
98. zk., 2026ko maiatzaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (218 KB - 14 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
HEZKUNTZA SAILA
2257
AGINDUA, 2026ko apirilaren 20koa, Hezkuntza sailburuak emana; honen bidez arautzen da ikasturte hasierako esleipen-prozesua, behin betiko destinorik ez duten edo hartan jardungo ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo irakasle lan-kontratudun finkoei dagokienez.
Urtero, hainbat prozesu egiten dira plangintzaren eta langileen inguruan, hezkuntza-komunitate osoan eragin zuzena izaten dutenak, eta horien azken fasea da ikasturte-hasierako esleipena. Hain zuzen, plangintza hasten da ikasleen matrikulaziotik, eta haien datuekin eta antolaketa-irizpideak aplikatuta, hezkuntza-zerbitzu egokia emateko behar diren lanpostuak zehazten dira. Bestetik, plantilletan gorabeherak izaten dira, sisteman altak eta bajak izaten direlako eta destino-aldaketak edo aldi baterako hutsegiteak sortzen direlako.
Oro har, lanpostu gehienek eginkizun horiek betetzen dituzten behin betiko titularrak dituzte. Beste lanpostu batzuek, ordea, ez dute titularrik edo libre egongo dira ikasturte horretan, titularrak ez duelako haietan jardungo. Esleipenean azken lanpostu horiek eskaintzen dira. Prozesu horretan parte hartzen dute irakasleen kidegoetako karrerako funtzionario izanda behin betiko destinorik ez duten irakasleek edo, destinoa izanda ere, hartan jardungo ez dutenek, eta horiez gain, haien lanpostua kendu delako gabe geratu diren langile lan-kontratudun finkoek. Ondorengo fase batean parte hartzen dute irakasleen kidegoetan sartzeko edo iristeko prozeduretako praktikaldia egin behar duten pertsonek eta irakasleen ordezkoak izateko izangaien zerrendako kideek.
Agindu honen helburua da ikasturte-hasierako esleipena nola garatuko den arautzea, karrerako funtzionarioei eta langile lan-kontratudun finkoei dagokienez. Gainerako parte-hartzaileen parte-hartzea beste arau batean zehaztuko da.
Esleipena izangaiak lehiatzen diren prozesu bat da, eta parte hartzen duten pertsona guztiek izan behar dute beren aukerak baliatzeko ahala. Dena den, kalitateko hezkuntza-sistema lortzeko bidean ere lagungarri izan behar du, eta horretarako, lanpostuen esleipenean kontuan izan behar dira ikastetxeen egonkortasuna eta irakasleen trebakuntza.
Oro har, pertsona bakoitzak eskura ditzake prozeduran parte hartzeko dagokion irakasle-kidegoko espezialitateei dagozkien lanpostuak. Baina badago salbuespen bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuei dagokienez: Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetakoak izan arren, eskainiko zaizkie, lehen-lehenik, behin betiko destinoa duten maisu-maistrei, edo behin betiko azken destinoa, ezaugarri horietako lanpostuetan, izan duten maisu-maistrei, lanpostu hori kendu bada. Horrenbestez, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorreko aurreikuspenak jasotzen dira.
Lanpostuak eskuratzeko bidean, arauak lehenesten du espezialitatea izatea baina, kasuren batean eta salbuespen gisa, titulazio akademikoari dagozkion lanpostuak esleitzeko aukera ere ematen du.
Hizkuntza-eskakizunari dagokionez, antolakuntza hobetzearren eta dauden baliabideak optimizatzearren, gomendagarria da lanpostuak banatzea parte-hartzaileek egiaztatu duten hizkuntza-eskakizuna aintzat hartuta. Nolanahi ere, espezialitate jakin batzuen konfigurazioak eta haien ezaugarriek eskatzen dute berezitasun batzuk eranstea, irizpide hori aplikatzearen ondorioak neurrizkoak izan daitezen.
Prozesuak hainbat fase ditu, lehentasun desberdinen arabera definituak, parte hartzeko kolektiboen araberako banaketagatik nahiz espezialitatea izateagatik edo ez izateagatik. Kolektibo bakoitzean, berdinketa hausteko denborak aldatu egiten dira, aukeratutako lanpostua erreferentziako ikastetxean dagoen ala ez kontuan hartuta.
Kolektiboen antolamenduak erabiltzen ditu gai hori arautu ohi duten irizpideak, ukitutako kolektibo guztietan horiek aplikatzen baitira.
Bestalde, adierazi behar da Agindu honek ezartzen duen prozedurak aldaketa ekarriko duela, ukitutako pertsonek orain arte ezagutzen zutenaren aldean; izan ere, aurreko urteetan nahitaezkoa zen bi ikasturtez aritzea erreferentziako ikastetxean eta, horren ondorioz, ikastetxe horretan hutsik zeuden lanpostuen nahitaezko esleipendun suerta zitezkeen, aintzat hartu gabe ondorengo eremuetan egindako borondatezko eskaerak. Agindu honen bidez, lehentasuna emango zaie borondatez egindako lanpostu-eskaerei, eremu bakarra egongo baita, hiru lurraldeak hartzen dituena, eta ukitutako pertsonak bere borondatez aukeratu duen lanpostu-esleipenik ezean, orduan bakarrik, egingo da nahitaezko esleipena, Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
Parte hartzeko eskaera formalizatuko da norberak Hezigunean eskura dezakeen formulario elektronikoa erabiliz. Parte-hartzaile bakoitzak jasoko du aukeran dituen lanpostuen eta bete beharreko zereginen eskaintza pertsonalizatu bat, bere EPE espezialitatearen/espezialitateen, aitortutako espezialitateen eta sarbideko betekizunen arabera, eta bere lehentasunaren arabera ordenatu beharko ditu.
Agindu hau indarrean jartzearen ondorioz, arau hauek indargabetuko dira:
– Agindua, 2012ko ekainaren 6koa; honen bidez, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzeko da, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez (EHAA, 2012-06-19).
– Agindua, 2014ko ekainaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarena, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez, ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzen duen Agindua aldatzen duena (EHAA, 2014-07-08).
– Agindua, 2016ko ekainaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarena, zeinaren bidez bigarrenez aldatzen baita ikasturte hasierako esleipen-prozesua arautzen duen agindua, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo irakasle lan-kontratudun finkoei dagokienez (EHAA, 2016-06-20).
– Agindua, 2022ko ekainaren 15ekoa, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzen duen agindua hirugarrenez aldatzen duena, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez. EHAA (2022-06-24).
Agindu honen abiapuntua da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Erabakiaren 13. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 30eko 252/2025 Dekretuaren bidez onartu zen); hona hemen zer dioen: Ikasturte hasierako esleipena arautzen duen agindua negoziatuko da Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuen artean. Ikasturte bakoitzerako indarrean den agindua aplikatuko zaie behin betiko destinorik ez duten edo hartan jardungo ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo langile lan-kontratudun finkoei. Era berean, agindu horretan zehaztuko dira irakasleen kidegoetan sartzeko edo iristeko prozesuetan praktikaldia egiteko baldintzak.
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzea, langile mota hauei dagokienez: behin betiko destinorik ez duten edo, destinoa izanda ere, prozesuari dagokion ikasturtean destino horretan jardungo ez duten karrerako irakasle funtzionarioei eta irakasle lan-kontratudun finkoei.
2. artikulua.– Prozesua irekitzea eta egutegia.
Agindu honetan araututako prozesuaren deialdia urtero zabalduko da, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpen bidez. Ikasturtea bukatu aurretik plazaratuko da ebazpena, Hezkuntza Sailaren webgunean, eta hartan zehaztuko da prozesuaren egutegia.
3. artikulua.– Lanpostuak.
1.– Prozedura honetan Hezkuntza Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako lanpostuak esleituko dira, esleipenaren unean hutsik daudenak edo horien titularrak nahiz eskubide handiagoko pertsona batek bete ez dituztenak, baldin eta lanpostu horien iraupena, egoera horretan, ikasturte osokoa izango dela aurreikusi bada, eta artikulu honen 6. apartatuan aipatzen den zerrendan agertzen badira.
2.– Prozesuan sartzen diren lanpostuak zehazteari dagokionez, prozesua abian den egunetan, onartu gabe baldin badaude dagokion ikasturterako lanpostu-zerrendak, onartuta dauden azken lanpostu-zerrendak erabiliko dira, ikasturte berrirako matrikulazioaren ondoriozko aldaketekin, eta taldeak eratzeko eta lanpostu-zerrendak egiteko Hezkuntza Sailak urtero onartzen eta argitaratzen dituen irizpideak aplikatuko dira.
Bereziki, hauek hartuko dira kontuan:
a) Espezialitate bat baino gehiago elkartu behar bada lanpostu bat eratzeko, koherentziazko eta curriculum-antzekotasuneko irizpideak aplikatu beharko dira.
b) Zenbait ikasgai barne hartzen dituzten lanpostuak haien ikasgai nagusiaren arabera esleituko dira. Ikasgai nagusitzat joko da ordu-kopuru handiena hartzen duena, salbu eta ikasgaietako bat atzerriko hizkuntza bat den kasuan, orduan, horixe joko baita ikasgai nagusitzat.
3.– Lanpostu ibiltariak eta bereziak esleituko dira ezaugarri horiek ez dauzkaten gainerako lanpostuen modu berean. Horiek jasoko dira agindu honen 17. artikuluan aipatzen diren nahitaezko eskaeren sorreran.
4.– Prozesu honetan lanaldi osoko lanpostuak baino ez dira esleituko.
5.– Zenbait lanpostu ezaugarri bereziko lanpostu gisa kalifikatu ahal izango dira espresuki, beren osaera edo haietan jarduteko berezitasunak kontuan hartuta.
Lanpostu berezi gisa kalifikatutakoak, kontuan hartuko dira soilik borondatezko eskaera gisa eskatzen direnean, eta beraz, ez dira kontuan izango nahitaezko eskaeren garapenean.
Nolanahi ere, ezaugarri bereziko lanpostuen kalifikazioa izango dute Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak ikasturtearen hasierako esleitze-prozesuaren deialdia zabaltzeko urtero ematen duen ebazpenean jasotzen diren espezialitateetan agertzen ez diren lanpostuak, edo ebazpen horretan jaso ez den tipologiaren bateko ikastetxeei dagozkien lanpostuak.
6.– Prozesu honetako lanpostuak aldez aurretik jarriko dira jendaurrean Hezkuntza Sailaren webgunean, zerrenda baten bidez, non jasoko diren haien ezaugarriak eta, kasua bada, ezaugarri bereziko lanpostuaren kalifikazioa ere bai.
Argitaratzeko egunak prozesurako deialdia egiten duen Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpen bidez ezarri eta jakinaraziko dira.
Lanpostuak interesdunei jakinarazteko bestelako modu batzuk ere erabil daitezke.
7.– Lanpostuek, beren egitura kontuan hartuta, gutxienez informazio hau jasoko dute:
a) Irakasle-kidegoaren izena.
b) Irakaskuntza-espezialitateen izena, hala badagokio.
c) Lanpostuaren kodea.
d) Hizkuntza-eskakizuna.
e) Dedikazioaren ehunekoa.
f) Ikastetxearen izena.
g) Udalerriaren izena.
Informazio osagarria argitaratu ahal izango da, baina ez loteslea, eskura badago, eskainitako lanpostuak edo bete beharreko zereginak argitaratzen diren unean, informazioa hobea izan dadin. Informazioa izanez gero, zehaztu beharko da ea lanpostuak edo bete beharreko zereginak tutoretza-lana eskatzen duen edo ikasgela egonkor batean eman behar den.
4. artikulua.– Parte-hartzaileak.
1.– Prozedura honetan parte hartuko dute, nahitaez, Hezkuntza Sailaren mendeko karrerako irakasle funtzionarioek edo langile lan-kontratudun finkoek, egoera hauetako batean baldin badaude:
a) Zerbitzu aktiboan egotea behin betiko destinorik gabe, edo behin betiko destinoa izanda ere, edozein arrazoirengatik, hartan jardun behar ez badu, barne dela ordu aski ez izatea. Apartatu honetan sartuko dira, besteak beste, destinoa esleitzearen zain dauden pertsonak, eta orobat, zerbitzuen prestazioan berriro hasten direnak, ikastetxe publikoetan irakasle, dagokion ikasturte-hasieratik hasita. Salbuespena izango da aldez aurretik zerbitzu-eginkizuna esleitu zaien pertsonen kasua, salbu eta zerbitzu-eginkizun hori esleitu bada ikasturte-hasierako esleipen-prozesuan hutsik geratutako lanpostu batengatik.
b) Zerbitzu aktibora itzultzea eskatu izana, dagokion ikasturte-hasieratik hasita.
2.– Agindu honen 7.2 artikuluan aipatzen diren esleipen-kolektibo bakoitza definitzen duen egoeran dauden pertsonek parte hartu beharko dute haientzat eragina duten fase guztietan. Bestela, hezkuntza-administrazioak ofizioz esleituko die lanpostu bat, dagokien fasean.
3.– Prozesu honetan ez dute parte hartuko espresuki lekualdatutzat deklaratutako pertsonek, baldin eta esleipenari dagokion ikasturterako behar adina ordu badaude haren behin betiko destinoko lanpostuaren espezialitatean eta hizkuntza-eskakizunean, eta lanpostu hori bete beharko dute. Hala ere, ez da kontuan hartuko aurreikuspen hori, baldin eta dauden orduak unean uneko premien ondoriozkoak badira, esaterako, pertsona bat ordeztu behar denean, ikasturte baterako.
4.– Ikasturterako egindako plangintzaren arabera, ikastetxe jakin batean behin betiko destinoa duten langile guztientzat behar adina ordu ez badago, esleipenean zer pertsonak parte hartuko duten zehazteko, lanpostu-zerrendetan aldaketak izateagatik erasandako irakasleak zehazteko prozedura arautzen duten arauak aplikatuko dira.
5. artikulua.– Lanpostuak esleitzeko betekizun orokorrak.
1.– Lanpostu baten esleipendun izatea lortzeko, parte-hartzaileak betekizun orokor hauek bete beharko ditu:
a) Lanpostuari dagokion irakasle-kidegoko kide izatea. Hala ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan Bigarren Hezkuntzako espezialitateetan soilik kokatzen diren lanpostuak esleitu ahal izango zaizkie maisu-maistren Kidegoko kide diren pertsonei, behin betiko destinoa badute, edo izan duten azken behin betiko destinoa, ezaugarri horietako lanpostuetan, kendu bada.
b) Lanpostuari dagokion espezialitatearen titular izatea, edo gaikuntza izatea. Espezialitate batetik baino gehiagotatik eskuratu daitezkeen lanpostuak espezialitate horietako edozein dutenei esleituko zaizkie. Horri dagokionez, «Kultura klasikoa», «Curriculum aniztasuna», «Hizkuntza indartzeko irakasleak», komunikazio-eremuak, Helduen Hezkuntzako ezagutza sozial eta zientifiko-teknologikoa eta Zereginen ikaskuntzarako Ikasgeletako lanpostuak esleitu ahal izango zaizkie esleipena egiteko unean indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen espezialitateetako titularrei.
Maisu-maistren lanpostu-zerrendetako Helduen Hezkuntzako lanpostuak esleituko zaizkie eman beharreko ikasgaiari dagokion espezialitatea edo gaikuntza duten irakasleei. Ondorio horietarako, ulertuko da Helduen Hezkuntzako Hasierako Irakaskuntzak ikasgaia Lehen Hezkuntzari dagokiola.
Aholkulari-lanpostuak borondatez hautatu ahal izango dituzte maisu-maistren Kidegoko pertsonek, aholkulari-espezialitatea emateko kualifikazioa badute, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan irakasleen ordezkapenak egiteko izangaien kudeaketarako araudian jasotakoaren arabera.
Sailaren webgunean argitaratuko da ikasturte-hasierako esleipen-prozesuan beste espezialitate batzuetara iristeko aukera ematen duten EPEko espezialitateen zerrenda.
Oro har xedatutakoa gorabehera, titulazio akademikoak edukitzeak aukera emango du parte-hartzaile bati lanpostu bat derrigortuta esleitzeko, 17. artikuluan ezarritakoaren arabera eta, beraz, nahitaezko eskaerak sortuko dira, titulazio akademikoak izatearen arabera. Titulazio akademikoak izatea ez da kontuan hartuko eskaintza sortzean, 18.1 artikuluak ezartzen duen bezala, aurreko paragrafoan xedatutakoa izan ezik.
Titulu akademiko eta espezialitateen arteko korrespondentzia izango da Antzekotasuna 1 izenarekin Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak ordezkatzeko izangaiak kudeatzeko araudian orokorrean ezarritakoa.
c) Lanpostuak eskatzen duen euskarazko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.
2.– Ikasgai edo espezialitate bat atzerriko hizkuntzan ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, betekizun orokorrak betetzeaz gain, atzerriko hizkuntzan eskolak emateko ezarritako espezialitate- edo titulazio-baldintzak egiaztatu beharko dira.
3.– Atzerriko bi hizkuntza ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, betekizun orokorrak betetzeaz gain, hizkuntzen erreferentziako esparru komun europarraren B2 maila gainditu izana egiaztatu beharko da, gutxienez, ordu kopuru txikiena duen hizkuntzari dagokionez.
6. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunari buruzko xedapen espezifikoak.
Izangaiek egiaztatu badute 2. hizkuntza-eskakizuna (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila), 1. hizkuntza-eskakizunari dagozkion lanpostuak hautatzeko aukera izango dute (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila), baldin eta aukera hori baliatzeak ez badie eragozten lanpostu horietarako sarbidea 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez duten pertsonei. Sarbidea eragozten dela ulertuko da 1. hizkuntza-eskakizuna duen pertsonari ez bazaio plazarik esleitzen.
Hala ere, aurreikuspen hori aplikatzearen ondorioz 2. hizkuntza-eskakizuna duen pertsona lanposturik gabe geratzen bada, oro har ezarritako hurrenkera aplikatuko da.
II. KAPITULUA
ESLEIPEN PROZESUAREN GARAPENA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK
7. artikulua.– Prozesuaren egitura eta esleipenerako kolektiboak.
1.– Ikasturte hasierako esleipen-prozesua, funtsean, hainbat faseren hurrenkera ordenatu bat da, esleipen-kolektiboen arabera definituta, lehentasuna emanez prozesuan parte hartzen duen pertsona bakoitzak egiten dituen lanpostu-eskaerei, eta nahitaezko eskaerak aktibatuz, soilik, borondatez eskatutako lanpostuetako bat bera ere esleitu ez zaionean langileari, edo eskaerarik ez dagoenean.
2.– Parte-hartzaileak esleipenerako kolektibo hauetan bilduko dira:
a) Haien lanpostua eraldatu delako behin betiko destinoa hizkuntza-eskakizuna betetzeko epea gainditu den lanpostu batean duten eta egiaztatu ez duten pertsonak.
b) Esleipen-prozesuaren ikasturterako nahikoa ordu ez duen behin betiko destinoko lanpostua duten pertsonak.
c) Lanpostu-zerrendetan aldaketek erasandako pertsonak zehazteko prozesuetan espresuki lekualdatutzat jo diren pertsonak.
d) Lanpostu-zerrendetan aldaketek erasandako pertsonak zehazteko prozeduretan behin betiko destinoa espresuki kendu zaien pertsonak.
e) Epaia betetzeagatik behin betiko destinoa galdu duten pertsonak.
f) Lanpostu huts bat betetzeko zerbitzu-eginkizun bat eman zaien pertsonak.
g) Destinoaren zain dauden edo behin-behineko destinoa duten beste pertsona batzuk.
8. artikulua.– Erreferentziako ikastetxea.
Parte-hartzaile bakoitzaren erreferentziako ikastetxea da prozedurari dagokion aurreko ikasturteko otsailaren lehen lanegunean eta ekaineko azken lanegunean langile horrek zerbitzua eman zuen ikastetxea, salbuespen hauekin:
1.– a), b), c) eta d) kolektiboak:
Kolektibo horietako pertsonek, aurreko ikasturtean zerbitzua eman bazuten, haien behin betiko destinokoa ez den ikastetxe batean, edo lanpostu kenduaren izaera lortu zuten ikastetxea ez den beste batean, eskatu ahal izango dute erreferentziako zentrotzat hartzea behin betiko destinoa duten ikastetxea, edo lanpostu kenduaren izaera lortu zuten ikastetxea, dagokionaren arabera.
2.– Ikastetxeak aldatzea:
Aurreko ikasturtean fusionatu edo erabat integratu diren ikastetxeetan zerbitzua eman duten pertsonek fusioaren ondoriozko ikastetxe berria, edo zentro hartzailea, integrazioaren kasuan, izango dute erreferentzia.
Ikastetxeak zatitu badira, sortzen diren ikastetxe berri guztietan gordeko dute erreferentzia, eta ikastetxe horietako edozein hartu ahal izango da erreferentziako zentro gisa.
3.– Behin betiko lanposturik gabe eta egoera berezietan dauden pertsonak:
a) IRALEn egon diren pertsonen erreferentziako zentroa programa horretara iristeko abiapuntuko ikastetxea izango da.
b) Eszedentzia hartu, ume adingabea nahiz senitartekoren bat zaintzeagatik, genero-indarkeriagatik edo indarkeria terroristagatik, eta ondoren itzultzen diren pertsonen erreferentzia izango da egoera horren aurretik lanpostua zuten zentroa edo lanpostua gordeta duten zentroa.
c) Zerbitzu berezietatik edo liberazio sindikala nahiz kanpoko eginkizuna amaitu dutelako ikastetxe publikoetan irakasle-lanpostuari dagokion zerbitzua ematera itzultzen diren pertsonek egoera horietara iritsi aurreko ikastetxea izango dute erreferentzia.
4.– Zerbitzu-eginkizunetan ari diren pertsonak:
Esleipen-prozesuan aipatzen den ikasturtean lanpostu huts bat betetzeko zerbitzu-eginkizuna eman zaien pertsonek, ikasturte horren aurreko ikasturtean egoera horretan egon ez badira, ez dute erreferentziako ikastetxerik izango.
Aurreko ikasturtean zerbitzu-eginkizunetan aritu diren pertsonek zerbitzu horiek ematen jardun duten zentroa izango dute erreferentzia.
9. artikulua.– Herria.
Behin-behineko destinoa duten eta kanpoko lanpostuetan jardutetik iristen diren pertsonek lanpostua izango dute behin betiko azken destinoa izan zuten udalerrian; langile horientzat bakarrik izango du garrantzia.
10. artikulua.– Lurralde historikoa.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa eragotzi gabe, parte-hartzaile bakoitzak erreferentziako lurralde historiko batekin parte hartuko du esleipen-prozesuan. Lurralde historiko horretan, hain zuzen ere, esleitu ahal izango die Administrazioak ofizioz plaza bat, borondatez eskatutako plazetako bat esleitu ez bazaie.
Agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako aukera baliatzen ez den bitartean, plazak esleitzeko erreferentziako lurralde historikoa honako arau hauen arabera zehaztuko da:
1.– Arlo horretan parte hartzen duen pertsona bakoitzaren lurralde historikoa haren erreferentziako zentroari dagokiona izango da.
2.– Erreferentziako ikastetxerik ez badute, lurralde historikoa honela zehaztuko da: ikastetxe publikoetan irakaskuntzako lanpostuetan irakasle-lanpostuari dagokion zerbitzua ematera itzultzen diren pertsonek parte hartuko dute arlo horretan zerbitzua emateari utzi aurretik zegokien lurralde historikoan.
11. artikulua.– Erreferentziako ikastetxeari uko egitea.
Parte hartzaileek uko egin ahal izango diote erreferentziako ikastetxeari; horrek ondorioak izango ditu ikastetxe horretako lanpostuak hautatzeko denboretan eta nahitaezko eskaeren sorreran; Agindu honen 14. eta 17. artikuluetan aipatzen dira eskaera horiek. Erreferentziako ikastetxeari uko egiteak ez du berekin ekarriko lurralde historikoa aldatzea.
12. artikulua.– Lurralde historikoa aldatzeko eskaera.
Parte-hartzaileek esleipen-prozesuan parte hartzeko erreferentziako zein lurralde historiko nahi duten aldatu ahal izango dute. Lurralde historikoa aldatzeko, dagokien lurralde historikoari uko egin behar diote, eta horrek ondorioak izango ditu ikastetxe horretako lanpostuak hautatzeko denboretan eta nahitaezko eskaeren sorreran; Agindu honen 14. eta 17. artikuluetan aipatzen dira eskaera horiek.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak zehaztuko ditu eta jakinaraziko ditu eskaera hori egiteko epea eta modua, eta eskaerak ebatziko ditu, espezialitateko lanposturik dagoen ala ez eta eskatutako lurraldean lanean diharduten pertsonak kontuan hartuta.
2. ATALA
ESLEIPEN-FASEAK
13. artikulua.– Esleipen-faseak.
Lanpostuak esleitzeko esparru bakarra Autonomia Erkidegoa izango da, kolektibo parte-hartzaileen arabera eta aukeratutako lanpostuaren arabera aplikatu beharreko zerbitzu-denborak kontuan hartuta, honako fase hauetan.
1.– a) kolektiboa, Autonomia Erkidegoaren eremu bakarrean, borondatezko eskaeretarako, eta erreferentziako zentroaren lurralde historikoan, nahitaezko eskaeretarako.
2.– b) kolektiboa, Autonomia Erkidegoaren eremu bakarrean, borondatezko eskaeretarako, eta erreferentziako zentroaren lurralde historikoan, nahitaezko eskaeretarako.
3.– c) eta d) kolektiboak, batera, Autonomia Erkidegoaren eremu bakarrean, borondatezko eskaeretarako, eta erreferentziako zentroaren lurralde historikoan, nahitaezko eskaeretarako.
4.– e) kolektiboa, Autonomia Erkidegoaren eremu bakarrean, borondatezko eskaeretarako, eta erreferentziako zentroaren lurralde historikoan, nahitaezko eskaeretarako.
5.– f) kolektiboa, Autonomia Erkidegoaren eremu bakarrean, borondatezko eskaeretarako, eta erreferentziako zentroaren lurralde historikoan, nahitaezko eskaeretarako.
6.– g) kolektiboa, Autonomia Erkidegoaren eremu bakarrean, borondatezko eskaeretarako, eta erreferentziako zentroaren lurralde historikoan, nahitaezko eskaeretarako.
3. ATALA
LEHENTASUNA KOLEKTIBO BAKOITZAREN BARRUAN
14. artikulua.– Antolamendua kolektibo bakoitzaren barruan.
Kolektibo bakoitzaren barruko antolamendua lanpostuaren araberakoa izango da.
1.– Erreferentziako ikastetxeko lanpostuak:
Parte-hartzaileak ordenatuko dira, kolektibo bakoitzaren barruan, lehentasuna emanez etenik gabe lortutako antzinatasunari, erreferentziako ikastetxean karrerako funtzionario gisa, salbu eta zentro hori bada haien behin betiko destinoko ikastetxea, edo hartan kendu bazen haien behin betiko azken destinoa. Kasu horretan, lehentasuna emango zaio ikastetxe horretan behin betiko destinoa esleituta lortutako etengabeko antzinatasun handienari, eta horri erantsiko zaio lanpostu kenduaren egoeran zerbitzuan emandako denbora, egoera horretan dauden pertsonen kasuan.
Berdinketa badago, parte hartzen den kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan. Berdinketa hautsi ez bada, parte hartzen den kidegoko karrerako funtzionario izendapena gauzatzeko data izango da kontuan; eta, izendapen horren barruan, hautatze-prozesuan lortutako puntuaziorik handiena.
2.– Erreferentziako ikastetxekoak ez diren lanpostuak:
a) Parte-hartzaileak kolektibo bakoitzaren barnean ordenatuko dira, lehentasuna ezarriz parte hartzen duten kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denboraren arabera.
Berdinketa badago, kontuan hartuko da parte hartzen duten kidegoko irakaskuntza-postuetan emandako zerbitzu-denbora luzeena, eta berdinketa hausten ez bada, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-postu publikoetan emandako zerbitzu-denbora.
b) Kanpoko lanpostuei atxikitako eginkizunetan jardutetik behin-behineko destinoarekin iristen diren pertsonak, 7.2 artikuluko g) apartatuan aipatzen den kolektiboko kideak badira, lehentasuna izango dute, behin betiko azken destinoa izan zuten herrian. Horrela, erreferentziako ikastetxeari ez dagokion herrian lanpostuak aukeratuz gero, lehentasuna izango dute aipatutako kolektibo horren barruan.
Pertsona bat baino gehiago egoera berean eta herri berean egonez gero, lehentasuna izango dute parte hartzen duten kidegoko karrerako funtzionario gisa lortu duten antzinatasunaren arabera.
III. KAPITULUA
BORONDATEZKO ETA NAHITAEZKO ESKAERAK
15. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.
Prozesuan parte hartzea formalizatuko da Hezigunean eskura daitekeen eskabidea beteta. Identifikazioa erabiltzailea eta pasahitza adierazita egingo da, edo Hezigunera sartzeko baimendutako baliabideetako bat erabiliz.
Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuaren bitartez (Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago).
Aplikazioan lehen aldiz sartzean, eskabideari alta emango zaio, eta parte-hartzaile bakoitzak aukera izango du kontsultatzeko bere identitate-datuak eta prozesuan parte-hartzearen datuak.
16. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak ezarriko ditu eskabidea egiteko epeak, deialdia egiteko ebazpenean. Zuzendaritzak erabaki dezake, halaber, prozesuaren fase bakoitzerako eskaera egiteko epeak irekitzea egun horietan bertan, guztiak batera.
17. artikulua.– Nahitaezko eskaerak sortzea.
1.– Borondatezko eskaeren ondoren, ofizioz sortuko dira nahitaezko eskaerak. Horretarako, sistema informatikoak nahitaezko eskaerak sortuko ditu, hurrenkera hau aintzat hartuta:
a) Lehenik, parte-hartzailearen espezialitateko eta hizkuntza-eskakizun egiaztatuko lanpostu guztiak.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
b) Bigarren, parte-hartzailearen espezialitatearekin eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunarekin eskuratu daitezkeen espezialitateetako lanpostu guztiak.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
c) Hirugarren, parte-hartzaileak aitortuta dituen espezialitateetako lanpostu guztiak eta espezialitate horiekin eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunarekin eskuratu daitezkeen espezialitateetakoak.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
d) Laugarren, parte-hartzailearen oposizioko espezialitateko edo espezialitateetako eta parte-hartzaileak egiaztatuta duena baino hizkuntza-eskakizun baxuagoko lanpostu guztiak.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
e) Bosgarren, parte-hartzailearen oposizioko espezialitatearekin edo espezialitateekin eskuratu daitezkeen espezialitateetako lanpostu guztiak, parte-hartzaileak egiaztatuta duena baino hizkuntza-eskakizun baxuagokoak.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
f) Seigarren, parte-hartzaileak aitortuta dituen espezialitateetako, eta espezialitate horiekin eskuratu daitezkeen espezialitateetako lanpostu guztiak, parte-hartzaileak egiaztatuta duena baino hizkuntza-eskakizun baxuagokoak.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
g) Zazpigarren, parte-hartzailearen titulazioarekin eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunarekin eskuratu daitezkeen espezialitateetako lanpostu guztiak, maisu-maistren Kidegoarentzat izan ezik.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
h) Zortzigarren, parte-hartzailearen titulazioarekin eskuratu daitezkeen espezialitateetako lanpostu guztiak, egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna baino baxuagokoak, maisu-maistren Kidegoarentzat izan ezik.
1. Erreferentziako ikastetxean.
2. Erreferentziako lurralde historikoan.
2.– Erreferentziako ikastetxeari uko egin zaion kasuan, apartatu bakoitzaren barneko azpi-apartatuak (1. eta 2.) alderantzizko ordenan jarriko dira.
3.– Fase edo azpi-fase bakoitzean sartutako lanpostuak era honetan ordenatuko dira:
a) lurralde historikoa - barrutia - udala - ikastetxea ordenaren arabera, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak ikasturtearen hasierako esleitze-prozesuaren deialdia zabaltzeko urtero ematen duen ebazpenean ezarritakoa aintzat hartuta.
b) ikastetxe bakoitzaren barruan, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzak ikasturtearen hasierako esleitze-prozesuaren deialdia zabaltzeko urtero ematen duen ebazpenean ezarritako espezialitateen ordenaren arabera.
c) espezialitate bakoitzean, lehenik 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eta ondoren 1. hizkuntza-eskakizunekoak.
d) hizkuntza-eskakizun bakoitzaren barruan, lehenik derrigotasun-data beteak eta ondoren diferituak.
e) derrigorrtasun-data bakoitzean, ez-ibiltariak lehenik esleituko dira eta ondoren ibiltariak.
f) lanpostu ez-bereziak bereziak baino lehen.
g) azkenik, antzeko lanpostuen kasuan, txikienetik handienera zenbakiz ordenatuta joango dira.
18. artikulua.– Lanpostuak eskatzeko era.
1.– Eskabidea bakarra izango da, eta Autonomia Erkidego osoan dauden lanpostuak aukeratu ahal izango dira. Parte-hartzaile bakoitzari aukera ditzakeen lanpostuen eskaintza bat sortuko zaio, zer kidegotik parte hartzen duen, kontuan hartuko dira hango EPEko espezialitatea(-k) eta haiekin eskuratu daitezkeenak, aitortutako espezialitateak eta haiekin eskuratu daitezkeenak, betiere sartzeko betekizunak betetzen baditu; eta eskaera-lerro bakoitzean, aukeratutako lanpostuak adieraziko dira, hurrenkera-zenbakia adierazita.
2.– Eskaeraren zenbakia lerro bakoitzaren hasieran agertzen da, eta hark ezartzen du zer hurrenkeratan hartuko den kontuan lerro horietako bakoitzean aipatzen den lanpostua.
19. artikulua.– Uko egiteko aukera.
Erreferentziako ikastetxeari uko egiteko aukera eskaera elektronikoan bertan egin beharko da, horretarako dauden lauki espezifikoak erabiliz.
Lurralde historikoari dagokion aukera erabiltzeak, 12. artikuluan ezartzen den moduan, erreferentziako ikastetxeari uko egitea dakar. Era berean, esleipen-prozesuari dagokion ikasturtean lanpostu huts bat betetzeko zerbitzu-eginkizuna esleitu zaien pertsonek, ikasturte horren aurreko ikasturtean egoera horretan egon ez badira, ez dute erreferentziako ikastetxerik izango.
20. artikulua.– Eskabidea aldatzea eta ixtea.
1.– Eskabideari alta eman ondoren, irekita egongo da eta edozein unetan alda daiteke, aurkezteko epea zabalik den artean. Sartutako datuak zirriborro-formatuan inprima daitezke.
2.– Eskabidea ixtea pertsonak berak hala erabakita egingo da, eskabideak aurkezteko epearen barruan, edo, bestela, automatikoki, epea amaitzen denean, eta kasu horretan, ordura arte grabatutakoa hartuko da kontuan.
3.– Eskaerak egiteko epea bukatuta, ezin egingo da inolako aldaketarik, eta parte-hartzaile bakoitzak inprimaki bat eskuratu ahal izango du, aukerekin eta erregistratutako eskaerekin.
21. artikulua.– Nahitaezko eskaerak sortzea.
1.– Borondatezko eskaerak egin ondoren, sistema informatikoak osatuko du eskabidea, 17. artikuluan ezarritako ordenaren arabera.
2.– Sorrera horren ondoriozko lanpostuak ordenatuko dira deskribatutako irizpideen arabera, eta guztiak kokatuko dira borondatezko azken eskaeraren ondorengo hurrenkera-zenbaki batean.
22. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: hautapen-prozesuak eta hornikuntza.
– Arduraduna: Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza.
– Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako irakasleen eta irakasle ez direnen estaldura: Enplegu Publikoaren Eskaintzak, Lekualdatze Lehiaketa eta Auto-desplazamendua Hezkuntza Berezian.
– Legitimazioa.
