Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2026ko martxoaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1236

465/2026 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak administrazioko teknikari espezialisten lanbide-taldeko administrarien kategorian (administrari lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartu egin dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak. Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 443/2026 Ebazpenaren bidez aldatu zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2026ko martxoaren 12an).

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-Estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesurako deia egitea.

Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, administrazioko teknikari espezialisten lanbide-taldeko administrarien kategorian (administrari lanpostu funtzionala), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.

Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.

Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 23tik apirilaren 22ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren 10.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 5a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK ADMINISTRAZIOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTEN LANBIDE-TALDEKO ADMINISTRARIEN KATEGORIARAKO (ADMINISTRARI LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO

1.– Deialdiaren xede diren destinoak.

1.1.– Deialdi honen xede izango dira administrazioko teknikari espezialisten lanbide-taldeko administrarien kategorian (administrari lanpostu funtzionala) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.

1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 5. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.

2.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, aurkezteko epearen azken egunean, oinarri orokorretan jasota dauden baldintzez gain eta horietan aurreikusten diren salbuespenak kenduta, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte:

a) Oinarri orokorretako 8.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, administrazioko eta finantzetako goi-mailako teknikari edo idazkaritzako goi-mailako teknikari titulua edo baliokidea izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

Era berean, kategoria honetan parte hartzen duten izangaiek honako modulu hauei dagozkien informatika-ezagutzak egiaztatu beharko dituzte: Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua, Microsoft Power Point 2000/XP/2003/2007/2010, Microsoft Excel 2000/ XP/2003/2007/2010 maila aurreratua eta Microsoft Access 2000/XP/2003 maila aurreratua. Modulu horiek Euskadi Informazioaren Gizartean Planak eskaintzen ditu KZgunea zentro publikoetan.

b) Kasu guztietan bete beharko dira lortu nahi den lanpostuaren baldintzak, indarrean dagoen araudiaren arabera.

c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:

C1 taldea (C taldea zena): 15 euro.

3.– Lehiaketa-oposizioaren garapena.

3.1.– Eskakizunak eta merezimenduak alegatzea. Dokumentazioa aurkeztea.

Oinarri orokorretako 12.2 apartatuan aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, onartuen behin betiko zerrendan daudenek eta, baztertuen zerrendan egonik, horretarako ezarritako epearen barruan gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu edo aurkeztuko dutenek deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten agiriak alegatu eta erantsi beharko dituzte, oinarri orokorretako 12.3 apartatuan ezarritako moduan eta epean.

Administrarien kategorian (administrari lanpostu funtzionala) eskatzen den titulazioa administrazioko eta finantzetako goi-mailako teknikari edo idazkaritzako goi-mailako teknikari titulua edo baliokidea da, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

3.2.– Oposizioaldia.

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.

Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.

Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.

Ariketako galderak galdera-sortatik aterako dira. Galdera-sorta hori, gutxienez, 12 aste lehenago emango da, Osakidetzaren web-orrian.

3.3.– Lehiaketaldia.

Oinarri orokorretako 12.2 oinarrian ezarritako moduan eta epean baloratuko dira alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak, III. eranskinean jasotako merezimenduen baremoaren arabera, oinarri orokorretan ezarritako irizpideak betez.

II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA. KATEGORIA: ADMINISTRARIA, LANPOSTU FUNTZIONALA: ADMINISTRARIA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 5. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:

a) Barne-sustapeneko txandako deialdia: 52 destino.

Sarbide orokorra: 48.

Erreserba-kupoa desgaitasunen bat edo bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzat: 4.

b) Txanda irekiko deialdia: 83 destino.

Sarbide orokorra: 77.

Erreserba-kupoa desgaitasunen bat edo bestelako desgaitasunak dituzten pertsonentzat: 6.

Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.

Oinarri orokorren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko dagokion zikloko destinoen behin betiko esleipenari buruzkoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren identifikatuko dira deialdi honen xede diren destinoak.

III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA ADMINISTRAZIOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTEN LANBIDE-TALDEKO ADMINISTRARI KATEGORIAN (ADMINISTRARI LANPOSTU FUNTZIONALA), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO

1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).

Izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean aitortuta duten zerbitzaldia zenbatuko da, eta gehieneko muga 20 urtekoa izango da.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo Autonomia-Erkidegoetako Osasun-Zerbitzuetakoetan, edozein Administrazio Publikotan edota Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan parte hartzen den hautaketa-prozesuan administrari gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,25 puntu.

Era berean, zenbaketa hori aplikatuko da administrarien kategoriari dagokion eremuaren plangintzan eta/edo kudeaketan erantzukizuneko lanpostuak bete badira (administrari lanpostu funtzionala).

Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:

a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,08 puntu hilabete bakoitzeko.

b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,10 puntu hilabete bakoitzeko.

c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.

d) Lehiaketako lanpostu berean emandako zerbitzuak: 0,25 puntu hilabete bakoitzeko.

Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.

Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.

2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).

A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

a) Graduaurreko prestakuntza:

Administrazioko eta finantzetako goi-mailako teknikari edo idazkaritzako goi-mailako teknikari ikasketetan edo ikasketa baliokideetan ateratako ohorezko matrikula edo bikain bakoitzeko (honako gai hauetan ateratakoak ez dira kontuan hartuko: erlijioa, etika, prestakuntza politikoa, gorputz-hezkuntza eta hizkuntza):

– Ohorezko matrikula bakoitzeko: 0,6 puntu.

– Bikain bakoitzeko: 0,4 puntu.

b) Informatikako ezagutzak (gehienez, 1 puntu).

Informatikako ezagutzen maila jakin baten ezagutza merezimendu gisa baloratzeko, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak KZgune zentro publikoetan eskura jartzen dituen moduluak lortzeko proba gainditu behar da. Zehazki, honela baloratuko da:

– Microsoft Outlook XP/2003/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.

– Oinarrizko Internet: 0,25 puntu.

– Internet Aurreratua: 0,50 puntu.

Modulu horiek gainditu izana IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko da.

Modulu baten bertsio eta/edo maila desberdinak egiaztatzen badira, bakarra puntuatuko da, puntuaziorik handiena duena alegia.

Era berean, merezimendu hori egiaztatzeko baliozkoak izango dira erakunde ofizialek eta ikasketa-zentro publikoek aplikazio horiei buruz emandako ikastaroak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, baremo honen arabera:

– 20 eta 29 ordu bitarteko ikastaroak: 0,10 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.

– 50 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,25puntu.

B) Atal honen barruan, eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan eta administrari kategorian (administrari lanpostu funtzionalean) eskatzen den titulazioa lortu ondoren amaitu den prestakuntza baloratuko da, baldin eta honako honen arabera egiaztatzen bada:

a) Etengabeko prestakuntza:

Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:

– 9 ordura arte: 0,50 puntu.

– 10 eta 19 ordu bitartean: 1 puntu.

– 20 eta 29 ordu bitartean: 2 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitartean: 3 puntu.

– 50 eta 99 ordu bitartean: 4 puntu.

– 100 eta 199 ordu bitartean: 5 puntu.

– 200 ordu edo gehiago: 6 puntu.

Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:

– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.

– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.

Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,50 puntu baino gutxiago emango.

Erakunde ofizialek, Unibertsitateek, Erakunde Sanitarioek eta, hala badagokio, Elkargo Profesionalek eta Elkarte Zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein administrazio publikok hitzartutako Etengabeko Prestakuntzako Akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

Eskatutako destinoaren kategoriarekin lotutako ikastaro espezifikotzat hartuko dira, besteak beste, honako hauek:

– Kontratazioa, nominak eta Gizarte Segurantza.

– Administrazio-kudeaketako teknikak.

– SAP-Giza baliabideak.

– SAP-Kudeaketa ekonomikoa.

– SDH kudeaketa.

– Osabideren agenda.

– Erabiltzaileen arreta osasun publikoan.

– Erabiltzailearen telefono bidezko arreta.

– Plantilla, nominak, aurrekontuak eta kontratazioa.

– Artxiboa eta dokumentazioa.

– Historia klinikoak artxibatzea.

– Administrazio-lanaren antolaketa.

– SAP-Giza baliabideen finantza gaitasuna.

– Administrazio-idazketa.

– Oinarrizko kontabilitatea.

– Talde-lana.

– SAP-Giza baliabideak kudeatzeko sistema integratua: Informazioa ustiatzea.

b) Irakaskuntza-jarduerak:

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.

c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak aurkezteagatik, komunikazioak aurkezteagatik, hitzaldiak emateagatik edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:

– Txosten bakoitzeko: 2 puntu.

– Ahozko komunikazio edo poster bakoitzeko: 1 puntu.

– Mahai-inguru bakoitzeko: 1 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.

3) Euskara:

– 2. HE: 18 puntu.

– 1. HE: 9 puntu.

IV. ERANSKINA
ADMINISTRARIA
I.– ADMINISTRAZIOKO TEKNIKARI ESPEZIALISTEN LANBIDE-TALDEKO GAI-ZERRENDA KOMUNA.

1.– Osasun-lanbideen araudia: Arau orokorrak. Lanbide sanitarioetan aritzea. Lanbide sanitarioen prestakuntza. Lanbide-garapena eta horren aintzatespena.

2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa eta kalitatea. Xedapen orokorrak. Prestazioak. Profesionalak. Ikerketa. Informazio sanitarioko sistemak. Kalitatea.

3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutua. Arau orokorrak. Estatutupeko langileen sailkapena. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Langileen mugikortasuna. Karrera profesionala. Estatutupeko langileen egoerak.

4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea. Euskadiko Osasun Sistema - Antolamendua. Osasun-zerbitzuak emateko egitura publikoak antolatzea - Osaera. Langileen araubidea.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia.

6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuak.

7.– Euskadiko osasun-sistemako pertsonen eskubideei eta betebeharrei buruzko adierazpena: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Pazienteei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak.

8.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena: Printzipio orokorrak. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua.

9.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko aurretiazko borondateena. Xedea. Osasun-arloko borondateak aldez aurretik adierazteko eskubidearen edukia. Aurretiazko Borondateen dokumentua. Aldatzea, ordeztea eta errebokatzea.

10.– Datu Pertsonalen Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak babesteko agintaritza autonomikoak. Zehapen-araubidea.

11.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 47.5 artikuluaren arabera, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

12.– Euskadiko Osasun Plana 2030: Printzipio gidariak. Erronka estrategikoak. Helburuak eta ildo estrategikoak.

13.– Euskadiko Osasun Ituna: Helburuak. Printzipioak eta balioak. Ildo estrategikoak.

14.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 2030. Helburuak. Ekintza-ildo korporatiboak.

15.– Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana 2025-2028: Helburuak. Ildo Estrategikoak.

16.– Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana: Oinarriak. Helburuak. Jarduera-arloak.

17.– Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2025-2030.

18.– 3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, eutanasia arautzekoa.

19.– 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Herri Administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa.

II.– GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA.

1.– 3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa, Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzen duena. Atariko titulua. Eusko Legebiltzarra. Eusko Jaurlaritza. Lehendakaria. Lurralde Historikoetako erakundeak.

2.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Legearen xedea eta esparrua. I. Titulua: Prozeduran interesdun direnak: II. Titulua: Administrazio publikoen jarduera. III. Titulua. Administrazio-egintzak.

3.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Administrazio-prozedura erkidea. bermeak. Administrazio-prozeduraren faseak: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Izapidetze sinplifikatua. Betearazpena.

4.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea. Ofiziozko berrikuspena. Administrazio-errekurtsoak.

5.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena. Xedapen orokorrak: Administrazio Publikoetako Organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

6.– 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena. I. Titulua: Xedea eta aplikazio-eremua. II. Titulua: Administrazio publikoetako langileak.

7.– 255/1997 Dekretua, azaroaren 11koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena. Definizioa. Helbidea. Xedeak. Nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna. Araubide juridikoa. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia. Zerbitzu-erakundeak. Gestio-araubidea. Zerbitzu sanitarioetako erakundeen araubidea, izendapenak, lurralde-eremua. Erakunde Sanitario Integratuak.

8.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa. (Abenduaren 18ko 235/2007 Dekretua eta ekainaren 3ko 106/2008 Dekretua). Helburua eta barne hartzen dituen langileak. Eskubide sozialak. Lanaldi arrunta, lanaldi osagarria, eguneko atsedenaldia, asteko atsedenaldia, atsedenaldi alternatiboak eta oporrak. Lizentziak eta baimenak. Pertsonalaren egoerak. Ordainsarien araubidea.

9.– 186/2005 Dekretua, uztailaren 19koa, Osakidetza Ente Publikoko lanpostu funtzionalak arautzen dituena: helburua, eremua, definizioa, identifikazioa, lanbide-profila, betetzeko modua, lanpostuak ezartzea eta aldatzea.

10.– 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa. Xedea. Aplikazio-eremu subjektiboa. Publikotasun aktiboa.

11.– Euskadiko Osasun Sisteman bigarren iritzi medikoa eskatzeko eskubideaz baliatzea: xedea, eremua, titularrak, bigarren iritzi medikoa, prozedura, pazienteari jakinaraztea eta informazioa ematea. Arreta sanitarioa.

12.– 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko arriskuen prebentzioari buruzkoa: xedea, aplikazio-esparrua eta definizioa. Arriskuen prebentzio-arloko politika, laneko segurtasuna eta osasuna babesteko.

13.– Laneko arriskuen prebentzioa Bezeroentzako arreta eremuan. Osakidetzako Prebentzio Zerbitzua. Lan-arriskuaren definizioa, laneko ekipoa, gaixotasun profesionala, norbera babesteko ekipamendua, arrisku psikosozialak. Ordenagailua erabiltzen duten lanpostuen lan-arriskuak. Lan-istripua/gertakaria: definizioak, langilearen eta goragoko arduradun hurrenek egin beharrekoak, eraso bati nola aurre egin.

14.– Sexu-Jazarpenari eta Sexuan Oinarritutako Jazarpenari Osakidetzan aurre egiteko protokoloa, 2024ko otsailaren 15ekoa (Protokoloa aplikatzeko organo bat aurreikusten du, Aholkularitza Konfidentziala, Zerbitzu-Erakunde bakoitzerako): Xedea eta aplikazio-eremua. Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren definizioak. Jazarpen moten sailkapena. Sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari Osakidetzan aurre egiteko protokoloa. Jarduteko prozedura. Jarraipena, ebaluazioa eta hobekuntza.


Azterketa dokumentala