Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2026ko otsailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

SEGURTASUN SAILA
552

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 28koa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente-kategoriako karrerako funtzionarioak Brigada Mugikorreko espezializazio-ikastaroetan sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten duena.

Deialdi hau honako hauetan xedatutakoaren arabera egiten da: 1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena; 15/2012 Legea, ekainaren 28koa, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzekoa; 315/1994 Dekretua, uztailaren 19koa, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duena, eta hari egindako aldaketak maiatzaren 21eko 111/2002 Dekretuaren bidez, otsailaren 17ko 36/2004 Dekretuaren bidez, apirilaren 20ko 120/2010 Dekretuaren bidez eta azaroaren 22ko 142/2022 Dekretuaren bidez.

Halaber, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Kontseilu Errektoreak jarduera onartu du, eta, beraz, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaerari erantzun zaio.

Hori guztia oinarri hartuta, zuzendari honek erabaki du Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente-kategoria duten karrerako funtzionarioak Brigada Mugikorreko espezializazio-ikastaroetara sartzeko hautaketa-prozedurarako deialdia egitea, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

1.– Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente-kategoriako karrerako funtzionarioak Brigada Mugikorreko espezializazio-ikastaroetan sartzeko oposizio-sistemaren bidezko hautaketa-prozedurarako deialdia egiten da.

2.– 48 plazarako deialdia egiten da.

3.– Hautaketa-prozedura beste fase bat bezala osatuko da, prestakuntza-ikastaro bat eginez.

4.– Deitutako plazen kopurua lanpostu hutsen arabera handitu ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Handitze hori hamargarren oinarriko 3. zenbakian aurreikusitako izapidea egin baino lehen egin beharko da.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

a) Aldez aurreko eskaera egitea.

b) Ertzaintzako karrerako funtzionario izatea.

c) Ertzaintzaren oinarrizko eskalako agente-kategorian zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran egotea.

d) Atxikita dagoen lanpostuan gutxienez egon beharreko aldi bereziari lotuta ez egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 97.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Deialdi honen I. eranskinean agertzen den bazterketa medikoen taulan sartuta ez egotea.

2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko atalean ezarritako betekizun guztiak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da interesdunak eskabidean adieraztea ezen eskatutako betekizun guzti-guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Betekizun horiek ofizioz egiaztatuko ditu deialdia egin duen organoak, eta, horretarako, Segurtasun Saileko dagokion organo eskudunaren ziurtagiria eskatuko da.

Hori gorabehera, hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenei behar diren proba mediko guztiak egingo zaizkie, ebazpen honen bigarren oinarriko 1.e) letran aipatutako bazterketa medikoen taulara egokitzen diren egiaztatzeko.

Egiaztapen hori horretarako izendatutako epaimahai mediko batek egingo du.

4.– Hautaketa-prozeduraren edozein unetan, onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzeko eskumena duen organoak jakiten badu horietakoren batek, hasieratik edo gerora sortutako inguruabarrengatik, deialdian parte hartzeko eskatzen diren betekizunak betetzen ez dituela, hautaketa-prozeduratik edo, hala badagokio, prestakuntza-ikastarotik baztertuko du, hari entzun ondoren.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek Gurenet sailaren intranetaren bidez formalizatu beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri egongo den eskabide-eredua betez.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabidean, oposizioko probak zein hizkuntzatan (euskaraz edo gaztelaniaz) egin nahi diren adierazi beharko da.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eskatutako betekizun guzti-guztiak betetzen direla adierazi beharko da.

5.– Izangaiek, gaitasun fisikoko probetara aurkezte hutsagatik (oposizioko lehen proba), beren gain hartuko dute beren osotasun fisikoaren gaineko erantzukizuna, erabaki pertsonalei dagokienez, eta deialdia egin duen organoa eta kalifikazio-epaimahaia salbuetsita geratuko dira proba hori egitean sor daitezkeen lesioen ondoriozko erantzukizunetatik.

Laugarrena.– Hautagaiak onartzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta argitara emango da, hamalaugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

2.– Behin-behineko zerrendan, baztertutako pertsona bakoitzari dagokionez, baztertua izateko arrazoiak adieraziko dira, eta 10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta, hala badagokio, eskabidean dauden akatsak zuzentzeko.

3.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzeko emango duen ebazpenean onartu edo baztertuko dira erreklamazioak, eta ebazpen hori hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

Bosgarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.

1.– Oposizioko probak zehaztu, garatu eta ebaluatzeko eta parte-hartzaileak hautatzeko, kalifikazio-epaimahai bat eratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Epaimahai hori presidente batek eta bi bokalek osatuko dute, eta horietako batek idazkari-lanak egingo ditu. Inpartzialtasun-, profesionaltasun- eta espezialitate-printzipioetara egokituta osatu behar da epaimahaia, bai eta emakume eta gizonen ordezkaritza orekatura egokituta ere.

Kalifikazio-epaimahaiko kideen eta haien ordezkoen izendapena hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Kalifikazio-epaimahaiaren jarduna kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duten arauen araberakoa izango da.

Kalifikazio-epaimahaiko kideei Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako abstentzio- eta errekusazio-arrazoiak aplikatuko zaizkie.

Kalifikazio-epaimahaian parte hartzeak aurreikusitako legezko kalte-ordainak jasotzea ekarriko du.

3.– Kalifikazio-epaimahaiak garatu eta ebaluatuko ditu hautaketa-sistema osatzen duten probak, eta, zeregin horretan, autonomia funtzional osoz jardungo du. Horrez gainera, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.

4.– Kalifikazio-epaimahaia aholkulari espezialisten partaidetzaz baliatu ahal izango da bere lanetan, hautaketa-prozesua osatzen duten proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari espezialista horiek aholkularitza eta laguntza teknikoa baino ez dute emango euren espezialitateen jardunaren gainean.

Aholkulariek ere objektibotasun-, inpartzialtasun- eta konfidentzialtasun-printzipioen arabera jardun beharko dute.

5.– Kalifikazio-epaimahaiak autonomia funtzional osoz jardungo du; horrez gainera, prozeduraren objektibotasunaren erantzule izango da, eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du. Halaber, hautaketa-prozedura garatzeko, oinarri hauetan aurreikusita ez dagoenaren gainean egoki iritzitako neurriak hartu ahal izango ditu. Halaber, oinarrioi buruzko interpretazio- eta aplikazio-arazoak ebatzi ditzake, eta bai bere funtzioak betetzeko sortzen diren arazoak ere.

6.– Kalifikazio-epaimahaiak ezingo ditu hautagai gehiago hautatu, deialdiko lanpostu kopurua baino. Muga hori hausten duten proposamen guztiak erabat deusezak izango dira.

7.– Kalifikazio-epaimahaiaren erabakiak hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

8.– Kalifikazio-epaimahaiari zuzendutako idazkiak helbide elektroniko honetara bidaliko dira:

2026brigadamugikorra@seg.euskadi.eus

Kalifikazio-epaimahaiak bide beretik erantzungo die jasotako idazkiei, eta Ertzaintzako funtzionarioen posta elektroniko korporatiboko banakako helbidera bidaliko du erantzuna.

Seigarrena.– Hautaketa-prozesua.

1.– Hautaketa-prozesua oposizioa izango da, eta hor zehaztuko da izangaien gaitasuna eta haien arteko lehentasun-ordena.

2.– Oposizioaren puntuazio osoa hura osatzen duten ariketetan lortutakoen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzearen ondoriozkoa, eta izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du.

Zazpigarrena.– Oposizioa.

Oposizioan, ondoz ondoko proba hauek egin beharko dira:

1.– Lehenengo proba. Nahitaezkoa eta baztertzailea. Gaitasun fisikoko proba: 0tik 40 puntura emango dira.

Deialdi honen II. eranskinean jasotako ariketa fisikoak egin beharko dira.

Ariketa fisikoen erantzukizun osoa parte-hartzaileena izango da; ariketak egiteko, kirol-ekipamendu egokia eraman beharko dute.

Lehenengo proba honetan lau (4) ariketa egin beharko dira, bi ataletan banatuta.

Lehenengo atalean, indarra erakusteko hiru ariketa egingo dira.

Atal hau osatzen duten hiru ariketetako bakoitza 0 eta 10 puntu artean baloratuko da. Atal hau gainditzeko:

Ezingo dira suspenditu proba bat baino gehiago.

Eta 3 ariketetako puntuen baturak 18 puntu edo gehiago izan beharko du.

Baldintza horietakoren bat betetzen ez bada, ez da atala gaindituko.

Bigarren atalean, erresistentzia aerobikoko ariketa bakar bat egingo da. Ariketa honi 0 eta 10 puntu artean baloratuko da. Ariketa honetan gutxienez bost puntu lortzen ez badira, atal hau ez da gaindituko.

Gaitasun fisikoko proba gainditzeko, proba osatzen duten bi atalak gainditu beharko dira.

2.– Bigarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea, proba psikoteknikoa izango da; proba horren bidez zehaztuko da hautaketa-prozeduran parte hartzen duten pertsonek zer gaitasun duten brigada mugikorraren polizia-zereginak behar bezala betetzeko. Test moduko galdetegi-formatua izango du probak. Ebaluatutako gaitasunak deitutako lanpostuaren lanbide-profilari buruzkoak izango dira, hau da, ahozko gaitasunak, arrazoitzeko gaitasunak, arreta- eta pertzepzio-gaitasunak eta gaitasun espazialak.

Galdetegiko galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izango ditu, eta horietako bat bakarrik izango da zuzena.

Erantzun oker bakoitzak erantzun zuzen bakoitzaren balioaren herena penalizatuko du.

Erantzun gabeko galderek eta birritan erantzundakoek (bikoitzak) ez dute penalizatuko.

Proba hori, nolanahi ere, modu egokian egingo da, hautaketa-prozesuaren objektibotasuna eta arrazionaltasuna bermatzeko eta merezimendu- eta gaitasun-printzipioetara egokitzeko.

Proba hori nahitaezkoa da, eta gehienez 20 punturekin baloratuko da. Gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

3.– Hirugarren proba, nahitaezkoa eta baztertzailea. Helburua da nortasun-ezaugarri nagusiak eta orekarik ezaren edo moldatu ezinaren adierazleak ebaluatzea, eta izangaien jokabide- eta gaitasun-egokitasuna zehaztea, deitutako lanpostuaren lanbide-profileko eginkizunak eta zereginak betetzeko. Proba honek bi ariketa izango ditu:

a) Nortasun-testa: ariketa honen helburua da ebaluatzea hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenen nortasun-ezaugarri nagusiak eta orekarik eza eta moldatu ezina neurtzeko adierazleak. Ariketa honen balorazioa 0 eta 10 puntu artekoa izango da, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira.

Elkarrizketa pertsonalaren ariketa egin baino lehen egin eta zuzenduko da nortasun-testaren ariketa.

b) Elkarrizketa pertsonalaren ariketa; helburua izango da neurtzea izangaiek jokabide eta konpetentzia egokiak dituzten deitutako lanpostuaren profil profesionaleko eginkizunak eta atazak betetzeko. Ariketa honen balorazioa 0 eta 10 puntu artekoa izango da, eta gutxienez 5 puntu lortzen ez dituztenak automatikoki baztertuko dira.

Elkarrizketa pertsonalaren ariketa egin aurretik, prozesuan parte hartzen dutenek curriculum vitae sinplifikatu bat bete beharko dute, eskuratuko zaien eredu normalizatuaren arabera. Curriculum hori ez da puntuagarria izango, eta elkarrizketa pertsonala egiteko oinarri gisa baino ez da erabiliko.

Zortzigarrena.– Oposizioko proben garapena.

1.– Lehenengo proba egiteko eguna, ordua eta lekua Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan iragarriko dira, gutxienez zazpi egun natural lehenago. Gainerako probak egiteko iragarkiak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira.

2.– Kalifikazio-epaimahaiak deialdi honetan ezarritakoaz bestelako hurrenkeran egin ahal izango ditu probak eta horiek osatzen dituzten ariketak, eta erabaki dezake egun berean proba bat baino gehiago egitea. Halakoetan, aurreko proba gainditu dutenen probak bakarrik ebaluatuko dira.

3.– Kalifikazio-epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak garatzeko agertzen ez direnak automatikoki baztertuko dira hautaketa-prozeduratik, ez agertzeko arrazoiak ezinbestekoak izan arren. Arau bera aplikatuko zaie proba eta ariketetara horiek hasita daudela azaltzen direnei.

4.– Probetara, parte-hartzailearen nortasuna egiaztatzen duen dokumentazioa eraman beharko da, eta kalifikazio-epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango du dokumentazio hori aurkezteko.

5.– Proben emaitzak kalifikazio-epaimahaiaren erabaki baten bidez jakinaraziko dira, hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Euskararen ezagutza-maila baloratzea.

1.– Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 188. artikuluan, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren 38. artikuluan eta Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, 5 puntu emango zaizkie Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta edo aitortuta dutenei eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

2.– Hautaketa-prozesuan ez da probarik egingo euskararen ezagutza egiaztatzeko.

3.– Egiaztapen hori ofizioz egiaztatu eta baloratuko du kalifikazio-epaimahaiak.

Hamargarrena.– Azken kalifikazioa.

1.– Oposizioaren azken puntuazioa hura osatzen duten ariketetan lortutakoen batura izango da, gehi, hala badagokio, euskararen ezagutza merezimendu gisa ebaluatzetik ondorioztatzen dena. Puntuazio horrek izangaien lehentasun-ordena zehaztuko du.

2.– Sailkapen-ordenako puntuazio-berdinketak honako irizpide hauen arabera ebatziko dira, ezarritako hurrenkeran:

a) 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

b) Puntu gehien euskararen ezagutzan.

c) Puntuazio onena gaitasun fisikoko proban (oposizioko lehen proba).

3.– Hautaketa-sistema osatzen duen sailkapena amaitu ondoren, bosgarren oinarrian aurreikusitako kalifikazio-epaimahaiak honako hauek onartu eta argitaratuko ditu, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari igorriko dizkio, hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera:

a) Oposizioa gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera ordenatuta.

b) Hautatutako pertsonen zerrenda; hor jasoko dira, sailkapen-hurrenkeraren arabera, hautaketa-prozesua gainditu duten eta deialdiko plaza kopuruan sartzen diren pertsonak.

c) Hautatuak izan ez diren pertsonen zerrenda; hor jasoko dira, sailkapen-hurrenkeraren arabera, hautaketa-sistema gainditu duten eta deialdiko plaza kopuruan lekurik izan ez duten pertsonak.

4.– Efikazia- eta efizientzia-printzipioak aplikatuz, hautatutako izangaien zerrendan edozein arrazoirengatik sor daitezkeen lanpostu hutsak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez bete ahal izango dituzte hurrengo izangaiek, aurreko puntuko c) apartatuan ezarritako sailkapen-ordenari jarraituz, harik eta deitutako plaza guztiak bete arte. Ebazpen horiek hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko dira.

Hamaikagarrena.– Brigada Mugikorreko espezializazio-ikastaroak.

1.– Hamargarren oinarrian xedatutakoaren arabera hautatutako pertsonei Brigada Mugikorreko espezializazio-ikastaroak egiteko deia egingo zaie, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Ikastaroei atxikitzeko, 10.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordena hartuko da kontuan.

3.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bidez egingo die jakinarazpena interesdunei, ikastaroetan has daitezen.

Prestakuntza-ikastaroa hasten den egunean bertaratzen ez diren pertsonei baja emango zaie, salbu eta absentzia hori ezinbesteko arrazoiren batengatik gertatzen bada eta ukitutako pertsonak gorabehera hori behar bezala jakinarazi badio Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari. Ezinbesteko arrazoia dagoela ulertuko da, ikastaroan ez hastea lanerako ezintasun iragankor baten ondorio denean eta gorabehera hori gaixotasunagatiko edo istripuagatiko baja-agiriaren bidez justifikatuta dagoenean.

4.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu aurretik borondatez uzteak aukera emango dio Administrazioari uko egin duen pertsonari bere prestakuntzan inbertitutako zenbatekoak itzul ditzan eskatzeko. Ondorio horietarako, jarduketa hauetatik eratorritako zenbatekoak erreklamatu ahal izango dira:

– Prestakuntza-ikastaroaren zenbatekoa (prezio publikoen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera).

– Prestakuntza-ikastaroan emandako ekipamendu pertsonalaren zenbatekoa.

5.– Prestakuntza-ikastaroak dagozkien ikasketa-planen arabera garatuko dira.

6.– Prestakuntza-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo akademiako zuzendari nagusiak izendatzen dituen zentro edo bulegoetan egingo dira.

7.– Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatuz, hainbat modu egon daitezke prestakuntza-ikastaroei atxikitzeko; kontuan har daitezke ezkontzak, eta erditzeak, erditze-aurreak edo erdiondoak eragindako egoerak. Gorabehera horiek kontuan hartu ahal izateko, ukitutako pertsonek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren aurrean alegatu beharko dituzte, 10.3 oinarrian aurreikusitako argitalpenak egin eta hamar egun naturaleko epean.

Lana eta Familia Bateragarri egiteko Legea aplikatzetik eratorritako inguruabarrak direla-eta –ezkontzak, eta erditzeak, erditze-aurreak eta erdiondoak eragindako egoerak– norbaitek egokitzen zaion ikastaroa ez den beste bati atxikita egiten badu prestakuntza-ikastaroa, pertsona horri kalifikazioa etenda utziko zaio, prestakuntza aurreratu badu, eta 10.3.a) oinarrian xedatutako lehentasun-ordenaren arabera aurreko postuan sailkatuta dagoen pertsonaren ikastaroaren kalifikazioarekin batera argitaratuko da.

Norbaitek prestakuntza atzeratu behar badu, 10.3.a) oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aurreko postuan dagoen pertsonaren eskubide berberak izango ditu; hala ere, prestakuntza atzeratu behar izan duen langileak prestakuntza gainditu beharko du eskubide horiek baliatzeko.

8.– Prestakuntza-ikastaroa egiten den bitartean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikastaroan zehar eskola-jardueretara joatea nahitaezkoa da, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da baimen-eskaera ororen ondorioetarako.

9.– Prestakuntza-ikastaro bakoitzaren azken kalifikazioa hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

10.– Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak baztertutzat joko ditu prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak.

11.– Prestakuntza-ikastaroaren edozein unetan, ikaslearen espedientetik ondorioztatzen bada ikastaroa gainditzea ezinezkoa dela, prozesutik kanpo utzi ahal izango da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, interesdunari entzun ondoren.

Hamabigarrena.– Bazterketa medikoen taulara egokitzea.

1.– Hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenei, oro har hartuta, beharrezkoak diren mediku proba guztiak egin ahal izango zaizkie, egiaztatzeko ea ongi egokitzen diren ebazpen honen bigarren oinarriko 1.f) atalean jasota dagoen bazterketa medikoen taulara.

2.– Aurreko zenbakian aurreikusitako helburuetarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak epaimahai mediko bat izendatuko du. Epaimahai horren izendapena hamabosgarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da.

3.– Epaimahai medikoa epaimahaiburu batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute.

4.– Hautaketa-prozesutik baztertzeko arrazoiren bat baldin badago, arrazoiak azaldu beharko dira epaimahai medikoak ematen dituen txostenetan. Gainera, jarraitzen den prozedurak beti errespetatuko du ukitutako pertsonak entzuna izateko duen eskubidea.

5.– Oinarri honetan aurreikusitako arrazoiengatik izangai bat baztertzeko erabakia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio.

6.– Oinarri honetan aurreikusitako epaimahai medikoari bosgarren oinarriko 2. eta 7. zenbakietan jasotako arauak aplikatuko zaizkio.

Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa.

1.– Prestakuntza-ikastaroak irauten duen bitartean, ikasleek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Barne Araudiko barne- eta diziplina-erregimeneko arauak bete beharko dituzte, eta, osagarri gisa, gertakaria ez bada irakaskuntzako diziplina-falta hutsa, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-kidegoen diziplina-araubideko arauak.

Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 38.2 artikulua aplikatuz, hautaketa-prozesutik kanpo uzteko arrazoia izango da, kasu guztietan, aurreko puntuan aipatutako bi arauetako edozeinetan arau-hauste astun edo oso astun bat egiteagatik zehapena ezartzea.

Era berean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia izango da eskola-jardueretara joatetik salbuesten duen edozein lizentzia edo baimen emateko organo eskuduna.

Prestakuntza-ikastaroan zehar eskola-jardueretara joatea nahitaezkoa da, eta zerbitzu-premiatzat hartuko da baimen-eskaera ororen ondorioetarako.

2.– Hautatutako pertsonei, ikastaroak egiten ari diren bitartean, betetzen ari diren lanposturako lizentzia emango zaie.

3.– Brigada Mugikorreko espezializazio-ikastaroak gainditzeak, berez, ez du eskubiderik emango lanpostu jakin bati atxikitzeko, ez eta espezialitate hori duten lanpostuei esleitutako eginkizunak betetzeko ere. Hala ere, Brigada Mugikorreko ikastaroa gainditu dutenak behartuta egongo dira hura gainditzen dutenetik aurrera lanpostuak betetzeko egiten den lehenengo prozedurara aurkeztera eta espezializazio hori behar duten lanpostu huts guztiak lehentasunez eskatzera. Hori egin ezean, derrigorrez atxiki ahalko dira hutsik dagoen halako edozein lanpostutara. Azken kasu horretan, ez da inolako konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eskubiderik izango.

Ikastaro bakoitza gainditu ondoren, gainditu duten pertsonak behin-behinean atxikiko ditu Giza Baliabideen Zuzendaritzak Brigada Mugikorraren espezialitatea eskatzen duten lanpostuetara.

4.– Prestakuntza-ikastaroak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta ikastaroa egiten ez dutenak edo gainditzen ez dutenak hautaketa-prozesutik baztertuko dira automatikoki, eta izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak egingo du baztertze-deklarazioa.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezinbesteko arrazoiak tarteko, ikastaroan hasten ez diren edo hura osatzen ez duten pertsonek hurrengo ikastaroa egin ahal izango dute, behin inguruabar eragozleak desagertuta, aurrez hala eskatuz gero.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari dagokio kausa baloratzea, eta hari dagokio dagokion ebazpena ematea.

Hamalaugarrena.– Hautaketa-prozeduran pertsonak identifikatzea.

Hautaketa-prozeduran parte hartzen dutenek (hautaketa-prozesua, prestakuntza-ikastaroa eta praktikaldia) eskabidean erabilitako lanbide-identifikazio zenbakiaren bidez identifikatuko dira.

Hamabosgarrena.– Argitalpenak.

Kontrakoa berariaz xedatu ezean, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako iragarki-taulan egingo dira, hargatik eragotzi gabe saileko Gurenet intranetean kontsultatu ahal izatea. Iragarkia zer egunetan argitaratzen den Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren iragarki-taulan erabakigarria izango da epeak zenbatzeko.

Hamaseigarrena.– Kalte-ordainak.

Izangaientzat borondatezkoa denez barneko hautaketa-prozesuetara aurkeztea, ez dute inolako eskubiderik izango hautaketa-prozesuan, prestakuntza-ikastaroan eta praktikaldian sor daitezkeen bidaia-gastuen edo beste batzuen gainean, eta, beraz, Administrazioak ez du gastuok ordaintzeko obligaziorik izango.

Hamazazpigarrena.– Errekurtsoak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean aurkara dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Azken kasu horretan, administrazioarekiko auzien epaitegien lurralde-eskumeneko arauak bete beharko dira –Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluan daude jasota–.

Deialdi honetatik, kalifikazio-epaimahaiaren jardueratik eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoen jardueratik ondorioztatzen diren administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dituzte interesdunek, administrazio-prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako modu eta kasuetan.

Arkauti, 2026ko urtarrilaren 28a.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,

JON GURUTZ GOMEZ GOICOLEA.

I. ERANSKINA
BAZTERKETA MEDIKOEN TAULA

A) Baztertzeko arrazoi orokorrak.

Bazterketa medikoen taulako edozein atal aplikatzeko, honako egoera hauek hartuko dira baztertzeko arrazoitzat:

a) Gaixotasunak, sindromeak edo akats fisikoak izatea, baldin eta, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorreko eginkizun poliziala mugatzea badakarte, bai bere kabuz, bai bere eboluzioagatik, bai ondorioengatik, bai tratamenduagatik edo kontrol-beharragatik, edo agindutako eginkizunak behar bezala betetzea nabarmen zailtzen edo mugatzen badute, edo bere buruarentzat edo hirugarrenentzat arriskua badakarte.

b) Espezializazio-ikastaroko prestakuntza-aldiak edo Brigada Mugikorrean bertan praktikaldiak egiteko muga edo ezintasuna ekar dezaketela aurreikusten duten prozesuak.

c) Izangaiaren galdetegiari, gaixotasunari edo tratamendu medikoari buruzko edozein egoera psikofisikoren omisioa edo faltsutzea.

d) Alterazio horiek baztertzeko arrazoitzat hartu ahal izango dira hautaketa-prozeduraren edozein fasetan agertzen badira, hautaketa eta prestakuntza barne.

Bazterketa medikoen taularen baldintza psikofisikoen zehaztapena deialdiaren uneko ebidentzia zientifikora egokituta egongo da, eta dagokion organo fakultatiboaren txosten teknikoak banaka arrazoituko du, hargatik eragotzi gabe kasu bakoitzean hautaketa-probak gainditzea. Horretarako, dagokion osasun-galdetegia aplikatuko da, eta behar diren miaketa guztiak egingo dira, hala nola odolaren eta gernuaren analisiak, eta, hala ezartzen bada, substantzia psikotropikoak, drogak eta alkohola detektatuko dira.

B) Antropometria.

Baztertu egingo dira 18 baino gutxiagoko edo 28 baino gehiagoko GMIa duten hautagaiak, baldin eta gizonek % 23tik gorako gantz-ehuna badute eta emakumeek, aldiz, % 31tik gorakoa, inpedantzia bioelektrikoaren bidez neurtuta.

GMIa formula honen arabera lortuko da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Pisua barruko arropetan neurtuko da.

GMIa 28tik gorakoa izatea onartu ahal izango da, baldin eta, objektiboki, argi eta garbi badago horren arrazoia ez dela gorputzeko gantzaren areagotzea, baizik eta muskulu-garapen markatua, eta pertsonak ez badu patologiarik edo arrisku-faktore gainerantsirik.

MEDIKU-AZTERKETA

C) Oftalmologia.

1.– Ikusmen-zolitasuna, zuzenketarekin edo zuzenketarik gabe: ez da izango ikusmen normalaren 8/10 baino txikiagoa begi bakoitzean.

2.– Zuzenketa errefraktiboko teknikak: atal hau korneako kirurgia errefraktiboaren emaitzaren arabera aztertu beharko da, eta, betiere, kirurgia azterketa egin baino 60 egun lehenago egin behar izan da, gutxienez.

3.– Eremu binokularra: eskotoma absolutuak edo erlatibo esanguratsuak egotea erretina-sentikortasunean, 60 gradu zentraletan. Eremu monokularra: eskotoma absolutuak edo erlatibo esanguratsuak egotea ikusmen-eremu zentraleko erretina-sentikortasunean (30 gradu).

4.– Koloreen ikusmenaren alterazioa, edozein gradutan, diskromatopsiak, Ishiharako taulen edo bestelako diagnostiko-bitartekoen bidez zehaztuak.

D) Otorrinolaringologia.

5.– Fonazioan edo entzumenean esku hartzen duten organoen malformazioak edo alterazioak (ezpainak, ahosabaia, ahoa, faringea, laringea, barneko, erdiko edo kanpoko belarria, ahots-kordak, nerbio-sistema eta beste batzuk), arnasketa-, fonazio- edo entzumen-funtzioa arriskuan jar dezaketenak.

6.– Patologia neurosentsorialak, % 20tik gorako entzumen-galera binaurala dakartenak 500, 1000, 2000 eta 3000 dB maiztasunetan, formula honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

7.– Patologia neurosentsorialak, % 20tik gorako entzumen-galera monoaurala dakartenak 500, 1000, 2000 eta 3000 dB maiztasunetan, formula honen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

8.– Usaimen-sentikortasunaren murrizketa edo alterazioak, edozein etiologia dutela ere. Parosmia.

9.– Loaldiko apnea buxatzailearen edo hipoapnearen sindromea (SAOS edo SAHS) dakarten alterazio anatomiko eta fisiologikoak.

10.– Edozein etiologia duten zeinu bertiginosoak.

11.– Disfonia iraunkorrak, hitzezko komunikazioa normaltasunez garatzeko gaitasuna kaltetzen dutenak. Disartria baztertzeko arrazoitzat hartuko da.

12.– Beste edozein prozesu otorrinolaringologiko, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizunak betetzeko muga badakar.

E) Nerbio-sistema.

13.– Toteltasuna, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizunak betetzeko muga badakar.

14.– Nerbio-sistema zentralaren edo periferikoaren malformazioak, patologiak edo lesioak.

15.– Edozein etiologia duen dardara.

16.– Epilepsia edo epilepsia-aurrekariak. Filiatu gabeko konbultsioak.

17.– Beste prozesu neurologiko batzuk, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizunak betetzeko muga badakarte.

F) Psikiatria.

18.– Buru- eta jokabide-nahasmenduak edo horien aurrekariak, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizunak betetzeko muga badakarte.

19.– Garapen neurologikoaren nahasmenduak, arreta-defizitaren nahasmenduak, ikaskuntzaren nahasmenduak, trebetasun motorren edo komunikazio- edo garapen-trebetasunen nahasmenduak, dementzia eta beste nahasmendu kognoszitibo batzuk.

20.– Gogo-aldartearen nahasmendu iraunkor edo errepikakorrak, aurrekarietan daudenak barne, nahiz eta asintomatikoak izan.

21.– Patologia psikiatriko larriaren aurrekaria edo ospitaleratzea eragin duena, baldin eta Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna arriskuan jar badezake edo zaildu badezake.

22.– Eskizofreniaren espektroko nahasmenduak eta beste nahasmendu psikotiko batzuk, adierazpen guztietan, aurrekarietan daudenak barne, nahiz eta asintomatikoak izan.

23.– Nahasmendu bipolarra, nahasmendu depresiboa, antsietate-nahasmendua, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa, nahasmendu somatoformeak, fikziozkoak edo disoziatiboak, egokitze-nahasmenduak edo nortasunaren nahasmenduak eta horien guztien aurrekariak, baldin eta Brigada Mugikorraren polizia-eginkizunak betetzeko mugak eragin baditzakete.

24.– Nortasunaren eta portaeraren nahasmenduak. Nortasunaren ezaugarri alteratuak, Brigada Mugikorrean polizia-eginkizunak normaltasunez betetzeko gaitasunari kalte egiten diotenak.

25.– Intoxikazio exogenoa adierazten duten sintoma edo zeinu kliniko biologikoak (abusuzko drogen metabolitoak detektatzea gernuan). Toxikomaniak. Alkoholismoa.

G) Traumatologia.

26.– Lokomozio-aparatuaren alterazioak, Brigada Mugikorraren polizia-eginkizunak betetzea mugatzen edo zailtzen dutenak, edo polizia-eginkizunaren jardunarekin edo entrenamenduekin larriagotu daitezkeenak (gorputz-adarretako hezur-patologia, muskulu- edo artikulazio-kausen ondoriozko atzerapen edo muga funtzionalak, bizkarrezurreko akatsak eta hezurretako, muskuluetako, artikulazioetako edo lotailuetako beste prozesu batzuk).

27.– Lokomozio-aparatuko gaixotasunak, lesioak, alterazio anatomikoak edo sortzetiko edo eskuratutako prozesuak, oinetakoak, ekipamendua, armamentua edo arauzko uniformea erabiltzea zailtzen edo eragozten dutenak edo Brigada Mugikorraren ibilera, luzaroan zutik egotea, ariketa fisikoa eta entrenamendua eragozten edo mugatzen duten nahasmendu funtzionalak sortzen dituztenak.

28.– Eskuko edozein hatzen anputazio erabatekoa. Bi eskuetako edozeinen hatz lodiaren, erakuslearen eta luzearen anputazio partziala. Beste hatzen anputazio partzialak muga funtzionalaren arabera baloratuko dira, baldin eta ez badaude esku nagusian. Esku nagusiak osotasun anatomikoari eta funtzionalari eutsi behar dio.

29.– 15.º-tik gorako eskoliosia.

30.– Beheko gorputz-adarren dismetria 2 cm-koa edo handiagoa. Beheko gorputz-adarren dismetria 1,5 cm-tik gorakoa, baldin eta 10.º-tik gorako eskoliosia badu (COBB angelua).

31.– 45.º-tik gorako zifosia.

32.– Bizkarrezurraren edozein deformazio, magnitudea edozein dela ere, polizia-eginkizuna betetzea zaildu dezakeena edo, epaimahai medikoaren iritziz, Brigada Mugikorreko polizia-jarduerarekin larriagotu daitekeena.

H) Kardiologia eta sistema baskularra.

33.– Bihotz-gutxiegitasuna, edozein direla ere haren adierazpenak eta kausa.

34.– Gidatze-nahasmenduak. Garrantzi klinikoa duten bihotz-erritmoaren nahasmenduak.

35.– Arteria-presioaren nahasmenduak, tratamendu medikoa dakartenak.

36.– Gorputz-adarretako zirkulazio benoso eta linfatikoaren nahasmendu kronikoak, polizia-eginkizuna betetzea mugatzen dutenak.

37.– Aparatu kardiozirkulatorioaren beste alterazio batzuk, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizunak betetzeko mugak eragiten badituzte.

I) Urologia eta nefrologia.

38.– Traktu genitourinarioko malformazioak, alterazioak edo lesioak.

39.– Giltzurrun baten gabezia anatomikoa edo funtzionala.

40.– Gernubide baxuetako anomaliak, sortzetikoak edo hartutakoak, gernu-erretentzioa, fistulak, errefluxu besikoureterala, mikzio anomaloa edo gernu-infekzio errepikakorra eragiten dutenak.

41.– Giltzurrun-gutxiegitasuna. Giltzurrun-gutxiegitasuna eragin dezaketen giltzurrun-gaixotasunak.