– Tratamendua beharrezkoa da aplikatu beharreko legezko betebeharrak betetzeko.
– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean egindako misio bat betetzeko, tratamenduaren arduradunari esleitu zaizkion botere publikoak egikaritzeko.
– Hartzaileak:
– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.
– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.
– Sindikatuak eta langile-batzordeak.
– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).
– Informazio gehigarria: gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/048000-capa2-eu.shtml
– Araudia:
– Datuak babesteko erregelamendu orokorra: https://eur-lex.europa.eu/legalcontent/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
IV. KAPITULUA
ESLEIPENA, ONDORIOAK ETA IZENDAPENAK
23. artikulua.– Esleipenaren ebazpena.
Prozesua fase guztiak amaitutakoan ebatzi eta erabakiko da, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez, eta jendaurrean jarriko da, Hezigunean eta Hezkuntza Sailaren webgunean.
24. artikulua.– Ondorioak eta izendapenak.
1.– Ezin izango zaio uko egin esleitutako lanpostua betetzeari.
2.– Behin betiko destinoa duten pertsonak zerbitzu-eginkizunetarako izendatuko dira; gainerakoek, berriz, behin-behineko destinoa hartuko dute, beraien egoerari dagokionaren arabera.
3.– Esleitutako lanposturako izendapenak ondorioa izango du ikasturtea hasten den urteko irailaren 1ean, eta hurrengo urteko abuztuaren 31n amaituko da, langile titularra duten lanpostuetan izan ezik, titularra data hori baino lehenago itzultzen den kasuan, orduan, izendapena titularra lanera itzultzeko bezperan amaituko baita.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Irakasle lan-kontratudun finkoak.
1.– Agindu hau aplikatzearen ondorioetarako, irakasle funtzionarioen kidegoak aipatzen direnean, ulertuko da barne direla, kontrakorik aurreikusten ez bada, funtzionarioen kidegoari esleitutako funtzioen baliokideak betetzen dituzten langile lan-kontratudun finkoak ere.
2.– Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan eskolak ematen dituzten irakasle lan-kontratudun finkoen kasuan, lanpostuen zerrenda onartu eta argitaratu ondoren, behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasanak agindu honetan araututako esleipen-prozesuan parte hartuko du, 7.2 artikuluaren d) letran aipatutako pertsona kenduen taldean.
Agindu honetan araututako prozeduran esleitzen zaion lanpostua kokapenekotzat joko da, baldin eta lanpostu-zerrendan aurreikusi bada, titularrik ez badu eta pertsona erasanak espezialitatearen eta euskarazko hizkuntza-eskakizunaren baldintzak betetzen baditu. Lekualdatzearen xede den lanpostua desagertu beharrekotzat joko da.
3.– Beste hezkuntza-maila batzuetan eskolak ematen dituzten irakasle lan-kontratudun finkoen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasana beste ikastetxe batera lekualdatuko da eta beste lanpostu bat esleituko zaio, behin betiko bete dezan.
Lekualdatzea egingo da agindu honetan araututako esleipen-prozesuaren aurretik, eta egoera aztertu ondoren, ahalegina egingo da pertsona erasanari ahalik eta kalte gutxien eragiteko, hutsik dauden lanpostu guztiak kontuan hartuta, betiere lanpostuen zerrendan argitaratu bada, titularrik ez badu eta pertsona erasanak espezialitatearen eta euskarazko hizkuntza-eskakizunaren baldintzak betetzen baditu. Lekualdatzearen xede den lanpostua desagertu beharrekotzat joko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Irakaskuntza Ertainetako Institutu Teknikoetako irakasleen Kidegoa eta «Jarduerak» espezialitateko langileak.
Irakaskuntza Ertainetako Institutu Teknikoetako irakasle-kidegoaren eta «Jarduerak» espezialitateko langileen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasana beste ikastetxe batera lekualdatuko da eta beste lanpostu bat esleituko zaio, behin betiko bete dezan. Lekualdatzea egingo da agindu honetan araututako esleipen-prozesuaren aurretik, eta egoera aztertu ondoren, pertsona erasanari ahalik eta kalte gutxien eragiteko, hutsik dauden lanpostu guztiak kontuan izango dira, lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuta erabili direnak izan ezik, betiere lanpostuen zerrendan argitaratu bada, titularrik ez badu eta pertsona erasanak espezialitatearen eta euskarazko hizkuntza-eskakizunaren baldintzak betetzen baditu. Lekualdatzearen xede den lanpostua desagertu beharrekotzat joko da.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Nahitaezko esleipena beste lurralde historiko batean.
Parte-hartzaileak eskatu dituen lanpostuetako bat esleitzeko aukerarik ez badago, edo aukeratutako partaidetzako lurralde historikoaren barruan lanpostu bat esleitzerik ez badago administrazioak ofizioz esleitu dezan, administrazioak lanpostu bat esleituko dio erasandako pertsonari, hura betetzeko baldintzak dituela aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, eta, inguruabarrak kontuan hartuta, pertsona horri ahalik eta kalte gutxien eragiteko moduan.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Indargabetuta geratzen da 2012ko ekainaren 6ko Agindua; haren bidez arautzen da ikasturte hasierako esleipen-prozesua, behin betiko destinorik ez duten edo hartan jardungo ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo irakasle lan-kontratudun finkoei dagokienez.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 20a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS