
98. zk., 2026ko maiatzaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (152 KB - 3 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2276
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 26koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gerentearena, agindua ematen duena argitaratzeko TEKAZEL lan kontratudunen Negoziazio Mahaiaren 2026ko martxoaren 13ko Akordioa, erretiro partzialari dagokion 2025eko birjartze tasa gehigarri espezifikotik datorren hautaketa prozesua diseinatzekoa, eta horren bidez, TEKAZELen bi lanpostu betetzeko.
Gobernu Kontseiluak, 2026ko martxoaren 26ko bileran, berretsi egin zuen TEKAZEL lan kontratudunen Negoziazio Mahaiaren 2026ko martxoaren 13ko Akordioa, erretiro partzialari dagokion 2025eko birjartze tasa gehigarri espezifikotik datorren hautaketa prozesua diseinatzekoa, eta horren bidez, TEKAZELen bi lanpostu betetzeko. Horrela, bada, gerenteak
EBATZI DU:
Lehenengoa.– Argitaratzea Negoziazio Mahaiaren 2026ko martxoaren 13ko Akordioa, erretiro partzialari dagokion 2025eko birjartze tasa gehigarri espezifikotik datorren hautaketa prozesua diseinatzekoa, eta horren bidez, TEKAZELen bi lanpostu betetzeko.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka interesdunek aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango diote Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute zuzenean EAEko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean. Kasu bietan, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasiko dira epeak.
Leioa, 2026ko martxoaren 26a.
UPV/EHUko gerentea,
JAVIER VARONA GUARÁS.
AKORDIOA, ERRETIRO PARTZIALARI DAGOKION 2025EKO BIRJARTZE TASA GEHIGARRI ESPEZIFIKOTIK DATORREN HAUTAKETA PROZESUA DISEINATZEKOA, HORREN BIDEZ TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN BI LANPOSTU BETETZEKO
2025eko apirilaren 1etik aplikatzekoa da abenduaren 23ko 11/2024 Errege Lege Dekretuak, erretiro pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzekoak, erretiro partzialak arautzeko txertatzen duen erregulazio berria, lege dekretu horretan aldatzen direlarik Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 215. artikulua (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoa) eta Langileen Estatutuen Legearen testu bateginaren, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoaren, 12. artikulua.
Erretiro partzial aurreratuaren erregulazio berria ikusita, erretiro horien ondorioz sinatzen diren txanda kontratuak mugagabeak eta arduraldi osokoak izango dira, eta erretiroa gauzatu ondorengo bi urteetan indarrean egon beharko dute gutxienez.
Funtzio Publikoko idazkariaren 2025eko abenduaren 23ko Ebazpenaren bidez, abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian adierazitako birjartze tasa espezifikoa ezartzeko baimena eman zitzaion Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari.
Ebazpen horren bigarren puntuaren arabera, hautaketa prozesuak 2026ko martxoaren 31 baino lehen hasi beharko dira. Hartara, kudeaketa errazteko neurriak hartu ahal izango dira, baina, betiere, enplegu publikora iristeko bidean berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipio konstituzionalak errespetatuta, eta lan arloko legerian xedatutakoak enplegu publikoko deialdietan parte hartzeko aukera murriztu gabe.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateak eta sindikatuen ordezkariek honako irizpide hauek adostu dituzte kasuan kasuko hautaketa prozesua antolatzeko:
1.– Hautaketa sistema: lehiaketa-oposizioa.
2.– Deitutako plazak: 2.
– Plaza bat (1) II. taldekoa: IKTeko maila ertaineko teknikarien kategoria, Sistemen Informatika espezialitatea.– Kontsultore lanpostua (L514).
– Plaza bat (1) III. taldekoa: Kimikako teknikari espezialisten kategoria, Kimika espezialitatea. Lanpostua: Laborategiko teknikari espezialista (Kimika) (L515).
3.– Hautaketa prozesuaren faseak:
3.1.– Oposizio fasea: 20 puntu:
Test erako ariketa bat izango da. II. taldearen kasuan, gehienez 800 galderaz osatutako sorta batetik hartuko dira galderok; eta III. taldearen kasuan, gehienez 600 galderako sorta batetik. Galdera guztiak oinarri espezifikoei erantsitako gai zerrendatik ateratakoak izango dira.
Ariketa hau egin baino gutxienez hilabete (1) lehenago argitaratuko da galdera sorta.
Galdera okerrak edo erantzun gabeak ez dira zigortuko.
3.2.– Lehiaketa fasea: 9 puntu:
Honako hauek baloratuko dira fase honetan:
3.2.1.– Merezimendu profesionalak: esperientzia profesionala: gehienez ere, 9 puntu.
3.2.2.– Merezimendu akademikoak: gehienez ere, 2,5 puntu.
4.– Lan poltsak.
Hautaketa prozesua bukatuta, lan poltsak eratuko dira, horiek arautzeko oinarri izango direlarik, akordio berririk ez dagoen bitartean, 2006ko azaroaren 30eko Akordioa eta 2017ko uztailaren 18ko Akordioa, lan poltsak sortu eta kudeatzeari buruzkoa.
Aipatu poltsan, irizpide hauen araberakoa izango da hautagaien ordena:
1.– Lehendabizi, 2006ko azaroaren 30eko Akordioaren babespean egonkortasuna daukaten langileak, poltsen egungo ordenaren arabera, betiere kasuan kasuko LEPeko hautaketa prozesura aurkeztu badira.
Kide hauek EE kode hau izango dute: egonkortasuna / estabilidad.
2.– Ondoren, lehentasuna daukatenak, hau da, egun lan poltsan egonik deialdia baino lehen zerbitzuak eman dituztenak; betiere hautaketa prozesura aurkeztu badira eta azterketako galderei erantzuna emanda entregatu badute azterketa.
Atal honetako pertsonei kasuan kasuko lan poltsaren egungo hurrenkera bera aplikatuko zaie.
Kide hauek LP kodea izango dute: lehentasuna / preferencia.
3.– Ondoren, hautaketa prozesuko oposizio fasea gainditu arren plaza lortu ez dutenak. Hurrenkera zehazteko, batu egingo dira prozesuan guztira lortutako puntuak eta puntu gehigarriak, hau da, plazari dagokion eskalan emandako zerbitzuak (0,06 puntu hilabete osoko), lan egindako aldia izango delarik eskariak aurkezteko azken egunaren biharamunetik hasita prozesuaren bukaera egunera artekoa, prozesuaren bukaera eguntzat hartuta prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendaren argitaratze eguna.
Kide hauek EO kodea izango dute: eskaintza / oferta.
4.– Jarraian, kasuan kasuko lan poltsan dauden gainerako pertsonak, oposizio fasea gainditu arren plaza lortu ez dutenak, baldin eta aurretik aipatutako apartatu batean ere ez badaude eta deialdia argitaratu ondoren eman badituzte zerbitzuak. Horiek indarreko poltsen hurrenkera erlatiboaren arabera ordenatuko dira.
Kide hauek GP kodea izango dute: gerokoak / posteriores.
Leioan, 2026ko martxoaren 13an.
RSS