
90. zk., 2026ko maiatzaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (139 KB - 3 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
2037
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 24koa, Deskarbonizazio zuzendariarena, zeinaren bidez ukatzen baita Plauri Energy, SL sustatzaileak Otxandio eta Ubide (Bizkaia) eta Legutio (Araba) udal-mugarteetan kokatutako «Kastillo» (20 MW) izeneko parke eolikoaren proiektuaren eta hari lotutako azpiegituren eskatutako aurretiazko administrazio-baimena.
Espediente-zenbakia: 01 GE Y 202200001.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2022ko urtarrilaren 25ean, Plauri Energy, SL merkataritza-sozietateak (IFK: B88263512) aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zituen Kastillo parke eolikoaren proiekturako.
Bigarrena.– 115/2002 Dekretua aplikatuz, lehia-prozedura hasi zen, kasuan kasuko iragarkiak 2021eko maiatzaren 14ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta 2021eko maiatzaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.
Plauri Energy SLk aurkeztutako aurreproiektua Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2022ko maiatzaren 22ko Ebazpenaren bidez hautatu zen, Legutio (Araba) udalerrian Kastillo parke eolikorako administrazio-baimena eskatzeko lehia-prozedura ebatzi zuelarik.
Hirugarrena.– Plauri Energy, SL sustatzaileak irismen-dokumentua eskatu zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin aurretik, eta, beraz, 2022ko abuztuaren 1ean dokumentazioa aurkeztu zitzaion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 8ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera.
2022ko irailaren 1ean, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren ebazpenaren bidez, «Kastillo» parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua formulatu zen Legutioko udal-mugarteari zegokionez (Araba).
Laugarrena.– 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkezteko ezarritako epearen barruan, sustatzaileak dokumentazio hori aurkeztu zuen, eta irismeneko dokumentuan eskatutako hegazti-faunaren urteko zikloaren azterketa osatzeko zegoela adierazi zuen, eta hura osatu ondoren entregatzeko konpromisoa hartu zuen.
Bosgarrena.– Irismeneko dokumentuan eskatzen den hegazti-faunaren urteko zikloaren azterketa egin ondoren, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrera ateratzeko izapidea argitalpen hauen bidez egin zen:
– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 46 zk. 2024ko martxoaren 4koa.
– Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofiziala, 25 zk. 2024ko otsailaren 28koa.
– Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 47 zk. 2024ko martxoaren 5ekoa.
Energia eta meategiei buruzko webgunean ere argitaratu zen; www.euskadi.eus webgunean, alegia.
Seigarrena.– Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera.
Egindako txostenak eta jasotako alegazioak sustatzaileari bidali zitzaizkion, egin beharreko gogoetak egin zitzan.
Zazpigarrena.– 2025eko otsailaren 28an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zitzaion, ingurumen-organo gisa, «Kastillo» izeneko parke eolikoaren proiektuaren eta hari lotutako azpiegituren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko. Horretarako, proiektuaren dokumentazio teknikoa eta ingurumenekoa, eta jendaurrean jartzeko izapideen eta kontsulten emaitza aurkeztu zituen.
Zortzigarrena.– 2026ko otsailaren 9an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpena eman zuen, zeinaren bidez formulatzen baita Legutio (Araba), Ubide eta Otxandio (Bizkaia) udal-mugarteetan Kastillo parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko Plauri Energy, SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Adierazpena aurkakoa izan zen, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2026ko martxoaren 9an, 46. zenbakian.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Deskarbonizazio Zuzendaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, hala xedatzen baita 410/2024 Dekretuaren 20. artikuluan (410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).
Bigarrena.– Espedientea izapidetzean, honako arau hauetan ezarritako izapideak bete dira: 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraio-, banaketa-, merkaturatze- eta hornidura-jarduerak eta baimen-prozedurak arautzen dituena; eta 115/2002 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duena.
Hirugarrena.– 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren edukiak ondorio lotesleak izango ditu proiektuak gauzatzeko neurriei eta baldintzei dagokienez, bai eta aurkako adierazpen baten ondorioz gauzatu ezin izateari dagokionez ere.
Laugarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluak ezartzen duenez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria izango da, eta proiektuek ingurumenean dituzten ondorio esanguratsuak jasoko ditu.
Bosgarrena.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 53. artikuluaren arabera, sortze-instalazioen administrazio-baimena ezin izango da eman titularrak ez badu aldez aurretik eskuratu garraio- edo banaketa-sareetarako sarbide- eta konexio-baimenik.
Proiektuak ez du sarbide- eta konexio-baimenik, eta ez dago jasota Energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren 23. artikuluan ezarritako berme ekonomikoak eratu direnik. Berme horiek organo substantiboari aurkeztu behar zaizkio, garraio-sarera edo, hala badagokio, banaketa-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaera egin aurretik.
Adierazitako oinarri juridikoekin eta aplikatu beharreko gainerako beste oinarriekin bat etorriz, Deskarbonizazioko zuzendariak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Otxandio eta Ubide (Bizkaia) eta Legutio (Araba) udal-mugarteetan «Kastillo» (20 MW) parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko aurretiazko administrazio-baimena ukatzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau eskatzaileari, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei jakinarazteko eta dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratzeko agintzea.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Trantsizio Energetikoko sailburuordeari, hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz, betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 24a.
Deskarbonizazio zuzendaria,
GUILLERMO ALLENDE ARANGUIZ.
RSS