Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2026ko maiatzaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1989

67/2026 DEKRETUA, apirilaren 29koa, Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu eta antolaketa-araubideari buruzkoa.

Turismoa Euskadiko ekonomiaren funtsezko zutabea da, enplegua eta aberastasuna sortzen dituena. Gobernantza ireki eta parte-hartzailearen esparruan, funtsezkoa da zenbait mekanismo artikulatzea, turismo-sektoreko eragileak politika publikoen jarraipenean benetan sar daitezen; izan ere, turismoa esparru dinamikoa da, etengabe eboluzionatzen ari dena.

Horretaz jabetuta, eta Administrazio publiko autonomikoaren eta turismoaren sektoreko eragileen arteko lankidetzaren garrantzia aitortzeko tradizioarekin bat etorriz, turismoaren arloan parte hartzeko eta kontsultak egiteko mekanismo batzuk sortu dira. Dagoeneko indargabetuta dagoen 1994ko martxoaren 6/1994 Legeak, Turismoa Antolatzekoak, Legearen xedeak eta helburuak bermatzeko behar ziren neurri guztiak hartzea aurreikusten zuen, sektoreko eragileekin lankidetzan.

Euskadi turismo-arloko erreferentziazko helmuga gisa finkatzeko, sektoreko eragileekin koordinazioa eta elkarlana indartu beharra zegoen, turismo-politika eraginkor eta efizientea diseinatu eta gauzatuko zela ziurtatzeko, eta, hain zuzen, horregatik sortu zen egungo Euskadiko Turismo Mahaia, urtarrilaren 27ko 5/2015 Dekretuaren bidez.

Ondoren, apirilaren 2ko 59/2019 Dekretuaren bidez, Euskadiko Turismo Mahaia sortzeko dekretua aldatu zen, eta mahaian sartu ziren sindikatuak, turismoaren sektoreak gero eta garrantzi ekonomiko handiagoa hartu duela kontuan hartuta.

Hala ere, badira zenbait zirkunstantzia erregulazio berri bat eskatzen dutenak, batez ere Euskadiko Turismo Mahaiaren osaerari eta funtzionamenduari dagokienez. Baina horrek ez du esan nahi Mahaia desagertu behar denik, aldaketa Turismoari buruzko 2016ko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 6. artikuluaren premisapean egingo baita, zeinak Mahaia turismo-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aholku-organo gisa eratzen baitu, eta 3. apartatuan honela baitio: «Erregelamenduz zehaztuko da zeintzuk diren Euskadiko Turismo Mahaiaren antolamendua, funtzioak, osaera eta funtzionamendua.».

Alde batetik, arau berriak onartu direnez gero –hala nola 2024ko martxoaren 5eko 26/2024 Dekretua, Turismo-gidarien Euskadiko Jarduerarena–, beharrezkoa da Mahaiko bokalak berregituratzea. Bestetik, komenigarria da orain arte kontuan hartu ez diren gaiak sartzea, hala nola ordezkapenak, agintaldiaren iraupena, kideen eskubideak eta betebeharrak, eta Batzorde Iraunkor bat sortzea; horiek guztiak antolaketa-kontuak dira, Turismo Mahaiaren funtzionamendua askoz operatiboagoa eta argiagoa izatea ahalbidetuko dutenak.

Dekretu honek 15 artikulu ditu, bost kapitulutan multzokatuta, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat, eta bi azken xedapen.

I. kapituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu, xedeari eta izaerari buruzkoak, turismo-arloko aholkularitza- eta partaidetza-organo kolegiatu gisa definitzen duenari buruz, eta, orobat, Euskadiko Turismo Mahaiaren funtzionamendu-araubidea arautzen du, zeinak Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bidez jardun ahal izango duen, edo eratzen diren lan-batzordeen bidez.

II. kapituluak, berriz, Osoko Bilkuraren osaera eta funtzionamendua arautzen ditu: osaera handitu, ordezkaritza handieneko kontzeptua eta irizpideak sartu, izendapen-mekanismoa eta ordezkapena ezarri, eginkizunak berrantolatu eta, lehen aldiz, kideen agintaldia eta presidentearen eginkizunak jasotzen ditu.

III. kapituluak berrikuntza garrantzitsu bat dakar: Batzorde Iraunkorra, orain arte jasotzen ez zena.

IV. kapituluak lan-batzordeak ezartzeko aukera jasotzen du, eta haien osaera arautzen du.

Azkenik, V. kapituluak Euskadiko Turismo Mahaiko kideen eskubideak eta betebeharrak biltzen ditu.

Dekretu honek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan ezartzen diren erregulazio onaren printzipioak gordetzen ditu, batez ere premia eta efikaziari buruzkoak, erregulazio zehatzagoa ezartzen baitu Euskadiko Turismo Mahaiaren gainean.

Proportzionaltasun-printzipioa betetzen du, Euskadiko turismo-politikan berdintasun- eta gardentasun-irizpideekin esku hartzeko arau zehatzak ezartzeko ezinbesteko neurriak jasotzen baititu, eta eskubideak gutxiago murrizten dituen beste neurririk ez baitago.

Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, Legea koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin, haren bidez arlo horretan aplikatu beharreko xedapen zehatzak ezartzen baitira.

Gardentasun-printzipioari dagokionez, aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen kontsulta-, partaidetza- eta entzunaldi-izapide guztiak bete dira.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2026ko apirilaren 29an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Dekretu honen xedea da Euskadiko Turismo Mahaiaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, Turismoaren 2016ko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 6. artikuluan edo hura ordezten duen arauan ezarritakoaren arabera.

2.– Euskadiko Turismo Mahaia turismo-arloko eskumena duen sailaren turismo-arloko aholkularitza- eta partaidetza-organo kolegiatua da, organikoki sail horri atxikia, baina haren egitura hierarkikoan sartu gabe.

2. artikulua.– Egitura.

1.– Euskadiko Turismo Mahaiaren egituran honako organoak daude:

a) Osoko Bilkura.

b) Batzorde Iraunkorra.

c) Lan-batzordeak.

2.– Haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-araubidea ondoko artikuluetan zehaztu dira.

II. KAPITULUA
OSOKO BILKURA

3. artikulua.– Osoko Bilkuraren osaera eta kideak hautatzeko araubidea.

1.– Euskadiko Turismo Mahaiaren Osoko Bilkura, mahai horren organo gorena, honako hauek osatzen dute:

a) Presidentea, zeina izango baita turismo-alorraren eskumena duen sailburuordetzaren pertsona titularra.

b) Presidenteordea; turismo-alorreko eskumena duen zuzendaritzaren titularra izango da, eta presidentea ordezkatuko du kargua hutsik badago, presidentea kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada.

c) Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria.

d) Foru-aldundien ordezkari bana.

e) Hiru lurralde historikoetako hiriburu bakoitzeko ordezkari bat.

f) EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.

g) Euskadin dauden merkataritza, industria, zerbitzu eta, hala badagokio, nabigazioko ganberetako ordezkari bat, Eusko Ganberen Konferentzia Iraunkorraren presidentea den merkataritza-ganberak izendatua.

h) Turismoari lotutako ikaskuntza ofizialak ematen dituzten zentroetako ordezkari bat, hezkuntza-arloan eskuduna den sailak izendatua.

i) Bederatzi ordezkari, turismo-sektore hauetan ordezkaritza handiena duten elkarteenak:

1.– Kontsumitzaile-elkarteak ordezkatzen dituen bokal bat.

2.– Bitartekaritzako turismo-enpresak ordezkatzen dituen bokal bat.

3.– Turismo-gidarien elkarteak ordezkatzen dituen bokal bat.

4.– Turismo aktiboko elkarteen ordezkari bat.

5.– Kongresuak antolatzen dituzten enpresa-elkarteen ordezkari bat.

6.– Lau bokal, ostatu hauetako elkarteetako ordezkari:

I.– Hotel-establezimenduak.

II.– Kanpinak.

III.– Apartamentu turistikoak eta erabilera turistikoko etxebizitzak.

IV.– Nekazaritza-turismoko establezimenduak eta landetxeak.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen ordezkaritza-elkarteen ordezkari bat edo haiek eratutako autonomia-eremuko federazio eta konfederazioen ordezkari bat, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2023 Legearen 63. artikuluan edo hura ordezten edo garatzen duen arauan ezarritakoaren arabera.

k) Ordezkaritzarik handiena duten sindikatuen ordezkari bana, baina gehienez ere lau.

Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaritzako kideek, beren karguagatik bokal-kargua betetzen badute, ez dute izendapenik beharko.

2.– Euskadiko Turismo Mahaian parte hartu ahal izango dute turismo-sektoreko elkarte adierazgarrienek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratuta egotea, elkarteen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera.

b) Helburuak eta jarduerak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzea.

c) Beren sektore-eremuan ibilbide aitortua dutela eta jarduera-programak egin dituztela egiaztatzea.

3.– Aurreko baldintzak betetzen dituzten elkarteen artean, adierazgarrienak izango dira enpresa edo jarduera turistiko edo turismo-intereseko enpresa gehien egiaztatzen dituztenak.

4.– Turismo-sektoreko enpresak biltzen dituzten elkarteek eta kontsumitzaileen elkarteek egiaztatu egin beharko dute ordezkaritza handiena dutela. Horretarako, modu frogagarrian justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko diote turismo-arloan eskumena duen sailari, artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarritako irizpideen arabera.

5.– Zenbait elkartek i) apartatuan jasotako turismo-enpresen ordezkaritza handiena badute, edo j) apartatuan jasotako kontsumitzaileen elkarteen ordezkaritza handiena badute, orduan haien arteko akordioaren bidez izendatuko da bokala. Adostasunik ez badago, bokala urtero txandakatuko da, presidenteak ezarritako hurrenkeran.

6.– Turismo-azpisektore desberdinetako enpresak biltzen dituzten elkarteek Euskadiko Turismo Mahaiko bokal bakarra izateko ahalmena izango dute. Elkarte berak ezin izango du inola ere kide bat baino gehiago izan edo izendatu beste azpisektore baten ordezkari gisa.

Azpisektore bat baino gehiago ordezkatzen dituzten elkarteek azpisektore horietako batzordekidea aukeratzen parte hartu ahal izango dute, baldin eta kide horiek elkartearen barruan ordezkaritza esanguratsua badute eta gutxiengoa ez badira.

7.– Turismoaren arloan eskumena duen sailari dagokio organoaren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Horretarako, eta erakunde izendatzaileen autonomia alde batera utzi gabe, sailak honako hauek egin ahal izango ditu:

a) Sexu desberdineko pertsonak izendatzea bokal eta ordezko; eta

b) proposamen guztiak jaso ondoren ordezkaritza orekatua lortzen ez bada, eragindako erakundeei eskatzea beren proposamena ordezkaritza txikiagoa duen sexuaren alternatiba batekin ordezteko, edo, hala badagokio, ordezkoen sexua egokitzea oreka hori berrezartzeko.

8.– Euskadiko Turismo Mahaian ordezkatuta dauden erakundeek ordezko bat izendatuko dute titularra ez dagoenerako.

9.– Kasuan kasuko administrazioek edo entitateek proposatuko dute beren bokal ordezkariak nor izango diren; Euskadiko Turismo Mahaiko presidenteari jakinaraziko diote proposamena, eta presidenteak izendatuko ditu.

10.– Ez da ordainsaririk edo ordainik jasoko Euskadiko Turismo Mahaira joateagatik.

4. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Osoko Bilkuraren eginkizunak dira:

a) Turismo-politikak definitzen laguntzea, bai eta jarduera-ildo berriak programatzen ere, turismo-sektorearen lehiakortasuna indartzeko, modernizatzeko eta hobetzeko.

b) Turismo-arloko arau-proiektu berriak ezagutzea.

c) Turismo-kudeaketako sistema eta haren ondoriozko prozesuak eta proiektuak ezartzen eta garatzen laguntzea; besteak beste, kalitateari eta irisgarritasunari buruzkoak.

d) Turismo-jarduerari buruzko datuak eta estatistikak ezagutzea.

e) Turismo-sektorea hobetzen eta garatzen lagundu dezaketen iradokizunak, jarduketak eta proiektuak proposatzea.

f) Informazioa jasotzea sektore turistikoan eragina duten jarduketa eta programa guztiei buruz, bai eta sektore turistikoarentzat garrantzitsuak diren gaiei buruz ere.

g) Administrazio eskudunek edo sektoreko eragileek sustatutako ekimenak, proiektuak eta planak partekatzea.

h) Turismo-plangintza ezagutzea.

i) Kudeaketaren eta jardueren urteko memoria ezagutzea, eta egokitzat jotzen dituzten oharrak egitea.

j) Barne-araudi bat onartu ahal izatea, dekretu honetan aurreikusi gabeko funtzionamendu-alderdiak garatu eta osatzeko.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako eginkizunak alde batera utzi gabe, Euskadiko Turismo Mahaiaren Osoko Bilkurak honako gai hauek aztertu ahal izango ditu:

a) Turismo-planen eta -jarduketen jarraipena egitea.

b) Turismo-alorreko eskumena duen sailaren aurrekontuaren informazioa ematea.

c) Lan-batzordeek aurkeztutako proposamenak, txostenak eta azterlanak aztertzea eta, hala badagokio, onartzea.

d) Presidenteak interesgarritzat jotzen dituenak.

5. artikulua.– Agintaldia.

1.– Presidenteak eta presidenteordeak kondizio horri eutsiko diote izendatu zirenean zuten kargua betetzen duten bitartean.

2.– Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria izango da batzordekidea, kargu hori betetzen duen bitartean.

3.– Foru- eta toki-administrazio publikoen ordezkari gisa izendatutako Euskadiko Turismo Mahaiko kideek izaera horri eutsiko diote izendapena eragin zuen kargua betetzen duten bitartean eta kargua errebokatzen ez den bitartean.

4.– Euskadiko Turismo Mahaiko gainerako kideen agintaldia lau urtekoa izango da, eta beste lau urterako berritu ahal izango da.

5.– Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro ondoren, eta presidenteak aldez aurretik eskatuta, Euskadiko Turismo Mahaia osatzen duten instituzio, antolakunde eta entitateek gehienez ere bi hilabeteko epean izendatu beharko dituzte kide titularrak eta ordezkoak.

6.– Bigarren apartatuan adierazitakoa eragotzi gabe, bokalek kargua utziko dute baldin eta uko egiten badiote, dimisioa ematen badute, beren entitateak edo elkarteak errebokatzen edo ordezten baditu, ezinduta geratzen badira, hiltzen badira, dolozko delituagatik epai irmo bidez kondenatzen badituzte, desgaitzeko arrazoiren bat gertatzen bada.

Kasu horietan, presidentearen titularrak beste izendapen bat egin dezala eskatuko dute ordezkatutako organo, organismo eta instituzioek, aldez aurretik jakinarazita.

7.– Aurreko 4. apartatuan azaldutako kasuetan, izendatutako bokal berriak bokal ordezkatuari geratzen zitzaion denbora egingo du karguan, harik eta lau urteko epea bete arte.

6. artikulua.– Osoko Bilkuraren funtzionamendu-araubidea.

1.– Osoko Bilkura urtean bitan bilduko da gutxienez ohiko bilkurak egiteko, presidenteak deialdia egin ondoren. Dena den, presidenteak, bere ekimenez ere bilkura berezietarako deialdia egin ahal izango du, edo bokalen bi herenek, gutxienez, eskatzen dutenean, behar hori justifikatuta.

Euskadiko Turismo Mahaiaren Osoko Bilkura eratutzat joko da presidentea eta idazkaria –edo haien ordezkoak– eta Euskadiko Turismo Mahaiko kideen erdiak, gutxienez, bertan daudenean.

Quorumik ez badago, Osoko Bilkura bigarren deialdian eratuko da, lehenengo deialdirako jarritakoa baino ordu erdi bat geroago, betiere kideen herena, gutxienez, presente badaude eta haien artean presidentea eta idazkaria badaude.

2.– Deialdia bitarteko elektronikoen bidez bidaliko die idazkariak Osoko Bilkurako kide guztiei, presidenteak aginduta, 7 egun lehenago. Deialdiarekin batera, gai-zerrenda eta dagokion dokumentazioa aurkeztuko ditu.

3.– Euskadiko Turismo Mahaiak egiten duen bilkura bakoitzaren akta egingo du idazkariak. Akta horretan jasoko dira: bertaratutakoak, gai-zerrenda, bilera egindako eguna eta lekua, eta eztabaiden puntu nagusiak.

4.– Idazkariak egingo du akta, batzordeburuaren oniritziarekin, eta bitarteko elektronikoen bidez bidaliko die Euskadiko Turismo Mahaian bokala duten erakundeei, haietako bakoitzak izendatutako ordezkariari zuzendutako komunikazio baten bidez. Ordezkari horiek bitarteko berberak erabiliz adierazi ahal izango dute ados daudela edo eragozpenak dituztela akta onartzeko, eta, ados badaude, bilkuran bertan onartutzat joko da akta.

Bilkura bakoitzaren akta bileran bertan edo hurrengoan onartu ahal izango da, eta kargu horiek betetzen dituztenek elektronikoki sinatuko dute.

5.– Turismo Mahaia modu presentzialean zein urrutitik eratu ahal izango da, eta bi modu horietan egin ahal izango dira bilkurak. Urrutiko saioak bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango dira, baldin eta aukera ematen badute kideen identitatea, interaktibitatea eta komunikazioa denbora errealean ziurtatzeko, bai eta saio osoan zehar bitartekoak erabilgarri egongo direla ziurtatzeko ere.

7. artikulua.– Adituek parte hartzea.

Presidenteak egokitzat jotzen dituen adituak edo teknikariak gonbidatu ahal izango ditu Osoko Bilkuraren bileretan parte hartzera, kasuan-kasuan aztertzen diren gai-zerrendako gaien arabera.

8. artikulua.– Presidentearen eginkizunak.

Hauek dira Euskadiko Turismo Mahaiaren presidentearen eginkizunak:

1.– Turismo Mahaiaren ordezkaria izatea.

2.– Ohiko bilkuren eta bilkura berezien deialdia erabakitzea, gai-zerrenda finkatzea eta eztabaida gidatzea.

3.– Bilkuretako buru izatea eta bileren aktak ikus-onestea.

4.– Bokalak izendatzea, haien entitateek edo antolakundeek proposatuta, eta idazkariak izendatzea ere bai.

5.– Presidentetzak berezkoak dituen gainerako eginkizunak betetzea.

9. artikulua.– Osoko Bilkuraren idazkaria.

Euskadiko Turismo Mahaiaren presidenteak titular bat eta ordezko bat izendatuko ditu turismo-arloaren eskumena duen saileko funtzionarioen artean, osoko bilkurako idazkaria izan dadin.

III. KAPITULUA
BATZORDE IRAUNKORRA

10. artikulua.– Kideak.

1.– Euskadiko Turismo Mahaiko presidentea izango da Batzorde Iraunkorreko burua, eta presidenteordeak ordezkatu ahal izango du, kargua hutsik geratzen bada, presidentea kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada.

2.– Batzorde Iraunkorra Mahaiaren Osoko Bilkurak bere kideen artean izendatzen dituen kideek osatuko dute, honela banatuta:

a) Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria edo erakunde horrek izendatzen duen kidea.

b) Foru-aldundietako ordezkari izendatutakoen artetik kide bat.

c) Lurralde historikoetako hiriburuen ordezkari izendatutakoen artetik kide bat.

d) Hiru kide, turismo-sektoreetan ordezkaritza handiena duten turismo-arloko elkarteen ordezkari gisa izendatutako pertsonen artetik.

e) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen ordezkari gisa izendatutako pertsonen artetik kide bat.

f) Ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkari izendatutakoen artetik kide bat.

3.– Batzorde Iraunkorreko idazkaria Turismo Mahaiko idazkaria izango da.

11. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

1.– Lan-batzordeen lana koordinatzea eta gainbegiratzea.

2.– Turismo Mahaiaren eginkizunak betetzen direla zaintzea.

3.– Turismo-politikaren arloan sektoreak egiten dituen proposamenak jasotzea, Osoko Bilkuran aurkezteko.

4.– Autonomia Erkidegoko turismo-politikaren jarraipena egitea.

5.– Osoko Bilkurak esleitzen edo delegatzen dion beste edozein zeregin.

12. artikulua.– Funtzionamendu-araubidea.

1.– Osoko Bilkura urtean bitan bilduko da gutxienez ohiko bilkurak egiteko, presidenteak deialdia egin ondoren. Dena den, presidenteak, bere ekimenez ere bilkura berezietarako deialdia egin ahal izango du, edo bokalen bi herenek, gutxienez, eskatzen dutenean, behar hori justifikatuta.

