
98. zk., 2026ko maiatzaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (375 KB - 43 orri.)
- EPUB (850 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2272
AGINDUA, 2026ko apirilaren 21ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita, 2026ko ekitaldirako, Hirigune 2026 programa – Hiriko merkataritza-arloko lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasunerako zona-estrategiak sustatzera bideratutakoa.
Merkataritza-sektoreak egitura-aldaketa sakonei egin behar die aurre, eta erronka nagusia kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eraldatzea da. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta banaketa-bide berrien agerpen indartsua direla eta, beharrezkoa da estrategia berriak eta negozio-eredu berriak hartzea, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, eraldaketa digitalean eta jasangarritasunean oinarrituta.
Nabarmendu behar da merkataritza-jarduera gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat dela, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen duela. Eskura dauden datuei begiratuta, barne-merkataritzaren sektorea da Euskadiko ekonomian pisu garrantzitsua duena, izan ere, 2025ean, enplegu osoaren % 11 baino gehiago sektore horrekin loturik zegoen Eustaten datuen arabera.
EAEko 2026rako jarduera ekonomikoen azken direktorioaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 32.848 merkataritza-establezimendu daude; horietatik, 21.547 txikizkako saltokiak dira, hots, guztizkoaren % 65,59. Establezimendu kopuru horretan, gaur egun, 134.548 enplegatu ari dira lanean, horietako 81.356 txikizkako merkataritzan, hots, merkataritza-sektore osoaren % 60,46.
XIII. legegintzaldiko 2024-2028 Gobernu Programak, «Ongizatea Hazi 2024-2028», bost ardatz dauzka programa egituratzeko eta, hain zuzen, «hazkunde-eredua» izenekoa da II. ardatza. Bertan, besteak beste, ekonomia berriak ehun ekonomiko moderno, dinamiko, garatu eta jasangarri bat bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak nabarmentzen dira. Baldintza horiekin, aberastasuna sortzeko eta banatzeko aukera egongo da kalitateko enpleguaren bidez, baita zerbitzu publiko sendoei eusteko eta inor atzean geratuko ez dela bermatzen duten gizarte-politikak garatzeko ere. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat da eta, gainera, bultzada ematen die tokiko hazkunde ekonomikoari eta enplegua sortzeari.
Ardatz honetako bederatzi jardun-arloetako bat merkataritzari eta ostalaritzari buruzkoa da, aberastasuna garatzeko eta banatzeko eragileak direlako, eta funtsezko zeregina betetzen dutelako Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean. Izan ere, hazkunde ekonomikoari eta enplegua sortzeari laguntzen dio, daukan ahalmen egituratzaile handiari esker. Funtsezkoa da, halaber, jasangarritasuna, ekonomia zirkularra eta hurbileko produktuak bultzatzeko. Bilakaera teknologikoa eta digitala etenik gabea den honetan, gertutasunak eta arreta pertsonalizatuak are eta balio handiagoa dute, eta, besteak beste, horixe eskaintzen du tokiko merkataritzak. Baina egokitu beharra dago, profesionalizatu, konpetentzia berriak ikasi, eta ziurtatu etorriko direla belaunaldi berriak, guk uzten dugun lekua hartzera. Izaten ari den eraldaketa soziala, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa direla-eta, eta, batez ere, aldaketak hain azkarrak direla kontuan hartuta, beharrekoa da arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, tokiko merkataritzaren eraldaketa kontsumitzaile digitalaren eta aurrez aurreko kontsumitzailearen eskarietara egokitzeko, etorkizunari begira.
Konpromiso eta ekintza horiek guztiak onartuta dauden Euskal Merkataritzaren 2030 Estrategiaren eta 2026-2030eko Ekintza Planaren esparruan garatuko dira. Hain zuzen ere, plan horren helburua sektorearen eraldaketari, modernizazioari eta gaztetzeari erantzutea da. Horrez gainera, Merkataritzaren Estrategiaren gakoetako bat da EAEko politika komertziala bultzatu behar duen gobernantza-eredua, betiere erakundearteko elkarlana eta eragile publiko eta pribatu guztien lankidetza oinarri hartuta.
2020an, COVID-19aren osasun-krisiak bereziki eragin zion merkataritza-sektoreari, eta merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktua desberdina izan arren, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 4,9ko jaitsiera metatua izan zuen aurreko urtearekiko, lan-egutegiaren baldintza homogeneoetan eta prezio konstanteetan. 2021. urtean, % 3,6ko igoera izan zuen 2020. urtearekiko, eta suspertze-zantzu horiek berretsi egin dira 2022an, txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 2,9ko igoera metatua izan baitu aurreko urtearekiko. Gero, indize horrek hazkundea moteldu zuen, 2023an % 0,9 igo baitzen; 2024an % 4,2ko igoera izan zuen, eta 2025ean, berriz, % 0,4 egin zuen behera.
Merkataritza-sektoreak egoera konplexua bizi du, batetik ondoz ondoko krisien ondorioz eta bestetik azalera handiko saltokien eta online merkataritzaren lehia gero eta handiagoa delako. Beraz, agerian geratzen da laguntza eta bultzada behar dituela, jarduera suspertzea eta sektorearen biziberritzea sendotzeko.
Azaldutako guztiagatik, egokitzat jotzen da martxan jartzea Hirigune - Hiriko merkataritza-arloko lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasunerako zona-estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa; horretarako, laguntzak emango dira elkarte-sarearen eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako Merkatarien Elkarteen eta Elkarte Mistoen jarduketen aurrekontuei laguntzeko.
Hain zuzen, lan partekatua eta enpresen arteko elkarlana sustatzen duten merkataritza-elkarteetara bideratuko dira, helburu hauek lortzeko: sektorea indartzeko eta modernizatzeko jarduketak egiteko; merkataritza-giro bizia eta estimulatzailea sortzeko, eta, ondorioz, tokiko eta hurbileko merkataritzaren ikusgarritasuna areagotzeko, orain, inoiz baino gehiago, funtsezkoa baita; merkataritza-sektorearen modernizazioa bultzatzen duten irtenbide berriak sortzeko eta merkaturatze-bitarteko guztietan haien presentzia sustatzeko; kontsumitzailearen ohitura-aldaketetara egokitzen laguntzeko eta merkatariei eraldaketa- eta gaikuntza-prozesuan laguntzeko, eta politika publikoak garatu daitezen proaktiboki parte hartzeko; izan ere, hiri-ingurunea da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasunezko lan-arloetako bat.
Programa honen bidez diruz lagunduko diren jarduketak udalen jarduketa publikoen barruan kokatu beharko dira sinergikoki; hain zuzen, merkataritza sustatzeko plan berezietan (MSPB) edo merkataritzaren plan estrategikoetan, eta merkataritza-mahaietan –kogobernantzarako foro naturalak baitira toki mailan– jasotzen diren jarduketa publikoen barruan.
Hori guztia Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz egingo da, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako Helburu hauei dagokienez: 5. helburua: genero-berdintasuna; 8. helburua: hazkunde inklusibo eta jasangarria, enplegua eta guztiontzako lan duina sustatzea; 9. helburua: industria, berrikuntza eta azpiegitura; 11. helburua: hiri eta komunitate jasangarriak; 12. helburua: ekoizpen eta kontsumo arduratsuak; 13. helburua: klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularra eta 17. helburua: helburuak lortzeko aliantzak.
Azkenik, laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorretan. Halaber, jasota dago Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen 2024-2027 Plan Estrategikoan (Agindua, 2025eko otsailaren 5ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen agindua hirugarrenez aldatzen duena); egoitza elektronikoko iragarki-taulan eta sailaren webgunean argitaratuta dago plan estrategikoa. Bada, plan horren barruan, 47. konpromisoa dago: «Tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatzea». Horri dagokionez, azpimarratzekoa da Hirigune laguntza funtsezkoa dela txikizkako merkataritza bultzatzeko, egungo erronkei aurre egiteko jarrera sendotzeko ekintzen bidez, antolatzen diren ekintza eta kanpainen bitartez. Gainera, jasangarritasuna, sare sozialetako sustapena eta merkatarien elkarteen parte-hartze aktiboa bultzatzeko ekimenek eragin positiboa izango dute salmentetan, tokiko ekonomia indartuz eta merkataritzak gizarte-sarearen ardatz gisa duen zeregina sendotuz.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea, eranskinean jasota dagoenaren arabera, deialdi honen oinarri arautzaileak, 2026ko ekitaldirako: Hirigune 2026 programa - Hiriko merkataritza-arloko lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasunerako zona-estrategiak sustatzera bideratutako laguntza-programa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Deialdi hau lege-xedapen hauen mende dago: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuak jasotzen duten oinarrizko araudia.
Horrek ez du eragotziko arau hauek ere betetzeko beharra: Dirulaguntzan Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legea eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete behar dituzten betekizun, erregimen eta betebeharrak ezartzen dituena).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak, estatu kideen arteko merkataritza-trukeei eragiten ez dietenez, ez dira estatu-laguntzatzat hartuko, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, eta, beraz, ez zaie aplikatuko 107.1 artikuluan ezarritakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 21a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da deialdia egitea merkatarien elkarteen jarduera bultzatzeko 2026. urterako laguntzak emateko, hiriko merkataritza-arloko lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasunerako zona-estrategiak sustatzeko, eta, hartara, merkataritza-sektorea biziberritzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.150.000 eurokoak dira guztira: 1.720.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 430.000 euro, berriz, 2027ko konpromiso-kredituari.
2.– Laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, egintza bakarrean, lehiaketa-teknika erabili gabe; izan ere, programa honen helburua da laguntzak ematea onuradun izateko agindu honetako betekizunak betetzen dituen entitate orori, baldin eta sasoiz eta behar bezala egin badituzte eskabideak.
Aurkeztutako eskabide guztiak era ekitatiboan bideratzen direla bermatu dadin, programa finantzatzeko aurrekontua nahikoa ez bada onartutako gehieneko zenbatekoak emateko, dauden funtsen hainbanaketa egingo da edo proportzionalki banatuko dira horiek eskabideen artean. Banaketa hori agindu honen 8.2 artikuluaren arabera kalkulatutako udal-mugan oinarrituko da, eta ezarritako hainbanaketa-ehunekoaren arabera doituko da. Ehuneko hori kalkulatzeko, hiruko erregela erabiliko da onartutako guztizko zenbatekoen eta finantzaketarako emandako guztizko zenbatekoaren artean. Ehuneko hori, arestian aipatutako datuekin batera, behar bezala jasoko da dirulaguntza emateko ebazpenean. Horrela eginez, onuradun guztiek dagokien laguntza era zuzen eta ekitatiboan jasotzen dutela ziurtatzen da.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke EAEko udaletako merkatarien elkarteak, elkarte mistoak eta EAEko hiru hiriburuetako hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo eta elkarteak.
Horrela, beheko zerrendan azaltzen direnak ere onuradun izan daitezke, baldin eta gutxienez 10 merkataritza-establezimendu edo lotutako zerbitzu ordezkatzen badituzte udalerrietan, eta gutxienez 15 ordezkatzen badituzte hiru hiriburuetan. Hona hemen:
a) Eremu zonaleko merkatarien elkarteak eta elkarte mistoak, behar bezala eratuta badaude eta haien izaera juridikoa edo haien funtzioak direla-eta dagozkien erregistroetan inskribatuta badaude 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen.
b) Hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzoak edo elkarteak, pertsona fisiko edo juridikoen multzo gisa eratuta badaude –publikoak zein pribatuak–, edo nortasun juridiko propioa duten edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare-unitate gisa eratuta badaude, eta zuzenbideak onartutako edozein eran 2026ko urtarrilaren 1ean horrela inskribatuta badaude.
Eskatutako gutxieneko ordezkari kopurua ofizioz egiaztatuko du administrazio honek, EAEn indarrean dagoen Merkatarien Elkarteen Erroldan kontsulta eginez.
2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako baldintzez gain, betekizun hauek bete beharko dituzte entitate onuradunek:
a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai emakidaren momentuan bai ordainketaren unean, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezartzen den bezala –Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa–.
Laguntza eman aurretik eta hura justifikatu ondorengo ordainketak eta likidazioa egin aurretik, espedientearen organo kudeatzaileak, bere zerbitzu interaktiboen bidez, zuzenean eskuratuko ditu organo eskudunengandik, aipatutako betebeharrak betetzen direla ziurtatzen duten administrazio-ziurtagiriak. Hala ere, entitate eskatzaileak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dituzten entitateen jarduketak ez dira diruz lagunduko.
b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera.
c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari eta Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).
d) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluak 1., 2. ,3., 4. eta 5. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko aurreikusitako gainerako egoeretako batean ere.. Apartatu horietan adierazten denez, ezin izango dira onuradun izan kondenak edo zehapenak dituztenak; kaudimenik ez dutenak edo bateraezintasunak dituztenak; ez eta zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketakoak egunean ez dituztenak; paradisu fiskaletan bizi direnak edo berdintasunari, ingurumenari edo desgaitasunari buruzko araudia betetzen ez dutenak; debekuren bat duten kideak dituzten elkarteak; zehatutako beste entitate batzuen oinordeko diren entitateak; debekatutako elkarteak edo inskripzioa etenda dutenak, eta ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak. Horri dagokionez, agindu honen VI. eranskinean alderdi horiek jasotzen dituen erantzukizunpeko adierazpen bat jasotzen da. Hala ere, Merkataritza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egingo ditu adierazitakoa egia dela egiaztatzeko, hainbat tresnaren bidez, hala nola NISAEren, dirulaguntzen datu-base nazionalaren, erregistro publikoen eta abarren bidez.
e) Ez egotea nahasita Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legeak 82. artikuluan xedatutako egoeraren batean ere.
f) Ezin izango dira onuradun izan 4.1 artikuluko hirugarren paragrafoan aurreikusitako nortasun juridikoa ez duten taldeak, baldin eta kideren batek aurretik aipatutako debekuetako bat badu.
4. artikulua.– Elkarteen arteko akordioa eta udalerrien arteko banaketa.
1.– Udalerri berean hainbat elkarte badaude, deialdi honetara udalerri bakoitzean eskabide bakarra aurkezteari emango zaio lehentasuna; bertan, udalerri bereko merkatarien elkarte guztiek edo, hala badagokio, gehienek lortutako akordioa islatuko da. Horri dagokionez, elkarteentzat interesgarria izan daitekeen informazioa jaso da IV. eranskinean, hau da, txikizkako merkataritzako JEZei eta onartutako zerbitzuei buruzko informazioa.
Era fede-emailez eta dokumentuen bidez egiaztatu beharko da udalerri bereko elkarteen arteko akordio batera heltzeko borondatea dagoela; horretarako, egindako bileren eta alderdien arteko komunikazioak jaso beharko ditu eskabideak. Akordioa lortu ezean, eta ezintasunaren arrazoiak justifikatuta, elkarteek banakako eskabidea aurkeztu ahalko dute. Udal akordio bakarra lortzeko egindako ekintzak era fede-emailean eta dokumentuen bidez egiaztatu ezean, eskabideari uko egingo zaio.
Elkarteen arteko akordioa lortuz gero, horien guztien ordezkaria nor izango den zehaztu beharko da bertan, eta taldea ordezkatuko duen pertsona izendatuko da, eta behar bezainbat ahalmen emango zaio, laguntzaren onuradun gisa dagozkion obligazioak bete ditzan; erabakiko da, orobat, elkarte bakoitzak nolako parte-hartze maila izango duen proiektua gauzatzean, eta elkarte bakoitzari esleituko zaion dirulaguntza zehazteari dagokionez izango den zenbatekoa. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 11. artikuluarekin bat, nortasun juridikorik gabeko elkartzetzat joko dira eta, ondorioz, laguntzaren onuraduntzat.
Vitoria-Gasteiz, Bilbao eta Donostiaren kasuan, hiriburu bakoitzaren hiri-merkataritzaren plataformak ordezkatuko ditu udalerriko merkatarien elkarte guztiak, eta, horretarako, elkarte guztien adostasuna eta parte-hartzea bilatzen ahaleginduko da, baita plataformaren barruan ez dauden elkarteenak ere.
Elkarteen arteko akordioak alderdi hauek jasoko ditu:
– Zein merkatarien elkarte, elkarte misto edo hiri-merkataritzaren plataformak, elkarte multzok edo elkartek sinatu duten akordioa, eta haien enpresa-ordezkaritzaren maila.
– Zein den eskabidea aurkeztuko duen merkatarien elkartea edo, hala badagokio, Hiri Merkataritzako Plataforma.
– Zer jarduketa egingo dituen elkarteak:
• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin behar dituen jarduketak eta haiei buruzko azalpenak.
• Jarduketa nagusi bakoitzaren barruan egin behar diren ekintzak.
• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak jarduketetan izan behar duen partaidetza-maila.
• Akordioa sinatu duen elkarte bakoitzak egin beharreko jarduketen zenbatekoa eta aurreikusitako finantzaketa-sistema.
• Ekintza bakoitzaren betetze-mailaren adierazleak.
• Jarduketa-zonaren mugaketa eta merkataritza-sektorean izango duen eragina.
• Aurreikusitako egutegia.
– Aurreikusitako gastuen aurrekontu zehatza.
– Jarduketak gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak, eta haien jatorria.
– Akordioan parte hartu duten udalerriko merkatarien elkarteen artean dirulaguntza nola banatuko den azaltzeko aurreikuspena.
2.– Udalerri bakoitzeko eskabide bat baino gehiago badago eta denen artean eskatutako zenbatekoak udalerriari bideratutako muga ekonomikoa gainditzen badu, jasotako eskabide guztiak aztertuko dira, eta, ebaluazio hori oinarri hartuta, Merkataritza Zuzendaritzak zehaztuko du nola banatuko den udalerriari emango zaiona, eskabidez eskabide; besteak beste, honako irizpide hauek kontuan hartuta: proiektuen kalitate teknikoa, ekintzen tipologia, aurretik parte hartu duten dirulaguntzen programak gauzatze-maila eta horiek ze emaitza izan duten, kudeaketarako gaitasuna eta eraginkortasuna zenbatekoa den, eragin potentziala eta ordezkagarritasuna.
Eskabideak aztertzean, elkarteen arteko akordioak jaso behar dituen alderdiak hartuko dira kontuan. Establezimendu bat merkatarien elkarte bateko baino gehiagoko kide gisa agertzen bada, zehaztuko da horietako zeini eman behar zaion afiliazioa ordezkaritza-ondorioetarako, afiliazio horren benetako baldintzak kontuan hartuta.
II. KAPITULUA
LAGUNTZAK
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Diruz lagundu ahal izango dira II. eranskinean ezarrita dauden ezaugarriak dituzten jarduketak, merkataritza-jarduera edo hiri-merkataritzarekin zerikusia duten zerbitzuak dinamizatzea eta sustatzea helburu dutenak, baldin eta EAEko merkatarien elkarteek, elkarte mistoek edo merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek sustatzen badituzte.
6. artikulua.– Gauzatzeko epea.
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean gauzatuko dira.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastu izango dira II. eranskineko zehaztapenak zorrotz eta zalantzarik gabe betetzen dituzten jarduketen ondoriozko gastuak, eta IV. eranskinean jasotako JEZa duten establezimenduen ondoriozkoak, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan aurreikusitakoa betetzen badute.
2.– Era berean, III. eranskinean jasotako gastuak ez dira diruz laguntzeko modukoak izango.
3.– Aipatutako III. eranskinean jasotako gastuez gain, ez dira diruz laguntzeko modukoak izango langile propioek sortutako gastuak eta autofakturaziotik eratorritako gastuak, ez eta zeharkako gastuak, egitura-gastuak edo proiektua egiteagatik sortutako finantza-gastuak ere.
Nolanahi ere, aurreko paragrafoan ezarritakotik kanpo geratzen dira, eta, beraz, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira elkarteetako langileen gastuak, diruz lagundutako proiektuaren edo jarduketaren kudeaketatik eratorritako zeharkako kostu diren aldetik; diruz lagundutako jarduketa bakoitzerako zenbat dedikazio-ordu aurreikusi diren adierazi beharko da.
Formula honen arabera kalkulatuko da proiektuan edo jarduketan parte hartzen duen langile bakoitzaren orduko kostua:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Hauxe da balio bakoitzaren edukia:
X = langilearen urteko soldata gordina.
Y = ugazabak langile horrengatik Gizarte Segurantzari ordaintzen dion urteko kuota, kotizazio-oinarriaren arabera kalkulatua (TC2 ereduetan adierazita eta behar bezala identifikatuta), bider entitate onuradunak Gizarte Segurantzari langile horrengatik egindako ekarpenaren amaierako koefizientea.
H = langilearen urteko orduak, entitate onuradunari aplikatu beharreko hitzarmenaren arabera.
Nolanahi ere, zeharkako kostutzat onartuko da, gehienez, jarduketari edo proiektuari egotzitako zuzeneko gastuen % 15, eta dokumentu ofizialen bidez behar bezala justifikatu beharko dira egindako ordu-kalkulua eta orduen egozpena, kostu horiek diruz lagundutako jarduerari badagozkio benetan. Horri dagokionez, dagokion ekintza garatzeko langileek egindako egitura-lanen deskribapen zehatza eskatuko da.
4.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 kontratatu daiteke. Kontratazio horrek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 31. artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko ditu.
Baldin kontratazioa artikulu horietan adierazitako ehunekoaren eta zenbatekoaren esparruan egiten bada, Merkataritza Zuzendaritza izango da baimen hori emateko eskumena duen organoa.
Hala ere, 31. artikuluaren 7.d apartatuan jasotzen den bezala, ezin izango da kontratatu onuradunari lotutako entitateekin, organo emaileak berariaz eta aldez aurretik baimendu ezean, eta, betiere, diruz lagundu daitekeen kostuak ez badu gainditzen egindako kostu erreala, behar bezala justifikatuta. Irregulartasunen bat dagoela susmatuz gero (esate baterako, onuradunarentzako jarduera esklusiboa edo enpresa-simulazioa), kontrol-prozedura bat, funtsak itzultzeko prozedura bat eta, hala badagokio, zehapen administratibo edo penalak hasteko aukera egongo da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen IV. tituluan jasotakoarekin bat etorriz.
Baimen-eskabidea egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko da, eta Merkataritza Zuzendaritzak ebatziko du 15 eguneko epean. Bestela, administrazio-isiltasunak ezetsi dela esan nahi izango du, 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren arabera.
Era berean, baldin hornitzaileren batek gauzatutako jarduketaren batek gainditu egiten baditu kontratu txikiak arautzen dituzten legeek ezarritako zenbatekoak –15.000 euro edo gehiago BEZa kanpo–, onuradunak hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, gutxienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 30. artikuluak xedatutako kasuetan izan ezik. Apartatu horretan xedatutakoaren arabera, aurkeztutako eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez bada. Horri dagokionez, gogoan izan behar da Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 99.2 artikulua, hauxe baitio: «Kontratua ezin da zatitu haren zenbatekoa gutxitzeko eta, horrela, dagozkion publikotasun-betekizunak edo adjudikazio-prozedurako betekizunak saihesteko asmoarekin».
8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Emandako laguntzen zenbatekoa ahalik eta handiena izango da, 2. artikulua aplikatu ondorengo emaitza eta artikulu honen hurrengo puntuan zehaztutako udalerriko muga kontuan hartuta.
2.– Tarte ekonomiko batzuk ezarriko dira, udal bakoitzeko merkataritzako bereizgarriak eta udal elkarteen ahalmena aintzat hartuta.
Udalerriko elkarteen multzorako dirulaguntzaren gehieneko muga eragiketa honen emaitza izango da: merkataritza-tartearen araberako dirulaguntza bider udalerriko merkataritza-dentsitatearen koefizientea (V. eranskinaren arabera).
(Ikusi .PDF Fitxategia)
III. KAPITULUA
PROZEDURA
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabide bakarra aurkeztuko da aurreikusten diren ekintza guztietarako, eta oso-osorik beteta egon beharko du onartua izateko.
3.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.
4.– Eskabidea EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez besterik ezin izango da eskuratu eta bete, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoa betez. Hauxe da helbidea:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1015613
Elektronikoki nola izapidetu jakiteko zehaztapenak –baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri. Era berean, eredu horien edukiak agindu honetako VI. eranskinean daude jasota.
Espedientean sartzeko, errekerimenduak eta jakinarazpenak jasotzeko eta prozedurarekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
5.– Helbide honetan ikus daiteke identifikaziorako eta sinadura elektronikorako zein bitarteko onartzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Eskabidearekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
7.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, bitarteko hauek erabiliko dira:
– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkariak), edo
– behar bezala betetako eskabideari borondatezko legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua erantsita: https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea
Ordezkariak (pertsona fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo zuzenbidean baliozkoa den edozein dokumentu, legitimatzeko ahalorde-emailea beste pertsona bati ordezkaritza ematen dion entitatearen legezko ordezkari dela.
8.– Laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
9.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskabidean jasotako datuak egiazkoak diren. Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, entitate eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, zer araubide dagokion.
10.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
10. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Laguntza-eskabidearekin batera, VI. eranskinean zehazten den dokumentazio digitalizatua aurkeztu beharko da.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzailearen identitatea egiaztatzen duen dokumentazioa; horretarako, eratze-eskritura, estatutuak eta erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko ditu.
b) Entitate eskatzaileak berariaz egiten badio aurka instrukzio-organoak identifikazio fiskaleko txartela beste administrazio batzuekiko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez lortzeari, txartel hori aurkeztu beharko du.
c) Laguntzaren bidez finantzatu nahi den jarduera bakoitzaren azalpen-memoria, merkataritza-ikuspegitik egina, gutxienez informazio hau jasoko duena:
1) Garatu beharreko jarduketa bakoitzaren gauzatze-proiektua; alderdi hauek jasoko dira:
1.a.– Lortu nahi diren helburuak.
1.b.– Gauzatu behar diren ekintzak.
1.c.– Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleak.
2) Sarreren eta gastuen aurrekontu xehatuak.
3) Gauzatze-egutegia.
4) Jarduera hori MSPB azterlanean edo hura ordezkatzen edo osatzen duen beste azterlan batean sartzen dela.
Udalerriak ez badu MSPB azterlanik, egiaztatu behar du egin nahi diren jarduketa egokiak direla udalerriko merkataritza garatzeko.
5) Jarduera bakoitzean parte hartzeko aukera badagoela jakinarazteko erabiliko den sistema, egoki den kasuetan.
d) Hiri-merkataritzako dena delako elkarte, plataforma, elkarte-multzo edo elkarteko idazkariak prestatutako ziurtagiria, kideen zerrenda jasotzen duena, 2024ko abenduaren 31n eguneratua, eta kide bakoitzarengandik azken ekitaldian bildutako kuotak. Enpresen zerrenda sexuaren arabera bereizi behar da; alegia, adierazi beharko da merkataritza-enpresa kideetan zeintzuetan den titularra emakumezkoa eta zeintzuetan gizonezkoa.
e) Udalerriko elkarteek sinatutako akordioa, 4. artikuluan adierazitakoaren arabera.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla ofizioz egiaztatuko du organo kudeatzaileak, dagozkion administrazio-ziurtagiriak eskuratuz, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22.2 artikuluan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egiten badio egiaztapen hori egiteari, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu betebehar horiek beteta dituela egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiri positiboak.
11. artikulua.– Zuzenketa.
1.– Eskabidea ez bada osorik bete, harekin batera ez bada aurkeztu nahitaezko dokumentazioa edo akatsen bat antzematen bada, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan jarri den entitate interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da; prozedurak aurrera jarraituko du, betiere ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta ez bada egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.
12. artikulua.– Prozeduraren kudeaketa.
1.– Merkataritza Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntza kudeatzeko zereginak kudeatzea, hau da, epe barruan aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, ezarri diren betekizunak betetzen diren egiaztatuz. Gainera, eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango dio entitate eskatzaileari, 11. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2.– Aurkeztutako eskabideak lehiaketa ez den norgehiagokarako prozeduraren bidez izapidetuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluarekin bat. Prozedura hori zehatz-mehatz deskribatzen da oinarri hauetako 2. artikuluan, eta agindu honen 4.2 artikuluan adierazitako irizpideei jarraituko zaie.
3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, aurreko apartatuan aipatutako irizpideen arabera, txosten bat egin beharko du lege honen 19.1 artikuluan aipatzen den kide anitzeko organoak, eta bertan zehaztuko ditu egindako ebaluazioaren emaitzak.
Organo kudeatzaileak, espedientea ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori interesdunei jakinarazi beharko zaie behin-behineko txosten teknikoarekin batera, eta hamar eguneko epea emango da alegazioak aurkezteko.
Interesdunek azaldutako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da entzunaldiaren izapidea egin beharrik izango. Kasu horretan, behin-behineko ebazpen-proposamena behin betikoa izango da.
Interesdunek alegazioak egiten badituzte, horiek aztertu ondoren egingo du organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena, eta datu hauek eman beharko dira bertan: dirulaguntza zein eskatzaileri ematea proposatzen den, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, ebaluazioa eta hura egiteko erabili diren balorazio-irizpideak.
Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen behin betiko txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
4.– Prozedura bideratzean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 8.5 artikuluak xedatutakoa aplikatuko da, honela baitio: «Dirulaguntzen prozeduretan, beharrezko neurriak hartuko dira eskaeren balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak saihesteko».
5.– Merkataritza Zuzendaritzak ofizioz lortuko du balio erantsiaren gaineko zergari (BEZa) dagokion entitate eskatzaileen egoeraren inguruko informazioa; horretarako, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erregistrora joko du.
6.– Onuradun izateko eskatzen diren betekizunak betetzen diren kontuan hartuta emango dira dirulaguntzak, dokumentazioa bete ondoren eta 2. eta 8. artikuluetan ezarritakoari jarraituz; ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.
7.– Eskabide bakoitzeko txosten tekniko bat bidaliko da, informazioa ematearren; txosten horretan, onuradun izateko proposatutako entitateak dirulaguntza jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituela adieraziko da, eskura dagoen informazioaren arabera. Era berean, alderdi hauek identifikatuko dira: laguntza jasotzeko modukoak izanik onartu diren gastuak eta onartu ez direnak, onartuak ez izateko arrazoiak adierazita; dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoak, agindu honen 2. eta 8. artikuluetan adierazitako mugen barruan, betiere. Txosten hori entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio edo, hala badagokio, elkarteen arteko udal-akordioan ordezkaritza bakarra gauzatzen duen elkarteari; izan ere, hura arduratuko da gainerako sinatzaileei jakinarazteaz.
13. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, gehienez ere sei hilabeteko epean –EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera–, egintza bakar batean ebatziko du deialdia, eta gero entitate interesdunei jakinaraziko zaie, zein eskabide onartu den eta zein ez zehaztuta.
Sei hilabeteko epean prozedurari buruzko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, ezezkotzat joko da administrazioaren isiltasuna eta, ondorioz, entitate eskatzaileak eskabidea baztertu dela ulertu beharko du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko duen betebeharra.
2.– Onartutako eskabideen kasuan, ebazpenak entitate onuradunak eta eskatutako nahiz emandako zenbatekoak jasoko ditu, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 22.3 artikuluak jasotzen dituen beste alderdi batzuekin batera. Baztertutako eskabideen kasuan, baztertzeko arrazoia adierazi beharko da. Onuraduna nortasun juridikorik gabeko talde bat bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan, eta ebazpenean berariaz adierazi beharko da kide bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa.
3.– Laguntza-deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.
4.– Entitate eskatzaileek ohartarazpen bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikoan edo helbide elektronikoan, eta bertan, prozeduraren ebazpena egoitza elektroniko horretan argitaratu dela jakinaraziko zaie. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Itzulketa-prozedura hasteko erabakiak berekin ekarriko du etetea eragindako dirulaguntzari dagozkion ordaindu gabeko zenbatekoen igorpenak. Gainera, 20/2023 Legearen 34. artikuluaren arabera –ordainketak atxikitzea–, kautelazko neurri gisa, aukera emango da Administrazioak berak emandako beste dirulaguntza batzuen ondorioz ordaintzeko dauden kopuruen ordainketaren libramenduak eteteko. Kopuru horiek ezingo dute inoiz gainditu dirulaguntza organo emaileari berreskuratzeko espedientea hasteko proposamen edo ebazpenak jasotako zenbatekoa, une horretara arte sortutako berandutze-interesak barne.
14. artikulua.– Uko egitea.
Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta, ordainketaren bat eginda baldin badago, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, delako entitate horri dagokionez.
Hala ere, ukoa ez da onartuko entitate interesdunari jadanik jakinarazi bazaio deialdiaren esparruan ez-betetze edo zehapen-prozedura bat abiarazi dela. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikazioa eskuratzea eta hura betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Proiektua gauzatzeko epea 2026ko abenduaren 31n amaituko da.
3.– Deialdi honetako justifikazio-agiriak jasotzeko epea 2027ko martxoaren 31n amaituko da. Epe hori igaro eta justifikazio-agiririk aurkeztu ez bada, hamabost eguneko epe luzaezina emango zaio entitate onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Alabaina, ezarritako epe horretan ez badu justifikazio-agiririk aurkeztu, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, horrenbestez, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu.
4.– Entitate onuradunek justifikatu egin beharko dute ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta laguntzaren helburua lortu dutela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Justifikazio-memoria. Memoria horretan, gutxienez, informazio hau jaso beharko da:
1) Lortutako helburuak.
2) Gauzatutako jarduketak edo ekintzak.
3) Elkarte bakoitzak jarduketa bakoitza gauzatzean izan duen partaidetza-maila.
4) Egindako gastua.
5) Jarduketa edo ekintza bakoitzaren gastuak eta diru-sarrerak.
6) Dokumentazio grafikoa.
7) Betetako egutegia.
8) Egindakoaren eraginkortasuna neurtzeko adierazleen azken emaitzen balioespena.
9) Elkartearen txostena (balorazio-akta). Bertan, gauzatutako jarduketa-adierazleen hasieran proposatutako eta amaieran lortutako emaitzak jasoko dira, bai eta lortutako ondorioak eta egindako jarduketa bakoitzari buruz egindako balorazioa ere. Gainera, berariaz aipatu beharko dira erabilitako adierazleak, hala nola parte-hartzea, bezero posibleen asistentzia, azken urteetako bilakaera (baldin eta aurreko aldietan egin bada), eta eragin ekonomikoa, bai eta hurrengo ekitaldietan berriro egitea komeni den eta horren arrazoiak ere.
b) Jarduketa bakoitzaren laburpen-koadroa, fakturak zerrendan jarrita eta zenbatuta (faktura-zenbakia, kontzeptua eta zenbatekoa). Justifikazio-agiriak taldekatuta aurkeztu behar dira: zuzeneko gastuak, batetik, eta zeharkako gastuak, bestetik. Diruz lagundutako jarduketen zenbateko osoari dagozkion fakturak zerrendatu beharko dira.
c) Fakturak –gauzatze-epearen barruan emanak– eta horien banku-ordainagiriak; merkataritzako plataforma, elkarte multzo edo elkartearen izenean edo enpresa-antolakundearen izenean egon daitezke, edo entitate horietako (plataforma edo taldea) kide den edozein elkarteren izenean.
Bakar-bakarrik onartuko dira 100 euro edo gehiagoko fakturak (BEZik gabe), diruz lagundu daitezkeen jarduketen deskribapena ondo identifikatuta dutenak; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.
d) Diruz laguntzeko modukotzat onartu diren jardueren zeharkako gastuak justifikatzeko, nominak, Gizarte Segurantzari egindako ordainketak edo kontratazioen egiaztagiri ofizialak erantsi beharko dira. Erantzukizunpeko adierazpen bat ere aurkeztuko da, diruz lagundutako jarduketari benetan dagokion zeharkako gastuaren egozpena justifikatzeko eta erabilitako denbora eta egotzitako zenbatekoen kalkulua azaltzeko.
e) Berariazko parte-hartzea beharrezkoa denean, jarduketara bildutako establezimenduen zerrenda, ziurtagiri gisa, elkarte antolatzailearekin lotuta dagoen ala ez zehaztuta, eta dagokion JEZ kodea eta parte-hartze maila adierazita. Horri dagokionez, gogoratu txikizkako saltokien eta horiekin lotutako zerbitzuen partaidetzatik eratorritako gastuak baino ez direla onartuko, agindu honen IV. eranskinean jasotzen den bezala. Bestela, ehunekoa murriztuko da.
f) Aitorpena, helburu bererako lortu diren laguntza, diru-sarrera eta baliabideena, berdin dio administrazioetatik edo ente publiko nahiz pribatuetatik datozen, baldin eta diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko badira. Hauek zehaztuko dira:
– Eskabidearen urtea.
– Erakunde finantzatzailea.
– Finantzaketaren jatorrizko programa.
– Jarduketa.
– Jarduketaren zenbatekoa, guztira.
– Eskatutako laguntzaren zenbatekoa.
– Emandako laguntzaren zenbatekoa.
5.– Nolanahi ere, finantzatutako jarduerari lotutako beste edozein agiri aurkeztu beharko da, baldin eta Merkataritza Zuzendaritzak eskatzen badu eta justifikatutako jarduketak osorik egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen bada.
6.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, justifikatutako gastuak aztertuko dira, eta egiaztatuko da laguntzaren xede diren jarduketek agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituztela eta diruz lagundutako proiektura egokitzen direla.
7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, entitate onuradunari jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.
8.– Diruz lagundutako jarduketen barnean, aldaketak onetsi ahal izango dira jarduketa bereko jardueren artean. Salbuespen gisa eta behar bezala justifikatuta, onartutako jarduketen arteko aldaketak onartuko dira, bai eta jardueren birformulazioa eta diruz lagundutako zenbatekoen birbanaketa ere; laguntzak kudeatzen dituen organoak berariaz baimendu beharko ditu beti aldaketa horiek, egokitzat jotzen bada.
9.– Diruz lagundutako jarduketaren edo jarduketen justifikazioan, emandako zenbateko globalarekiko % 25etik beherako beheranzko desbideratzea gertatzen bada, dirulaguntza proportzio berean murriztuko da.
10.– Beherako desbideratzea % 25ekoa edo handiagoa bada, salbuespen moduan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekar dezake, desbideratze hori salbuespenez gerora sortutako inguruabarrak gertatu eta emandako dirulaguntzaren bidez lortu nahi ziren helburu guztiak bete direla, era egoki eta fede-emailean, justifikatzen denean izan ezik. Merkataritza Zuzendaritzako teknikariek, ofizioz, horri buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango dute. Onartzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan murriztuko da. Gainera, adierazi behar da laguntza emateko ebazpenean egin daitezkeen aldaketak dagokion administrazio-espedientea izapidetzearen mende geratuko direla, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. eta 40. artikuluetan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoaren mende ere.
11.– Hala ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek dirulaguntza murriztea badakar, Merkataritzako zuzendariari dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio entitate interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.
12.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, dagokion likidazio-ebazpena emango du Merkataritzako zuzendariak, teknikarien txostena kontuan hartuta.
13.– Justifikazioa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 32. artikuluak xedatutakoaren arabera egingo baita, dirulaguntzarekin finantzatu diren egindako jarduerena eta haien kostuarena izango da, egindako gastu bakoitza bereizita.
Era berean, eta aipatutako legearen 16.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, entitate onuradunei deialdi honen hurren artikuluarekin bat emandako funtsek finantza-etekinak sortzen badituzte, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handituko dute eta diruz lagundutako jarduerari ere aplikatuko zaizkio. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren justifikazioaren erantzukizunpeko adierazpenean jasoko da, zenbatekoa zehaztuta.
16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Honela ordainduko dira laguntzak:
Emandako zenbatekoaren % 80 dirulaguntza ematea onartzeko ebazpena eman ondoren ordainduko da, 18.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, ukorik izan ez bada.
Gainerako zenbatekoa agindu honen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera gastuen justifikazioa likidatu ondoren ordainduko da. Udal-akordioa duten espedienteen likidazio-ebazpenean, ordezkari gisa jarduten duen elkartearen obligazioak adieraziko dira, gainerako bazkideei ordaintzeko orduan, laguntza gauzatuta dagoenean.
Ordainketa horiek egingo dira, baldin eta onuradunak egunean baditu zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak.
Administrazioak laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan alta eman beharko du edo bere banku-datuak aldatu beharko ditu telematikoki: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
17. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Merkataritzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
18. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluek ezartzen dituzten betebeharrak. Halaber, betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzen duen emakidaren ebazpen-proposamena onartzea (hainbanaketa aplikatuta); eskabidearen txosten teknikoarekin batera bidaltzen da. Alde horretatik, dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunek ez badute berariaz onartzen, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.
c) Bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira diruz lagundutako jarduketen argitalpen, iragarki eta publizitate-lan guztietan, eta erabiltzaileei eta kontsumitzaileei bermatu egingo zaie entitate onuradunekin dituzten harremanetan gaztelania eta euskara erabiltzeko eskubidea.
d) Ez erabiltzea hizkera edo irudi sexistarik ezein euskarritan –ez publizitaterako, ez informaziorako–. Halaber, zuzenean sortzen dituzten agirietan, hizkera inklusiboa erabili beharko da.
e) Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuaren arabera, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa egon dela adierazi beharko da, espresuki, merkatarien elkarteen eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteen diruz lagundutako jarduketen euskarri, kartel eta seinaleetan nahiz hedapenean, zabalkundean edo publizitatean. Hori betetzen dela justifikatzeko, gutxienez horietako bakoitzaren ale bat helarazi beharko da.
f) Merkatarien elkarteek eta hiri-merkataritzaren plataforma, elkarte multzo edo elkarteek https://www.euskadi.eus/nirekarpeta estekaren bidez jakinarazi beharko dituzte alderdi hauek:
– Diruz lagundutako jarduerak zer lekutan, egunetan eta ordutan egingo diren, gutxienez zazpi egun balioduneko aurrerapenarekin.
– Diruz lagundutako jarduketetako jardueretan egondako edozein aldaketa, egiteko aurreikusi den dataren aurretik.
g) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.
h) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako jarduketen garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.
i) Merkataritza Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartutako gorabehera objektibo zein subjektibo ororen aldaketa.
j) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.
k) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
l) Jasotako funtsak, edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
m) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea diruz lagundutako jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
n) Diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
19. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babesean eskuratutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira entitate onuradunek administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede bererako jaso dezaketen beste edozein dirulaguntzarekin.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo ente pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu; gaindituz gero, agindu honen bidez emandako laguntza murriztu egingo da, soberako kopurua kenduta.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –dirulaguntzaren xedea bete bada, betiere– eta, hala badagokio, beste entitate publiko zein pribatu batzuetatik beste dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.k), 16.4 eta 25. artikuluek diotenaren arabera.
Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu bada, dagokion itzultzeko prozedura abiaraziko da, berandutze-interesak ere kontuan hartuta.
21. artikulua.– Egiaztapena.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jarduketen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, entitate onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, beren eginkizunak egikaritzean, jasotako laguntzei dagokienez.
22. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.
Entitate onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (entitate interesdunari entzun eta gero), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 40. artikuluak –EAEko aurrekontu orokorren konturako dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa– xedatutakoarekin bat, hargatik eragotzi gabe dagozkion beste ekintza batzuk.
Ondorio horietarako, ez-betetzearen irismena eta itzuli beharreko edo, hala badagokio, jaso beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-printzipioa eta mailakatze-irizpide hauek hartuko dira kontuan: diruz lagundutako jarduketen gauzatze-maila, benetan egindako eta behar bezala justifikatutako gastuaren zenbatekoa, aurreikusitako helburuen betetze-maila eta ez-betetzearen izaera, ez-betetze materialak eta formalak bereizita.
Aipatutako diru-zenbateko horiek zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
23. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
II. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU DAITEZKEEN MERKATARIEN ELKARTEEN, ELKARTE MISTOEN EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE MULTZO EDO ELKARTEEN JARDUKETAK
Baldintza hauek betetzen dituzten jarduketek jaso dezakete dirulaguntza:
– Udalerriko hiri-ekonomia garatzeko planteamenduekin bat datozenak, tokiko merkataritza-jarduera eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak sustatzen dituztenak, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Plan Estrategikoan ezarri diren dinamizatzeko eta sustatzeko jarraibideekin bat datozenak.
– MSPB azterlanean edo horren ordezko edo osagarri den azterlanean jasota daudenak.
– Ez mugatzea ez baldintzatzea txikizkako saltokien parte-hartzea, ez eta jardueretan elkartuta ez dauden merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak ere. Elkartekideen tratamendu bera izango dute ekitaldiaren komunikazioari eta antolaketari dagokienez, eta, beraz, udalerriko merkataritza-jarduerarekin lotutako merkataritza-establezimendu eta zerbitzu guztietarako irisgarriak diren bitartekoak erabiliko dira, edo eragin geografikoko eremu mugagarria duten jarduketen kasuan, aipatutako eragin-eremuan kokatutako establezimendu guztientzat.
Diruz lagundu daitezkeen jarduketak lerro hauetan kokatuko dira, lehentasunez:
1.– Hurbileko merkataritza dinamizatzera bideratutako azterlanak.
Aholkularitza-enpresa espezializatuek beharrizan-azterketak eta programak egitea, merkataritza-jarduketako proposamen zehatzak, jarduteko plan estrategikoak eta establezimendu elkartuen salmenta-puntuko diagnostikoak formulatzeko, erosketa-esperientzia hobetze aldera. Azterlan horiek zehatz-mehatz definituko dituzte gauzatze-epeak, zuzeneko eragina izango dute hurbileko merkataritzaren dinamizazioan, eta merkataritza-zona edo merkataritza-sektore espezifikoetara zuzenduta egongo dira.
Lerro honen gehieneko zenbatekoak, diruz lagundu daitekeen guztizko zenbatekoari dagokionez, ezingo du haren % 20 gainditu, eta, nolanahi ere, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa gehienez 20.000 euro izango da.
2.– Hurbileko merkataritzari laguntzea.
Hurbileko merkataritzari laguntzea, merkataritza-sektorea edo zona batzuk sustatzeko ekintzak eginez, xede espezifiko hauetara bideratuta:
a) Entitate onuradunek sustatuta, azokak, animazio-jarduerak eta antzeko ekitaldiak egitea, merkataritza-zona jakin bat sustatzeko, eremu jakin batean edo jarduera-sektore batean kontsumoa bultzatzeko edo udalerria erosketetarako helmuga gisa ezagutzera emateko. Sustapen-ekitaldien kasuan, hornidura-kontzeptuen gastua ezingo da izan jarduketaren guztizkoaren % 20 baino handiagoa.
b) Sustapen-kanpainak egitea, zuzeneko salmentak bultzatzeko eta kontsumitzaileak fidelizatu eta erakartzeko, saltoki txikien abantailak azpimarratuz.
c) Merkataritzaren arloa eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzuak sustatzea, kontsumitzaileei sariak, opariak eta primak emanez; horretarako, lehiaketak, zozketak edo merkataritza-sustapeneko eta -ordezkaritzako antzeko beste metodo batzuk erabiliko dira, barnean hartuta saltoki-bonuaren berezko kanpainak eta antzeko beste toki-kanpaina batzuk. Kanpoan geratuko dira eskudiruzko sariak.
d) Zona jakin batera merkataritza-fluxuak erakartzea erraztuko duten merkataritzaren zerbitzu osagarriak antolatzea eta sustatzea.
e) Sektore guztiarentzat interesa duten lankidetza-zerbitzuak garatzea eta kontratatzea, eskalako ekonomiak sortzen dituzten proiektuak egiteko, negoziazio onuragarriak lortzeko eta abar.
f) Gizartearen eta ingurumenaren aldetik kontsumo jasangarria bultzatzen duten jarduketak, bai eta kontsumo arduratsua, kontzientea eta hurbilekoa bultzatzen dutenak ere, helburua izanik bertako produktuen aldeko apustua finkatzea.
g) Tokiko merkataritzari buruz sentsibilizatzeko jarduketak, eta ingurumeneko eta kontsumo arduratsuko jardunbide onen balioa azpimarratzen dutenak.
h) Auzoetan lokal hutsek sortzen dituzten arrakalak ezabatzera bideratutako jarduketak; hau da, lokal hutsak dinamizatzeko helburua dutenak.
3.– Digitalizazioa eta teknologien erabilera.
Digitalizatzeko tresnak inplementatzea eta teknologiak erabiltzea merkataritza-zonetan; adibide gisa aipatzen dira hauek:
a) Merkataritzarako aplikazio digitalak ezartzea: soluzio eta gailu digitalak instalatzea (erakusleiho birtualak, sentsoreak, eskanerrak, mikrofonoak); marketineko tresna digitalak aplikatzea (kudeaketako software aurreratua, ordainketa-sistemak eta abar).
b) Big data edo datuen prozesamendua; adibidez, sare sozialetako mezuak, telefono mugikorreko seinaleak, mezu elektronikoak, inkestetako datuak eta abar.
c) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) erabiltzea, gehiago balia daitezen sare sozialak, webguneak eta merkataritzara bideratutako mapa komertzial geoposizionatuak.
d) Onlineko eta formatu txikiko erosketak jasotzeko guneak ezartzea, bai gune fisikoetan, bai etxerako bidalketetan.
e) Proba pilotu teknologikoak ezartzea eskala txikian, sektorearen eta kontsumitzaileen eskariei erantzuteko.
f) Onlineko merkataritza garatzea eskura dauden salmenta-plataformen bidez, eta haien mantentze-lanak egitea.
g) Mugikorrerako aplikazioak garatu eta mantentzea, eta txikizkako saltokien berri ematea aplikazio horien bidez.
h) Dinamizazio-plataformak ezarri eta mantentzea, zeinetan txertatuko baitira udalaren hiri-ekonomiaren ikuspegia eta, besteak beste, aisialdiarekin, ostalaritzarekin, turismoarekin eta kulturarekin dituen sinergiak.
Atal honetako f), g) eta h) apartatuetan aipatzen diren mantentze-lanetarako ekintzen zenbatekoak ezin izango du gainditu dirulaguntzaren xede den zenbateko osoaren % 25, ekintza horiek garatzera eta mantentzera bideratutakoei dagokienez; ehuneko horrek ezin izango du gainditu eskabidean aurkeztutako zenbateko osoaren % 35. Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzako teknikariak arduratuko dira proiektuak baloratzeaz eta haien eraginkortasuna eta egokitasuna neurtzeaz.
4.– Konpetentzia digitalei buruzko prestakuntza.
Konpetentzia digitalak areagotzeko prestakuntza-ibilbideak, saltoki bakoitzaren digitalizazio-mailari egokituak, helburu dutenak udalak tokiko hiri-ekonomia dinamizatzeko egiten dituen jardueretan txikizkako saltokiak sartzea; eta txikizkako saltokietan beharrezkoak diren teknologiak txertatzeko ezinbestekoak diren konpetentzien gaineko prestakuntza, fakturazioaren eta zergen arloetan indarrean dagoen araudia bete dezaten (adibidez, TicketBai sistemarena).
III. ERANSKINA
DIRUZ LAGUNDU EZIN DIREN MERKATARIEN ELKARTEEN, ELKARTE MISTOEN EDO HIRI-MERKATARITZAREN PLATAFORMA, ELKARTE MULTZO EDO ELKARTEEN JARDUKETAK
Jarduketa eta gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
1.– Ongi definitu eta justifikatu gabeko jarduerak, kalitate tekniko nahikorik ez dutenak, ezinezkoa izanik, ondorioz, proposatutako lanen edukia eta irismena balioestea, laguntzen edo jarduketen xedeari dagokionez.
2.– Ordezkaritza- eta protokolo-gastuak.
3.– Entitatearen beraren sustapen-jarduerari dagozkion elementu suntsikorrak eta kontsumitu ezin daitezkeenak, hala nola merkataritza sustatzeko edo kontsumo arduratsu, kontziente eta hurbilekoa bultzatzeko eta bertako produktuen aldeko apustua finkatzeko sustapen-kanpaina edo -ekintza jakin bati zuzenean lotuta ez dauden oinarrizko materialak eta sustapen-opariak.
4.– Merkataritza-jarduketetarako proposamen zehatzik erantsita ez duten azterlanak; onuradunarentzat zuzeneko irismen maila handirik ez dutenak; edo kalitate- edo prezio-irizpideei modu desorekatuan erantzuten dietenak nahitaez erantsi behar diren merkataritza-jarduketetarako proposamen zehatzei dagokienez.
5.– Zenbait jarduketaren ondoriozko gastuak: hornitzailea dirulaguntzaren eskatzaileari lotutako pertsona, enpresa edo entitatea diren kasuak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
6.– Ez dira inola ere finantzatzeko moduko gastutzat hartuko zeharkako zergak, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke. Horrenbestez, zerga-oinarriaren zenbatekoa finantzatzeko moduko gastua izango da, eta onuraduna balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik salbuetsita badago edo zerga horren tributazioari lotuta ez badago, orduan bakarrik, zerga horren zenbatekoa ere gastutzat hartuko da. Bestera esanda, BEZa diruz lagundu daitekeen gastu izango da onuradunak haren zati bat edo kopuru osoa ordaintzen duenean eta ezin duenean berreskuratu, orduan soilik; % 0tik % 100era bitartekoa izan daiteke, jardueraren eta onuradunaren tributazio-araubidearen arabera. BEZa guztiz edo partez ez berreskuratzea salbuespenezko egoera fiskal bat da, eta onuradunak egiaztatu egin beharko du justifikazio-agiriekin batera aurkeztuko duen dokumentazioan, salbuespen-ziurtagiri edo hainbanaketa-ziurtagiri baten bidez. Merkataritza Zuzendaritzak entitate eskatzaileen zerga-egoeraren gaineko informazioa eskuratuko du, ofizioz, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren erroldatik, diruz lagunduko zaien BEZaren ehunekoaren berri izateko.
IV. ERANSKINA
AGINDUAN ONARTZEN DIREN JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAK ETA LOTUTAKO ZERBITZUAK
Txikizkako merkataritza:
641. Fruituen, barazkien, ortuarien eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.
642. Haragi eta haragi-hondakinen, haragi-gai eta haragiki landuen, arrautza, hegazti, abeletxeko untxi, ehizaki, eta horien ekoizkin eratorrien txikizkako merkataritza.
643. Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.
644. Ogi, pastel, gozoki eta antzekoen eta esne eta esnekien txikizkako merkataritza.
645. Ardoen eta mota guztietako edarien txikizkako merkataritza.
646.1. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki orokorretan, berezietan eta barnekoetan egiten denean.
646.2. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki orokorren aldi baterako hedapenetan egiten denean.
646.3. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki osagarrietan egiten denean.
646.4. Tabako-laboreen txikizkako merkataritza, salmenta errekargudunerako baimena duten merkataritza-establezimenduetan egiten denean.
646.6. Era eta forma guztietako tabakoen txikizkako merkataritza, salmentarako estankorik ez dagoen udalerrietan.
646.7. Tabako-laboreen txikizkako merkataritza, baimen bereziak dituzten desgaitu fisikoek egiten dituztenean.
646.8. Erretzaileentzako artikuluen txikizkako merkataritza.
647.1. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, saltzailedun establezimenduetan egiten denean.
647.2. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan, saltzeko gelak 120 m2 baino gutxiagoko azalera duen establezimenduetan egiten denean.
647.3. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan superzerbitzutan, hala hartuta saltzeko gelak 120 eta 399 m2 arteko azalera duen establezimenduetan egiten denean.
651. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.
652.1. Sendagaien eta osasunerako eta higiene pertsonalerako gaien txikizkako merkataritza, farmazia-bulegoetan egiten denean.
652.2. Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste produktu batzuen eta kimikako produktuen txikizkako merkataritza.
652.3. Lurringintzako eta kosmetikako produktuen eta higiene eta garbiketa pertsonalerako gaien txikizkako merkataritza.
652.4. Landareen eta belarren txikizkako merkataritza, belar-dendetan egiten denean.
653. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.
654.2. Lurreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.
654.5. Mota guztietako makineriaren –salbu eta etxeko aparatuak, bulegokoak, medikoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak– txikizkako merkataritza.
654.6. Mota guztietako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden eta aire-ganberen txikizkako merkatarita.
656. Erabilitako ondasunen –altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko tresna arrunten eta antzekoen– txikizkako merkataritza.
657. Musika-tresnen eta horien osagarrien txikizkako merkataritza.
659. Bestelako txikizkako merkataritza.
662. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.
691.1. Etxerako artikulu elektrikoen konponketa.
691.9. Beste inon sailkatu gabeko beste kontsumo-ondasun batzuen konponketa.
Merkataritza-jarduerari lotutako beste zerbitzu batzuk:
971. Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.
972. Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.
973.1. Argazkigintza-zerbitzuak.
973.3. Fotokopiagailuen bitartez agiriak kopiatzeko zerbitzuak.
975. Markogintza-zerbitzuak.
RSS