42.– Gizonezkoaren aparatu genitalaren sortzetiko edo hartutako gaixotasunak, baldin eta Brigada Mugikorreko zerbitzuaren berezko eginkizunak normaltasunez garatzeko eragozpenak eragiten badituzte edo eragin baditzakete.

43.– Emakumearen aparatu genitalaren eta bularraren sortzetiko edo hartutako gaixotasunak, baldin eta Brigada Mugikorreko zerbitzuaren berezko eginkizunak normaltasunez garatzeko eragozpenak eragiten badituzte edo eragin baditzakete.

44.– Beste giltzurrun-prozesu batzuk, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizunak betetzeko muga badakarte.

J) Pneumologia.

45.– Arnas aparatuaren, mediastinoaren eta kutxa torazikoaren malformazioak edo afekzioak, polizia-jarduerekin bateraezinak diren alterazio morfologikoak edo funtzionalak eragiten dituztenak, hala nola arnas gutxiegitasuna, aireztapen-nahasmendua edo ahalegin ertainetarako disnea.

46.– Aire-bideen buxadura-gaixotasunak. Asma bronkial iraunkorra.

47.– Berezko pneumotoraxa (behin baino gehiagotan), ondoren zuzenketa kirurgikoa egin ez bada.

48.– Tuberkulosi aktiboa.

49.– Arnasketako beste edozein patologia, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko muga badakar.

K) Digestio-aparatua.

50.– Digestio-aparatuaren malformazioak, lesioak edo alterazioak, gibela, behazun-bideak, pankrea exokrinoa eta listu-guruinak barne.

51.– Ahoko edo faringeko organoen sortzetiko edo hartutako afekzioak, irensketa etengabe nahasten dutenak.

52.– Masailezurren eta hortz-aparatuaren alterazioak, kopuruari edo graduari dagozkionak edo deformazioa dakartenak, hortzen ezarpen desegokia eragiten badute eta mastekatzean oztopo izan badaitezke.

53.– Hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoa. Malabsortzio-sindromea.

54.– Kolon-ondesteko edozein alterazio, Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzea zailtzen edo mugatzen duena.

55.– Digestio-hodiaren edozein zatitako erresekzioak, apendizektomia izan ezik, baldin eta Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko muga badakarte.

L) Dermatologia.

56.– Orbain erretraktilak edo muga funtzionala eragiten duen beste edozein lesio.

57.– Beren hedadura, sakonera edo ezaugarriak direla-eta uniformearen edo arauzko ekipamenduaren erabilerarekin bateraezinak izan daitezkeen orbainak, edo Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna arriskuan jar dezaketenak.

58.– Kronikoak edo errepikakorrak izateko joera duten dermatosi zabal eta orokortuak, baldin eta haien kokapenagatik, hedaduragatik edo egoera klinikoagatik polizia-jarduerak egitea edo Brigada Mugikorreko uniformea edo hornidura profesionala erabiltzea eragozten badute.

59.– Malformazioak, tumoreak, larruazaleko lesioak. Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna arriskuan jar dezaketen faneren lesioak.

60.– Beste alterazio dermatologiko batzuk, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko muga badakarte.

M) Hematologia.

61.– Odoleko eta organo hematopoietikoetako gaixotasunak, kronikoak edo bilakaera progresiboa dutenak, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko muga badakarte.

N) Endokrinologia.

62.– Guruin endokrinoen edo mistoen malformazioak edo disfuntzioak.

63.– Etengabeko terapia ordeztailea behar duten prozesu endokrino-metabolikoak, Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna normaltasunez garatzeko gaitasuna kaltetzen dutenak; halako kasuak banaka ebaluatuko dira, eta dagokion organo fakultatiboaren txostena beharko dute.

O) Onkologia.

64.– Prozesu neoplasiko aktiboak edo horien aurrekariak, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko muga badakarte; halako kasuak banaka ebaluatuko dira, eta txosten arrazoitua beharko dute.

P) Immunologia eta erreumatologia.

65.– Immunologia- eta erreumatologia-gaixotasunak, baldin eta epaimahai medikoaren iritziz Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko muga badakarte; halako kasuak banaka ebaluatuko dira, eta txosten arrazoitua beharko dute.

Q) Infekziosoak.

66.– Gaixotasun infekziosoak edo parasitarioak, baldin eta nahasmendu funtzionalak eragiten badituzte, tratamendu jarraitua behar badute edo, kutsatzeko arriskua dela-eta, Brigada Mugikorreko polizia-zereginekin bateraezinak badira.

R) Beste batzuk.

67.– Izangaiaren erreakzio-gaitasuna gutxitu dezakeen edo funtzionalki Brigada Mugikorreko polizia-eginkizunak betetzeko gaitasuna alda dezakeen edozein medikazio edo droga erabiltzea.

68.– Beste edozein prozesu patologiko, baldin eta, dagokion organo fakultatiboaren iritziz, Brigada Mugikorreko polizia-eginkizuna betetzeko muga badakar.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala