
54. zk., 2026ko martxoaren 20a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (202 KB - 12 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILEAK
Oposizioak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1237
466/2026 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak teknikari laguntzaile sanitarioen lanbide-taldeko erizaintzako laguntzaileen kategorian (erizaintzako laguntzaile lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartu egin dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak. Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 443/2026 Ebazpenaren bidez aldatu zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2026ko martxoaren 12an).
Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.
Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-Estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesurako deia egitea.
Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, teknikari laguntzaile sanitarioen lanbide-taldeko erizaintzako laguntzaileen kategorian (erizaintzako laguntzaile lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.
Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.
Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.
Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 23tik apirilaren 22ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren 10.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 5a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.
I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK TEKNIKARI LAGUNTZAILE SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEEN KATEGORIARAKO (ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILE LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1.– Deialdiaren xede diren destinoak.
1.1.– Deialdi honen xede izango dira teknikari laguntzaile sanitarioen lanbide-taldeko erizaintzako laguntzaileen kategorian (erizaintzako laguntzaile lanpostu funtzionala) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.
1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 5. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.
2.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.
Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, aurkezteko epearen azken egunean, oinarri orokorretan jasota dauden baldintzez gain eta horietan aurreikusten diren salbuespenak kenduta, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte:
a) Oinarri orokorretako 8.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, erizaintzako zainketetako teknikari titulua edo baliokidea izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, lortu nahi den lanpostuan jarduteko eskatzen dena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
b) Kasu guztietan bete beharko dira lortu nahi den lanpostuaren baldintzak, indarrean dagoen araudiaren arabera.
c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:
C2 taldea (D taldea zena): 15 euro.
3.– Lehiaketa-oposizioaren garapena.
3.1.– Eskakizunak eta merezimenduak alegatzea. Dokumentazioa aurkeztea.
Oinarri orokorretako 12.2 apartatuan aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, onartuen behin betiko zerrendan daudenek eta, baztertuen zerrendan egonik, horretarako ezarritako epearen barruan gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu edo aurkeztuko dutenek deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten agiriak alegatu eta erantsi beharko dituzte, oinarri orokorretako 12.3 apartatuan ezarritako moduan eta epean.
Erizaintzako laguntzaileen kategorian (erizaintzako laguntzaile lanpostu funtzionala) eskatzen den titulazioa erizaintzako zainketetako teknikari titulua edo baliokidea da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.
3.2.– Oposizioaldia.
Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.
Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.
Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.
Ariketako galderak galdera-sortatik aterako dira. Galdera-sorta hori, gutxienez, 12 aste lehenago emango da, Osakidetzaren web-orrian.
3.3.– Lehiaketaldia.
Oinarri orokorretako 12.3 oinarrian ezarritako moduan eta epean baloratuko dira alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak, III. eranskinean jasotako merezimenduen baremoaren arabera, oinarri orokorretan ezarritako irizpideak betez.
II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEA, LANPOSTU FUNTZIONALA: ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEA
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 5. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:
a) Barne-sustapeneko txandako deialdia: 7 destino.
Sarbide orokorra: 6.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat edo bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzat: 1.
b) Txanda irekiko deialdia: 920 destino.
Sarbide orokorra: 856.
Erreserba-kupoa desgaitasunen bat edo bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzat: 64.
Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.
Oinarri orokorren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko dagokion zikloko destinoen behin betiko esleipenari buruzkoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren identifikatuko dira deialdi honen xede diren destinoak.
III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA TEKNIKARI LAGUNTZAILE SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILE KATEGORIAN (ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILE LANPOSTU FUNTZIONAL), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO
1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).
Izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean aitortuta duten zerbitzaldia zenbatuko da, eta gehieneko muga 20 urtekoa izango da.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo Autonomia-Erkidegoetako Osasun-Zerbitzuetakoetan, edozein Administrazio Publikotan edota Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan parte hartzen den hautaketa-prozesuan erizaintzako laguntzaile gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,25 puntu.
Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:
a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,08 puntu hilabete bakoitzeko.
b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.
c) Lehiaketako lanpostu berean emandako zerbitzuak: 0,25 puntu hilabete bakoitzeko.
Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.
Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.
2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).
A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:
a) Graduaurreko prestakuntza:
Erizaintzako zaintza osagarrietako teknikari ikasketetan edo ikasketa baliokideetan ateratako ohorezko matrikula edo bikain bakoitzeko (honako ikasgai hauek ez dira kontuan hartuko: erlijioa, etika, prestakuntza politikoa, gorputz-hezkuntza eta hizkuntzak):
– ohorezko matrikula bakoitzeko: 0,6 puntu.
– bikain bakoitzeko: 0,4 puntu.
b) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).
Informatikako ezagutzen maila jakin baten ezagutza merezimendu gisa baloratzeko, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak KZgune zentro publikoetan eskura jartzen dituen moduluak lortzeko proba gainditu behar da. Zehazki, honela baloratuko da:
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Power Point 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizko maila: 0,25 puntu.
– Microsoft Access 2000/XP/2003 maila aurreratua: 0,50 puntu.
– Microsoft Access 2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Microsoft Outlook XP/2003/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.
– Oinarrizko Internet: 0,25 puntu.
– Internet Aurreratua: 0,50 puntu.
Modulu horiek gainditu izana IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko da.
Modulu baten bertsio eta/edo maila desberdinak egiaztatzen badira, bakarra puntuatuko da, puntuaziorik handiena duena alegia.
Era berean, merezimendu hori egiaztatzeko baliozkoak izango dira erakunde ofizialek eta ikasketa-zentro publikoek aplikazio horiei buruz emandako ikastaroak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, baremo honen arabera:
– 20 eta 29 ordu bitarteko ikastaroak: 0,10 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.
– 50 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu.
B) Atal honen barruan, eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan eta erizaintzako laguntzaile kategorian (erizaintzako laguntzaile lanpostu funtzionalean) eskatzen den titulazioa lortu ondoren amaitu den prestakuntza baloratuko da, baldin eta honako honen arabera egiaztatzen bada:
a) Etengabeko prestakuntza:
Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:
– 9 ordura arte: 0,50 puntu.
– 10 eta 19 ordu bitartean: 1 puntu.
– 20 eta 29 ordu bitartean: 2 puntu.
– 30 eta 49 ordu bitartean: 3 puntu.
– 50 eta 99 ordu bitartean: 4 puntu.
– 100 eta 199 ordu bitartean: 5 puntu.
– 200 ordu edo gehiago: 6 puntu.
Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:
– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.
– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.
Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,50 puntu baino gutxiago emango.
Erakunde Ofizialek, Unibertsitateek, Erakunde Sanitarioek eta, hala badagokio, Elkargo Profesionalek eta Elkarte Zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein Administrazio Publikok hitzartutako Etengabeko Prestakuntzako Akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
b) Irakaskuntza-jarduerak:
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:
Eskatutako destinoko kategoriarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak aurkezteagatik, komunikazioak aurkezteagatik, hitzaldiak emateagatik edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:
– Txosten bakoitzeko: 2 puntu.
– Ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 1 puntu.
– Mahai-inguru bakoitzeko: 1 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.
3) Euskara:
– 2. HE: 18 puntu.
– 1. HE: 9 puntu.
IV. ERANSKINA
ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEA
I.– TEKNIKARI LAGUNTZAILE SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO GAI-ZERRENDA KOMUNA.
1.– Osasun-lanbideen araudia: Arau Orokorrak. Lanbide sanitarioetan aritzea. Lanbide sanitarioen prestakuntza. Lanbide-garapena eta horren aintzatespena.
2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa eta kalitatea. Xedapen orokorrak. Prestazioak. Profesionalak. Ikerketa. Informazio sanitarioko sistemak. Kalitatea.
3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-Estatutua. Arau orokorrak. Estatutupeko langileen sailkapena. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Langileen mugikortasuna. Karrera profesionala. Estatutupeko langileen egoerak.
4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea. Euskadiko Osasun Sistema - Antolamendua. Osasun-zerbitzuak emateko egitura publikoak antolatzea - Osaera. Pertsonalaren araubidea.
5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia.
6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuak.
7.– Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko adierazpena: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta Betebeharrak. Pazienteei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak.
8.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena: Printzipio orokorrak. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua.
9.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko aurretiazko borondateena. Xedea. Osasun-arloko borondateak aldez aurretik adierazteko eskubidearen edukia. Aurretiazko borondateen dokumentua. Aldatzea, ordeztea eta errebokatzea.
10.– Datu Pertsonalen Babesa eta eskubide digitalak bermatzea. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak babesteko agintaritza autonomikoak. Zehapen-araubidea.
11.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 47.5 artikuluaren arabera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik Gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.
12.– Euskadiko Osasun Plana 2030: Printzipio gidariak. Erronka estrategikoak. Helburuak eta Ildo Estrategikoak.
13.– Euskadiko Osasun Ituna: Helburuak. Printzipioak eta balioak. Ildo estrategikoak.
14.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 2030. Helburuak. Ekintza-ildo korporatiboak.
15.– Osakidetzako emakumeen eta gizonen Berdintasunerako II. Plana 2025-2028: Helburuak. Ildo Estrategikoak.
16.– Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana: Oinarriak. Helburuak. Jarduera-arloak.
17.– Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2025-2030.
18.– 3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, eutanasia arautzekoa.
19.– 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Herri Administrazioen zerbitzuko langileen Bateraezintasunei buruzkoa.
II.– GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA.
1.– Osasun-sistemaren egitura, antolaketa, asistentzia-mailak eta prestazio motak. Sailak. Dokumentu klinikoak eta ez-klinikoak, eta dokumentu, arau eta protokolo horien izapidetzea. Historia klinikoa.
2.– Osasun publikoa. Osasun komunitarioa. Osasun taldeak.
3.– Bilakaera historikoa. Erizaintzako arreta-metodoak eta -prozedurak. Erizaintzako arreta-prozesua (EAP). Erizaintzako laguntzailearen eginkizunak.
4.– Bioetikaren funtsezko oinarriak.
5.– Biltegiratzea eta biltegiko izakinak kontrolatzea; produktuak edo materialak kontserbatzeko eta mantentzeko araudia.
6.– Larruazalaren printzipio anatomofisiologikoak. Pazientearen higienea. Kontzeptua. Higiene osoa eta partziala. Pazienteak haien egoeraren arabera sailkatzeko irizpideen arabera:
– Larruazala eta mukosak zaintzea. Ahoaren, begien, genitalen eta buruaren higienea. Ohean dagoen pazientearen higienea. Pazientea mugitzea.
– Iraizkinak jasotzea ziri eta/edo botila baten bidez.
– Mendekotasunarekin lotutako larruazaleko lesioak (MLLL). Etiologia. Kontzeptua. Agerpena errazten duten faktoreak. Arrisku-eremuak. Prebentzio-neurriak. Gorputzaren posizio-aldaketak eta larruazalaren zainketak.
– Hezetasunarekin lotutako larruazaleko lesioak (HLLL).
7.– Sostenguaren eta mugimenduaren printzipio anatomofisiologikoak. Mobilizazioa eta oinez ibiltzea. Jarrera-higienea. Pazientearen gorputz-jarrerak ohean. Lekualdaketak eta mobilizazioak. Ibiltzeko laguntza. Posizio anatomikoak. Istripu-arriskua prebenitzeko neurriak pazientearentzat. Lekualdatzeak eta mobilizazioak patologia espezifikoetan (kirurgiak, prozesu traumatologikoak, hemiplegiak...).
8.– Aparatu kardiobaskularraren eta arnas aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. Bizi-konstanteen ezaugarri fisiologikoak eta balantze hidrikoa. Kontzeptu orokorrak eta balio normalak.
9.– Medikazioa ematea. Farmakologia orokorraren printzipioak. Farmakoak emateko bide ohikoenen ezaugarri anatomofisiologikoak.
10.– Aparatu kardiobaskularraren eta arnas aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. Aerosolterapia eta oxigenoterapia emateko metodoak:
– Bihotz-biriketako nahasmenduak dituzten pazienteen zainketetan laguntzea.
11.– Digestio-aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. Kontzeptu orokorrak, elikagaiak, nutrizio-ezaugarrien araberako sailkapena, dieta normalak eta terapeutikoak. Bide enteralaren bitartez eta ahotik elikatzeko bideak. Ohean dagoen pazientea elikatzeko teknikak: disfagiak, ZNG:
– Zunda nasogastrikoaren bidez elikatzea, erizaintzako zainketak. Heste-hustuketa, eginkarien ezaugarriak. Laginak hartzea. Ondeste-zundaketa, enemak, motak eta prozedurak. Ostomia, zainketa motak eta prozedurak.
– Urdail-hesteetako nahasmenduak dituzten pazienteak zaintzen laguntzea.
– Nutrizio parenterala eta enterala. Oinarrizko printzipioak.
12.– Gernu-aparatuaren printzipio anatomofisiologikoak. Gernu-kanporatzea. Kontzeptu orokorrak. Diuresia. Gernuaren ezaugarriak. Laginak hartzea. Prozedurak. Zundaketak. Zainketetan laguntzea.
13.– Heriotza ondoko zainketak. Gorpuaren helburua eta prestaketa.
14.– Lehen sorospenak. Printzipio anatomofisiologikoak lehen sorospenetan aplikatzea. Larrialdi- eta lehentasun-irizpideak. Traumatismoak. Bihotz-biriketako bizkortze-teknikak, asfixiak, bihotz-biriketako gelditzea.
15.– Bizitzako ziklo desberdinetako giza beharrizanen oinarrizko zainketak. Bularreko umea eta eskola-umea. Heldua. Haurduntza eta edoskitzaroa. Zahartzea, bizitzaren amaiera, hiltzeko laguntza ematea:
– Erizaintzako zainketak unitate espezifikoetan. Pediatria, Geriatria, Ginekologia, Neurologia eta Kirurgia, zainketa aringarriak.
16.– Material sanitarioa garbitzea, desinfektatzea eta esterilizatzea. Kontzeptuak. Oinarrizko printzipioak. Desinfektatzeko metodoak. Esterilizazio-metodoak. Materiala esterilizaziorako prestatzea.
17.– Infekzioa. Kontzeptu orokorrak. Infekzio-iturriak. Isolamendua: Kontzeptua. Motak. Infekzioak prebenitzea. Eskuak garbitzea. Arreta-neurri estandarrak. Airearen, tanten eta kontaktuaren bidezko transmisioaren inguruko arreta-neurriak. Infekzio nosokomiala.
18.– Laginak manipulatzea. Hondakin sanitarioak botatzea. Lagin biologikoak haien jatorri biologikoaren arabera jaso eta garraiatzea.
19.– Psikologia orokorraren eta ebolutiboaren oinarriak. Baldintza bereziak dituzten pazienteengan portaera-disfuntzioak eragin ditzaketen zirkunstantzia psikologikoak. Garapen ebolutiboa eta afektiboa. Nortasunaren garapenari buruzko teoria psikologikoak.
20.– Komunikazioa/Humanizazioa. Kontzeptua, komunikazio-prozesua, eta komunikatzeko eta harremana ezartzeko estiloak. Osasun-arloko komunikazioaren faktoreak eta oztopoak. Arreta humanizatua eta pertsona ardatz gisa duena.
21.– Osasuna eta gaixotasuna, ingurune bio-psiko-sozialaren eta kulturalaren eragina, gaixotzearen ondorio orokorrak.
22.– Erizaintzako laguntzaile sanitarioa, diziplina anitzeko talde bateko kide gisa. Diziplina-aniztasuna. Erizaintzako laguntzailearen eginkizunak. Gaitasunak eta jarrerak. Arreta partekatua.
23.– Pazienteen egoera psikologikoak egoera berezietan. Gizakiaren mina eta sufrimendua, gaixotasunaren bizipena. Pazientea, bere gaixotasunaren subjektu gisa. Gaixotasunarekiko erreakzioak eta sufrimendua.
24.– Heziketa sanitarioa. Osasunaren sustapena. Gaixotasunaren prebentzioa eta osasunerako heziketa. Programa terapeutikoak.
25.– Nahasmendu psikikoak dituen pazientearen arreta, osasun mentala. Buruko nahasmendua. Nahasmendu mentalen sailkapena. Buruko nahasmenduak dituzten pazienteen ospitalizazioa eta erizaintzako laguntzailearekiko harremana. Dementzia eta bestelako narriadura kognitiboak dituzten pazienteentzako arreta.
26.– Segurtasun klinikoa: pazientearen segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Segurtasun-gorabeherak jakinaraztea eta horietatik ikastea. Pazienteen segurtasuna lehentasunezko foku gisa EZOTn. Arreta sanitarioarekin lotutako infekzioen prebentzioa. Eskuetako higienea. Isolamenduak, motak eta arreta-neurriak, isolamenduan dauden pazienteentzako berariazko zaintzak.
27.– Lan-Osasuna. Kontzeptua. Lanaren baldintza fisikoak eta ingurunekoak. Arrisku biologikoko istripuak: ergonomia. Prebentzioko medikuak. Gaixoak mobilizatzeko metodoak.
28.– Medikamentuak emateko bideak. Ahotik, ondestetik eta bide topikoa. Medikamentuak emateko arreta-neurriak eta jardunbide egokiak.
29.– Genero-indarkeria. Tratu txarren aurrean jarduteko protokoloa.
30.– Ezagutzan oinarritutako jardunbide egokiak. Ebidentzia zientifikoa.
RSS