2.– Batzorde Iraunkorraren funtzionamendu-araubidea 6. artikuluan Osoko Bilkurarentzat xedatutakora egokituko da.

IV. KAPITULUA
LAN-BATZORDEAK

13. artikulua.– Lan-batzordeak.

1.– Euskadiko Turismo Mahaiaren barruan lan-batzordeak eratu ahal izango dira, konplexutasunagatik eta garrantziagatik gai jakin bati buruzko azterketa sakona behar duten auziak tratatzeko.

2.– Turismo Mahaiaren Osoko Bilkurak sortuko ditu lan-batzordeak, eta haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-araubidea erabakiko ditu.

3.– Lan-batzordeak eratzeko erabakian zehaztuko da zein gai aztertu behar diren, nork osatuko duen batzordea, zenbateko iraupena izango duen, nor izango den koordinatzailea, eta nor idazkaria.

4.– Eratzen direnean finkatzen den helburua lortzeko egokitzat jotzen den bilera-kopuruari eutsiko diote lan-batzordeek.

5.– Lan-batzordeetan parte hartu ahal izango dute Euskadiko Turismo Mahaiko kideek, eta, haiekin batera, kasuan kasuko entitate, instituzio eta elkarteen ordezkariek eta pertsona adituek.

6.– Euskadiko Turismo Mahaiko presidenteak erabakiko du lan-batzordeen osaera, landu beharreko gaien arabera.

7.– Lan-batzordeek barne-funtzionamendurako arauak onartu ahal izango dituzte, eraketa-erabakian ezarritako irizpideen arabera.

V. KAPITULUA
EUSKADIKO TURISMO MAHAIKO KIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

14. artikulua.– Eskubideak.

Euskadiko Turismo Mahaiko kideek eskubide hauek dituzte:

1.– Egokitzat jotzen dituzten gaiak bilkuretako gai-zerrendan sartzeko eskatzea.

2.– Euskadiko Turismo Mahaiko organoen bilkuretara joatea eta eztabaidetan parte hartzea.

3.– Galderak eta eskaerak egitea.

4.– Eztabaidagai den dokumentazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzea, bai eta berak aukeratutako hizkuntza ofizialean hitz egitea ere.

5.– Euskadiko Turismo Mahaiko organoetan eztabaidatu beharreko gaiei buruzko informazioa jasotzea, behar besteko aurrerapenarekin.

6.– Osoko bilkura berezietako deialdia eskatzea.

7.– Bilkuretako akten ziurtagiriak eskatzea presidentearen bitartez.

15. artikulua.– Betebeharrak.

Euskadiko Turismo Mahaiko kideek betebehar hauek dituzte:

1.– Parte hartzen duten kide anitzeko organoen bilkuretara joatea, justifikatutako kasuetan izan ezik; kasu horietan, beren ezin etorria adierazi beharko dute.

2.– Konfidentzialtasunez eta zuhurtziaz jokatzea, jasotako informazioa eta eztabaiden edukia isilpean gordeta.

3.– Osoko bilkurak edo lan-batzordeek agindutako zereginak eta kudeaketak behar bezala betetzea.

4.– Eztabaidatutako gaien berri ematea Euskadiko Turismo Mahaiko organoetan bokalek ordezkatzen dituzten entitate sektorialei.

5.– Euskadiko Turismo Mahaiak legez dagokion zeregina betetzen duela zaintzea.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Araubide iragankorra.

Gaur egungo Euskadiko Turismo Mahaian bokal gisa dihardutenek bokal izaten jarraituko dute, osaera berria eratzen ez den bitartean, salbu eta izendatu zituzten entitateek kontrakoa adierazten dutenean; kasu horretan, dekretu honen 5.3 artikuluan xedaturikoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Indargabetutako arauak.

Indargabetuta geratzen da Euskadiko Turismo Mahaia sortzen duen urtarrilaren 27ko 5/2015 Dekretua, baita dekretu honen aurkako beste edozein xedapen ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak garatzea.

Turismo-arloko eskumena duen saileko titularrari baimena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren beste xedapen emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko apirilaren 29an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala