Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2026ko ekainaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
2361

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 19koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Orbea – Orbea Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2026ko otsailaren 10ean, Fundación Orbea – Orbea Fundazioa fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan.

Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.

Estatutuen 6. artikuluak fundazioaren helburuak ezartzen ditu, eta honela dio hitzez hitz:

1.– Mugikortasun jasangarria garatzea.

2.– Kirol-jarduera sustatzea.

3.– Hezkuntza, prestakuntza eta ikerketa sustatzea.

4.– Kooperatibismoaren eta gizarte-ekonomiaren balioak zabaltzea eta sustatzea.

5.– Justizia soziala eta egoera ahulean dauden kolektiboak garatzea.

6.– Kultura oro har babestea, bereziki euskara.

Helburu horiek lortze aldera, Fundazioak jarduera hauek egin ahal izango ditu, besteak beste:

a) Mugikortasun jasangarria sustatzen eta/edo errazten duten proiektuak eta ekintzak sustatzea, bultzatzea eta babestea, ingurumena deskarbonizatzen laguntzeko.

b) Aisia- eta kirol-jarduera sustatzen eta/edo errazten duten proiektuak eta ekintzak sustatzea, bultzatzea eta babestea, eremu profesional, amateur eta/edo hezitzaile guztietan.

c) Prestakuntza-, hezkuntza- eta ikerketa-zentroak eta enpresa-proiektuak sustatzea, bultzatzea, babestea eta kudeatzea, bai eta zentro horiek garatzeko baliabide materialak erabiltzea ere, batez ere gizarte- eta/edo kooperatiba-ekonomiaren ereduen araberako kudeaketa sustatzen duten horietan, jardueraren ingurumen-inpaktua murrizteko prozesuak ikertzea eta garatzea.

d) Pertsonen eta herrien arteko elkartasuna sustatzen duten jarduerak babestea, eta beharrik handiena duten edo baztertuta edo diskriminaturik geratzeko arriskuan dauden kolektiboak (haurrak, adinekoak, zailtasun-egoeran dauden emakumeak, etorkinak, desplazatuak, etab.) babestea helburu duen justizia soziala garatzea.

e) Kultura-, kirol- eta ingurumen-ondarea babesten eta garatzen duten proiektuak sustatzea eta babestea, arreta berezia euskarari eta euskal kulturari eskainita.

Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da.

Jarduteko lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da nagusiki.

Estatutuen 11. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez 6 pertsonek eta gehienez 15 pertsonek osatuko dutela.

Fundazioaren patronatua, hasiera batean, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta haien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran eta zuzenketetan jasota daude:

Lehendakaria: Juan Bautista Fernández Llorente.

Lehendakariordea: Ander Olariaga Arrazola.

Idazkaria: Francisco Javier Divar Pérez-Iñigo.

Diruzaina: Nagore Larrabeiti Libano.

Kidea: Rubén Gabilondo Albedi.

Kidea: Daniel Martínez Sarobe.

Lehen patronatu hori epemugarik gabe izendatu da berezko patronatukideentzat, eta lau urterako, berriz, aukera askeko patronatukideentzat, fundazioaren estatutuetako 11. eta 14. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Patronatuko kide berrien kargu-uztea eta izendapena estatutuen 11. artikulutik 13. artikulura bitartean arautzen da.

2026ko apirilaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu zen, inskribatzeko eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, bai eta haren bideragarritasunari dagokionez ere. Aholku Batzordeak aldeko txostena egin zuen, aho batez, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2026ko maiatzaren 14an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Espediente honi funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bete egin dira, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako betekizunak.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Orbea – Orbea Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa, F-516 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2025eko maiatzaren 8an, Eibarren, María Dolores García Aranaz notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 731) eta 2025eko azaroaren 26ko zuzenketa-eginbidean ezarritako baldintzetan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, aurka egin nahi izatera, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 19a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala