Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2026ko maiatzaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2039

AGINDUA, 2026ko apirilaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak onartzeko dena, 2026-2027 ikasturtean Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategiaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

Gaur egungo egoera sozioekonomikoan merkatuen zein ekoizpenaren globalizazioa da ezaugarri nagusia; horregatik, enpresen ekoizpen-ehunak eta, ondorioz, enpresa-ereduak egoera berri horretara egokitu behar dute. Globalizazio-prozesu horrek lehia handia eragiten du; hori dela eta, lehia-posizioak eginkizun garrantzitsua du enpresen etorkizunean. Lehia-posizio hori garapenerako eta enpresa-hazkunderako motorra ere bada, eta lortuko bada, adimen-kapitala zein ezagutzaren kudeaketa eraginkorra behar dira, baita estrategia berritzaileak aplikatzea ere, biak ala biak enpresetan balioa eta lehiatzeko abantaila sortzeko iturri baitira.

Egoera horrek lanbide-profil berri bat eskatzen du; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, taldeko lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.

Lanbide Heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa –eta, ondorioz, enplegurako gaikuntza– hobetzen lan eginez.

Garapen- eta berrikuntza-sistemak aukera berriak sortzera eta enplegu-sorrera laguntzera bideratzea da Lanbide Heziketako ikastetxeen erronka nagusia.

Hartarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak Lanbide Heziketaren eredu berri bat diseinatu eta garatzearen alde egin du. Eredu horren arabera, ikastetxeak adimen estrategikoaren eta ezagutzaren unitate autonomo eta malgu bihurtzen dira, eta gai izango dira etengabeko eboluzioan dagoen gizartearen eta ekoizpen-sektorearen –bereziki industrialaren– beharrak aurreikusteko, eta, baita ere, modu proaktiboan identifikatzeko produktu edo ekoizpen-prozesu berriak sortzeko aukerak, bai eta indarra hartzen ari diren sektoreetako jarduerak ere, euskal ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna zein ikasleen enplegagarritasuna hobetu eta indartzearren.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, LHko Euskal Kontseiluak 2025eko abenduaren 15ean onartutako LH Euskadi 2030 Estrategiaren hedapen eraginkorra bultzatzeko (https://www.euskadi.eus/estrategia-fp/), itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten die, irakasleen bitartez, gaitasunak indartzen dituzten jardueretan eta proiektuetan parte har dezaten, teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzuna emateko. LH Euskadi 2030 Estrategia, Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketa (LH) modernizatzeko tresna gisa, berrikuntzan, nazioartekotzean eta inklusioan oinarritzen da, jasangarritasuna eta eraldaketa digitala bezalako erronkei aurre egiteko. Hori guztia ingurune produktibo, teknologiko eta digital berri baten erronkei erantzuteko. Era berean, Euskadiko LHren rola finkatu du, eraldaketa- eta berrikuntza-eragile bihurtu baitu, funtsezkoa delako pertsonen enplegagarritasuna nahiz Euskadiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, deialdi hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Hezkuntzako sailburuaren 2026ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen Plana, eta Hezkuntza Sailaren www.euskadi.eus webgunean dago argitaratuta.

Horiek horrela, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin, zeinetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubidea jasotzen baita eta, aldi berean, laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteak eta zehapenak zehazten baitira, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdia egitea, 2026-2027 ikasturtean Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategiaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan araututako dirulaguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko apirilaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ARAU-OINARRIAK
I. KAPITULUA
OINARRI OROKORRAK

1. oinarria.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honek xedetzat du itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2026-2027 ikasturtean Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategian estrategikotzat hartutako eremuak ezartzeko jarduera-ildoak, deialdi honen 3. oinarrian eta I. eranskinean zehaztutakoak, gara ditzaten.

2. oinarria.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2026-2027 ikasturtean.

3. oinarria.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera-lerroak eta horien garapena.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte Euskadiko Lanbide Heziketako 2030 Estrategiarako lehentasunezkotzat jotako helburuak lortzera bideratutako jarduerek, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak xede horrekin bultzatutakoek. Ikus I. eranskina.

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ekimenekin bat egingo dute dirulaguntzen eskaera egiten duten itunpeko ikastetxeek, eta bere egingo dituzte ezarritako helburuak, garapen-baldintzak eta plangintza.

3.– Jarduketa-ildoak behar bezala ebaluatu eta garatzearen erantzule, dagokionaren arabera, hauek izango dira: TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa eta iTlent Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua.

4.– Jarduera hauetako bakoitzean hautatutako ikastetxe guztiek irakaste-ordutegirik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea, I. eranskinean adierazitako astegunetan, jarduera hori TKNIKAn edo iTlent-en egin ahal izan dezan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «Eremu estrategikoetako jarduera-ildo» gisa.

4. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa hiru milioi berrehun eta hogeita zortzi mila bederatziehun eta hirurogeita hamabost euro da (3.228.975). I. eranskinean azalduta dago zenbateko hori nola banatuko den deialdiaren xede diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoen artean.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 30. artikuluaren arabera, hauek jo daiteke diruz lagundu daitezkeen gastutzat:

a) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako ordu osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan.

b) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxeak dituen irakasle propioen kontratua luzatzeko kostuak, betiere jarduera horiek garatzen badira diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2025-2026 ikasturtean.

c) Irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakaskuntza) eta hari lotutako bestelako ordu osagarriak garatzeko ikastetxetik liberatutako irakasleen kontratua zabaltzeko kostuak. Diruz lagundutako proiektua egiten duten irakasleek ikastetxeko irakasle izan behar dute 2025-2026 ikasturtean.

2.– Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta entitate eskatzailearen konturako karga sozialak. Era berean, ordu osagarritzat hartuko dira abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan eta horrekin lotutako apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituena) esleitutako helburuak, xedeak eta funtzioak betetzeko ikastetxeak egingo dituen jarduerak (klaustroak, ebaluazio-batzarrak, saileko jarduerak...). Liberatutako irakasleak beren lanaldi osotik liberatzen dira (irakastorduak gehi ordu osagarriak), proiektuan aritzeko.

3.– Jardueran, 726 irakastordu eta 526 ordu osagarri lagunduko dira diruz, gehienez, lanaldi osoko liberazio baterako. Ordezko langileak kontratatzeko diruz lagundu eta egotz daitekeen orduko gehieneko kostua berrogeita bost (45) eurokoa izango da irakasleentzat. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu kopurua lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da.

6. oinarria.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:

a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2026-2027 ikasturtean Lanbide Heziketako itunpeko heziketa-zikloak ematea.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako inolako egoeratan ez egotea ikastetxea.

2.– Baldintza orokorrez gainera, dirulaguntza eskatzen den jarduera bakoitzerako agindu honen I. eranskinean ezarritako berariazko baldintzak ere bete beharko dituzte.

7. oinarria.– Diruz lagundutako proiektuak egiteko epea.

Diruz lagundutako jarduera, hasiera ematen diotenetik 2026-2027 ikasturtea amaitzen den arte garatuko dute, hau da, 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra arteko aldian.

8. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek prozedura honetako izapide guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte.

2.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu behar diren, eskabiderako zer inprimaki erabili behar den, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin behar diren honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0097617

3.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, helbide honetako Nire Karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK ETA DIRULAGUNTZAK EMATEKO PROZEDURA

9. oinarria.– Eskabideak aurkezteko eta zuzentzeko modua, lekua eta epea.

1.– Eskabideak (II. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 8. oinarrian xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den jarduera bakoitzeko.

3.– Dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla administrazio edo ente publiko edo pribaturen batean, eta, hala badagokio, laguntzak jaso direla –horrelakoetan, laguntzaren zenbatekoa eta entitatearen izena adierazi beharko dira–.

b) Ez izatea dirulaguntzak jasotzea galarazten dion zehapen-ebazpen irmorik, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-aldi osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

c) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak izatea eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzea.

d) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 13. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan eta 20/2023 Legean jasotako egoeretako batean ere.

e) Entitate eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta badago, zehaztu egin beharko du zein diren prozedura horiek, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

4.– Eskabidearekin batera, kasuan kasuko jarduerari dagokion inprimakia aurkeztu behar da. III. eranskina.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa eta dokumentazio osagarria aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio, aurrekoa egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.

7.– Eskabide bakoitzean, aurkeztutako jarduera-ildoari buruzko egiaztagiriak baino ez dira balioetsiko. Dokumentazio bera 2 jarduera-ildotan edo gehiagotan egiaztatu nahi izanez gero, eskabide bakoitzean egiaztatu beharko da.

10. oinarria.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.

1.– Deialdiaren xede diren diruz lagun daitekeen jarduera-ildo bakoitza emateko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. Artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, horien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko, I. eranskinean jarduera bakoitzerako aurrez ezarritako balorazio-irizpideen arabera, eta irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenak esleitzeko, dagoen kredituarekin eta eranskin horretan ezarritako mugarekin.

2.– Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko gehieneko ordu-kopurua I. eranskinaren zehaztuta dago, lehenengo taulako bosgarren zutabean.

3.– Baldin eta, jarduera zehatzerako, parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ikastetxeek eskatutako ikastetxe eta partaidetza-orduen kopuruak ez baditu gainditzen aipatutako zutabean jarduera horretarako gehienekotzat finkatutakoak, dirulaguntza guztiei emango zaie, eskabideak baloratzeko irizpiderik aplikatu gabe.

11. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Jarduera bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa I. eranskinean adierazitakoa izango da, eta zenbateko horrek ez du inola ere gaindituko ikastetxeak irakasleak kontratatzeko benetan egindako gastua, 5. Oinarriaren arabera.

12. oinarria.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.

2.– Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da I. eranskinean azaldutako jarduera-ildoetara aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango ditu kide:

a) Presidentea: Inge Gorostiaga Luzarraga andrea, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

b) Bokalak:

– Gorka Baquerizo Modrego jauna, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

– M.ª José Barriola Baraibar andrea, TKNIKA EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko arloko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

– Jose Ramón Gómez Laconcha jauna, iTlent-eko zuzendaria, edo haren ordezkoa.

– Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio-batzordeko kideak ezin izango dira interes-gatazkako egoera batean egon balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

4.– Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, behin-behineko balorazio-txostena egin beharko du, eta bertan zehaztuko du egindako balorazioaren emaitza. Alegazioak egiteko epea amaitzen denean, batzorde horrek, denak ebatzi, eta behin betiko balorazio-txostena egingo du.

13. oinarria.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio aginduaren behin-behineko ebazpena ematea, Balorazio Batzordeak eginiko txostenean jasotakoan oinarrituz (12.4 oinarria).

Behin-behin-behineko ebazpena agindu honen 8. Oinarrian ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egokitzat jotzen dituzten alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuzen ere konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.

2.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte, 20/2023 Legearen 24. Artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Alegazioak eta, hala badagokio, eskabideen birformulazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, non adieraziko baitu dirulaguntza zein eskatzailerentzat edo zein eskatzaile-zerrendarentzat proposatzen den, zenbatekoa, ebaluazioa eta hura egiteko jarraitutako balorazio-irizpideak zehaztuta, bai eta ukatzeko edo ez onartzeko proposamenak ere, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori, instrukzio-organoa den aldetik, Eraldaketa Digitalerako eta Ikaskuntza Aurreratuetarako zuzendariak aurkeztuko dio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hark baitu deialdiko prozedura ebazteko eskumena.

4.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.

5.– Hartzen diren ebazpenek erabakiko dute eskatutako dirulaguntzak eman ala ukatu egingo diren. Emanez gero, datu hauek adierazi beharko dira: pertsona edo entitate onuradunaren izena edo izen soziala zein den, zer ikastetxeri dagokion, zer proiektu finantzatu den eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza ukatzeko arrazoia adieraziko du ebazpenak.

6.– Laguntza emateari buruzko ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

7.– Ebazpen hori argitara emango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios), eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

8.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere, sei hilabete izango dira, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.

14. oinarria.– Justifikazioa.

1.– Dirulaguntzen justifikazioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. Artikuluan eta 20/2023 Legean ezarritakoaren arabera egingo da, eta, zehazki, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2027ko irailaren 3a baino lehen:

a) V. Eranskina: ordezte-prozesua ondo ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren ohar guztiak «oharrak» atalean azalduko dira.

b) Amaierako justifikazio-memoria (VI. Eranskina).

c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa, 5.1.a) oinarrian aurreikusitako kasuan bakarrik.

d) Ordezko irakasleen nominen kopia autentikoak, diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkionak (agindu honen 5.3 oinarrian ezarrita dago estaldura-aldia).

2.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.

III. KAPITULUA
ORDAINKETA, ONURADUNEN BETEBEHARRAK ETA JARRAIPENA

15. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira, zehazki hiru ordainketa eginez, honela:

a) Lehenengo ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 40 ordainduko da, 19.1 oinarrian adierazten den epea bukatutakoan, baldin eta bitarte horretan dirulaguntzari uko egin ez bazaio, eta, betiere, 2026ko urriaren 23a baino lehen IV. eranskina aurkeztu ondoren (liberatutako irakasleen eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria). Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «Eremu estrategikoetako jarduera-ildo» gisa, eskariari dagokion jardueran aritzen diren irakasle titular eta ordezkoen liberazioa.

b) Bigarren ordainketa onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren % 50ekoa izango da, eta 2027ko ekitaldian egingo da, diruz lagundutako jardueraren % 50 garatu ostean, betiere ebaluazioaz eta jarduera behar bezala garatzeaz arduratzen den erakundeak aldeko ebaluazio-txostena egiten badu, dagokionaren arabera, agindu honen 3. oinarriaren 3. zenbakian xedatutakoari jarraikiz, eta ordezko irakasleen gastu-zerrenda 2027ko apirilaren 1ean aurkeztu ondoren (V. eranskina).

c) Hirugarren ordainketan, gainerakoa ordainduko da, hots, gainerako % 10a, diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, egindako gastu guztiak justifikatu eta aurreko oinarriko atal guztiak bete ondoren (14. oinarria).

2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako dagokion datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

16. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.

1.– Emandako laguntzak ezeztatzeko kausa izango da onuradunek agindu honetan ezarritako baldintza eta eskakizunetakoren bat ez betetzea, bai eta laguntzak aurkeztutako proiektuan zehaztutakoaren bestelako xedeetara bideratzea ere. Hori dela eta, dirulaguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko ahalmena izango du Hezkuntza Sailak.

2.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.

3.– Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu horrek ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak.

4.– Liberatutako irakasleek, gutxienez, dena delako jarduerari egotzitako ordu guztien % 70ean parte hartu beharko dute modu aktiboan. % 30 baino gehiagoko ehunekoan ez parte hartzea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren berandutze-interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 70eko parte-hartzea badago baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, jardueran izandako parte-hartze mailaren arabera itzuli beharko dute dirulaguntza.

17. oinarria.– Dirulaguntza aldatzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik aldi berean laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira, edo, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen badira, salbu eta hori betetzea eragotzi duten eta Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzan behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko inguruabarrak gertatzen badira. Ezinbestekotzat joko dira Kode Zibilaren 1.105 artikuluan xedatutakoarekin bat datozen kasuak.

Lege-testu hauetan arautzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

18. oinarria.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

Onuradunak laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat –publikoa edo pribatua– jasoz gero agindu honen bidez finantzatutako proiektua garatu ahala, Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, hasierako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, eta horrek Lanbide Heziketako sailburuordearen aginduaren ebazpena aldaraziko du.

2.– Nolanahi ere, 2026-2027 ikasturtean, deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzak ezin izango dira bateratu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jarduera-ildo bera garatzeko emandako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.

19. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradunek baldintza hauekin bat etorriz eta honako betebehar hauek betez egin beharko dute jarduera:

1.– Eman zaien dirulaguntza onartuko dute. Pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntza eman zaiola adierazten duen jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean berariaz uko egiten ez badio, onartu duela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.

4.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gorde behar dituzte, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari.

7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

8.– Laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, zuzenean edo bere erakunderen baten bidez (TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa edo iTlent Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua), dagokionaren arabera, jarduera bakoitzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten.

9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horien euskarrietan –informatikoetan zein bestelakoetan– adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatu du jarduera hau».

10.– Onuradunek eskatutako jarduera amaitu arte mantendu beharko dute jarduera horretarako liberatutako irakaslea, eskaeran proposatutakoa. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu proiektua amaitu arte jarraitu, ikastetxeak hura ordezteko baimena eskatuko dio Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, haren onespena lortzeko, eta jardueraren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, bai eta aldaketaren arrazoia ere.

11.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. eta 42. artikuluetan ezarritako beste baldintza guztiak bete beharko dituzte.

20. oinarria.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Laguntza eta dirulaguntzak, Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta entitate laguntzaileentzat.

Arduraduna: Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak edo interesdunak identifikatuta. Entitate laguntzaileetarako dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean misio bat egiteko edo tratamenduaren arduradunari aitortzen zaizkion botere publikoak egikaritzeko.

Hartzaileak:

– Europar Batasuneko organoak.

– Estatuko Administrazioko beste organo batzuk.

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Europako Batzordea.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/).

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/039900-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala