Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2026ko maiatzaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2033

AGINDUA, 2026ko maiatzaren 5ekoa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2026ko Euskadi Literatura-sariak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta haien hedapenari buruzko egitekoak eta jardun-arloak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren bidez, eginkizun horiek Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan.

Euskadi literatura-sariek, modalitate guztietan, aurreko urtean argitaratutako literatura-lanen kalitatea saritzen dute, eta, horrela, literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzen dute.

Sari horiek urtero iragartzen dira, eta aukera ematen dute saritutako lanak zabaltzeko, eta horri esker, egileak berak hobeto ezagutzen dira, bai eta horiek egin dituzten gainerako literatura-lanak ere.

Liburuaren eta literaturaren sektorean lortutako oihartzunari eta garrantziari esker, sari horiek euskal literatura sustatzeko eta zabaltzeko tresnarik egokienetako bat bihurtu dira.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkion eginkizunen artean, literatura-sorkuntza bultzatzen duten jarduerak sustatzea dago. Beraz, bere eginkizunak betetze aldera, Sailak egokitzat jotzen du Euskadi literatura-sariak arautzea eta horien deialdia egitea, modalitate guztietan.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileak onartzea eta Euskadi literatura-sarien 2026ko deialdia egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 5a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

ERANSKINA
SARIEN DEIALDIA ARAUTZEKO OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskadi literatura-sariak arautzea eta deialdia egitea, zazpi modalitatetan:

a) Euskarazko literatura.

b) Gaztelaniazko literatura.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura.

d) Euskarazko literatura-itzulpena.

e) Literatura-lanen ilustrazioa.

f) Euskarazko saiakera.

g) Gaztelaniazko saiakera.

2.– Sarien bidez, bizirik dauden egileen lanak saritu nahi dira, hain zuzen ere, arlo horietan aditu direnen iritziz bikainak diren lanak, aurreikusitako edozein literatura-generotakoak.

2. artikulua.– Sarien izaera.

1.– Euskadi literatura-sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude, modalitate bakoitzean. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek Euskadi literatura-sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatu bana ere jasoko dute.

2.– Horrez gainera, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean. Edizio-kontratua 2027ko abenduaren 31 baino lehen sinatu beharko da.

3.– Lana pertsona batek baino gehiagok egin badu eta edizio-kontratuan besterik adierazten ez bada, ulertuko da lanaren sorkuntzan parte-hartze berdina izan dutela, eta, beraz, sariaren diru-kopurua zati berdinetan banatuko da haien artean. Halakoetan, egileek «Liburu Nabigatzaile» eskulturaren ale bana jasoko dute.

4. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak egitea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio.

3. artikulua.– Hautagaien betekizunak.

1.– Argitaratze-unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek eskuratu ahal izango dituzte Euskadi literatura-sariak. Lan horiek lehen aldiz 2025. urtean argitaratuak izan beharko dute, ISBN (International Standard Book Number) izan behar dute, eta zabalkundea egiteko bete beharreko lege-baldintzak bete beharko dituzte. Liburuaren kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, Liburu eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen 2.a) artikuluko definizioa hartuko da kontuan: «Liburua: liburuki bateko edo gehiagoko argitalpen bateratua osatzen duen lan zientifiko, artistiko, literario edo bestelakoa, inprimatuta edo irakurtzeko moduko beste edozein euskarritan ager daitekeena. Lege honen ondorioetarako, liburu-definizioaren barruan sartzen dira Internet bidez edo etorkizunean ager daitekeen beste euskarri batean argitaratzen edo zabaltzen diren liburu elektronikoak eta liburuak, bai eta liburuarekin batera argitaratzen diren eta izaera bateratua duten material osagarri inprimatuak, bisualak, ikus-entzunezkoak edo soinuzkoak, eta beste edozein argitalpen-adierazpen ere». Lege-gordailuan agertzen den urtea izango da argitaratze urtea. Lanaren zati idatziaren edo grafikoaren egileak pertsona fisiko bat edo bi izango dira.

Euskaraz idatzita ez dauden lanak Espainiako estatuan argitaratutakoak izan beharko dira.

2.– Hala ere, ez dira kontuan hartuko kasuan kasuko modalitatean azken hiru deialdietako batean sari hau jaso duten idazle, itzultzaile edo ilustratzaileen lanak edo epaimahaiek saria jasotzeko proposatu dituztenak, nahiz eta goiko apartatuan zehaztutako baldintzak bete.

3.– Obren betekizunak, modalitate bakoitzerako.

a) Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak eta oso-osorik hizkuntza horretan argitaratuak.

b) Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak eta oso-osorik hizkuntza horretan argitaratuak.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak eta oso-osorik hizkuntza horretan argitaratuak.

d) Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura-lan berriak eta oso-osorik hizkuntza horretan argitaratuak (poesian izan ezik). Saria eskuratzeko aukera izango dute, halaber, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.

e) Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, eleberri grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratuak originala izan behar du, aurretik liburu moduan argitaratu gabea.

f) Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako ez-fikziozko lanak eta oso-osorik hizkuntza horretan argitaratuak.

g) Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako ez-fikziozko lanak eta oso-osorik hizkuntza horretan argitaratuak.

Gainera, gaztelaniazko literatura, literatura-lanaren ilustrazioa eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan, egile guztiek Euskal Autonomia Erkidegoan jaioak izan behar dute edo administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute, agindu hau argitaratzen den unean.

4.– Ezin izango dute sari hauetan parte hartu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, diru- laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zigor administratiboa edo penala ezarrita dutenek, horretarako desgaitzen duen legezko debekua ezarrita dutenek eta martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera sexu-diskriminazioagatik zigortuta daudenek (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).

5.– Zati grafikoa Ilustrazioaren modalitatera aurkeztuz gero eta zati idatzia beste modalitateetako batera aurkeztuz gero soilik parte hartu ahal izango du lan berak sarien bi modalitatetan. Obra bat modalitate batean baino gehiagotan aurkezten bada (Ilustrazioarena ez den beste modalitate batean), lehenik aurkeztutako eskaera bakarrik hartuko da kontuan.

5. artikulua.– Lanak, dokumentazioa aurkeztea eta epea.

1.– Modalitate bakoitzari dagokion epaimahaiko kide bakoitzak sarietarako hautagaitza bat edo bi aurkeztuko ditu. Lana aurkezten duen epaimahaikidearen erantzukizuna izango da lanek argitaratzeko baldintzak betetzen dituztela bermatzea.

2.– Modalitate bakoitzari dagokion epaimahaiko kideek elektronikoki aurkeztuko dituzte hautagaitzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, artikulu honen 3. apartatuan adierazitako web-helbideen bidez.

3.– Hautagaiak nola aurkeztu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en web helbide hauetan eskura daitezke:

Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128158

Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128159

Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128160

Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128161

Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128162

Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128163

Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128164

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez, eta, horretarako, https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean eskuragarri dagoen Eusko Jaurlaritzaren ahalordetzeen erregistroan inskribatu ahal izango da ordezkaritza.

4.– Hautagaiek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Baldin eta sarietan parte hartu ahal izateko beharrezkoa bada hautagaiek betekizunen bat egiaztatzea, eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa administrazio jardulearen esku badago edo beste edozein administraziok egin badu, organo kudeatzaileak automatikokiko egiaztatuko du, hautagaiek baimenik eman beharrik gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua aplikatuz. Interesduna espresuki aurka agertzen bada, berak aurkeztu beharko ditu beharrezkoak diren agiriak.

5.– Epaimahaiek aurkeztutako hautagaitzen egileei posta elektronikoz komunikatuko zaie sarietan parte hartuko dutela; une horretan, administrazioarekin zein komunikazio-kanal erabili nahi duten galdetuko zaie.

6.– Sarirako hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

6. artikulua.– Epaimahaiak.

1.– Modalitate bakoitzerako saria zein lani eman proposatzea eta lanen kalitatea ebaluatzea modalitate bakoitzeko epaimahaiei dagokie. Epaimahai bakoitzak bost kide izango ditu, eta Euskadi literatura-saria emateko proposamena egingo du, modalitate bakoitzerako. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotzen duten informazioa konfidentzialtasunez gorde beharko dute.

2.– Epaimahaia osatzeko orduan, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.7 artikuluan dioena beteko da (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).

3.– Epaimahaikideak, modalitate bakoitzean:

a) Euskarazko literatura:

– Juan Ramon Makuso Mujika.

– Elena Martínez Rubio, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) proposatutako pertsona.

– Alexander Gurrutxaga Muxika, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– Yurre Ugarte Rodríguez.

– Ane Miren Larrinaga Renteria.

b) Gaztelaniazko literatura:

– Garazi Albizua Castelao, aurreko urteko sariaren irabazlea.

– Victoria Gaston Prada, Euskadiko Idazleen Elkarteak (EIE) proposatutako pertsona.

– Juan José Lanz Rivera, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– María José Martínez Gutiérrez.

– Mikel Echevarría Pérez de Arenaza.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura:

– Larraitz Idarreta Garmendia.

– Mireia Delgado Expósito, Galtzagorri elkarteak proposatutako pertsona.

– Karla Fernández de Ganboa Vázquez, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– Rubén Ruiz Pérez.

– Garbiñe Ustarroz Esnal.

d) Euskarazko literatura-itzulpena:

– Koldo Biguri Otxoa de Eribe, aurreko urteko sariaren irabazlea.

– Zuriñe Sanz Villar, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) proposatutako pertsona.

– Nora Aranberri Monasterio, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– Iker Sancho Insausti.

– Paskual Rekalde Irigoien.

e) Literatura-lanen ilustrazioa:

– Maite Rosende Gutiérrez, aurreko urteko sariaren irabazlea.

– Unai González Martínez, Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak (APIE) proposatutako pertsona.

– María Altuna Lizarraga, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– Arrate Rodríguez Martín.

– Sandra Garayoa Cotera.

f) Euskarazko saiakera:

– Samara Velte Morán.

– Udane Goikoetxea Bilbao, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– Ainhoa Urzelai Vicente, Mondragon Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– Ainhoa Novo Arbona.

– Aitor Zuberogoitia Espilla.

g) Gaztelaniazko saiakera:

– Itxaso del Castillo Aiara, aurreko urteko sariaren irabazlea.

– Miren Llona González, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– María Pilar Rodríguez Pérez, Deustuko Unibertsitateak proposatutako pertsona.

– Xabier Aierdi Urraza.

– Mikel Reparaz Extramiana.

4.– Epaimahaietako idazkari-lanetan Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaritzako teknikari bat arituko da, epaimahaikide izango ez dena. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez. Aurreko urteko sariaren irabazlea epaimahaian baldin badago, bera izango da epaimahaiburua; ez badago, berriz, epaimahaikiderik zaharrena.

7. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Modalitate bakoitzean, epaimahaikideek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:

a) Euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko haur eta gazte literatura modalitateetan:

– Lanen kalitate literarioa. Gehienez: % 40.

– Originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Literatura-hizkeraren egokitasuna. Gehienez: % 30.

b) Euskarazko literatura itzulpenaren modalitatean:

– Erregistroaren egokitasuna. Gehienez: % 40.

– Jatorrizkoaren espiritua bereganatzea. Gehienez: % 30.

– Balio eta hizkuntza literarioen erantzuna. Gehienez: % 30.

c) Literatura-lanaren ilustrazioaren modalitatean:

– Ilustrazioen kalitatea. Gehienez: % 40.

– Originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Hizkuntza grafikoaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

d) Euskarazko saiakeraren eta gaztelaniazko saiakeraren modalitateetan:

– Lanen kalitatea. Gehienez: % 40.

– Sormena eta landutako gaiaren originaltasuna. Gehienez: % 30.

– Erabilitako hizkuntzaren egokitasuna. Gehienez: % 30.

8. artikulua.– Sariari buruzko erabakia.

1.– Epaimahai bakoitzak proposamen arrazoitu bat egingo du, bere modalitatean saria emateko. Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira, eta, berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, bai eta epaia funtsatzen duen irizpen arrazoitua ere.

2.– Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak dagokion agindua emango du, Euskadi saria merezi duen lana izendatzeko, modalitate bakoitzean. Agindu hori saridun bakoitzari jakinaraziko zaio, sei hilabeteko epean, agindu hau buletinean argitaratzen denetik hasita.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, iragarki bakarrean, modalitate bakoitzean saritutako pertsonen eta lanen zerrenda bat argitaratuko da, ezertan eragotzi gabe Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hedabideetan zabalkunde-ekintzak egitea.

4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz lan bakar batek ere beharrezko kalitate-baldintzak betetzen ez baditu.

9. artikulua.– Sariaren ordainketa.

1.– Saria emateko agindua eman eta gehienez hiru hilabeteko epean ordainduko da saria, ordainketa bakarrean, behin saridunek saria onartu ondoren. Horretarako, aginduaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hamar eguneko epean saridunek sariari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, saria onartu dutela ulertuko da.

2.– Ondoren, sari-banaketa egingo da, berariaz antolaturiko ekitaldi publiko batean.

3.– Saritutako lanaren egileari (itzulpenaren modalitatean izan ezik) bere lana jatorrizko hizkuntza ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua formalizatzeko eman beharreko diru-kopurua hurrengo ekitaldian emango da, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzak kontratua sinatu dela egiaztatu ondoren. Horretarako, kontratuaren kopia bidali beharko da, 2027ko abenduaren 15a baino lehen.

4.– Bestalde, saritutako lanaren egileak berak aukeratutako hizkuntzara itzulitako eta argitaratutako lan horren bi ale bidali beharko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzara, 2028ko abenduaren 15a baino lehen, eta lana editatu eta, gehienez ere, hilabeteko epean.

10. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza.

– Helburua: sarien kudeaketa.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea).

– Hartzaileak: gai honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu ahal izango duzu webgune hauetan:

– Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/rgpd/0128158

– Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/rgpd/0128159

– Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/rgpd/0128160

– Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/rgpd/0128161

– Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/rgpd/0128162

– Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/rgpd/0128163

– Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/rgpd/0128164


Azterketa dokumentala