak betetzeari eta emandako datuen zehaztasunari buruzkoa; hau da:
– Enpresa eskatzaileak betetzen dituela laguntzaren deialdi-agindu honen oinarrietan eskatutako betekizun guztiak.
– Eskaeran ageri diren datu guztiak egiazkoak eta osoak direla, bai eta aurkeztutako dokumentazio guztia ere.
– Adierazi dituela beste erakunde publiko edo pribatu batzuei proiektu berberak finantzatzeko eskatu dizkien edo haietatik jaso dituen laguntzak.
– Bere gain hartzen duela aurkezten dituen dokumentuen egiazkotasunaren erantzukizuna.
– Egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera. Agindu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen esparruan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeaz dihardu.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela.
– Konpromisoa hartzen duela aurretik adierazitakoa betetzeko, adierazpen hau aurkezten duenetik deialdia ebatzi eta emandako dirulaguntza osoa justifikatu arteko denbora-tarte osoan.
– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluak ezarritakoaren arabera.
– Konpromisoa hartzen duela diruz lagundutako jarduerak eta jarduketak neurriz kanpo ez finantzatzeko, dirulaguntza likidatu arteko aldian, ezertan eragotzi gabe etorkizunean xede bera betetzeko jaso ditzakeen laguntzen zenbatekoa adierazteko betebeharra.
4.– Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, zehaztuz ez dagoela legezko debeku hauen eraginpean:
– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu epai irmo baten bidez, eta ez dutela kondenatu delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzur eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez duela eskatu borondatezko konkurtso-deklaraziorik, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, ez dagoela esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez dagoela desgaitua Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
– Ez duela administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik eragin, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legea; edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko kargudunak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
– Zerga-egoitza ez duela erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.
– Ez duela galdu, epai irmo baten bidez, dirulaguntzak eskuratzeko aukera, hala ezartzen duen edozein legeri jarraituz. Zehazki, ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-arloko araudia ez betetzeagatik, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Hala badagokio, Espainiako araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izatera behartuta egonik, berdintasun-plan bat duela, eta 50 langile baino gehiago edukirik, egiaztatu dezakeela ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Espainiako legeek ezarritako baldintzetan.
– Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluak xedatutako kasuan.
– Ez duela zehapenik jaso, administrazio-bidean aurreikusitako ebazpen irmo baten bidez, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritakoaren arabera, harik eta behar diren zuzenketa-neurriak gauzatu eta zehapena ordaindu arte.
– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat legez gorde behar den lanpostu-kuota edo egiaztatu duela martxan jarri dituela hura betetzeko hautazko neurriak.
– Ez dagoela berreskuratze-agindu baten mende, Europar Batasuneko Batzordeak laguntza bat legez kanpoko eta barne-merkatuarekin bateraezin deklaratu duen aurretiazko erabaki baten eraginez.
– Ez dela krisian dagoen enpresa (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 2.18 artikuluak xedatutakoaren arabera.
– Ez daukala dirulaguntzak jasotzeko debekurik, honako enpresa hauei ere eragiten dienik: eraldatzearen, bat-egitearen edo ondorengotzaren bitartez debekua jaso duen beste enpresa baten jarraipena edo ondorengoa direla uste izan daitekeen enpresak, zuzendaritzan dauden pertsonak edo bestelako inguruabarrak direla eta.
5.– Doktoregaiaren erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiazkoak direla adierazteko:
a) Ez dela doktore-tituluaren jabe, ez Espainiako ez atzerriko ezein unibertsitateren eskutik.
b) Ez duela jaso doktorego-tesi edo antzekoren bat garatzearen bitartez doktorego-aurreko prestakuntza helburu zuen ezein laguntza 12 hilabete edo gehiagoko aldian.
c) Konpromisoa hartzen duela eskaera egiten duen urtean EAEko fakultate bateko doktorego-ikastaro batean matrikula egiteko.
6.– Dirulaguntza kudeatzen duen organoak noiznahi eskatu ahal izango du dokumentazioa aurkezteko, zertarako eta frogatzeko betetzen direla eskatzen diren baldintzak eta ez dituela ezarrita erantzukizunpeko adierazpenetan aipatzen diren debekuak. Halaber, entitate onuradunak gertatzen diren aldaketa guztien berri eman beharko du, eman zaion dirulaguntza osoa justifikatu arte.
Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotako edozein datu edo informazio funtsezko zehatza ez bada, faltsua bada edo falta bada, edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bada, edo adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izango da diruz lagundutako jarduketarekin jarraitu egitate horiek jakiten diren unetik bertatik, ezertan eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penalak, administratiboak edo zibilak.
7.– Eskaerak osorik betetzen ez badira edo haiekin batera eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, entitate eskatzaileari bitarteko elektroniko bidez eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean falta dena zuzen dezala edo behar diren dokumentuak aurkez ditzala bide bera erabiliz. Horretaz gainera, adieraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, organo kudeatzaileak ebazpena eman eta gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusten den bezala.
8.– Nolanahi ere, dirulaguntza hauek kudeatzen dituen organoak –Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak, alegia– beste edozein dokumentazio edo informazio osagarri eskatu ahal izango die entitate eskatzaileei, beharrezkotzat jotzen badu haiek aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetu ahal izateko; halaber, adierazko da ezen, agindu honetan berariaz arautzen ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.
16. oinarria.– Justifikazioa.
1.– Justifikatzeko epeak:
a) Doktore-titulua duten pertsonen lerroa: lehen urterokoaren justifikazioa (2026ko ekitaldia) 2027ko otsailaren 28a baino lehen egingo da, eta bigarren urterokoaren justifikazioa (laguntzaren likidazioa) 2028ko otsailaren 28a baino lehen.
b) Industria-doktoregoak egiteko lerroa: lehen urterokoaren justifikazioa (2026ko ekitaldia) 2027ko otsailaren 28a baino lehen egingo da, bigarrenarena 2028ko otsailaren 28a baino lehen, hirugarrenarena 2029ko otsailaren 28a baino lehen, eta laugarren eta azken urterokoaren justifikazioa 2030eko otsailaren 28a baino lehen egingo da.
2.– Laguntzaren justifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) aurkeztuko da, eta dokumentazio hau izango du:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez entitatearen lege-ordezkariak bere erantzukizunpean baieztatuko baitu dokumentazioan emandako datuak egiazkoak direla eta gastua justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu dela, edo aurkeztu ez dela, beste dirulaguntza-programa batzuk justifikatzeko.
Proiektuko jarduerak, dirulaguntza honetaz gain, beste ente publiko edo pribatu batzuek finantzatu badituzte, finantzaketa-iturri horietako bakoitzerako, proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda xehatua aurkeztuko da, zenbatekoa eta jatorria adierazita, bai eta gastu horien kopia ere.
b) Adierazpena, zehazten duena onuradunak ez duela laguntza berreskuratzeko agindurik egiteke, Europar Batasuneko Batzordeak erabaki duelako laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
c) Adierazpena, zehazten duena ez dela krisian dagoen enpresa bat, (EB) 651/2014 Erregelamenduaren 2.18 artikuluak xedatutakoaren arabera.
d) Memoria zientifiko-teknikoa, eduki hau jasota:
– Proiektuaren deskribapen laburra.
– Justifikatu beharreko urterokoan, kontratatutako pertsonak egin dituen ikerketa-jarduerak eta lortu dituen emaitzak.
– Ikerketa-plan eguneratua.
– Lanaren emaitzak argitalpenen edo patenteen xede izan badira, haien erreferentzia bat adieraziko da.
e) Ikertzailearen ordu-parteak (proiektuaren arduradunak eta kontratatutako pertsonak sinatuta).
f) Ikertzailearen kontratazio-kostuen zerrenda, enpresaren kargurako kostu gordinaren eta gizarte-aseguruen kontzeptuetan banakatua (hilero). Gizarte Segurantzako kuotan hobariak eman badira, adierazi zenbatekoa.
g) Kontratatutako pertsonaren nominak eta banku-entitatean sartu izanaren egiaztagiriak.
h) Kontratatutako pertsonaren kotizazio-datuen txostena (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak egindako kotizazio-txostena), eguneratua.
i) Gainera, industria-doktoregoak egiteko kontratazioak dakartzaten I+G proiektuen kasuan, entitate onuradunak urtero aurkeztu beharko du industria-doktoregoko ikasketen lehenengo eta hurrengo matrikulak formalizatu izana egiaztatzen duen dokumentua, eta hori ezinbesteko baldintza izango da laguntzarekin jarraitzeko eta dagokion ordainketa egiteko.
j) Urterokoan aurreikusitako egonaldiak egin badira, bidaia- eta ostatu-kostuak ordaindu izanaren fakturak eta egiaztagiriak. Nolanahi ere, laguntzaren azken justifikazioan laguntza-aldiko egonaldi-gastu guztien zerrenda aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: helmugak, datak, egindako gastu mota eta aurkeztutako fakturaren erreferentzia.
3.– Entitate onuradunak, programa kudeatzen duen zuzendaritzaren eskariz, haren esku jarriko du beharrezkoa den dokumentazio guztia, egiaztatzeko aurkeztu dituen datuak egiazkoak direla eta diruz lagundutako jarduera egin dela.
4.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egiazki ordaindu diren gastuak.
5.– Enpresa batek laguntza ez-legitimoren bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu duen dirulaguntza eman ondoren, eta hura berreskuratzeko agindu bada eta laguntza hori itzuli ez bada, hura ezereztu izanaren justifikazioa aurkeztu beharko da azken ordainketarako eskaerarekin batera. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko, harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
17. oinarria.– Laguntzen ordainketa.
1.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak izena emanda egon beharko du administrazio honen hirugarrenen erregistro egokian. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa
2.– Dirulaguntza ezingo da ordaindu, baldin eta onuradunak ez baditu egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela-medio zorduna bada.
3.– Dirulaguntza kobratzeko, abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuak xedaturikoa bete beharko da (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubidea arautzen duena). Hala, berme errealak eskatu ahal izango dira edozein ordainketa aurreraturen kasuetan, ordainketa horien zenbatekoa, bakanduta edo batera, 180.000 eurotik gorakoa denean, eta ordainketaren edo aurreratutako ordainketen nominala gehi urtebeteko epea gainditzen ez duten interesak estali beharko dituzte, baita nominalaren ehuneko hamabosteraino ere, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.
4.– Ordainketak Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariaren ebazpen bidez aginduko dira, eta zuzenean egingo zaizkie entitate onuradunei, zatikatuta.
5.– Ikertzaile doktoreak kontratatuz garatzen diren I+G proiektuak:
– Lehen ordainketa: dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren eta laguntza onartzeko 15 egun natural igaro ondoren, ikertzailea entitate onuradunean laneratu bada, 2026. urterako emandako dirulaguntzaren % 70ari dagokion ordainketa izapidetuko da. Ikertzailea geroago laneratzen, eta, nolanahi ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen, ordainketa izapidetuko da lanean hasi ondoren.
Doktore-titulua atzerriko unibertsitate batean lortu bada, Espainiako unibertsitate-sisteman duen baliokidetasun-ziurtagiria aurkeztu beharko da laguntza ordaindu aurretik.
– Bigarren ordainketa: 2026ko ekitaldian egindako gastuen justifikazioa jaso eta berrikusi ondoren izapidetuko da, eta bat etorriko da urteroko horretarako emandako dirulaguntzaren gainerako % 30aren eta 2027. urterako emandako dirulaguntzaren % 70aren aurrerakinaren baturarekin.
– Hirugarren ordainketa: 2027ko ekitaldian egindako gastuen justifikazioa jaso eta berrikusi ondoren izapidetuko da, bat etorriko da ekitaldi honetarako emandako dirulaguntzaren gainerako % 30arekin, eta harekin likidatuko da emandako laguntza.
6.– Industria-doktoregoak egiteko pertsonak kontratatuz garatzen diren I+G proiektuak.
– Lehenengo ordainketa: dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren eta laguntza onartzeko 15 egun natural igaro ondoren, ikertzailea entitate onuradunean laneratu bada, 2026ko ekitaldirako emandako dirulaguntzaren % 70eko aurrerakina izapidetuko da. Ikertzailea geroago laneratzen bada (eta, nolanahi ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen), laneratu ondoren izapidetuko da aurrerakina.
2026-2027 ikasturterako industria-doktoregoko ikasketetako lehen matrikula formalizatu dela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da laguntzarekin jarraitzeko eta dagokion ordainketa egiteko.
– Bigarren ordainketa: 2026ko ekitaldian egindako jardueren justifikazioa jaso eta berrikusi ondoren izapidetuko da, eta bat etorriko da ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren gainerako % 30aren eta 2027. urterokorako kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntzaren % 70eko aurrerakinaren baturarekin.
– Hirugarren ordainketa: 2027ko ekitaldian egindako jardueren justifikazioa jaso eta berrikusi ondoren izapidetuko da, eta bat etorriko da ekitaldi horretarako emandako dirulaguntzaren gainerako % 30aren eta 2028. urterokorako kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntzaren % 70aren aurrerakinaren baturarekin.
2027-2028 urteetan industria-doktoregoko ikasketen matrikula formalizatu dela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da laguntzarekin jarraitzeko eta dagokion ordainketa egiteko.
– Laugarren ordainketa: 2028ko ekitaldian egindako jardueren justifikazioa jaso eta berrikusi ondoren izapidetuko da, eta bat etorriko da ekitaldi horretan emandako dirulaguntzaren gainerako % 30aren eta 2029. urterokorako kontzeptu horrengatik emandako dirulaguntzaren % 70aren aurrerakinaren baturarekin.
2028-2029 urteetan industria-doktoregoko ikasketen matrikula formalizatu dela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da laguntzarekin jarraitzeko eta dagokion ordainketa egiteko.
– Bosgarren ordainketa: laugarren eta azken justifikazioa jaso eta berrikusi ondoren izapidetuko da, bat etorriko 2029. urterokorako emandako dirulaguntzaren % 30arekin, eta harekin likidatuko da emandako laguntza.
Industria-doktoregoko ikasketen tesi-memoria artean aurkeztu ez bada, ezinbesteko baldintza izango da 2029-2030 urteetan industria-doktoregoko ikasketen matrikula formalizatu dela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztea laguntzak aurrera jarraitu eta dagokion ordainketa egiteko.
18. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak ezartzen dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan, Europako erregelamendu aplikagarrietan eta oinarri hauetan. Bereziki, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, entitate onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da, baldin eta ez badu ikertzailearekin duen lan-kontratua aurkezten laguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamabost egun naturaleko epean.
2.– Laguntza eman den xedea betetzeko erabiltzea, eta I+G proiektuen garapena bete eta justifikatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizpen-instalazio bat duten enpresetan edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zenbait eragiletan doktoregoaren jabe diren ikertzaileak kontratatuz eta industria-doktoregoak eginez.
3.– Prestatzen ari den ikertzailearen arduradun gisa pertsona bat izendatzea. Pertsona hori entitate onuraduneko plantillakoa izan beharko da. Entitate onuradunak eta, zehazki, entitate horretan prestatzen ari den ikertzailearen arduradunak nahitaez lagundu beharko dute doktorego-tesiaren esparruan garatutako ikerketaren emaitzak argitaratzen.
4.– Kontrolatzea doktorego-tesia lortzeko proposatutako ikertzaileak (prestatzen ari denak) egin beharreko I+G jarduerek garapen egokia dutela, eta organo kudeatzaileari jakinaraztea noiz egin eta onartzen den kontratatutako ikertzailearen defentsa, gehienez ere hogei egun balioduneko epean, baldin eta egintza hori laguntza gauzatzeko aldian gertatzen bada.
5.– Organo kudeatzaileari bidaltzea eskatutako informazio osagarri guztia, bai eta gerta daitezkeen aldaketak ere, administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan diruz lagundutako proiektuaren garapenari dagokionez.
6.– Onartzea organo edo entitate emaileak egiten dituen egiaztatze-jarduketak, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta, finantzaketa dela-eta, beste kontrol-organo batzuek egiten dituztenak ere.
7.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko organo kudeatzaileari jakinaraztea helburu bera betetzeko dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatuetatik.
Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
8.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko organo kudeatzaileari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketa, eta ematea eskatzen zaien informazio eta dokumentazio osagarri guztia.
Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
9.– Enpresak laguntza ez-legitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko organo kudeatzaileari.
10.– Eman den laguntzaren indarraldian egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuko xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitako gainerako enteekiko betebeharrak ere (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen da); halaber, egunean izatea jasotako funtsak itzultzeko betebeharra, zorduna izanez gero itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpen baten bidez.
11.– Gordetzea diruz lagundutako proiektuekin zerikusia duten behin betiko fakturak eta jasotako funtsak nola erabili diren egiaztatzen duten dokumentuak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uztea, bost urtez, dirulaguntza likidatzen denetik zenbatzen hasita, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.
12.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea eta diruz lagundutako ekintzak direla aipatzea toki ikusgarri batean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren logotipo korporatiboa agerian jarrita, bat etorrita abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoarekin.
13.– Itzultzea jasotako funtsak, edo garaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
14.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar duen dokumentazio guztian eta material guztietan.
15.– Bermatzea herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera, diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
16.– Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, halakotzat hartuta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan araututakoa.
17.– Laguntza hauen babespean kontratatutako pertsonek parte hartzen duten proiektuetan eta gainerako jardueretan, bioetika, animalien esperimentazioa, biosegurtasuna, segurtasun biologikoa, ingurumenaren babesa, natura-ondarea eta biodibertsitatea eta datuen babesa direla-eta indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzea.
18.– Men egitea Ikertzailearen Europako Gutunari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (2005/251/EB) buruzko Europako Batzordearen martxoaren 11ko Gomendioan xedatutakoari (L75 EBAO, 2005eko martxoaren 22koa).
19.– Hautatutako ikertzaileekin dagokion lan-kontratua formalizatzea, indarrean dagoen lan-arloko legeriaren arabera eta jarduketa bakoitzerako zehazten den kontratu-iraupena eta ordainsaria bermatuta, halakorik zehazten bada.
20.– Prestatzen ari diren ikertzaile kontratatuei beharrezkoa den laguntza ematea eta instalazioen, ekipamenduen eta baliabide materialen, prestakuntzakoen edo beren jarduera modu egokian behar duten bestelakoen erabilera ahalbidetzea.
21.– Jabetza industrialaren eskubideei buruz indarrean dagoen araudia betetzea, bai eta laguntza-aldian eta doktore-tesia egiteko aldian jabetza intelektuala osatzen duten ondare-eskubideak ere.
22.– Beste edozein betebehar, arau hauen arabera eska daitekeena: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eta haiek garatzeko arauak.
19. oinarria.– Laguntzak aldatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluaren arabera, dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo entitate interesdunaren eskariz, aipatutako artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen badira.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, edonola ere, beste edozein administraziotatik edo ente publiko nahiz pribatutatik laguntza edo dirulaguntza gehiago lortzen bada eta, hala badagokio, bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, baldin eta onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.
3.– Industria-arloko doktoreek edo doktoregaiek parte hartzen duten proiektuei buruzko jarduketek barnean bildu behar dituzte eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak. Nolanahi ere, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak aldaketak baimendu ditzake, aldez aurretik hala eskatuz gero Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzari, eta entitate onuradunak behar bezala justifikatuz gero jarduerak amaitu aurretik, jardueren helburuak eta nondik norakoa desitxuratzen ez badira.
4.– Industria-doktoregoak egiteari dagokionez, egonaldiak egiteari buruzko aldaketak baimendu ahal izango dira; besteak beste, eskaeran aurreikusitako helmuga, iraupena, datak eta abar aldatu ahal izango dira, baldin eta behar bezala eskatu eta arrazoitu badira urteroko bakoitzean egindako jardueren justifikazio-memorian.
5.– Dirulaguntza hauen babespean egiten diren kontratuen etenaldien zioz, dirulaguntzak emateko baldintzak aldatu egin daitezke, beste ebazpen baten bidez. Onuradunak etenaldian egiten dituen gastuak ez dira diruz lagunduko.
Kasu horien barruan jaso ahal izango dira etenaldiak, gutxienez, hiru hilabeteko aldi baterako ezintasun-egoerengatik gertatutakoak (amatasuna, aitatasuna, edoskitzea, arriskuko haurdunaldia, adopzioa eta abar).
6.– Agindu honen babespean egindako kontratuak azkenduz gero, laguntza emateko ebazpenean hasiera batean aurreikusitako epeak baino lehen, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitu egingo da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio bidegabe ordaindutako zenbatekoak, baita dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesak ere. Oro har, aplikatu gabeko soberakina zein den zehazteko irizpidea izango da laguntza jaso duen kontratutik bete gabe geratu den denboraren proportzioa.
7.– Nolanahi ere, aldaketa horiek ez dute ekarriko inolaz ere emandako laguntzaren zenbatekoa gehitzea, ez eta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak aldatzea ere.
20. oinarria.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
1.– Enpresa onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainerako arauak edo dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak dirulaguntza bertan behera uzteko administrazio-ebazpena emango du, noiz eta organo kudeatzaileak –Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariak– ez-betetzearen espedientea hasi eta izapidetu ondoren, zeinean interesdunari entzunaldia emango baitzaio. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du, eta, hala badagokio, baita jasotako dirulaguntzen printzipala eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere, honako arau hauetan ezarritako baldintzetan, betiere: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta haiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondoreetarako.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean ezarritako kasuetan, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira, zehazki, dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa egitea bidezkoa dela erabakitzen den egunera arteko sortutako interesak, edo zordunak itzulketa egiten duen egunera arte sortutakoak (baldin eta itzulketa itzulketaren bidezkotasuna erabakitzen den eguna baino lehenago egiten bada).
3.– Dirulaguntzaren xede den jarduketaren kostuaren gaineko soberakina itzuli beharko da, baldin eta beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada.
4.– Onuradunaren betetze-maila ia erabatekoa bada, eta hark egiaztatzen badu asmo irmoa duela dirulaguntza onartu zuenean hartu zituen konpromisoak betetzeko, ezingo da deklaratu kobratzeko eskubidea guztiz galdu duela, eta, ondorioz, jasotako dirulaguntza osoa itzuli beharko duela. Aitzitik, deklaratuko da dirulaguntzaren ordainketa partzialerako eskubidea duela, eta, behar denean, itzulketa partziala egin behar duela. Itzuli beharreko zenbatekoa jarduketaren betetze-mailaren araberakoa izango da.
Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zatizko zenbateko hori bat etorriko da emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazio hori egiaztatu ostean eta entitate emaileak onartzen duenean.
5.– Itzulketa-betebeharren erantzukizunen araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan xedatutakoa izango da.
Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera, onuradunaren kide elkartuek eta taldeetako pertsonek eta entitateek onuradunaren itzulketa-betebeharraren erantzukizun solidarioa edukiko dute, egiteko konpromisoa hartu duten diruz lagundutako jarduerei dagokienez. Onuradunak jarduteko gaitasunik ez badauka, beraren legezko ordezkariek itzulketa-betebeharraren erantzukizun solidarioa edukiko dute. Kideek, partaideek edo titularkideek erantzukizun solidarioa izango dute, nork bere partaidetzen arabera, ondasun-erkidegoen edo bestelako edozein unitate ekonomikoren edo ondare bananduren kasuan.
6.– Entitate onuraduna konkurtso-prozedura batean hasten bada, administrazioak, emandako dirulaguntza itzulgarriak berreskuratzeko, kasuan-kasuan aplikagarriak diren xedapenek aitortzen dioten lehentasuna izango du, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa deribatzeko espedienteak hasi ahal izango ditu pertsona juridikoen ordezkarien aurka, edozein izanik ere haien izaera, hala ezartzen baita urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluan (1/2021 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duena).
RSS