Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2026ko martxoaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1234

463/2026 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-probak arautuko dituzten oinarri espezifikoak diplomadun sanitarioen lanbide-taldeko kategorietan (hainbat lanpostu funtzional), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartu egin dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko 2023-2024-2025eko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri orokorrak. Ebazpen hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 443/2026 Ebazpenaren bidez aldatu zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2026ko martxoaren 12an).

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatzeko, beharrezkoa da kategoria bakoitzeko destinoen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea.

Horregatik, kontuan izanda Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-Estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua eta indarrean dauden gainerako xedapen aplikagarriak,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauen xede diren hautaketa-prozesuetarako deia egitea.

Bigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan estatutupeko lotura finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautuko dituzten oinarri espezifikoak onartzea, I. eranskinean jasotakoak, diplomadun sanitarioen lanbide-taldeko kategorietan (hainbat lanpostu funtzional), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoetarako.

Honako hauek dira lanpostu funtzionalak:

Erizaina

Fisioterapeuta

Hirugarrena.– Ebazpen honen II. eranskinaren bidez eskainitako destinoen zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean agertzen den merezimenduen baremoa onartzea.

Bosgarrena.– Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen gai-zerrenda onartzea.

Seigarrena.– Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 23tik apirilaren 22ko 14:00ak arte ezartzea, oinarri orokorrak onartzen dituen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren 10.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 5a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.

I. ERANSKINA
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETAN ESTATUTUPEKO LOTURA FINKOA LORTZEKO HAUTAKETA-PROBAK ARAUTUKO DITUZTEN OINARRI ESPEZIFIKOAK DIPLOMADUN SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO KATEGORIETAN (HAINBAT LANPOSTU FUNTZIONAL)

1.– Deialdiaren xede diren destinoak.

1.1.– Deialdi honen xede izango dira diplomadun sanitarioen lanbide-taldeko kategorietako (hainbat lanpostu funtzional) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetako destinoak; II. eranskinean jasota daudenak, alegia.

1.2.– Deialdian sartutako destinoen % 7 desgaitasunen bat duten langileek betetzeko gordeko dira, II. eranskinean jasotako oinarri orokorretako 5. oinarrian ezarritako banaketaren arabera.

2.– Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Honen bidez araututako prozesuan parte hartzeko, aurkezteko epearen azken egunean, oinarri orokorretan jasota dauden baldintzez gain eta horietan aurreikusten diren salbuespenak kenduta, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, kasuan kasu esleitzen zaien destinoa jabetzan hartu arte:

a) Oinarri orokorretako 8.2.c) apartatuan xedatutakoarekin bat, diploma edo gradua edo titulazio baliokidea izatea, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emana, lortu nahi den lanpostuan jarduteko eskatzen dena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

b) Kasu guztietan bete beharko dira lortu nahi den lanpostuaren baldintzak, indarrean dagoen araudiaren arabera.

c) Eskabideak aurkezteko epearen barruan, izena emateko eskubideengatik dagokion tasa ordaindu izana, eskainitako destinoen lanbide-taldearen arabera:

A2 taldea (B taldea zena): 20 euro.

3.– Lehiaketa-oposizioaren garapena.

3.1.– Eskakizunak eta merezimenduak alegatzea. Dokumentazioa aurkeztea.

Oinarri orokorretako 12.2 apartatuan aurreikusitako onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, onartuen behin betiko zerrendan daudenek eta, baztertuen zerrendan egonik, horretarako ezarritako epearen barruan gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu edo aurkeztuko dutenek deialdian parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eta merezimendu baloragarriak egiaztatzen dituzten agiriak alegatu eta erantsi beharko dituzte, oinarri orokorretako 12.3 apartatuan ezarritako moduan eta epean.

Kategoria eta lanpostu funtzional bakoitzean eskatzen den titulazioa diploma edo gradua da, lortu nahi den lanpostu funtzionalean jarduteko eskatzen dena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa betez.

3.2.– Oposizioaldia.

Epaimahai kalifikatzaileari dagokio probaren edukia eta kalifikazioa zehaztea, eta, horretarako, hautaketa-prozesua behar bezala garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu eta prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatuko du.

Epaimahaiak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari eskatu ahal izango dio aholkulariek parte har dezatela hautaketa-prozesuaren fase guztietan. Aholkulariek epaimahaikideei eskatzen zaien titulu-eskakizun bera izango dute.

Probari idatziz erantzun beharko zaio, ematen den gehieneko denboraren barruan, eta galderak IV. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak izango dira.

Ariketako galderak galdera-sortatik aterako dira. Galdera-sorta hori, gutxienez, 12 aste lehenago emango da, Osakidetzaren web-orrian.

3.3.– Lehiaketaldia.

Oinarri orokorretako 12.3 oinarrian ezarritako moduan eta epean baloratuko dira alegatutako eta egiaztatutako merezimenduak, III. eranskinean jasotako merezimenduen baremoaren arabera, oinarri orokorretan ezarritako irizpideak betez.

3.4.– Lanpostuez jabetzea.

Oinarri orokorretako 20. oinarrian aipatutako dokumentazioaz gain, deialdi honetako destinoren bat jabetzan hartzen dutenek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte lanpostuaz jabetzeko ekitaldian:

– Elkargokide-ziurtagiria.

II. ERANSKINA
DESTINOEN ZERRENDA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 28ko 120/2026 Ebazpenaren bidez onartutako oinarri orokorretako 5. oinarrian xedatutakoaren arabera, destino hauek betetzeko deialdia egiten da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Desgaitasunen bat duten langileentzako destinoak ez badira betetzen ez dagoelako hautaketa-prozesua gainditzen duen izangai nahikorik, destino horiek dagokion txandako sarbide orokorreko lanpostuetan gehituko dira; hots, barne-sustapenean edo txanda irekian.

Oinarri orokorren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpena, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko dagokion zikloko destinoen behin betiko esleipenari buruzkoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren identifikatuko dira deialdi honen xede diren destinoak.

III. ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA DIPLOMADUN SANITARIOAK LANBIDE-TALDEKO KATEGORIETAN (HAINBAT LANPOSTU FUNTZIONAL), OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZERBITZU SANITARIOETAKO ERAKUNDEETAKO DESTINOETARAKO

1) Lan-esperientzia (gehienez, 60 puntu).

Izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean aitortuta duten zerbitzaldia zenbatuko da, eta gehieneko muga 20 urtekoa izango da.

Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituko da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

1.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeetan, Gizarte Segurantzakoetan edo Autonomia-Erkidegoetako Osasun-Zerbitzuetakoetan, edozein Administrazio Publikotan edota Europar Batasuneko gainerako kideen sare publikoko zerbitzu sanitarioetan parte hartzen den hautaketa-prozesuan deitutako lanpostu funtzionalean emandako zerbitzuen hilabete bakoitzeko: 0,25 puntu.

Era berean, zenbaketa hori aplikatuko da parte hartzen den hautaketa-prozesuko deialdian sartutako lanpostu funtzionalari dagokion eremuaren plangintzan eta kudeaketan erantzukizuneko lanpostuak betetzen direnean.

Lehen Mailako Arretako Landa-Eremuko osasun-eremuetan errefortzuko izendapena duten langileek emandako zerbitzuak zenbatzeko, hilabete osoko zerbitzuak aitortuko zaizkie, eta honako arau hauen arabera kalkulatuko dira:

a) Hilabete bat, edo proportzionalki dagokion zatia, egindako ehun eta berrogeita bost ordu edo frakzio bakoitzeko.

b) Hilabete natural baten barruan ehun eta berrogeita bost ordu baino gehiago egin badira, egindako zerbitzuen hilabete bakarra baloratuko da, eta egindako gehiegizko orduak ezin izango dira aplikatu aurreko a) erregelan ezarritako emandako zerbitzuen zenbaketan.

Barne-sustapeneko txandaren bidez sartzen diren langileei ondoren zehazten den moduan zenbatuko zaizkie aldez aurreko zerbitzuak:

a) E taldean eskainitako zerbitzuak: 0,05 puntu hilabete bakoitzeko.

b) D taldean eskainitako zerbitzuak: 0,07 puntu hilabete bakoitzeko.

c) C taldean eskainitako zerbitzuak: 0,09 puntu hilabete bakoitzeko.

d) B taldean eskainitako zerbitzuak: 0,12 puntu hilabete bakoitzeko.

e) Lehiaketako lanpostu berean B taldean emandako zerbitzuak: 0,25 puntu hilabete bakoitzeko.

Zerbitzu-eginkizunetan edo goragoko kategoriako eginkizunetan emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira.

Halaber, jatorrizko lanpostuan zenbatuko dira zerbitzu berezietan emandako zerbitzuak.

2) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa (gehienez, 20 puntu).

A) Apartatu honetan, honako hauen arabera egiaztatzen den prestakuntza baloratuko da:

a) Graduaurreko prestakuntza:

Espediente akademikoaren balorazioa honela egingo da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Ez dira ebaluatuko, eta, horregatik, ez dira zatitzailean sartuko, ez ofizialki baliozkotu diren ikasgaiak, ez erlijioko, prestakuntza politikoko, gorputz-hezkuntzako, hizkuntzetako, etxeko lanetako, autopsia mediko-legalaren nozioetako ikasgaien kalifikazioak, ez lehiaketako lanpostu funtzionalean aritzeko eskatzen den diploma edo gradu ikasketen berezko edukiarekin funtsezko loturarik ez duten beste ikasgai batzuen kalifikazioak.

b) Graduondoko prestakuntza:

– Cum laude doktore-titulua: 10 puntu.

– Doktore-titulua: 9 puntu.

– Graduondoko masterra: 6 puntu.

– Unibertsitateko Aditu edo Espezialista titulua: 5 puntu.

– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 4 puntu.

– Lizentzia-gradua (bikain edo ohorezko matrikula): 3 puntu.

– Doktoretza-ikastaroa, ikastaro bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,25 puntu.

– Lotutako bestelako unibertsitate-tituluak: 2,5 puntu.

Cum laude Doktore gisa puntuazioa emanez gero, ez da punturik emango Doktore gisa. Cum laude Doktorea edo Ikertzeko nahikotasuna edo Ikasketa aurreratuen diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroek ez dute punturik emango.

c) Erizain lanpostuetarako prestakuntza espezializatua:

– Ofizialki onartutako espezialitateren batean erizain espezialistaren titulua izateagatik: 3 puntu.

d) Hizkuntzak (gehienez, 3 puntu): Ingelesa, frantsesa eta alemana Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila hauetan jakitea baloratuko da, 1,5 puntu hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 3 puntu.

Merezimendu hori hizkuntza-eskolaren bateko edo dagokion erakundeko titulua edo ziurtagiria aurkeztuz akreditatuko da.

I) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C-2 eta C-1 mailetako tituluengatik 1,5 puntu emango dira.

II) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-2 mailako tituluengatik 1 puntu emango dira.

III) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B-1 mailako tituluengatik 0,5 puntu emango dira.

Ingeles, frantses eta alemaniar filologiako lizentziei dagokien hizkuntzari esleitutako gehieneko gaitasuna emango zaie.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren curriculum vitae-aren aplikazioan maila eta hizkuntza bakoitzerako jasotako tituluak eta ziurtagiriak soilik baloratuko dira.

Hizkuntzari berari dagozkion titulu bat baino gehiago akreditatzen badira, maila handienekoa bakarrik baloratuko da.

e) Informatikako ezagutzak (gehienez, 2 puntu).

Informatikako ezagutzen maila jakin baten ezagutza merezimendu gisa baloratzeko, Euskadi Informazioaren Gizartean Planak KZgune zentro publikoetan eskura jartzen dituen moduluak lortzeko proba gainditu behar da. Zehazki, honela baloratuko da:.

– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.

– Microsoft Word 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.

– Microsoft Power Point 2000/XP/2003/2007/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.

– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 oinarrizko maila: 0,25 puntu.

– Microsoft Excel 2000/XP/2003/2007/2010 maila aurreratua: 0,50 puntu.

– Microsoft Access 2000/XP/2003 oinarrizko maila: 0,25 puntu.

– Microsoft Access 2000/XP/2003 maila aurreratua: 0,50 puntu.

– Microsoft Access 2010 maila bakarra: 0,50 puntu.

– Microsoft Outlook XP/2003/2010 maila bakarra: 0,50 puntu.

– Oinarrizko Internet: 0,25 puntu.

– Internet Aurreratua: 0,50 puntu.

Modulu horiek gainditu izana IT Txartelaren ziurtapen-sistemaren bidez egiaztatuko da.

Modulu baten bertsio eta/edo maila desberdinak egiaztatzen badira, bakarra puntuatuko da, puntuaziorik handiena duena alegia.

Era berean, merezimendu hori egiaztatzeko baliozkoak izango dira erakunde ofizialek eta ikasketa-zentro publikoek aplikazio horiei buruz emandako ikastaroak egiaztatzen dituzten ziurtagiriak, baremo honen arabera:

– 20 eta 29 ordu bitarteko ikastaroak: 0,10 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitarteko ikastaroak: 0,15 puntu.

– 50 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,25 puntu.

B) Atal honen barruan, eskabideak aurkezteko azken egunaren aurreko 10 urteetan eta dagokion kategoria eta lanpostu funtzionala eskuratzeko eskatzen den titulazioa lortu ondoren amaitu den prestakuntza baloratuko da, baldin eta honako honen arabera egiaztatzen bada:

a) Etengabeko prestakuntza:

Eskatutako destinoaren kategoriarekin zerikusia duten ikastaroetara joateagatik:

– 9 ordura arte: 0,25 puntu.

– 10 eta 19 ordu bitartean: 0,75 puntu.

– 20 eta 29 ordu bitartean: 1,25 puntu.

– 30 eta 49 ordu bitartean: 2 puntu.

– 50 eta 99 ordu bitartean: 3 puntu.

– 100 eta 249 ordu bitartean: 4 puntu.

– 250 eta 599 ordu bitartean: 5 puntu.

– 600 ordu edo gehiago: 6 puntu.

Ikastaroen egiaztagirian kreditu kopurua bakarrik jasota dagoenean, puntuazioa emateko baliokidetasun hau egingo da:

– Kredituen Europako Sistemaren (ECTS) 1 kreditu: 25 ordu.

– Etengabeko Prestakuntza Batzordeko 1 kreditu: 10 ordu.

Ikastaroaren ordu kopurua eta kreditu kopurua adierazten ez duten egiaztagirien kasuan, edo kredituak izan bai, baina horiek aurreko paragrafoan zehaztutakoak ez direnean edo kredituen beste ordu-baliokidetasun bat ezartzen denean, epaimahaiak, aurkeztutako egiaztagiriak eta ikastaroaren edukia ikusita, dagokion puntuazioa emango du, eta kasu horretan ez du inolaz ere 0,25 puntu baino gutxiago emango.

Erakunde Ofizialek, Unibertsitateek, Erakunde Sanitarioek eta, hala badagokio, Elkargo Profesionalek eta Elkarte Zientifikoek egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak baloratuko dira, baita edozein Administrazio Publikok hitzartutako Etengabeko Prestakuntzako Akordioen arabera egiaztatutako/akreditatutako ikastaroak ere, betiere titulu ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

b) Irakaskuntza-jarduerak:

– Fakultateko/Unibertsitate Eskolako katedraduna (urteko): 1 puntu.

– Unibertsitateko fakultateko/eskolako irakasle titularra edo elkartua (urteko): 0,50 puntu.

– Erizain lanpostuetarako: dedikazio partzialeko irakaslea Erizaintzako Unibertsitate Eskolan (8 orduko): 0,050 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,750 puntu.

– Praktika klinikoko irakasle-tutorea, venia docendi delakoarekin (urteko): 0,750 puntu.

– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.

c) Jarduera zientifikoa eta ezagutzaren hedapena:

Eskatutako destinoko lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak aurkezteagatik, komunikazioak aurkezteagatik, hitzaldiak emateagatik edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:

– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,50 puntu.

– Estatuko txosten bakoitzeko: 2 puntu.

– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 3 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,30 puntu.

– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,20 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 2 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,40 puntu.

– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 1,50 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 2,50 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 4 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 3 puntu.

Ez da baloratuko atal honetan zehaztu ez den merezimendurik.

3) Euskara:

– 2. HE: 18 puntu.

– 1. HE: 9 puntu.

IV. ERANSKINA
I.– DIPLOMADUN SANITARIOEN LANBIDE-TALDEKO GAI-ZERRENDA KOMUNA.

1.– Osasun-lanbideen araudia: Arau Orokorrak. Lanbide sanitarioetan aritzea. Lanbide sanitarioen prestakuntza. Lanbide-garapena eta horren aintzatespena.

2.– Osasun Sistema Nazionalaren kohesioa eta kalitatea. Xedapen orokorrak. Prestazioak. Profesionalak. Ikerketa. Informazio sanitarioko sistemak. Kalitatea.

3.– Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Esparru-Estatutua. Arau orokorrak. Estatutupeko langileen sailkapena. Eskubideak eta betebeharrak. Estatutupeko langile finkoaren izaera eskuratzea eta galtzea. Langileen mugikortasuna. Karrera profesionala. Estatutupeko langileen egoerak.

4.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea. Euskadiko Osasun Sistema - Antolamendua. Osasun-zerbitzuak emateko egitura publikoak antolatzea - Osaera. Pertsonalaren araubidea.

5.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak. Zuzendaritza-antolakuntza. Antolakunde nagusia.

6.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren erakunde sanitario integratuak.

7.– Euskadiko osasun-sistemako pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena: Xedapen orokorrak. Eskubideak eta Betebeharrak. Pazienteei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuak.

8.– 41/2002 Oinarrizko Legea, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomiari eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrei dagokiena: Printzipio orokorrak. Informazio sanitariorako eskubidea. Intimitaterako eskubidea. Pazientearen autonomiaren errespetua.

9.– 7/2002 Legea, abenduaren 12koa, Osasun arloko aurretiazko borondateena. Xedea. Osasun-arloko borondateak aldez aurretik adierazteko eskubidearen edukia. Aurretiazko Borondateen dokumentua. Aldatzea, ordeztea eta errebokatzea.

10.– Datu Pertsonalen Babesa eta Eskubide Digitalak Bermatzea. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Datuak babesteko agintaritza autonomikoak. Zehapen-araubidea.

11.– Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuko 47.5 artikuluaren arabera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna lortzeko eta Emakumeen kontrako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

12.– Euskadiko Osasun Plana 2030: Printzipio gidariak. Erronka estrategikoak. Helburuak eta ildo estrategikoak.

13.– Euskadiko Osasun Ituna: Helburuak. Printzipioak eta balioak. Ildo estrategikoak.

14.– Pazientearen Segurtasun Estrategia Osakidetzan 2030. Helburuak. Ekintza-ildo korporatiboak.

15.– Osakidetzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana 2025-2028: Helburuak. Ildo estrategikoak.

16.– Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Plana: Oinarriak. Helburuak. Jarduera-arloak.

17.– Euskadiko Plan Onkologiko Integrala 2025-2030.

18.– 3/2021 Lege Organikoa, martxoaren 24koa, eutanasia arautzekoa.

19.– 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Herri Administrazioen zerbitzuko langileen Bateraezintasunei buruzkoa.

II.– GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA.

ERIZAINA

1.– Erizaintza ereduak eta teoriak: ereduen eta teorialari nagusien ezaugarri orokorrak. (Florence Ningtingale, Virginia Henderson, Marjory Gordon, Dorotea Orem).

2.– Zainketen metodologia: Erizaintzako prozesua. Ezaugarriak eta faseak. Beharrizanen araberako balorazio diagnostikoa (Virginia Henderson). Balorazioa egiteko tresnak. Erizaintzako diagnostikoak: kontzeptua eta motak NANDA taxonomiaren arabera. Erizaintzako zainketen planifikazioa: emaitzak eta esku-hartzeak (NOC eta NIC).

3.– Komunikazio-teknikak eta -trebeziak: ahozko komunikazioa eta ez-ahozkoa, entzute aktiboa. Erizaintza prozesuko hasierako baloraziorako elkarrizketa klinikoa. Erizainaren eta pazientearen eta senideen arteko harreman profesionala. Laguntza-harremana.

4.– Ohean egon behar den pazientearen balorazioa eta erizaintzako zainketak. Larruazalaren zainketa orokorrak. Larruazalaren osotasunaren narriaduraren balorazio integrala. Presiozko ultzeren balorazioa eta erizaintzako zainketak: kontzeptua, arrisku-faktoreak, kokapena. Agertze-prozesuak eta estadioak. Braden-Bergstrom eskala. Prebentzio-neurriak eta tratamendua: apositu-mota eta materialik erabilienak. Gorputzaren mekanikaren oinarriak, zainketei aplikatuta.

5.– Elikadura eta nutrizioa: kontzeptua eta desberdintasuna. Elikagaien sailkapena. Nutrizio-egoeraren balorazioa. Arazo hauek dituzten pertsonen zainketak: desnutrizioa, deshidratazioa eta obesitatea. Nutrizio enterala edo parenterala duten pertsonentzako zainketak. Dieta terapeutikoak: kontzeptua, ehundura- eta gogortasun-aldaketadun dietak. Dieta progresiboak, zuntz eta energia kopuru kontrolatuak dituzten dietak.

6.– Arnasketa-arazoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: arnas gutxiegitasun akutua, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, asma, infekzio-prozesuak pneumonia eta tuberkulosia. Erlazionatutako prozedurak: Oxigenoterapia. Arnas fisioterapia. Sekrezioak xurgatzea. Arteria-gasometria. Espirometria. Aireztapen mekaniko inbaditzailea eta ez-inbaditzailea duten pertsonak zaintzea. Trakeostomien ondoriozko zainketak. Inhalagailuen erabilera.

7.– Arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: bihotz-gutxiegitasuna, sindrome koronario akutua, bihotzeko arritmiak. Hipertentsio arteriala. Gorputz-adarretako iskemia kronikoa, tronbosi benoso sakona. Erlazionatutako prozedurak: elektrokardiograma egitea. Alterazio elektrokardiografiko larriak interpretatzea. Balorazio baskularra. Orkatila-besoa indizea. Arteria eta zainetako ultzerak zaintzea.

8.– Digestio-arazoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: Odoljario digestiboa. Hesteetako gaixotasun inflamatorioa. Gastroenteritisa. Pankreatitisa. Zirrosia. Hepatitisa. Erlazionatutako prozedurak: zundaketa nasogastrikoa. Ostomiak dituzten pertsonen zaintza. Dieta terapeutikoak: astringenteak eta babes hepato-pankreatikokoak.

9.– Arazo endokrinologikoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: Diabetesa. Zotina eta hipertiroidismoa. Erlazionatutako prozedurak: gluzemia-kontrola. Oin diabetikoa duten pertsonen zaintza. Intsulina-mendekoen zaintza. Diabeteserako dieta.

10.– Arazo neurologikoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: istripu zerebrobaskularra. Alzheimerra. Epilepsia. Esklerosi anizkoitza eta alboko esklerosi amiotrofikoa. Erlazionatutako prozedurak: Monitorizazio neurologikoa. Kontzientzia-mailaren alterazioa. Begi-ninien erantzunaren azterketa eta fokatze neurologikoaren zeinuak.

11.– Sistema muskulu-eskeletikoko arazoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak. Lokomozio-aparatuko gaixotasun nagusiak: Osteoporosia, artrosia eta artritis erreumatoidea. Traumatismo muskuloeskeletikoak: hausturak, anputazioak, bihurrituak eta luxazioak. Erlazionatutako prozedurak: immobilizazio-sistemen erabilpena eta zainketak (ferulak, igeltsuak, bendatzeak, trakzioak eta kanpoko finkapen-sistemak). Aldakako eta/edo belauneko protesia duen pertsona mobilizatzea.

12.– Erizaintzako balorazioa eta zainketak haurdun dagoen emakumeetan: Aldaketa fisiologikoak. Elikadura eta higienea. Haurduntzako arazo ohikoenak. Amaren hezkuntza. Zainketak puerperioan, aldaketa fisiologikoak eta psikologikoak eta arrisku-egoerak identifikatzea.

13.– Giltzurrun- eta gernu-sistemako arazoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: giltzurrun-gutxiegitasun akutua eta kronikoa. Erlazionatutako prozedurak: Maskuriko zundaketa sartzea eta mantentzea. Urostomiak dituzten pertsonak zaintzea, eta gernu-inkontinentzia zaintzea. Arazo nefrologikoak dituzten pazienteentzako dieta terapeutikoa.

14.– Arazo otorrinolaringologiko nagusiak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: Otitisa. Ménière-ren gaixotasuna. Erizaintzako prozedurak eta teknikak: audiometria, sudurreko frotisa jasotzea. Epistaxia.

15.– Paziente kirurgikoaren zaintza. Operazio aurrekoak: ebakuntza aurreko bisita, pazientearen harrera, ebakuntzarako prestatzea. Ebakuntza egin bitartean: pazientearen zainketak esku-hartzeak dirauen bitartean. Anestesia mota eta farmakoen erabilera. Kirurgia osteko zainketak: Kirurgia osteko zaintza-unitateak. Zaintza- eta kontrol-teknikak: bizkortzearen, monitorizazio elektrokardiografikoaren eta bizi-konstanteen oinarriak. Erlazionatutako prozedurak: zaurien sendaketak, drainatzeen kontrola, balantze hidrikoa, jostura eta puntuak eta grapak kentzea. Zain-kateterizazio periferikoa eta sarbide periferikoko zentrala txertatzeko eta mantentzeko zainketak. Erizaintza-prozedura hemoderibatuen transfusioan.

16.– Arazo onkologikoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak. Gaixotasun neoplasikoa: kontzeptu orokorrak. Tratamendu-metodoak eta zainketak: erradioterapia eta kimioterapia. Medikamentu antineoplasikoak: Sailkapena eta bigarren mailako ondorioak. Medikamentu koadjubanteak. Medikamentu zitostatikoen manipulazioa.

17.– Egoera terminalean dagoen pertsonaren zaintza: balorazio integrala eta zaintza-planak. Zainketa aringarriak. Mina, ezaugarriak eta neurketa-eskalak: motak eta sailkapena. Pazientearen eta haren familiaren arreta. Dolua: ezaugarriak, motak, faseak (K.Ross) eta doluaren maneiua.

18.– Erizaintzako balorazioa eta zainketak adineko pertsonengan eta haien familiengan. Aldaketa nagusiak zahartze-prozesuan: fisiologikoak, psikologikoak eta sozialak. Balorazio geriatriko integrala: klinikoa (anamnesia eta azterketa fisikoa), funtzionala (Barthelen eskala), mentala (egoera kognitiboaren eta afektiboaren balorazioa, PHEIFFER testa, MMSE) eta soziala. Sindrome geriatrikoak. Mendekotasun-mailaren balorazioa.

19.– Jaioberri osasuntsuaren zaintza: Zainketa orokorrak. Haur osasuntsuaren hazkundearen eta garapen normalaren ezaugarriak. Sortzetiko gaixotasunen eta gaixotasun metabolikoen detekzio goiztiarra.

20.– Gaixorik dagoen jaioberriaren zaintza: Pisu gutxiko jaioberria. Haur goiztiarra. Konbultsio-krisiak. Arnas gutxiegitasun akutua. Urdail-hesteetako arazo akutuak. Deshidratazioa. Balorazio integrala. Arrisku handiko jaioberri bat duen familia zaintzea.

21.– Haurren zaintza: Lehen Mailako Arretako kontrolak eta bisitak. Garapen-etapak. Elikadura eta nutrizioa. Dieta orekatua, haurren obesitatearen prebentzioa. Higienea. Aho-hortzen osasuna. Istripuen prebentzioa: etxea, eskola eta trafikoa. Tratu txarren detekzioa eta tratu txarren aurrean jarduteko protokoloa. Ohitura osasungarriak hartzea: familiaren zeregina.

22.– Nerabezaroko zaintzak: ohitura osasungarriak hartzea. Elikadura eta dieta orekatua. Ohitura toxikoen prebentzioa: alkohola, tabakoa eta drogak. Sexualitatearen hastapenak. Sexu-transmisiozko infekzioen prebentzioa. Metodo antisorgailuak. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) segurtasunez erabiltzea.

23.– Arazo mentalak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak: eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk, antsietate-prozesuak, gogo-aldartearen nahasmenduak, sintoma somatikoen nahasmenduak, elikadura-nahasmenduak. Euspen mekanikoa salbuespenezko neurri gisa: kontsiderazioak, indikazioa eta prozedura.

24.– Euskadiko Adikzioen VIII. Plana (2023-2027). Substantzien kontsumoari lotutako nahasmendu nagusiak: tabakoa, alkohola, kokaina, heroina eta kanabisa. Sintomatologia, tratamendua larrialdietan eta zainketak.

25.– Gaixotasun infekziosoak dituzten pertsonen balorazioa eta erizaintzako zainketak. GIBa.

26.– Epidemiologia: kate epidemiologikoa. Gaixotasun transmitigarriak. Gaixotasun transmitigarrien prebentzio- eta kontrol-neurriak. Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak. Osasuneko prebentzio-neurriak: Kontzeptu orokorrak. Antiseptikoak. Desinfektatzaileak. Desinfekzioa. Esterilizazioa (esterilizatzeko metodoak, material esterila nola manipulatu eta mantendu). Hondakin sanitarioen kudeaketa.

27.– Egoera kritikoetako esku-hartzeak. Oinarrizko bizi-euskarria eta aurreratua. Espezifikotasunak toraxeko minean, miokardioko infartu akutua, IZB, politraumatismoa, erredura handiak eta elektrokuzioan, shocka, intoxikazioa, larrialdi psikiatrikoa, hipotermia, hipertermia, bero-kolpea eta deshidratazioa.

28.– Osasuna prebenitzeko eta sustatzeko jarduerak, bizimodu osasungarriak. Esku-hartze komunitarioa. Osasun-programak. Osasun-agenteen prestakuntza.

29.– Immunizazioak. Kontzeptua. Txertoen sailkapena eta motak. Kontraindikazioak. Konplikazioak. Txertoak kontserbatzea, ematea eta txertaketa-jarraibideak. EAEko txertaketa-egutegia.

30.– Paziente kronikoen arreta. Ikuspegia, oinarriak eta garapen estrategikoa. Erizaintzako zainketak paziente kronikoetan eta senideetan: erreferentzia berezia paziente kroniko pluripatologiko konplexuaren prozesu integratuari.

31.– Medikamentuen sailkapen orokorra: Farmakoak xurgatzea eta kanporatzea. Toxikotasuna eta albo-ondorioak. Farmakozaintza. Kontrako erreakzioak jakinaraztea. Medikamentuak kontserbatzeko baldintzak. Medikamentuaren zentzuzko erabilpena.

32.– Medikamentuak ematea: segurtasun klinikoa farmakoak ematean. Emateko bideak: definizioa eta motak. Hautaketa-puntu, teknika eta arazo ohikoenak. Dosiak kalkulatzea. Medikamentuak etxean ematea: paziente polimedikatuen zaintza. Terapiarekiko atxikidura: kontzeptua eta esku-hartzea.

33.– Erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak. Pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak informazio eta dokumentazio klinikoko gaietan.

34.– Bioetikaren funtsezko oinarriak. Erizaintzako kode deontologiko espainiarra. Sekretu profesionala: kontzeptua eta arauketa juridikoa. 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa (199. artikulua).

35.– Asistentziaren kalitatea. Zainketen kalitatea etengabe hobetzeko ekintzak. Erizaintzako praktika eta zainketen ebaluazio-adierazleak. Ebidentzian oinarritutako erizaintzako zainketak.

36.– Ikerketa-metodologia: diseinua, bilketa eta analisia. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak. Lan zientifiko baten egitura metodologikoa eta faseak: kontzeptuala, diseinua eta planifikazioa, enpirikoa, analitikoa eta ezagutzera emateari dagokionez.

37.– Erizaintzako oinarrizko ikerketa: Arazoak identifikatzeko eta lehentasunak ezartzeko azterketak. Erizaintzako ikerketa aplikatua: Erizaintzako diagnostikoaren arloko azterlan deskribatzaileak eta ikerketa-diseinuak.

38.– Estatistika deskribatzailea. Banaketa motak eta banaketa definitzen duten parametroak. Estatistika inferentziala: konfiantza-tarteak. Hipotesi-testak.

39.– Segurtasun klinikoa: pazientearen segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Asistentzia sanitarioarekin erlazionatutako infekzioak, prebentzio-neurriak. Eskuen higienea eta eskularruen erabilpen egokia. Ospitaleko isolamendua: kontzeptua, motak eta deskripzioa. Segurtasun-gorabeheren jakinarazpena. Gertakizun kaltegarrien saihesgarritasuna eta eragina. Erorikoak.

40.– Genero-indarkeria. Tratu txarren aurrean jarduteko protokoloa.

FISIOTERAPEUTA

1.– Zinesiterapia. Kontzeptua. Sailkapenak.

1.1.– Zinesiterapia pasiboa. Motak. Sailkapena. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

1.2.– Zinesiterapia aktiboa. Sailkapena. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

2.– Mekanoterapia. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

3.– Termoterapia. Krioterapia. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

4.– Hidroterapia. Balneoterapia. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

5.– Behe-maiztasuneko korronteak. Motak. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

6.– Maiztasun ertaineko eta handiko korronteak. Motak. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

7.– Ultrasoinuak. Fototerapia. Laserterapia. Aplikazio terapeutikoa.

8.– Oheratutako eta/edo immobilizatutako pertsonaren fisioterapia-prozesuak.

9.– Masoterapia. Drainadurak. Kontzeptuak. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

10.– Fisioterapia bihotz-biriketako afekzioetan.

11.– Fisioterapiaren ekarpenak kirurgian: bihotz-biriketako kirurgia, traumatologikoa, ortopedikoa, neurologikoa eta baskularra.

12.– Bizkarrezurraren biomekanika eta tratamendu fisioterapeutikoak. Fisioterapia traumatismoetan eta toraxeko eta bizkarrezurreko deformazioetan.

13.– Gerri eskapularra. Goiko gorputz-adarra. Fisioterapiaren ekarpenak gerri eskapularrean eta goiko gorputz-adarrean traumatologian, erreumatologian, baskularrean eta neurologian.

14.– Gerri pelbikoa. Beheko gorputz-adarra. Fisioterapiaren ekarpenak pelbisean eta beheko gorputz-adarrean traumatologian, erreumatologian, baskularrean eta neurologian.

15.– Afekzio ohikoenak: hezurretakoak, erreumatologikoak, endokrinoak eta metabolikoak. Fisioterapia hezur-patologietan. Aplikazio-sistemak eta kontraindikazioak.

16.– Hausturak. Motak. Ekarpen fisioterapikoak hausturetan.

17.– Protesi ortopedikoak. Ekarpen fisioterapikoak.

18.– Patologia neurologiko zentral eta periferikoak.

19.– Fisioterapia helduen eta haurren gaixotasun neurologikoetan.

20.– Fisioterapia obstetrizian eta uro-ginekologian.

21.– Fisioterapiaren oinarriak.

22.– Fisioterapia geriatrikoa. Hauskortasunari eta erorikoei heltzea: gaitasun funtzionala baloratzea, prebentzio- eta sustapen-jarduerak, ariketa terapeutikoa agintzea.

23.– Ortesia. Laguntza teknikoak. Kanpoko egonkortze-sistemak. Ibiltzearen berreziketa.

24.– Laneko higienea. Profesionalen prebentzio-neurriak.

25.– Genero-indarkeria. Tratu txarren aurrean jarduteko protokoloa.

26.– Fisioterapia eta min kronikoa. Ikuspegi biopsikosoziala, dimentsio anitzeko eredua, esku hartzeko estrategiak.

27.– Fisioterapia komunitarioa. Osasunerako heziketa.

28.– Fisioterapiako historia klinikoa, fisioterapiako diagnostikoa, esku-hartzea eta plangintza klinikoa.


Azterketa dokumentala