Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2026ko maiatzaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2268

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 8koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, goi-mailako kirolariak, teknikariak eta epaileak deklaratzeko dena.

Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuak (indarrean dago Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legearen aurka ez doan guztian) 4.2 artikuluan xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailburuak, Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen proposamenez, goi-mailako kirolariaren izaera emango die euren kirol-modalitate eta -diziplinan munduko edo Europako onenen artean daudenei, betiere dekretuan bertan eta haren I. eranskinean ezarritako hautaketa-irizpideekin bat etorriz, eta dekretuaren hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Dekretuaren 6.2 eta 7.2 artikuluen arabera, bestalde, Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailburuak, Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen proposamenez, goi-mailako teknikariaren izaera emango dio dekretuan bertan ezarritakoaren arabera goi-mailako kirolari deklaratu den pertsona baten edo gehiagoren arduradun tekniko nagusiaren eginkizuna betetzen duenari, eta goi-mailako epaileen izaera emango die nazioarteko kirol-lehiaketetan maila horretan aritu, eta kirol-modalitate bakoitzaren nazioarteko federazioaren organoek egindako zerrendetan nazioarteko epaile-aitorpena jaso dutenei.

Goi-mailako kirolari, teknikari eta epaileen deklarazioak lehen aipaturiko dekretuan ezartzen diren ondorioak izango ditu, eta deklarazioaren indarraldia, oro har, lau urtekoa izango da, dekretuan finkatzen den eran.

Aurkeztu diren eskabide guztiak banan-banan aztertu eta baloratu ondoren, Ebaluazio Batzordeak, 2026ko maiatzaren 4an egindako bilkuran, proposamena egin zuen.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Goi Mailako Kirolaren Ebaluazio Batzordearen proposamena ikusita, I. eranskinean aipatzen direnak deklaratzea goi-mailako kirolari, teknikari eta epaile, Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritako ondorioekin. Era berean, ukatzea II. eranskinean agertzen diren eskatzaileen eskaerak, bertan jasotzen diren arrazoietan oinarrituta.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak deklarazioak.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, herritar oro jakitun egon dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 8a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

I. ERANSKINA
GOI-MAILAKO KIROLARI, TEKNIKARI ETA EPAILE DEKLARATU DIRENEN ZERRENDA
(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala