Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2026ko otsailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
556

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita K-Norte 2018 SL enpresak Hernanin (Gipuzkoa) isotankeen bidez produktu kimikoak biltegiratzeko sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2025eko urriaren 9an, Hernaniko Udalak eskabide bat aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Hernanin (Gipuzkoa) K-Norte 2018 SL enpresak sustatuta isotankeen bidez produktu kimikoak biltegiratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txosten sinplifikatua hasteko, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (prozedura ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean araututa dago).

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, 2025eko urriaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen pertsona interesdunentzat eta eragindako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende dago, aipatutako Legearen II.E. eranskineko E6 taldean sartuta dagoelako. Zehatz esateko, c) epigrafean: «6.C) Petrolio-produktuak, produktu kimikoak eta petrokimikoak biltegian gordetzeko industria-instalazioak, 100 metro edo gehiagoko edukiera baldin badute».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Hernanin (Gipuzkoa) isotankeen bidez produktu kimikoak biltegiratzeko proiektuak (K-Norte 2018 SL enpresak sustatuta) ingurumenean izango duen inpaktuari buruz:

A) Proiektuaren xedea da Hernanin (Gipuzkoa) kanpoaldeko toki ireki batean isotankeen bidez produktu kimikoak biltegiratzeko proiektu bat egitea.

B) Hernanin (Gipuzkoa) isotankeen bidez produktu kimikoak biltegiratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duen ebazpen honetan (aurrerantzean, Proiektua), proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren xedea da produktu kimikoen biltegi bat egokitzea kanpoaldeko toki ireki batean Hernaniko udal mugartean, 4.916m2-ko azalera duen partzela batean; partzela hori industrialde batean dago eta hegoaldean Urumea ibaiarekin egiten du muga.

Produktu kimikoen jarduera ezartzeko obrak jarduketa hauek ditu:

– Partzelako sastrakak mozteko lanak. Mozketaren hondarrak baimendutako kudeatzailearen bidez kudeatuko dira.

– Dauden azpiegiturak eraisteko lanak. Lursaila egokitzeko, partzelan dauden azpiegitura guztiak eraitsiko dira, kokagunearen ipar-mendebaldeko eraikin osagarria eta hego-mendebaldeko transformazio-zentroa izan ezik.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan jasotakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH).

Hondakinen manipulazioa, biltegiratzea eta garraioa behar bezala egingo da, kasu bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Lur-mugimenduak. Produktu kimikoak biltegiratzeko jarduera ezartzeko, zenbait indusketa egin beharko dira lurpeko 50 m3-ko bi tanga jartzeko eta zimenduak eta eusteko kubeta txikiak egiteko. Inbentariatutako partzelan aurreikusitako indusketa lanetarako Indusketa Plan bat idatzi beharko da Lurzoruaren Kutsadura Prebenitzeko eta Zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera.

– Egituraren oinarria. Kanpoaldea bi areatan banatuko da (1. area eta 2. area), 1.174 m2 eta 1.405 m2-koak, hurrenez hurren, hormigoizko horma baten bidez; horma horrek 20 cm-ko lodiera izango du eta 240 minutuko erresistentzia suari. Bi eremu horietarako sarbidea suari aurre egiteko gaitasuna duten ateekin egingo da, eta 5 m zabal eta beste 5 m altu izango dira.

Egituraren oinarrian zutabeak egingo dira zimendu jarraituarekin, 20 cm lodiko hormigoizko hormen kargari eusteko; horma horiek mugatuko dituzte biltegiratze-areak. Gainera, lurrarentzako 25 cm lodi den hormigoi armatuzko zolata egingo da.

Beraz, biltegiratzea 20 cm lodiko hormigoizko hormez mugatuta egongo da, 12 m-ko altuera izango dute eta ez da estalirik egongo.

– Drainatze-sarea eta kubeta txikiak egitea. Kubeta txikiak egiteko, Produktu Kimikoak Biltegiratzeko 656/2017 Errege Dekretuaren 20. artikuluan adierazitakoa izango da gogoan eta gaindimentsionatutakoak izango dira:

i) 1. areako kubeta txikia: 1.102 m2-ko azalera, 163 m3-ko bolumena eta 14,79 cm-ko altuera.

ii) 2. areako kubeta txikia: 1.335 m2-ko azalera, 205 m3-ko bolumena eta 15,35 cm-ko altuera.

Ihes txikiak zabaldu ez daitezen, likidoen ontzi egonkor bat baino gehiago dituzten kubeta txikiak drainatzeko kanalen bidez zatituta egon beharko dira edo, horrelakorik ezean, 0,15 metroko altuera duten dikeak izan beharko dituzte barruan, azpi-atal bakoitzean ez dadin egon 2.000m3 edo gehiagoko edukiera duen ontzi bat baino gehiago edo ontzi kopuruaren edukiera globala ez dadin izan 3.000 m3 baino handiagoa.

Hustubideek gutxienez 400 cm2-ko sekzio erabilgarria izango dute, eta gutxienez % 1eko aldapa kubeta txikiaren hormen aldera.

Proiektuan jasotakoaren arabera, kolektore bakarra egingo da euri-urak jasotzeko, biltegiratzea kanpoaldean egin behar delako. Biltegiratzeko drainatzeari itxiera bat jarriko zaio, ihesen bat egonez gero erretentziorako kubeta txikia aktibatu dadin eta drainatze publikoko sarera isurtzeari utzi.

– Administrazioko eta erabilera osagarrietako eraikina zaharberritzea. Gaur egun bi solairuko eraikin bat dago eta jardueraren zerbitzurako erabiliko da, erabilera osagarriak eta administrazio-arlokoak eraikin horretan kokatuko baitira. Eraikin hori zaharberritu egingo da, espazioak jarduera berriaren beharretara egokitzeko.

Eraikin horren sarbidea irisgarria izan dadin, kanpoan arrapala bat egingo da; 1,35 metro izango da zabalean, 5,00 metroko luzera izango du eta % 8ko aldapa. Sarrera eta komunikazio-gunea (eskailera) ez dira aldatuko.

– Suteen aurkako sistema ezartzea. Suteen aurkako segurtasun-sisteman sugar bidezko detekzio automatikoa, hedapen handiko apar bidez itzaltzea, dagokion ur-erreserbarekin eta aparrarekin, su-itzalgailuak eta eskuzko alarma-sistemak ezarriko dira.

Azaleko bi tanga ezartzea aurreikusita dago:

i) Apar-erreserba > 7.000 L.

ii) Ur-erreserba > 230.000 L.

Jardueraren deskribapena.

Biltegiratu nahi diren produktuak likido sukoiak, likido korrosiboak eta likido toxikoak dira. Biltegiratzea isotankeetan egingo da eta bakoitzak 26 m3-ko edukiera izango du; gehienez ere hiru pilatuko dira, biko ilarak egingo dira eta tartean 3,80 m-ko pasabideak utziko dira. Isotankeak mugitzeko zubi-garabiak erabiliko dira.

Biltegiratzea suteetarako bi areatan banatuko da eta hormigoizko horma baten bidez mugatuko dira; horma horrek 20 cm-ko lodiera izango du eta 240 minutuko erresistentzia suari.

Bestalde, eraikin osagarri bat egongo da administrazioko eta kudeaketako lanetarako. Eraikin horretan egongo dira langileentzako aldagelak ere.

Isotankeak altzairu herdoilgaitzez egindako ontziak izaten dira gehienetan, isolamendu batez estalita egoten dira eta babesa ere izaten dute; babes hori aluminiozkoa eta poliuretanozkoa izan daiteke. Isotankeetan egongo dira produktu kimikoak eta sukoiak, toxikoa eta/edo korrosiboak izan daitezke, beraz, Produktu Kimikoak Biltegiratzeko Erregelamenduko zehaztapenak bete behar dira.

Edukiaren arriskugarritasun motaren arabera sailkatzen dira isotankeak. Oraingo honetan IMO 1 eta IMO 2 isotankeak biltegiratu nahi dira.

Isotankeak biltegiratzeko dagokien kokapenean jartzeko mugimenduak egingo dira eta aurkakoak ere bai, hau da, isotankeak biltegiratutako kokapen horretatik garraiatuko dituen traktorera eramatekoak. Horretarako, bi zubi-garabi eta isotankeak mugitzeko behar dituzten lanabesak daude.

Isotankeak sartu eta irteteko jarduera goizeko 06:00etatik gaueko 22:00etara egingo da eta egiteko horretan trebatutako langileak egongo dira beti. Guztira 4-8 langile arituko direla uste da jardueraren ordutegi osoa estaltzeko, astelehenetik ostiralera.

Gehienez ere egunean 20/40 mugimenduko errotazioa izango dela uste da, biltegiko errotazioa 10/5 izango da, hau da, isotanke bakoitza astebete edo bi egongo da.

– Edateko uraren hornidura.

Eskura dagoen edateko ura poligonoko saretik jasotzen da, eta sare honek udal-saretik hartzen du ura; batetik, enpresako langileek erabiltzeko izango da eta bestetik, suteen aurkako sistemaren beharretarako.

– Isurketa.

Banatutako saneamendua proiektatu denez banatuta isuriko dira bulegoetako estaliko ura eta partzelaren gainerakoa (euri-urak) eta komun eta aldageletatik datorren ura (ur beltzak).

i) Ur beltzak: etxeko isuriekin parekatzekoak dira. Añarbeko Urak erakundeak kudeatutako Urumeako kolektore-sarera bideratzen dira.

ii) Euri-urak: Ibilgura bideratzen dira.

a) Bulegoen eraikinean (gaur egungoan), udal euri-uren zirkuiturako drainatzea mantenduko da.

b) Isotankeak biltegiratzeko eremuak lurrazaleko urak biltzeko eremua izango du eta euri-uren kanpoko kolektoreari lotuko zaio baldintza hauekin:

c) Isotankeen kanpoko biltegiratzean lurrazaleko kolektore batzuk daude, isotanke pila bakoitzeko bat.

d) Kolektore horiek isurketatik kolektorera blokeo-sistema bat dute eta isurketa akzidentalak egonez gero aktibatuko da.

e) Kolektore horiek tangekin konektatuko dira, eta eusteko biriken antzekoak izango dira. Tanga bakoitzak 50 m3 baino gehiagoko edukiera izango du, itsua izango da eta geruza bikoitza izango du are segurtasun handiagoa izateko.

f) Tanga horiek martxan jarriko dira urarenak ez bezalako parametroak dituzten produktu kimikoak hautematen direnean. Horrelakoetan balbula bat itxiko da udal-kolektore orokorrerako bidea ixteko eta tangetara desbideratuko da.

Dena dela, biltegiak eusteko kubeta txiki bat du biltegiratutako likidoen guztizkoaren % 10eko edukierarekin.

2.– Proiektuaren kokapena.

Jardueraren eremua «Urumearen unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Urumea III-n (ES018MAR002470). Proiektuaren xede den eremua Urumea ibaiaren eskuineko ertzeko zortasun- eta zaintza-eremuan dago. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen arloko Plan Sektorialak Urumea ibaiaren ertzak «garatutako eremuetako ertzak» direla dio hirigintzako osagaiari dagokionez; osagai hidraulikoaren arabera IV. mailakoak dira (200-400 km2) eta ingurumen-osagaiari dagokionez, «ongi zaindutako landaredia duten eremuak» dira. Urumea ibaiaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari dagokionez, Urumea III (ES018MAR002470) hornikuntzako hartuneak dituen masa eta KBE Urumea Ibaia/Río Urumea ES2120015 uretako inguruarekin lotutako habitatak eta espezieak babesteko eremu bezala dago sartuta.

Jarduketa-eremua Andoain Oiartzun lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-002), zehazki Andoaingo sektore Kuaternarioaren gainean. Eremuaren zati bat hidrogeologia-intereseko leku batekin bat dator, eta akuiferoak kutsatzeko arriskua txikia eta oso txikia da.

Litologiari dagokionez, proiektatuaren eremuak bat egiten du porositateagatiko iragazkortasun ertaina duten metakin alubioiekin, porositateagatiko iragazkortasun handiko ale lodiko arroka detritikoekin eta pitzaduragatiko iragazkortasun txikiko tupa eta kareharri hareatsuen alternantziarekin. Ukitutako lurzoruen ikuspegitik, eremua ez dago EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak ordenatuta.

Natura 2000 Sareari dagokionez, partzelaren zati bat Urumea ibaia/Río Urumea (ES2120015) Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) dago, eta gainerakoa horren babeseko eremu periferikoan. Zehatz esateko, uraren tanga, ponpaketa eta aparraren tanga KBEaren barruan proiektatuta daude. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Flora eta Fauna Zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera Urumea Ibaia KBEan kontserbatzeko funtsezko elementuak hauek dira: ibai-korridore ekologikoa; haltzadiak eta lizardiak eta urari lotutako beste komunitate batzuk; izokina (Salmo salar) eta komunitate iktikoa; bisoi europarra (Mustela lutreola) eta desman iberikoa (Galemys pyrenaicus); eta ibaietako abifauna, hala nola ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta martin arrantzalea (Alcedo atthis).

Jarduketa Urumea ibaiaren ondoan egingo den arren, eta galtzeko arriskuan dagoen zenbait espezie egon arren, proiektuaren eremuan ez da identifikatu mehatxatutako faunaren kudeaketa-planen xede izan den gunerik.

Eremua ez dator bat babestutako beste naturagune batzuekin, EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntuekin edo lekuekin, ezta EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin ere. Halaber, eremuak ez du ukitzen Naturagune garrantzitsuen katalogo irekian sartutako lekurik; era berean, ez du erabilera publikoko mendiekin bat egiten.

EUNIS 2019 (geoEuskadi) habitaten kartografiaren arabera, partzelan dentsitate handiko herri eta hirietako eraikinak daude, eta hegoaldean ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarra dago, batasunaren intereseko habitata, (BIH) 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) (*) espezieen baso-alubialak eta, iparraldean, baso azidofilo bat, Quercus robur nagusi dena. Ez dago flora-espezie babesturik. Ingurumen-dokumentuaren arabera, azterketa-eremuan Buddleja davidii espezie inbaditzailea dago.

Hernaniko ikus-arroan dago eremua, eta ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Proiektuaren jarduketa eremuan ez dago inbentariatutako kultura-ondareko elementurik.

Azterketa-eremua, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio industrialak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko partzela baten gainean dago (kodea: 20040-00006; industriala). Ingurumen-dokumentuaren arabera, inbentariatutako partzelan aurreikusitako indusketak egiteko, indusketa-plan berri bat egin beharko da.

Uholde-arriskuari dagokionez, partzela gehiena 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago eta ipar-mendebaldeko mugak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo eta I Taldeko Urumea 1 Uholde Arrisku Handiko Eremuaren barruan dago.

Gainerako ingurune-arriskuei dagokienez, sismizitateari eta higadurari lotutako arrisku handirik ez dago eta baso-suteak izateko arrisku txikiko eremu batekin egiten du muga partzelak. Arrisku teknologikoei dagokienez, GI-3410 errepidearen 100 m-ko eragin-eremuan dago eta salgai arriskutsuak garraiatzeko arrisku handia dago; SEVESO III zuzentarauaren mendeko EHER (Electroquímica de Hernani SA) enpresaren hodei toxikoak erasan dakiokeen eremuaren barruan ere badago. Bestalde, substantzia arriskutsuak tartean diren istripu larriei loturiko berezko arriskuak kontrolatzeko neurriak onartzen dituen irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren 3. artikulua ezarriz, azterlanaren xede den proiektua maila goreneko establezimendua da, I. eranskineko 1. zatiko edo 2. zatiko 3. zutabean zehaztutako kopuru berdinetan edo handiagoan baitaude substantzia arriskutsuak.

3.– Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak.

Eremuaren izaera eta proiektuaren ezaugarriak kontuan izanda, inpakturik esanguratsuenak obren fasean izango dira, eraisketa lanengatik eta instalazio berriak eraikitzeko lanengatik (perimetro-hormak, drainatze-sareak, suteen aurkako sistemak, etab.), sastrakak moztu beharko baitira, landaredia kendu eta lurrak mugitu. Obren ondorioz, askotariko afekzioak izango dira eremuan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira, makinak ibiliko dira atzera-aurrera, lurzorua okupatuko da, kutsatutako lurrak egongo dira, hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzearen ondorioz atmosferaren kalitatea murriztuko da, zaratak izango dira, ustekabeko isurketek eta partikulen garraioak uren kalitateari eragiteko arriskua izango da, eta ondorioz, Urumea Ibaia KBEn erasateko arriskua egongo da, espezie inbaditzaileak hedatzekoa, etab.

Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ukitzeari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoaren arabera aritu beharko da.

Obrek irauten duten bitartean Urumea Ibaia KBEn izango den eraginari dagokionez, ingurumen-dokumentuak ez du eraginik aurreikusten ez mehatxatutako faunan ez ibaiaren ertzean dagoen haltzadi kantauriarrean (BIH 91E0*).

Esekitako solidoak eta bestelako substantziak ubidera garraiatzeko aukerari dagokionez, kontuan izanda partzelan dagoen uholde-arriskua eta Urumea ibaiaren ubidetik gertu dagoela, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak prebentzio-neurri batzuk adierazi ditu lurrazaleko eta azpiko hidrologian eraginak eta proiektuko obren fasean uren kalitatean eraginak izatea saihesteko, besteak beste, sedimentuei eusteko barrerak, dekantazio-putzuak, iragazketa-zangak edo antzeko beste gailu batzuk jarri beharko dira, jabari publiko hidraulikoari eragiteko arriskua dagoen lekuetan lurrak herrestan ez eramateko; era berean, balizko pilaketak ubideen eta ibilguen zortasun-eremutik kanpo eta lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo kokatuko dira, eta, ahal dela, uholde-arriskuko eremutik kanpo, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9 ter eta 14 bis artikuluaren arabera. Izan ere, eremu horietan edozein material edo substantzia mota metatzeko eremuak mugatzen dituzte, baldin eta jabari publiko hidraulikoari degradazioa eragin badiezaiokete.

Ustiapenaren fasean, sortutako eraginak substantzia arriskutsuak biltegiratzearekin eta isotankeak garraiatuko dituzten kamioien joan-etorriekin lotutakoak izango dira. Esaterako, leherketak egoteko atmosfera sor daiteke biltegiratzean izan daitezkeen istripuen ondorioz, ihesak edo nahi gabeko isuriak egon daitezke, eta substantzia kutsagarriak garraiatu edo zabaldu daitezke Urumea ibaira.

Nahiz eta biltegiratzea gaur egun Uholde Arrisku Handiko Eremuaren barruan dagoen partzela batean egingo den eta 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen, hauxe uste da: Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoak adierazitakoak betez gero instalazioaren diseinuari buruz (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren Araudia –aurrerantzean, KEDHPH–, 45.1 artikulua) eta pilaketak galaraziz gero urak har ditzakeen eremuetan eta uholde-arriskua nabarmen haziko luketen betelanak egiten ez badira (KEDHPH Araudiaren 37.6 artikulua), isotankeen biltegiratzean ez duela eraginik izango uholde-arriskuak, Urumea ibaiari dagokionez.

Bestalde, Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak SAk uste du Añarbeko Uren Mankomunitatearen Saneamendu eta Isurketen Erregelamenduaren araberakoa dela instalaziorako aurreikusitako diseinua.

Dena dela, Eusko Jaurlaritzaren Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Flora eta Fauna Zerbitzuak ohartarazi dute Urumea ibaia gertu dagoela eta instalazioan biltegiratu nahi diren substantziak (likido korrosiboak, sukoiak eta toxikoak) nahigabe ibaira isurtzeko arriskua dagoela eta uraren kalitatea aldatzeak ondorio larriak izan ditzakeela uretako komunitatean eta ibaiko ekosistemaren prozesu ekologikoetan, eta kolokan jar daitezkeela Urumea Ibaia KBE kontserbatzeko helburuak.

Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Flora eta Fauna Zerbitzuak uste du proiektua ingurumen-balio nabarmenik ez duen lurzoru industrial batean kokatuta dagoela eta ez duela eragin esanguratsurik izango faunan eta Urumea Ibaia KBE kontserbatzeko asmoetan ere ez, eraikitzean eta ohiko funtzionamenduan prebentzio-neurri egokiak ezartzen badira. Ondorioz, segurtasuna areagotzeko sistemak ezarri behar dira, eusteko planak eta etengabeko monitorizazioa, isuri akzidental oro saihesteko eta txikitzeko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak esandakoak kontuan izanda, isotankeak biltegiratzeko jarduera 277/2010 Dekretuaren mende dago (277/2010 Dekretua, azaroaren 2koa, larrialdi-egoerei aurre egiteko jarduera, zentro edo establezimendu zehatz batzuei ezartzen zaizkien autobabeserako betebeharrak arautzen dituena, 21/2019 Dekretu bidez aldatua) eta proiektatutako jardueraren titularrak Autobabeserako Plan bat egin beharko du eta plan horretan adieraziko ditu arriskuen identifikazioa eta ebaluazio, arriskuak prebenitzeko eta kontrolatzeko beharrezko ekintzak eta neurriak, baita beharrezko babes-neurriak eta larrialdietan hartu beharreko bestelako jarduketak ere. Horretarako, kontuan izan behar da Electroquímica de Hernani SA Enpresaren hodei toxikoaren hipotesiagatiko alerta-eremuan dagoela partzela eta baso-suteen arrisku txikiko eremu batekin egiten duela muga.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak aztertuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen alderdi horietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Hernanin produktu kimikoen isotankeen proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan jaso beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Ezinbestekoa den eremurik txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo ezingo da inolaz ere eraginik sortu, non eta obra-zuzendaritzak eta ingurumen-laguntzak ez duten oniritzia eman sarbideak egiteko, materialak pilatzeko, instalazioak kokatzeko edo beste edozein jarduketa osagarri egiteko; bestalde, muga horietatik kanpo, ahal bezainbeste mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa. Eremu horietatik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Oro har, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu edo inausi behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko.

– Dagoen ibaiertzeko landaredia babestu egingo da. Eragin puntual oro espezie autoktonoekin leheneratuko da, esaterako, haltzak (Alnus glutinosa), lizarrak (Fraxinus excelsior) eta sahatsak (Salix spp.).

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira.

Obran erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan proiektuaren afekzio-eremuan kokatu litezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

Obrek irauten duten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Flora eta Fauna Zerbitzuari gutxienez bost egun lehenago jakinaraziko zaio lanak hastera doazela.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak:

– Ezingo da ubidera isurketarik egin, ez eraikitzerakoan ez funtzionamenduan dela. Eraikitzerakoan arreta berezia izan beharko da substantzia kutsatzaileak erabiltzerakoan (gasolioa, olioak, morteroak edo hormigoia) eta urarekin kontaktu oro saihestuko da. Substantzia fresko horiek urarekin kontaktuan jarriz gero, arrain-fauna berehala akabatzen da.

– Proiektua zaintza-eremuan dago eta zati txiki bat baita Urumea ibaiaren zortasun-eremuan ere. Horri dagokionez, jabari publiko hidraulikoan proiektatutako jarduerek (ubideen gaineko gurutzaketek, esaterako) edo jabari horien babes-eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremuak) egin behar direnek arroko erakundearen aurretiazko administrazio-baimena behar izaten dute eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 78 ter artikuluan xedatutakoa bete beharko dute (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretu bidez onartua, uztailaren 18ko 665/2023 Errege Dekretuz emandako idazketaren arabera). Uraren Euskal Agentzian egingo da eskaera.

– Lurrazaleko eta lurpeko uretan eta uren kalitatean eraginik ez izateko prebentzio-neurri hauek hartuko dira obren fasean:

i) Ingurumen-dokumentuan jasotako neurriak aplikatuko dira, lurzorua eta ura kutsatzen dituzten hondakinak kudeatzeari dagokionez. Istripuzko isuriren bat gertatuz gero, zuzenekoa zein zeharkakoa, gertakari hori jakinarazi beharko zaio Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, baita lurrazaleko eta lurpeko urei ahalik eta gutxien eragiteko hartutako neurriak ere.

ii) Makinak mantentzeko eta garbitzeko eragiketak, hormigoi-makinak garbitzekoak eta isuri kutsagarriak eragin ditzaketen gainerako ekintzak makinen parkearen barruan horretarako gaitutako eremuan egingo dira. Eremu hori egokituko da, istripuz gerta daitezkeen isurketen likidoak edo solidoak bildu ahal izateko, horiek lurzoruan iragazi edo ibilguren batera iritsi aurretik.

iii) Sedimentuei eusteko barrerak, puntu garbiak, garbitzeko lekuak, dekantazio-putzuak, iragazketa-zangak edo antzeko beste gailu batzuk jarri beharko dituzte, jabari publiko hidraulikoari eragiteko arriskua dagoen lekuetan lurrak herrestan ez eramateko.

iv) Pilaketak egin behar izanez gero, nolanahi ere, ibilguen zortasun-eremutik kanpo eta lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo kokatuko dira, eta, ahal dela, uholde-arriskuko eremutik kanpo, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 9 ter eta 14 bis artikuluaren arabera. Izan ere, eremu horietan edozein material edo substantzia mota metatzeko eremuak mugatzen dituzte, baldin eta jabari publiko hidraulikoari degradazioa eragin badiezaiokete.

v) Instalazioa Urumea ibaiaren ubidearen zortasun-eremutik erabat kanpo gelditzen dela bermatuko da.

– Biltegiratzeko instalazioak iragazgaiztuta egongo dira, kutsadura akzidentalak saihesteko.

– Berariazko neurriak hartuko dira isurketa akzidentalak saihesteko eta horien ondorioak minimizatzeko, honako hauek, esaterako:

i) Gaindimentsionatutako kubeta txikiak eta eusteko tangak.

ii) Ixteko eta tanga estankoetara bideratzeko sistema automatikoak, drainatzean ezohiko parametroak hautemanez gero.

iii) Berariazko larrialdiko protokoloak uretako ekosistementzat, berehala ponpatzea eta kutsatutako urak kentzea barne.

iv) Isuriak egonez gero azkar erantzuteko trebatzea langileak.

– Istripuzko isuriren bat gertatuz gero, zuzenekoa zein zeharkakoa, edo uren kalitatean gorabehera esanguratsuren bat hautemanez gero, gertakari hori jakinarazi beharko zaio Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari ingurumen-zaintzako programa betez, baita lurrazaleko eta lurpeko urei ahalik eta gutxien eragiteko hartutako neurriak ere.

– Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Neurriak ezarri beharko dira iragazketak eragindako kutsadura saihesteko, eta, bereziki, proiektuaren faseetan hondakinak, olioak eta erregaiak maneiatzea saihesteko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak direla bermatzeko. Zangen, putzuen edo kutxatilen xukatzeetatik datozen urak ezingo dira isuri aldez aurretik iragazteko eta jalkitzeko tratamendurik egin gabe. Bestalde, eremuan debekatuta dago hormigoi-ontzien upelak garbitzea; hormigoi-ontzien kanaletak edo mahukak garbitu behar badira, garbiketan erabilitako ura putzu berezietan tratatu beharko da, isuri aurretik. Nolanahi ere, ibilgura zuzenean egiten diren isuri guztiek Uraren Euskal Agentziaren baimena izan beharko dute.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta makina horien mantentze-lanak egiteko eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

Uholde-arriskua kudeatzeko neurriak:

– Gaur egun partzela Uholde Arrisku Handiko ES017-GIP-17-1 Eremuaren barruan dago; eremuaren zatirik handiena 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan dago eta ipar-mendebaldeko zati txiki bat 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuan, eta lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Hori dela eta, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudia bete beharko da.

Zehatz esateko, proiektuak kontuan izango du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 45.1 artikuluan xedatutakoa eta instalazioa diseinatzeko uholde-arriskua kontuan izango da.

Era berean, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiaren 37.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, uholde arriskua dagoen eremuan, nahiz landa lurretan nahiz urbanizatuetan, ezin da hondarrik pilatu, ezta uholde arriskua areagotzen duen betelanik egin ere.

Eusko Jaurlaritzaren EAEko Uholdeak Prebenitzeko Plan Integralaren azterketa plubiometrikoaren arabera (1992), prezipitazio-isomaximoak 250 mm/egun eta 275 mm/egun artekoak dira inguru horretan 500 urteko errepikatze-denborarako. Horrek berekin dakar drainatze-obren diseinuan aintzat hartu beharko direla prezipitazio horiek, baita dagozkien itzulketa-emariak ere.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

– Azterlanaren xede den kokagunea lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dagoena (kodea: 20040-00006). Kokapen honek lurzoruaren kalitatearen aurretiazko adierazpena izan zuen aurrez. Ondorioz, eta 4/2015 Legearen 25.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurretan jarduera berri bat ezarri behar bada eta lurzoruaren kalitatearen aurretiazko adierazpena izanez gero, EX3 espedientea hasi beharko da autonomia-erkidegoko ingurumen-organoan, honek, arrazoitutako ebazpen bidez egungo adierazpenaren baliozkotasunari buruz irizpena eman dezan eta dagokionean baliozkotasun hori mantentzeko baldintzak ezarri ditzan.

– Era berean, jarduera ezartzeko induskatu beharra bada, sustatzaileak gaikako indusketa-plan bat aurkeztu beharko du, zeinak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso eta ingurumen-organoaren onespena izan beharko baitu, betetzen hasi aurretik.

Babes zibilera bideratutako neurriak:

– 21/2019 Dekretuak aldatu zuen azaroaren 2ko 277/2010 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera (larrialdi-egoerei aurre egiteko jarduera, zentro edo establezimendu zehatz batzuei ezartzen zaizkien autobabeserako betebeharrak arautzen dituena) jardueraren titularraren betebeharra da:

i) Bere jarduerari dagokion autobabeserako plana egitea eta administrazio publikoaren barnean ustiapenerako edo jarduera hasteko lizentzia edo baimena emateko eskuduna den organoari aurkeztea.

ii) Dekretu honen arabera erregistratzekoak diren datuak Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrera bidaltzea, eta datu horiek eguneratuta izatea.

– Autobabeserako planean, zer arrisku dauden ikusi eta ebaluatu behar dira, eta arriskuen prebentziorako eta kontrolerako zer ekintza egin eta zer neurri hartu behar diren zehazten da, bai eta larrialdi-egoeretan zer babes-neurri hartu behar diren eta zer ekintza egin behar diren ere. Planean heldu behar zaie jarduerak berez dituen arriskuei nahiz jarduerari eragin diezaioketen kanpoko arriskuei: babes zibileko planetan aurreikusitako arriskuak eta hurbileko arrisku-jarduerak.

– Ildo horretatik, Autobabeserako Planean gogoan izan beharko da proiektuaren xede den partzelako jarduera istripu larrien Seveso araudiaren mende dagoen enpresa baten (Electroquímica de Hernani SA) kanpoko larrialdiaren planifikazio eremuan dagoela eta enpresa horretan substantzia arriskutsuak erabiltzen direla; gogoan izan beharko da, halaber, baso-suteen arrisku txikiko eremu batekin muga egiten duela.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa. Alde horretatik, sei hilabete baino gehiago irautekoak diren lanetan, inpaktu akustikoari buruzko ikerketa bat egin beharko da, zer zuzenketa-neurri behar diren zehazteko.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obran aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirola Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Proiektua egikaritzean eta hark funtzionatu bitartean sortutako hondakin guztiak kudeatzeko, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, kasuan-kasuan, sailkatu egin beharko dira hondakin mota eta norakorik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinetako hondakinak edo efluenteak elkarren artean edo beste batzuekin nahastea; jatorritik bertatik bereiziko dira, eta biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, hain zuzen ere Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA–A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Indusketako soberakinak kudeatzeko, hierarkia- eta hurbiltasun-printzipioei jarraituko zaie; lehentasuna emango zaio material horiek balorizatzeari, dela materialok behar dituzten gertuko eraikuntza-obretan, dela erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanetan. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Hondakinak biltzeko edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Sortzen den olio erabilia kudeatzeko, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituko zaie. Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubeta txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak.

– Obrak egin bitartean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak igarotzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

a) Obraren okupazio-mugak kontrolatzea.

b) Hondakinik ez isurtzea, eta lurzorua eta ura ez kutsatzea olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz.

c) Proiektuaren eraginpeko eremuko herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

– Bai obrak eta bai lurzorua erabiltzea eskatzen duten eragiketa osagarriak proiektua gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.

– Kontratistak elementu hauek egokitu beharko ditu egin beharreko jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak ahalik eta txikienak izan daitezen: lur geldo eta landare-lurrak aldi baterako metatzeko guneak; obrako instalazioak eta eraikinak; makinak; materialen, olioen eta erregaien biltegiak; ibilgailuak edo bestelako egiturak garbitzeko eremuak; urak arazteko sistemak, eta obrako sarbideak eta pistak. Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu.

– Obrak amaitzean, kanpaina bat egingo da soberako material guztiak eta obretan sortutako hondakinak kentzen direla bermatzeko, eta azken horiek indarreko legeriaren arabera kudeatuko dira.

Garbitzea eta obra amaitzea.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruko aholkularitza kualifikatua izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, ibilguen gaineko eragina, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztu behar da ez dela uste izatekoa proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Hernanin produktu kimikoentzako isotankeen proiekturako K-Norte 2018 SL enpresak sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Hernaniko Udalari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala